Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2026ko urtarrilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
235

6/2025 FORU ARAUA, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2026. urterako Aurrekontu Orokorrak onesten dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2025 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2026. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2025eko abenduaren 19a.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2026. urterako Aurrekontu Orokorrek lurraldearen erronkei aurre egiteko tresna eragile bat izan behar dute, eta, alde horretatik, legegintzaldi honetako Plan Estrategikoaren 118 ekintza lerroak oinarri hartuta, foru arau proiektu honek bektore modura jarduten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen politika publikoak inplementatzeko garaian.

2026ko Aurrekontu Orokorrak hazkunde ekonomikoak eta enplegu sorrerak markatutako testuinguru batean prestatu dira. 2024an Euskadiko ekonomia % 2,5 hazi zen (2023an baino puntu erdi bat gutxiago), 2025eko lehen seihilekoan % 2,1 egin du gora, eta, 2026rako, % 1,9ko hazkunde erreala eta % 4ko hazkunde nominala espero dira. Lan merkatuak bizi-bizi jarraitzen du, eta joera positiboa erakusten du ekonomiaren hazkunde egonkorragatik.

Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako ekonomiak ez dio ihes egiten gero eta aldakorragoa den ingurune politikoari, zeinaren ezaugarri nagusiak baitira Ukraina eta Gazako gatazka armatuak, batetik, eta EBko herrialde nagusiek defentsa, teknologia eta energia arloan lortu nahi duten autonomia estrategiko handiagoa, bestetik. Horri gehitu behar zaio iaz baino ingurune askoz protekzionistago eta zatikatuagoa dugula, batik bat AEBen muga zergek ekarri duten politika oldarkorragatik, zeinaren ondorioz Europa eta Txina beste posizionamendu bat hasi baitira hartzen merkataritzaren taulan, nahiz eta horren efektuak oraindik ez diren argi ikusten. Seguraski, horiek dira elementurik esanguratsuenak, baina badaude beste batzuk ere elkarrekin konbinatuta ziurgabetasun maila handia sortzen dutenak, eta 2026ko ekitaldiari ekiteko garaian aintzat hartu beharko direnak.

Nolanahi ere, elementu positiboak ere ikusten dira, hala nola inflazioa moderatu izana, epe ertainean % 2ko helburura hurbilduz joan baita, edo bai soldatetan eta bai giltzarri diren sektoreetako prezioetan izandako igoera arina, EAEko eta Gipuzkoako ekonomiaren portaera hobetzea ekarri duena. Era berean, prezioen igoeraren erritmoa izaten ari den egonkortze joera EBko beste ekonomia garatuetan ere gertatzen ari da, eta horrek aukera eman dio Europako Banku Zentralari azken urtean interes tasa ofizialak murriztuz joateko eta, horrekin batera, enpresek, familiek eta administrazioek jasaten duten zama finantzarioa ere arintzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoak ekintza politikoaren bide orria markatzen du, 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren proiektua ere konfiguratzeaz gain. Bertan tamaina handiko helburuak aurreikusten dira, honako hauek, besteak beste: Gipuzkoa zaintza zerbitzuen lurralde gisa finkatzea, Gipuzkoako ekonomiaren sendotasuna eta lehiakortasuna handitzea, jasangarritasunean aurrera egitea eta erreferente bihurtzea, eta eremu guztietan lankidetza eta komunitate lana sustatzea.

Zainketen eremuan, helburua izango da pertsonei ahalik eta arretarik onena ematen jarraitzea, zaintza zerbitzuen eredu berritzailean aurrera egitea eta hainbat arlotan gertatzen ari den goranzko eskariari erantzun ahal izatea (biztanleriaren zahartze prozesua, mendekotasuna, haurren eta nerabeen babesa, migrazioa, gizarteratzea edo genero indarkeria dira arlo horiek). Gizarte kohesioaren eta bizi kalitatearen ikuspegitik Gipuzkoak erreferentziazko lurralde bat izaten jarraitzea izango litzateke horren xedea. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapak eremu horretan dauden zerbitzu eta azpiegitura beharrak zehazten ditu. Bada, haren bide orriari jarraituta, aurrekontu proiektuan honako hauek garatzea aurreikusten da: Adinberri zentroa eraikitzea zahartze prozesua ikertzeko erreferentzia zentroa izan dadin; egoitzak eta zentroak eraikitzea eta zainketen eredu berrira egokitzea; edo foru sozietate berri bat abian jartzea, ekipamendu berriak sortzeko, hirugarren sektoreko entitateekin eta/edo udalekin batera.

Ekonomiari dagokionez, apustua argia da oso: industriaren ekonomia errotzea, espezializazioa lortzea, Gipuzkoako enpresa sareak egokitzapenerako duen gaitasuna indartzea, laguntza ageriko bat ematea hazkunde ahalmen handiko jarduera sektore berriak garatu eta finkatu daitezen, teknologia parkeak indartzea, hurbiltasuna agertzea enpresen premia espezifikoei erantzuteko garaian, arreta berezia jartzea lehen sektorearen profesionalizazioan eta hura indartzeko prozesuan, edo esku hartze eremu berriak aztertzea Gipuzkoak enpresa proiektu sendoak ezarri eta garatzeko lurralde lehiakorra izaten jarrai dezan. Trakzio ahalmen handiko proiektu batzuk, hala nola Mubil, Gantt-Biociencias edo IBM-Euskadi Quantum Computational Center-ren superordenagailu kuantikoaren instalazioa, apustu horren adibide onak dira, dudarik gabe.

Bestalde, trantsizio ekologikoarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako erronkei aurre egiteko ekintza publikoa ere nabarmendu beharra dago. Izan ere, Foru Aldundiak tinko eusten dio garapen jasangarriko politiketan erreferente izateko konpromisoari, bere ekintza publikoan ingurumenarekiko ikuspegia zeharka integratuz. Horren erakusgarri dira trantsizio energetikoaren aldeko apustua, kalitatezko bide azpiegituretan oinarritutako mugikortasun jasangarri eta lehiakorra, abangoardiako garraio publikoaren eskaintza, edo ekonomia zirkularraren sustapena, non Naturklima fundazioa edo Hondakin berrerabilgarrien berrerabilera prestatzeko Gipuzkoako Zentroa erreferente baitira.

Hortaz, 2026ko ekitaldiko aurrekontua emaitzetara bideratutako ikuspegi argi batekin prestatu da, eta, Etorkizuna Eraikiz Estrategiaren esparruan, haren xedea da politika publikoak diseinatu eta monitorizatzea adierazle maila desberdinekin neurtu daitezkeen helburuak ezarriz. Gainera, aurrekontuak urte anitzeko ikuspegia izateak aukera ematen du haren barruan zeharkako politikak integratzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta herritarren partaidetza), haien aurrerapen maila aurrekontu programen ondorioekin lotzea ahalbidetzen duelako.

Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontu osoa % 6,71 hazi da, aurrekontu propioa % 6,44 hazi da eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, aldiz, % 7,06 handitu da termino homogeneoetan.

Gastu-politikei dagokienez, hasierako zuzkidurak beharrak betetzeko nahikoak ez badira, ekitaldian zehar zabalgarritzat jo dira gizarte-gasturako eta errepideko bidaiari-garraiorako kredituak, eta kreditu horiek aurrekontu-beharrak estali arte hornitzeko helburua adierazi da.

Halakotzat hartzen dira, halaber, finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako ordainketa-kredituak, bai eta ekitaldian zehar sortzen diren kreditu gehigarriak ere, honako beharrizan hauei erantzuteko: i) egoera ekonomikoa, ii) finantzaketa lotuko proiektuak gauzatzea, iii) proiektu estrategikoak gauzatzea, iv) egoitza-eredu berria garatzearekin lotutako inbertsioak, edo v) arrisku-kapitaleko inbertsioak, Gipuzkoako Lurralde Historikoarentzat interes estrategikoa duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta lehendik dauden enpresen hazkundea eta sustraitzea sustatzeko.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 49,07 milioi euroko dirulaguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.

Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onesten baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.

Titulu horren barruan Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoen aurrekontuko sarrera eta gastuen egoera orrien zenbatekoa sartzen da.

II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.

III. tituluan jasota daude 2026ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; zabalgarritzat jotzen diren kredituak; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; eta kreditu gaikuntzen eta txertaketen berezitasunak.

IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (dirulaguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, finantzaketa lotuko proiektuekin eta proiektu estrategikoekin lotutako funtsen kudeaketa, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.

V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.

Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.

VI. tituluan, lurralde historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.

VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.

Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorra, eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.

Xedapen gehigarri gisa gehitu dira honako hauei buruzko aurreikuspenak: berandutze-interesaren, tasen eta katastro-balioen eguneratzea; Gipuzkoako Lurralde Historikoko AP-1 eta AP-8 autobideak eta AP-636 autobia erabiltzeko kanona; toki-korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea, kreditu gehigarriak zehaztea; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako zenbait hitzarmen izapidetzea.

Haren izaera eta ondorio juridikoak kontuan hartuta, beste bi xedapen gehigarri gehitu dira, zortzigarrena eta bederatzigarrena, aurrekontuaren egokitzapen teknikoei eta kontabilitate-saldoen arazketari buruzkoak, hurrenez hurren. Gehikuntza horrek araugintza-teknikari baino ez dio erantzuten, eta hasiera batean iragankor gisa sortutako xedapenen birkalifikazioa dakar, xedapen gehigarri bihurtzen baitira.

Xedapen iragankor bakarrak aurrekontua luzatzeko araubidea arautzen du.

Azkenik, lau azken xedapen sartu dira. Lehenengoak aldaketak egiten ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2024 Foru Arauan, eta arauaren zenbait artikulu doitzen ditu, baterako tributazioari, likidazio-oinarri orokorrari, kuotaren minorazioari eta kenkariei buruzkoak.

Eta gainerako hirurak erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruzkoak dira.

I. TITULUA
AURREKONTUEN ONESPENA, EREMU SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA

1. artikulua.– Aurrekontuak onestea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2026. urterako aurrekontu orokorrak onesten dira, foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2026. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.

b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.

c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra SA, Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) eta Gipuzkoa Zainduz SA merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.

d) Foru fundazioen aurrekontuak.

– Kirolgi Fundazioa.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa.

– Ziur Fundazioa.

– Fundación Adinberri Fundazioa.

– MUBIL Fundazioa.

– BSTK Fundazioa.

3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.

1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera-orria 7.473.912.115,00 euro izango dira 2026ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 7.224.583.055,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 351.093.923,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-I. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2026tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera-orria 1.296.530.235,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.

Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 7.224.583.055,00 euro da, haren barruan sartuta diruzaintzako gerakina (16.307.600,00 euro).

3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 25.941.000,00 euro da; eta 150.000,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-II eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2026tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 25.941.000,00 euro da.

4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera-orria 74.983.145,00 euro da; eta 9.090.211,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II-III eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2026tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan

Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera-orria 74.983.145,00 euro da.

5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 278.415.008,00 euro da, eta banaketa hau du:

– Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE): 43.437.614,00 euro.

– Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA: 224.688.083,00 euro.

– Etorlur Gipuzkoako Lurra SA: 2.304.227,00 euro.

– Gipuzkoa Zainduz SA: 7.985.084,00 euro

Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onetsitako zuzkidurak berdinak dira.

6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 16.257.226,00 euro da, eta banaketa hau du:

– Kirolgi Fundazioa: 5.441.500,00 euro.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa: 1.408.741,00 euro.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa: 1.829.400,00 euro.

– Ziur Fundazioa: 2.224.684,00 euro.

– Fundación Adinberri Fundazioa 1.160.206,00 euro.

– MUBIL Fundazioa:: 2.717.695,00 euro.

– BSTK Fundazioa: 1.475.000,00 euro.

Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onetsitako zuzkidurak berdinak dira.

4. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorrak hartzen dituen aurrekontuak.

1.– Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuaren sarreren eta gastuen egoera orria jasotzen da, 8.886.550,00 eurokoa, eta konpromisozko kredituei dagokienez, 29.252,00 eurokoa

2.– Honako partzuergo hauen aurrekontuak jasotzen dira:

– Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatua: 57.826.000,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatua: 54.095.877,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren aurrekontua: 5.853.980,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

– Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoaren aurrekontua: 536.300,00 euro, bai sarreren egoera-orriari bai gastuen egoera-orriari dagokienez.

5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.859.303.224,43 eurotan zenbatetsi dira.

II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA

6. artikulua.– Abalen muga.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2026ko abenduaren 31n, 123.450.733,35 eurotik gorakoak.

7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2026ko abenduaren 31n, 363.070.000,00 eurotik gorakoa.

2.– 2026. urtean zehar, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.

8. artikulua.– Bidegi SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.

Bidegi SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2026ko abenduaren 31n, 301.559.017,22 eurotik gorakoa.

III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK

9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.

Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren III. tituluaren III. kapituluari eta foru arau honi jarraituz onetsitako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.

10. artikulua.– Kredituen lotura.

1.– 2026ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo zenbakietan ezarritakoak dira.

2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:

a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. zenbakiaren a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.

b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honen 3. zenbakiaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.

c) Ekitaldiaren barruan onesten diren kreditu gehigarriak.

d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.

e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.

f) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen dirulaguntzei dagozkien kredituak.

g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

h) Berdintasun-ekintza nagusiei esleitutako kredituak, langile-gastuei dagozkienak izan ezik.

i) Gobernantza Departamentutik partaidetza-prozesuak garatzeko jasotako kredituak.

j) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.

3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:

a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.

b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.

c) Dirulaguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.

d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.

4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.

11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.

1.– Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:

a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.

c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik lurralde historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.

e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.

f) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak.

g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.

h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.

i) Lurralde historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.

j) Proiektu estrategikoei dagozkien kredituak.

k) Onetsitako kreditu gehigarriak, seigarren xedapen gehigarriaren 4. zenbakian xedatutakoaren arabera.

2.– Zainketak eta Gizarte Politiketako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.

12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onetsi ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onetsitako konpromiso kredituen % 10, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.– Diputatuen Kontseiluak erabaki dezake, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik eta eragindako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onetsitako konpromiso kredituen % 10 baino, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko zenbakietan jarritako mugen ondorioetarako.

13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

1.– Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:

a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.

c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.

2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.11 artikuluan jasotako mugaren ondorioetarako.

3.– Finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako funtsak kudeatzeko kreditu gaikuntzak foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

14. artikulua.– Kreditu txertaketak.

Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 59.2 artikuluan aurreikusitako salbuespenarekin bat etorriz, 2026ko ekitaldian kreditu-gerakinak ere sartu ahal izango dira, edozein gauzatze-fasetan daudela ere, honako hauei dagokienez:

– Finantzaketa lotuko proiektuak.

– Proiektu estrategikoak.

– IZFEren zerbitzuetara eta inbertsioetara bideratutako kapital-eragiketak.

IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA

15. artikulua.– Dirulaguntzak.

Diputatu nagusiak eta foru diputatuek martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

16. artikulua.– Finantzaketa lotuko proiektuak.

Osorik edo zati batean sektore publikoko erakundeek edo pertsona fisiko edo juridikoek finantzatutako gastu-proiektuek, foru-aldundiarekin edo haren foru-erakunde autonomoekin beren izaeragatik haien xedeetan edo helburuetan sartuta dauden gastuak finantzatzeko badira, behar bezala identifikatuta egon beharko dute hasierako aurrekontuan edo kredituak aldatzeko espedienteetan, eta berariaz jaso beharko dituzte haien finantzaketa-iturriak.

Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

17. artikulua.– Finantzaketa lotuko proiektuei eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoei lotutako funtsen kudeaketa.

1.– Finantzaketa lotuko proiektuak eta proiektu estrategikoak gauzatzeko 2026ko ekitaldian lor daitezkeen diru-sarrera handiagoek dagozkien ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak sortuko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Administrazioaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Administrazioaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian.

2.– Diru-sarrera horiek lehenengo paragrafoan aipatzen diren proiektuei lotutako jardueren finantzaketa espezifikoari atxikita geratuko dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.

3.– Kreditu gaikuntzen bidez sortutako kredituak ez dute konputatuko, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.11 artikuluan jasotako mugaren ondorioetarako.

4.– Kredituak Ogasun eta Finantza Departamentuak antolatuko ditu, funtsen lurralde-banaketan eskumena duten Europako, Estatuko edo autonomia-erkidegoko organoen hasierako akordioak edo foru-aldundiak edo haren erakunde autonomoek jarduketa bateratuak egiteko sinatutako erakundearteko hitzarmenak jasotzen diren unetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta haren erakunde autonomoei dagokien zenbatekoan, eta ez zaie aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.3 artikuluan aurreikusitakoa.

5.– Behin kreditua sortuta, erabilgarritzat joko da, bai gastu baimen eta xedapenak, bai haiek sorrarazi dituzten negozio juridikoak izapidetzeko. Ogasun eta Finantza Departamentuak behin betiko erabakiak, hitzarmenak, ebazpenak edo ekarpenak egiteko konpromiso irmoak kasu bakoitzean egiaztatzeko tresna juridikoak sinatzea edo onestea etengo duen baldintzaren pean jarri ahal izango du haien eraginkortasuna.

6.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberakinak deklaratu ahal izango ditu baldin eta, hasiera batean, 2026ko ekitaldirako onetsitako aurrekontuan sartuta egonik, funts horiekin finantzatutako jarduketa eta proiektuekin bat badatoz, foru administrazioari dagokion zatian. Soberazko kreditu horiek beste ordainketa baliabide batzuen zuzkiduren gabeziei erantzuteko aplikatu ahal izango dira, eta ez zaie aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.4 artikuluan eta 56.1 artikuluaren b), c) eta d) letretan xedatutakoa.

7.– Hasierako aurrekontuan sartutako finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako ordainketa-kredituak eta ekitaldian zehar sortzen direnak zabalgarritzat joko dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Diputatuen Kontseiluak, kreditu gehigarriak onetsiz eta diruzaintzako gerakinaren kargura, ordainketa kreditu horiek gehitu ahal izango ditu ekitaldian zehar, kudeaketako aurrekontu propioaren % 5eko mugaraino.

9.– Hasierako aurrekontuan sartutako diruzaintzako gerakina, bai eta finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako kredituak finantzatzeko erabiltzen dena ere, jarduketa eta proiektu horiek finantzatzeko baino ezin izango dira erabili.

10.– Finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako konpromiso kredituak sortu eta transferitzea ez dago foru arau honen 12. artikuluko muga kuantitatibo eta denborazkoen menpe.

18. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.

Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa haien atxikipenerako berbera izango da.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 56.1 artikuluaren c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.

3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onesten badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

19. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.

1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2026ko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.

2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2026ko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.

20. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.

1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.

2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren arloko lege-esparrua betetzen dela kontuan hartuta.

V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK

21. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiko kideen eta goi kargudunen ordainsariak.

Diputatu nagusiaren, foru diputatuen eta zuzendari nagusien 2026ko ordainsariak 2025eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

22. artikulua.– Langileen ordainsariak.

Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen 2026ko ordainsari osoak 2025eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz eguneratuta.

23. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2026ko aurrekontu plantillak.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2026ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan onesten dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.

Era berean, onetsita geratu dira lanpostu zerrendari lotu gabeko lanpostuei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.

24. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.

1.– 2026ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onetsiko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.

2.– Aurrekoa gorabehera, plantilla handitzeko espedienteak onetsi ahal izango dira, aurrekontu-zuzkidura duten aldi baterako programetako lanpostuen kreditua murriztuta, baldin eta haien jarduerak egiturazkoak bihurtu badira, plantillan lanpostu berdinak sortzeko.

1. zenbakian jarritako muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edota lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.

3.– Aurrekontu-plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantza Departamentuaren aldeko txostena beharko dute aldez aurretik.

25. artikulua.– Kreditu soberakinak.

Gobernantza Departamentuak I. kapituluko kredituen soberakin aurreikusgarriak bideratu ahal izango ditu soberakinari dagozkion lanpostuak ez diren beste batzuk finantzatzera eta izendapenak edo aldi baterako kontratuak egitera, indarrean dagoen araudiaren arabera.

26. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.

1.– Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Foru Aldundiak bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onetsi ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.

27. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.

Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.

II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK

28. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen 2026ko ordainsariak 2025eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

2.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen 2026ko ordainsariak 2025eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

29. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.

1.– 2026ko ekitaldian, foru-sektore publikoko entitateek plantilla gehikuntzak edo aldaketak onetsi ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta eskakizunekin, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein lanpostu sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste lanpostu batzuk amortizatzea aldi berean.

Salbuespen gisa, zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten edo aplikatu beharreko araudiak lehentasunezkotzat jotzen dituen jarduerak egiten dituzten foru-sektore publikoko entitateek erretiro partziala hartzeko errelebo-kontratuak formalizatu ahal izango dituzte, zeinetan errelebista- eta errelebatu-kontratuak formalizatzeak kostua handitzea ekarriko baitu, errelebatutako langilearen kontratuari dagokion kostuarekin alderatuta, mantendu behar diren aldi osorako, langileak erabateko erretiroa hartu arte. Horretarako aurretik zerbitzua emateko edo jarduera gauzatzeko kostu-gehikuntzaren beharra justifikatu beharko da, eta gehikuntza hori langileen gastua aurrezteko beste neurri batzuekin konpentsatu beharko da, guztizko gastua handitu ez dadin.

2.– Dena den, artikulu honen 1. zenbakian ezarritako gastua ez handitzeko araubide orokorrari ondorengo salbuespen hauek ezarri zaizkio:

a) Sektore publikoan harreman mugagabea duten langile berriak sartzea, enplegu publikoko eskaintza baten bidez.

b) Zerbitzu berriak abian jartzeko eta funtzionatzeko behar diren lanpostuak sortzea, baldin eta estatuko, autonomia erkidegoko edo foru araudi bidez ezarrita badaude.

30. artikulua.– Langileak kontratatzea.

Aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.

VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN FINANTZAKETA

31. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2026rako zuzkidura.

1.– Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) zuzkidura 721.207.240,00 eurokoa izango da 2026rako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzeagatik, Udal Finantzaketarako Foru Funtsa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.

4.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak udalerrien artean banatuko du artikulu honetan aurreikusitako zenbatekoa, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauaren 3. artikuluak ezarritako irizpideak jarraituz.

32. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.

33. artikulua.– Udal zergen bilketa.

1.– Udal-mugarte bakoitzean likidatu beharreko udal-tributuetatik lortzen den diru-bilketa likidoa zuzenean egotziko zaio dagokion udalerriari.

2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean zein epe exekutiboan esleitutako zerga-bilketa likidotik honako hauek kenduko dira: Foru Aldundiak Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren bilketan emandako zerbitzuaren kostua, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren udal-, probintzia- eta estatu-kuotak, eta udalen kontura bil litezkeen zuzenbide publikoko beste diru-sarrera batzuk.

3.– 2026ko ekitaldian, dagokion hitzarmenaren arabera zerga propioen borondatezko bilketa Foru Aldundiari eskuordetu dioten udalek konturako aurrerakinak jasotzeko eskubidea izango dute; aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartuta daudela iritzita.

Konturako ordainketak izaera honetako aldizkako entregen bidez egingo dira:

a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.

b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.

Ordainketa horiek urteko lehenengo 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, eta urte osoan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal-arloko kuoten kasuan.

Aurrerakin horien zenbatekoa, funtsean, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren bidez eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren udal-kuotaren bidez 2025ean borondatez bildutako zenbatekoen arabera zehaztuko da. Baldin badagokio, zuzenduko da zerga-oinarrien, karga-tasen edo tarifen aldaketaren ondoriozko aldaketekin. Diru-bilketaren behin betiko zifrak ezagutu ondoren, dagokion likidazioa egingo da.

VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA

34. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Foru zorpetzearen egoera.

f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.

g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

i) Departamentuz departamentu emandako dirulaguntzen zerrenda.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.

Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.

3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.

4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.

35. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

36. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.

Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Zorpetzearen egoera.

b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berandutze-interesa.

2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak) 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze-interesa 100eko 4,0625 izango da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasak eguneratzea.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak, departamentuek kudeatutakoak, zenbateko finkokoak badira oinarrian portzentaje baten arabera zehaztuta ez egoteagatik edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik, 2025ean exijigarria den zenbatekoari 1,020 koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino igoko dira, hargatik eragotzi gabe garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak 5. artikuluaren 4. zenbakian ezarritakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balio katastralak eguneratzea.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 13. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, 2025. urtean indarrean dauden balioei 1,020ko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA..– Gipuzkoako Lurralde Historikoko AP-8 eta AP-1 autobideak eta A-636 autobia erabiltzeko kanona.

1.– 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeagatiko kanonaren zenbatekoak, Gipuzkoako Lurralde Historikotik igarotzen den ibilbidean, eta AP-636 autobia erabiltzeagatiko kanonaren zenbatekoak igo egingo dira, 2025ean galdagarria den zenbatekoa % 2,80 igotzearen ondoriozko zenbatekoraino, eta honako zenbateko hauek izango dituzte (BEZa barne):

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Joan-etorriko ibilbideagatiko kenkari gehigarria, ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikuluan arautua, % 2,80 handituko da 2025ean aplikatu beharreko zenbatekoari dagokionez, eta, horrela, 2026rako zenbatekoa 0,59 euro izango.

3.– Ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3.bis artikuluan araututako hileko gastuaren muga: AP-8 eta AP-1 autobideen Gipuzkoako tarteetan eta AP-636 autobian egindako zirkulazioengatik 2025ean aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,80 handituko da. Ondorioz, 2026. urterako zenbatekoa 38,02 euro izango da.

4.– Araban AP-1 eta Bizkaian AP-8 autobideak Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan erabiltzeagatiko hileko gehieneko gastu gehigarriaren muga, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan arautua, 2025ean aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,80 handituko da, eta, horrela, 2026. urterako zenbatekoa 54,93 euro izango da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 101.900,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den baldintza beretan eguneratuta.

3. «1.000tik 5.000ra» arteko tarterako muga Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten ordainsaria – % 15 izango da, bi baldintza hauek betetzen direnean: toki entitateak 2.000 biztanle baino gehiago izatea, batetik; eta, bestetik, likidatutako azken ekitaldiko datuen arabera, zor publikoaren helburu nagusia betetzea edo, hori beteko ez balu, indarrean dagoen plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako helburua betetzea.

4.– 1.000 biztanletik beherako udalerrietan toki korporazioko kideek, salbuespen gisa, dedikazio partzialez gauzatzen dituztenean beren karguak, horien ordainsarien gehieneko muga honela kalkulatuko da: «1.000tik 5.000ra» arteko tartearen mugari dagokion dedikazio ehunekoa aplikatuta.

5.– Dedikazio partzialen gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: xedapen gehigarri honen 1. zenbakian aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio ehunekoa aplikatuta.

6.– Xedapen gehigarri honen 1. zenbakian ezarri diren mugak Eusko Jaurlaritzako aipatu karguen ordainsariak eguneratzen direnaren arabera eguneratuko dira.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kreditu gehigarriak.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2025eko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak mendiak hobetzeko funtserako kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, betiere funts horretan kontzeptu horretarako gordetako zenbatekoaren mugarekin.

3.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak kreditu gehigarriak onetsi ahal izango ditu, diruzaintzako gerakinaren kargura, konkurtso prozesuetan eta beste edozein bilketa prozeduratan ondasunak eta eskubideak eskuratzeko.

4.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, kreditu gehigarriak onetsi ahalko ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, zorraren ezohiko amortizaziorako, eta ez dira kontuan hartuko 5. atalean adierazitako mugari dagokionez.

5.– 2026ko ekitaldian, Diputatuen Kontseiluak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, kreditu gehigarriak onetsi ahalko ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, kudeaketako aurrekontu propioaren % 4ko gehieneko mugarekin, honako hauetatik sortutako beharrak estaltzeko:

– Egoera ekonomikoa.

– Finantzaketa lotuko proiektuak gauzatzea.

– Proiektu estrategikoak gauzatzea.

– Egoitza-eredu berriaren garapenari lotutako inbertsioak.

– Arrisku-kapitaleko inbertsioak, Gipuzkoako lurralderako interes estrategikoa duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta hazkundea sustatzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa Lotuko Proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako funtsak kudeatzeko hitzarmenen izapidetzea.

Dagozkion funtsen izapideak arintzeko, 17. artikuluan aipatzen diren finantzaketa lotuko proiektuei eta proiektu estrategikoei lotutako funtsak kudeatzea xede duten hitzarmenak Gipuzkoako Batzar Nagusiek lehentasunez eta presaz berretsi beharko dituzte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 8.3.c) artikuluarekin bat etorriz.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.

Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.

Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egin ditzan, baldin eta haien helburua gastuak kontabilitatean egoki egoztea bada. Horretarako, behar diren aurrekontu partidak sortuko dira, kredituen lotura mailaren barruan.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Saldoen arazketa.

Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Aurrekontua luzatzea.

2026. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.

Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta amaierako xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 73. artikulua honela geratzen da idatzita.

«73. artikulua.– Murrizpena batera tributatzeagatik.

Foru arau honen 96. artikuluan xedatutakoari jarraituz batera tributatzea aukeratzen den kasuetan, zerga oinarri orokorra 4.896 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.»

Bi.– 75. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1.– Oinarri likidagarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

»

Hiru.– 77. artikulua honela geratzen da idatzita:

«77. artikulua.– Kuota gutxitzea.

Zergadunek 1.615 euro gutxitu ahal izango dituzte kuotatik autolikidazio bakoitzeko, foru arau honen 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.»

Lau.– 79. artikuluaren 1. eta 2. zenbakiak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:

– 682 euro urtean, lehenengoagatik.

– 844 euro urtean, bigarrenagatik.

– 1.421 euro urtean, hirugarrenagatik.

– 1.680 euro urtean, laugarrenagatik.

– 2.195 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.

2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuaren arabera dagokion kenkariaz gain, 394 euroko kenkari osagarria egingo da urtean.»

Bost.– 81. artikuluaren 1. zenbakiaren lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 328 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da.»

Sei.– 82. artikuluaren 1. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«1.– Desgaitasuna edo mendekotasuna duen zergadun bakoitzeko, hurrengo kenkaria aplikatuko da, erregelamenduz ezarritako eran frogatu behar den desgaitasun edo mendekotasun mailaren arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Aurreko paragrafoan aipatutako desgaitasun eta mendekotasun maila neurtzeko xedapen hauek hartuko dira kontuan: urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretua, desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena, eta otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita mendekotasun egoera baloratzeko baremoa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarria.

Kenkari bera aplikatuko da ezkontidea edo izatezko bikotekidea desgaitua edo mendekoa izan eta apartatu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituenean.»

Zazpi.– 83. artikulua honela geratzen da idatzita:

«83. artikulua.– Kenkaria adinarengatik.

1.– Zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa duen 65 urtetik gorako zergadun bakoitzeko, 393 euroko kenkaria aplikatuko da.

Zergadunak 75 urte baino gehiago baditu, eta haren zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria 714 eurokoa izango da.

2.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 393 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0393 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

3.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 714 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0714 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, zerga oinarritzat hartuko da foru arau honen 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako zerga oinarri orokorra eta aurrezpenarena batuta ateratzen den zenbatekoa. Zerga oinarri orokorrak saldo negatiboa ematen badu, zero konputatuko da aipatutako baturaren ondorioetarako.

Dena den, zerga oinarri orokorrean eta, hala badagokio, aurrezpenarenaren zerga oinarrian pentsio konpentsagarrien eta urteko mantenurako ordainketen murriztapena aplikatzen bada foru arau honen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, murriztapen horrek aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz kalkulatutako zerga oinarria gutxituko du.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Aplikazio eremua.

Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.


Azterketa dokumentala