Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2026ko urtarrilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
SEGURTASUN SAILA
234

251/2025 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA sozietate anonimo publikoa sortzeko eta haren partaidetzak erosteko baimena ematen dion dekretua.

Dekretu honen xedea da Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA merkataritza-sozietate publikoaren estatutuak aldatzea. Estatutu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari «Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA» sozietate anonimo publikoa sortzeko eta haren partaidetzak erosteko baimena emateko martxoaren 12ko 29/2024 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak ezartzen duenez, sozietate publikoetako zuzendaritza nagusiak zuzendaritza-organoak dira. Hala ere, goi-kargudunaren izaera (edo horrekin parekatua) ez dator automatikoki sailkapen horretatik.

Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 2. artikuluak, aplikazio-eremua arautzen duenean, honako hauei aplikatuko zaiela ezartzen du, besteak beste: «Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko zuzendaritza-taldekideei –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 7. artikuluan zehaztuta daudenei–, betiere parekatuta badaude indarrean dagoen arautegiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko goi-kargudunekin».

Gaur egun, indargabetutako Legegintzako Dekretu horren 7. artikuluaren edukia Euskal Sektore Publikoari buruzko Legearen II. tituluko I. kapituluan jasota dago. Zehazki, 9. artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen dutela bai Administrazio orokorra eta instituzionala osatzen duten entitateek, bai haren sektore publikoko ente instrumentalek, horien artean sozietate publikoak, kasu honetan bezala.

Ondorioz, indarreko estatutuen idazketan, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SAko zuzendaria zuzendaritza-organoa da, baina ez goi-karguduna.

Interesekoa da erantzukizun hori bere gain hartzen duena Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean araututako jokabide-kodearen mende egotea, eta, gainera, pertsona hori Administraziotik badator eta bere lanpostua erreserbatzea eskatzen badu, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 138.c) artikuluan xedatutakoari heldu ahal izatea, eta zerbitzu berezien egoeran geratzea.

Horrenbestez, Segurtasuneko eta Ogasun eta Finantzetako sailburuek proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 30ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA merkataritza-sozietatearen estatutuen 38. artikulua aldatzea. Estatutu horiek martxoaren 12ko 29/2024 Dekretuaren bidez onartu ziren (29/2024 Dekretua, martxoaren 12koa, «Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentzia SA» sozietate anonimo publikoa sortzeko eta haren partaidetzak erosteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari baimena emateari buruzkoa).

38. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Batzar Orokorrak izendatu eta kargugabetuko du zuzendaria, Administrazio Kontseiluak proposatuta, kapital sozialaren gehiengoz.

2.– Izendatutako pertsona Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguduntzat joko da, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea aplikatzearen ondorioetarako».

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 30ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala