Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

11. zk., 2026ko urtarrilaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
215

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen den Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko abenduaren 2an, eta EAED-161INET espedientearen esparruan, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) lehenengo berrikuspenaren ingurumen-jasangarritasuneko txostenaren irismena zehazten duen dokumentua eman zen, hauetan xedatutakoaren indarrez: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legea; eta, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretua.

2021eko irailaren 2an egindako ezohiko saioan, Hondarribiko Udalaren osoko bilkuran erabaki zen jendaurrean jartzea Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapen-dokumentua, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunterako nahitaezko hasierako dokumentu estrategikoa eta beste lan batzuk barne.

2023ko maiatzaren 11n, Udalak hasiera batean onartu zuen Plana, eta, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zuen 60 egun balioduneko epean. Horretarako, iragarkia jarri zen maiatzaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (99. zk.), eta gero, epea handitu zen 2023ko irailaren 29ra arte, beste iragarki bat jarrita abuztuaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (157. zk.).

Jendaurreko informazioarekin batera, Udalak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluaren arabera.

Hondarribiko Udalak adierazi zuenez, alegazio eta txosten ugari jaso zituzten –horien emaitza nahiz edukia espedientean daude jasota–, eta aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu ziren Planaren azken proposamena idazteko orduan. Txosten bat aurkeztu da, jasotako alegazio bakoitza laburbiltzeko, baloratzeko eta ebazteko proposamen bat egiteko.

2025eko ekainaren 19an, Hondarribiko Udalak jendaurrean jarritako aldian egindako alegazioak ebatzi eta Planaren dokumentuan zegozkion aldaketak egin zituen, alegazio horien ebazpenetik eta aurrez kontsultatutako eskumen sektorialak dituzten administrazioek emandako txostenetatik eratorritakoak, eta Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra behin-behinean onartu zuen.

2025eko irailaren 29an, Hondarribiko Udalak Planaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoaren eskaera bete zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena (2025eko ekainekoa), haren ingurumen-azterketa estrategikoa (2025eko maiatzekoa) eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu; eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen-, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko eremua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz. Aipatutako eranskin horretan jasotako planen eta programen artean, hiri-antolamenduko plan orokorrak daude.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Hondarribiko Udalak, bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, beharrezkoa den guztia xedatu dute aurrera eraman ahal izateko planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura: ingurumen-azterketa estrategiko bat egin behar da, eta haren irismena aurrez ezarri, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek parte hartzeko prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du dekretu horrek). Adierazpenean, ingurumenaren arloko alderdiak planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu nabarmenen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hondarribiko (Gipuzkoa) Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpena ematea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren eremuak Hondarribiko udal-mugarte osoa hartzen du, Bidasoa eskualdean, eta 29,85 km2-ko azalera dauka. Eremu horretan bi gune bereizten dira: badia eta Txingudiko harana, eta Jaizkibel mendilerroa eta bere hegalak.

Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) honen idazketak ordezkatu egingo ditu gaur-gaurkoz indarrean dauden Hondarribiko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioak –1997/09/30etik indarrean daudenak, Aldizkari Ofizialean araudia argitaratuta–, 2017ko irailaren 6an indarrean jarritako HAPOren erabateko deuseztasunaren deklarazioaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 164/2020 Epaia tarteko.

Planaren hasierako hirigintza-egoerari dagokionez, egiaztatu da Zubieta Urdanibia bateragarri egiteko plana –Arau Subsidiarioen eta 2017ko Plan Orokorraren jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren apustu handi gisa– ez dela gauzatu; era berean, Zaldunborda Gaina Plan Partziala eta Zaldunborda Bateragarri egiteko Plana ere ez dira gauzatu. Nolanahi ere, Gabarrari itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasunetik kanpo eraikinik gabeko partzeletako batzuk eraikitzea ahalbidetu da. Aldi berean, bizitegi-ahalmena 2.267 etxebizitzatan handitu da 1996tik 2021era, eta, beraz, biztanleria hazi egin da.

Plan Orokor berri honen aurrerapenak erronka nagusien multzo bati heltzen zion, eta erronka horiek hiru ardatz estrategikoren proposamena gidatu zuten:

– Txingudiko badiaren hiri-jarraitutasuna.

– Garraiobide motordunen bitartez lekualdatzeko premia murrizten duen mugikortasuna.

– Ingurumen Jasangarritasuna –ahalik eta inpaktu txikiena eraginez; baliabide- eta energia-kantitate gutxien kontsumituz; hondakin eta emisioen ahalik eta kantitate txikiena sortuz–, Ekonomikoa, Soziala eta Kulturala.

Lurraldea okupatzeko hiru alternatiba proposatu ziren, etxebizitza berrien eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruen zuzkidura handiago edo txikiagoarekin.

– Jarduera ekonomikoetarako lurzorua: Gaintxurizketa Gainaren inguruan 10 ha-ko sailkapena proposatu zen, indarrean dagoen lurralde-antolakuntzak baimendutako gehienekoa, eta, halaber, Zubietako eremua sailkatzea, tresna hauetan jasotzen den moduan.

– Bizitegi-parkea: hiru aukera proposatu ziren –2.379, 2.149 eta 1.874 etxebizitza berri– kokapenaren eta ezarri beharreko etxebizitza-kopuruaren arabera.

– Etxebizitza horiei dagozkien espazio libre, ekipamendu eta azpiegituren zuzkidurak.

– Era berean, hiri-lurzoruaren birdentsifikazioa lehenestea proposatu zen, artifizializatu gabeko lurzoruen okupazioaren aurrean, zuzkidura-jarduketa ugari planifikatuz.

Jendaurreko informazioaren prozesuak honako helburu hauek berretsi zituen:

– Bizitegi-parkea: Plan Orokorrean 1.620 etxebizitza berri inguru kalifikatzea; horietako 1.186 bizitegi-kuantifikazioa kalkulatzeko zenbatuko dira, hau da, LAGek zehaztutako gehienekoaren % 61, dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruan eraikitzea sustatuz, eta etxebizitza berrietako 644, hots, guztizkoaren % 40 hiri-lurzoruan kokatuz.

– Jarduera ekonomikoa: Planaren helburu nagusia zerbitzuen sektorearekin eta turismoarekin lotuta ez dagoen jarduera ekonomikoa ezartzea denez, ezinbestekoa iritzi zaio Zubietaren garapena zailtzen duten oztopoak kentzea –hori funtsezkoa da dibertsifikatzeko eta hirian jarduerak sortzea bultzatzeko estrategian–; gainera, jarduera ekonomikoetarako azalera antolatzea proposatzen da, gehienez ere 10 ha Gaintxurizketa eremuan.

– Garapen berriekin bat datozen zuzkidurak.

Ondoren, 2023ko maiatzaren 11n, Udalak Plana jendaurrean jartzea erabaki zuen. Informazio- eta kontsulta-prozesu horretan egindako proposamenei eta Planaren hasierako onespenetik indarrean jarritako araudi aplikagarriari erantzuteko, Plana honako alderdi hauetan zuzendu da:

– Elbistieta eremuko antolamendua berraztertu da, dagoen zuhaiztiaren gaineko erasana minimizatzeko eta Aiako Harria-Jaizkibel Korridoreko Hiri-arteko Parkeko 11.1 eremuaren azalera 7,4 ha-raino handitzeko. Gainera, leheneratze-proiektua Zaldunborda Gaina eta Elbistieta eremuen sailkapenaren eta kalifikazioaren aldi berean idazteko eskatuko da.

– Plan Orokorra eta haren zehaztapenak aldatzea kultura-ondareari dagokionez, horrela argiago bereizteko ondarea babesteko katalogoan jasotako elementuek izan behar dituzten babesak, eta elementuei dagokienez gainjartzen diren babes-araubideak errazago ulertzeko.

– Hiri-bizitza sortzen duten espazioen gune anitzeko sistema ezartzea: «Auzo Bihotzak» izenekoak, espazio publikoaren berrantolaketa polizentrikoa eginez; auzo guztietan espazio libre nortasundunak berreskuratzea eta identifikatzea; gune horietan hirugarren sektoreko jarduerak, bereziki komertzialak, eta ekipamenduak kokatzea lehentasunez, eta espazio horien bitartez oinezkoentzako eta txirrindularientzako konexio eraginkorra sustatzea.

– Jarduketak berriz diseinatzea, guztiek BPE zuzkiduren estandarrak bete ditzaten, aldaketak hirugarrenei eragin diezaiekeenean izan ezik –adib.: Montañenea eta Parke Teknologikoa–.

– Basako eremuaren desklasifikazioa.

Azkenik, Plan Orokorraren antolamenduaren zehaztapen garrantzitsuenak hauek dira:

a) Etxebizitza eta bizitegi-lurzorua:

– 1.567 etxebizitza berri kalifikatzea proposatu da; horietako 1.213 bizitegi-kuantifikazioa kalkulatzeko zenbatuko dira –LAGek zehaztutako gehienekoaren % 62–.

– Dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzoruan eraikitzea sustatuko da, 428 etxebizitza berri –hiri-lurzoruan kokatutako guztizkoaren % 27–.

b) Jarduera ekonomikoetarako lurzorua:

– Zubieta / Urdanibia jarduera-parkea.

– Jarduera ekonomikoen ezarpena Zubietan eta Gaintxurizketan.

– Txiplao eremuaren finkapena eta Eskapatxuloren berrantolaketa.

c) Espazio libreen sistema orokorra:

Espazio sailkatuen soberakina zuzkidura-erabilerako azalerekin osatzen da, baina ez horrelakotzat kalifikatutakoekin: hondartza edo Jaizkibel mendigunearen iparraldeko lurzoruak.

d) Erkidego-ekipamendua:

Aurreikusitako ekipamendu-eskaerak dagoeneko kalifikatuta dauden edo garapen berrietan gorde beharreko tokiko zuzkidura duten lurzoruen gainean ebatzi ahal izango dira –funtsean Tudelenea-Botika eremuan–; izan ere, Plaiaundin dauden kirol-instalazioak birkokatzeko premiak Irun udalerrian bertan aurkitu du lekua, eta, beraz, ez da beharrezkoa Zubietako kirol-parkea aurreikustea.

Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dauden kirol-instalazioei dagokienez (hala nola udal-kiroldegia, kirol-pistak eta futbol-zelaia), ILJPko lurzoruak desafektatzeko espedientea hastea baimendu da dagoeneko.

e) Azpiegiturak:

i) Bide-sarea.

– Hiri-eremura sartzeko eta Irunekin lotzeko bidearen gaitasuna eta funtzionalitatea hobetzea, GI-636 eta N-638 errepideek osatua.

– GI-3340 errepidearen tarteko eremuaren hiri-jarraipena integratzea –Txiplaoko jarduera ekonomikoko eremutik Montañenearaino–.

ii) Garraio publikoko sarea.

– Garraio publikoko sistema efizientea eta gaitasun handikoa ezartzea eskualdearekin eta trenbide-garraio metropolitanoko sistemarekin lotzeko, Zubietako jarduera-eremua barne.

– Autobus-geltokia eta disuasioko aparkalekua Mendelun.

iii) Mugikortasun ez motorduna.

– Oinezkoen eta txirrindularien hiri-sarea osorik itxi eta saretzea. Higer-Higer Bidea, Irun, Jaitzubia eta Badiako bidearekin lotzea.

– «Auzo Bihotzak» arteko lotura-sarea, oinezkoak eta txirrindulariak lehenetsita.

– Indarrean dagoen Gida Planean zehaztutako aireportua finkatzea eta N-638 errepiderako sarbidea-zabaltzea berrantolatzea.

– Kaizarra portu-eremua berrantolatzea.

– Drainatze eta saneamenduko sare orokorrak modernizatzeko eta hobetzeko ekintzak.

– Txomorrenea-Iberdrola SA hornidura elektrikoaren azpiestazio transformatzailea handitzea eta berritzea.

iv) Naturagune babestuak.

– Jaitzubia ibarraren amaierako zatiko lurzoruen multzoa babesteko eta birsortzeko estrategia handitzea eta sakontzea.

– Amutalden, Mendelun, eta, Plaiaundin, hiri-jardueradun babes eta birsortze naturalistikoko estrategiak integratzea.

– Estuarioaren aurrealdea iragazkortzea, eskualdeko biztanleentzako aisia-erabileretarako.

v) Landa-lurzorua.

– Ekoizpen-erabilera bideragarriekin lotuta ez dauden etxebizitza isolatuek Jaizkibelgo hegoaldeko hegala okupatzeko prozesua geldiaraztea.

Horrenbestez, lurraldea okupatzeko eta bertan esku hartzeko proposamenak, azkenean Plan Orokorraren behin-behineko onespenaren dokumentuan jasotakoak, honako hauek dira:

– Gaintxurizketa:

GI-636 errepidearen lotunearen inguruko lurzoruak jarduera ekonomikorako erabiltzeko aurrerapenaren proposamenari eusten zaio, Aiako Harria/Jaizkibel korridorearen espazioa babestuz, eta haren mugaketa –indargetze-gunea– berregokituz.

Lau hirigintza-eremu zehazten dira, garapen berriko hiru, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuak, eta laugarren bat, egun dagoen industria-instalazioa finkatzeko:

a) Elbistieta: Irungo plangintzarekin bateragarri egitea, sarbideak kokatzeko.

b) Zaldunborda Gaina: suspertzen ari den zabortegi zahar bat dago, eta jarduera komunetarako erabiliko da, merkataritza-gune handi bat jartzeko aukerarekin.

c) Bidaurreta: egun dagoen ibilgailuak desegiteko instalazioa finkatuko da.

d) Zaldunborda: Irungo lurzoru mugakideekin batera antolatu beharreko jarduera ekonomikoetarako lurzoruak.

Aiako Harria Jaizkibel korridoreko hiriarteko parkea proposatzen da, Zaldunborda Gaina eta Elbistieta eremuetako sistema orokor gisa, urbanizazio berri horien inpaktua zuzentzen saiatzeko.

– Jaitzubia:

Lau hirigintza-eremu zehazten dira:

Bi garapen berrikoak:

a) Zubieta-Urdanibia.

Ekoizpen-jardueren parke handi bat sortzea, parke teknologikoko lurzoruekin eta Irun udalerrikoekin batera. Bidasoako Ospitalea eta Txingudi Ikastola ezartzea. Bateragarritasun Plan bat izapidetzea proposatzen da, eta egungo erabilerak finkatzea, plana onartu arte.

b) Parke Teknologikoa: Hondarribiko Campusa.

Ekoizpen-jarduera kualifikatuen parke handi bat sortzea, Zubieta-Urdanibiako lurzoruekin eta Irungoekin batera. Erabilera-araubideak lehenengo sektorearen arloko hezkuntzarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta teknologiarekin lotutako erabilerak baimentzea proposatzen da.

Bi, egungo hiri-garapenen finkapen gisa, eraikuntza-aukera osagarri eskasekin:

a) Jaizkibel urbanizazioa.

Urbanizazio pribatuaren finkapena. Gainera, 4 eraikin eraikitzea ahalbidetuko duen zuzkidura-jarduketa bat aurreikusten da.

b) Uliazpi – Zubietako Hezkuntza Bereziko Zentroa.

Zubietako Hezkuntza Bereziko Zentroaren ezarpenaren finkapena.

Gainera, hiri-lurzorutik baztertu dira Gebaralarre eta San Josepeko lurzoruak, baita Gibeleta eta Trikune ubideen ibilguak ere.

– Mendelu:

Lau hirigintza-eremu zehaztu dira: bat lurzoru urbanizagarrian eta gainerakoak lurzoru finkatuan eta finkatu gabean.

Lau Aizeta eta San Pabloko lurzoruak kanpoan utzi dira, eta baratza intentsibo gisa duten erabilera babestu da, uholde-arriskuak direla eta, beste erasan batzuen artean.

a) Gibeleta.

Egungo garapena finkatzea.

b) Karmeldarrak.

Etxebizitzara bideratuko da, eta aurreikusten da Mendelu eremua berrantolatzearen eta birgaitzearen ondoriozko ordezko bizitokiak har ditzakeela, beharrezkoa izanez gero. Gainera, ekipamendu eta hirugarren sektorerako gune bat proposatzen da.

c) Mendelu eta Eskapatxulo.

Hiri-berrikuntzako plan berezi bat egitea, Txingudiko badiaren inguruko naturaguneak leheneratzeko eta haien arteko lotura hobetzeko gida-planarekin eta/edo Jaitzubia/Txingudi/Bidasoako eremu babestuen etorkizuneko antolamendu-plan bereziarekin bateratuta.

«Auzo Bihotz» bat sartzea, kirol-ekipamenduekin, hurbiltasuneko bulegoarekin, ekipamendu soziokulturalarekin eta merkataritzarekin.

– Amute-Kosta:

Lurzoru urbanizaezinak sartzea Amuten eraikitzeko, frantziskotarren komentua sartuta eta finkatuta, eta Sorondonean, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta; azken horretan jarduketa txiki bat aurreikusten da bizitegi-erabileretarako.

Sei hiri-azpieremu eta urbanizaezin bat. Bertan, baratze intentsiboen erabilerari eusteko:

a) Aireportu Bidea.

b) Amute.

Auzoko hirigunea finkatzea eta hartarako sarbideak eta errepideak hobetzea.

«Auzo Bihotz» bat sortzea, Anttoni Etxeberria Mendizabal plazako eta haur-parkeko urbanizazioa hobetzeko, ekipamendu instituzionala edo soziokulturala eta hirugarren sektoreko jarduerak kaputxinotarren komentuan (ostatua eta ostalaritza), gune hori suspertu eta hirigune bat eraikitzeko.

c) Sorondonea.

Eremu txiki hori lurzoru urbanizagarri gisa birsailkatzea, bizitegi-erabileretarako.

d) Kosta / Santa Engrazia.

Egungo garapena finkatzea eta zuzkidura-jarduketa batzuk proposatzea. Gainera, Santa Engrazia ermitaren aurreko espazioa berrurbanizatzea proposatzen da, bai eta ondare kulturalari (ermita eta gabarra) eta naturalari (ubidea) balioa ematea ere, «Auzo Bihotz» bat sortuta.

e) Aireportua.

Donostiako aireportua finkatzea. Aireportuko irteera hobetzeko aukera.

f) Gabarrari.

Egungo garapenak finkatzea, bi zuzkidura-jarduketarekin batera: Gabarrari 12 eta Gabarrari 18.

g) Zumardia.

Egungo bizitegi-garapena finkatzea eta «Auzo Bihotz» bat sortzea, merkataritza-ekipamendua indartuz.

Kosten babes-zortasunak eragiten dien eraikuntzak lekualdatzea ahalbidetzen da.

– Arkolla:

Egungo garapena finkatzea. Llobregat auzora eta Santa Engraziara igotzeko errepidearen hasieran bi zuzkidura-jarduketa proposatu dira.

a) Puntalea.

Egun dauden bizitegi-garapenak eta portu-eremua finkatzea. Txandakako/egoiliarrentzako aparkaleku bat eraikitzea.

b) Bretxa Azpia.

Egungo partzelan eraikuntza irekiaren garapena finkatzea.

– Alde Zaharra:

Babestutako hiri-multzoa finkatzea.

– Kanpina:

Hondarribiko hirigunea finkatzea.

a) Mendebaldeko Bidea.

Udalekotze-eskaera.

b) Txiplao industrialdea.

Egungo jarduera ekonomikoko erabileren garapena finkatzea. Garbigunea lekualdatzea.

c) Presa.

Egungo garapena finkatzea –etxebizitza eta Jostaldi pilotalekua– eta babes publikoko etxebizitzarako eraikuntza berria.

d) Zezen-plaza.

Egungo bizitegi- eta eskola-eraikinaren garapena finkatzea eta Haize Eder partzelako zuzkidura-jarduketa bat ezartzea.

e) Muliate.

Plan partzialean aurreikusitako eraikuntza-okupazioa amaitzea. «Auzo Bihotz» bat sortzea Kandido Saseta plazan, eta Udalaren gizarte-zerbitzuak lekualdatzea.

f) Tudelenea-Botika.

Garapen berriko eremua, tokiko babes publikoko etxebizitzen bizitegi-erabileretarako, hirigunean proiektatutako etxebizitza berriaren programa bete ondoren garatu beharrekoa. Garbigunea Txiplao eremuaren ingurura lekualdatzea.

g) Montañenea.

Babestutako etxebizitzak eta etxebizitza libreak eraikitzeko jarduketei eustea, 2017ko Planean aurreikusitakoak, babes publikoko etxebizitzen transferentziak kenduta.

h) Labreder.

Egungo bizitegi-garapena finkatzea. Babestutako etxebizitza-estandar ia osoa Udalari lagako zaion alokairuko babes publikoko etxebizitza-eraikin batean gauzatuko da.

i) Etxanikenea.

Eremu berria, udal-titulartasuneko eta -ekimeneko babes publikoko etxebizitzarako, tokiko biztanleen etxebizitza-premietara bideratuta lehentasunez.

j) Domingotxonea.

Egungo etxebizitza isolatuaren garapena finkatzea.

k) Akartegi.

Egungo etxebizitza isolatuaren eta ekipamenduaren garapena finkatzea.

Zenbait «Auzo Bihotz» sortzea egungo ekipamendu-, merkataritza- eta lotura-zuzkidura hobetzeko, Sokoan –urbanizazioa eta berdegunea hobetzea– eta Talaia-Bordarin –ikastetxearen aurrean espazio bat irekitzea eta ekipamendu soziokulturalen zuzkidura–.

– Portua:

a) Maddalen auzoa.

Egungo hiri-multzoa finkatzea eta babestea.

b) Miramar.

Arau subsidiarioek esleitutako eraikigarritasuna finkatzea eta eraikina babestea.

– Hondartza-Higer.

a) Hondartza.

Dauden azpiegiturak finkatzea eta hobetzea.

b) Arroka.

Bizitegi-garapena finkatzea.

c) Aitonandinea.

Egungo bizitegi-garapena finkatzea eta sarbideak hobetzea.

d) Lurgorri-Iterlimen.

Egungo bizitegi-garapena finkatzea.

e) Kaiberria.

Egungo arrantzarako portu-instalazioa finkatzea.

f) Gaztelu.

Egungo bizitegi-garapena finkatzea, eraikin isolatuarena.

g) Higer.

Egungo zerbitzu turistikoen erabileren finkapena. San Telmo gaztelua birgaitu eta balioa azpimarratzea.

Lurzoru urbanizaezinaren antolamenduari dagokionez, Plan Orokorrak honela antolatu du lurraldea:

– Babes bereziko eremuak:

a) Naturagune babestuak: Natura 2000 Sarea:

i) Jaizkibelgo eremuak, ES2120017 Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) jasotakoak.

ii) Jaitzubiako padurako eremuak, Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) jasotakoak.

iii) ES2120018 Txingudi / Bidasoa.

iv) Jaitzubiako padurako eremuak, ES0000243 Txingudi Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) jasotakoak.

v) 3ES048 Txingudi hezegunea (Ramsar hitzarmena).

b) Itsasertzeko labarrak:

Itsasertzeko aurrealdea, Kai Berriatik Jaizkibel ES2120017 Kontserbazio Bereziko Eremuraino (KBE).

c) Erlaitz-labarrak. Paisaiaren babesa:

Kai Berria eta Goizut arteko estuarioaren ertza, Txiplaon eta Kostan.

d) Interes bereziko baso autoktonoak:

Jaizkibelgo mendigunearen hegoaldeko tarteko hegaleko zuhaiztiak, babestutako eremuaren (Jaizkibel KBE) mugetatik kanpo daudenak.

– Ingurumena hobetzeko eremuak:

a) Eremu degradatuak berreskuratzea.

b) Ekosistemak hobetzea.

Besteak beste, Aiako Harria – Jaizkibel korridore ekologikoan dauden lurrak.

– Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko eremua:

a) Balio estrategiko handikoa.

b) Balio estrategiko handikoa. Landazabala.

Jaizkibelgo hegoaldeko hegaleko zoruak, hirigunearen inguruan.

c) Balio estrategiko handikoa. Estuarioa:

Estuarioko padura zaharrari irabazitako lurretan daudenak. Bertan sartzen dira Gebaralarre, San Josepe, San Isidro, San Pablo eta Erribera eremuetan dauden nekazaritza-partzelak.

d) Trantsizioko landa-paisaia:

Jaizkibelgo hegaletan daude.

– Basoa.

Jaizkibelgo mendigunearen hegoaldeko tarteko hegaleko zuhaiztiak edo zuhaixka-eremuak.

– Lurrazaleko urak babestea.

Udalerritik igarotzen diren ibilguak eta horien babes-zerrenda.

– Hiri-inguruko landa-parkeak. Sistema orokorra.

Bost parke antolatu dira lurzoru urbanizaezinean:

a) Aiako Harria-Jaizkibel korridoreko hiri-arteko parkea (7,40 ha).

b) Jaitzubia-Txingudi-Bidasoako espazio babestuak (97,13 ha, Hondarribian).

c) Erribera (16,51 ha).

d) Guadalupeko hiri-inguruko parkea (18,02 ha).

e) San Telmo-Higerreko hiri-inguruko parkea (18,09 ha).

– Komunikazio eta zerbitzuen azpiegiturak. Sistema orokorra.

– Natura-arriskuen, arrisku antropikoen eta klima-aldaketen baldintzagarri gainjarriak:

a) Akuiferoek kutsatzeko arrisku altua eta oso altua dute.

b) Arrisku geologikoak: eremu higagarriak.

c) Uholde-arriskuko eremuak.

d) Klima-aldaketarekin lotutako arriskuen indizea (2011-2040 aldia): bero-boladak, lehorteak nekazaritzan eta abeltzaintzan duen efektua, ibaien uholde-arriskua, itsasoaren maila igotzeak eragindako uholdea.

e) Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak. Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lekuak.

f) Eremu akustikoak. Aurreikusitako gatazkak.

– Azpiegitura berdearen baldintzatzaile gainjarriak:

a) Beren ingurune-balioengatik babestutako guneak.

i) RAMSAR hezeguneak.

ii) Natura 2000 sarea.

iii) Txingudi eremuko PEPORN mugaketa (2001-11-02ko EHAA, Hondarribia).

iv) Txingudi eremuko PEPORN berrikusteko mugaketa-proposamena, Txingudiko Plan Zuzentzailean (2015-2026) jasotako irizpideei jarraituz.

b) Korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten beste gune multifuntzional batzuk:

i) Aiako Harria-Jaizkibel korridore ekologikoa. Aiako Harria-Jaizkibel lotura-korridorearen indargetze-gunea.

ii) EAEko Hezeguneen Inbentarioko III. multzoko hezeguneak.

iii) Interes geologikoko lekuak.

iv) Jaizkibel paisaia-eremu katalogatua.

v) Europar Batasunaren intereseko habitatak.

vi) Kantauriko Demarkazioko Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroa.

vii) Ekialdea (2021-2027).

viii) Onura publikoko mendia.

– Sektoreko zortasunen ondoriozko baldintzatzaileak:

a) Foru-sareko errepideen zortasunak.

b) Itsasertzeko zortasunak.

c) Zortasun aeronautikoak.

Ingurunearen ezaugarriei dagokienez, planaren eremuan interes faunistiko bereziko zenbait eremu identifikatu dira: hegazti nekrofagoak, hegazti zingiratarrak, bisoi europarra, igaraba arrunta, ferra-saguzar mediterraniarra, arrain hiruarantza, Schreiber muskerra eta apo lasterkaria.

Eremu horiek udalerriko naturagune babestu desberdinetan daude:

– ES2120017 Jaizkibel Kontserbazio Bereziko eremua (KBE).

– ES2120018 Txingudi-Bidasoa (KBE).

– ES0000243 Txingudi (HBBE).

Planaren eremuan, halaber, intereseko beste espazio natural batzuk ere badaude, hala nola:

– EAEko hezeguneen inbentarioko hezeguneak.

– Aiako Harria-Jaizkibel lotura-korridorea.

– Onura publikoko mendiak.

– Paisaiaren interes bereziko eremuak.

Gainera, honako hauek daude: itsasertzarekin lotutako landare-komunitate baliotsuak –labarretako landaredia, kostaldeko txilardiak eta otalur atlantikoa–; urarekin lotutako komunitateak –haltzadiak, esfagnalak, estuarioko landaredia–; eta hariztien aztarnak. Horien artean, nabarmentzekoak dira Europar Batasunaren intereseko habitaten azalerak (1.330 ha), baita Jaizkibelgo hegaletan sakabanatutako baso autoktonoko 685 ha ere –hariztiak eta beste hostozabal batzuk–, nahiz eta Batasunaren interesekoak ez izan, Euskadin intereseko habitatak baitira. Halaber, mehatxatutako flora-espezieak daude, eta berreskuratze-plan desberdinak ere bai Txingudiko badian, Jaizubiako paduretarantz, Jaizkibelen iparraldeko isurialdeko erreketan edo Hondarribiko hondartzako dunetan.

Bestalde, hirigunearen hego-mendebaldean eta Jaizubiako malda txikiko hegaletan gaitasun agrologiko handiko lurzoruak daude (136,81 ha).

Gainazaleko hidrologia Jaizkibelgo iparraldeko isurialdean zuzenean itsasora isurtzen duten errekasto txikiak dira; hegoaldeko isurialdean, berriz, errekak Jaizubiaren arrokoak dira (Bidasoaren ibaiadarra) edo zuzenean Bidasoa ibaiaren estuarioan isurtzen dituzte urak. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrologikoaren Plan Hidrologikoko eremu babestuen erregistroan honako hauek sartzen dira: hornidura-ura hartzeko eremuak eta haien babes-eremuak; moluskuak eta beste ornogabe batzuk ekoizteko eremuak: Bidasoako estuarioa; Hondarribiko hondartzako bainu-eremua; Bidasoako estuarioko eremu sentikorra; Ramsar A1G6 Txingudi hezegunea eta Jaizkibelgo beste eremu higroturboso batzuk; ingurumen-intereseko ibai-tartea: Jaizubia erreka, eta beste babes-figura batzuk.

Jaizkibel arroa EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioan jasota dago, eta Guadalupeko gotorlekua eta ermita eta San Telmo gaztelua paisaia-garrantzia duten eremu eta elementu gisa kalifikatuta daude.

Irailaren 22ko 154/2020 Dekretuaren arabera (horren bidez, behin betiko onartzen da Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) LPParen aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa), udalerrian paisaia-interes bereziko eremu hauek mugatu dira:

– Bidasoaren itsasadarra eta padurak; Jaizkibel-Ulia mendiak (kostaldea) eta Txingudiko badia.

– Irungo korridorea eta hirigunea.

– Jaizkibel-Ulia mendiak.

Kultura-ondareari dagokionez, ondare-babesa behar duten elementuak daude, baita udal-babesa behar duten ondasunen katalogoan sartzeko proposatutako elementu batzuk ere.

Bestalde, arrisku natural eta antropiko jakin batzuk dituzten eremuak identifikatu dira, adibidez:

– Uholde-arriskua: Jaizubia errekaren ertzak, Amute, Mendelu, Kosta, Jaizubia eta Urdanibia auzoetako hiri-garapenei eta eraikinei eragiten dietenak. Jaizubia erreka, Txingudiko badian itsasoratzen den arte, Hondarribiko udalerritik pasatzen denean, ES017-GIP-BID-01 Irun-Hondarribia (I. taldea) Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barruan dago.

– Akuiferoek kutsadurarekiko duten kalteberatasuna: bereziki, udalerriaren iparraldeko eta mendebaldeko isurialdea –Jaizkibelgo iparraldeko isurialdea–.

– Higadura-arriskua: landa-lurzoruaren zati handi bat higadura-arriskuan dago, orografia malkartsua baita.

– Arrisku teknologikoak: ADI-RENFE linean, Gaintxurizketa inguruan, salgai arriskutsuen garraiobideek istripua izateko arrisku ertaina.

– Kutsatuta egon litezkeen lurzoruak: 30 partzela egon daitezke kutsatuta; horietako 18 industria-jarduerak dituzten partzelak dira, eta 12 zabortegienak.

– Ingurune-hotsa: Nagusiki Minasoroeta kalearen, Sabin Arana Goiri kalearen, Ospitale kalearen, Jaitzubia auzoko Foru kalearen eta Baserritar Etorbidearen inguruko kaleetako bizitegi-eremuei eragiten die errepideko zirkulazioaren zaratak. GI-636, N-638 eta GI-3440 errepideek gehieneko zaratak gainditzen dituzte, bai eremu urbanizatuetan, bai aisialdirako erabileretan edo erabilera sentikorretan.

– Klima-aldaketa: udalerriak EAEko udalerrien batez bestekoa baino arrisku handiagoa du uholdeei dagokienez, hiri-ingurunean itsasoaren maila igotzeagatik, eta giza osasunari eragiten dioten bero-boladei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, aurreikus daiteke Planetik eratorritako ingurumen-ondorio nagusiak bizitegi-garapeneko edo jarduera ekonomikoetako jarduketa garrantzitsuenak egiten diren eremuetan kokatuko direla, lurzoru urbanizagarrian zein hiri-lurzoruan.

Ingurumen-ondorioak dituzten jarduketa nagusiak:

Lurzoru urbanizagarriko garapenak:

– Gaintxurizketa: Planak hiru industria-sektore berri antolatzen ditu, Bidaurretako industrialdearen ondoan.

– Jaitzubia-Zubieta-Amute: jarduera ekonomikoen eremuak handitzeko jarduketa nagusiak egingo dira –Urdanibia-Zubieta eta parke teknologikoa–, baita zenbait bizitegi-garapen ere –Karmeldarrak eta Sorondonea–.

– Kanpina: bizitegi-garapen nagusiak daude bertan:

i) Tudelenea-Botika.

ii) Montañenea.

iii) Etxanikenea.

Hiri-lurzoruko jarduketak:

– Birdentsifikazio-jarduketak, 428 etxebizitza gauzatuz.

– Mugikortasun-jarduketak:

i) Oinezkoak lehenesteko eremuak: Portu Auzoa eta Alde Zaharra.

ii) Oinezkoen bide-sareak Portu Auzoan eta Alde Zaharrean.

iii) Txirrindularientzako bide-sareak.

iv) Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) titulartasuneko bide-sarea.

v) Udal-titulartasuneko bide-sarea.

vi) Txandakako/egoiliarrentzako aparkalekuak erdiguneetan.

vii) Garraio publikoa: Irungo geltoki intermodalaren eta Hondarribiaren arteko anezka-zerbitzu publikoaren proiektua.

viii) Portu-instalazioak: Hendaiako portuarekin lotzeko itsas estazio bat sortzea, Kaizarran.

– Ingurumena leheneratzeko jarduketak:

i) Padura leheneratzea Jaizkibel urbanizazioan.

ii) Jaitzubia errekaren eskuineko ertza leheneratzea, bokalean (Mendelu).

iii) Jaitzubia errekaren eskuineko ertza (Eskapatxulo) eta Zubimusu errekaren ezkerreko ertza (Eskapatxulo-Mendelu) leheneratzea.

Ondorioz, ingurumen-erasan nagusiak honako hauek izango lirateke:

– Lurzorua okupatzea:

50,52 ha-ko lurzoru urbanizaezinari eragingo diote, eta Zubietako inguruak –parke teknologikoa eta enpresa-parkea– eta Kanpinako bizitegi-garapenek hartuko dute azalera handiena.

Aldiz, lurzoru urbanizagarriak ere deskalifikatu dira, hala nola Basako sektorea –6,8 ha– eta Lau Haizeta-San Isidroko polder-eremuak –14,20 ha– eta Gebalarrekoak –3,65 ha–, bai eta San Josepeko belardietakoak ere –3,24 ha–.

Hiri-lurzorua dentsifikatzeko jarduketek lurzoruaren okupazio berrien inpaktua mugatzen lagundu dute.

– Gaitasun agrologiko handia duten lurzoruen erasana:

Erasan nagusiak Zubietan –parke teknologikoa eta karmeldarrak, 23, 5 ha-ko gaitasun handiko lurzorua kenduta; guztizkoaren % 69– eta Kanpina inguruan –9,8 ha; guztizkoaren % 28– izango dira.

– Lurrazaleko uren erasana:

A priori, kalkulatzen da lurrazaleko uren erasana eremu desberdinetan izango dela; hala ere, honako hauei eragingo zaie nagusiki:

a) Umako erreka – Urdanibia-Zubieta.

b) Tomaserreka eta Lertxunberro – Parke Teknologikoa.

c) Isurketak – Karmeldarrak eta Sorondonea.

d) Txiplao – Tudelenea.

e) Montañenea erreka – Tudelenea, Montañenea eta Etxanikenea.

Benetako erasana, hein handian, ibilgu eta ertz horiei buruz egingo den antolamendu xehatuaren araberakoa izango da, eta hobe litzateke hurbil dauden lurzoruak espazio libreen sistema orokorretara/lokaletara bideratzea.

Aldiz, Letxunborro eta Puiana ibarrak kontserbatuko dira; horietatik igarotzen dira Tomaserreka eta Lertxunberro erreken azken zatiak.

– Landarediaren gaineko erasana:

Erasandako intereseko landaredia gehien-gehiena belardietan dago –32,9 ha–, eta guztiak ez dira Europar Batasunaren intereseko habitatak, 6510. Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak.

Hariztien eta hostozabalen baso mistoen masei dagokionez, erasandako azalera handiena parke teknologikoan dago –0,8 ha–, Tomaserrekarantz.

Gainera, Tudelenea eta Etxanikenea eremuetako haltzadien azalera txikiei ere erasango zaie.

Kasu horretan ere, benetako erasana, hein handian, eremu horiei buruz egingo den antolamendu xehatuaren araberakoa izango da, espazio libreen sistema orokorreko eta tokiko sistemako azalera gehiago edo gutxiago eskainita dagoen intereseko landarediari eta obraren faseetako zorrotz kontrolatuta.

Bestalde, espezie aloktono inbaditzaileak kontuan hartu behar dira, bereziki Zaldunborda Gainean –Buddleja davidii eta Cortaderia selloana–, baita Zubieta/Urdanibia, Karmeldarrak eta Tudelenean ere.

– Faunaren gaineko erasana:

Obren fasean, aldi baterako erasanak egin daitezke arrain hiruarantzaren eta ferra-saguzar mediterraniarraren habitatetan, Zubieta/Urdanibia, Parke Teknologikoa eta Karmeldarretako garapenak gauzatzen diren eremuetan, bai eta Gebalarreko baratzeetako ubideetan, Tomaserreka ibilguan eta San Josepe belardietako ibilguetan ere.

– Paisaiaren gaineko erasana:

Erasan nagusiak Elbistieta, parke teknologikoa eta Tudelenea-Botikan izan daitezke, eraikingintza-ezaugarriek eragin nabarmena izanik.

– Jabari Publiko Hidraulikoaren (JPH) gaineko erasana:

Uholde-arriskuak eragindako lurzoru urbanizagarriko eremuak Jaitzubia-Zubieta-Amute eremuan daude, eta Zubieta-Urdanibia sektorea da eraginik handiena izango duena, eta, zehazki, Txingudi ikastolan dauden espazioak, Plan Hidrologikoko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (ARPSI ES017-GIP-BID-01) sartuta daudenak.

Halaber, uholde-arriskua dago Tomaserreka eta Lertxunberro ubideen goi-ibarrean, Parke Teknologikoa eta Karmeldarrak sektoreetan.

Plan Orokorrean proposatutako leheneratze-jarduketak –Jaizkibel urbanizazioko padura; Jaitzubia ubidearen eskuineko ertza bokalean (Mendelu) eta Jaitzubia ubidearen eskuineko ertzean (Eskapatxulo) eta Zubimusu ubidearen ezkerreko ertzean (Eskapatxulo-Mendelu)– hobekuntza ekarriko dute konektibitateari dagokionez –faunarena Jaitzubia-Plaiaundin, eta oinezko eta txirrindulariena Hondarribia-Irun-Hendaian–.

– Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren (ILJP) erasana Jaizubia-Zubieta eremuan bakarrik aurreikusten da, zehazki, gune hori babesteko zortasun-eremuan.

– Klima-aldaketaren gaineko erasana:

Oro har, uste da Plan Orokorrak proposatutako hirigintza-antolamenduak mugikortasun aktiboari mesede egiten diola –oinezkoentzako sarearen plangintzari, foru-sarea osatzen duen txirrindularientzako sare bati eta antolamendu trinko eta konplexu bati esker– eta uholde-arriskuak minimizatzen dituela.

– Obren faseko atmosferaren kalitatearen gaineko erasana –antolamenduz kanpoko eraikinak eraisteagatik, urbanizazio-obrengatik eta eraikin berrien eraikuntzagatik–.

– Hondakinak eta lur-soberakinak sortzearen ondoriozko erasana:

Zaldunborda Gainaren garapena azpimarratu behar da –bertan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lurzoruen inbentarioan jasotako bi partzela identifikatu dira–, aldez aurretik Txingudiko Zerbitzuak zabortegia zigilatzearen baldintzapean geratu baita.

– Ustiapen-faseko ingurumen-zarataren ondoriozko erasana:

Zaratak gehien eragindako eremuak hauek izango dira: Elbistieta, Zaldunborda Gaina, Zaldunborda, Urdanibia-Zubieta, Parke Teknologikoa eta Karmeldarrak –GI-636 errepideko zaratak eragiten die–, eta Tudelenea-Botika eta Montañenea eremuetako zati bat –Mendebaldeko Bidetik (GI-3440) datorren zaratak eragiten die–. Gainera, eremu horietako batzuk, osorik edo zati batean, errepideen zortasun-eremuan daude; hori da, hain zuzen ere, GI-636 errepideak eragiten dien eremuen kasua.

– Natura 2000 sarearen gaineko erasanari dagokionez, kalkulatu da Plan Orokorrak ez duela kalterik eragingo Jaizkibel eta Txingudi eremuen osotasunean, dela banaka, dela beste proiektu edo plan batzuekin konbinatuta, harik eta Jauzubia-Zubieta eremuko garapen-plangintzak bermatzen duen dauden apo lasterkariaren eta arrain hiruarantzaren populazioak hartzeko behar adinako habitat-baldintzei eutsiko zaiela –bi espezie horiek Txingudi espazioko funtsezko elementutzat jotzen dira– jarduketak egin aurretik. Gainera, zeharkako eraginak –obren faseko uren kalitatea– Txingudi eremutik kanpo gertatuko direla aurreikusten da, hau da, Natura 2000 saretik kanpo.

– Ondare kulturalari dagokionez, ez da identifikatu lurzoru urbanizagarrian erasana izan dezakeen elementurik.

B) Txosten hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela 2021eko abenduaren 2ko Ebazpenaren bidez emandako irismeneko dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen beste jarduketarik; nolanahi ere, planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketa bat detektatu da:

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak 2025-11-04ko txostenean adierazi zuen zuzena dela Aiako Harria-Jaizkibel korridoreko hiri-arteko parkea sortzea, Elbistieta eta Zaldunborda Gaina garapenak iparraldetik eta mendebaldetik inguratzen dituena –korridorearen eremua babesteko, antolatzeko eta hobetzeko plan berezi bat beharko da–, hobekuntza ekologikoko jarduketak planteatzen baititu. Hala ere, irizten dio jarduketa horiek ez direla nahikoak azaleraren galera eta landarediaren aldez aurreko deuseztapena konpentsatzeko –Zaldunborda Gaina eta Elbistieta eremuak okupatzearen eta 2018-2019 aldian Zadunborda Gaina sektorean egindako mozketaren ondorioz–, eta ez duela konektibitate ekologikoa modu esanguratsuan hobetzen Gaintxurizketako korridorean.

Gainera, GI-636 errepidea iragazkortzeko neurrietan sakontzea gomendatzen du, eta 11.1 Aiako Harria-Jaizkibel Korridoreko Hiri-arteko Parkea eremua Leheneratzeko Planean proposatutako neurriak hartzeko aukera aztertzea, hala nola desegite-instalazioan dagoen drainatzea egokitzea faunarentzako pasabide gisa, faunarentzako bi pasabide berri gaitzea eta trenbidearen gaineko pasabideren bat eraikitzea.

Halaber, 2023-08-22ko txostenean adierazi zen Zaldunborda Gaina eta Elbistieta eremuetako hirigintza-garapenak denboran zehar egokitu behar zirela eta horien inguruko konektibitate ekologikoa indartu behar zela, hau da, Zaldunborda Gaina eta Elbistieta eremuen sailkapenarekin eta kalifikazioarekin batera, leheneratze proiektu bat idatzi behar zela.

Horrenbestez, Plan Orokorrak Aiako Harria-Jaizkibel korridoreko hiri-arteko parkearen proposamena berrikusi beharko du, nolanahi ere, Aiako Harria/Jaizkibel korridorearen funtzionaltasun ekologikoa bermatuko duten konpentsazio-neurri nahikoak integratzeko –eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko dagokion organoarekin adostu beharko dira–, garapen eraginkorra bermatuko duen definizio-mailarekin eta Zaldunborda Gaina eta Elbistiteta eremuetako hirigintza-garapenekin koordinatuta.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

a) Natura-ondarea babesteko neurriak.

Planak, garapen-plangintzaren eta urbanizazio- eta/edo eraikuntza-jarduketen baldintza egokien bidez, bermatuko du ez zaiela erasango naturagune babestuei –ES2120017 Jaizkibel eta ES2120018 Txingudi-Bidasoa Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE); ES0000243 Txingudi Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE); 3ES048 Txingudi Nazioarteko Garrantziko Hezegunea (Ramsar hitzarmena)–, ezta Aiako Harria-Jaizkibel korridore ekologikoari eta haren indargetze-eremuei ere, eta, era berean, natura-intereseko eremu edo elementuen gaineko inpaktuak minimizatuko dituztela:

– Faunarentzako interes-eremuak –arrain hiruarantzaren, apo lasterkariaren eta ferra-saguzar mediterraniarraren habitatak, besteak beste.

– Intereseko landaredi-eremuak – Europar Batasunaren intereseko habitatak, 6510. Behe-altitudeko sega-belardi elkorrak; hariztien eta hostozabalen baso mistoen masak; erriberako haltzadiak (91E0* lehentasunezko intereseko habitata); espezie autoktonoen heskaiak, besteak beste.

– Gaitasun agrologiko handiko eremuak.

– Ur-ibilguak.

Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Aiako Harria/Jaizkibel korridorearen funtzionaltasun ekologikoa bermatzeko konpentsazio-neurriak, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko dagokion organoarekin adostuak.

– Intereseko espazioen arteko lotura hobetzeko neurriak, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legean aurreikusitako lurraldeko elementuei lehentasunezko eginkizuna emanez.

– Espazio libreen sistema orokor eta lokalen ahalik eta azalera handiena baliatzea intereseko landaredi-eremuak babesteko, arestian aipatutakoak, bai eta erasango zaiela uste den lurrazaleko uretatik hurbil dauden lurzoruak babesteko ere –Umako erreka, Urdanibia-Zubietan; Tomaserreka eta Lertxunberro, Parke Teknologikoan; isurketak, Karmeldarrak eta Sorondonean; Txiplao, Tudelenean, eta Montañenea erreka, Tudelenean, Montañenean eta Etxanikenean–.

– Jaizubia-Zubieta eremuan dauden apo lasterkariaren (Bufo calamita) eta arrain hiruarantzaren (Gasterosteus aculeatus) populazioak hartzeko behar adinako habitat-baldintzak mantentzen direla bermatzeko neurriak, Txingudi eremuko funtsezko elementuak baitira.

Prebentzio-neurriak hartuko dira, obren fasean arrain hiruarantzaren eta ferra-saguzar mediterraniarraren (Rhinolophus euryale) biziraupena bermatzeko Zubieta/Urdanibia, Parke Teknologikoa eta Karmeldarrak garapen-eremuetan, baita Gebalarreko baratzeetako ubideetan, Tomaserrekaren ibilguan eta San Josepe belardietako ibilguetan ere; nolanahi ere, obrak espezieen ugalketa-garaian egitea saihestuko da.

Gainera, neurri zuzentzaileak zehaztu beharko dira Tomaserreka errekaren eta Parke Teknologikoko isurketen baldintza naturalak mantentzeko, eta Lertxunberro errekaren ertzetako eta Tudelenea, Montañenea eta Etxanikeneako Txiplao eta Montañenea erreketako landaredi autoktonoa leheneratzeko, arrainek eta anfibioek –arrain hiruarantza eta apo lasterkaria– okupatzeari eta horiek hedatzeari mesede egiteko.

– Gaitasun agrologiko handiko lurzoruak mantentzea bermatuko duten neurriak, Kanpina, Zubieta, Parke Teknologikoa eta Karmeldarrak eremuetan aurreikusitako garapenekin bateragarriak direnak.

– Landaretza autoktonoen egituretan izan daitezkeen erasanak saihestu edo minimizatzeko neurriak, eremuaren antolamenduan intereseko zein habitat eta zuhaizti-ale sar daitezkeen eta zein kendu behar diren identifikatuz. Kendu beharreko kasuetan, leheneratu beharreko azaleraren bikoitzarekin edo birjarri beharreko zuhaitzen bikoitzarekin konpentsatuko da galera, ahal bada in situ edo hurbilen dagoen ingurunean.

b) Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babesari, jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskuak murrizteari buruzko neurriak.

Planak honako hauek bermatuko ditu garapen-plangintzaren eta urbanizazio- eta/edo eraikuntza-jarduketen baldintza egokien bidez:

– Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuan –Jaizubia-Zubieta eremua– erasana izan dezakeen erabilera orok Euskal Autonomia Erkidegoko organo arduradunaren baimena izan beharko du, Itsasbazterren Araudi Orokorraren arabera –Itsasbazterren Araudi Orokorra onartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretua–, eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean aurreikusitako erabilerei erantzun beharko die.

Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan edo haren zortasun-eremuan obrak egin ahal izateko, gainera, Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen laugarren xedapen iragankorrean adierazitako gaikuntza-tituluak beharko dira.

– Jabari publiko hidraulikoari edo hari lotutako babes-eremuei –zortasun- eta zaintza-eremua– eragiten dieten jarduketek, edo korronteen erregimenari erasaten diotenek, URA Uraren Euskal Agentziaren baimena beharko dute aldez aurretik.

– Uholde-arriskuan dagoen eremuko jarduketek –Urdanibia-Zubieta; Parke Teknologikoa eta Erribera– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko dute –849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua onartzen duena, Urei eta horien aldaketei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua, I., IV., V., VI. eta VII. tituluak garatzen dituena–; hala ere, ez dira alde batera utziko uholde-arriskua kudeatzeko planetan (UAKP) ezarritakoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen aurka babesteari buruzko erregulazio espezifikoak.

– Balizko isurketen hazkundea –udalerriko hainbat eremutan aurreikusitako urbanizazio, industrialde eta, oro har, hirigintza-garapen berriena– konpentsatu egin daitekeela edo hutsala izan daitekeela bermatu beharko da, eta sortutako isurketen tratamendua aurreikusi beharko da, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarritakoa betez, hori justifikatzen duen azterlan hidrologiko-hidrauliko bat eginez.

Hirigintza-garapen horiek zoladura-azalera edo okupazio-azalera iragazgaitza murriztu beharko dute, eta behar-beharrezkora mugatu, eta drainatze jasangarriko sistemak txertatu beharko dira. Espaloietan azalera iragazkorren gutxieneko ehunekoa, hasiera batean, % 20koa eta % 35ekoa izango da plazetan eta hiriko berdeguneetan. Nolanahi ere, urbanizazio-proiektuek urbanizatu beharreko lurzoruen espazio libreen akabera iragazkorren ehunekoa zein den adierazi beharko dute.

Hori guztia Elbistieta, Zaldunborda-Gaina eta Zaldunborda eremuetako Jaitzubia ubidearen goi-ibarreko arroko drainatze-arazoaren soluzio integratua txertatzea gorabehera.

– Hiri edo industriako drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren isurketek, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dute, Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen dena betez.

c) Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak direla bermatzera zuzendutako neurriak.

Plan Orokorrak dagozkion baldintzen bitartez bermatu beharko du garatzekoak diren zenbait eremu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioan sartutako kokalekuetan badaude –Zubieta-Urdanibia eremua, 00029 partzela–, lurzoruaren kalitatearen adierazpena edo lurzoruaren gaitasun-deklarazioa izapidetu beharko dela, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23., 24. eta 25.artikuluetan xedatutako egoeraren bat gertatzen bada.

d) Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak:

Plan Orokorrak bermatu beharko du, garapen-plangintzaren eta urbanizazio- eta eraikuntza-jarduketen baldintza egokien bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat eduki behar dela lizentzia beharko duen obraren edo eraikinen bat egitea aurreikusten den eremuetan –Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 207. artikuluaren b) idatz-zatian aurreikusia–: Elbistieta; Zaldunborda-Gaina; Zaldunborda; Zubieta-Urdanibia; Parke Teknologikoa; Karmeldarrak; Sorondonea; Tudelenea-Botika; Etxanikenea eta Higer eremuak.

Planeko eremu akustikoren batean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, organo substantiboak Babes Akustiko Bereziko Eremu (aurrerantzean, BABE) izendatu beharko du, baldin eta eremu akustiko horretan aurreikusten den etorkizuneko hirigintza-garapenak, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren a) letran adierazitako baldintzak betetzen baditu. Horixe bera da eremu hauen kasua: Zaldunborda-Gaina; Zaldunborda; Zubieta-Urdanibia; Parke Teknologikoa-Hondarribiko Campusa; Karmeldarrak; Tudelenea-Botika; Etxanikenea; Kosta 35-37 eta 11; Gabarrari 12, 18 eta 10; Belentxo enea; Muliate; Bixkundienea; Cubo de la Magadalena; Aterpetxea eta Montañenea.

Kontuan hartuta eremu horietakoren bat, a priori, Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideen eta ETS eta ADIFen errepideen zortasun-eremuaren barruan geratzen dela, Planak ziurtatu beharko du azpiegitura horien zortasun akustikoen pertsona edo erakunde titularrek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aipatutako inpaktu akustikoari buruzko azterlana jaso dutela eta nahitaezko txostena egin dutela, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 30. artikuluan adierazitakoaren arabera. Nolanahi ere, Foru Aldundiaren, ETSren edo ADIFen errepideen zortasun horiekin bat datozen eremuetako prebentzio akustikoko neurriak Plana sustatzen duen administrazioaren erantzukizuna izango dira, eta eragindako azpiegituren trafiko-baldintza okerrenak (20 urterako aurreikusitakoak) kontuan hartzen diren agertoki batean ebaluatu beharko dira.

e) Paisaia babesteko neurriak:

Planak bermatu beharko du, hurrengo eremuetan aurreikusitako garapen-plangintzaren baldintza egokien bitartez, paisaia-integrazioko azterlan bat izango dutela, ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzkoa) ezarritakoaren arabera: Elbistieta; Parke Teknologikoa - Hondarribiko Campusa; Tudelenea-Botika; Karmeldarrak; Zubieta-Urdanibia; Higer; Erribera eta San Telmo-Higer hiri-inguruko parkea.

Halaber, eremu horietan aurreikusitako espazio libreetan berriro landareztatzeko eta kendutako habitatak leheneratzeko neurriak ezarri beharko dira.

Espazio libre eta leheneratze-espazio horiek diseinatzeko, landare-espezie autoktonoak erabiliko dira, ahalik eta mantentze-lan gutxien eskatzen dituztenak, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta. Hala badagokio, ura ahalik eta gehien aurrezteko sistemak jarriko dira, eta ura berrerabiltzea ahalbidetzen duten sistemak sustatuko dira. Espazioak diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» hartuko da kontuan (Udalsarea 21 lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

f) Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:

Planak bermatu beharko du, garapen-plangintzaren eta urbanizazio- eta eraikuntza-jarduketen baldintza egokien bidez, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko direla. Helburu horrekin:

– Jasangarritasun energetikoaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legearen arabera, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentua (DB-HE) bete beharko dute, honako hauei dagokienez:

i) Energia-kontsumoa mugatzeko irizpideak (HE 0); energia-eskaria kontrolatzeko baldintzak (HE 1); instalazio termikoen baldintzak (HE 2); argiztapen-instalazioen baldintzak (HE 3); ur bero sanitarioaren eskaria asetzeko energia berriztagarriaren gutxieneko ekarpena (HE 4); iturri berriztagarrietatik sortutako energia elektrikoaren gutxieneko sorkuntza (HE 5); ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegiturarako gutxieneko zuzkidurak (HE 6).

– Energia berriztagarrien arloan, eraikin publikoetan energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak ezarriko dituzte, administrazio horren kontsumoaren zati bat hornitzeko, eta, halaber, energia berriztagarriek propultsatutako ibilgailuak ezartzea eta industriaren, zerbitzuen eta merkataritzaren sektoreetan erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea sustatuko dute.

– Mugikortasunaren arloan, otsailaren 21eko 4/2019 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko azaroaren 10eko 254/2020 Dekretuan aurreikusitakoaz gain, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legean adierazitakoa ziurtatu beharko da, energia-kontsumoaren ondorioei, garraio pribatuaren erabileraren alternatibei eta mugikortasun ez motorduna eta mugikortasun eza bultzatzeari dagokienez.

– Kanpoko argiztapen publikoari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

Ildo horretan, gomendatzen da Euskadiko klima eta energiaren tokiko planak egiteko gidan (Ihobe, 2021) jasotako arintze- eta egokitze-neurriak kontuan hartzea.

g) Kultura-ondarearekin loturiko neurriak:

Plan Orokorrak Euskal Kultura Ondarearen Katalogoko elementu arkeologiko edo arkitektonikoei eragingo dielako aurreikuspenik ez dagoen arren, Planak bermatu beharko du, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo direla badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Balizko arkeologia-guneetan egiten den obra orok Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena izan beharko du. Aldundiak erabakiko du aurrez esku-hartze arkeologikoko proiektu bat egin behar den, ondare-inpaktua aztertzeko.

h) Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzeko faserako:

Plan Orokorrak bermatu beharko du garapen-plangintzak eta urbanizazio- eta eraikuntza-jarduketek obretako jardunbide egokitzat jotzen diren neurriak jasotzen dituztela, hondakinen ekoizpenari eta kudeaketari, lurzoruen babesari eta uraren eta airearen kalitateari, zarataren kontrolari, erasandako eremuak leheneratzeari, argiztapenari eta horien jasangarritasunari aplikatu beharrekoak. Zehazki, honako neurri hauek aplikatu beharko dira:

– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortzen diren hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta, isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, hondakinok arriskutsuagoak edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortuko kontrolik gabeko efluenterik erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Eraikuntza-lanetan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, bizi-zikloaren amaieran hondakinak modu efizienteagoan aprobetxatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, eraisketak egin aurretik, lan-plana aurkeztu beharko zaio lan-agintaritzari –RERAn (Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroa) inskribatutako enpresa baten bitartez–, onar dezan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Lur- eta arroka-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.

Obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, 2015eko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez –lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko legea–. Kontuan izan beharko da kutsatutako lurzoruak egon daitezkeela Tudelenea-Botikan –20036-00001 partzela– eta Zaldunborda Gainean –00006 eta 00007 partzelak–.

– Lurzoruak eta urak babestea:

Neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, lurpera ez iragazteko. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.

Makineriaren eta ekipoen mantentze-lanak obra-barrutian bertan egingo dira, horretarako gaitutako lekuetan, behar bezala kontrolatuta eta egokituta balizko isuriei eusteko. Nolanahi ere, hondakinak (bereziki olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarretarako lanak, lurpera ez iragazteko eta urak ez kutsatzeko.

Material xurgatzaile espezifikoa (sepiolita edo baliokideak) eduki beharko da, berehala jarduteko olioen, erregaien edo bestelako substantzia arriskutsuen istripuzko edozein isuriren aurrean.

– Airearen kalitatea babestea:

Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

– Obrek sortutako zarata:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretura (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietara. Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Obrek irauten duten bitartean, zarataren jatorria murrizteko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira, bereziki hondeaketa, eraispen, karga, deskarga eta garraioko lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean eta zarataren eta bibrazioen jatorria murriztean.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak. Azterketa horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eragindako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obren eragina jasan duten espazioak lehengoratzea: Obra-proiektuek «leheneratze-proiektu» bat izango dute lotuta, eta bertan garatuko dira jarduketak, haiek gauzatzeko behar besteko xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.

Obrak egiteagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren zuhaitzak birjarrita, hala behar bada.

Obren ondorioz eragina jasan duten espazioak leheneratzeko, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» (Udalsarea. 2017) jasotakoarekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egina da, eta, besteak beste, landare-espezie autoktonoak erabiltzea sustatzen du, mantentze-lan txikia behar baitute, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta egonik.

Leheneratze-proiektuak bermatu beharko du espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo direla; horrela, higadura-prozesuak ekidingo dira, bai eta solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ere.

Plan Orokorraren garapen-esparruetan –Jaizubia-Zubieta-Amute; Parke Teknologikoa; Karmeldarrak; Sorondonea; Tudelenea-Botika; Montañenea; Etxanikenea; jarduketak Jaizkibel urbanizazioan, Kosta-Santa Engrazia, Gabarrari, Zumardia Arkolla, Alde Zaharra, Presa, Zezen plaza, Muliate, Labreder, Domingotxonea eta Higer eremuak– drainatze-sistema jasangarriak ezarriko dira –hala nola zoladura iragazkorrak, tangak edo ekaitz-gailuak, etab.–, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan ezarritakoaren arabera. Ildo horretan, gida hau kontuan hartzeko gomendatzen da: «Uholde-arriskura egokitzeko gida: Drainatze jasangarriko hiri-sistemak. 2019. Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioa».

Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, haiek hedatzeko arriskua murriztu beharko da, birlandaketa-lanetan flora aloktono inbaditzaileko aleak kendu eta landareak berriro sartzen direnean. Kasu horretan, bermatu beharko da birlandatze-lanetan eta lorategiak egiteko lanetan erabilitako landare-lurrak ez duela flora inbaditzaileko propagulurik eta ez dela erabiltzen inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik edo espezie arriskutsurik –gomendatzen da honako hau kontuan hartzea: «Espezie apaingarriak hautatzeko gida». (Udalsarea. 2017)–, hala nola Buddleja davidii, Cortaderia selloana, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia edo beste batzuk. Halaber, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Kontrol zorroztu egin beharko da Zaldunborda Gainako eremuetan, Buddleja davidii eta Cortaderia selloana baitaude.

Gainera, flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat txertatuko da, dauden espezieak desagerrarazteko neurriak jasoko dituena. Ibai-sareari dagokionez, espezie inbaditzaile horiek eskuliburu honetan jartzen duen bezala kudeatuko dira (URA, 2021): «EAEko ibai-eremuetan landare inbaditzaileen espezieak kudeatzeko jardunbide egokien gidaliburua».

– Hirigintzaren eta eraikuntzaren jasangarritasuna:

Gomendatzen da hirigintza-proiektuek kontuan hartzea «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida. SPRILUR. IHOBE. 2015».

Bestalde, eta ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-eskakizunak gorabehera, gomendatzen da ingurumenaren arloko eraikuntza eta birgaitze jasangarrirako gidetan jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak kontuan hartzea, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin. I. eranskina. Aplikatzekoa den araudia. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

i) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

ii) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

iii) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

iv) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

v) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

vi) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

vii) Materialak. Lehengai ez-berriztagarri gutxiago kontsumitzea.

viii) Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztagarrien bidez.

ix) Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

x) Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

xi) Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

xii) Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisio gutxiago sortzea.

xiii) Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

xiv) Hondakinak. Hondakinen kudeaketa hobetzea edo hondakin gutxiago sortzea.

xv) Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

xvi) Mugikortasuna eta garraioa. Mugikortasun jasangarri eta unibertsala sustatzea. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

xvii) Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta kontserbatzea.

xviii) Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

xix) Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

xxi) Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarrita dagoenari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planeko inpaktuen aurreikuspenak betetzen direla eta proposatutako neurriak behar bezala ezartzen direla eta efikazak direla.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2021eko abenduaren 2ko irismen-dokumentuan adierazitako ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako hauek azpimarratu behar dira: lurzoruaren kontsumoa minimizatzea; intereseko habitatak eta fauna- eta flora-espezieak babestea eta horien gaineko erasana minimizatzea; jabari publiko hidraulikoa eta itsas jabari publikoa babestea; paisaia babestea, lurraldearen gaineko esku-hartzeak paisaian behar bezala integratuz; gaitasun agrologiko handiko lurzoruak babestea eta horien gaineko erasana minimizatzea; arrisku naturalak eta klima-aldaketaren ondorioak minimizatzea; erasandako eremuen kalitate akustiko eta atmosferikoa; sortutako hondakinak behar bezala kudeatzea; kalteen prebentzioa lehenestea, horiek konpentsatzearen aurrean, edo ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotzen bada plana onetsi gabe, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaitu egingo da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Hondarribiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala