Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2026ko urtarrilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
201

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 4koa, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariarena, Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxea okupatu, egokitu eta ustiatzeko emakida esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona, eta prozedura artezten duten oinarriak eta emakidaren baldintzak onartzen dituena.

Lehenengoa.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxean zenbait obra eta eraberritze egin daitezen, ekipamendua hobetzeko eta zerbitzuaren egungo eskarietara egokitzeko xedez, betiere azpiegitura dagoen eraikinaren ezaugarri formalak eta egiturazkoak errespetatuz.

Bigarrena.– Horregatik, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak geroko erabilera eta ustiapena esleitzeko lizitazioa sustatzeko interesa du, portuko jabari publikoa okupatzeko emakida bat emanez. Horretarako, honako lehiaketa honen deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 38. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 5.2 artikuluak egungo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko portu-politika garatzeko eta kontrolatzeko eskumena, bai eta autonomia-erkidegoaren titulartasuneko portu-sistema koordinatu eta kontrolatzekoa ere. Horren barrukoak dira, besteak beste, portuko jabari publikoa kudeatzeko, eraikitzeko, ustiatzeko, kontserbatzeko, babesteko, defendatzeko eta diziplina jartzeko eginkizunak, bai eta portuetan ematen diren emakidak eta baimenak ematea, aldatzea eta azkentzea ere.

Laugarrena.– Aurrekoarekin bat etorriz, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 7.h) eta 15.1.g) artikuluek zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxea okupatu, egokitu eta ustiatzeko administrazio-emakida esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxea ustiatzeko emakida esleitzeko prozedura lehiaketa bidezkoa izan dadin erabakitzea.

Hirugarrena.– Prozedura arautzen duten oinarrien baldintza-agiria onartzea. Oinarriok ebazpen honen I. eranskinean agertzen dira.

Laugarrena.– Emakida arautzen duten baldintzak onartzea. Baldintzok ebazpen honen II. eranskinean agertzen dira.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilean argitaratzea.

Seigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 4a.

Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendaria,

KOLDOBIKA GOITIA MARKUERKIAGA.

I. ERANSKINA
ONDARROAKO PORTUKO ARRAIN-LONJAKO TABERNA-JATETXEA OKUPATU ETA USTIATZEKO EMAKIDA ESLEITZEKO LEHIAKETA ARAUTZEN DUEN OINARRIEN BALDINTZA-AGIRIA
I. XEDAPEN KOMUNAK

1.– Xedea.

Lehiaketaren helburua da eskaintzarik onena hautatzea, jabari publikoko ondasun hau egokitu, okupatu eta ustiatzeko administrazio-emakida emateko: Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxea eta erantsitako terraza, guztira 311,7 metro karratuko azalera duela.

2.– Izaera.

1) Agiri honen bidez, aurreko atalean aipatu den administrazio-emakida emateko deitzen den lehiaketa arautzen duten oinarriak ezartzen dira.

2) Hemen arautzen den prozedurak izaera administratiboa du eta emakida horren prozedura gertatzen du. Hala, prozedura horren aurreko fase moduan txertatzen da, eta, lehiaketan hautatzen denari portuko araudian emakida emateko ezarrita dagoen izapidetze-eskubidea eratxikitzen dio, hautatuak aurkeztu duen dokumentazioan oinarrituta.

3) Adjudikazioa eskuratzen duenak emakida izapidetzeari uko egiten badio edo emakida esleitzeko ezarri diren baldintzak onartzen ez baditu, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak aukeran izango du prozedura esleitu gabe uztea edo emakidaren izapideak hasteko proposatzea lehiaketako hurrengo sailkatuari, beste lehiaketa bat deitu beharrik gabe.

3.– Emakidaren kokapena eta azalera.

1) Oinarri-agiri hau erabiliz esleitu nahi den ustiapenari loturiko eraikina Ondarroako portuak Itsas Aurren daukan arrain-lonjaren barruan dago, eta 216,05 metro koadroko azalera eraikia du, taberna/jatetxe gisa baliatzen den espazioari dagokiona. Azalera horri 95,65 metro koadroko azalera erantsia gehitu behar zaio, terraza gisa erabiltzeko, agiriari itsatsi zaion planoan ikus daitekeenez.

2) Ondarroako Kofradiako Santa Klara eraikin zaharrean dagoen taberna hainbat hamarkadatan ustiatu eta gero, arrain-lonja berria martxan jarri zenetik, portuak ez dauka udalerriarekin bat datorren ostalaritzako instalaziorik. Lonja berriak portuko zerbitzu horretarako espazio zabala aurreikusita dauka lehen solairuan, eta instalazioak baldintza onetan daude diseinatu ziren jarduerak garatzeko.

Hala eta guztiz ere, instalazioak sukaldaritza-, ostalaritza- eta aisialdi-arloan indarrean dagoen legeriara egokitzeko moldaketa-lanak egin behar dira, altzariak, aparatuak eta osagarriak instalatzea aintzat hartuta, Portuko Plan Bereziaren gidalerroei eta eraikinaren babes-mailari atxikitakoei jarraituz, establezimendua abian jarri eta behar bezala funtziona dezan.

Nolanahi ere den, abian jartzeko beharrezkoak diren obrak edo ekipamendu-instalazioak adjudikaziodunaren kontura egingo dira.

3) Lehiaketa honetatik kanpo geratzen da arestian adierazitakoez bestelako zeinahi azalera, eta, beraz, ez da inolako aldaketarik onartuko okupatzekoa den erabilera esklusiboko gehieneko azaleran, bederen, guztiz ezinbestekoa ez bada baimenak eta lizentziak lortzeko (hala nola ke-irteerak eta antzekoak); edozein kasutan, gehikuntzak behar bezala justifikatuta egon beharko du.

4.– Portu Agintaritzak emandako informazioa.

Lizitazio-iragarkia Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilean argitaratuko da. Hala berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Portuei eta Itsas Garraioari buruzko ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 42.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataformaren Kontratatzailearen Profilean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, balizko lizitatzaileek honako agiri hauek izango dituzte eskura plataforma horretan, azter ditzaten: oinarri-agiri hau, okupazio- eta ustiapen-emakida arautzen duten baldintza-agiria eta dagozkion eranskinak.

Horrez gain, informazio hori guztia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren webgunean.

Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak emandako dokumentazioari buruzko kontsultak idatziz egin beharko dira Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren bitartez, proposamenak jasotzeko epearen barruko azken eguna amaitu baino zazpi (7) egun lehenago, gutxienez. Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak lizitatzaileen eskura jarriko du aipatutako plataforman erantzundako kontsulten zerrenda.

5.– Aurkeztu behar den proiektua.

Arestian adierazitako azalerak emango dizkio administrazioak adjudikaziodunari, egun dauden egoeran, eta, beraz, behar bezala ustiatzeko beharrezkoak diren jarduketak eta lanak egin beharko ditu adjudikazioaren irabazleak.

Eskaintza bat egiten duenak obra eta jarduketen programazioa proposatu beharko du, eta horiek guztiak emakida emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere hemezortzi (18) hilabeteko epean egingo dira.

Lokalak egokitzeko lanak amaitu eta gero –aldez aurretik, nahitaezko baimena eskuratuta onartu beharko dira lanak–, emakidaren titularrak idatziz eskatuko dio eraikin horren ardura duen zuzendaritzari, hots, gaur egun, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzari, egindako obrak ikuskatzeko. Planoa eta akta egingo dira, eta, ondoren, onartu egingo dira.

6.– Eskabidea egiteko betekizunak.

1) Lehiaketan parte hartu ahal izango dute jarduteko gaitasun osoa duten pertsona fisiko edo juridiko espainiar edo atzerritar guztiek, baldin eta ekonomia-, finantza- eta teknika- eta lanbide-kaudimena egiaztatzen badute eta kontratatzeko debekurik ez badute.

2) Pertsona juridikoak emakiden adjudikaziodun izan ahalko dira soil-soilik beren estatutuen edo sortze-arauen arabera berezkoak dituzten helburu, xede edo jarduera-eremuaren barruan jasotzen diren prestazioen emakidei gagozkiela, eta emakida behar bezala gauzatzeko behar besteko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen antolamendua izan beharko dute.

3) Europar Batasuneko estatu kideetako enpresa ez-espainiarrek kontratatzeko gaitasuna dute, baldin eta, enpresa horiek kokatuta dauden estatuko legeriaren arabera, kontratuaren xede den prestazioa egiteko gaituta badaude.

4) Europar Batasunekoak ez diren estatuetako pertsona fisiko edo juridiko atzerritarrek lehiaketan parte hartu ahal izango dute, baldin eta, aurreko paragrafoan ageri diren baldintzak betetzeaz gain, honako hauek ere betetzen badituzte:

– Espainiako nazionalitatea duten pertsonentzat elkarrekikotasuna duen estatu batekoa izatea.

– Egoitza fiskala Espainiako Estatuan izatea.

– Estatuko kontratuen legeriak atzerritarrekin kontratatu ahal izateko eskatzen dituen baldintzak betetzea.

Horrek guztiak ez du ezertan eragotziko atzerritarrei emakida emateko lege berezietan ezarritakoa.

5) Lehiaketan aurkeztu ahalko dira aldi baterako xede horretarako eratzen diren enpresa-elkarteak, baina ez da beharrezkoa izango eskritura publikoan formalizatzea, harik eta emakida beren alde esleitu arte.

6) Lizitaziotik kanpo geratuko dira automatikoki Sektore Publikoko Kontratuen Legeak xedatzen duen kontratatzeko debekuren bat daukaten pertsona fisikoak edo juridikoak, eta honako hauek:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako baimenei edo emakidei dagokienez ezarritako betebeharrak bete ez dituztenak.

– Aipatutako tituluren bat izan edo eduki arren, ordainketa-betebeharrak egunean ez dituztenak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin edozein motatako zorrak dituztenak.

7) Arestian xedatutakoak eragina izango du, era berean, enpresok gobernatzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla eta, aipaturiko debekuren bat izan duten enpresen jarraipena edo, eraldaketaz, bat egitez edo oinordetzaz, halako enpresetatik eratortzen diren sozietateak direla susmatzea badago.

II. ADJUDIKAZIO-PROZEDURA

7.– Proposamenak aurkeztea.

Proposamenak aurkezteak badakar agiri honetako oinarriak eta emakidaren baldintzak onartzea, bai eta parte hartzeko eskabidea egiten duenak emakida eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela agertzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea ere.

8.– Proposamenak aurkezteko epea eta tokia.

1) Deialdi honen bidez deitzen den lehiaketan parte hartzeko eskabideak Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman aurkeztu beharko dira:

https://www.contratacion.euskadi.eus/hasiera/

2) Horretarako epea hiru hilabetekoa da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

Edonola ere, epearen azken eguna baliogabea bada, hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da.

3) Eskatzaile bakoitzak ezin izango du proposamen bat baino gehiago aurkeztu, ezta aldi baterako enpresa-elkarteetan proposamenik sinatu ere, baldin eta bakarka aurkeztu badu, edo aldi baterako enpresa-elkarte batean baino gehiagotan agertu. Baldintza hori urratzen bada, ez da onartuko baldintza betetzen ez duenak aurkeztutako proposamenik.

4) Prozedura izapidetzen ari den bitartean, betiere adjudikazioa egin aurretik, enpresa lizitatzaile baten nortasun juridikoa azkentzen bada bat-egitearen, zatiketaren edo enpresa-ondarea eskualdatzearen ondorioz, sozietate xurgatzailea, bat-egitearen ondoriozkoa, zatiketaren onuraduna edo ondarea eskuratzearen ondoriozkoa ordeztuko du lehengoa prozeduran, betiere Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren aurrean agiri honetan eskatzen diren betekizunak egiaztatzen baditu.

9.– Proposamenak aurkezteko modua.

1) Lizitazio hau elektronikoa baino ez da; beraz, lizitatzaileek formatu elektronikoan prestatu eta aurkeztu beharko dituzte eskaintzak, nahitaez, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren lizitazio elektronikoko zerbitzuak erabiliz. Ez da onartuko horrela aurkezten ez den eskaintzarik.

2) Hiru (3) gutun-azal elektronikotan bidaliko dira proposamenak eta horiekin batera doazen gainerako dokumentuak (guztiek osatzen dute eskaintza), 1., 2. eta 3. zenbakia adierazita gutun-azaletan.

Agiri eta gutun-azal guztiak lizitatzaileak edo haren baliozko ordezkariak sinatu beharko ditu. Lizitatzaileek sinadura elektroniko aitortua erabiliz sinatu beharko dute. Sinadura hori ziurtapen-zerbitzuen emaile batek eman behar du, eta lizitatzailearen proposamenaren zein hari lotutako dokumentu guztien nortasuna eta osotasuna bermatu beharko ditu.

Aldi baterako enpresa-elkartea bada, elkarte bakoitzaren datuak adierazi behar dira, eta gutun-azalak elkartea osatzen duten enpresa bakoitzeko ordezkariek sinatu behar dituzte.

Lizitatzaileei gomendatzen zaie proposamenak plataformaren bidez aurkezteko software-baldintzak behar besteko aurrerapenaz egiazta ditzaten, eskaintzak sinatu eta bidali aurretik.

Eskaintzek ez dute birus informatikorik izango, ez eta programa edo kode maltzur zein kaltegarririk ere. Lizitatzaileei dagokie dokumentu guztiak antibirusen bat erabiliz aztertzea; bestetik, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak dokumentuen edukia eskuratu ezin izango balu, lizitatzailearen erantzukizuna baino ez da izango.

Balorazioan, eskaintza baztertzeko arrazoia izango da adierazitako dokumentazioa ez aurkeztea. Bestalde, ez dira onartuko, ez-egiteak, akatsak edo ezabaketa-zirriborroak dituztelako, proposamenak dakarren eskaintza egoki ezagutzea eragozten dutenak; hala eta guztiz ere, Balorazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen argibideak eskatu ahalko ditu.

Lizitatzaileren batek uste badu bere eskaintzak dokumentazio konfidentziala dakarrela, adierazpen osagarri bat erantsi beharko du 1. gutun-azalean, eta bertan adierazi beharko du zer dokumentu administratibo eta tekniko eta datu diren, lizitatzailearen ustez, konfidentzialtzat hartzeko modukoak.

Inguruabar hori, gainera, argi eta garbi jaso beharko da (gaininprimatuta, bazterrean idatzita edo beste edozein modutan) halakotzat adierazitako dokumentuan bertan. Enpresa lizitatzaileek aurkeztutako dokumentuak eta datuak isilpekotzat edo konfidentzialtzat jo daitezke, baldin eta dokumentu eta datu horiek hirugarrenei zabaltzea beren merkataritza-interes legitimoen aurkakoa gerta badaiteke, sektoreko enpresen arteko lehia leialari kalte egin badiezaioke edo DBLOn ezarritako debekuen barruan badaude. Esandako adierazpen hori aurkezten ez bada, ezein dokumentuk edo datuk izaera hori ez duela ulertuko da.

3) Lizitatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztuko dituzte eskatutako dokumentu guztiak, baina dokumenturik aurkezten bada beste hizkuntza batean, itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da aipatutako hizkuntzetatik batean.

10.– Proposamenen edukia.

Gutun-azal bakoitzean, honako agiri hauek jasoko dira:

– 1. gutun-azal elektronikoa. Dokumentazio orokorra. Jarduteko gaitasuna. Ekonomia- eta finantza-kaudimena eta gaitasun teknikoa eta profesionala:

a) Eskabidea aurkezten duenaren nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa (NAN/IFZ), bai eta eskatzaileak ordezkaritza-ahalordea baduela egiaztatzen duena ere, hala badagokio.

Pertsona juridikoak diren enpresaburuen jarduteko gaitasuna honako hauen bidez egiaztatuko da: eratze-eskritura edo -agiria, estatutuak edo fundazio-akta; halakoetan jaso beharko da jarduera artezten duten arauak zein diren, dagokion erregistro publikoan behar bezala inskribatuta daudela, pertsona juridikoaren mota zein den.

Espainiarrak ez diren eta Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako herritarrak diren enpresen jarduteko gaitasuna egiaztatzeko, enpresa horiek finkatuta dauden estatuko legeriaren arabera dagokien erregistroan inskribatuta egon beharko dute, edo, bestela, zinpeko aitorpen bat edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan, aplikatzekoak diren Europako Erkidegoko xedapenekin bat etorriz.

Gainerako enpresaburu atzerritarrek jarduteko gaitasuna egiaztatu beharko dute, Espainiak dena delako estatuan daukan Diplomaziako Misio Iraunkorraren edo enpresaren egoitza dagoen lurralde-eremuko bulego kontsularraren txostena aurkeztuta.

b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dagoela eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztuz. Halaber, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta egiaztatzea izango da. Azken kasu horretan, eskatzailea adjudikaziodun gertatzen bada, bost egun balioduneko epea emango da baldintza horiek behar bezala egiaztatzeko.

c) Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Politikako Zuzendaritzan, eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskura, 1.000 (mila) euroko behin-behineko bermea eratu izanaren egiaztagiria. Fidantza hori itzuliko zaie lehiaketaren adjudikazioa eskuratu ez dutenei emakida izapidetu eta errekurtsoak jartzeko epeak igarotakoan, errekurtsorik jarri ez bada.

Fidantza oinarri hauetatik eratorritako betebeharren eta aurkeztutako proposamenaren baldintzei heltzeko euskarria izango da, fidantza itzultzen den arte.

Adjudikaziodunari doakionez, ustiapen-bermearen gordailua egin dela egiaztatu ondotik itzuliko zaio fidantza.

d) Dokumentazioa edo, hala badagokio, eskaera egiten duenaren kaudimen ekonomiko eta finantzarioari eta gaitasun tekniko edo profesionalari buruzko irizpideak ezagutzeko eta osatzeko aukera ematen duen memoria, proposatutako erabilerei lotutako lanetan esperientzia duela egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera, zerbitzuak noiz eta non eman diren adierazita.

e) Bideragarritasuna justifikatzen duen azterketa ekonomiko-finantzarioa; bertan, behintzat, ustiapen-kontuaren aurreikuspena jaso beharko da, Kontabilitate Plan Orokorraren arabera, gutxienez ere, bost urtekoa.

f) Berariazko adierazpena, oinarri-agiri honetan eta emakidaren baldintza-agirian jasotako baldintzak ezagutzen eta onartzen dituela dioena eta, hautatu den eskaintza onartu ezean, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak inolako erantzukizunik hartzen ez duela dioena, ez eta, hala badagokio, beharrezko lizentziak edo baimenak eskuratzeko ezintasunak eragindako kalte-galeren ziozko erantzukizunik ere, interesdunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatuta ere.

g) Emakida garatzeko behar diren baimen eta lizentzia guztiak eskuratzeko berariazko konpromisoa, bai eraikuntza-fasean, bai ustiapen-fasean.

h) Toki Ogasunei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak xedatutakoa betetzeko berariazko konpromisoa, katastroko titularrak administrazio-emakidaren titulartasuna eskuratu duela Katastroaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko duen betebeharrari dagokionez.

– 2. gutun-azal elektronikoa. Formulak aplikatuz automatikoki ebaluatzen den eskaintza. Gutun-azal horretan, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

• Egingo den guztizko inbertsioa, I.1 eranskinean agertzen den ereduaren arabera aurkeztuta.

• Emakidaren eskatzailearen prestakuntza, I.2 eranskinean agertzen den moduan azalduta.

• Emakidaren eskatzailearen esperientzia, I.3 eranskinean jasotakoaren arabera azalduta.

• Zerbitzuaren ordutegiak, I.4 eranskinean agertzen den ereduaren arabera azalduta. Aurrekoarekin batera, urteko egutegiaren gutxi gorabeherako proposamena erantsi beharko da, hilabeteka banakatuta, eta bertan, eskainitako ordutegia justifikatzen duten urteko irekiera- eta itxiera-ordutegi guztiak jasoko dira.

• Kontratatu beharreko langileez denaz bezainbatean, hartutako konpromisoari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, I.5 eranskineko 12.2.2 ataleko 2. irizpideko 4. azpi-irizpidean adierazitakoa.

– 3. gutun-azal elektronikoa. Ebaluatzeko balio-judizioa behar duen eskaintza.

Dokumentuaren izena: Ondarroako portuko arrain-lonjako taberna-jatetxearen memoria teknikoa, aurreproiektua edo oinarrizko proiektua.

Zer irizpideri lotzen zaion: espazioen erabileren banaketa.

Dokumentuan jaso beharreko informazioa edo datuak: dokumentuak oinarri honetako 1. irizpideko 12.2.1 atalean adierazitako esleipen-irizpideari erantzun beharko dio, bai eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio edo dokumentazio jaso ere.

3. gutun-azalean 2. gutun-azalean ebaluatu beharreko irizpideei buruzko dokumentuak edo datuak aurkeztuz gero, lizitatzaileak aurkeztutako eskaintza automatikoki baztertuko da.

Eskaintzan aurkezten diren dokumentuak lotesleak dira. Era berean, gutun-azal bakoitzean jasotako atalak behar bezala identifikatu beharko dira, dokumentu erantsietan itsatsitako ereduen arabera (2. gutun-azalari buruzko dokumentazioa) eta atal honetan ezarritako hurrenkerari jarraituz.

11.– Balorazio Batzordearen osaera.

Balorazio Batzordeak ebaluatuko ditu eskaintzak. Honako kide hauek osatuko dute batzorde hori, azterketaren objektibotasuna bermatzeko:

– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Herri Lanetako arduraduna, mahaiburua izango dena, kalitateko botoarekin. Ordezkoa: Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako arkitekto teknikoa.

– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna, idazkari gisa jardungo duena. Ordezkoa: arlo horretako aholkulari juridikoa.

– Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Herri Lanen Bizkaiko arduraduna, batzordekide jardungo duena. Ordezkoa: Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako Herri Lanetako Bizkaiko teknikaria.

Hizpide darabilgun lehiaketaren Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformako Kontratatzailearen Profilaren iragarki-taulan argitaratuko dira proposamenak aurkezteko azken eguna eta ordua, bai eta 1., 2. eta 3. gutun-azalak irekitzeko egunak eta orduak ere. Hala berean, saio bakoitza amaitu ondoren batzordeak/mahaiak egindako aktak, 3. gutun-azalari buruzko balorazio-txostena eta behin betiko esleipen-proposamena argitaratuko dira. Azkenik, Kontratatzailearen Profilaren barruan, dagokion lehiaketaren espedientearen «Ebazpena» deritzon erlaitzean, lehiaketa honen xede den emakida ematen duen Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariaren ebazpena ere argitaratuko da.

12.– Balorazio-irizpideak.

12.1) Adjudikazio-irizpide bakarra dago: ez.

12.2) Adjudikazio-irizpide ugari daude: bai.

12.2.1) Balio-judizio batean oinarrituta aplikatu beharreko irizpideak: bai.

Irizpidea: espazioen erabileren banaketa.

Haztapena: 11 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

Ondarroako portuko arrain-lonjan taberna-jatetxearen jarduera garatzeko eskuragarri jarritako instalazioetako espazioen erabileren banaketaren proposamena (irismena eta deskribapena) baloratuko da. Zehazki, honako hauek baloratuko dira: proposamenaren zehaztasun-maila, egokitasuna eta garapena, espazioen banaketaren argitasuna eta zehaztasuna, barne-mugimenduen logistikaren egokitzapena eta instalazio osoaren koherentzia estetikoa. Enpresa lizitatzaile bakoitzak aurkeztu behar duen memoriak, aurreproiektuak edo oinarrizko proiektuak dakarren proposamena ulertzen dela bermatzeko beharrezkoa den dokumentazio grafikoa jaso beharko du.

Multzo honen haztapena, guztira: 11 puntu.

12.2.2) Formulak aplikatuz automatikoki ebaluagarriak diren irizpideak:

– 1. irizpidea: guztira egingo den inbertsioa.

Haztapena: 20 puntu.

Formula: gehienez, 20 puntu emango zaizkio 200.000 euroko inbertsioari, eta 0 puntu 100.000 euroko gutxieneko inbertsioari. Gainerako eskaintzak honela puntuatuko dira: puntu bat emango da 100.000 eurotik gorako 5.000 euroko inbertsio bakoitzeko. (Ikus I.1 eranskina)

Oharra: eskaintzen den guztizko inbertsioa 200.000 eurotik gorakoa bada, gehienez ere 20 puntu emango dira.

– 2. irizpidea: ustiapen-plana.

Haztapena: 54 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

• 1. azpi-irizpidea: emakidaren eskatzailearen prestakuntza.

Haztapena: gehienez ere, 15 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

6 puntu emango dira sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako goi-mailako ziklo egiaztatu bakoitzeko.

4 puntu emango dira sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako erdi-mailako ziklo egiaztatu bakoitzeko.

0,5 puntu emango dira sukaldaritzako edo, oro har, ostalaritzako zerbitzuei lotutako prestakuntzan egiaztatzen den 10 ordu bakoitzeko, baldin eta aurreko bi kasuetan sartzerik ez badute; gehienez ere, bost puntu emango dira. Ordu guztiak batu eta metatu ahalko dira, ikastaro batean edo gehiagotan egin diren kontuan hartu gabe.

(Ikus I.2 eranskina).

• 2. azpi-irizpidea: emakidaren eskatzailearen esperientzia.

Haztapena: gehienez ere, 20 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

2 puntu emango dira Ostalaritzaren sektorearekin zuzenean lotuta dauden jardueretan egiaztatutako esperientzia-urte bakoitzeko.

(Ikus I.3 eranskina).

• 3. azpi-irizpidea: zerbitzuaren ordutegia.

Haztapena: 10 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

Gehieneko puntuazioa, 10ekoa, emango zaio urtean zerbitzu-ordu gehien dakarren eskaintzari, eta proportzioan emango zaizkie puntuak gainerako eskaintzei, urteko 1.825 orduko gutxieneko eskaintzatik aurrera. Halako eskaintzari 0 puntu emango zaizkio. (Ikus I.4 eranskina).

Urteko egutegiaren gutxi gorabeherako proposamena aurkeztu beharko da, hilabeteka banakatua, urtea irekitzeko eta ixteko ordutegi guztiak jasotzen dituena.

Oharra: ordutegiak urtaroaren arabera alda daitezke.

• 4. azpi-irizpidea: kontratatzen diren langileak.

Haztapena: gehienez ere, 9 puntu.

Irizpidea baloratzeko metodoaren azalpena:

Enplegua sortzea (gehienez ere, 3 puntu): 2 pertsona kontratatzeagatik, puntu 1; 3 pertsona edo gehiago kontratatzeagatik, 3 puntu.

Enplegua sortzea kolektibo jakin batzuetako pertsonak kontratatuz (gehienez ere, 6 puntu):

– Dibertsitate funtzionala duten pertsonak: 0,5 puntu emango dira % 33tik gorako desgaitasun-mailako dibertsitate funtzionala duten pertsonei esleitutako lanpostu bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango da.

– Emakumeak: 0,5 puntu emango dira kontratatutako emakume bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango da.

– 35 urtetik beherakoak: 0,5 puntu emango da kontratatzen den 35 urtetik beherako pertsona bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango da.

– Langabezian dauden 55 urtetik gorako pertsonak: 0,5 puntu emango da langabezian dauden 55 urtetik gorakoei esleitutako lanpostu bakoitzeko; gehienez ere, 1,5 puntu emango da.

(Ikus I.5 eranskina).

Multzo honen haztapena, guztira: 85 puntu.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala