
10. zk., 2026ko urtarrilaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (157 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
197
EBAZPENA, 2025eko abenduaren 1ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikoaren deklarazioa ematen zaizkion Asparrena udalerriko (Araba) «Asparrena» izeneko 4 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari.
Espediente zk.: 01GEY 202300032
AURREKARIAK
2023ko uztailaren 6an Magna FV SL enpresak aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Asparrena udalerriko «Asparrena» izeneko 4 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako. Era berean, 2023ko uztailaren 19an proiektuaren ingurumen-agiria aurkeztu zen, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar baitzen.
Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricos Inteligentes SAU enpresa banatzaileak emana, 2023ko otsailaren 2an, 9041805193 erreferentziarekin.
2024ko martxoaren 25ean sustatzaileak instalazioarentzako onura publikoaren deklarazioa eskatu zuen zehazki eta eraikitzeko administrazio-baimena ere bai.
2024ko uztailaren 1ean, ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera osatu zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.
2024ko abenduaren 18an EHAAn argitaratu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren Ebazpena, zeinaren bidez egiten baita «Asparrena» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren (instalatutako potentzia 4 MW) proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena. Txostenean aipatzen da ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean txosten horretan bertan proposatutako neurriak gehitzen badira. Hori dela eta, ez da beharrezkoa jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Ingurumen-ebaluazioaren prozeduraren ondoren, natura-ondarea babesteko neurri bati buruzko iritzia emateko eskatu zitzaion sustatzaileari; neurri hori ingurumen-inpaktuaren txostenean aipatzen da eta ebakuazio-linearen azken zatiaren zuinketa egiteko eskatu zaio, hasierako proiektuaren arabera.
2025eko apirilaren 30ean sustatzaileak proiektuan egindako aldaketa aurkeztu zuen aurrez aipatutako neurrira egokitzeko, trazatua aldatu zuen eta banaketa-sarearen ebakuazio-puntua ere bai.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren eta proiektuaren aldaketaren ondoren, jendaurreko informazio sektorialaren izapidea hasi zen, energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitakoa. Horretarako, dagozkion iragarkiak argitaratu ziren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2025eko urriaren 13ko 194. zenbakian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialaren 2025eko urriaren 27ko 122. zenbakian eta El Correo egunkariaren 2025eko urriaren 29ko Arabako edizioan, eskatzaileak nahitaez desjabetzekotzat jotzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrenda zehatza eta banakoa barne.
Era berean, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluan adierazitako kontsultak egin dira eta aurreproiektuaren edo proiektuaren separata bat eman zaie dagokien administrazio, erakunde edo zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak beren ardurapeko ondasun eta eskubideei eragiten dien heinean, eskatutako baimena hilabeteko epean eman edo uka dezaten.
Erasandako administrazio publikoak eta kontsultatutako erakundeak honako hauek izan ziren:
– Asparrenako Udala.
– Arabako Foru Aldundia – Errepide Zerbitzua.
– Arabako Foru Aldundia – Nekazaritza Saila.
– URA-Uraren Euskal Agentzia.
Honako administrazio eta interesdun hauen txostenak edo alegazioak jaso ziren, eta honako hau adierazten zuten, laburbilduta:
URA
Jabari publiko hidraulikoan eraginak eta uholde-arriskuak saihesteko baldintzak ezartzen ditu, hala nola agorraldian lan egitea, ibilguetarako distantziak errespetatzea eta arriskuei buruzko erantzukizun-aitortza aurkeztea.
AFA – Nekazaritza Saila.
Txostenak ondorioztatzen duenez, instalazio fotovoltaikoa bateragarria da nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerarekin, nahiz eta lurzoru urbanizaezinaren 5,22 hektarea hartu eta aldi batean landa-bide batzuetan erasana izan. Obren ondoren leheneratu egin beharko dira bide horiek. Gainera, beste proiektu batzuekin eragina metatzearen arriskuaz ohartarazi da eta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSak neurri zuzentzaileak behar dituela adierazi da.
Sustatzaileari igorri zitzaizkion txostenak kontuan har zitzan eta guztiekin ados zegoela erantzun zuen.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari kontsulta egin zitzaion sustatzaileak planteatutako ebakuazio berriari buruz, ingurumen-inpaktuaren txostenean proposatutako neurriak betetze aldera, eta ados zegoela adierazi zuen.
Jendearen aurrean egon zen aldian partikularren 296 alegazio jaso ziren, denak eduki berdinekoak, eta Albenizko Administrazio Batzarraren eta Unión Agroganadera de Álava-Arabako Nekazarien Elkartearen (UAGA) alegazioak ere bai.
Honako alderdi hauetan oinarritzen dira alegazio horiek:
– Kultura-ondarean eta paisaian izango duen eragina.
– Batasunaren intereseko habitatetan izango duen eragina.
– Arrisku hidrologikoak eta uholde-arriskuak.
– Nekazaritzako lurzoruan eta landa-garapen ereduan eragina. Nekazaritza eta Basozaintzako LPS.
– Ingurumen-ebaluazio ez-nahikoa.
– Energien Lurralde Plan Sektoriala ez bete-Baztertutako eremuak eta herritarren lasaitasuna.
– Gabeziak partaidetza publikoan.
– Zero alternatiba eta kokapenaren justifikazioa.
– Neurri zuzentzaile ez-nahikoak.
– Eragin sozioekonomiko ebaluatu gabea.
– Proiektua eta Asparrenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra bateraezinak izatea.
– Gabeziak ingurumen-agirian.
– Faunaren gaineko inpaktua.
– Espekulazio energetikoko arriskua eta tokiko itzulerarik ez.
– Ustiatzean kutsatzeko arriskua.
– Lege-iruzurra proiektu energetikoak zatitzeagatik.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
2.– Espedientean bete dira honako lege hauetan agindutako arauzko izapideak: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa; 1957ko apirilaren 26ko Dekretua, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duena; Eusko Jaurlaritzaren 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak. Honako hauekin bat etorriz egin da: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa.
3.– Ordezkaritza honetan aurkeztutako alegazioei dagokionez, honako hau adierazi behar da:
– Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin zitzaion proiektuari, bere ezaugarrien ondorioz. Ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren nahitaezko txostena egin zuen, eta honako hau ebatzi zuen «Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan».
– Ingurumen-txostenak natura-ondarea babesteko neurriak zituen, baita urak babestekoak, lurrak babestekoak, uholde arriskuari buruzkoak, zaraten ondorioak txikitzekoak, kultura-ondarea babestekoak, landa-ingurua babestekoak, hondarrak kudeatzekoak eta atmosferako kutsadura txikitzekoak eta hauts gutxiago isurtzekoak ere.
– Ingurumen-ebaluazio sinplifikatua eta horren ingurumen-agiria ez ziren proiektuaren informazio publikoko izapidearen xede izan.
– Sektore elektrikoaren 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, eraikitzeko administrazio-baimenaren ebazpena emateko, zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak ematen dituzten administrazio publiko, organismo edo enpresen baldintza teknikoak (ez bestelakoak) soilik aztertu beharko dira, eta soilik erakunde horien jabetzakoak diren eta instalazioaren eraginpean dauden ondasun eta eskubideei dagokienez.
– Halaber, 53 artikulu horrek adierazten du artikuluak aipatzen dituen administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.
– Hori dela eta, baimen honetan ezin dira aintzakotzat hartu ingurumenari, lurraldearen antolamenduari edo hirigintzari dagozkion alegazioak, Ordezkaritza honek ez duelako eskumenik gai horietan. Dena dela, lurraldearen antolamenduarekin zerikusia duten gaietan dagokion Plan Berezian ebatzitakoa bete beharko dute, Lurzoruaren Legea aplikatuta.
– Energia Berriztagarrien LPS ez da behin betiko onartu, beraz, ez da nahitaez bete behar.
– Espekulazio energetikoaren arriskuei buruzko alegazioei dagokienez, esan beharra dago Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 2. artikuluan energia elektrikoa hornitzeko jardueretarako enpresa-ekimen libreak aitortzen direla.
– Arabako Lautadan proiektu energetikoak zatikatu egin direla alegatu da. Ezin da onartu hainbat sustatzaileren proiektuak batera izapidetu nahia, eskariaren datak askotarikoak izanda, eskari bakoitzari baimen-prozedura banaka ezarri behar zaiolako ez ezik, arauzko edozein aurreikuspenen gainetik dagoelako sustatzaile bat edo gehiago behartzea beste sustatzaileen proiektuen arduradunak izan daitezen. Dena dela, metaketa-efektuak eta sinergikoak kontuan izan behar dira, dagokien ingurumen-ebaluazioetan, dela proiektuari dela Plan Bereziari buruzkoetan.
4.– Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo baimena ematea sistemaren funtzionamenduaren kalterako denean soilik.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak
EBAZTEN DU:
1.– Ematea Magna FV SL enpresari aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta onura publikoaren deklarazioa Asparrena udalerriko (Araba) «Asparrena» izeneko 4 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua ezartzeko.
4 MW-eko potentzia nominala duen planta fotovoltaikoa, Asparrena udalerriko 2. poligonoko 197., 200., 640. eta 1509. partzeletan kokatua.
– 6510 modulu fotovoltaiko, 700 Wp-ekoak.
– 32 inbertitzaile, 125 kW-ekoak.
– 0,6/30 kV-ko 2 transformazio-zentro, bat 1.125 kVA-koa eta bestea 2.875 kVA-koa, transformadorea eta ETko gelaxkak dituztenak, gainazaleko eraikin prefabrikatuan.
– Lurpeko ebakuazio-linea, transformazio-zentroetatik sekzionamendu-zentroaren sarrerara arte. 766,88 m eta 953,35 m luzerakoak.
Sekzionamendu-zentroa, ETko gelaxkekin, gainazaleko eraikin prefabrikatuan.
Sarerako konexioa 30 kV Altsasu-Gamarra 1-2 linean egingo da, 30 kV-koa, ST Altsasua-koa (30 kV), banaketa-sarekoa, sekzionamendu-zentrotik (proiektuan txertatu gabe).
Ebazpen hau ematen da honako baldintza orokorrak kontuan hartuz:
1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.
2.– Proiektuan eta ingurumen-dokumentuan ezarritako neurriez gain, 2024ko abenduaren 18an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuaren ingurumen-txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira. Neurri horiek obra kontratatzeko baldintzen agirietan sartu beharko dira, eta beteko direla bermatzeko moduko aurrekontua izan beharko dute.
3.– Instalazioa martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa eraikitzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.
4.– Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.
5.– Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta foru-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak, edozein direla ere, aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS