
7. zk., 2026ko urtarrilaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (266 KB - 20 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
115
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiekturako. Molino erreka desbideratzea.
AURREKARIAK
Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (115. zk., 2025eko ekainak 19) Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zuen «Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiektua. Molino erreka desbideratzea» izeneko proiektua eta horren ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, interesdunek egokitzat jotzen zituzten alegazioak aurkez zitzaten.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen ez zela alegazio berririk jaso.
Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago.
2025eko urriaren 7an Uraren Euskal Agentziak egindako eskaria jaso zen «Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiektua. Molino erreka desbideratzea» proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskaeran, honako dokumentazio hau aurkeztu da:
– «Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiektua. Molino erreka desbideratzea», 2025eko irailekoa.
– «Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiektua. Molino erreka desbideratzea. Ingurumen-inpaktuaren azterketa», 2025eko irailaren 12koa.
– Jendaurrean jarri ondoren jasotako emaitzei buruzko dokumentuak.
– Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, horien xedea da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren Legeak (abenduaren 9ko 10/2021 Legea) 76.1 artikuluan ezartzen duena aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Zehazki, aztergai den proiektua D.6 taldean jasota dago. Eranskin horren azpiegituren proiektuak, 7.g apartatua «Ibaiak bideratzea eta ibilguen ibilbidea aldatzea, egoera naturalean ibilgua, gutxienez, 250 metro luze denean».
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta informazio publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute kontsulten bidez.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna baita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera– ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea, Santurtziko (Bizkaia) Etxe-Uli zabortegia berreskuratzeko eraikuntza-proiekturako. Molino erreka desbideratzea.
1.– Proiektuaren deskripzioa:
Proiektuaren xedea da Etxe-Uli zabortegiaren aztarnatik kanpo desbideratzea Molino erreka, egungo lixibiatuen kutsadura arazoa konpontzeko eta Etxe-Uli zabortegiaren eremua berreskuratu aurreko urratsa izateko, etorkizunean erabili ahal izan dadin eta jarduera ekonomikoak har ditzan.
Proiektuak honako jarduketa hauek ditu:
– Molino erreka desbideratzeko behar diren obrak: zanga bidezko zatiak, tinkatze bidezko zatiak, eraso- eta irteera-putzuak, beste putzu batzuk, etab.
– Udal-sareko eta desbideratutako errekarekin muga egiten duen ibarbideko euri-uren konexio berriak.
– Arcas Gruber-en partzela inguratzen duten zabortegiko ezpondak berriro profilatzea, iragazgaiztea eta zigilatzea.
– Zabortegiak ibarbide aldera dituen ezpondak berriz profilatzea, iragazgaiztea eta zigilatzea.
– Zabortegiaren ondoko ibarbidea betetzea definitutako kotara arte.
– Jarduketak dagoeneko badagoen galerian.
– Arcas Gruber-en partzelan egiteko obrak: aurrez egin gabe dagoen aparkalekuaren zatia eta ezponden kontrako errematea.
– Capetillo errekaren ezkerraldea zabaltzea eta ibilgua eraldatzea beherago, Molino errekaren ibai-ahoa aldatzearen ondorioz.
– Obrek ukitutako zerbitzuak berriz ezartzea: hiru kolektore eta aireko linearen zati bat 13,2 KV-koa.
Molino erreka desbideratzeko, irtenbide hau erabaki da: BI-3791 errepidetik ibaian gorako lurpeko desbideratzea Capetillorekin bat egiten duen arte. Hodiak 2.600 mm-ko diametroa du barruan eta 3.200 mm-koa kanpoan eta % 0,834ko malda hormigoizko materialean (n = 0,013). Proiektuko 03 eranskinaren arabera, «Kalkulu hidraulikoa», 500 urteko errepikatze-denborarako diseinu-emariarekin, 2 metroko betetze-kota lortu da.
Molino erreka desbideratzeko trazatuak 630 metroko luzera du eta honako eraikuntza-ezaugarri hauek ditu, besteak beste:
– Hasieran 64,3 metro aire zabalean sekzio trapezialean eta 29 amaieran.
– 1 tinkaketako 51 metro, Kabiezeserako errepidearen azpian. Eraso-putzua, PR1, errekan gora kokatu da, BI-3791 errepidearen iparraldean, udal-partzela batean. Irteera-putzua, PR2, udal-partzela batean dago, Arcas Gruber eremuan.
– 2 tinkako 325 metro, Balparda sektorearen azpian. Eraso-putzua, PR4, errekan behera kokatu da, Capetillotik gertu. Irteera-putzua, PR3, Arcas Gruber eremuan dago.
– 163,7 metroko hodiak zangan edo putzuetan.
Etxe-Uli zabortegiaren inguruan egin beharreko honako jarduera hauek ere badira proiektuan:
– Arcas Gruber-en eraginpeko eremuan dauden ezpondak eta ibarbide aldera daudenak berriro profilatu. Bietan, maldak egin nahi dira xaflak errazago ipintzeko eta aldi berean, xaflen azpiko hondarren nahiz estaltzeko geruzaren egonkortasuna bermatzeko. Diseinatutako malda 2H/1V da.
Arcas Gruber-en partzela berriro profilatzeko, zabortegiaren «barrualdera» egingo da, hau da, zabortegiaren masan egingo da hondeaketa, tokirik ez dagoelako.
Ibarbide alderako ezpondak berriro profilatzeko, «kanpoaldera» egindako betetze-lanekin egitea aurreikusten da.
Zabortegian hondeatutako masa eta zangetatik eta GEOIKER 48082-00051 kodea duen tokiko (Arcas Gruber-en partzela) putzuetatik atera eta soberan gelditutakoa izango da ibarbide alderako ezpondak berriro profilatzeko erabiliko dena.
– Goiko zigilatzea Arcas Gruber eta ibarbidearen eremuetan, geruza mineralen ordezko material sintetikoak erabiliko dira, antzeko prestazioak –edo hobeak– dituztenak.
Zabortegia zigilatzeko konfigurazio-sistemak honako geruza-eskema hau izango du sakonenetik azalera: erregularizatzeko geruza (30 cm lodi) hondeaketako materialekin; gasak drainatzeko geruza (geokonposatu drainatzailea); geruza mineral iragazgaitza (bentonita aditibatuzko geokonposatua, polipropilenozko bi ehun geotextil ditu eta barruko gorputza osatzen duen bentonita kapsulatzen dute); zigilatzeko geruza (dentsitate handiko polietilenozko geomintza, PEAD, 2 mm lodikoa eta bi aldeetatik testurizatua, ura iragaztea eta atmosferara gasak isurtzea saihesten du); euri-urak drainatzeko geruza (urak husteko gaitasun handia duen geokonposatu drainatzailea); indartzeko geruza (indartzeko geosare uniaxiala); estaltzeko geruza (2H:1V baino gutxiagoko maldarekin, arrazoi estetikoengatik eta egonkortasun handiagoa izan dezan) eta landarediaren geruza (10 cm lodiko landare-lurra, landaredia hazi dadin eta landaketak egin daitezen).
Zabortegiaren eremuan ibarbide aldera bi eremu bereizten dira: beheko eremua, ibarbidea betetzeko kotara artekoa eta azaldutako azken 4 geruzak izango ez dituena, eta goikoa, geruza guztiak izango dituena.
Gainera, BI-3791 errepidearen, Etxe-Uli zabortegiaren eta Ranzari artean dagoen ibarbidea betetzea aurreikusten du proiektuak, hondakinen masan kanpoko jariatzerik sar ez dadin. Lurrazaleko urak desbideratutako errekara birbideratzeko behar den kotara arte beteko da ibarbidea, eta horretarako areka bat, zangan doan tarte bat eta zorroten mailakatua egingo dira, desbideratutako errekaraino. Iragazitako ura murriztu egingo da buztinen geruza bat ipiniko baita geokonposatu drainatzaile batekin eta aipatutako arekara birbideratuko ditu urak.
Bestalde, egun dagoen galerian jarduketa hauek egingo direla aurreikusten da:
– 1. eremuan (egungo sarrerako ahotik OF-3 kutxatila berrira):
a) OF-2 kutxatila. Kutxatila honen egitekoa da ibilgu berria egon arren, jatorrizko bidetik iragazten den ura jasotzea eta OF-1era bideratzea.
b) 1. jarduketa: egungo sarrerako ahoa ixtea eta OF-2ra arte hormigoi jariakorrarekin betetzea da aurreikusitako jarduketa. OF-2 kutxatila 4 m x 4 m da kanpotik, eta eusteko putzuetarako irristailuen eskora-oholtza monokodala aurreikusten da. Alboetako hormak hormigoiztatu egiten dira panelen aurrebistetan aurrez jarritako porexpanezko xaflen kontra.
c) OF-3 kutxatila. Kutxatila honen xedea iparraldean dagoen galeriari sartzen uztea da, nahiz 2. jarduketa egiteko nahiz etorkizuneko balizko ikuskapenetarako. Kutxatila hau eta OF-2 oso antzekoak dira.
Egun dagoen galeria erabiltzeari utziko zaio OF-2 eta OF-3 artean.
– 2. eremuan, OF-3 kutxatila berritik Ballontirekin bat egin arte; zabortegiaren azpiko galeriari dagokion zatian galeria hori mantentzea proposatu da, balizko lixibiatuak biltzeko, goia eta alboak zigilatu ondoren sortzen joan baitaitezke. Eremu honetan pitzatutako bi zati daude, bakoitza 50 metrokoa, eta zabortegiren mutur bakoitzean daude; hegoaldeko zatian dago arazorik handiena, eremu batean hausturak eta desplazamenduak baitaude eta premiazko jarduketaren bat egitea gomendatzen da.
Indartzeko TH-29 zertxak jartzea proposatu da (1 zertxa 1 m) eta ondoren hormigoia bota, polipropileno zuntzekin proiektatutako hormigoi bidez. Errekan gora dagoen zatira errazago iristeko, galerian beste kutxatila bat egiteko proiektua dago, OF-3 kutxatila izango da. Zertxak kanpotik barrura jartzea aurreikusten da bi zatietan, aurrera egin ahala ziurtatzen joateko.
Arcas Gruber-en partzelan (Antonio Alzaga kalea, 85 C zk.) ezin da lurrazalean aurreikusitako aparkalekua osorik egin, proiektuko obren ondorioz. Jabeekin eta Santurtziko Udalarekin adostu da eraikiaren perimetroko bidea haiek egiten hastea, baita Udalak eskatutako 50 aparkalekuetatik 17 ere. Gainerako aparkalekuak konpentsatzeko, eta garatuko den jardueraren funtzionamendurako beharrezkoak direlako, proiektuko obren aurretik aparkaleku bat egingo da gertuko partzela batean («Santurtziko Antonio Alzaga kalean, lurrazalean aparkalekua egiteko proiektua»). Gainera, Molino erreka desbideratzen amaitu eta gero, proiektu honen kargura egingo dira zerbitzuak, perimetroko horma eta zoladurak, partzela horretako aparkalekua eta berdeguneak.
Bestalde, Molino errekaren ibilbidea eta ahoa aldatzearen ondorioz, beharrezkoa da Capetillo/Ballontiren ibilgua egokitzea puntu hori baino beherago. Ibilgua lehenengo 400 metrotan handituko da, ezkerraldera zabalduz, eta 2,5 metroko ur baxuko ubide bat eta ur altuko beste bat jarriko da. Ondorengo 206 metroetan, ibilguaren trazatua aldatuko da egungo zabortegitik urruntzeko eta haren baldintza hidraulikoak hobetzeko. Horretarako, 2,5 metro zabaleko oinarria diseinatu da eta ezpondak 3H: 2V aldaparekin. Capetilloko ibilguaren ingurumen-arloko lehengoratzea egingo da pilak jarrita eta espezie autoktonoak landatuta, eta gaur egun dagoen pasabidearen (pontoia) ordez berri bat egingo da zabaldutako ibilguaren sekzio berrira egokitzeko (proiektu independente batean definitzeko).
Gainera, proiektuak udal saneamendu-sarean jarduketak egitea aurreikusten du euri-uren sarera bi tokitan ur-beltzak isurtzen direla ikusi baita eta Etxe-Uli zabortegiaren azpiko galerian amaitzen dute; beraz, proiektuan sartzen da Ferran doktorea kaleko eta Lauaxeta kaleko euri-uren kolektorera isurtzen duen ur beltzen kolektorearen zatia hartu eta ur beltzen kolektorearekin lotzea. Horretarako, beste bi putzu egin beharko dira zati bakoitzean.
Obra egiteko, aldi batean 59.735 m2 okupatuko direla uste da. Obrek hemeretzi (19) hilabete iraungo dutela aurreikusten da.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-inpaktuaren azterketan 0 alternatiba ere jorratzen da (edo «ez jardutea»), baina aukera horrek ez du balio, Molino errekara kutsatzaileak igortzearen ondoriozko ingurumen-arazoagatik zerbait egin behar delako. 0 alternatiba albo batera utzita, Molino erreka desbideratzeko lau (4) alternatiba daude:
– 7. alternatiba: proiektuak garatutakoa.
– 8. alternatiba: ibilgua Balparda sektorearen azpitik desbideratzea hodiak tinkatuta. Desbideratuko litzatekeen zatiaren gehieneko luzera 560 metro da.
– 11. alternatiba: ibilgua Balparda sektorearen azpitik desbideratzea hodia tinkatuta. Desbideratuko litzatekeen zatiaren gehieneko luzera 358 metro da.
– 12. alternatiba: ohiko tunel bat egin (makinekin hondeatuta edo eztanda bidez), behin-behinean eutsi eta ondoren estaltzea. Desbideratuko litzatekeen zatiaren gehieneko luzera 570 metro da.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan egindako alternatiben ingurumen-analisiaren arabera, 7. alternatibak honako abantaila hauek ditu:
– 7. alternatibak (eta 8.ak) karbono-aztarna txikiagoa utziko dute 11. eta 12. alternatibek baino. Dela trazatuaren luzeragatik, dela berotegi-efektuko gasen emisioengatik, horrek tunel bat egitea ekarriko luke, tinkatzearen ordez.
– 7. alternatibak lur soberakin gutxiago sortuko du 8. eta 12. alternatibek baino.
– 7. alternatiban planteatzen den aire zabaleko zangak 11. alternatiban planteatutako zatiak baino zuhaitz-azalera txikiagoa du.
– 7. alternatibak ez, baina gainerako guztiek Molino erreka deuseztatu egiten dute azken 130 metroetan, egun errepidearen azpian dagoenaren aurrekoak, bete eta kotak aldatuta. Horrek txikitu egiten du egun bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planean hobetzeko zati bezala aurreikusitako azalera.
– 8. eta 12. alternatibetan bezala, 7. alternatiban tinka egiteak eragina izango du batez ere behiak larrean ibiltzen diren azalera batean. Aprobetxamendu hori azkarrago berreskuratuko da 11. alternatibako zangak erasandako landaketak baino.
– 7. alternatibak 8.ak eta 12.ak baino gastu ekonomiko txikiagoa du.
2.– Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak:
Santurtziko udalerrian garatuko da proiektua, Balparda eta Ranzari auzoetan, eremu oso antropizatuan eta Etxe-Uli zabortegia nabarmentzen da inguru horretan (1962tik 1993ra funtzionatu zuen). Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Proiektuaren inguruan, ibilgu hauek identifikatu dira: Molino, Capetillo/Ballonti eta Bochinche; Molino eta Capetillo/Ballonti dira proiektuaren xede. Molino erreka hodietan igarotzen da Etxe-Uli zabortegiaren azpitik. Iparraldetik sartzen da zabortegian eta luzetara dena zeharkatu ondoren hegoaldean Ballonti ibaiarekin bat egiten du, ibilbidearen irteeran. Gaur egun galeria horren luzera 526 metrokoa da. Zabortegiaren azpian dagoenez eta narriatuta dagoenez, errekara zuzenean joaten dira zabortegiko lixibiatuak eta ondoren Ballonti ibaira joaten dira.
Molino errekak Ballontirekin bat egiten duen tokian eta beherago orain arte egindako azaleko uren analisietan Hexakloroziklohexanoaren (HCH) –garai batean benzeno hexakloruroa (BHC) esaten zitzaion– kutsadura agertu izan da, eta baimendutakoa baino balio handiagoa du. Bestalde, Capetolli/Ballonti errekaren uholde-arriskua aztertu da, Molino errekaren galeriak Capetillo errekan duen kokapen berriaren ondorioak aztertzeko. Azterketa horren arabera, proiektatutako galeria berriaren kokapenak ez du eragin handirik izango, Capetillo ibilguan egingo diren jarduketak kontuan izanda.
Proiektuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik. EAEko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko lurraldearen arloko planaren arabera, Molino erreka eta Capetillo/Ballonti 0 mailan tramifikatzen dira (1<C<10 km2). Ingurumen-osagaiaren arabera, Molino errekaren ertzak lehengoratzeko premiarekin tramifikatzen dira, aldiz, hirigintza-osagaiak tramifikatzen ditu Capetillo/Ballonti errekaren ertzak landa-eremuan eta Molino errekarenak eremu garatuetan eta hirigintza-garapen berriak egiteko potentziala dutenetan.
Proiektuaren eremuko litologia pitzadura bidezko iragazkortasun txikia duten tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantziaz osatuta dago, nahiz eta jarduketa batzuek Etxe-Uli zabortegiko biltegi antropogenikoetan eragin. Antropizazioaren ondorioz, erasandako lursailek ez dute nekazaritzarako interesik; beteko den ibarbidea eta Molino errekaren eta Capetillo/Ballonti ibiaren lurrazaleko ibilguaren inguruko sailak nekazaritza eta abeltzaintzako Trantsizioko Landa Paisaia kategorian daude eta gainerakoak Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialetik kanpo daude.
Testuinguru hidrogeologikoari dagokionez, proiektatutako jarduketak hegoaldeko antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masarekin bat datoz, eta ez dago teilakatzerik ez EAEko lurpeko ur-masen sektoreekin, ez eta interes hidrogeologikoko eremuekin ere.
Proiektuaren eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere. Jarduketa eremutik behera, Ballonti ibaiaren zati batzuk Bizkaiko azpiegitura berde-urdinean sartuta daude, «Konektore urdinak» dira (CCA.11 kodea).
Proiektuaren eremuan, Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak hiriko eta etzeetako azalerak identifikatu ditu landaredi erruderal nitrofiloarekin, harizti azidofiloak edo harizti mistoak elordi edo lahardi gazte edo narriatuekin (batez ere, bete beharreko ibarrean), belardiak eta laboreak eta harizti azidofilo eta harizti/baso misto atlantiko txiki batzuk. Ez da identifikatu Batasunaren Intereseko Habitatik proiektuaren jarduketa-esparruan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, askotariko landaredia dago proiektuaren eremuan; belardiak daude (ez dira segatzekoak, baizik eta ganaduarentzako bazka izateko), hiri-inguruko berdeguneak, larreak (behi-, ardi- edo zaldi-aziendaren etengabeko artzaintzak mantenduak), zuhaixkak, galeria-basoa (Capetillo/Ballonti ibaiaren ibilguaren iparraldeko ertzean, hurritz, karraskila eta masustekin), ihiak dauden hezegune bat eta honako espezie hauek dituzten zuhaiztiak: intsusa beltzak (Sambucus nigra), erramuak (Laurus nobilis), laharrak (Rubus ulmifolius), sahatsak (Salix sp.), txorbeltzak (Rhamnus alaternus), platanoak (Platanus x hispánica), baita sasiakazia (Robinia psudoacacia), Lawson altzifrea (Chamaecyparis lawsoniana) eta makal beltza (Pupulus nigra) ere, gehienak zabortegian berrezarriko diren ezponden eremuan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketan landare exotiko inbaditzaile ugari aipatzen da, eta identifikatutako espezieen artean honako hauek daude: Platanus x hispánica eta Robinia psudoacacia, Arundo donax, Cortaderia selloana, Fallopia japónica, Buddleja davidii, Phyllostachys aurea eta Tradescantia fluminensis.
Faunari dagokionez, Molino erreka bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planean espeziaren kontserbaziorako «hobetzeko zati» bezala sartuta dago. Ingurumen-inpaktuaren azterketak proiektuaren eremuko bisoi europarrari buruzko azterketa bat du 1. eranskinean eta ondorioztatu duenez espezie hori ez da ikusi iparraldeko eraso-putzuaren eremuan eta Capetillo errekan, desbideratzearen azken elkargunea proiektatutako tokian; Molino errekaren zatian, Etxe-Uli zabortegiaren azpian galeria bidez bideratuan, espeziea egoteko aukera oso gutxi dago, eta ez dago erregistro historikorik.
Azterketa horretarako egindako landa-lanean ez da bisoi europarraren presentziarik erregistratu trazatutik gertu egon eta laginak hartu diren ibaietan; ez da aztarnarik, gorozkirik edo mustelido horren elikagaien hondarrik aurkitu eta fototranpeoko emaitzak negatiboak izan dira. Bestalde, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko onartutako planen xede den ezein eremu, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako ezein eremu ere. Aurkeztutako dokumentazioak dio proiektuaren eremua hiri-periferiako inguruan dagoela, azpiegitura lineal handiak daudela (AP-8), «El Árbol» industrialdea eta Santurtziko hiria bera, eta horrek guztiak orotariko fauna garatzea laguntzen du, antropizatutako inguruetara egokituta. Era berean, Molino errekaren ibilguan zabor asko hauteman dela adierazi da.
Dena dela, dokumentazio horretan azterketaren eremuan proiektuari sentikortasun handiagoa izan diezaioketen faunako zenbait espezie aipatzen dira, horien presentzia izateko aukera gutxi dagoela esaten den arren 30TVN99 (100 km2) kuadrikulan identifikatutako espezieak direlako; besteak beste, eta ugaztunei dagokienez, bisoi europarraz gain (Mustela lutreola), saguzarrak (Pipistrellus kuhlii, Pipistrellus pygmaeus, Pipistrellus pipistrellus, Rhinolophus ferrumequinum, Eptesicus serotinus, Rhinolophus hipposideros), lursaguak (Chionomys nivalis) eta ipurtatsa (Mustela putorius) aipatzen dira. Anfibioen taldean honako hauek aipatzen dira: baso-igel iberiarra (Rana iberica), txantxikua (Alytes obstetricans), uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), baso-igel gorria (Rana temporaria) eta uhandre marmolairea (Triturus marmoratus), eta narrastietan: Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), suge gorbataduna (Natrix natrix), hegoaldeko suge leuna (Coronella girondica), apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa), horma-sugandila (Podarcis muralis), sugandila bizierditzaile (Zootoca vivípara), eta zirauna (Anguis fragilis).
Proiektuaren eremuan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik, eta ez du paisaia-balio inbentariatu edo katalogaturik ere.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten EAEko lurzoruen inbentarioan jasotako honako lursailekin (GEOIKER kodeak) teilakatzen da proiektua:
– 48082-00051 (industriala): lehenengo tinkaren amaierako zatiarekin (irteera-putzua) teilakatzen da, aire zabaleko zangarekin eta bigarren tinkaren hasierako zatiarekin (irteera-putzua); aurkeztutako dokumentazioan hondeaketa plan bat dago.
– 48082-00066 (industriala): zabortegian berrezarritako ezpondekin eta betetako eremuarekin teilakatzen da.
– 48082-00066 (zabortegia): zabortegian berrezarritako ezpondekin, betetako eremuarekin eta dagoen galeriaren irteerara arteko bidearekin teilakatzen da.
– 48082-00065 (zabortegia): betetako eremuarekin teilakatzen da.
Gainera, aurkeztutako dokumentazioak saileko mugimenduengatik arrisku handia aipatzen du. Hori dela eta, proiektuaren eremuan lerraduren historikoa dagoela aipatzen du, zehatz esateko 1975. eta 1992. urteetan. Eusko Jaurlaritzako kartografiaren arabera (geo Euskadi), proiektuaren eremuan narriadura izateko balio altuak dituzten azalerak identifikatu dira. Gainera, proiektua SEVESO enpresen istripu-hipotesien afekzio-banden barruan dago, zehatz esateko, Petronorreko findegiari (ZA 9.760 m, hodei toxikoa HFren zisternako deskarga-mahuka deskonektatzeagatik) eta Bilboko Portuko 1. sektoreari (ZA 10.000 m, hodei toxikoa hidrogeno anhidroaren fluoruro-bidoia haustearen ondorioz) dagozkienak. Gainera, N-644 errepidearen 600 m-ko afekzio-bandan dago proiektuaren zati bat, merkantzia arriskutsuen garraioan istripu-arrisku handiko tokia.
Beste ingurumen-arriskuei dagokienez, ez dago ibaietako uholdeei edo sismikotasunari lotutako arriskurik; era berean, akuiferoen kalteberatasunari, basoko suteei edo itsasoaren maila igotzeari buruzko arrisku handirik ez dago.
Amaitzeko, egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioak A-8 autobidea eta N-644 eta BI-728 errepideak aipatzen ditu (hirurek 75 dB gainditzen dute egunez eta lehenengo biek 70 dBra iristen dira gauez), eta horiek dira proiektuaren inguruko gunerik nabarmenenak; horiei BI-3791 gehitu behar zaie, egunez 75 dB gainditzen ditu honek ere eta gauez 65-70 dBra iristen da. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuaren 44. artikulua betez, obra-faserako inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat aurkeztu da; obra-fase horrek 6 hilabetetik gorako iraupena izango duela uste da. Azterketa horren arabera, eta obretan zarata handiena sortuko duena tinkaketak eta zulaketak egiteko makinen sorgailua/multzo elektrogenoa izango dela kontuan izanda, aplikatzekoa den legediak ezarritako mugako balioak eta kalitate akustikoko helburuak beteko dituzte obrek.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak gogoan izanda, obren fasean izango dira eraginik handienak, aire zabalean egingo den Molino errekaren ibilgu berria egiterakoan, aurreikusitako eraso-putzuak eta tinkaketen irteerak eta beste putzu eta zanga osagarri batzuk egiterakoan, Capetillo errekaren ibilgua birkonfiguratzerakoan, Molino erreka lurpean desbideratzeko tinkaketa bidez egingo diren hondeaketetan, Arcas Gruber partzelan aparkalekuak egokitzerakoan, Etxe-Uli zabortegiaren ezpondak berriro profilatu, iragazgaiztu eta zigilatzean, ondoko ibarbidea betetzean, Molinok errekak dagoeneko baduen galerian egingo diren esku-hartzeetan eta orain arte ibaira isurtzen diren ur beltzen bi isuri jasotzeko egingo diren bi putzu berrietan, zabortegiaren azpitik doan galerian amaitzen baitute ur beltz horiek.
Gainera, aldi baterako 82.084 m2 okupatuko dira, obren instalazio osagarrietarako eta sarbideetarako. Horiek guztiek eragina izan dezakete lurzoruetan, landaredian, faunan, ibaien morfologian, atmosferaren kalitatean (hautsa eta beste kutsagarri batzuk igorri atmosferara) eta paisaian; era berean, eraginak egongo dira hondarrak eta soberakinak sortzeagatik –besteak beste 5.919 m3 lur eta 210 m3 arroka, 48082-00051 GEOIKER kodea duen kokagunetik– eta lurzoruak eta urak kutsatzeko arriskua dagoelako nahigabe egindako isurketen ondorioz, bereziki lurrazaleko ibilguen lanengatik; hori dela eta, azaleko uren kalitatea txikitu egin daiteke esekitako solido gehiago egongo litzatekeelako eta erabilitako makinetatik nahigabeko isurketak egon daitezkeelako. Era berean, jarduketen ondorioz lerradura-arriskua hazi egin daiteke, aurkeztutako dokumentazioaren arabera jarduketaren eremuan dagoeneko handia izan arren.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, aire zabalean Molino errekaren ibilgua egiteko mugituko diren lurrek eta Capetillo/Ballonti errekaren ubidea zabaldu eta eraldatzeko mugituko direnek izango dute eraginik handiena ingurumenean. Sortutako soberakinekin Etxe-Uli zabortegiaren ondoko ibarbidea beteko da.
Gainera, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lurzoruetan esku-hartzeak aurreikusi dira. Hori dela eta, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da. Aurkeztutako dokumentazioan hondaketa-plan bat dago 48082-00051 GEOIKER kodea duen kokagunean lur-mugimendu bat egitea baloratu dadin, gauzatzeko baimena lortze aldera.
Proiektuaren eremuan lerradurak egiteko arriskuari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak prestatzen hasi aurreko fasean prebentzio-neurri gisa beharrezko azterketa geoteknikoak eta zundaketak egin behar direla dio, lurzoruek jarduera horiek arriskurik gabe jasan ditzaketela bermatzeko eta, dagokionean, lurrei eusteko beharrezko neurriak hartzeko.
Landarediari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera eraginik handiena zabortegian berrezarriko diren ezponden eta ondoko ibarbidea betetzearen ondorioz izango da. Bi jarduketa horien ondorioz zuhaitzak eta zuhaixkak moztu eta soildu beharko dira, nahiz eta gehienak espezie exotiko-inbaditzaileak izango diren. Capetillo/Ballonti erreka zabaltzean hurritzak, karraskilak eta masustak ukituko dira. Flora exotiko inbaditzailea kontrolatu eta errotik ateratzeko jarraibideak daude definituta ingurumen-inpaktuaren azterketan eta leheneratzeko proposamen bat ere bada irizpide, plano eta aurrekontuekin. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak uste du bi neurriak egokiak direla, bai leheneratzea eta bai espezie inbaditzaileak kontrolatzea, eta leheneratzeko proposamena osatuko lukeen neurri-multzo bat zehaztu du; neurri horiek bete beharko ditu sustatzaileak, aurkeztutako dokumentazioaren arabera.
Bisoi europarra kontserbatzeko «hobetu beharreko zatia» eta proiektua bat etortzeari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan aire libreko ibilguak lehengoratzea dator eta horretarako Alnus glutinosa, Salix alba, Fraxinus excelsior, Corylus avellana eta Sambucus nigra erabiliko dira, bisoi europarraren kudeaketa-planeko jarraibideen arabera.
Funtzionamendu-fasean, uren kalitatea hobetzea ahalbidetuko du proiektuak, Molino errekara lixibiatuak ez baitira iritsiko eta ur beltzen bi isuri kenduko baitira; balorazio oso positiboa dute jarduketa horiek. Lurrazaleko uren kalitatea hobetzeak eragin ona izango du Molino errekaren desbideratzea baino beherago dagoen ibaiko ekosistemetan.
Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):
A) Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, eta sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat.
Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko lerrokadan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak, obra- eta ustiapen-faseetarako. Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta txosten honetan finkatutakoak bermatzeko.
Neurri horiek guztiak sartuko dira obrak kontratatzeko eraikuntza-proiektuen baldintza-agirietan eta planoetan, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
C.1.– Natura-ondarerako eragina gutxiagotzeko neurriak.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak planteatzen duen leheneratze-proposamenak honako neurri hauek sartu eta zehaztu beharko ditu:
C.1.1.– Idatziko den Leheneratze Planak betetako eremuan landatuko den harizti-baso mistoaren landaketa-dentsitatea adierazi beharko du, gutxienez 6 m x 6 m dituen landaketa-esparrua izango da zuhaitz-espezieentzako eta txikiagoa izan daiteke zuhaixkentzako, eta hiruzuloka edo ausaz landatuko da, baso txikiak eratu ahal izateko.
C.1.2.– Neurri prebentibo eta zuzentzaileen planoa aldatu beharko da eta Leheneratze Planean sartu, berariaz jaso dadin Capetillo/Ballonti ertzetan ibaiko espeziak landatu direla, eta nahiz ibaia zabalduko den tartean nahiz ibilgua aldatuko denean mekanikoki erein dela eta sahats-pilak ipini direla.
C.1.3.– Ibilguaren aire zabaleko eremuetan proposatutako landaketa-dentsitatea (hasieran haltz lerro bat eta bigarren mailako beste lerro bat zuhaitzak eta zuhaixkak tartekatuta) nahikoa izan daiteke Molino errekaren aire zabaleko ertzetan, nahiz eta leheneratzeko zatiaren zabalera hazteko eta Capetillo/Ballonti errekaren inguruan landaketa-dentsitatea hazteko gomendatzen den.
C.1.4.– Bermealdia 2 urtekoa da. Baina gutxienez 3 urtera luzatu behar litzatekeela uste da, leheneratzearen arrakasta ziurtatzeko eta espezie inbaditzaileak egiaz kontrolatzeko, bereziki ibarbidea beteko den inguruan, harizti-baso mistoa egin nahi baita.
C.1.5.– Obren eraginez soildutako azaleren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obrako gune bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala ingurumen-inpaktuaren azterketan eta txosten honetan adierazten diren landareztatze-lanak egingo dira.
Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak ez sartzeko.
C.1.6.– Baso-mozketak uzten duen egurra, ahal dela, hurbileko herrietako bizilagunek erabil dezaten saiatuko gara. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2002 Legeak 27.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Oro har, ez dago baimenduta nekazaritza- edo baso-ingurunean sortutako landare-hondakinak erretzea». Horregatik, eta moztuko den materia organikoaren zati bat lurzoruari emateak dituen onurengatik, tokian bertan birrindu beharko dira egurretarako balio ez duten landare-hondarrak, eta egurra eta hondakinak ez dira utziko jariatze-urak herrestan eraman ditzakeen lekuetan.
C.1.7.– Behin obra amaituta, jarduketa-eremua garbitzeko kanpaina zorrotz bat egingo da, eta ukitutako eremuen kalteak aztertu beharko dira, eta oneratu edo jatorrizko egoerara leheneratu.
C.1.8.– Aurrez leheneratzeari buruz adierazi diren neurri guztiak obraren aurrekontuan ere islatu beharko dira.
C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
C.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
Tinka bidezko hondaketak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, isurketaren bat gertatuz gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.
Gainera, materialak ibilgura arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den guneetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusiak. Proposatutako neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak Jabari Publiko Hidraulikora irits ez daitezen.
C.2.2.– Dekantazio-putzuak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
C.2.3.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan azaltzen denaren arabera, kanaletak garbitzeko garbiketa-eremu bat egongo da ad hoc. Eremu horretan edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira.
C.2.4.– Obrako dekantazio-sistema guztietan dekantatutako jalkinak aldizka bildu eta behar bezala kudeatuko dira, haien ezaugarrien arabera. Bestalde, dekantazio-sistemetako efluenteen jarraipen analitikoa egingo da. Isurketa-baimenetan ezarritako mugak betetzen direnean bakarrik isuri ahal izango dira urak ibilgu naturaletara.
C.2.5.– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
C.2.6.– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan, sarbideak egiteagatik, materialak biltzeagatik, instalazioak kokatzeagatik edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
C.2.7.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko ustekabeko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, eta abar.
C.2.8.– Capetillo/Ballonti errekaren ibilgua birkonfiguratzeko lanak egiteko, ibilgutik urrunen dagoen eremutik induskatuko da erribera alderantz, hondeaketa gehienak defentsa bat edo ibilgua babesteko hesi bat izan dezan. Horrek erraztu egiten du lehorrean lan egitea eta jariatze-urak kontrolatuta eta tratatuta hustea. Ibaiertz aldea jarduketaren amaieran hondeatuko da, betiere ibilguaren kanpoaldetik.
Lan horiek egiterakoan ibilguetara esekitako ekarpen solidoak saihesteko sistemak ezarri beharko dira edo, dagokionean, partikula finen jalkitze- eta iragazte-hesi mugikorrak ipini obrak baino beherago. Teknikoki bideragarriak diren eta ibilguan eta haren habitatetan ingurumen-eragin txikiena duten konponbideak aukeratuko dira, hala nola hesi flotatzaileak eta iragazleak (sare iragazlea duten flotagailuen sistema) eta jalkitze- eta iragazte-hesi malguko sistemak (cofferdam malgua), betiere ezarriko den ingurunearen berezitasunak kontuan hartuta (ohantzearen ezaugarriak, zabalera, fluxua, ibilguaren sakonera, iktiofauna eta bertan dauden uretako beste espezie batzuk, irisgarritasuna, eragina jasan dezakeen ibaiertzeko landaredia, espazio erabilgarria...).
C.2.9.– Capetillo/Ballonti errekaren ibilgua zabaldu eta aldatu ondoren uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak berariaz diseinatutako eremuetan utziko dira aldi baterako, proiektuko planoetan aurreikusitako mugen barruan, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.
C.3.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.
C.3.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak. Leheneratze horrek landare-estalkia izan dezaketen espazio guztiak landareztatzea ekarriko du, eta, halaber, hiriguneetako lorezaintza-elementuak birjartzea.
C.3.2.– Obra-leku bakoitzean lurrak mugiarazi dituzten lanak amaitutakoan, jarduketen eraginpeko lursailaren lehengoratze edafiko eta geomorfologikoa egingo da.
Leheneratze edafikoa egiteko lanek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Era berean, kontrolatu egin beharko da landare-estalkia leheneratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, eta saihestu egingo da flora inbaditzaileko espezieekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea (ingurumen-inpaktuaren azterketan proiektuaren eremuan flora inbaditzaile ugari dagoela aipatzen da).
Landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, obrek eragindako eremuak leheneratzeko eta landareztatzeko lanak errazte aldera. Landare berriak landatzean kenduko den landaretza-lurra modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.
C.3.3.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako birlandatze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.
C.3.4.– Ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, eta prozedura mekanikoak lehenetsiko dira.
C.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
C.4.1.– Eraikuntza-fasean ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako obretako prebentzio-neurriak hartuko dira eta emisio akustiko txikiko multzo elektrogenoak hautatuko dira, makinerien mantentze-lanak egingo dira eta lanaldia erregularizatu egingo da jendearen atsedena bermatzeko.
C.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
C.4.3.– Proiektuak eragina duen eremuan, obrek eragindako zaratak ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak; hori guztia, aipatutako Dekretuaren 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe. Obrek irauten duten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira eta neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak berariazko baimen bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.
C.5.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
C.5.1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
C.6.– Airearen kutsadura prebenitzeko neurriak.
C.6.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Aldi baterako hutsik dauden edo ibilgailuak igarotzean material partikulatua isur dezaketen gainazalak ureztatzeko eta garbitzeko sistema bat egongo da.
C.6.2.– Obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
C.6.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, eta zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
C.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
C.7.1.– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
C.7.2.– Eraikuntza- eta eraiste-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraiste-hondakinak.
C.7.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua beteko dira.
Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero proiektuaren eremutik kanpo, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.
C.7.4.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
C.7.5.– Sortutako olio erabilia arau hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikulua eta industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aurrekoarekin bat etorriz, obrak instalatzeko eremuetan eremu espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak, etab.; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak gaituko dira, haietatik bereizita.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik, zehazki, erregai eta produktuak biltegiratzetik eta makineria mantentzetik datorrenik, ezta hondakinik erreko ere.
C.7.6.– Obra-fasean, kontratisten instalazio-eremuetan, gune espezifikoak egokituko dira, instalazio estaliak dauzkatela hondakin arriskutsuak (hala nola olio-latak, iragazkiak, bateriak, etab.) behin-behinean biltegiratzeko; gainera, hondakin geldoetarako edukiontzi espezifikoak egokituko dira, haietatik bereizita. Halaber, obran zehar, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira (bidoiak, etab.). Hondakin horiek beren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako garbiguneetan aldi baterako biltegiratu baino lehen.
C.7.7.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da.
C.7.8.– Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa hartuko da kontuan.
C.8.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.
C.8.1.– Eremuko zenbait lurzati agertzen direnez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta lege hori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.
C.8.2.– Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
C.9.– Jardunbide onen sistema bat hartzea.
C.9.1.– Obrek iraun bitartean, langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:
– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.
– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea.
– Proiektuaren eremuko mazelen egonkortasunaren kontrola.
– Hondakinen isurketak saihestea, bai eta olio-isurien eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ere.
– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.
– Zaratak eta hautsak eragindako eragozpenak saihestea proiektuaren eraginpeko eremuaren inguruko biztanleei.
C.10.– Obra garbitzea eta amaitzea.
C.10.1.– Lanak bukatu ondoren, garbiketa sakon bat egin beharko da, eta proiektuaren eragin-eremuan ezingo da gelditu obra arrastorik. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.
C.11.– Ingurumen-aholkularitza.
C.11.1.– Obra amaitu arte eta obraren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat eduki beharko du, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan kualifikatua. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkulariek txostena egin beharko dute aldez aurretik.
C.11.2.– Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts- eta zarata-sorrera, hondakin-kudeaketa, ibai-ibilguen babesa eta natura-ondarearen kontserbazioa.
C.12.– Lan-programaren diseinua.
C.12.1.– Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honen C.11 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.
– Obren ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak. Dekantazio-putzuen edo aurreikusitako beste gailu batzuen kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-ahalmena.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.
– Obran sortuko diren eraikuntza- eta eraispen-hondakinei dagokienez dauzkan betebeharrak nola gauzatuko dituen azaltzen duen plana, bat etorriz Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoarekin.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.
Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.
D.1.– Gorabeheren erregistroa.
D.1.1.– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez. Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.
D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
D.2.1.– Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
D.2.2.– Era berean, instalazio lagungarrien eremuen kokapen egokia eta egoera kontrolatuko da, bai eta makineria-parkearena eta, halakorik badago, soberakinen biltegiena ere; gainera, bermatu egingo da horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dauzkatela (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, etab.).
D.3.– Uren kalitatearen kontrola.
D.3.1.– Obrek lurrazaleko ur-ibilguetan duten eragina zehazteko, ukitutako ur-masek (ibaian gorago zein beherago), obrak egin aurretik zuten kalitate fisiko-kimikoa eta egoera ekologikoa zehaztuko da.
D.3.2.– Obrak egin bitartean, eta aurreko epigrafean adierazitako puntu berberetan, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira astero, obrak aipatutako ur-puntuen eragin-eremuan egiten ari direnean, eta jarduketa aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira.
D.3.3.– Obrak amaitu eta bi urtera, eragindako ur-masen egoera ekologikoa zehaztuko da jarduketaren aurreko fasean kontrolatutako erreferentzia-puntu berberetan.
D.4.– Isurketa-uren kalitatea kontrolatzea.
D.4.1.– Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeenean, Ebazpen honen C.11 apartatuan aurreikusten den ingurumen-aholkularitzak aldiro egiaztatuko dekantazio-sistemak eta jalkinei eustekoak ondo dabiltzala.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, kutsatutako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
D.4.2.– Obrak egiten diren bitartean, hondakin-uren isurketak kontrolatuko dira arazketa-sistemen irteeran, astero. Isurketa-mugak eta aztertutako parametroak isurketa-baimenean adierazitakoak izango dira.
D.5.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.
D.5.1.– Obra-fasean zarataren eta bibrazioen kontrola egingo da. Kontrol horiek EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozeduren arabera diseinatu eta egingo dira.
D.6.– Eraberritzearen arrakasta kontrolatzea.
D.6.1.– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzari erantzunez, obra amaitu eta hurrengo hiru urteetan, proiektuaren eraginpeko azalerak leheneratzearen arrakastaren aldizkako jarraipena egingo da.
D.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
D.7.1.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpen honetan ezarritakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuen kokalekua xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
D.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak.
D.8.1.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate batek egindako txostena aurkeztu beharko da. Txosten horrek emaitzen analisia jasoko du –aipamen berezia egingo die aldi horretan izandako gorabehera garrantzitsuenei, haien balizko kausei eta konponbideei–, bai eta laginak hartzearen xehetasunak ere, aurrez zehaztu ez diren kasuetan.
D.8.2.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Bai Ingurumena Zaintzeko Programa eta bai egiaztapen-zerrenda publiko egingo ditu organo substantiboak bere egoitza elektronikoan, eta ingurumen-organoari argitalpen horren berri emango zaio.
D.8.3.– Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
D.9.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:
D.9.1.– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako D.8 apartatuan aurreikusitako Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.
D.9.2.– Lanak amaitutakoan, lanak egin bitartean izandako gorabeheren erregistroa eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena –txosten honetako E.1. apartatuak araututakoaren arabera.
E. Neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai eta, era berean, neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berria indarrean jartzeagatik edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epealdi horretan proiektua gauzatzen hasten ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia amaituko da, eta adierazpenak ez du sortuko berezko ondorio gehiagorik. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.
Laugarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondoreetarako, proiektuaren sustatzaileak behar besteko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 25a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS