
6. zk., 2026ko urtarrilaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
97
27/2025 DEKRETUA, abenduaren 29koa, lehendakariarena, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularraren ordezkoa izendatzen duena, lehendakariari esleitutako eskumenak baliatuz, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluaren Lehendakaritzari dagokionez.
2014ko urriaren 21eko 197/2014 Dekretuak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren 2008ko irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. paragrafoa aldatzen du. Horren arabera, ezartzen du garapenerako lankidetzaren arloan eskumena duen Jaurlaritzako kidea izango dela Kontseiluko presidentea. Kanpoan edo gaixorik egonez gero, Idazkaritza Nagusiko edo garapenerako lankidetzaren ardura duen Sailburuordetzako titularrak ordezkatuko du.
2024o otsailaren 15eko 3/2024 Legeak, Lankidetzari eta Elkartasunari buruzkoak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluaren izena aldatzen du; lege horren arabera, aurrerantzean, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua izango da, eta Euskadiko lankidetza eta elkartasun arloko kontsulta- eta partaidetza-organo gorena izango da, politika hori proposatzeko, irizpena emateko eta haren jarraipena egiteko gaitasunarekin.
Lankidetzaren eta elkartasunaren arloko eskumena Lehendakaritzari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituen lehendakariaren 2024ko ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera.
Lehendakaritzaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen 2024ko azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuaren 4.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eLankidetza–Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Lankidetza eta Elkartasunari buruzko 2024ko otsailaren 15eko 3/2024 Legeak aldatutako 2008ko ekainaren 19ko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera, eta erakunde horri dagokio lankidetzaren eta elkartasunaren arloa.
Hortik ondorioztatzen da, indarrean dagoen araudiak xedatutakoaren arabera, lehendakariari dagokiola Kontseilu horren presidentea izatea; izan ere, Lehendakaritzaren egungo egitura organikoan, haien izaera dela eta, Gobernuko kide bati lotuta dauden funtzio guztiak lehendakariak berak bete behar ditu.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak xedatutakoaren arabera, administrazio publikoetako organoek Administrazio bereko beste organo batzuen esku utz ditzakete esleituta dituzten eskumenak. Gauza bera xedatzen du Euskadiko Sektore Publikoko 2022ko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeko 25. Artikuluak.
Lehendakariaren 2025eko ekainaren 25eko 16/2025 Dekretuaren arabera, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiko titularrari eskuordetzen zaizkio Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluko presidenteari dagokionez lehendakariari esleitutako eskumenak.
Administrazio-jardunean arintasun eta eraginkortasun handiagoa lortzeko, eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia Lehendakaritzari atxikitzearen ondorioz, beharrezkoa da aipatutako Kontseiluaren Lehendakaritzari esleitutako eskumenetan ordezkari izendatutako pertsonaren ordezkoa izendatzea.
Horren guztiaren arabera, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Asier Areitio Ibarlucea jauna Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusiko titularraren ordezko izendatzea, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluaren Lehendakaritzari dagokionez lehendakariari esleitutako eskumenak erabiliz.
2. artikulua.– Dekretu honen bidez araututako ordezkapenaren izendapena edozein unetan ezeztatu ahal izango da.
3. artikulua.– Izendapen hau betez ematen diren ebazpen guztietan, berariaz jaso beharko da inguruabar hori, dekretu hau noiz onartu den eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian noiz argitaratu den aipatuz.
4. artikulua.– Dekretu hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna kontuan hartu gabe.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 29a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
RSS