Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2026ko urtarrilaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
80

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 9koa, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ebazten baitira aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eta onura publikoko deklarazioaren eskaera, Bess Development 4 SLk aurkeztu zuena «BESS Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako Lezamako udal-mugartean (Bizkaia).

Espedientea: 48-GE-Y-2025-00004.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2025eko martxoaren 13an, Bess Development 4, SL enpresak aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen, «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Lezamako udal-mugartean (Bizkaia). 2025eko azaroaren 27an osatu zuen eskaera.

Bigarrena.– Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileak 2025eko martxoaren 5ean emandakoa. 2025eko azaroaren 7an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileak lehen adierazitako sarbide- eta konexio-baimena eguneratu du, instalazioaren behin betiko kokapena adieraziz.

Hirugarrena.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioa burutzeko proiektua, Lezamako udal-mugartean (Bizkaia).

– Instalazioaren sarbide- eta konexio-baimena.

– Eraginpeko ondasunei eta eskubideei dagozkien separatak.

– Proiektuaren eta obren inpaktu akustikoari buruzko azterlana.

Laugarrena.– 2025eko martxoaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua) egiteko eskaera osatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean.

Bosgarrena.– 2025eko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak erakunde eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen. Jasotako txostenak aztertu ondoren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egin da, obrak kontratatzeko baldintza-orrietan sartu beharreko neurri babesle eta zuzentzaileak adieraziz. Neurri horiek aurrekontua izango dute, beteko direla bermatuko duena.

Hori guztia jasota geratzen da Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko uztailaren 22ko Ebazpenean. Ebazpen horren bidez Bess Development 4, SL enpresak Lezamako udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako «Bess Lezama» biltegiratze-instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da.

Seigarrena.– Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, adierazitako eskabidea jendaurrean jartzeko, 2025eko maiatzaren 7ko EHAAn eta 2025eko maiatzaren 9ko Bizkaiko Aldizkarian.

Zazpigarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsultak egin zitzaizkien eraginpeko ondasunak edo eskubideak dituzten administrazio publiko, erakunde eta enpresa hauei, 48/2020 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren zatien separata teknikoei dagokienez, haien baimena eman edo uka dezaten, baldintza teknikoekin batera: Lezamako Udala, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritza, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila, Nortegas, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Red Eléctrica de España eta Telefónica.

Zortzigarrena.– Kontsultak amaituta, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion Bess Development 4, SL sustatzaileari.

Telefónicak adierazi du ez duela inolako eragozpenik aipatutako proiektua gauzatzeko, betiere indarrean dagoen araudia betetzen bada.

Red Eléctrica de Españak ez du proiektuaren aurkako eragozpenik jartzen, ez baitago eraginik Red Eléctrica enpresaren instalazioetan.

Partikular batek bere alegazioak aurkeztu ditu eraginpeko lurzoruen titulartasunari, lursailaren kalifikazioari eta babestutako elementuetan izan ditzakeen eraginei buruz.

URA – Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak hasitako kontsulta-izapidetzari erantzunez, jakinarazi du, proiektuan jasotako lanen kokapena kontuan hartuta, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 78.ter.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, lan horiek baliteke Agentziaren nahitaezko administrazio-baimena behar ez izatea, eta Administrazio honi jakinarazpen baten bidez izapidetzea. Horretarako, proiektu osoa bidali beharko zaio, aztertu eta balora dezan. Era berean, URA – Uraren Euskal Agentziak gogorarazi du ez dagoela baimenduta ingurune hidrikoa kutsa dezaketen substantziak zuzenean edo zeharka jabari publiko hidraulikora edo lursailera isurtzea, Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimenik gabe.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskal Kultura Ondarearen Zentroak jakinarazi duenez, ebakuazio-lineak, Lezamako dorrearen ingurune babestua okupatzen badu ere, nagusiki hiri- eta nekazaritza-bideetatik igarotzen den lurpeko linea bat denez, paisaia naturalari eta hurbileneko inguruneari eragingo lioke, eta, printzipioz, ez luke ikusizko inpakturik izango babestutako elementuan; beraz, gaur egun dagoen azpiegitura lurpeko ebakuazio-linea kokatzeko erabiltzea onartuko litzateke. Era berean, jakinarazi du babestutako elementuaren gaineko zuzeneko inpaktua minimizatu egin behar dela obra-fasean, eta, obrak amaitu ondoren, inguruko espazioa gaur egun dagoen bezala geratu behar dela: egindako jarduketen ebidentziarik gabe eta ikusizko inpaktu negatiboa sor dezakeen elementu osagarririk gabe.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP) jakinarazi du proiektua bere adostasuna lortzeko bideragarria dela, hasiera batean ez baitu eraginik BBUPren lehen eta bigarren mailako sareko hornidura-instalazioetan, eta ez dagoela lehen mailako saneamendu-sareko instalaziorik jarduketa-eremuan. Hala ere, hainbat iruzkin eta ohar egin ditu obrak egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak jakinarazi du Bess Development 4 enpresak BI-30 foru-errepidearen babes eremuetan energia biltegiratzeko instalazioa eta haren ebakuazio-linea egiteko sail horretan aurkeztutako eskaera Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailaren ebazpen baten bidez baimendu zela.

Bederatzigarrena.– 2025eko uztailaren 16an, Bess Development 4, SL enpresak onura publikoko deklarazioa eskatu zuen «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Lezamako udal-mugartean (Bizkaia).

Hamargarrena.– Aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena, eta onura publikoko deklarazioa eskatzeko espedientea aztertu ondoren, «Bess Lezama» izeneko biltegiratze-instalazioaren proiekturako, Lezamako (Bizkaia) udal mugartean, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritzako energia arloko zerbitzu teknikoek aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimenen eskaeraren aldeko txostena egin zuten, eta onura publikoko deklarazioaren eskaeraren aurkako txostena egin zuten.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariak eman du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzerakoan, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; Eusko Jaurlaritzaren 48/2020 Dekretua, martxoaren 31koa, zeinaren bidez arautzen baitira energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena.

Hirugarrena.– Sistema elektrikoa indartzeko presako neurriak hartzen dituen ekainaren 24ko 7/2025 Errege Lege Dekretuak, Bess Development 4, SL enpresak aipatuak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54.1 artikulua aldatzen du, energia elektrikoa garraiatzeko edo banatzeko sareetan energia injektatzen duten biltegiratze-instalazioak onura publikokoak direla deklaratzeko.

Aipatutakoa bezalako lege-dekretuek izaera iragankorra galduko badute, Kongresuak baliozkotu egin behar ditu, eman eta 30 eguneko epean, eta, hala egin ezean, indargabetuta geratuko dira. Kasu horri dagokionez, Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak, 2025eko uztailaren 22ko bilkuran, ekainaren 24ko 7/2025 Errege Lege Dekretua indargabetzea erabaki zuen. Horrek praktikan esan nahi du ezin dela onartu Bess Development 4, SL k «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioa onura publikokotzat deklaratzeko egindako eskaera.

Indargabetzeko erabakia 2025eko uztailaren 24an argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Laugarrena.– Onura publikoko deklaratzeko eskaerari dagokionez, adierazi behar da energia biltegiratzeko instalazioetarako deklarazio hori ukatu egin dela, sektoreko araudiak eskatzen dituen baldintzak ez betetzeagatik. Hala, Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren 2024ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren bidez, «Bess La Jara» izeneko proiektuari buruzko 48-GE-Y-2023-00036 espedientea ebatzi zen, eta instalazioa onura publikokoa dela ez deklaratzea erabaki zen.

Erabaki horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zen, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Deskarbonizazio Zuzendaritzak ebatzi zuena 2025eko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, errekurtsoa ezetsi zen eta ukatzea berretsi; gainera, berretsi zen aplikatu beharreko arau-esparruak ez duela aurreikusten energia biltegiratzeko instalazioak onura publikokotzat deklaratzea.

Adierazitako oinarri juridikoak eta aplikazio orokor zein berariazko aplikagarri diren gainerakoak ikusita, eta ordezkaritza honetako energia arloaren txostenarekin bat etorriz, Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Aurretiko eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Bess Development 4, SL enpresari, «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioaren proiekturako. Proiektua Lezamako udal-mugartean (Bizkaia) kokatuta dago.

Proiektuak honako instalazio hauek hartzen ditu:

a) 16 bateria-edukiontzi, guztira 66,88 MWh-ko kapazitatea dutenak, ferrofosfatozko litiozko bateriez osatuak. Edukiontzi bakoitza 4,18 MWh-ko potentzia unitariokoa da.

b) 4 inbertsore, guztira 17,56 MW-ko potentzia nominalekoak. Inbertsore bakoitzak 690 V-eko tentsio nominala eta 4,39 MW-ko potentzia unitariokoa da.

c) 2 transformadore, guztira 17,56 MVA-ko potentzia nominalekoak, eta linea- eta babes-gelaxkak. Transformadore bakoitza, 0,690/30 kV-ko transformazio-erlazio eta 8,78 MVA-ko potentzia unitariokoa da.

d) Babes- eta neurketa-zentroa eta zerbitzu osagarrietarako zentroa. Zentroa babes- eta neurketa-gelaxkek, eta zerbitzu osagarrien transformadoreak osatzen dute. Transformadorea 0,420/30 kV-ko transformazio-erlazioa eta 75 kVA-ko potentzia nominalekoa da.

e) Sarera energia isurtzeko 30 kV-ko linea, 841 m inguru luzerakoa, 30 kV-ko babes- eta neurketa-zentroa, proiektuaren plantan kokatutakoa, ebaketa- eta neurketa-zentroarekin konektatzeko, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzailearen Asua – Galdakao TAko 62. lineako (30 kV) 802 zenbakiko euskarriaren ondoan kokatutakoa. Linearen ibilbidea lurpekoa da, Lezamako udal-mugartean (Bizkaia).

f) Ebaketa- eta neurketa-zentroa. Zentroa linea- eta neurketa-gelaxkek osatzen dute.

Ebazpen hau 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera ematen da, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

a) Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda. Halaber, obrak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2025eko uztailaren 22an egindako, eta 2025eko abuztuaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (153. zk.) argitaratutako ebazpenaren bitartez formulatzen den proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritakoaren arabera, eta aplikatu beharreko erregelamendu teknikoen arabera eta administrazio eskudunak onartutako enpresa banatzailearen arau partikularren arabera burutu beharko dira.

b) Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da. Nolanahi ere, sustatzaileak baliatu ahal izango du Ukraina eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituen abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren 28. artikuluan xedatutakoa, behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena lortzeko administrazio-mugarriaren luzapenari dagokionez.

c) Lanak amaitutakoan, eta araututako egiaztapenak egin ondoren, instalazioen titularrak Bizkaiko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko ustiatzeko eta abian jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, Ekoizpen Elektrikoko Instalazioen Administrazio Erregistroan inskribatu beharko da, instalazioa zerbitzuan dagoenean.

d) Ebazpen hau ematen da edozein direla ere obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak, eta haiek aparte utzi gabe, eta bereziki lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkienak. Eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Kasuan kasuko baimenak, lizentziak edo baimenak izapidetzeak edo sustatzaileak onartutako baldintza teknikoak betetzeak instalazioa burutzeko proiektuan funtsezko aldaketak eragiten baditu, edo aldaketa horiei ingurumen-ebaluazioa egin behar zaiela erabakitzen bada, dagokion baimena eskatu beharko da.

e) Jarduera uzteko, instalazioa ixteko aldez aurretiko administrazio-baimena beharko da. Horretarako, eskaera egin beharko da, justifikazio-memoriarekin, plano eguneratuekin eta instalazioa eraisteko planarekin batera. Plan hori ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako baldintzetara egokitu beharko da, eraiste-fasean ingurumena lehengoratzeari dagokionez.

f) Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

Bigarrena.– «Bess Lezama» izeneko baterien bidezko biltegiratze-instalazioa, Lezamako udal-mugartean (Bizkaia) dagoena, onura publikokoa dela ez adieraztea.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako, Trantsizio Energetikoko eta Jasangarritasun Sailaren Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2025eko abenduaren 9a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala