Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2026ko urtarrilaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
51

AGINDUA, 2025eko abenduaren 17koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Eibar udalerriko Egazelai eremuan araubide orokorreko babes ofizialeko 36 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza hauek esleitzeko prozedurak jarraitu egingo dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoari, zeina baita etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa; izan ere, hala xedatuta dago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak arautzekoa) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; izan ere, dekretu hori baita kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa.

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea urriaren 10eko 147/2023 Dekretua, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta, bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Bigarrena.– 2012ko uztailaren 25ean, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA (Visesa) sozietate publikoaren orduko presidenteak eta Eibarko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, etxebizitzen sustapen publiko politika bat egikaritzeko 1C Banaketa arean, zehazki Egazelai eta Bolinaga sektoreetan, Eibarko udalerrian. Hitzarmenaren lehenengo klausulan, lehentasunezko esleipen-irizpide gisa ezartzen dira honako hauek, lehentasun-ordenaren arabera: esleipendunak Eibarren erroldatuak egotea esleipena baino urtebete lehenago, eta ahal bada Eibarkoak eta/edo Eibarko Eremu Funtzionaleko udalerrietakoak izatea.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2022ko abenduaren 14ko Ebazpenaren bidez, Eibar Udalerriko Egazelai eremuko 36 etxebizitzako sustapenak babes orokorreko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen. Visesak (Euskadiko eta Etxebizitza eta Lurra SA) sustatzen ditu etxebizitza horiek eta EB3-1034/22-LC-000 da espediente zenbakia.

Laugarrena.– Sustapen honetan esleituko diren 36 etxebizitza horietatik 2 egokituta daude mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat, bi logelakoak dira eta 90 m2ko azalera dute. Gainerako 34 etxebizitzetatik, 26 bi logelakoak dira eta 65,73 m2 eta 69,98 m2 bitarteko azalera dute; eta 8 etxebizitza hiru logelakoak dira eta 90 m2ko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da. Etxebizitza horiek kupotan bananduko dira bosgarren ebazpen zatian ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio agindu hau xedatzea, bat etorrita araudi hauetan ezarritakoekin: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa –12. artikulua, zehazki–, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, zeina baita Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa, azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, zeinak arautzen baitu zer prozedura jarraitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak errentamendu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Txertatu berri den 47 bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaitasuna duten pertsonak, 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Aipatutako 47 bis artikuluko 4. puntuan adierazitako ehunekoak errespetatu behar dituzte etxebizitza-kupoek sustapen bakoitzeko.

Hirugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo idazketan dio ezen etxebizitzak esleituko direla 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du kontuan izanik zein diren eskatzaileen diru-sarrerak, zenbat kide dituen bizikidetza-unitateak, zer antzinatasun duten etxebizitza-eskatzaileek erregistroan eta nolakoa den etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide kopuruagatik ematen den puntuazioa jartzeko kontuan izango da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du noiz hartu behar den egokitzat etxebizitza bat kontuan izanik zenbat kidek osatzen duten bizikidetza-unitatea eta zenbat gela dituen esleitu beharreko etxebizitzak

Bosgarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan zehazten da noiz egongo den gainokupatuta etxebizitza edo bizitoki bat (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten du zein diren gehienez ere babes publikoko etxebizitzen prezioak eta errentak, eta zein den zuzkidura-bizitokien kanona.

Zazpigarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak aldatu egiten du martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta dekretu horren 19. artikuluari, bestalde, 3. apartatu bat gehitzen dio, eta apartatu horrek eragiten die babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei.

Horrenbestez, aztertu ondoren aipatutako legezko manuak, haiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Eibarko Egazelai eremuan araubide orokorreko babes ofizialeko 36 etxebizitzako sustapena errentamenduan esleitzeko prozedurari. Sustapen honen espedientea EB3-1034/22-LC-000 da.

Bigarrena.– Sustapen horretako etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da.

Hirugarrena.– Alde batetik, etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 7 kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Laugarrena.– 36 etxebizitzako esleipen-prozedura honetan parte hartzeko honako baldintza hauek bete beharko dira agindu hau argitaratzen den egunean:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Eibarren. Dena dela, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, edozein delarik eskaera-udalerria.

b) Eskaeraren titularretako batek, gutxienez, Eibarren erroldatuta egon behar du azken urtean etenik gabe, agindu hau argitaratzen den egunean. Mugikortasun urriko kupoan parte hartzen duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute zertan bete errolda-baldintza hori.

c) 2024. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 45.022,57 euro baino handiagoak. Mugikortasun urriko desgaitasuna duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dituzte egiaztatu beharko gutxieneko diru-sarrerak. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Alokairuan hartzeko, diru-sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira adin nagusiko pertsona guztiak baldin eta ez bazaie judizialki aldatu gaitasuna eta bizikidetza-unitatearen parte badira.

d) Bizikidetza-unitateek ez dituzte izango 7 kide baino gehiago.

e) Agindu hau argitaratzen den egunean, bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ezin du izan ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera- edo gozamen-eskubiderik. Dena dela, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira, zeinak Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi baitzituen.

Bosgarrena.– Esleitu beharreko 36 etxebizitza horietatik, honako hauek gordeko dira:

a) 2 etxebizitza, mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duten pertsonei egokituak. Etxebizitza horiek esleitzeko, jarraitu egingo zaio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

Mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra egiaztatu duten pertsonek kupo honetan hartuko dute parte.

b) 34 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:

– 13 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 38,23) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez titular bat duten bizikidetza-unitateak barne.

– 8 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 23,53) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei.

– 6 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 17,65) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.

– 7 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 20,59) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).

Seigarrena.– Kuporen batean egokitu gabeko etxebizitzak geratuko balira esleitu gabe dagokien multzoko pertsonei edo bizikidetza-unitateei, etxebizitza horiekin handitu egingo litzateke kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Era berean, kupo orokorreko eskaeren artetik etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balitz, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, soberako etxebizitza horiek esleituko dira eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean.

Esleipen-prozedura bukatu ondoren, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko lirateke.

Bestalde, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen dutenen artean etxebizitza egokituak esleitu gabe geratuko balira, zuzenean bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko lirateke.

Zazpigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo idazketan xedatzen duenari jarraituz, kolektibo bateko baino gehiagoko kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

Aurreko paragrafoan araututakoaz salbuetsita daude mugikortasun urri iraunkorra egiaztatu duten pertsonak. Haiek beti kokatuko dira mugikortasun urriko kupoan; alegia, etxe egokitu bat eskuratzeko hartuko dute parte.

Zortzigarrena.– Agindu honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek, esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute 2026ko urtarrilaren 8tik 23ra bitartean (biak barne), honako bide hauetakoren bat erabiliz:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzuan (aurretiko hitzordua eskatzea gomendatzen da), Andia kalea 13, 20004 Donostia, Gipuzkoa.

– Postaz: Bidali dokumentazioa Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Andia kalea 13, 6. solairua. 20004 Donostia. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

Bederatzigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, eskaerak puntuatu egingo dira barematze-irizpide hauen arabera:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.389,82 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 10.389,83 eta 17.316,37 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 17.316,38 eta 28.860,62 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 28.860,63 eta 45.022,57 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: Bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, kontuan hartuko da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bestalde, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, espedienteei 4 puntu emango zaizkie, bizikidetza-unitatean kideren bat badago egoera hori egiazta dezakeena. Kolektibo bat baino gehiago osatzen dutenei 4 puntu emango zaizkie kolektibo bakoitzeko, eta gehienez 8.

Hamargarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, agindu honen argitalpen-data hartuko da erreferentziatzat. Berdinketak antzinatasun handiena duen eskabidearen alde ebatziko dira, eta antzinatasun bera izanez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan sarrera-data zaharrena duenaren alde.

Hamaikagarrena.– Sustapen honetako bi logelako etxebizitzak gehienez ere lau kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie. Hiru logelako etxebizitzak, berriz, gehienez zazpi kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie.

Hamabigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berrian ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, irizpidetzat joko da zer kupo zehazten diren Aginduaren 47 bis artikuluan, eta zein den etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena; betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamahirugarrena.– Esleipena amaitu ondoren, kupo adina itxarote-zerrenda egingo dira, eta bertan parte hartuko dute etxebizitzarik lortu ez dutenek. Itxaron-zerrenda agortuta, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluaren idazketa berrian ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Hamalaugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak argitara emango dira Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamabosgarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 17a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala