
3. zk., 2026ko urtarrilaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (295 KB - 30 orri.)
- EPUB (1776 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
50
AGINDUA, 2025eko abenduaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2026-2027ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.
Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren arabera, urtero, hezkuntzako eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, eskabideak aurkezteko epe komuna irekiko da eta prozedurako hurrengo faseei dagozkien epeak ezarriko dira (Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzako eskumena duen sailaren agindupeko ikastetxe publikoetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita oinarrizko lanbide heziketa ematen den udalaren ikastetxe publikoetan ere, ikasleak onartzea nahiz eskolatzea arautzen du 1/2018 Dekretuak).
Bestalde, 1/2018 Dekretua aldatzen duen azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak (2022ko azaroaren 14ko EHAA) zenbait aldaketa sartzen ditu ikasleak onartzeko prozesuan, eta garrantzitsuenetako bat da berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasletzat jotzea, besteak beste, hezkuntza- eta gizarte-zaurgarritasun egoeran daudenak. Alde horretatik, dekretu horrek, indarreko oinarrizko araudiarekin bat, xedatzen du mota horretako ikasleentzat plaza-erreserba bat ezartzeko derrigortasuna egikaritu behar dela ikastetxe bakoitzeko berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleen ehunekoa kontuan hartuta.
Halaber, aipatutako azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak azpimarratzen dute garrantzitsua dela eskolako plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokitzea, eskaintza gehiegi edo gutxiegi egotea ekiditeko. Laburbilduz, eskaintzaren planifikazioak eta onartzeko prozesua arautzen duten mekanismoek aniztasuna eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatu behar dute funts publikoekin finantzatutako ikastetxe publiko guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste batzuengatik bereiztea ekiditeko.
2025-2026 ikasturteko onarpen-prozesua arautzen duen aurreko aginduak abenduaren 18koa, azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak sartutako araudi berria aplikatuz, zenbait neurri jasotzen zituzten aurreko bi paragrafoetan aipatutakoaren ildotik, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoiengatik bereiztea saihesteko. Agindu honen bidez, jarraipena eman nahi zaio lehenago aipatutako prozesuetan arrakastaz ezarritako jarduera-ildoari, hezkuntza-sisteman sartzeko mailetatik sustatu nahi baita dibertsitatea eta zaurgarritasuna gero eta modu orekatuagoan banatzea funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxe guztien artean.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2026-2027 ikasturteko ikasleak onartzeko prozesuan bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Hori dela eta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikagarria izango da Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan, honako hauetan:
– Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren ikasturtea (2 urteko gelak),
– Haur Hezkuntzako bigarren zikloa,
– Lehen Hezkuntza eta
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
Halaber, aplikagarria izango da soilik Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe pribatu baimenduetan, ikasleak onartzen badituzte urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoarekin bat.
2. artikulua.– Eskatzaileak.
1.– Onarpen-prozesu honetan parte hartu beharko dute aurreko artikuluan zehaztutako edozein ikastetxetan 2 urteko gela batean onartuak izan nahi duten ikasleek, bai eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edozein mailatan ikastetxe horietakoren batean lehen aldiz sartu nahi dutenek ere. Halaber, jada eskolatuta egonda ikastetxez aldatu nahi edo behar duten ikasleek, edo hizkuntza-eredua aldatu nahi dutenek, onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute, aipatutako edozein maila edo etapa ikasteko.
Eskatzaileek nahi adina ikastetxe eskatu ahalko dituzte. Eskatutako ikastetxeetan plazarik lortzen ez bada eta 2026-2027an ikasten jarraitzeko erreferentziako ikastetxerik ez badago, lurralde-ordezkariak plaza bat esleituko du eskatzailearen eragin-eremuaren barruan, II. eranskinaren hogeita seigarren jarraibidean ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.– Ikastetxean jarraitzeko bermea.
Automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik.
4. artikulua.– Atxikitako ikastetxeetan ikasleak onartzea.
1.– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ez dute onartzeko eskaerarik aurkeztu behar Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan sartzeko dagokion institutuan, baldin eta atxikitako institutua bakarra eta hizkuntza-eredua bera badira. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezin denik onartzeko eskaerarik aurkeztu beste ikastetxe edo hizkuntza-eredu batean. Kasu honetan, ikasleak uko egingo dio ikastetxe eta hizkuntza-eredu atxikian zuzenean sartzeko bermeari, eta urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan (azaroaren 2ko 132/2022 Dekretuak aldatua) eta agindu honetan ezartzen diren sartzeko baldintza orokorren mende jarriko da.
2.– Agindu honen I. eranskinean daude jasota hizkuntza-eredu berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko ikastetxe atxiki bat baino gehiago dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko guztiak. Ikastetxe eta eredu horietako ikasleei ezin zaie ikastetxe atxiki bakar bat zuzenean esleitu ikasketekin jarraitzeko, aukera bat baino gehiago baitute. Horregatik, onartzeko eskaera aurkeztu beharko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko.
5. artikulua.– Egutegi komuna: eskabideak aurkeztea eta onartuak izateko epeak.
Eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta ikasleak onartzeko prozeduraren epeak hauek dira:
a) Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea: urtarrilaren 30era arte.
b) Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: otsailaren 2tik 13ra.
c) Eskabideak aldatu eta zuzentzea: otsailaren 13ra arte.
d) Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: martxoaren 4a. Kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea: martxoaren 12ra arte.
e) Onarpen-prozesuaren hasiera: martxoaren 4a.
f) Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 24a. Kontsulta: apirilaren 13ra arte.
g) Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan: apirilaren 13ra arte.
h) Eskabidean atzera egitea: apirilaren 13ra arte.
i) Behin betiko zerrenden argitalpena: apirilaren 21a. Kontsulta: maiatzaren 25era arte.
j) Hezkuntzako lurralde-ordezkariek adjudikatutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 24a. Kontsulta: maiatzaren 25era arte.
k) Behin betiko zerrendei eta lurralde-ordezkariak esleitutako lanpostuen zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde-ordezkariaren beraren aurrean: maiatzaren 25era arte.
l) Estatistika-datuak grabatzea: maiatzaren 4tik 8ra. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
m) Itxarote-zerrendaren indarraldia: irailaren 11ra arte.
n) Plazen erreserbaren indarraldia: irailaren 11ra arte.
ñ) Ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia: irailaren 11ra arte.
6. artikulua.– Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak.
Agindu honen II. eranskinean jasotzen diren onartzeko prozesuari buruzko jarraibideak onartzen dira.
7. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Eskabidean ageri diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «Ikastetxeetako ikasleen onarpena eta matrikula» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira:
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Araubide Orokorreko Ikasketetako (Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Araubide Bereziko Ikasketetako (Ikasketa artistikoak, Kirol-ikasketak eta Hizkuntza-ikasketak) ikasleen onarpena eta matrikula, EAEko ikastetxe publiko eta pribatuetan.
Legitimazioa:
Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.
Tratamendua beharrezkoa izatea interes publikoaren aldeko eginkizun bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak:
Justizia eta Giza Eskubideen Saila.
Foru-aldundiak.
EAEko udalak.
Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du datuak irispidean izateko, bai eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko ere; informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere izango ditu.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045500-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
Tratamendu honetan bildutako datuak Hezkuntza Sailaren honako tratamendu-jarduera hauetan erabiliko dira:
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS