
3. zk., 2026ko urtarrilaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 20 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
49
EBAZPENA, 2025eko abenduaren 10ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez hautaketa-prozedurarako deialdia egiten baita, oposizio-sistemaren bidez. Prozedura horren osagarri, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, bitarteko udaltzainen kontratazio-poltsa bat sortzeko (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea), kidego horietan aldi baterako zerbitzua emateko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalek badakite toki-eremuan arazo larriak sortzen direla Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agenteen plazak aldi baterako betetzeko, bai lanpostu horietan dauden lanpostu hutsak premiaz eta aldi baterako betetzeko, bai funtzio publikoaren legerian aurreikusitako kasuetan, esleituta dituzten eginkizunak betetzeko.
Azken urteotan, Segurtasun Sailak egiaztatu ahal izan du Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen izendapen arinak behar dituzten udalen eskaerak errepikatzen direla, justifikatutako eta tasatutako inguruabarrengatik, neurri handi batean baterako hautaketa-prozesuen urteko deialdiek (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) eta horiei dagokien prestakuntzak edo araudian jasotako beste inguruabar batzuek eragindako mugimenduengatik, baita udan izendapen horiek behar dituzten udal jakin batzuen kasuistika bereziagatik ere, hilabete horietan biztanleria asko handitzen baita.
Aipatutako arazoari aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 59.3 artikuluak ezartzen duen moduan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa berri bat sortzea bultzatu behar du, hala behar duten udalek hura osatzen duten pertsonak arin eta eraginkortasunez izendatu ahal izan ditzaten. Pertsona horiek aldez aurretik hautatuak, prestatuak eta gaituak izango dira aipatutako lege-testuaren 55. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko.
Deialdi hau Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera egiten da.
Hori guztia oinarri hartuta, Zuzendaritza Nagusi honek Udaltzaingoko bitarteko agenteen (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea) kontratazio-poltsa bat sortzeko hautaketa-prozedura deitzea erabaki du, honako oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea. Bete beharreko eginkizunak.
Hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da, oposizio-sistemaren bidez. Prozedura hori osatzeko, prestakuntza-ikastaro bat egingo da, Udaltzaingoko bitarteko agenteen kontratazio-poltsa bat sortzeko (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea), kidego horietan aldi baterako zerbitzua emateko.
Garatu beharreko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 55. artikuluan ezarritakoak izango dira:
a) Udalerrietako agintariak babestea eta haien eraikinak eta instalazioak zaintzea.
b) Hiriguneko trafikoa antolatu, seinaleztatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.
c) Hirigunean gertatzen diren zirkulazio-istripuen atestatuak instruitzea.
d) Administrazio-poliziaren lanak egitea, udaleko ordenantza, bando eta gainerako xedapen eta egintzei dagokienez, eta ingurumenaren eta ingurune-babesaren arloko indarreko arauak bete daitezen zaintzea, gai horietarako toki-eskumenen esparruan.
e) Polizia judizialaren eginkizunetan parte hartzea, polizia judizialeko unitateekin lankidetzan.
f) Laguntza ematea istripu, katastrofe edo hondamen publikoetan; horretarako, legeek adierazitako moduan hartuko dute parte, babes zibileko planak bete daitezen.
g) Delitu-egitaterik ez izateko behar diren prebentzio-eginbideak eta jarduketak gauzatzea.
h) Espazio publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten eta giza kontzentrazio handietan ordena mantentzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.
i) Gatazka pribatuak konpontzen laguntzea, hala eskatzen zaienean.
Deialdi honen bidez hautatutako pertsonek Udaltzaingoko bitarteko agenteen aldi baterako kontratazio-poltsa osatuko dute (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea).
Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek, onartuak izan nahi badute, betekizun hauek guztiak bete beharko dituzte:
a) Aldez aurretiko eskabidea egitea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea.
c) 18 urte izatea eta 38 urte bete gabe izatea; muga hori Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuekin konpentsatu ahal izango da.
d) Batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein.
e) Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia hautatu eta prestatzeko araudia onartzen duen Dekretua laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuan agertzen diren medikuntza-arloko bazterketen taulako kasuren batean. Hautatutako pertsonak zerbitzua hasi aurretik emango duen toki-korporazioko zerbitzu medikoek egiaztatuko dute baldintza hori betetzen dela.
f) Ez izatea kondenatua dolozko delituagatik, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia edo funtzio publikoak egiteko desgaitua edo etena ere; hargatik eragotzi gabe birgaitua izateko aukera, zigor- eta administrazio-arauen arabera. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar izangaiei baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ofizioz egiazta dezan baldintza hori betetzen dutela.
g) Armak eramateko eta, hala badagokio, erabiltzeko konpromisoa hartzea, eskatzailearen deklarazioaren bidez.
h) Ez egotea baztertuta Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoren batean edo Udaltzaingoko zerbitzuren batean sartzeko hautaketa-prozeduraren batetik falta astuna edo oso astuna egiteagatik, salbu eta preskripzio-epearen baliokidea den epea igaro bada, baztertzeko deklarazioaren egunetik zenbatzen hasita.
i) Ez egotea sartuta desgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean, indarrean dagoen araudiaren arabera, praktiketako funtzionario izendapenak ondorioak dituen egunean.
j) Turismoetarako B motako baimena edukitzea. Baimen hori une oro egongo da indarrean, bide publikoetatik gidatzeko eskubidea baliogabetu, erretiratu edo kendu gabe, ez erabaki administratibo baten ondorioz, ez erabaki judizial baten ondorioz, ez puntu guztiak galdu izanaren ondorioz. Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeak berekin dakar izangaiei baimena ematea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak ofizioz egiazta dezan baldintza hori betetzen dutela.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta Udaltzaingoko bitarteko agente izendatu eta lanpostuaz jabetzen diren unera arte eutsi beharko diete (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea), hori egiaztatzeko prozedura-fasea alde batera utzi gabe.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko modua:
Elektronikoki aurkeztuko dira hautaketa-prozeduran parte hartzeko eskabideak, Enplegu Publikoaren Atariaren bidez, helbide elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
Horretarako, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak onartutako bitartekoen bidez identifikatzea:
https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskabide elektronikoa aurkezteko baliabiderik izan ezean, Eusko Jaurlaritzako KZgunea zentro publikoetan egin ahal izango da eskabidea. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide honetan daude eskuragarri: www.kzgunea.eus
2.– Aurkezteko epea:
Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskabidearen edukia.
Eskabidearen atal hauek bete beharko dira:
Datu pertsonalak, prozesua behar bezala kudeatzeko (izena, abizenak, jaioteguna eta jaioterria).
Harremanetarako datuak: posta-helbidea, telefono mugikorra eta helbide elektronikoa.
– Zer hizkuntza ofizial aukeratzen den, euskara ala gaztelania, oposizio-faseko ariketak egiteko.
Titulazioa.
Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.
Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetan emandako zerbitzuak, gehieneko adina konpentsatzeko.
Laugarrena.– Baldintzak betetzea eta datu pertsonalak babestea.
1.– Parte hartzeko baldintzak betetzea:
Baldintzak betetzeko erreferentzia-data, oro har, eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak egiaztatuko du betekizunak betetzen direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroei kontsulta eginez, eta, horretarako, kontsulta egingo die administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformari edo ziurtagiria eman duen organismoari.
Kontsulta horiek kasu guztietan eta izangai guztientzat egingo dira, salbu eta jasota badago eskatzaileak berariaz eta arrazoituta aurka egin diola eta tratamendu-jardueraren ardura duen organoak aurkakotasun hori aintzat hartzen badu.
Eskatzaileren batek kontsultaren aurka dagoela agertuz gero (arrazoiak emanda), nahitaez aurkeztu beharko ditu aurka egindako kontsultaren xede diren dokumentuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko beste polizia-kidego batzuetan emandako zerbitzuak alegatzeko, egiaztagiriaren kopia soil bat aurkeztu beharko da.
2.– Datu pertsonalen babesa.
Hautaketa-prozedura honetan nork bere borondatez hartzen du parte, eta parte hartze hutsarekin izangaiek adierazten dute berariaz eta zalantzarik gabe emango dutela baimena eskabidean proba eta ariketa psikoteknikoak egiteko, eta onartzen dutela proba horien emaitza beste balorazio-irizpide bat izango dela, oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat.
Parte-hartzaileek emandako datuak hautaketa-prozedura honetan aurreikusitako helburuetarako erabiliko dira soilik.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten dituztenek baimena ematen dute beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta helbururako tratatzeko eta legez aurreikusitako moduan lagatzeko.
Eskabidean agertzen diren helbidea, telefono-zenbakiak eta helbide elektronikoa baliozkotzat joko dira. Eskaera egiten duenaren erantzukizuna da soilik poltsaren kudeaketan gerta daitezkeen akatsak, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari edo Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari (Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bidez) poltsan gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea.
Datuen tratamenduak, datuak hirugarrenei lagatzeak eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideek arau hauek beteko dituzte: 2026ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua –Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra)–; abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa –Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa–; abenduaren 21eko 16/2023 Legea –Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena– eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia.
Datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
– Tratamenduaren arduraduna: Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia. Segurtasun Saila.
– Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: EAEko segurtasun publikoaren sistemako organo eta zerbitzuetako, segurtasun-zerbitzu pribatuetako eta herritarren segurtasuna lortzeko gainerako zerbitzuetako langileak hautatzeko prozesuen kudeaketa eta jarraipena, bai eta, segurtasun publikoko zerbitzuetakoak izan gabe, interes profesionala duten edo haien garapenean eragina duten beste pertsona batzuena ere.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (uztailaren 6ko 6/1989 Legea Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa; urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea onartzen duena; urriaren 23ko 2/2018 Legegintzako Errege Dekretua, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena).
– Informazioaren hartzaileak: autonomia-erkidegoko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk, Funtzio Publikoko Zuzendaritza. EAEko beste administrazio eta enpresa batzuk, hautaketa-prozesuaren berezko helburuetarako. EAEko beste administrazio eta enpresa batzuk, hautaketa-prozesuaren berezko helburuetarako.
– Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu webgune honetan:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/128100-capa2-eu.shtml
Balizko jakinarazpenen ondorioetarako, eskaeran adierazitako helbidea hartuko da egoitzatzat, salbu eta ondoren beste helbide bat berariaz eta modu frogagarrian jakinarazten bazaio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari edo Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari (Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bidez) lan-poltsa kudeatzen den bitartean.
Bosgarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta helbide elektroniko honetan argitaratuko da:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
2.– Behin-behineko zerrendan, baztertu bakoitza zergatik baztertu den adieraziko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egon litezkeen akatsak zuzentzeko.
3.– Epe barruan aurkeztutako erreklamazioak eta zuzenketak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko egiten duen ebazpenean onartu edo baztertuko dira. Ebazpen hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusian aurreikusitako moduan argitaratuko da, eta bigarren fase hori gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko da, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
4.– Aurreko zerrendetan eta argitaratzen diren guztietan, parte-hartzaileak NAN zenbakiaren bidez identifikatuko dira (datuak babesteko indarrean dagoen araudi aplikagarriari buruzko gomendioak errespetatuz).
Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Oposizioko probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, kalifikazio-epaimahai bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko Legegintzako Dekretuaren aurreikuspenen arabera.
2.– Izendapena eta osaera.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du epaimahaia.
Batzordeburu batek, bi batzordekidek eta idazkari batek (hitza izango du, baina botorik ez) eta dagozkien ordezkoek osatuko dute.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, epaimahai kalifikatzailea osatuko duten pertsonen eta haien ordezkoen izendapena argitaratuko da, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
Inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituta osatu behar da epaimahaia, bai eta emakume eta gizonen ordezkaritza orekatura egokituta ere.
Kalifikazio-epaimahaiko kideak beti izango dira kide norberaren izenean, hau da, ezin dira kide izan inor ordezkatuz edo inoren kontura.
Espezialitate-printzipioaren arabera, botoa emateko eskubidea duten kide guztiek prozesuan parte hartzeko eskatzen den maila akademiko bereko edo goragoko titulazioa izan beharko dute, eta horien erdiek, gutxienez, jakintza-arlo berekoa.
Hauek guztiak ezin izango dira izan kalifikazio-epaimahaiko kide: hautaketa edo izendapen politikoko langileak, behin-behineko langileak, bitarteko funtzionarioak edo aldi baterako lan-kontratudunak, ezta azken bost urteotan enplegu publikoan sartu nahi zuten izangaiak prestatzen ibili direnak ere.
3.– Abstenitzea eta errekusatzea.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek ezin izango dute parte hartu, arrazoi pertsonal edo profesionalengatik edo bestelakoengatik, euren inpartzialtasuna zalantzan egon daitekeen kasuetan, ezta indarreko ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako egoeretan ere.
Kalifikazio-epaimahaia osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstenitzeko eta errekusatzeko arrazoiak aplikatuko zaizkie.
4.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean kide anitzeko organoetarako ezarritako funtzionamendu-arauen arabera jardungo du kalifikazio-epaimahaiak.
Epaimahaikideek kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo horretako arautegiarekin bat etorriz.
Era berean, probetan zaintza- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileek bidezko kalte-ordainak jasoko dituzte, indarreko arautegiarekin bat etorriz.
Kalifikazio-epaimahaiak garatu eta ebaluatuko ditu hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo du. Horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
5.– Kalifikazio-epaimahaiak, hautaketa-sistemaren proba guztietarako edo batzuetarako, aholkulariak edo espezialistak erabil ditzake, haien espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa eman ditzaten, eta ez beste ezertarako.
6.– Kalifikazio-epaimahaiak, hautaketa-sistema garatzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoenaren gainean egoki iritzitako neurriak hartu ahal izango ditu. Halaber, oinarrioi buruzko interpretazio- eta aplikazio-arazoak ebatzi ditzake, eta bai bere funtzioak betetzeko sortzen diren arazoak ere.
7.– Idazkiak bide elektronikoz aurkeztuko zaizkio kalifikazio-epaimahaiari. Horretarako, inprimakia bete edo dokumentua igo ahal izango da enplegu publikoaren atarian, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
Kalifikazio-epaimahaiak ez ditu kontuan hartuko helbide elektronikoa ez den beste baliabideren baten bidez bidalitako erreklamazioak, alegazioak eta abar.
Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren egoitzan izango du helbidea.
7.– Kalifikazio-epaimahaiaren erabakiak hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.
Zazpigarrena.– Hautaketa-sistema.
1.– Hautatzeko sistema oposizio bitartez izango da. Oposizio horretan izangaien gaitasuna eta beraien arteko lehentasun hurrenkera zehaztuko dira.
Hautaketa-prozesuaren guztizko puntuazioa oposizio-faseko probetan lortutako puntuazioen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzearen ondoriozko puntuazioa. Puntuazio horrek lehentasun-ordena zehaztuko du.
2.– Oposizioan honako proba hauek egin beharko dira:
2.1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa, izangaien gaitasun intelektualak ebaluatzeko. Proba hori 0 eta 120 puntu artean baloratuko da, eta deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoa izango da.
Proba horrek lau ariketa izango ditu, eta horiek guztiak nahitaezkoak izango dira.
Ariketa bakoitzean, idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera-sorta bati.
Test motako galdera-sorta bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Ariketa bakoitzean, erantzun oker bakoitza erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3rekin zigortuko da. Erantzun gabeko galderak eta erantzun bikoitzak ez dira zigortuko.
Ariketak:
Arrazoitze-ariketa:
Helburua: gizabanakoei arazo eta egoera konplexuak ebazteko, elementuen arteko erlazioak hautemateko eta legeak sortzeko aukera ematen dieten eskema kognitiboak ebaluatzea. Gaitasun deduktiboa aztertzea, aldez aurretik ezagunak diren proposizio jakin batzuetatik abiatuta, aldez aurretik ezagutzen ez diren ondorioak esplizituki lortzeko.
Pertzepzio-gaitasunei buruzko ariketa (identifikazioa, bereizketa..):
Helburua: arreta eta behaketa ebaluatzea patroien bidez. Arreta jarraiturako eta xehetasunean kontzentratzeko gaitasuna ebaluatzea. Antzeko elementuak identifikatzeko eta elementu desberdinak bereizteko azkartasuna ebaluatzeko.
Gaitasun espazialei buruzko ariketa:
Helburua: errealitatearen analisia ebaluatzea, zehaztasunez hautemanez behatutako objektuen norabideak eta tamainak, haien erreprodukzio mentala eta objektuok mentalki biratzeko gaitasuna. Objektuak ikuspegi guztietatik eta egoera desberdinetan ezagutzeko trebetasuna eta aldaketa espazialei aurrea hartzeko gaitasuna ebaluatzea.
Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa:
Helburua: idatzizko materiala erabiliz arrazoitze induktibo eta deduktiborako trebetasunak eta trebetasunak ebaluatzea. Hizkuntzaren erabilera zuzena. Argudioen analisia eta irakurketaren ebaluazio logikoa. Era berean, kontzeptuen arteko erlazioak eta hiztegiaren aberastasuna identifikatzeko gaitasuna ebaluatzea.
Proba hori gainditzeko, gutxienez 60 puntu lortu beharko dira lau ariketak batuta.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, eta betiere izangaiak zein diren jakin aurretik, proba gainditu ahal izateko gutxieneko puntuazio-atalasea zein den erabaki ahal izango du kalifikazio-epaimahaiak, eta erabaki hori jakinarazi. Erabakia hartzeko, aintzat hartuko ditu eska daitekeen gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako jakintza-maila. Kasu horretan, proba honen puntuazioa lortzeko, aurrez deskribatutakoaren arabera, formula hau aplikatuko du kalifikazio-epaimahaiak:
IPB = (GehPB / 2) x (1 + (ZP - a) / (GehZP – a)).
Hau da:
IPB = Izangaiak lortu duen puntuazio bihurtua.
GehPB = Probaren gehieneko puntuazio bihurtua (proba egitean lor daitekeen gehieneko puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 120 puntu).
ZP (Izangaiak lortu duen zuzeneko puntuazioa) = erantzun zuzenen kopurua – (akats kopurua x 1/3).
a = Proba gainditzeko behar den gutxieneko zuzeneko puntuazioaren atalasea (kalifikazio-epaimahaiak ezarrita).
GehZP = probaren gehieneko zuzeneko puntuazioa (proba egitean lor daitekeen gehieneko zuzeneko puntuazioa).
2.2.– Bigarren proba, derrigorrezkoa eta baztertzailea: jakintza neurtzeko proba bat izango da, eta idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera-sorta bati.
Probaren edukia ebazpen honen I. eranskinean adierazitakoaren araberakoa izango da.
Test motako galdera-sortako galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3rekin zigortuko da erantzun oker bakoitza. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik izango.
Proba hori 0tik 150 puntura baloratuko da, eta gutxienez 75 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.
Hautaketa-sistema egokia izan dadin, eta betiere izangaiak zein diren jakin aurretik, proba gainditu ahal izateko gutxieneko puntuazio-atalasea zein den erabaki ahal izango du kalifikazio-epaimahaiak, eta erabaki hori jakinarazi. Erabakia hartzeko, aintzat hartuko ditu eska daitekeen gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako jakintza-maila.
Kasu horretan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoaren arabera, formula hau aplikatuko du kalifikazio-epaimahaiak:
IPB = (GehPB / 2) x (1 + (ZP - a) / (GehZP – a)).
Hau da:
IPB = Izangaiak lortu duen puntuazio bihurtua.
GehPB = Probaren gehieneko puntuazio bihurtua (proba egitean lor daitekeen gehieneko puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 150 puntu).
ZP (Izangaiak lortu duen zuzeneko puntuazioa) = erantzun zuzenen kopurua – (akats kopurua x 1/3).
a = Proba gainditzeko behar den gutxieneko zuzeneko puntuazioaren atalasea (kalifikazio-epaimahaiak ezarrita).
GehZP = probaren gehieneko zuzeneko puntuazioa (proba egitean lor daitekeen gehieneko zuzeneko puntuazioa).
2.3.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 11. artikuluan eta Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 188. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkezteko azken egunean, 27 puntu emango zaizkie Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 maila edo baliokidea edo goragoko beste edozein maila egiaztatuta dutenei, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB) dauden datuen arabera.
Hautaketa-prozesuan ez da euskara-maila egiaztatzeko probarik egingo.
Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabete igaro arte.
2.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta tokia gutxienez zazpi egun natural lehenago iragarriko dira, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez. Gainerako probak egiteko iragarkiak ere hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira, gutxienez 72 ordu lehenago, eta kalifikazio-epaimahaiaren erabakiaren bidez.
3.– Kalifikazio-epaimahaiak bere esku izango du oposizioko probak egiteko oinarrietan ezarritakoa ez bezalako beste ordena batean egiteko aukera, baita hainbat proba egun berean egitea erabakitzekoa ere. Kasu horretan, proben emaitzen argitalpenek deialdiaren oinarrietan ezarritako hurrenkerari jarraituko diote. Proba bakoitzaren emaitzak edo aurrekoa gainditu dutenenak bakarrik argitaratuko dira, zazpigarren oinarriaren ordenari jarraituz.
4.– Hautaketa prozeduratik kanpo geratuko dira, besterik gabe, adierazten den egun, ordu eta lekuan derrigorrezko probak egiteko deialdira agertzen ez direnak, baita ezinbesteko arrazoiak daudenean ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba egiten hasi ondoren aurkezten diren pertsonei.
Nahitaezko frogaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, horietako edozeinetara ez agertzea edo atzeratzea ez-agertzetzat joko da.
5.– Probetan parte hartu ahal izateko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena ekarri beharko da, eta epaimahai kalifikatzaileak edozein unetan eskatu ahal izango die agiri hori erakusteko.
6.– Proben emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabakiz argitaratuko dira, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
Bederatzigarrena.– Oposizioaren azken puntuazioa.
Hautaketa-prozeduraren guztizko puntuazioa oposizio-fasea osatzen duten ariketa edo probetan lortutako puntuazioen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ondorioztatzen dena. Puntuazio horrek parte-hartzaileen lehentasun-ordena zehaztuko du.
Puntuazio-berdinketak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideen arabera ebatziko dira (3/2012 eta 1/2022 Legeek aldatu zuten lege hori). Berdinketak jarraitzen badu, oposizioko lehenengo proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde ebatziko da.
Epaimahai kalifikatzaileak hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan onartu eta argitaratuko du hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen zerrenda, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari helaraziko dio, lortutako guztizko puntuazioaren arabera handienetik txikienera ordenatuta.
Hamargarrena.– Prestakuntza-ikastaroa.
Hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonak Udaltzaingoko Bitarteko Irakasleen Prestakuntza Ikastaroa egiteko onartuko dira.
Prestakuntza-ikastaroa ikasketa-planak ezartzen duenaren arabera egingo da, eta hiru fase izango ditu, nahitaezkoak eta baztertzaileak: lehenengoa, eduki teorikoa (online egingo da); bigarrena, izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna; eta hirugarrena, praktikoa. Azken biak aurrez aurre egingo dira.
Deialdi honen ondorioz prestakuntza-ikastaroan egin den funtsezko aldaketa ikusita, ez dira baliozkotuko aurretik egindako ikastaroak.
1.– Prestakuntza-ikastaroaren lehen fasea: online eduki teorikoak.
EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez ezarriko dira hiru faseetako lehenengoaren hasiera eta iraupena.
Horretarako, ikastarora sartzen den pertsona bakoitza Arkampus online prestakuntza-plataformara sartu ahal izango da, eta sarbide-gako bat jasoko du.
Eduki teorikoen online prestakuntza amaitu ondoren, prestakuntza hori egin duten pertsonei Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak haren edukiei buruzko azterketa bat egiteko deituko die, gutxienez 48 ordu lehenago.
Azterketa hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da. Azterketara ez agertzeak hautaketa-prozesutik kanpo geratzea ekarriko du.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak azterketa gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du.
Prestakuntza-ikastaroaren hurrengo fasera igaroko dira hura gainditu duten izangaiak.
2.– Prestakuntza-ikastaroaren bigarren fasea: izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehaztea.
Prestakuntza-ikastaroaren lehenengo fasea gainditu duten izangaiei ikastaroaren bigarren fasea egiteko deia egingo zaie.
EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, gutxienez 48 ordu lehenago, proba egiteko datak ezarriko dira.
2.– Prestakuntza-ikastaroaren bigarren fasean bi ariketa egin beharko dira, biak ere nahitaezkoak eta baztertzaileak:
a) Lehen ariketa: nortasun-testaren ariketa, nortasun-ezaugarri orokorrak ebaluatzeko, bai eta izangai bakoitzak arlo emozional, sozial eta antolamendukoan lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko duen konpetentzia-maila ebaluatzeko ere. Era berean, hautaketa-prozeduran parte hartzen duen pertsona bakoitzaren normaltasun- edo desbideratze-maila zenbatetsiko da, balizko patologia-kasuak detektatuz, bai eta lan-jarduerarekin lotutako jokabideak neurtuz ere, pertsona horrek lanean duen jardunarekin lotutako jokabide-joerak ebaluatuz, kategoriaren profil profesionalarekiko doitze- edo desbideratze-mailaren arabera.
Ariketa hau baloratu ahal izateko, item guztiei erantzun beharko zaie. Galderaren bat erantzun gabe uzten bada, baliogabetze-lerroan erantzuten bada edo bi erantzun idazten badira item berari erantzuteko, «0» puntuko emaitza lortuko da ariketan.
Ariketa zuzentzeko, izangaien anonimotasuna gordeko da.
Ariketa hau gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.
b) Bigarren ariketa: talde-dinamikaren ariketa, deitutako lanpostuaren eginkizunak eta zereginak betetzeko izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehazteko. Besteak beste, izangaien gaitasun hauek ebaluatuko dira:
Talde-antolamenduarekin eta -espirituarekin lerrokatzea, erakundearen ikuspegi orokorra talde baten parte gisa mantentzeko gaitasuna ebaluatzeko helburuarekin, ondasun kolektiboa norberaren onuraren gainetik lehenetsiz.
Etikotasuna eta erantzukizuna, betebeharraren zentzuari, poliziaren kode deontologikoari eta horri lotutako balioei, arau etiko eta sozialei eta etikoki bidezkoa eta egokia denari egokitzen zaien ebaluatzeko.
Egonkortasun emozionala eta asertibotasuna, egonkor eta orekatuta egoteko gaitasuna ebaluatzeko, eta eraginkorra izateko norberaren jarreren komunikazioan eta/edo argudioetan, gainerako pertsonen jarreren aurrean.
Talde-dinamika hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.
Bertaratzen ez bada, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.
Bi ariketetan gai kalifikazioa lortzen ez dutenak prozesu honetatik kanpo geratuko dira.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak bigarren fase hori gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
3.– Prestakuntza-ikastaroaren hirugarren fasea: fase praktikoa.
Bigarren fasea gainditu duten pertsonei hirugarren fasea egiteko deialdia egingo zaie. Fase horretan, aurrez aurreko prestakuntza praktikoa egingo da, nahitaezkoa eta ez-baztertzailea.
Aurrez aurreko fase praktikoa EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegian edo Ikastegiko Zuzendaritzak izendatutako zentroan edo zentroetan egingo da, hainbat txandatan. Txanda bakoitzean gehienez 80 pertsona egongo dira, irakaskuntza-premien eta zerbitzuaren edo antolaketaren berezko premien arabera.
EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, gutxienez 48 ordu lehenago, proba egiteko datak ezarriko dira.
Fase hau egiteko deialdiak hautaketa-prozeduran lortutako sailkapen-ordena jarraituko da, eta ezingo da aldatu.
Izangaia ez bada agertzen prestakuntza praktikoaren fasea egitera deitua izan den egun, ordu eta tokian, edo ez bada joan bere eskola-orduen seiren batera edo gehiagora, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiak hirugarren fase hori gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du, hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan.
Hamaikagarrena.– Bitarteko udaltzainen kontratazio-poltsa eratzea eta handitzea.
1.– Prestakuntza-ikastaroaren aurrez aurreko fasearen lehen txanda amaitu ondoren, eta hura gainditu duten pertsonekin, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez formalki eratuko da Udaltzaingoko bitarteko agenteen kontratazio-poltsa (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea), ebazpen honen bidez deitu eta araututako kidego horietan aldi baterako zerbitzua emateko.
2.– Aurrez aurreko faseko txanda hauetako bakoitza amaitu ondoren, eta prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonekin, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, Udaltzaingoko bitarteko agenteen kontratazio-poltsa (oinarrizko eskala eta C-1 sailkapen-taldea) handituko da, kidego horietan aldi baterako zerbitzua emateko.
3.– Aipatutako kontratazio-poltsaren osaera eta ondorengo zabaltzeak hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko dira.
4.– Oposizioaren azken kalifikazioan lortutako puntuazio-ordenaren arabera ordenatuko da poltsa (bederatzigarren oinarria).
5.– Kontratazio-poltsa hau osatzen duten pertsonen datuak Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari helaraziko zaizkio, ebazpen honen hamahirugarren oinarrian ezarritakoaren arabera kudea ditzan.
6.– Kontratazio-poltsa honek bi urteko indarraldia izango du, eratzen den egunetik zenbatzen hasita. Hala ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, kontratazio-poltsaren indarraldia luzatu ahal izango da, beharrezkotzat jotzen den denboran, lan-poltsa hori ordeztuko duen beste bat onartu arte.
Hamabigarrena.– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa erabiltzea.
Behin Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsa hau formalki eratuta, lan-poltsa hori Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako Agenteen eta Udaltzaingoaren Zerbitzuen kategorian txanda irekiaren bidez sartzeko egindako deialdi bateratuetan parte hartu duten eta poltsa propiorik ez duten toki-korporazioen eskura jarriko da.
Era berean, deialdi bateratu horietan parte hartu ez arren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari berariaz eskaera egiten dioten eta lan-poltsa propiorik ez duten toki-korporazioek ere erabili ahal izango dituzte. Eskaera hori Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren bidez bideratuko da, eta berekin ekarriko du eskaera egiten duen toki-korporazioak konpromisoa hartzea Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitzen dituen Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako Agente kategorian txanda irekiaren bidez sartzeko deialdi bateratu berrietan betetzeko eskatzen diren plaza hutsak sartzeko.
Hamahirugarrena.– Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren kudeaketa eta funtzionamendua.
Lan-poltsaren kudeaketa Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari dagokio (Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bidez), eta xedapen hauek arautuko dute:
1.– Lan-poltsako kideak egon daitezkeen egoerak:
Lan-poltsako kideak egoera hauetakoren batean egongo dira:
Landuna: lan-poltsa honen aplikazio-eremuan lan egiten ari diren hautagaien zerrendako langileak lanean daude. Lan-poltsa honen aplikazio-eremutzat hartuko dira eremu geografikoa (Euskal Autonomia Erkidegoa) eta eremu funtzionala (Segurtasun Zerbitzu Publikoak).
Lanerako prest: lanerako prest egongo da, eta, ondorioz, lan-eskaintzak jaso ahal izango ditu, lan-poltsa honen aplikazio-eremuan zerbitzuak ematen ari ez den eta aldi baterako bajan ez dagoen hautagaia. Lan-poltsa honen aplikazio-eremutzat hartuko dira eremu geografikoa (Euskal Autonomia Erkidegoa) eta eremu funtzionala (Segurtasun Zerbitzu Publikoak).
Aldi baterako baja-egoera: lan-poltsako kideak egoera horretan egongo dira honako egoera hauetakoren batean daudela egiaztatzen dutenean:
1) Aldi baterako ezintasun-egoerak, gaixotasun arruntagatik edo lanbide-gaixotasunagatik, edo lanekoa ez den istripuagatik edo lan-istripuagatik.
2) Haurdunaldiagatiko, erditzeagatiko, edoskitzeagatiko eta antzekoengatiko lizentziak eta/edo adopzioagatiko edo harreragatiko lizentziak baliatzeko gaitzen duten egoerak.
3) 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzea. Seme-alaba bakoitzeko behin bakarrik emango da.
4) Odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideren bat ardurapean izatea, gaixotasun edo adinagatik, eta etengabe zaindu behar izatea. Agiri bidez egiaztatu beharko da hori.
Aldi baterako baja-egoeran egotea ahalbidetzen duten arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dira 3 egun naturaleko epean, deialdia egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Baja eragin zuen arrazoia amaitzen denean, edo, borondatezko kasua bada, horren aurretik, interesdunak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio (Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bidez), posta elektronikoz, udaltzaingoak@seg.euskadi.eus helbidera, 3 egun naturaleko epean, justifikazio-dokumentazioa erantsita.
Aldi baterako bajan dauden langileek ez dute lan-eskaintzarik jasoko egoera horretan dauden bitartean.
Aldi baterako bajan egoteko gehieneko denbora 6 hilabetekoa izango da, aldi baterako baja-egoera egiaztatzen denetik zenbatzen hasita.
2.– Lanpostuak betetzeko deialdiak.
Koordinazio eta Segurtasun Zuzendaritzak (Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bidez), lan-poltsaren kudeaketa esleituta duen organoa den aldetik, eta toki-korporazioek Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen beharrak igorri ondoren, prest egoeran daudenei eskainiko dizkie, lan-poltsaren lehentasun-hurrenkerari jarraituz.
3.– Eskaintzak jakinaraztea.
Lan-eskaintzak jakinarazteko, egindako ahalegina jasota geratzeko aukera ematen duen edozein bide erabiliko da, eta, hala badagokio, baita komunikazioa benetan ezarri dela ere.
Prozesu hori honako hauen araberakoa izango da:
Eskaintza bat edo batzuk bidaliko dira posta elektronikoz izangaiaren helbide elektronikora, jaso izanaren adierazpenarekin eta irakurketarekin. Aldi berean, interesdunak SMS bidezko abisu bat jasoko du, eskaintza bat posta elektronikoz jaso duela jakinarazteko.
Hautagaiak eskaintzaren bat onartuz poztaz erantzuten badio Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzako Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloari, destino hori esleituko zaio. Hala ere, eskaintza(k) baztertuz erantzuten badu postaz, lan-poltsatik kanpo geratuko da.
Behin ordubeteko epea igarota, hautagaiak ez badio postaz erantzun Arloari onartu duela berresteko edo, hala badagokio, eskaintzari uko egiteko, telefonoz harremanetan jartzen saiatuko da eskaintza egiteko.
Telefono-deia egin ondoren ezin izan bada interesdunarekin harremanetan jarri, lan-poltsan lehentasun-hurrenkeraren arabera agertzen den hurrengo pertsonari egingo zaio eskaintza.
Posta elektronikoa bidali eta 24 ordu igaro ondoren interesduna Koordinazio Zuzendaritzako Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloarekin harremanetan jartzen ez bada, ezin aurkitutzat joko da, eta, beraz, poltsatik kanpo geratuko da.
4.– Zerbitzuak emateko betebeharra.
Eskaintza egiten zaion pertsonak nahitaez onartu behar du eskaintza, eta dagokion zerbitzua eman, lanean edo aldi baterako bajan dagoen kasuetan izan ezik.
5.– Hautagaia lan-poltsatik kanpo uztea.
Lan-poltsatik kanpo geratzeko arrazoiak dira:
a) Hautagaiak borondatez uko egitea.
b) Lanerako prest dagoen lan-eskaintza bati uko egitea.
c) Aldi baterako bajan sei hilabete baino gehiago egotea.
d) Euskal administrazio publikoen mendeko polizia-kidegoetako batean praktiketako edo karrerako funtzionario izendatzea.
e) Adierazitako epean (3 egun naturaleko epean) ez aurkeztea aldi baterako baja eragin zuen arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa, edo epe horretan ez jakinaraztea aldi baterako baja eragin zuen arrazoia amaitu dela.
f) Arau-hauste penal bat egiteagatik kondena irmoa jaso izana.
g) Udalak mugiaraztea edo kargutik kentzea, kontraesaneko administrazio-espediente bat ireki ondoren. Espediente horretan egiaztatu beharko da lanpostua betetzeko gaitasunik eza, inhibiziorik ez dakarren eta lanpostuari esleitutako eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen errendimendu nahikorik eza.
h) Zehapen irmoa jasotzea Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Araudian jasotako falta astun edo oso astun bat egiteagatik, udaltzain-agente gisa lan egiten duen bitartean.
i) Aurkitzeko moduan ez egotea, posta ziurtatuz egindako jakinarazpenetik ezarritako epea igaro ondoren.
j) Bigarren oinarrian parte hartzeko ezarritako baldintzak ez betetzea, nahiz eta izendapena egin eta lanpostuaz jabetu aurretik gerora sortutako arrazoi batengatik izan.
Lan-poltsatik kanpo uzteko, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena beharko da. Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak ezagutzen dituen kanporatze-kasuak ahalik eta lasterren jakinaraziko zaizkio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari.
6.– EAEko toki-korporazioetan aldi baterako zerbitzua emateko Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako bitarteko agenteen lan-poltsaren publizitatea.
Behin Udaltzaingoko bitarteko agenteen kontratazio-poltsa eratutakoan, hamaikagarren oinarrian ezarritakoaren arabera, lan-poltsa hori eguneratu egingo da, kontratazio-poltsaren kudeaketan gerta daitezkeen gorabeherekin, eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak hiru hilean behin eguneratuko du, Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloaren bitartez.
Udaltzaingoko bitarteko agenteen kontratazio-poltsaren eguneratzeak Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko dira: www.udaltzaingoak.eus
Egiten diren eguneratzeetan, honako hauek jasoko dira: osatzen duten pertsonak (Datuak Babesteko Espainiako Agentziak horri buruz emandako jarraibideen arabera anonimizatutako datuekin), lehentasun-ordena zehazten duen puntuazioa, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna eta hautagaiaren egoera.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eguneratze horien berri emango zaio, eta bere webgunean argitaratuko ditu: www.arkauteakademia.euskadi.eus
Hamalaugarrena.– Lan-poltsen koordinazioa.
Aurretiazko deialdietan sortutako kontratazio zerrendetan oraindik mantentzen diren pertsonek lehentasuna izango dute deialdi honen aurrean, zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.
Hamabosgarrena.– Agiriak aurkeztea eta betekizunak egiaztatzea.
Lan-poltsa hori osatzen duten pertsonek zerbitzua emateko eskatzen zaien toki-korporazioetan aurkeztu beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agentearen funtzioak eta zereginak betetzeko deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten jatorrizko dokumentuak edo kopia konpultsatuak, hala eskatzen zaienean.
Toki-korporazioek gehienez ere 15 egun natural izango dituzte izendapenak egiteko. Epe hori igaro ondoren egin ez bada, hautagaia kontratazio-poltsan lanerako prest egotera itzuliko da, eta beste eskaintza batzuk egin ahal izango dizkie.
Hamaseigarrena.– Argitalpenak.
Besterik adierazi ezean, hautaketa-prozesu honetan egiten diren argitalpenak Euskal Enplegu Publikoaren Atarian egingo dira, helbide elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/akademia
Hautaketa-prozesuan zehar, prozesuaren alderdiekin lotutako informazio guztia aipatutako helbide elektronikoan argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako.
Era berean, informazio hori eskuragarri egongo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean.
EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko iragarki-taulan argitalpen digitalaren iragarkia agertuko da, jaulkipen-data adierazita.
Helbide elektronikoan argitaratzen den data erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.
Helbide elektronikoan egiten diren argitalpen guztiak jakinaraziko zaizkie telefono mugikorraren zenbakia SMS bidez eman duten parte-hartzaileei. Abisu hori ematen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
Hamazazpigarrena.– Errekurtsoak.
Deialdi honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da jurisdikzio-bidera jo hura berariaz ebatzi arte edo isiltasunez ezetsi arte.
Interesdunak jurisdikzio-aurkaratzea aukeratzen badu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
Deialdi honetatik, epaimahaien jardueratik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoetatik eratorritako administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.
Arkauti, 2025eko abenduaren 10a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
JON GURUTZ GOMEZ GOICOLEA.
ERANSKINA
GAI-ZERRENDA
I.– Herritarren eskubideak.
1.– Giza eskubideak: giza eskubideen alderdi orokorrak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Giza Eskubideak Babesteko Europako Sistema.
2.– Eskubide eta askatasunak Konstituzioan: oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.
3.– 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena: atariko titulua. I. titulua: eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa. II. titulua: EAEko botere eta administrazio publikoen jardunean genero-ikuspegia txertatzeko neurriak.
4.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: datuak babesteko printzipioak. Pertsonen eskubideak. Gardentasuna eta informazioa. Eskubideak egikaritzea.
5.– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena: xedapen orokorrak. Antolaketa eta araubide juridikoa. Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren organoak. Ikertzeko ahala.
6.– 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena: jarduteko arau orokorrak.
7.– 10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Integralarena: xedapen orokorrak. Segurtasun-indar eta -kidegoen jarduna.
8.– 2/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeena: Atariko Titulua. 150. eta 151. artikuluak.
9.– 4/2023 Legea, otsailaren 28koa, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa: atariko titulua. II. titulua, I. kapitulua. IV. titulua. Arau-hausteak eta zehapenak. Azken xedapenetako zortzigarrena
II.– Antolaketa politiko administratiboa.
10.– Europako esparrua: Europaren eraikuntzaren historia. Europako erakundeak eta haien eskumenak.
11.– Estatuaren lurralde-antolaketa Konstituzioan: toki-administrazioa. Probintzia. Udalerria. Autonomia-erkidegoak.
12.– EAEren antolaketa politiko eta administratiboa: Euskal Herriaren Estatutuaren aurrekariak eta sorrera. Euskal Herriaren Estatutuaren Atariko Titulua. Euskal Herriaren botereak. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan bereganatutako eskumenak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak.
13.– Udalerria: Lurraldea eta biztanleria. Antolaketa. Eskumenak. Araubide bereziak.
14.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Administrazio publikoetako organoak: administrazio-organoak eta eskumena. Administrazio publikoetako kide anitzeko organoak: funtzionamendua. Abstenitzea eta errekusatzea.
15.– Toki-erakundeen oinarriak: ondasunen kontzeptua, toki-erakundeen ondarea. Sailkapena. Araubide juridikoa. Toki-ogasunak: diru-sarreren sailkapena.
16.– 318/2024 Dekretua, urriaren 29koa, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
III.– Zuzenbidearen iturriak eta administrazio-prozedura.
17.– Administrazio-zuzenbidearen iturriak: Legea: kontzeptua eta motak. Erregelamendua: erregelamenduak egiteko ahalaren titulartasuna eta mugak. Arauen arteko hierarkia. Legezkotasun-printzipioa administrazio publikoan.
18.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: administrazio-egintza: alderdi orokorrak. Efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazio-isiltasuna.
19.– Administrazio-prozedura: interesdunak. Administrazio-prozeduraren faseak. Egintzak berrikustea.
20.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa. Xedapen orokorrak. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.
IV.– Zigor-zuzenbidea. Zati orokorra.
21.– Zigor Kodearen atariko titulua. Zigor-bermeak eta Zigor Legearen aplikazioa.
22.– Delituak (ZKren 10-18 artikuluak).
23.– Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten kausak (ZKren 19. eta 20. artikuluak).
24.– Erantzukizun kriminala arindu edo larriagotzen duten inguruabarrak (ZKren 21. eta 22. artikuluak).
25.– Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak (ZKren 27.– 30. artikuluak).
V.– Bide-segurtasuna.
26.– Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra: aplikazio-eremua (atariko titulua).
27.– Bide Segurtasunaren Legea: I. eranskina. Oinarrizko kontzeptuak.
28.– Bide Segurtasunaren Legea: arau-hausteak.
29.– Bide Segurtasunaren Legea: zehapenak.
30.– Bide Segurtasunari buruzko Legea: erantzukizuna.
31.– Bide Segurtasunaren Legea: zehapen-prozedura.
32.– Bide-segurtasunari buruzko Legea: zirkulazioko jokabide-arauak.
33.– Bide Segurtasunari buruzko Legea: puntuak galtzea dakarten arau-hausteak.
34.– Bide Segurtasunari buruzko Legea: Gidatzeko baimenak.
VI.– Arriskuen prebentzioa.
35.– 1/2017 Legegintzako Dekretua, apirilaren 27koa, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bategina onartzen duena: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Babes zibila: antolaketa eta eskumena.
36.– 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: xedea. Aplikazio-eremua. Eskubideak eta betebeharrak.
VII.– Euskal Herriko Historia, Natura Ingurunea eta Demografia.
37.– XIX. mendeko Euskal Herriaren Historia: konstituzio-aldia eta absolutismoa berrezartzea. Gerra karlistak: aurrekariak, bandoak, garapena eta ondorioak. Foruen abolizioa. Euskal nazionalismoa: sorrera eta garapena.
38.– XX. mendeko Euskal Herriaren Historia: monarkiaren krisialdia. II. Errepublika. Gerra Zibila, Autonomia Estatutua eta lehen Eusko Jaurlaritza. Frankismoa: errepresioa, erbestea eta erresistentzia. Trantsizio demokratikoa.
39.– Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ingurunea: erliebearen konfigurazioa, unitate morfoestrukturalak. Klima. Sare hidrografikoa. Itsasertza eta itsasoko urak. Landare-paisaia eta lurzoru-motak. Bide-sarea. Trenbide-sarea. Portuak eta aireportuak.
VIII.– Herritarrei zerbitzua emateko polizia.
40.– Euskal Herriko poliziaren jatorria eta garapena: Ertzaintzaren jatorri historikoa. Gernikako Estatutuaren 17. eta 36. artikuluak. 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena: I. titulua, IV. kapitulua; II. titulua, I. kapituluko 1. atala; III. kapitulua.
41.– 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa: I. titulua, I. kapitulua, III. titulua, I. eta II. kapituluak.
42.– 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa: 15. artikulutik 20. artikulura.
IX.– Komunikazioa.
43.– Komunikazioa administrazioan: administrazio-hizkera ez-sexista zuzen erabiltzea.
X.– Genero-indarkeria.
44.– 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa: atariko titulua.
RSS