Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2025eko abenduaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5549

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 22koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira Lan-arriskuen Prebentzioaren arloko jardueretarako dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, eta 2026. urteko deialdia egiten baita.

Lan Arriskuak Prebenitzeko Estatuko Fundazioaren (aurrerantzean, FEPRL) xedea da laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzea, bereziki enpresa txikietan, lan-arriskuak prebenitzeko arautegia betetzeari buruzko informazio, laguntza tekniko, prestakuntza eta sustapeneko ekintzen bidez.

Uztailaren 16ko TES/835/2025 Aginduak 577.264,97 euro esleitzen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari (TES/835/2025 Agindua, uztailaren 16koa, Estatuaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatutako lurralde-eremuko laneko arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak finantzatzeko kredituak lurraldeka banatzen dituena 2025eko ekitaldirako).

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera laneko arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen pean emateko oinarri arautzaileak onartzen dituen uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 1. artikuluaren bigarren paragrafoak dioenez, «Autonomia-erkidegoek beren araudi propioa ezarri ahal izango dute dagozkien dirulaguntzak kudeatzeko eta emateko, beren kudeaketa-eskakizunen, administrazio-antolamendutik eratorritako espezialitateen eta kudeaketa-eremuan aplikatu beharreko arauen arabera».

Gure eremu autonomikoan, ebazpen honek onartzen ditu berezko araudi autonomikoa edo dirulaguntza horiek emateko oinarri arautzaileak. Ondorioz, onartzen diren oinarriak bat datoz 1. artikuluan bertan eta 2., 3., 4., 5., 6., 7.1, 17.1, 18.1 eta 20tik 25era bitarteko artikuluetan ezarritako oinarriekin, estatuko agindu horren 23. artikuluaren 3, 4, eta 5 puntuetan ezarritakoekin izan ezik; gainerako artikuluetako oinarrien edukia ordezko arau gisa aplikatuko dira, 1.2 artikulu horren hirugarren paragrafoaren arabera.

Kudeaketa arintzearren, 2026rako EAEko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedientearen aldez aurreko izapidetzearen arabera izapidetuko da deialdi hau, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (agindu horren bidez, EAEko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurreko izapidetzea arautzen da). Horren ondorioz, deialdiko dirulaguntzak gauzatzeko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da 2026ko EAEko Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, adierazi behar da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen (aurrerantzean, Osalan) 2025-2028 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoak, zeina bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren otsailaren 4ko Aginduaren bidez onartu baitzen, dirulaguntza horiek aurreikusten dituela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatutakoa betez.

Ebazpen honetan iragarritako dirulaguntzek plan estrategiko horretan ezarritako helburuak lortzen lagunduko dute, laneko arriskuen prebentzioa dela-eta genero-ikuspegiarekin kontzientziatzen zehazki, eremu horretako prestakuntza eta berrikuntza sustatuz, bai eta langileen osasuna babesten ere, gizarte-aldaketei (zahartzea, lana antolatzeko modu berriak, globalizazioa) aurrea hartzeko prebentzio-neurriak, aldaketa teknologikoak (digitalizazioa, automatizazioa) eta ingurumenekoak (klima-aldaketa) zehaztuz.

Dirulaguntza horiek 9. helburu estrategikoaren barruan daude, 11. dirulaguntza-lerroan. Osalanen 2025-2028 aldirako Dirulaguntza Plan Estrategikoko Laneko Arriskuen Prebentzioaren eremuko (Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioa) jarduerak egitea.

Printzipio horiekin bat, eta gastu-kredituaren habilitazioan oinarrituta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinean bildu diren dirulaguntzak, Laneko Arriskuen Prebentzioaren eremuan jarduerak egitekoak, emateko oinarri arautzaileak onartzea, eta 2026. urterako deialdia egitea.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ebazpen honetan jasotako laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren arabera (Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen du urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 123. eta 124. artikuluetan eta uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duenak) 8.3 eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Barakaldo, 2025eko abenduaren 22a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

I. ERANSKINA
2026AN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOAN JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK.

Lehenengoa.– Xedea eta eremua.

Oinarri hauen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak (aurrerantzean, Osalan) norgehiagoka-araubidean emango dituen dirulaguntzak arautzea, lan-arriskuen prebentzioaren arloan sektorearteko edo sektoreko ekintzak egiteko, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera. Dirulaguntza horien azken hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) kokatutako lantokietan zerbitzuak ematen dituzten enpresak eta langileak izango dira.

Bigarrena.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio honek nahiz beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuek xede eta helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntza eta laguntzekin.

Dirulaguntza eta laguntza horiek jaso dituela jakinarazi beharko dio erakunde onuradunak Osalani.

2.– Emandako dirulaguntzaren zenbatekoak, diruz lagundutako jarduera bererako lortutako beste dirulaguntza eta laguntza batzuekin edo jarduera hori gauzatzean lortutako diru-sarrerekin batera, ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoaren % 100. Hori gertatuz gero, haborokina kenduko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

3.– Beste dirulaguntza nahiz laguntzarik lortuz gero, instrukzio-organoari jakinarazi beharko zaio lortzen den unean bertan, dela diruz lagundutako jarduera gauzatu aurretik, dela gauzatu bitartean; hura esleitzen duen ebazpena aurkeztu ere egin beharko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdiaren ebazpena emango bada, aldez aurretik kreditu egokia eta nahikoa egon beharko du EAEren 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan.

2.– Ebazpen honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak 2025. urtean horretarako transferitutako aurrekontu-kreditutik datoz, eta bostehun eta hirurogeita hamazazpi mila berrehun eta hirurogeita lau euro eta laurogeita hamazazpi zentimo dira (577.264,97).

Laugarrena.– Ekintzen hartzaileak.

Besteren nahiz norberaren konturako langileak eta egoitza fiskala EAEn duten enpresak, bereziki txikiak, izango dira ekintzen hartzaileak.

Oinarri hauei dagokienez, berrogeita hamar langile baino gutxiagoko plantilla duen enpresak hartuko dira enpresa txikitzat.

Bosgarrena.– Entitate onuradunak.

Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradunak:

– Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeak.

– Beren sektore- eta lurralde-eremuetako enpresa- eta sindikatu-erakunde esanguratsuak. Sindikatuen eta enpresa-erakundeen estatutuak gordailutzeari buruzko maiatzaren 29ko 416/2015 Errege Dekretuaren arabera eratuta egon beharko dute sindikatuek eta erakunde horiek.

– Aurreko bi azpiataletan aipatutako erakundeek beren helburuak lortzeko eratutako fundazio, elkarte zein bestelako erakundeak.

Seigarrena.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.

– Ezingo dira entitate onuradunak izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.

– Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 20/2023 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betekizunak bete beharko dituzte.

– Aurreko artikuluaren c) letran aipatutako fundazio, talde nahiz bestelako erakundeak, nortasun juridikorik ez badute ere, dirulaguntza bat eskatzen badute sektorearteko ekintzak egiteko, eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak egin baditzakete, onuradunak izan ahalko dira baldin eta dirulaguntza emateko eskabidean alderdi hauek berariaz jasotzen badituzte, erakundeok osatzen dituzten kide guztiak onuraduntzat hartuko baitira:

– Dena delako fundazio, talde edo erakundeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartu dituen konpromisoak.

– Eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa, dena delako fundazio, talde edo erakundeko kide bakoitzak aplikatu beharrekoa.

– Dena delako fundazio, talde edo erakundearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatzea, erakunde onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiekin.

Onuradun egiten diren fundazio, talde nahiz bestelako erakundeak ezin izango dira desegin harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epea, legez aurreikusitakoa, igaro arte.

Zazpigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Dirulaguntza-eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.

Zortzigarrena.– Eskabideak atontzea eta aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztuko dute dirulaguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.

2.– Eskaeraren datuak larriki ezkutatzeak, aldatzeak edo eskatutako informazioa edo harekin batera doan aplikazio telematikoan sartutako dokumentuak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

3.– 5. artikuluko erakundeek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza-eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoaren (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/osalan-2025-estatal-fundacion-prl/web01-tramite/eu/) web-helbidean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

Eskabidea aurkeztu osteko izapideak egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta.

Helbide honetan eskuratu daitezke esandako egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio- eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) aipatu egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira.

4.– Dirulaguntza eskatzen duten erakundeek ordezkari baten bitartez jardun ahal izango dute, bai eskabidea elektronikoki aurkezteko, bai administrazio-prozeduraren gainerako izapideak bide beretik egiteko.

5.– Erakunde eskatzaile eta, hala badagokio, onuradunak gure autonomia-erkidegoko hizkuntza ofiziala aukeratu ahal izango du, eta bertan aurkeztuko du bai dirulaguntzaren eskabidea, bai administrazio-prozeduran aurkezten duten edo aurkeztu behar duten beste edozein dokumentu, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluen eta Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legearen 76. artikulutik 79. artikulura bitartekoen arabera.

6.– Inprimaki elektroniko normalizatuaren bidez egiten diren eskaerak aukera ematen du dirulaguntza eskatzen duten erakundeek baimena eman dezaten hamalaugarren oinarriko 14.1 artikuluan aipatzen den organo kudeatzaileak nortasun-agiri nazionalari (NAN) edo identifikazio fiskaleko zenbakiari (IFZ) eta erregistro ofizialei buruzko datuak lortu edo egiaztatu ahal izan ditzan, dirulaguntza horiek kudeatzeko ondorioetarako soilik, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen ahalmenak. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak berak aurkeztu beharko ditu.

7.– Entitate eskatzaileak eskabidean berariaz baimendu ahal izango du Osalan, 20/2023 Legearen 13.1 artikulutik 4. artikulura bitartean aurreikusi bezala, erakunde onuradun izateko debekuen eraginpean ez dagoela justifikatzen duen dokumentazioa lortzeko. Berariazko baimenik izan ezean, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du eskabidean «Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua», erakunde onuradun izateko debekurik ez duela adierazten duena (IV. eranskina, beteta).

Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak–, bide hauek dituzte eskatzaileek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

8.– Dokumentu hauek erantsiko zaizkio eskabideari:

Erakundearen sortze-eskrituren kopia kautoa, estatutuak eta erregistro ofizialaren ziurtagiria, erakundea legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

Erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza egiaztatzeko notario batek sinadura duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia kautoa. Erakunde-ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa izango egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela ziurtagiriaren erakunde titularraren izenean izapidetzeko.

Diruz lagundu daitekeen jardueraren deskribapena, I. eranskineko ereduaren arabera («Proiekturako memoria teknikoaren eredua»).

Diruz lagundu daitekeen jardueraren aurrekontu ekonomikoa, II. eranskineko ereduaren arabera («Proiektuaren memoria ekonomikoaren eredua»).

Bosgarren oinarriko c) letrako erakundeek eskabide bat aurkezten badute:

1.– Ekintza gauzatzean kide bakoitzak bere gain zer konpromiso hartzen dituen jasotzen duen dokumentua.

2.– Kide bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpenak, bederatzigarren oinarriaren arabera.

Proiektuaren zati baten garapena edo exekuzioa hirugarrenekin kontratatu nahi bada, kontratazio horretara jo beharra justifikatzen duen memoria, kontratatu beharreko zenbatekoa jasotzen duena.

Diruz lagundu daitekeen proiektua osatzen duten ekintzak gauzatzean erakunde eskatzaileak kontuan hartuko dituen adierazleen zerrenda, ekintza horiek egitean lortutako emaitzak objektiboki kuantifikatu ahal izateko, bai eduki teknikoari dagokionez, bai eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari dagokienez.

Ez dira aurkeztu beharko dagoeneko Administrazioaren esku dauden agiriak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua).

Bederatzigarrena.– Onuradun edo entitate laguntzaile izateko debekuak.

1.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1, 2, 3 eta 4 ataletan aurreikusitako egoera batean diren entitateak: Egoera horietakoren batean ez dagoela justifikatzeko, erakundeak, eskaerarekin batera, lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak, datu-transmisioak edo administrazio-ziurtagiria aurkeztu ahal izango ditu.

2.– Baldin eta agintaritza eskudunak ezin badu aurreko apartatuko justifikazio-dokumentazioa jaulki, erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen batez ordezkatu ahal izango da, IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera («Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, erakunde onuradun izateko debekuren baten eraginpean ez dagoela adierazteko»).

Erakunde eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen duen funtsezko datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada, edo halakorik ez badu aurkezten, edo deklaratzen dena betetzen duela egiaztatzeko eskatzen zaion dokumentazioa administrazio honi ez badio aurkezten, ezin izango da onuraduna izan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikuluaren arabera.

Hamargarrena.– Eskabideak zuzentzea eta jakinarazpenak egitea.

1.– Dirulaguntzaren eskabideak edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioak oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, edo edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpena eman ondoren. Ebazpen horretan adieraziko da zer egitate gertatu diren eta zer arau aplikatu behar diren, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio.

2.– Aurreko apartatuko jakinarazpena zein 14.1 oinarrian esaten den organo kudeatzaileak egiten dien jakinarazpena elektronikoki egingo zaizkie erakunde eskatzaileei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Hamaikagarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gauzatzeko epeak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko azaroaren 30era bitartean egingo dira, eta bereziki EAEn kokatutako enpresa txikietan laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzea izango dute, zalantzarik gabe, helburua.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerek genero-ikuspegia kontuan hartu beharko dute. Hala, garatzen den jardueraren eremu zehatzean emakumeen eta gizonen artean egon daitezkeen desberdintasunak sistematikoki kontuan hartuko dituzte, eta neurriak diseinatuko dituzte berdintasuna sustatzeko eta desberdintasunak ezabatzeko, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 3., 17,19. eta 23. artikuluen arabera.

3.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerek ekintza mota hauek hartuko dituzte barne:

a) Informazio-ekintzak: laneko arriskuen prebentzio-ekintzaren printzipioak edo printzipio horiek aplikatzeko arau zehatzak langileen eta enpresaburuen artean zabaltzea helburu dutenak.

b) Laguntza teknikoko ekintzak: prebentzio-jardueren aplikazio praktikotik eta materialetik eratorritako arazoak aztertzeko eta konpontzeko ekintzak.

c) Prestakuntza-ekintzak: produkzio-jardueraren sektore eta azpisektoreetan eman daitezkeen programen metodoak eta edukiak diseinatzen dituztenak, batez ere enpresa txikiek osatutako egitura dutenak.

d) Lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzen dela sustatzeko ekintzak: langileek eta enpresaburuek lan-arriskuen prebentzioari buruzko legezko, arauzko eta hitzarmenezko xedapenak ezagutu eta aplikatzea sustatzen dutenak, bereziki produkzio-jardueraren sektore- eta lurralde-eremuetan garatutako mekanismoen eta tresnen bidez.

Ekintza-mota bakoitzean diruz lagun daitezkeen jardueren kasuak III. eranskinean jasotzen dira («Hamaikagarren 3. oinarriko diruz lagun daitezkeen jardueren zerrenda orientagarria»).

Hamabigarrena. Onuradunek diruz lagundutako jarduerak kontratatzea.

1.– Erakunde onuradunak berak egin beharko du diruz lagundutako jarduera. Hala ere, hirugarrenekin kontratatu ahal izango ditu berez egin ezin dituen jarduera lagunduak; ezintasuna diruz lagundutako proiektuaren memoria teknikoan egiaztatu beharko da.

Hasierako memorian edo ondorego baimenetan onartutako gastuak finantzatuko dira. Kontratazio-kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak, 20/2023 Legearen 31. artikuluari jarraikiz.

2.– Ezingo da kontrataziorik egin 20/2023 Legearen 31.7 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeekin.

3.– Kontratatutako zenbateko osoa, hau da, hirugarrenekin egindako kontratu guztien prezioen batura, ezin izango da diruz lagundutako proiektuaren kostu finantzagarri osoaren % 50 baino handiagoa izan.

4.– Baldin eta hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino handiagoa bada, kontratazioa idatziz egingo da. Hori gora-behera, dirulaguntza ematen duen organoak baimena eman beharko du sinatu aurretik.

5.– Pertsona fisiko edo juridikoen taldeak direnean –nortasunik gabeko pribatuak edo publikoak–, eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz jaso beharko dira taldeko kide bakoitzak proiektua egikaritzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkarketek ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko dute, eta behar besteko ahalmena eman betearaz ditzan elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak. Taldea ezingo da desegin harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren eskubideen legezko preskripzio-epea igaro arte, 20/2023 Legearen 11.4 artikuluaren arabera.

Hamahirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, diruz lagundu ezin direnak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Sektorearteko ekintzek gehienez 100.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango dute, eta sektoreko ekintzek 50.000 eurokoa proiektu bakoitzeko.

2.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz:

Jarduerak garatzeko beharrezkoak diren gastu guztiak, baldin eta jarraian ezarritako mugak betetzen badira eta eskabideari erantsitako dokumentazioan ezarritako eta behar bezala zehaztutako gauzatze-aldian egiten badira, betiere 20/2023 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritako arauak betez.

Dirulaguntzaren bidez, jarduera lagungarriaren kostua osorik finantzatu ahalko da. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira proiektuari dagozkion jarduerak egiteagatik sortutakoak. Hauek dira:

a) Langile-gastuak:

Langileen gastuak justifikatzeko, proiektuan biltzen diren pertsonen kontratuak eta nominak aurkeztu beharko dira. Gainera, langileen gastuek bete egin beharko dituzte uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 18.6.a) artikuluan aipatutako mugak. Artikulu horrek tarifa-sistema bat xedatzen du, langile-gastuak adierazitakoak baino altuagoak direnean aplikatzeko.

Erakunde onuradunaren langile-gastuak. Erakunde horrek egiaztatu beharko du zenbat ordu eman dituen langile bakoitzak proiektuko jardueretan, ordu horien ehunekoa proiektu osoaren ordu kopuruarekiko eta horien kostua.

Teknikari laguntzaileak proiektura biltzeak ekarritako kostua. Teknikari horiek obra edo zerbitzu jakinerako edo prestakuntza-beken bidez kontratatuko dira, bi kasuetan jarduerarako soilik, eta horretan baino ez dute jardungo lanean.

b) Gauzatze-gastuak:

Aparatuak, ekipoak eta dibulgazio-materiala: Ekipamendu eta tresnen kostuak jarduera zehatzerako erabiltzen diren neurrian eta aldian finantzatuko dira, eta, beraz, urteko amortizazioak baino ezingo dira finantzatu. Aparatu eta tresna hauek aurkeztuko dira justifikatzeko: hasieran onartuak, izendapen berberekin, edota gerora onartutako aldaketetan jasotakoak. Ez da aparatuak eta tresnak aldatzeko eskatu beharko, baldin eta berriek pareko funtzionalitatea badute. Nolanahi ere, aldaketa horiek argi azaldu beharko dira justifikatzeko memoria ekonomikoan. Partida horren barnean finantzatzeko gastutzat hartuko da aparatuak eta tresnak «renting» eta «leasing» formulen bidez eskuratzea. Kasu horietan, hauek baino ez dira hartuko gastu finantzagarritzat: tresna horiek jardueretarako erabiltzen diren hilabeteei dagozkien ordainketa-kuotak. Dibulgazio- edo prestakuntza-ekintzetarako materialetik eratorritako gastuak finantzatu ahal izango dira.

Hirugarrenak kontratatzeko gastuak: Hirugarrenak kontratatzeko gastuak behar bezala xehakatuko dira, eta proiektua gauzatzeko egindakoak soilik hartuko dira aintzat. Hirugarrenen kontratazioa deialdi honen 12. artikuluan ezarritako ezaugarrien mende egongo da. Hasierako memorian edo ondorengo baimenetan onetsitako hirugarrenen kontratazio-gastuak finantzatuko dira.

Proiektuan zuzenean erabiltzeko bibliografia-funtsak eta material suntsikorra erosteko gastuak.

Bidaiak, joan-etorriak eta mantenu-gastuak: jardueraren lantaldeko kideenak edo proiekturako kontratatutako teknikari laguntzaileenak baino ez, laneko segurtasunaren eta osasunaren gaineko proiektuetarako finantzatu daitekeen kostuaren % 5eko mugarekin. Diruz lagundutako jarduera egiteko ezinbesteko gastuak baino ez dira finantzatuko: eskabidearen memorian aipatzen direnak edo ondoren onartzen direnak, jarduera gauzatzeko eta emaitzak aurkezteko ezinbestekoak direnean. Inoiz ez dira finantzatuko egonaldi akademikoen edo prestakuntza jasotzeko egonaldien ondoriozko gastuak.

Erakunde onuradunak ezin izango du inola ere diruz lagundu jasandako BEZ kengarria.

c) Zeharkako gastuak: Aurreko a) eta b) ataletan jasotako zuzeneko gastu gisa justifikatutako zenbatekoaren % 15 onartuko da gehienez. Behar bezala justifikatzeko, aurkezpen-egunean azkenekoz ikuskatutako urteko kontuak aurkeztuko dira, erabilitako egozpen-irizpideen azalpenarekin batera. Aurkeztu beharreko nominak diruz lagundu beharreko aldian gauzatutakoak eta aurreikusitakoak izango dira.

3.– Eskura dauden baliabideak ezin izango dira erabili azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako enpresaren prebentzio-betebeharrak betetzera bideratutako ekintzak finantzatzeko, ezta lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudian enpresaburuarentzat nahitaezkotzat jotako beste edozein ekintza finantzatzeko ere.

Hamalaugarrena.– Organo kudeatzailea eta balorazio-batzordea.

1.– Osalaneko Plangintza Zuzendariordetzak kudeatuko du dirulaguntzak emateko deitutako prozedura.

2.– Aurkeztutako eskabideak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, sexu-parekidea eta Osalaneko pertsona hauek osatua:

– Batzordeburu, Plangintzako zuzendariordea.

– Bost bokal hauek:

1.– Bizkaiko Lurralde Zentroko Lan Osasuneko Unitateko mediku bat.

2.– Zuzendariordetza Teknikoko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikari bat.

3.– Gipuzkoako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikari bat.

4.– Arabako Lurralde Zentroko Lan Arriskuen Prebentzioko teknikari bat.

5.– Berdintasuneko teknikari bat.

– Idazkaria: Plangintza Zuzendariordetzako ikerketa-teknikari bat.

3.– Zuzendariordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria den batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, kargua hutsik dagoenean edo pertsona kanpoan, gaixorik edo legezko denean edo beste legezko kasuren bat denean.

Zuzendariordetza hori hutsik badago edo titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo batzordeburua ordeztea eragozten dion beste legezko kasuren bat bada, hierarkia, antzinatasun eta adin handieneko kidea arituko da, hurrenkera horretan, balorazio-batzordeko buru.

4.– Batzordeko idazkaria karguan ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, edozein kidek ordezkatuko du, Zuzendariordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariak izan ezik.

5.– Balorazio-batzordeak aholkulariak eduki ahal izango ditu. Aholkulari horiek hitza izango dute, baina botorik ez. Batzordeburuak izendatuko ditu, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloan duten kualifikazioa eta esperientzia kontuan hartuta, eta ez dute enplegatu publikoen beharrik izango.

6.– Balorazio-batzordearen osaera izenduna jakinaraziko da euskadi.eus egoitza elektronikoan, interesdunei bermatu behar baitzaie batzordeko kideak errefusatzeko eskubidea eraginkortasunez baliatzeko aukera, betiere Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan, EHAAn edo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) ezarritakoaren arabera.

Hamabosgarrena.– Baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.– Balorazio-batzordeak onartutako eskabideetan aurkeztutako proiektuak aztertuko ditu, eta honako balorazio-irizpide hauen arabera baloratuko ditu (gehienez 100 puntu):

a) Inpaktu- eta egokitasun-irizpideak (gehienez 50 puntu).

1.– Langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko aurreikuspena: prebentzioaren integrazioaren gaineko eragina, prebentzio-tresnen diseinuaren eta egikaritzaren hobekuntza: arriskuen ebaluazioa, prebentzio-plangintza, osasunaren zaintza... Esperientzia langileen prestakuntza eta ezagutza hobetzen: eragina langileen, enpresaburuen eta beste eragile batzuen prestakuntzan, ezagutzan eta aholkularitzan. Langileengan izan lezakeen inpaktua, generoaren ikuspegitik: emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua jardueretan, Laneko Arriskuen Prebentzioan genero-arrakalak hautematen eta murrizten laguntzea eta sektore feminizatuetan duen eragina, sektore maskulinizatuetako emakumeengan duen eragina (0-15 puntu).

2.– Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa: proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazioak lan-arriskuen prebentzioan (enpresetan, ekoizpen-sektoreetan edo orokorrean duten aplikazioa). Esperientzia enpresekiko eta langileekiko harreman zuzenean. Enpresa txikiei bereziki zuzendutako jarduera (0-15 puntu).

3.– Proiektua deialdiko gaiei egokitzea: III. eranskineko aukeratutako proiektuaren gaiarekiko zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna, eta proiektuan genero-ikuspegia txertatzeko moduaren zehaztasuna, argitasuna eta egokitasuna (0-10 puntu).

4.– Emaitzak zabaltzeko plana: jarduera aktiboki hedatzeko plana, tailer, mintegi, webinar eta abarren bidez. Langile-kolektiboentzako bitartekoak, publizitatea, iragarkiak eta eragin-lekuak zabaltzeko baliabideak izateko aukera. Proiektua argitalpen zientifikoetan, aldizkari espezializatuetan, jardunaldi eta bilera zientifikoetan, beste argitalpen batzuetan, patenteen erregistroan eta abarretan argitaratzeko aukera (0-10 puntu).

b) Irizpide teknikoak: proiektuaren kalitate-maila, hedapena eta genero-ikuspegiaren txertaketa (gehienez 50 puntu).

1.– Metodologia: deskribapenaren argitasuna baloratuko da, jardueraren gaiarekiko egokitasuna, lanaren helburuak, lan-ildoa garatzeko elementuen eta tekniken deskribapena, bai eta adierazle kuantifikagarri, justifikatu eta kontrolagarrien erreferentzia ere. Adierazle horiek kontuan hartuko dira diruz laguntzen diren jarduerak laneko segurtasunaren eta osasunaren eremuan duen eragina ebaluatzeko. Gainera, datuak sexuka banakatuta jasoko dira, pertsonei buruzkoak badira (0-10 puntu).

2.– Proiektuaren plangintza: zereginen deskribapena kronograma baten bidez (zereginen banaketa, sekuentzia eta iraupena). Eskura dauden baliabideak proposatutako helburuetara egokitzea: giza baliabideak eta baliabide teknikoak, kudeaketa-plan koherentea eta posibilista, aurreikusitako epeak, etab. Azpikontratatutako jarduerak kronograman eta kudeaketa-planean nola txertatzen diren (0-10 puntu).

3.– Proiektua gauzatuko duen taldearen eta pertsonen gaitasun teknikoa eta profesionala. Esperientzia eskaintzen duen laguntza profesionaleko sare edo egitura bat izatea. Taldeak antzeko proiektuetan duen esperientzia. Lantaldeak lan-eremu horretan genero-ikuspegia txertatzeko duen prestakuntza eta esperientzia (0-10 puntu).

4.– Memoria ekonomikoa zenbateraino datorren bat proiektua gauzatzeko lanekin: aurrekontu xehea, deskribatutako jarduerekiko egokitasuna, partaide vs jarduera denbora-diagrama, ikertzaileen kostua orduko, proiekturako instalazioak eta azpiegiturak (0-10 puntu).

5.– Proiektuaren berrikuntza-maila: proiektuaren faktore berritzaileak, baliabide teknologikoak, abantaila aipagarriak, gaiaren ezagutza eta aurrekariak: esperientzia proiektuaren gaian, ikerketa-jardueraren lan-esparruarekin lotutako argitalpenak (0-10 puntu).

2.– Ezetsi egingo dira gutxienez puntuazio hauetakoren bat lortzen ez duten proposamen guztiak:

– Guztira 60 puntu bi atalak batuta.

– Gutxienez 30 puntu atal bakoitzean.

3.– Proiektuen arteko berdinketa gertatzen bada puntuazioan, hurrengo irizpideetan puntu gehien eskuratzen dituen proiektuaren alde egingo da, ondoren planteatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera:

– Pertsonen osasuna hobetzeko aurreikuspena, arreta berezia jarriz lan-istripuak eta lanbide-gaixotasunak murriztean, eta lehentasuna emanez langileen osasunean eragindako kalteak murriztean.

– Aplikagarritasuna enpresa txikietan, enpresa horien prebentzio-kudeaketa hobetuko duten eta baliabide propioen inplikazio handiagoa sustatuko duten tresnen garapena indartuz.

– Arrisku handieneko edo kalteberatasun bereziko egoeran dauden langileen babesa indartzea.

– Genero-ikuspegiaren txertatze-maila.

– Proiektuaren berrikuntza-maila, lana antolatzeko modu berrietatik eta aldaketa demografiko eta klimatikoetatik eratorritako aldaketen kudeaketa hobetzeko, prebentzioaren ikuspegitik, arrisku berriei eta sortzen ari direnei aurrea hartzea eta horiek kudeatzea lehenetsiz.

Emaitzen aplikagarritasuna eta proiektuaren eragin sozioekonomikoa.

Hamaseigarrena.– Eskabideen balorazioa eta behin-behingo esleitze-proposamena.

1.– Organo kudeatzaileak aztertuko ditu aurkezten diren eskabideak, eta, balorazio-batzordearen deialdia egin aurretik, egiaztatuko du deialdi honetako betekizun espezifikoak betetzen direla, hau da, diruz lagundu beharreko proposamenak bat datozela deialdiaren xedearekin eta eremuarekin, dirulaguntzaren xedea zein den, onuraduna izateko baldintzak betetzen direla, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkeztu dela, eskatutako dokumentazioa aurkeztu dela, bai eta aplikatu beharreko beste batzuk ere, eta, beharrezkoa bada, eskabideak zuzentzeko eskatuko du.

2.– Organo kudeatzaileak eskabideak aurreko apartatuan ezarritako baldintzetan baloratu ondoren, hamalaugarren oinarrian esandako Balorazio Batzordeari dei egingo dio, aurretiazko administrazio-baldintzak betetzen dituzten eta diruz lagun daitezkeen proiektu guztiak ebalua ditzan, hamabosgarren oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

Eskabideak baloratzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkez dezatela eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei.

3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

4.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak hautatzean, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan garatzen diren jarduerak direla ikusiko da, eta III. eranskinean jasotako gaiekin bat datozela baloratuko da.

5.– Gainera, erakunde eskatzaileek proposatutako ekintzen ebaluazio-adierazleen egokitasuna baloratuko da, ekintza gauzatu ondoren ekintzen finantzaketak laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntzaren sustapenean eraginik izan duen zehaztu ahal izateko.

Hamazazpigarrena.– Behin-behingo ebazpen-proposamena.

1.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, interesdunei deialdian ezartzen den moduan jakinarazi beharko zaiena, eta hamar eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko, 20/2023 Legearen 21.3 artikulua.

2.– Behin-behingo ebazpen-proposamenak eskabidea berratontzeko beharra ekar lezake, hurrengo artikuluak xedatutako moduan.

Hamazortzigarrena.– Eskabideak berratontzea.

1.– Baldin eta aurkeztutako eskabidean jaso den zenbatekoa baino txikiagoa bada behin-behineko ebazpen-proposamenaren dirulaguntzaren zenbatekoa, onuradunari eskatu ahal izango zaio eskabidea berriz egin dezala, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzari egokitzeko, 20/2023 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskabideak Balorazio-batzordearen adostasuna behar badu, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio, azken horrek eman beharreko ebazpena eman dezan.

3.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte, eskabideei dagokienez.

4.– Birformulazioa eskatu eta eskatzaileak erantzunik eman ez badu emandako epean, aurkeztutako eskabidearen zenbatekoari eusten zaiola ulertuko da.

Hemeretzigarrena.– Behin betiko esleitze-ebazpena eta laguntzaren onarpena.

1.– Interesdunek aurkeztutako alegazioak eta, halakorik denean, egindako eskabide-berratontzeak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da. Bertan, dirulaguntza ematea proposatzen den entitate eskatzaileen zerrenda adieraziko da, bai eta zenbatekoa ere, eta, hala badagokio, ebaluazioa eta erabilitako balorazio-irizpideak zehaztuko dira.

2.– Kudeaketa-fasean onuradun izateko proposatu direnei jakinaraziko zaie behin betiko ebazpen-proposamena, 15 eguneko epean onar dezaten. Onartzen ez duten kasuan, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da, 20/2023 Legearen 21.4 artikuluak xedatu bezala.

3.– Aurkezten diren eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe hori igarota ez bada esanbidezko erabakirik eman eta jakinarazi, eskaerak ezetsitzat hartu ahal izango dira 39/1992 Legearen 25 artikuluan ezarritakoari dagokionez eta Administrazioak esanbidezko ebazpena emateko obligazioa gora-behera.

4.– Emandako dirulaguntzen zerrenda erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta, gainera, egoitza elektronikoan argitaratuko da, haien zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta onuraduna adierazita.

Behin-behingo eta behin betiko ebazpen-proposamenek ez diote onuradun proposatuari inolako eskubiderik ematen Administrazioaren aurrean, 20/2023 Legearen 21.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hogeigarrena.– Prozedura ebaztea eta jakinarazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartutakoan, Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura ebatziko du.

2.– Ebazpenean, eskatzaile onuradunen zerrenda jasotzeaz gain, berariaz adieraziko dira laguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua eta dirulaguntzaren oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak; halaber adieraziko da gainerako eskabideak ezetsi direla. Deialdiaren oinarrietan jada jaso diren edukien erreprodukzioei buruzko baldintzak eta betekizunak ebazpenean jaso gabe utzi ahal izango dira, eta egoitza elektronikora bidaltzen duen deialdiarekiko eta oinarriekiko esteka jarri ahalko da, 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, 39/2015 Legeak 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

4.– Jakinarazpen elektronikoak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Hogeita batgarrena.– Esleitze-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, laguntza emateko ebazpen hori aldatu edo bertan behera utz liteke. Erakunde onuradunak 20/2023 Lege Orokorraren IV. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.

2.– Esleitze-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan gauzatu beharko dira jarduketak. Alabaina, beste dirulaguntza batzuk ere eskuratzen badira edo dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere dirulaguntzaren bidez lortutako helburuei edo laguntza emateko funtsezkoak diren edo erabakigarriak izan diren alderdiei, erakunde onuradunaren zehaztapenari eta hirugarrenei eragiten ez badie, Osalaneko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta, hala badagokio, emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde edo pertsona onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren arabera.

3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.

Hogeita bigarrena.– Dirulaguntza justifikatzeko eta dirulaguntza ordaintzeko prozedura.

1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak erregistratuta egon behar du hirugarrenen erregistroan. Alta eman edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Dirulaguntza horren zenbatekoa honela ordainduko da:

– Lehen ordainketa: % 50eko aurrerakina, aurretiazko ordainketa gisa, jarduerak egiteko, deialdi honen 19.3 artikuluan jasotako ebazpena emandakoan.

– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a aurreikusitako jarduerak amaitu ondoren ordainduko da, 2026ko abenduaren 1a baino lehen eta hurrengo atalean adierazten diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

3.– Eskatutako ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta onartutako jardueraren kostua ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.– Memoria ekonomikoa, egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituena, I. eranskinaren arabera. Memoria honetan jasotzen diren langile-gastuek datu hauek bildu beharko dituzte: proiektuari emandako ordu-kopurua, langilearen izen-abizenak, guztizko kostua edo urteko edo aldiko kostua (soldata eta gizarte-segurantzaren kostua banakatuta), urteko ordu-kopurua edo, gastua zein langileri egozten zaion, haren aldia eta orduko kostua.

2.– Izandako gastuen fakturak edo egiaztagiriak.

3.– Deklarazio osagarria, administrazio publiko eskudunei edo horiei lotutako edo mendeko erakundeei jarduera bererako eskatutako laguntzak jasotzen dituena, bai onartutakoak bai ebazteke daudenak, bai jasotako zenbatekoa edo jasotzeke dutena.

4.– Jardueraren onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan jasotako gastua benetan egin dela egiaztatuz. Fakturak zalantzarik gabe lotuta egongo dira diruz lagundutako jarduerekin, eta horietan bereizita eta banakatuta agertu beharko dira finantza daitezkeen kontzeptuak. Fakturekin batera, horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Ordainketen egiaztagiriak fakturetarako ezarritakoez bestelako epeetan aurkeztu daitezke, Osalani eskabidea egin ondoren.

5.– Fakturetako edo agirietako gastuaren datak ezingo dira izan 2026ko azaroaren 30a baino geroagokoak.

6.– Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.

7.– Diruz lagundutako ekintza bakoitzari dagozkion adierazleen ebaluazioa, onuradunak egina, ekintza horietan lortutako emaitzak objektiboki eta kuantifikatzeko moduan neurtu ahal izateko, bai eduki teknikoari dagokionez, bai eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari dagokienez.

Adierazleen ebaluazioa prozesu sistematiko gisa ulertu behar da, diruz lagundutako proiektuaren jarduna aztertu eta neurtzen duena, neurtzeko metodoak, datu-bilketa, emaitzen analisia eta, hala badagokio, ekintza zuzentzaileen proposamena erabiliz, hurrengo deialdiei begira, aplikatzekoa bada.

4.– Dokumentazioa jaso ondoren, Osalaneko langileek txosten tekniko bat egingo dute, enpresak eraman dituen jarduerak Osalaneko Balorazio Batzordeak baloratutakoekin bat datozen adierazteko. Txosten hori egin ondoren, Administrazio Sailak, fakturak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak egiaztatu ondoren, ordainketa egingo du jakinarazpen bat eginez, azkenean onartutako zenbatekoa adierazita.

Hogeita hirugarrena.– Diruz lagundutako eta kontrolatu beharreko jardueren segimendua.

1.– Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek aldian behingo jarraipena egingo dute, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, bai eta egiten ari diren eta egin diren ekintzak egiaztatzeko ere. Alde horretatik, erakunde onuradunek Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman beharko dute.

2.– Oro har, dirulaguntza jasotzen duten erakundeek gidaliburu, triptiko eta diruz lagundutako ekintzen garapenean argitaratuko den beste edozein materialen kopia bana emango diote Osalani, argitaratu aurretik, hogeita zazpigarren oinarrian aurreikusitako erakunde onuradunen betebeharren barruan.

Hogeita laugarrena.– Esleitze-ebazpena baliorik eza.

Ekainaren 25eko TES/864/2023 Aginduaren 20. artikuluaren arabera, laguntza emateko ebazpena deuseztatu eta baliogabetzeko arrazoiak 20/2023 Legearen 35. artikuluan ezarritakoak izango dira.

Hogeita bosgarrena.– Borondatezko ukoa eta laguntza itzultzea.

1.– Emandako dirulaguntzari borondatez egiten bazaio uko behin betiko emakida-ebazpena argitaratu ondoren, galdu egingo da dirulaguntza kobratzeko eskubidea, eta hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak itzuliko dira, dagokion atzerapen-interes eta guzti, TES/864/2023 Aginduaren 21.1 artikuluaren arabera.

2.– Jasotako aurrerakina borondatez itzuli nahi bada, hau da, onuradunak berak erabakita, dirulaguntza eman duen organoaren aurretiazko errekerimendurik gabe, onuradunak modu sinesgarrian igorri beharko dio banku-transferentziaren egiaztagiria aurrerakina igorri duen organoari, TES/864/2023 Aginduaren 21.2 artikuluaren arabera.

Hogeita seigarrena.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzea.

1.– Dirulaguntzaren entitate onuraduna 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetako batean badago, edo ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta aplika daitezkeen berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, aipatutako legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. 20/2023 Legearen 38. artikuluak ezartzen duenez, itzuli behar diren zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da horiek kobratzeko.

Esleitze-ebazpenean ezarritako baldintzak partzialki betetzen ez badira, emandako laguntzaren zenbatekoa azkenean justifikatutako jardueretara egokituko da, hamaikagarren oinarriaren arabera.

Arlo honetako arau-hausteei buruz abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. eta 47. artikuluetan ezartzen diren erantzukizunak eta zehapen-araubidea bete beharko dituzte dirulaguntza hauen onuradunek.

2.– Dirulaguntzen gainean zehapenak jartzeko administrazio-espedientea izapidetu beharko da. Izapide horren bidez, entzunaldia emango zaio interesdunari, dagokion erabakia ezarri baino lehen, hori guztia 39/2015 Legearen IV. tituluan, 40/2015 Legearen atariko tituluko III. kapituluan eta 20/2023 Legearen IV. tituluan ezarritakoaren arabera.

Hogeita zazpigarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, berariaz aipatu beharko da Osalanek diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2023ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zenbakia).

2.– Sortutako eduki horietan guztietan hizkera eta irudi inklusibo eta ez-sexistak erabili beharko dira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 19.4 eta 23.3.c) artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Gainera, eduki horietan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideei buruz ezarritako aurreikuspenak aplikatuko dira. Irizpide horiek euskal sektore publikoko entitateen dirulaguntza-jardueraren ondorioz onuradun diren entitateei aplikatuko zaizkie.

4.– Erakunde onuradunek egindako jarduerak ikuskatzeko aukera emango diote Osalani.

5.– Aldez aurretik jakinarazi beharko zaio Osalani diruz lagundutako jardueretan aurreikusitako baldintzetan aldaketarik gertatzen den.

6.– Erakunde onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:

– Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoena taxutzea (helburua bete, proiektua egikaritu, jarduera burutu edo jarrera hartu).

– Ezarritako epeetan, eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin zuen helburua bete dela egiaztatzea ere.

– Dirulaguntza ematen duen erakundeak egin beharreko egiaztapen-ekintzak eta eskumena duten kontrol- eta jarraipen-organoek, hala nola Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, finantza-arloko kontrola egin dezaketen beste ekintza oro ere betetzea. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

– Laguntza eman duen organoari jakinaraztea helburu bererako beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla estatuko edo nazioarteko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik, eta horiei eman zaien aplikazioa. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, betiere jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

– Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiri guztiak gordetzea eta jarraipen-organoari ematea, organo horrek hala eskatzen duenean, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen heinean.

– Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, erakunde onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritzako eta sektoreko legerian eskatzen den bezala, baita deialdi-agindu honetan eskatzen diren erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabili ahal izateko.

– Aurkeztutako proiektuan ezarritako adierazleen multzoaren edukiaren berri Osalani ematea, ekintzen finantzaketak laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntzan eraginik izan ote duen jakiteko. Adierazle-sortak aukera emango du, gutxienez, diruz lagundutako ekintza jaso duten erabiltzaileen kopurua, ekintzaren emaitzarekiko gogobetetze-maila edo ekintza horrek aurreko beste ekintza batzuekiko duen originaltasuna jakiteko.

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kondizioetan jasotako funtsak itzultzea.

Hogeita zortzigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalak izen hau duen tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira: Laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak.

– Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundea

Helburua: Bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak ematea horiek eskatzen dituzten pertsonei edo erakundeei. Lanen zabalkundea egitea, hainbat euskarritan argitaratuta. Deialdiak ezagutaraztea.

Legitimazioa:

– Interesdunaren adostasuna.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 7/1993 Legea, abenduaren 21ekoa, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzekoa.

Hartzaileak:

– Ogasun publikoa.

– Interesdun legitimoak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Kontuen Epaitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu gure web-orrian:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/162100-capa2-eu.shtml

Arauak:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

(https://eur-lex.europa.eu/legal content/fr/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=fr)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:

(https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

Hogeita bederatzigarrena.– Arau aplikagarriak.

Arau hauetan ezarritakoa bete beharko dute dirulaguntzek: TES/835/2025 Agindua, uztailaren 16koa, zeinaren bidez lurraldean banatzen baitira 2025eko ekitaldirako, eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek kudeatu ditzaten, lurralde-mailako lan-arriskuak prebenitzeko ekintzak finantzatzeko kredituak, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera; TES/864/2023 Agindua, uztailaren 21ekoa, lan-arriskuen prebentzioaren arloan jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagoka-araubidean emateko oinarri arautzaileak onartzen dituena, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala