Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2025eko abenduaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
5545

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 3koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agenteen kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legea, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretua. Baita ere, azken dekretu horri egindako aldaketen arabera: maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretua, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretua, apirilaren 20ko 120/2010 Dekretua eta azaroaren 22ko 142/2022 eta Ertzaintzaren espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023ko Dekretua, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko urriaren 16ko 202/2012 Dekretua eta Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretua.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.

Hori guztia oinarri hartuta, Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea erabaki du zuzendari honek. Hona hemen:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agenteen kategoriako karrerako funtzionarioei zuzendutako babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketa sistemaren bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da.

2.– 25 lanpostutarako deialdia egiten da.

3.– Hautaketa-prozedura osatzeko, prozeduraren beste fase bat izango bailitzan, prestakuntza-ikastaro bat egin beharko da. Prozedurak prestakuntza-fase bat eta praktika-fase bat izango ditu, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, lanpostu hutsen kopurua handitu ahal izango da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Handitze hori hamaikagarren oinarriko 3. zenbakian aurreikusitako izapidearen aurretik egin beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak:

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek, onartuak izateko, betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaera egitea.

b) Ertzaintzaren karrerako funtzionario izatea.

c) Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agenteen kategorian zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan ezarritako gutxieneko iraunaldi berezia bete behar ez izatea atxikita dagoen lanpostuan.

e) Ez egotea mediku-bazterketarako arrazoirik; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzeko Dekretua laugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuaren eranskinean ikus daitezke mediku-bazterketarako arrazoi horiek.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean beteak izan beharko dituzte aurreko paragrafoan ezarritako baldintza guztiak.

3.– Pertsona onartu eta hautaketa-prozeduran parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da eskabidean adieraztea eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela, betiere, eskabideak aurkezteko epe-amaiera aintzat harturik.

Baldintza horiek ofizioz egiaztatuko ditu deialdia egin duen organoak. Horretarako, Segurtasun Saileko dagokion organo eskudunak ziurtagiria eman beharko du.

Hala eta guztiz ere, hautaketa-prozedura osoan zehar, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egingo zaizkie ebazpen honen bigarren oinarriko 1.e) puntuan aipatutako mediku-bazterketen koadroak jasotakoa betetzen dela egiaztatzeko.

Horretarako izendatutako epaimahai mediko batek egingo du egiaztapen hori.

4.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko organo eskudunak ikusten badu, pertsona horietako batek deialdian parte hartzeko baldintzetako bat ez duela betetzen, hasieran edo gerora sortutako inguruabarrengatik, hautaketa-prozeduratik kanpo utziko du, aldez aurretik entzunda.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gurenet sailaren intranetaren bidez egin beharko dute eskaera, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidean adierazi beharko da zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi diren oposizio-probak.

4.– Eskabidean adierazi beharko da eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen direla eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako.

5.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartzea borondatezkoa da, beraz izangai bakoitzak eskabidean berariaz eta zalantzarik gabe adieraziko du bere osasun-egoera ona dela proba fisikoak egiteko eta bere erantzukizunpean egingo dituela.

Laugarrena.– Hautagaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

2.– Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertzea eragin duten arrazoiak jasoko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta, hala badagokio, eskabidearen akatsak zuzentzeko.

3.– Aurkeztutako erreklamazioak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onartuko edo baztertuko dira. Ebazpen horren bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko egingo da, eta hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Oposizio-probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntza Erregelamendua onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren aurreikuspenen arabera. Epaimahaiburu batek eta bi bokalek osatuko dute epaimahaia, eta bokal horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituta osatu behar da epaimahaia, bai eta emakume eta gizonen ordezkaritza orekatura egokituta ere.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta horien ordezkoen izendapena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinaraziko da, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

2.– Kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arautegiaren arabera arautuko da Epaimahai Kalifikatzailearen jarduna.

Epaimahai kalifikatzailea osatzen duten pertsonei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluek jasotzen dituzten abstenitzeko eta errefusatzeko arrazoiak aplikatuko zaizkie.

Epaimahai kalifikatzailean parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

3.– Kalifikazio-epaimahaiak garatu eta ebaluatuko ditu hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo du. Horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahai kalifikatzaileak aholkulari espezialistak erabili ahal izango ditu bere lanetarako, hautaketa-prozesuko proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulariek beren espezialitateetan aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango.

Aholkulariek ere jardun beharko dute objektibotasun-, inpartzialtasun- eta isilpekotasun-printzipioen arabera.

5.– Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Era berean, oinarri hauetan aurreikusten ez den guztian hautaketa-prozedura garatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta haren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren arazo guztiak ebatzi ahal izango ditu, bai eta bere eginkizunak betetzeko ere.

6.– Epaimahai kalifikatzailearen erabakiak hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

7.– Epaimahaia kalifikatzaileari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

2025babespertsonala@seg.euskadi.eus

Epaimahaiak bide horretatik jasotzen dituen idazkiei erantzungo die, betiere Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboaren helbide indibidualera zuzenduta.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa izango da, zeinaren bidez izangaien gaitasuna zehaztuko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatuko baita.

2.– Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, hau da, oposizio-fasea osatzen duten ariketa edo proba guztien guztizkoari merezimenduen ebaluaziotik ateratzen dena gehituko zaio. Merezimenduetan, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea eta polizia-laetan egindako zerbitzaldia hartuko dira kontuan. Oposizio-lehiaketaren guztizko puntuazioak izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zapigarrena.– Oposizioan ondorengo proba hauek egin beharko dira:

1.– Lehenengo proba. Nahitaezkoa eta baztergarria. Gaitasun fisikokoa neurtzekoa: 0 puntutik 400era baloratuko da, eta 230 puntu lortu beharko dira proba osatzen duten hiru ariketen artean (deialdi honen I. eranskinean daude zehaztuta).

Hauek dira hiru ariketa horiek: indarra neurtzekoa (250 puntu), erresistentzia neurtzekoa (100 puntu) eta igerilekukoa (50 puntu). Proba gainditzeko, nahitaezkoa izango da 11 ariketetako bakoitzean puntuak lortzea.

Ariketa fisikoak parte hartzen dutenen erantzukizunpean egingo dira; horretarako, kirol-arropa egokiarekin aurkeztu beharko dute. Ezin izango da eskularrurik edo antzekorik erabili.

– Lehenengo ariketa zortzi probaz osaturik egongo da. Ariketa 0 puntutik 250era baloratuko da.

Ariketa bakoitzak 30 segundoko iraupena izango du; ariketen artean errekuperatzeko beste 30 segundo egongo dira. Ahalik eta errepikapen gehien egin beharko dira.

Azken puntuazioa ariketa bakoitzean lortutako partzialen batura izango da.

– Bigarren ariketa erresistentzia aerobikoko ariketa bakarra egitea izango da. Ariketa hori 0 puntutik 100era baloratuko da.

– Hirugarren ariketan ur-inguruneko bi proba egin beharko dira: ur-azalean mantentzea eta abiadura-proba (100 metro). Nahitaez egin beharko dira bi probak eta lehenengoan 20 puntu eta bigarrenean 30 puntu lortu ahalko dira.

2.– Bigarren proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Proba psikoteknikoa da, babes pertsonaleko polizia-lanak behar bezala egiteko hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasunak zehazteko. Test motako galdetegi-formatuan egingo da.

Proba hau 0 eta 120 puntu artean baloratuko da. Proba deitutako lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoa izango da. Proba lau ariketak osatuko dute, guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak, eta bakoitza 0 puntutik 30era baloratuko da.

a) Arrazoitze-ariketa.

b) Pertzepzio-gaitasunei buruzko ariketa (identifikazioa, bereizketa...).

c) Gaitasun espazialei buruzko ariketa.

d) Hitzezko gaitasunari buruzko ariketa.

Ariketa bakoitzean, idatziz erantzun beharko zaio test motako galdera-sorta bati.

Test motako galdera-sorta bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.

Ariketa bakoitzean, erantzun zuzen bakoitzaren balioaren 1/3rekin zigortuko da erantzun oker bakoitza. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bikoitzek ez dute zigorrik izango.

Bigarren proba hori gainditzeko, beharrezkoa izango da ariketa bakoitzean gutxienez 10 puntu lortzea, eta gutxienez 60 puntu proba osatzen duten lau ariketetan.

Hautaketa-sistema behar bezala errespetatzeko, epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxieneko maila eta proba honetan erakutsitako ezagutza-maila kontuan izanik, izangaien identitatea jakin baino lehen, ariketa bakoitza gainditzeko lortu behar den gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta erabaki hori argitaratuko du. Horrelakoetan, ariketa bakoitzeko puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:

IPB = (PZ x PBgeh) / (PZgeh).

Hau da:

IPB = izangaiak lortu duen puntuazio bihurtua.

PBgeh = ariketan gehienez lortutako puntuazio bihurtua (ariketan gehienez lor daitekeen puntuazioa, deialdiaren oinarrien arabera: 30 puntu).

PZ = izangaiak zuzenean lortu duen puntuazioa.

PZ = zuzen erantzundakoak – (oker erantzundakoak x 1/3).

PZgeh = ariketan zuzenean gehienez lortutako puntuazioa (ariketan zuzenean gehienez lortutako puntuazioa).

3.– Hirugarren proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Nortasun orokorraren ezaugarriak, desorekaren edo moldatu ezinaren adierazleak eta deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna ebaluatzeko proba.

Proba hau 0 eta 300 puntu artean baloratuko da, eta deitutako lanpostuaren profil profesionalari buruzkoa izango da. Bi ariketa egin beharko dira, nahitaezkoak eta baztertzaileak biak, 0 puntutik 150era bitartera baloratuko da horietako bakoitza.

Proba honako hau izango da:

a) Nortasun-testa: hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen nortasun orokorraren ezaugarriak, eta desorekaren edo moldatu ezinaren adierazleak ebaluatzea. Proba hau 0 eta 150 puntu artean baloratuko da, eta baztertuta geratuko dira, automatikoki, gutxienez 75 puntu lortzen ez dutenak.

Nortasun-testa eta haren zuzenketa elkarrizketa pertsonala egin aurretik egingo dira.

b) Elkarrizketa pertsonala egitea, izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehazteko deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko. Proba hau 0 eta 150 puntu artean baloratuko da, eta baztertuta geratuko dira, automatikoki, gutxienez 75 puntu lortzen ez dutenak.

Elkarrizketa pertsonala egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute. Curriculum hori eskura jarriko den formatu normalizatuan bete beharko da eta ez da puntuagarria izango, elkarrizketa pertsonala egiteko elementu lagungarria baino ez da.

Zortzigarrena.– Oposizio-aldiko proben garapena.

1.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan iragarriko dira, gutxienez egutegiko zazpi egun lehenago. Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira.

2.– Epaimahai kalifikatzaileak probak eta horiek osatzen dituzten ariketak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egitea erabaki ahal izango du, baita egun berean hainbat proba egitea ere. Kasu horretan aurreko proba gainditu dutenen probak bakarrik ebaluatuko dira.

3.– Epaimahaiak automatikoki utziko ditu hautaketa-prozeduratik kanpo nahitaezko probak egiteko egindako deialdira adierazten den egunean, orduan eta lekuan agertzen ez direnak, baita ezinbesteko arrazoiengatik izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie proba eta ariketetara horiek hasita daudela azaltzen direnei.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago baditu, nahikoa izango da horietako batera ez agertzea edo berandu agertzea proba guztian ez agertutzat jotzeko.

Aurreko bi paragrafoetan ezarritakoaren salbuespen gisa, hautaketa probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, epaimahai kalifikatzaileak probak egiteko datak eta lekuak egokitu ahal izango ditu, emakumeen kasuan, baldin eta haurdunaldiagatik arriskuan badaude, erditzeko puntuan badaude edo erditu aurreko edo ondoren badaude; epaimahai kalifikatzaileari jakinarazi beharko diote proba edo ariketa egin aurretik eta mediku-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute.

4.– Parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak eraman beharko dira aldean, eta epaimahai kalifikatzaileak edozein momentutan eskatu ahal izango du agiri horiek aurkezteko.

5.– Proben emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabakiaren bidez jakinaraziko dira, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Merezimendu-lehiaketa.

1.– Lehiaketa-faseko kalifikazioa oposizio-fasea gainditu duten pertsonei bakarrik aplikatuko zaie.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egindako merezimenduak bakarrik baloratu ahal izango dira.

3.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortzen diren puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.

4.– Lehiaketa-fasean honako hauek baloratuko dira:

4.1.1.– Ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea. Balio akademikoa duten tituluak emateko legez gaitutako ikastetxeek emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko dira hizkuntza horiek. Apartatu honetan, 60 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez, xehetasun eta maila hauen arabera:

a) Tarteko maila (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo baliokidea): 10 puntu hizkuntza bakoitzeko.

b) Maila aurreratua (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 maila edo goragokoa, edo baliokidea): 20 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntza bera ezin izango da maila batean baino gehiagotan baloratu eta, beraz, maila handienekoa baino ez da kontuan hartuko.

4.1.2.– Polizia-lana aitortzea:

Polizia-lanari egindako aintzatespenagatik gehienez 30 puntu emango dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuan araututako aitorpenak jaso izana baloratuko da, honako baremo honen arabera:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorriko domina: 15 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdeko domina: 10 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 5 puntu.

Lehiaketa-faseko emaitzak epaimahai kalifikatzailearen erabaki bidez argitaratuko dira.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutzaren balorazioa.

1.– Euskara jakiteagatik gehienez ere 80 puntu emango dira, eta honela puntuatuko zaie eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako hizkuntza-eskakizuna egiaztatua dutenei edo Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 dekretuaren arabera (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) tituluren bat onartua edo baliokidetua duten izangaiei:

– Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna edo horren baliokide bat egiaztatuta izatea: 80 puntu.

2.– Hautaketa-prozesuan ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko probarik egingo.

3.– Epaimahai kalifikatzaileak ofizioz konprobatuko du euskararen ezagutza egiaztatua duela, eskabideak aurkezteko azken egunean Ertzaintzako Hizkuntza Eskakizunen Erregistroan (otsailaren 28ko 30/1988 Dekretua, EHAA, 45. Zk, 1998ko martxoaren 6koa) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden datuen arabera.

Hamaikagarrena.– Azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketaren azken puntuazioa bi faseetan lortutakoen batura izango da, eta, hala badagokio, euskararen jakite-maila baloratzetik ateratzen den puntuazioa gehituko zaio. Hautaketa-prozeduran parte hartu duten pertsonen lehentasun-ordena puntuazio horren arabera zehaztuko da.

2.– Sailkapenean suertatu daitezkeen hurrenkera-berdinketak hausteko, irizpide hauei jarraituko zaie adierazitako hurrenkeraren arabera:

a) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

b) Euskararen ezagutzan lortutako puntuaziorik handiena.

c) Puntuazio onena gaitasun fisikoko proban (oposizio-faseko lehen proba).

3.– Hautaketa-sistema osatzen duen kalifikazioa amaitu ondoren, bosgarren oinarrian aurreikusitako epaimahai kalifikatzaileak honako hauek onartuko eta argitaratuko ditu, hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera, eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari bidaliko dizkio:

a) Hautaketa-sistema gainditu duten pertsonen zerrenda, sailkapen-hurrenkeraren araberakoa.

b) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko proposatu diren 25 pertsonen zerrenda, sailkapen-hurrenkeraren arabera antolatuta.

c) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroan sartzeko proposatu ez diren pertsonen zerrenda.

Hamabigarrena.– Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa eta praktikaldia.

Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroak bi zati izango ditu: prestakuntzaldia eta praktikaldia, biak nahitaezkoak eta baztertzaileak, hau da, biak gainditu beharko dira ikastaroa gainditzeko.

A) Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa.

1.– Hamaikagarren oinarrian xedatutakoaren arabera proposatutako pertsonei babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa egiteko dei egingo zaie Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Ikastaroetara atxikitzeko, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordena hartuko da kontuan, halakorik bada behintzat.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak izapidetuko du interesdunei ikastaroetan parte har dezaten jakinaraztea, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Prestakuntza-ikastaroa hasten den egunean ez bertaratzeak berekin ekarriko du agertu ez den pertsonari ikastaroan baja ematea, salbu eta ikastaroan ez agertzeko arrazoia interesdunak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari behar bezala jakinarazitako ezinbesteko arrazoia bada. Ezintasun iragankor baten ondorioz ezin agertzea ezinbesteko arrazoitzat joko da, eta gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja-partearen bidez justifikatu beharko da.

4.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu baino lehen baten batek bere borondatez uzten badu, Administrazioak aukera izango du uko egiten duen pertsonari haren prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzultzeko eskatzeko. Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoen arloan indarrean dagoen araudiaren araberakoa).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

5.– Prestakuntza-ikastaroak horiek arautzen dituen ikasketa-planaren arabera egingo dira.

6.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo bertako zuzendari nagusiak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan egingo dira.

7.– Baliteke, Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatu beharra, ezkontza, erditzea, erditzearen aurreko edo ondoko egoerak direla-eta, prestakuntza-ikastaroetarako atxikipena aldatzea. Gorabehera horiek kontuan hartuak ahal izateko, eragindako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte, hamar egun naturaleko epean, 11.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenetatik zenbatzen hasita.

Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatzearen ondorioz, ezkontzagatik edo erditze, erditzearen aurreko eta erditzearen ondoko egoerak direla-eta egokituko litzaiekeen ikastaroa ez den beste batera atxikitako prestakuntza ikastaroa egiten duten pertsonek ez dute kalifikaziorik jasoko prestakuntza aurreratu badute, eta kalifikazio hori argitaratuko da 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko lanpostuan sailkatuta dagoen pertsonaren ikastaroaren kalifikazioarekin batera.

Langileak prestakuntza egitea atzeratu behar badu, 11.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurre-aurreko postuan sailkatuta dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, prestakuntza atzeratu duen pertsonak prestakuntza gainditu beharko du eskubide berberak izan nahi baditu.

8.– Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Euskal Herriko Poliziaren Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimena emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikasturtean nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzuaren beharrizantzat hartuko da bertaratze hori edozein baimen-eskaera egiteko.

Aukera eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, emakumeen kasuan, haurdunaldiko arriskua duten, erditzeko dauden edo erditu aurreko edo ondorengo aldian dauden emakumeek hala eskatzen badute, betiere gorabehera horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazten bazaizkio ikastaroa egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen badira.

9.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken kalifikazioa hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

10.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du praktikaldia gainditu ez dutenak baztertuta geratzen direla.

11.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ezin duela ikastaroa gainditu, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, interesdunari entzun ondoren.

Ikastaroa gainditu duten pertsonek praktikaldia egingo dute.

B) Praktikaldia.

1.– Praktikaldia Babes eta Segurtasun Unitatean egingo da.

Aukera- eta tratu-berdintasuna bermatze aldera, Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ikastaro hori egiteko egunak eta lekuak egokitu ahal izango ditu prestakuntza-ikastaroan zehar, emakumeen kasuan, haurdunaldiko arriskua duten, erditzeko dauden edo erditu aurreko edo ondorengo aldian dauden emakumeek hala eskatzen badute, betiere gorabehera horiek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari jakinarazten bazaizkio ikastaro hori egin aurretik eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatzen badira.

2.– Praktikaldia hasi baino lehen, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak ebazpena emango du praktikaldiaren iraupena ezartzeko, hura baloratu eta gainditzeko sistemak eta prozedurak ezartzeko, eta praktiketako destinoak eta horietan hasteko data esleitzeko. Ebazpen hori hogeita batgarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko da.

3.– Praktikaldian, eskolten espezialitateari dagozkion eginkizunak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da.

Ebaluazioan, praktikaldiak iraun bitartean gertatutako egitateak baino ez dira aintzat hartuko.

Praktikaldian zehar inguruabarren bat gertatzen bada hautatutako pertsona batzuei aldi hori osatzea eta espezialitatea lortzea eragozten diena, praktikak egiten hasi ahal izango dira prestakuntza-ikastaroa gainditu dutenak, ezarritako lehentasun-ordenari jarraituz; kasu horretan, praktikaldi osoa egin beharko dute.

4.– Praktikaldiko kalifikazioak hamaseigarren oinarrian aurreikusitako moduan argitaratuko ditu Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak.

5.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak adieraziko du praktikaldia gainditu ez dutenak baztertuta geratzen direla.

Hamahirugarrena.– Mediku-bazterketen taulara egokitzea.

1.– Hautaketa-prozeduran, oro har hartuta, parte hartzen dutenei beharrezko proba mediko guztiak egin ahal izango zaizkie, ebazpen honen bigarren oinarriko 1.e) puntuan aipatutako mediku-bazterketen taulak jasotakoa betetzen dutela egiaztatzeko.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitakoaren xedeetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du, eta epaimahai horren izendapena hamaseigarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da.

3.– Epaimahai medikoa mahaiburu batek, bi kidek eta idazkari batek osatuko dute.

4.– Epaimahai medikoak ematen dituen txostenak arrazoitu egin beharko dira hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoiren bat dagoela ikusten denean, eta kanpoan uzteko prozedurak, nolanahi ere, eragindako pertsonaren entzunaldi-eskubidea errespetatuko du.

5.– Oinarri honetan aurreikusitako arrazoiak direla-eta dena delako izangaia kanpoan uztea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio.

6.– Oinarri hauetan aurreikusitako epaimahai medikoari bosgarren oinarriko 2. eta 6. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

Hamalaugarrena.– Araubide juridikoa.

1.– Prestakuntza-ikastaroan zehar, ikasleak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araubideko Erregelamenduak jasotzen dituen barne- eta diziplina-araubideko arauen mende egongo dira, eta, osagarri gisa, irakaskuntza-diziplina falta soila ez den kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubideko arauen mende.

Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautapen-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da aurreko puntuan adierazitako bi arauetako edozeinetan tipifikatutako arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.

Era berean, Euskal Herriko Poliziaren Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein motatako lizentzia edo baimena emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikasturtean nahitaez joan behar da eskola-jardueretara, eta zerbitzuaren beharrizantzat hartuko da bertaratze hori edozein baimen-eskaera egiteko.

2.– Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, lizentzia emango zaie momentu horretan betetzen ari diren lanposturako.

3.– Babes pertsonalean espezializatzeko ikastaroa gainditzeak ez du berez eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ezta espezialitate hori eskatzen duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala ere, eskoltentzako ikastaroa gainditu duten pertsonak lotuta egongo dira Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 5. eta 10. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinean atxikiko ditu Giza Baliabideen Zuzendaritzak babes pertsonaleko espezialitatea behar duten plazetara.

4.– Prestakuntza-ikastaroak eta praktikaldiak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta horiek egiten ez hasteak edo ez gainditzeak dena-delako pertsona hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du, bai eta izan ditzakeen eskubide guztiak galtzea ere. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deklaratuko du baztertze hori.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiren bat dela-eta ikastaroan edo praktikaldian parte hartzen ez duten edo ikastaroa osorik egiten ez duten pertsonek hurrengo ikastaroan parte hartu ahal izango dute, inguruabar eragozleak desagertu ondoren, baina horretarako eskaera egin beharko dute aldez aurretik.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio kausa aztertzea, eta gaiarekiko ebazpena ematea ere hari dagokio.

Hamabosgarrena.– Hautaketa-prozeduran pertsonak identifikatzea.

Hautaketa-prozedura honetan parte hartzen duten pertsonak (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako identifikazio profesionaleko zenbakiaren bidez identifikatuko dira.

Hamaseigarrena.– Argitalpenak.

Berariaz kontrakorik xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, Gurenet saileko intranetean kontsultatzeko aukera alde batera utzi gabe. Iragarkiak EAEko Poliziaren eta Larrialdietako Zerbitzuen Ikastegiko iragarki-oholean argitaratzen direneko egunak baldintzatu egingo ditu ondorengo epeak.

Hamazazpigarrena.– Kalte-ordainak.

Barne-hautaketa-prozesutara aurkeztea borondatezkoa denez, hautaketan, prestakuntza-ikastaroan edo praktikaldian zehar izaten diren bidaia-gastuek edo bestelako gastuek –eskolta-zerbitzuagatiko kalte-ordaintzat hartzen direnek izan ezik– ez dute haiek jasotzeko eskubiderik sortuko, eta, beraz, Administrazioa ez dago gastu horiek ordaintzera behartuta.

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkaratu ahal izango dute administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak bete beharko dira –Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan daude jasota–.

Deialdi honetatik, epaimahai kalifikatzailearen jardunetik edo Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren organoetatik datozen administrazio-egintzak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideak arautzen duen araudian aurreikusitako kasuetan eta moduan.

Arkauti, 2025eko abenduaren 3a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

JON GURUTZ GOMEZ GOICOLEA.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala