Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2025eko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5534

AGINDUA, 2025eko azaroaren 28koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Eibarko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegirako Bulego Judizialaren diseinua eta egitura, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak xedatzen duenari jarraikiz.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez, Bulego Judizial Berria deituko zenaren antolamendu-egitura berria ezarri zen, birmoldatze instrumentala ekarriko zuena, epaileen eta auzitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria eta laguntza emateko. Antolamendu horretan bi motatako unitateak aurreikusten ziren: zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak eta zerbitzu prozesal erkideak.

Orduan indarrean zegoen Botere Judizialaren Lege Organikoak 436. eta 438. artikuluetan onartzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena zuela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, bai eta EAEko barruti judizialetako zerbitzu prozesal erkideak diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko ere. Eskumen horretaz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak Bulego Judiziala ezarri zuen, mailaka eta modu progresiboan, hamalau barruti judizialetako hamahirutan. Horretarako, barruti judizial bakoitzean zerbitzu prozesal erkideak sortzeko agindua eman zen, eta dekretuen bidez bulego judizialetako lanpostuen zerrendak onetsi ziren.

Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak aldaketa esanguratsua eragin du antolamendu judizialean. Izan ere, Auzialdiko Auzitegiak sortzeari esker, kide anitzeko antolamendura pasatu da, eta horren arabera, bulego judizial berriak zerbitzu erkideetan zehazten eta egituratzen dira, eta euskarria eta laguntza ematen dizkiote auzitegien jurisdikzio-jarduerari.

6/1985 Lege Organikoak, 436.2 artikuluan, onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, eta 437.3 eta 438. artikuluetan onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela izapidetze-zerbitzu erkideak diseinatzeko eta antolatzeko eta, orobat, Euskadiko Bulego Judizialetako beste zerbitzu erkide batzuk diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko ere.

Lege organiko horrek antolaketa-eredu berria pixkanaka eta mailaka ezartzeko araubidea aurreikusten du. Ildo horretan, haren lehen xedapen iragankorrak barruti judizial bakoitzean auzialdiko auzitegiak eratzeko datak ezartzen ditu, dauden epaitegien tipologiaren arabera.

Euskadiri dagokionez, 2025eko uztailaren 1erako aurreikusitako Auzialdiko Auzitegiak eratu ondoren, 2025eko abenduaren 31rako geratzen da gainerako Auzialdiko Auzitegien eraketa, horietako bat dela Eibarko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegia.

Halaber, bosgarren xedapen iragankorrean adierazten da bulego judiziala Auzialdiko Auzitegiekin batera ezarriko dela, eta seigarren xedapen iragankorrean xedatzen da udalerrietako bake-epaitegiak Justizia Bulego bihurtuko direla, Auzialdiko Auzitegia eratzen den egun berean.

Antolamendu-eredu berrira egokitutako Bulego Judizialaren hedapena errazteko, lehen aipatutako bosgarren xedapen iragankorrean ezartzen da Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialak Bulego Judizialaren egiturari eta bertako lanpostuen zerrendari buruzko erreferentziako ereduak prestatu eta onetsi ahal dituela, eta onespenean gaikuntza eman dezakeela justiziaren arloko eskumena daukan administrazio bakoitzeko agintaritzak ebazpen baten bidez haren garapenari ekin ahal izateko. Onespen hori Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialaren 2022ko ekainaren 23ko bilkuran gauzatu zen.

Horrenbestez, azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eibarko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiari dagokion bulego judizialaren diseinua eta egitura onartzea, barne hartuta haren dimentsioa eta antolamendua.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau aplikatuko zaio Eibarko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiaren euskarri eta laguntza den bulego judizialari.

3. artikulua.– Bulego Judizialaren egituraren alderdi orokorrak.

Bulego Judizialaren jarduera –lege prozesalak aplikatuz zehazten dena– zerbitzu erkideen bidez egingo da. Zerbitzu horien barnean hauek daude: izapidetze-zerbitzu erkideak eta, behar denean, zereginak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak biltzen dituzten beste zerbitzu erkide batzuk (geroago zehaztuko dira).

Zerbitzu erkideak arloka eta taldeka egituratu ahal izango dira, arau hauetan ezartzen denarekin bat etorriz: 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, botere judizialarena, 436. eta 437. artikuluak; 1451/2005 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako arautegia onesten duena, 39 bis artikulua; Bulego Judizialari eta bertako Lanpostuen Zerrendari buruzko erreferentziako ereduak.

Bulego Judizialaren tipologia eta egitura eta, era berean, Bulego Judizial honetan Justizia Administrazioaren zerbitzuan ariko diren funtzionarioen kidegoetako langileen eginkizunak zehazteko, kontuan hartuko dira uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, lantoki bakoitzeko lanpostuen zerrenda jasotzen diren zehaztapenetan ezartzen dena, eta Agindu hau bera ere bai.

Nolanahi ere, bulegoaren jarduera gobernu-idazkariek onetsiko dituzten jarduketa-protokoloei jarraikiz egingo da, abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoaren arabera.

4. artikulua.– Bulego Judiziala osatzen duten unitateak

Eibarko barruti judizialeko Bulego Judiziala honako zerbitzu eta arlo hauek osatuko dute:

1.– Izapidetze Zerbitzu Erkidea, honako arlo hauetan banatzen dena, dagokien Auzialdiko Auzitegiko Atalaren arabera:

a) Arlo Zibila eta Instrukziokoa.

b) Gizarte gaien arloa.

2.– Zerbitzu Erkide Orokorra.

II. KAPITULUA
IZAPIDETZE ZERBITZU ERKIDEA

5. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkidea.

Izapidetze Zerbitzu Erkideak Bulego Judizialeko prozedurak fase guztietan antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren lan guztiak egiten ditu.

Izapidetze Zerbitzu Erkidea osatuko da hari dagozkion lanpostuen zerrendetan zehaztuko diren lanpostuez, eta horietan soilik jardun ahal izango dute Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioek:

a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

Izapidetze Zerbitzu Erkidearen burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta beraren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzua antolatzeko eratzen diren lanpostuetan ariko diren Justizia Administrazioaren letraduak eta langileak.

Izapidetze Zerbitzu Erkidea banatzen da Auzialdiko Auzitegiak dituen atal adina arlotan, hau da, arlo zibilean eta instrukziokoan eta gizarte gaietako arloan. Gainera, gai zibil eta instrukziokoaren arloan emakumeen aurkako indarkeriari dagozkion gaietan ariko den talde bat egongo da; arlo horretako gaien gaineko eskumen esklusiboa (baina ez baztergarria) izango du, plaza judizialari esleitutako auziak izapidetzearekin bateragarriak.

6. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkideak eskaintzen dituen zerbitzuak.

Deklarazio-fasean, Izapidetze Zerbitzu Erkideak honako zerbitzu hauek eskainiko ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko, Bulego Judizialeko Zerbitzu Erkide Orokorrarekin koordinatuta:

a) Prozedurak hasteko idazkiak onartuko ditu, prozedurei buruzko legeei jarraikiz.

b) Behar denean, prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio hura banaketa bidez esleitu zaion epaileari edo magistratuari, onartzea edo ez onartzea erabaki dezan.

c) Epaileei eta magistratuei beren eskumeneko jarduketak egiten lagunduko die, bai eta dagozkien ebazpenak prestatzen ere.

d) Guardiako zerbitzua ematea.

e) Deklarazio-fasean, prozedura antolatu, kudeatu eta izapidetuko du.

f) Errekurtsoak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.

g) Irmotasunak, errekurtsoak eta artxibatzeak kontrolatuko ditu.

h) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.

i) Judizioen, ikustaldien eta agerraldien daten agenda kudeatu eta koordinatuko du.

j) Zitazio, epatze eta epe prozesalen kontrola eta jarraipena egingo du.

k) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.

l) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzekoak barne.

m) Egin beharreko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.

n) Aplikatu beharreko araudian ezartzen den beste edozein zerbitzu, bai eta jarduketa-protokoloetan eta antolamendu-dokumentazioan zehazten diren beste guztiak ere, Izapidetze Zerbitzu Erkidearen izaerarekin bat etorriz gero.

Betearazpen-fasean, Izapidetze Zerbitzu Erkideak honako zerbitzu hauek egingo ditu, laguntza ematen dien organo judizialen arabera, Bulego Judizialeko Zerbitzu Erkide Orokorrarekin koordinatuta:

1.– Jurisdikzio zibilean, penalean eta sozialean:

a) Jurisdikzio-ordena guztietan, betearazpen-prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio epaileari edo auzitegiari, onartzeko baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren eta prozedurari buruzko legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.

b) Organo judizialaren titularrak betearazpen-demanda aztertu ondoren agerian utzi eta zuzendu beharreko gorabeherak izapidetu eta ebatziko ditu, eta hura onartu aurreko arazo prozesalak ere bai.

c) Epaileei eta magistratuei betearazpen-prozesuak hasteko idazkiak onartzeko edo ez onartzeko ebazpenak egiten lagunduko die, eta beren eskumeneko gainerako jarduketa guztiak egiten ere bai.

d) Prozedura-legeen arabera bidezkoa den kasuetan, betearazpen-neurrien dekretua emango du, eta erabakitako neurriak betearazteko izapideak egingo ditu.

e) Behin-behineko betearazpena hasteko hasierako eskabideak izapidetuko ditu, eta behar denean kudeatu ere bai.

f) Ebazpen judizialak betearaztean gertatzen diren gorabehera prozesalak izapidetuko ditu.

g) Betearazpen-prozesuetan ematen diren ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak eta horien gorabeherak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.

h) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzeko.

i) Diruzkoak ez diren betearazpenetan, enkante judizialera ez jotzeko neurriak ezartzeko behar diren izapideak egingo ditu; errekerimenduari jaramon egiten ez zaion kasuetan, betearazleak eskatzen dituen bidezko jarduketak egingo ditu.

j) Betearazpen-prozesuetako data jartzeen, zitazioen, epatzeen eta epeen eta horien gorabeheren kontrola eta jarraipena egingo du.

k) Inaktibo dauden betearazpenak kontrolatuko ditu, bulkada judiziala emateko edo behin-behinean edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko.

l) Betearazpen-prozesuetako judizioen, ikustaldien eta agerraldien datak eta horien gorabeherak kudeatu eta koordinatuko ditu agenda informatiko baten bitartez.

m) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.

n) Betearazpen-prozesuetako gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.

o) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.

p) Antolamendu-arauetan eta jarduketa-protokoloetan zehazten diren gainerako zerbitzu guztiak.

2.– Jurisdikzio penalean, aurrekoez gainera hauek ere egingo ditu:

a) Betearazpen-fasean, espetxean sartzeko eta bilatu eta atxilotzeko ematen diren manamenduak eta aginduak izapidetuko ditu.

b) Prozesu penaletan, aske uzteko eta eskubideak nahiz askatasunak kentzeko edo murrizteko neurriak azkentzeko ematen diren manamenduak izapidetuko ditu.

c) Zigorren etendurak eta indultuak izapidetuko ditu.

d) Zigor-metaketak izapidetuko ditu.

e) Eskubideak kentzeko zigorrak betearazteko izapideak egingo ditu.

f) Kondenak likidatzeko eta zigorrak ordezteko izapideak egingo ditu.

g) Denetariko diru-erantzukizunak betearazteko behar diren jarduketak eta lortzen den dirua legez ezarrita dagoen helburuetarako erabiltzeko behar direnak izapidetuko ditu.

h) Baimen ofizialen atxikipenak eta horien ondoriozko komunikazioak izapidetuko ditu.

i) Betearazpen-prozesuak izapidetzeko behar diren kontsultak egingo ditu erregistro publikoetan, eta horietan idatzoharrak eta eguneratzeak egingo ditu, eta komunikazioak bidaliko dizkie, prozedurei buruzko legeetan eta administrazio-legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.

j) Bulego Judizialeko Zerbitzu Erkide Orokorrarekin koordinatuta egin beharreko gainerako betearazte-lan guztiak.

7. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkideko langileen eginkizunak.

1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:

a) Izapidetze Zerbitzu Erkidearen zuzendaritza. Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan aritzen diren langileak ere. Besteak beste, zuzendaritzako Justizia Administrazioko letraduak koordinatzea izango du zuzendariak eginkizun, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.

Gainera, auzitegiko lehendakariarekin koordinazio-eskumenak hartuko ditu bere gain, bai eta gainerako zerbitzu erkideekin koordinatzekoa ere, Bulego Judizialaren funtzionamendu onerako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 437.5 artikuluan aurreikusi bezala.

b) Izapidetze Zerbitzu Erkidearen kudeatzaile arduraduna. Kudeatzaile arduradunek, Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuko langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, haien gaineko zuzeneko ardurarekin, edo jarduteko protokoloetan zehazten diren talde funtzionalak koordinatuz, edo zuzendaritzako postuetan ari diren pertsonek ematen dituzten jarraibideen bidez.

Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu, eremu prozesalean.

2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:

a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego horretako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.

b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego horretako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den Izapidetze Zerbitzu Erkidearen berezko gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.

III. KAPITULUA
ZERBITZU ERKIDE OROKORRA

8. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorra.

Zerbitzu Erkide Orokorra Bulego Judizialeko unitate bat da, Izapidetze Zerbitzu Erkideari berariaz esleitu gabeko lan zentralizatuak eta zeharkakoak egiten dituena.

Zerbitzu Erkide Orokorra osatuko da dagozkion lanpostu-zerrendan zehaztutako lanpostuez. Lanpostu horietan Justizia Administrazioaren zerbitzuan ari diren kidego hauetako funtzionarioek soilik jardun ahal izango dute:

a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.

b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.

d) Laguntza Judizialeko Kidegoa.

Zerbitzu Erkide Orokorraren burutzan Justizia Administrazioaren Letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzuko lanpostuetan aritzen diren Justizia Administrazioaren Letraduak eta langileak.

9. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorrak egingo dituen zerbitzuak.

Zerbitzu Erkide Orokorrak honako zerbitzu orokor eta zeharkako zerbitzu hauek egingo ditu:

1.– Erregistroko eta banaketako zerbitzuak:

a) Denetariko prozedurak hasteko idazkiak jasoko ditu, erregistratuko ditu eta zerbitzua ematen dien organo judizialen artean banatuko ditu, banaketa-arauetan ezartzen denari jarraikiz.

b) Bere eremuko organo judizialei bidaltzen zaizkien izapide-idazkiak eta bestelako agiriak jasoko ditu, eta lehenengo tratamendua emango die.

c) Dokumentazio-lanak egingo ditu (batez ere aurkezteko eta pertsonatzeko eginbideak eta hartu-agiriak bidaliko ditu), eta antzeko beste zerbitzu batzuk egingo ditu.

d) Banaketari buruzko gobernu-erabakiak prestatzen eta idazten lagunduko du.

e) Guardiako zerbitzua erregistratzen lagunduko du.

f) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

2.– Komunikazio-egintzen eta betearazpen-egintzen inguruko zerbitzuak.

a) Organo judizialek beren udalerrian eta barruti judizialeko gainerako herrietan egin beharreko komunikazio-egintzak eta betearazpen materialeko egintzak egingo ditu. Salbuespena: ez ditu egingo barruti judizialeko udalerrietako justizia-bulegoek edo justizia-bulegoen elkartzeek egin behar dituzten komunikazio-egintzak, horietan Justizia Administrazioko langileak ari direnean lanean, kasu horietan, bulego horiek zuzenean egin behar baitituzte komunikazio-egintzak.

b) Posta jaso eta banatuko du. Gainera, irteera-postako gutun-azalak bilduko ditu, eta zerrendak prestatuko ditu, gero baliabide elektronikoen bidez bidaltzeko, egoitzan erabiltzen den posta-zerbitzura edo mezularitza-zerbitzura.

c) Posta-balizak erabiliko ditu, dokumentazioa Justizia Administrazioaren beste bulego edo zerbitzu batzuetara bidaltzeko eta haiek bidaltzen dutena jasotzeko.

d) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

3.– Laguntza judiziala emateko eta eskatzeko zerbitzuak:

a) Laguntza judizialaren eskabideak eta estatuko zein atzerriko lankidetza judizialaren eskabideak jasoko ditu, eta itzuli arte izapidetuko ditu.

b) Behar denean, gaiaren arabera eskumena daukan zerbitzu erkidera bidaliko ditu eskabideak.

c) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

4.– Herritarren, profesionalen eta auzilarien arretarekin lotutako zerbitzuak:

a) Denetariko komunikazio-kanaletatik (bertaratuta, telefonoz, paperean edo formatu elektronikoan) jasotzen diren informazio orokorraren eskaerez arduratuko da.

b) Prozesu bateko alderdi diren pertsonek eta haien ordezkariek, haien ordezkaritzan edo defentsan aritzen diren profesionalek eta pertsona interesdunek prozesu judizialei buruzko informazioa eskuratzeko aurkezten dituzten eskaerez arduratuko da, eskatzaileak informazioa eskuratzeko interes legitimoa daukala ebatziz gero.

c) Barruti judizialeko zerbitzu erkideen lanaren inguruko kexak, erreklamazioak, salaketak eta iradokizunak jasoko ditu, edukiaren arabera bideratuko ditu eta bidezko izapideak egingo ditu, Botere Judizialaren Lege Organikoan eta horren garapen-arauetan ezartzen denarekin bat etorriz.

d) Delituen biktimen informazio-eskaerez arduratuko da, barruti judizialeko edo probintziako Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin koordinatuta.

e) Gatazkak konpontzeko baliabide egokiei buruzko informazio-eskaerei erantzuteaz arduratuko da, prestazio-administrazio eskudunarekin koordinatuta.

f) Justizia Administrazioarekin lotutako administrazio-zerbitzuak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 quater artikuluan arautzen direnak.

g) Aurrekoen antzeko beste zerbitzu oro.

5.– Zeharkako zerbitzuak edo zerbitzu orokorrak.

a) Bulego Judizialaren jardunari laguntzeko zerbitzu orokorra, Laguntza Judizialeko langileen eskutik. Halaber, laguntza emango diote barruti judizialeko Erregistro Zibilaren bulegoari, bidezko jarduketa-protokoloan ezartzen denari jarraikiz.

b) Bisita-aretoak eta erabilera anitzeko gelak kudeatuko ditu.

c) Kudeaketa-artxiboa: bere jardun-eremuko organo judizialen prozedura judizialak eta prozeduretako konbikzio-piezak eta gauzak jaso, gorde, sailkatu eta helaraziko ditu.

d) Prozedura judiziala hasi aurretik egindako gordailu eta kontsignazio judizialak kudeatuko ditu, eta bidezko manamenduak eta transferentziak bidaliko ditu, aplikatu beharreko araudiarekin eta hartzen diren erabakiekin bat etorriz.

e) Prozedura Zibilaren Legearen 341. artikuluan aipatzen diren peritu judizialen zerrendak prestatuko ditu, eta barruti judizialeko organoek egiten dituzten esleipenen jarraipena egingo du.

f) Laguntza emango dio Zinpekoen Epaimahaiaren bulegoari.

g) Gobernu-laguntza emango die, Auzialdiko Auzitegietako lehendakariei lagunduz, esleituta dituzten gobernu-eginkizunetan.

h) Bulego fiskalarekin koordinatuko da.

i) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.

j) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.

10. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorrean ari diren langileen eginkizunak.

1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:

a) Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendaritza. Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan aritzen diren langileak ere. Bere eginkizunetan, zerbitzuko zuzendariak bertan diharduten Justizia Administrazioaren koordinatuko ditu Letraduak, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.

b) Zerbitzu Erkide Orokorraren kudeatzaile arduraduna. Kudeatzaile arduradunek, Zerbitzuko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuko langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, haien gaineko zuzeneko ardurarekin, jarduteko protokoloetan zehazten diren talde funtzionalak koordinatuz, edo zuzendaritza eginkizunetan ari diren pertsonek ematen dituzten jarraibideen bidez.

Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu, eremu prozesalean.

2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:

a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego horretako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.

b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.

c) Zerbitzu Erkide Orokorreko Laguntza Judizialeko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego horretako kideek zerbitzuan ari diren organo judizialei eta bulego judizialei laguntzeko ematen zaizkien jarduera guztiak egingo dituzte, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 478. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Besteak beste, kidego horretako langileek genero-indarkeriaren biktimei lagunduko diete eraikinaren barruan, eta laguntza emango diote guardiako zerbitzuari, indarreko araudian ezartzen denarekin bat etorriz; horretarako, Zerbitzu Erkide Orokorretik koordinatuko dituzte lanpostuen zerrendan «Guardiak» zehaztapena ezarrita duten lanpostuetako langileen artean.

IV. KAPITULUA.
ZERBITZU ERKIDEEN ANTOLAMENDUARI BURUZKO XEDAPEN KOMUNAK

11. artikulua.– Zerbitzu komunak arloetan banatzea.

Eibarko barruti judizialeko Bulego Judizialari atxikitako Izapidetze Zerbitzu Erkidea banatzen da Auzialdiko Auzitegiak dituen atal adina arlotan, hau da, arlo zibilean eta instrukziokoan eta gizarte gaietako arloan.

Arlo horiek zerbitzua emango dute euskarria eta laguntza ematen dieten atalei esleitutako prozedura- edo jarduera-tipologiari dagokion jarduera-eremuan.

12. artikulua.– Lantaldeen eraketa, antolamendua eta jarduna: araubidea.

Lantaldeen eraketa berariaz islatu daiteke antolamendu-egituran. Lantaldeak ez badira berariaz islatzen egituran, jarduketa-protokoloetan zehaztuko da zenbat kide izango diren taldeetan eta zertan jardungo duten, betiere atxikita dauden zerbitzu erkidearen berezko gaietan.

V. KAPITULUA
BULEGO JUDIZIALEKO UNITATEETAKO ZEHARKAKO ZERBITZUAK

13. artikulua.– Guardiako zerbitzua.

Guardiako zerbitzuan Justizia Administrazioaren letraduak ariko dira, eta haien kopurua gai horietako araudian ezartzen dena izango da. Errotazio-txanda bat ezarri beharko da.

Horretarako, urtero, Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendariak Bulego Judizialeko langileen guardien egutegia prestatu eta onetsiko du, eta gero zerbitzu hori eman behar duten langileei jakinaraziko zaie behar besteko aurrerapenarekin.

Bulego Judizial bakoitzeko lanpostuen zerrendan identifikatuko da guardiako zerbitzua zer lanpostutan bete behar den.

14. artikulua.– Koordinazioa Bulego Fiskalarekin.

Bulego Judizialari dagozkion jarduketa-protokoloak gobernu idazkariak onetsiko ditu, abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoan xedatzen denari jarraikiz. Protokolo horietan bulego fiskalekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko mekanismoak ezarri beharko dira, batez ere datak ezartzeari dagokionez.

Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute, bulego fiskaletako zuzendariarekin batera.

Horretarako, eta bulego judizialaren ezaugarrien arabera, egiteko hori, beste batzuekin batera, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute dagokien bulego fiskalekin.

15. artikulua.– Udaletako Justizia Bulegoekiko koordinazioa.

Bulego Judizial bakoitzeko jardun-protokoloetan ezarriko dira udalerrietako justizia-bulegoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko mekanismoak, komunikazio-egintzak behar bezala egiteko. Horiei esker, udalerriko biztanleek bideokonferentziaz esku hartu ahal izango dute, eta bulegoek esleituta dituzten gainerako zerbitzuak eskainiko dituzte.

Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute udalerrietako Justizia Bulegoetako idazkariekin, Justizia Ministerioaren Lurralde Kudeatzailetzarekin eta zerbitzuak emateko bulego horiek baliatzen dituzten beste administrazio eta erakunde batzuekin.

Horretarako, zehazten den bulego judizialeko unitatean, eta bulego judizialaren dimentsioen arabera, egiteko hori Justizia Administrazioaren letradu bati edo batzuei edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute udalerrietako Justizia Bulegoekin.

16. artikulua.– Gatazkak ebazteko baliabide egokien taldeekiko koordinazioa.

Bulego Judizialetako jardun-protokoloetan hainbat mekanismo ezarriko dira, gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzuak egiten dituzten unitateekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko.

Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute Bulego Judizialaren barruan gatazkak ebazteko baliabide egokiei buruzko informazioa emateko zerbitzuan ari diren langileekin batera.

Horretarako, Bulego Judizialaren dimentsioen arabera, egiteko hori Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko bitartekariak izango dira, gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzua ematen duten administrazio-unitateekin.

17. artikulua.– Ordutegi berezia.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak, 500. artikuluaren 5. apartatuan, xedatzen duenaren arabera, lanpostuen zerrendetan ordutegi bereziak ezarri ahal izango dira, zerbitzu erkide baten ezaugarrietarako onuragarriak direnean.

18. artikulua.– Dedikazio berezia.

Lanpostu-zerrendetako lanpostu batzuk dedikazio berezikoak izan ahalko dira, ardura berezikoak direlako. Horrelako lanpostuetan, asteko lanaldia 40 ordukoa izango da, indarreko araudian ezartzen denari jarraikiz.

19. artikulua.– Gobernu-eginkizunetan aritzeko eratutako lanpostuak.

Auzialdiko Auzitegiko lehendakariari gobernatzeko behar duen euskarria eta laguntza Zerbitzu Erkide Orokorrak emango dio.

Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendariak berak zehazten dituen funtzionarioei esleituko die egiteko hori.

20. artikulua.– Erregistro Zibilaren bulegoak.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko Erregistro Zibilaren bulegoak antolatuko ditu (lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu), eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.

21. artikulua.– Udalerrietako Justizia Bulegoak.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko udalerrietako Justizia Bulegoak antolatuko ditu (lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu), eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.

22. artikulua.– Estatistikak eta txostenak.

Agindu honetan aipatzen diren zerbitzu erkideetako bakoitzean ari diren langileek baliagarri dauden kudeaketa- eta informazio-sistemek behar dituzten datuak sartu eta eguneratu beharko dituzte, datuak modu automatizatuan bildu ahal izateko, estatistika judizialen araudian ezartzen diren ondorioetarako eta BJLOaren 461. artikuluan aipatzen den datu-ustiapenerako.

Horretarako, zerbitzu erkide bakoitzeko langileek aintzat hartu beharko dituzte berariaz ematen diren jarraibideak eta gidalerroak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eraginkortasuna.

Agindu honek Justizia Administrazioko zuzendariaren ebazpen bidez zehazten den egunean izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Administrazio-errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala