
250. zk., 2025eko abenduaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 12 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5533
AGINDUA, 2025eko azaroaren 28koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegirako eta Arabako Probintzia Auzitegirako Bulego Judizialaren diseinua eta egitura, Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak xedatzen duenari jarraikiz.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez, Bulego Judizial Berria deituko zenaren antolamendu-egitura berria ezarri zen, epaileen eta auzitegien jurisdikzio-jarduerari euskarria emateko eta laguntzeko tresna izan behar zedin. Egitura berrian bi motatako unitateak izango ziren: zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak eta zerbitzu prozesal erkideak.
Orduan indarrean zegoen Botere Judizialaren Lege Organikoak 436. eta 438. artikuluetan onartzen zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena zuela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, bai eta EAEko barruti judizialetako zerbitzu prozesal erkideak diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko ere. Eskumen horretaz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak Bulego Judiziala ezarri zuen hamalau barruti judizialetako hamahirutan, mailaka eta modu progresiboan. Horretarako, barruti judizial bakoitzean zerbitzu prozesal erkideak sortzeko agindua eman zen, eta dekretuen bidez bulego judizialetako lanpostuen zerrendak onetsi ziren.
Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunerako neurriei buruzko urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak aldaketa esanguratsua eragin du, antolamenduaren aldetik, antolamendu judizialaren eredu horretan. Izan ere, Auzialdiko Auzitegiak sortuta, kide anitzeko antolamendu batera pasatu da, eta horren arabera, bulego judizial berriak zerbitzu erkideetan berriro definitzen eta egituratzen dira, eta euskarria eta laguntza ematen dizkiote auzitegien jurisdikzio-jarduerari.
6/1985 Lege Organikoak, 436.2 artikuluan, onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko, eta 437.3 eta 438. artikuluetan onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela izapidetze-zerbitzu erkideak diseinatzeko eta antolatzeko eta, orobat, EAEko Bulego Judizialetako beste zerbitzu erkide batzuk diseinatzeko, sortzeko eta antolatzeko ere.
Lege organiko horrek antolaketa-eredu berria modu progresiboan eta mailaka ezartzeko araubidea aurreikusten du. Ildo horretan, haren lehen xedapen iragankorrak barruti judizial bakoitzean Auzialdiko Auzitegiak eratzeko datak ezartzen ditu, dauden epaitegien tipologiaren arabera.
Euskadiri dagokionez, 2025eko uztailaren 1erako aurreikusitako Auzialdiko Auzitegiak eratu ondoren, 2025eko abenduaren 31rako geratzen da gainerako Auzialdiko Auzitegien eraketa; horietakoa da Vitoria-Gasteizko Barruti Judizialeko Auzialdiko Auzitegia.
Halaber, bosgarren xedapen iragankorrean adierazten da bulego judiziala Auzialdiko Auzitegiekin batera ezarriko dela, eta seigarren xedapen iragankorrean xedatzen da udalerrietako bake-epaitegiak Justizia Bulego bihurtuko direla, Auzialdiko Auzitegia eratzen den egun berean.
Antolamendu-eredu berrira egokitutako Bulego Judizialaren hedapena errazteko, lehen aipatutako bosgarren xedapen iragankorrean ezartzen da Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialak Bulego Judizialaren egiturari eta bertako lanpostuen zerrendari buruzko erreferentziako ereduak prestatu eta onetsi ahal dituela, eta onespenean gaikuntza eman dezakeela justiziaren arloko eskumena daukan administrazio bakoitzeko agintaritzak ebazpen baten bidez haren garapenari ekin ahal izateko. Onespen hori Justizia Administrazioko Konferentzia Sektorialaren 2022ko ekainaren 23ko bilkuran gauzatu zen.
Horrenbestez, azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiari eta Arabako Probintzia Auzitegiari laguntzen dien bulego judizialaren diseinua eta egitura onartzea, barne hartuta haren dimentsioa eta antolamendua.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikatuko zaio Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiari eta Arabako Probintzia Auzitegiari laguntzen dien bulego judizialari.
3. artikulua.– Bulego Judizialaren egituraren alderdi orokorrak.
Bulego Judizialaren jarduera –lege prozesalak aplikatuz zehazten dena– zerbitzu erkideen bidez egingo da. Zerbitzu horien barnean hauek daude: izapidetze-zerbitzu erkideak eta, behar denean, zereginak direla-eta funtzionalki lotutako lanpostuak biltzen dituzten beste zerbitzu erkide batzuk (geroago zehaztuko dira).
Zerbitzu erkideak egituratzeko, arloak eta lantaldeak antolatu ahal izango dira, arau hauetan ezartzen denarekin bat etorriz: 6/1985 Lege Organikoa, uztailaren 1ekoa, botere judizialarena, 436. eta 437. artikuluak; 1451/2005 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-igoerako arautegia onesten duena, 39 bis artikulua; Bulego Judizialaren eta bertako Lanpostuen Zerrendari buruzko erreferentziako ereduak.
Bulego Judizialaren tipologia eta egitura zehazteko, eta bulego judizialetan Justizia Administrazioaren zerbitzuan ariko diren funtzionarioen kidegoetako langileen eginkizunak zehazteko, uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan, lantoki bakoitzeko lanpostuen zerrendetan jasotzen diren zehaztapenetan eta Agindu honetan ezartzen dena aplikatuko da.
Nolanahi ere, bulegoetako jarduera gobernu-idazkariek onetsiko dituzten jarduketa-protokoloei jarraikiz egingo da. Protokolo horiek abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoaren arabera onetsiko dira.
4. artikulua.– Bulego Judiziala osatzen duten unitateak.
Vitoria-Gasteizko barruti judizialeko Bulego Judizialak honako zerbitzu eta arlo hauek izango ditu:
1.– Probintzia Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkidea.
2.– Auzialdiko Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkidea. Honako arlo hauetan banatzen da, Auzialdiko Auzitegian dagokien Atalaren arabera:
a) Arlo zibila.
b) Familia, Haur eta Gaitasun arloa.
c) Instrukzio-arloa.
d) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloa.
e) Arlo penala.
f) Adingabeen Arloa.
g) Administrazioarekiko Auzien arloa.
h) Gizarte gaien arloa.
3.– Zerbitzu Erkide Orokorra, honako arlo hauetan banatzen dena:
a) Komunikazio- eta betearazpen-egintzen arloa.
b) Erregistro eta banaketaren arloa.
c) Zerbitzu Orokorren arloa.
II. KAPITULUA
IZAPIDETZE ZERBITZU ERKIDEAK
5. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkidea.
Izapidetze Zerbitzu Erkideak Bulego Judizialeko prozedurak fase guztietan antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko egin behar diren lan guztiak egiten ditu.
Izapidetze Zerbitzu Erkide bakoitzean egongo diren lanpostuak dagokien lanpostuen zerrendan zehaztuko dira. Lanpostu horietan Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioek soilik jardun ahal izango dute:
a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.
b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
Izapidetze Zerbitzu Erkide bakoitzaren burutzan Justizia Administrazioaren letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzuko lanpostuetan ariko diren Justizia Administrazioaren letraduak eta langileak.
Probintzia Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkideak jurisdikzio zibilean eta penalean lagunduko dio Probintzia Auzitegiari; Auzialdi Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkidea, berriz, Auzitegi horrek dituen atal adina arlotan banatuko da.
6. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkideak eskaintzen dituzten zerbitzuak.
Deklarazio-fasean, Izapidetze Zerbitzu Erkideak honako zerbitzu hauek eskainiko ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko, Bulego Judizialeko gainerako zerbitzu erkideekin koordinatuta:
a) Jurisdikzio-ordena guztietako prozedurak hasteko idazkiak onartuko ditu, prozedurei buruzko legeei jarraikiz.
b) Behar denean, prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio hura banaketa bidez esleitu zaion epaileari edo magistratuari, onartzea edo ez onartzea erabaki dezan.
c) Epaileei eta magistratuei beren eskumeneko jarduketak egiten lagunduko die, bai eta ebazpenak prestatzen ere.
d) Guardiako zerbitzua egingo du jurisdikzio-ordena guztietan.
e) Deklarazio-fasean, prozedura antolatu, kudeatu eta izapidetuko du.
f) Errekurtsoak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.
g) Irmotasunak, errekurtsoak eta artxibatzeak kontrolatuko ditu.
h) Gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.
i) Judizioen, ikustaldien eta agerraldien daten agenda kudeatu eta koordinatuko du.
j) Zitazio, epatze eta epe prozesalen kontrola eta jarraipena egingo du.
k) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.
l) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzeko.
m) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
n) Aplikatu beharreko araudian ezartzen den beste edozein zerbitzu, bai eta jarduketa-protokoloetan eta antolamendu-dokumentazioan zehazten diren beste guztiak ere, Izapidetze Zerbitzu Erkidearen izaerarekin bat etorriz gero.
Betearazpen-fasean, Izapidetze Zerbitzu Erkideak honako zerbitzu hauek egingo ditu, laguntza ematen dien organo judizialen arabera, Bulego Judizialeko gainerako zerbitzu erkideekin koordinatuta:
1.– Jurisdikzio-ordena guztietan:
a) Jurisdikzio-ordena guztietan, betearazpen-prozedura hasteko idazkiaren berri emango dio epaileari edo auzitegiari, onarpenerako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren eta prozedurari buruzko legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.
b) Organo judizialaren titularrak betearazpen-demanda aztertu ondoren agerian utzi eta zuzendu beharreko gorabeherak izapidetu eta ebatziko ditu, eta hura onartu aurreko arazo prozesalak ere bai.
c) Epaileei eta magistratuei betearazpen-prozesuak hasteko idazkiak onartzeko edo ez onartzeko ebazpenak egiten lagunduko die, eta beren eskumeneko gainerako jarduketa guztiak egiten ere bai.
d) Prozedura-legeen arabera bidezkoa den kasuetan, betearazpen-neurrien dekretua emango du, eta erabakitako neurriak betearazteko izapideak egingo ditu.
e) Behin-behineko betearazpena hasteko hasierako eskabideak izapidetuko ditu, eta behar denean kudeatu ere bai.
f) Ebazpen judizialak betearaztean gertatzen diren gorabehera prozesalak izapidetuko ditu.
g) Betearazpen-prozesuetan ematen diren ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak eta horien gorabeherak antolatu, kudeatu eta izapidetuko ditu.
h) Beste administrazio eta erregistro publiko batzuekin behar diren jarduketa guztiak egingo ditu, prozedurak antolatzeko, kudeatzeko eta izapidetzeko behar diren datuak (helbideak, ondarea...) ikertzeko.
i) Diruzkoak ez diren betearazpenetan, enkante judizialera ez jotzeko neurriak ezartzeko behar diren izapideak egingo ditu; errekerimenduari jaramon egiten ez zaion kasuetan, betearazleak eskatzen dituen bidezko jarduketak egingo ditu.
j) Betearazpen-prozesuetako daten, zitazioen, epatzeen eta epeen eta horien gorabeheren kontrola eta jarraipena egingo du.
k) Inaktibo dauden betearazpenak kontrolatuko ditu, bulkada judiziala emateko edo behin-behinean edo behin betiko artxibatzea erabakitzeko.
l) Betearazpen-prozesuetako judizioen, ikustaldien eta agerraldien datak eta horien gorabeherak kudeatu eta koordinatuko ditu, agenda informatiko baten bitartez.
m) Izapidetzen ari diren espediente judizialak mantendu eta artatuko ditu, euskarri fisikoan zein elektronikoan.
n) Betearazpen-prozesuetako gordailu eta kontsignazio judizialen kontua kudeatuko du.
o) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
p) Antolamendu-arauetan eta jarduketa-protokoloetan zehazten diren gainerako zerbitzu guztiak.
2.– Jurisdikzio penala eta adingabeak arloan, aurrekoez gainera hauek ere egingo ditu:
a) Betearazpen-fasean, espetxean sartzeko nahiz bilatu eta atxilotzeko ematen diren manamenduak eta aginduak izapidetuko ditu.
b) Adingabeak itxita atxikitzeko neurriak eta adingabeen erantzukizun penalaren eta zibilaren arloan emandako ebazpenak betearazteko beste neurri batzuk izapidetzea.
c) Prozesu penaletan, aske uzteko eta eskubideak nahiz askatasunak kentzeko edo murrizteko ezarritako neurriak azkentzeko emandako manamenduak izapidetuko ditu.
d) Zigorren etendurak eta indultuak izapidetuko ditu.
e) Zigor-metaketak izapidetuko ditu.
f) Eskubideak kentzeko zigorrak betearazteko izapideak egingo ditu.
g) Kondenak likidatzeko eta zigorrak ordezteko izapideak egingo ditu.
h) Denetariko diru-erantzukizunak betearazteko behar diren jarduketak eta lortzen den dirua legez ezarrita dauden helburuetarako erabiltzeko behar direnak izapidetuko ditu.
i) Baimen ofizialen atxikipenak eta horien ondoriozko komunikazioak izapidetuko ditu.
j) Betearazpen-prozesuak izapidetzeko behar diren kontsultak egingo ditu erregistro publikoetan, eta horietan idatzoharrak eta eguneratzeak egingo ditu, eta komunikazioak bidaliko dizkie, prozedurei buruzko legeetan eta administrazio-legeetan ezartzen denarekin bat etorriz.
k) Bulego Judizialeko Zerbitzu Erkide Orokorrarekin koordinatuta egin beharreko gainerako betearazte-lan guztiak.
7. artikulua.– Izapidetze Zerbitzu Erkideari atxikitako langileen eginkizunak.
1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:
a) Izapidetze Zerbitzu Erkidearen zuzendaritza. Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko Letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan ariko diren langileak ere. Besteak beste, zuzendaritzako Justizia Administrazioko letraduak koordinatzea izango du zuzendariak eginkizun, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
Gainera, auzitegiko lehendakariarekin koordinazio-eskumenak hartuko ditu bere gain, bai eta gainerako zerbitzu erkideekin koordinatzekoa ere, Bulego Judizialaren funtzionamendu onerako, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 437.5 artikuluan aurreikusi bezala.
b) Izapidetze Zerbitzu Erkidearen kudeatzaile arduraduna. Kudeatzaile arduradunek, Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuan destinatuta dauden langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, haien eskutik zuzenean, edo jarduteko protokoloetan zehazten diren lantalde funtzionalak koordinatuz, edo bestela, zuzendaritzako postuetan ari diren pertsonek ematen dituzten jarraibideen bidez.
Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu eremu prozesalean.
2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den Izapidetze Zerbitzu Erkidearen berezko gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
III. KAPITULUA
ZERBITZU ERKIDE OROKORRA
8. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorra.
Zerbitzu Erkide Orokorra Bulego Judizialaren unitate bat da, Izapidetze Zerbitzu Erkideei berariaz esleitu ez zaizkien lan zentralizatuak eta zeharkakoak egiten ditu.
Zerbitzu Erkide Orokorra osatuko da dagozkion lanpostuen zerrendetan zehazten diren lanpostuez. Lanpostu horietan Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako funtzionarioek soilik jardun ahal izango dute:
a) Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoa.
b) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
c) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa.
d) Laguntza Judizialeko Kidegoa.
Zerbitzu Erkide Orokorraren burutzan Justizia Administrazioaren Letradu bat egongo da. Letradu hori zerbitzuko zuzendaria izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean egongo dira zerbitzuko lanpostuetan ariko diren Justizia Administrazioaren Letraduak eta langileak.
Zerbitzu Erkide Orokorra hiru arlotan banatuko da: Komunikazio eta Betearazpen Egintzen Arloa, Erregistro eta Banaketa Arloa eta Zerbitzu Orokorren Arloa.
9. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorrak eskaintzen dituen zerbitzuak.
Zerbitzu Erkide Orokorrak honako zerbitzu orokor eta zeharkako zerbitzu hauek egingo ditu:
1.– Erregistroko eta banaketako zerbitzuak:
a) Denetariko prozedurak hasteko idazkiak jasoko ditu, erregistratuko ditu eta zerbitzua ematen dien organo judizialen artean banatuko ditu, banaketa-arauetan ezartzen denari jarraikiz.
b) Bere eremuko organo judizialei bidaltzen zaizkien izapide-idazkiak eta bestelako agiriak jasoko ditu, eta lehenengo tratamendua emango die.
c) Dokumentazio-lanak egingo ditu (batez ere aurkezteko eta pertsonatzeko eginbideak eta hartu-agiriak bidaliko ditu), eta antzeko beste zerbitzu batzuk egingo ditu.
d) Banaketari buruzko gobernu-erabakiak prestatzen eta idazten lagunduko du.
e) Guardiako zerbitzua erregistratzen lagunduko du.
f) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
2.– Komunikazio-egintzen eta betearazpen-egintzen inguruko zerbitzuak:
a) Organo judizialek beren udalerrian eta barruti judizialeko gainerako herrietan egin beharreko komunikazio-egintzak eta betearazpen materialeko egintzak egingo ditu. Salbuespena: ez ditu egingo barruti judizialeko udalerrietako justizia-bulegoek edo justizia-bulegoen elkartzeek egin beharreko komunikazio-egintzak, horietan Justizia Administrazioko langileak ari direnean lanean, horrelakoetan bulego horiek zuzenean egin behar baitituzte komunikazio-egintzak.
b) Posta jaso eta banatuko du. Gainera, irteera-postako gutun-azalak bilduko ditu, eta zerrendak prestatuko ditu, gero baliabide elektronikoen bidez bidaltzeko egoitzan erabiltzen den posta-zerbitzura edo mezularitza-zerbitzura.
c) Posta-balizak erabiliko ditu, dokumentazioa Justizia Administrazioaren beste bulego edo zerbitzu batzuetara bidaltzeko eta haiek bidaltzen dutena jasotzeko.
d) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
3.– Laguntza judiziala emateko eta eskatzeko zerbitzuak:
a) Lankidetza judizialaren eskabideak eta estatuko zein atzerriko lankidetza judizialaren eskabideak jasoko ditu eta izapidetuko ditu, atzera itzultzea egokitzen den arte.
b) Behar denean, eskabideak gaiaren arabera eskumena daukan zerbitzu erkidera bidaliko ditu.
c) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
4.– Herritarren, profesionalen eta auzilarien arretarako zerbitzuak:
a) Denetariko komunikazio-kanaletatik (bertaratuta, telefonoz, paperean edo formatu elektronikoan) jasotzen diren informazio orokorraren eskaerez arduratuko da.
b) Prozesu bateko alderdi diren pertsonek eta haien ordezkariek, haien ordezkaritzan edo defentsan aritzen diren profesionalek eta pertsona interesdunek prozesu judizialei buruzko informazioa eskuratzeko aurkezten dituzten eskaerez arduratuko da, eskatzaileak informazioa eskuratzeko interes legitimoa daukala ebatziz gero.
c) Barruti judizialeko zerbitzu erkideen lanaren inguruko kexak, erreklamazioak, salaketak eta iradokizunak jasoko ditu, edukiaren arabera bideratuko ditu eta bidezko izapideak egingo ditu, Botere Judizialaren Lege Organikoan eta horren garapen-arauetan ezartzen denarekin bat etorriz.
d) Delituen biktimen informazio-eskaerez arduratuko da, barruti judizialeko edo probintziako Delituaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin koordinatuta.
e) Gatazkak konpontzeko baliabide egokiei buruzko informazio-eskaerez arduratuko da, prestazio-administrazio eskudunarekin koordinatuta.
f) Justizia Administrazioarekin lotutako administrazio-zerbitzuak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 quater artikuluan arautzen direnak.
g) Aurrekoen antzeko beste zerbitzu oro.
5.– Zeharkako zerbitzuak edo zerbitzu orokorrak:
a) Bulego judizialaren jarduerari laguntzeko zerbitzu orokorra, Laguntza judizialeko langileen bitartez, barne hartu ahal izango duena Erregistro Zibilaren bulegoa, dagokion jarduera-protokoloak zehaztutako baldintzetan.
b) Bisita-aretoak eta erabilera anitzeko gelak kudeatuko ditu.
c) Kudeaketa-artxiboa: bere jardun-eremuko organo judizialen prozedura judizialak eta prozeduretako konbikzio-piezak eta gauzak jaso, gorde, sailkatu eta bidaliko ditu.
d) Prozedura judiziala hasi aurretik egindako gordailu eta kontsignazio judizialak kudeatuko ditu, eta bidezko manamenduak eta transferentziak bidaliko ditu, aplikatu beharreko araudiarekin eta hartzen diren erabakiekin bat etorriz.
e) Prozedura Zibilaren Legearen 341. artikuluan aipatzen diren peritu judizialen zerrendak prestatuko ditu, eta barruti judizialeko organoek egiten dituzten esleipenen jarraipena egingo du.
f) Laguntza emango dio Zinpekoen Epaimahaiaren bulegoari.
g) Gobernu-laguntza, Auzialdiko Auzitegietako lehendakariari laguntza emanez, esleituta dituen gobernu-eginkizunetan.
h) Bulego fiskalarekiko koordinazioa.
i) Beharrezko estatistika publikoak egiteko behar diren datuak modu automatizatuan biltzen lagunduko du (estatistika judizialak egiteko behar direnak eta administrazio publiko eskudunek beren kudeaketa-lanetarako behar dituztenak barne), Botere Judizialaren Lege Organikoan ezartzen denari jarraikiz.
j) Aurrekoen antzeko beste edozein zerbitzu.
10. artikulua.– Zerbitzu Erkide Orokorreko langileen eginkizunak.
1.– Zuzendaritzako lanpostuetan:
a) Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendaritza. Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendaria Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kidea izango da, eta haren mendekotasun funtzionalean izango ditu, Justizia Administrazioko Letraduak ez ezik, zerbitzu erkide horretan destinatutako lanpostuetan ariko diren langileak ere. Bere eginkizunetan, zerbitzuko zuzendariak bertan diharduten Justizia Administrazioko letraduak koordinatuko ditu, Botere Judizialaren Lege Organikoak 436.6 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz.
b) Zerbitzu Erkide Orokorraren kudeatzaile arduraduna. Kudeatzaile arduradunek, zerbitzuko zuzendariarekin lankidetzan, zerbitzuko langileak antolatu, kudeatu eta koordinatuko dituzte, beren eskutik zuzenean, edo jarduteko protokoloetan zehazten diren lantalde funtzionalak koordinatuz, edo bestela, zuzendaritzako postuetan ari diren pertsonek ematen dituzten jarraibideen bidez.
Horrez gainera, legez Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoari dagozkion eginkizunak edukiko ditu eremu prozesalean.
2.– Lanpostu generikoetan edo hizkuntza-eskakizun berezia duten lanpostuetan:
a) Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek gorengo mailako jarduera prozesalean lagunduko dute, eta aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkidearen berezko gaien inguruko lan prozesalak egingo dituzte, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 476. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
b) Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego honetako kideek prozedurak kudeatzeko agintzen zaizkien lanetan lagunduko dute, lanpostuaren espezializazio-mailaren arabera, aurreko artikuluan aipatzen den zerbitzu erkideak eskaintzen dituen zerbitzuei berez dagozkien gaietan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 477. artikuluan ezartzen denari jarraikiz.
c) Zerbitzu Erkide Orokorreko Laguntza Judizialeko Kidegoko langileak. Lanpostu horietan ari diren kidego horretako kideek zerbitzuan ari diren organo judizialei eta bulego judizialei lagunduko diete, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 478. artikuluan ezartzen denari jarraikiz. Besteak beste, kidego horretako langileek genero-indarkeriaren biktimei lagunduko diete eraikinaren barruan, eta laguntza emango diote guardiako zerbitzuari, indarreko araudian ezartzen denarekin bat etorriz; horretarako, Zerbitzu Erkide Orokorretik koordinatuko dituzte lanpostuen zerrendan «Guardiak» zehaztapena ezarrita duten lanpostuetako langileen artean.
IV. KAPITULUA.
ZERBITZU ERKIDEEN ANTOLAMENDUARI BURUZKO XEDAPEN KOMUNAK
11. artikulua.– Zerbitzu komunak arloetan banatzea.
Auzialdi Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkidea eta Zerbitzu Erkide Orokorra hainbat arlotan egituratuko dira, Agindu honen 4. artikulua betez.
Arlo horiek zerbitzua emango dute prozeduren tipologiari dagokion eremuan edo euskarria eta laguntza ematen dieten atalei esleitutako jardueraren eremuan.
12. artikulua.– Lantaldeen eraketa, antolamendua eta jarduna: araubidea.
Lantaldeen eraketa berariaz islatu daiteke antolamendu-egituran. Lantaldeak ez badira berariaz islatzen egituran, jarduketa-protokoloetan zehaztuko da zenbat kide izango diren taldeetan eta zertan jardungo duten, betiere atxikita dauden zerbitzu erkidearen berezko gaietan.
V. KAPITULUA
BULEGO JUDIZIALEKO UNITATEETAKO ZEHARKAKO ZERBITZUAK
13. artikulua.– Guardiako zerbitzua.
Guardiako zerbitzuan Justizia Administrazioaren letraduak ariko dira, eta beren kopurua arlo honetako araudian ezartzen dena izango da, eta errotazio-txanda bat ezarri beharko da.
Horretarako, urtero, dagokion Izapidetze Zerbitzu Erkideko zuzendariak Bulego Judizialeko langileen guardien egutegia prestatu eta onetsiko du, eta gero zerbitzu hori eman behar duten langileei jakinaraziko zaie, behar besteko aurrerapenarekin.
Bulego Judizial bakoitzeko lanpostuen zerrendan identifikatuko dira guardiako zerbitzua bete behar duten lanpostuak.
14. artikulua.– Koordinazioa bulego fiskalarekin.
Bulego judizialari dagozkion jarduketa-protokoloak Gobernu Idazkaritzako postuetan ari diren pertsonek onetsiko dituzte, abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsitako idazkari Judizialen Kidegoaren Erregelamendu Organikoan xedatzen denari jarraikiz, eta haietan ezarriko dira bulego fiskalekin koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko mekanismoak, batez ere datak ezartzeari dagokionez.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute, Bulego Fiskaleko zuzendariarekin batera.
Horretarako, eta Bulego Judizialaren ezaugarrien arabera, egiteko hori eta beste batzuk esleitu ahal izango dira Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei, eta horiek izango dira zuzeneko bitartekariak, dagozkien bulego fiskalekin.
15. artikulua.– Udaletako Justizia Bulegoekiko koordinazioa.
Bulego Judizialaren jardun-protokoloetan ezarriko dira udalerrietako justizia-bulegoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko mekanismoak, komunikazio-egintzak behar bezala egiteko. Horiei esker udalerriko biztanleek bideokonferentziaz esku hartu ahal izango dute, eta bulegoek esleituta dituzten gainerako zerbitzuak eskainiko dituzte.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute udalerrietako Justizia Bulegoetako idazkariekin, Justizia Ministerioaren Lurralde Kudeatzailetzarekin, eta zerbitzuak emateko bulego horiek baliatzen dituzten beste administrazio eta erakunde batzuekin.
Horretarako, zehazten den Bulego Judizialeko unitatean, eta Bulego Judizialaren dimentsioen arabera, egiteko hori Justizia Administrazioaren letradu bati edo batzuei edo Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute udalerrietako Justizia Bulegoekin.
16. artikulua.– Gatazkak ebazteko baliabide egokien taldeekiko koordinazioa.
Bulego Judizialetako jardun-protokoloetan, lehen aipatu baitira, hainbat mekanismo ezarriko dira, gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzuak eskaintzen dituzten unitateekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko.
Zerbitzu erkideetako zuzendariek koordinazio hori bideratu eta antolatu beharko dute, Bulego Judizialaren barruan gatazkak ebazteko baliabide egokiei buruzko informazioa emateko zerbitzuan ari diren langileekin batera.
Horretarako, Bulego Judizialaren dimentsioen arabera, egiteko hori Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoko edo Laguntza Judizialeko Kidegoko funtzionario bati edo batzuei esleitu ahal izango zaie, eta horiek zuzeneko lotura izango dute gatazkak ebazteko baliabide egokien zerbitzua ematen duten administrazio-unitateekin.
17. artikulua.– Ordutegi berezia.
Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak 500. artikuluaren 5. apartatuan xedatzen duenaren arabera, lanpostuen zerrendetan ordutegi bereziak ezarri ahal izango dira, zerbitzu erkide baten ezaugarrietarako onuragarriak direnean.
18. artikulua.– Dedikazio berezia.
Lanpostu-zerrendetako lanpostu batzuk dedikazio berezikoak izan ahalko dira, ardura berezikoak direlako. Horrelako lanpostuetan asteko lanaldia 40 ordukoa izango da, indarreko araudian ezartzen denari jarraikiz.
19. artikulua.– Gobernu-eginkizunetarako lanpostuak.
Probintzia Auzitegiko lehendakaritzan ari den pertsonaren gobernu-euskarri eta -laguntzako zerbitzua emango dute, modu esklusiboan Probintzia Auzitegiko Izapidetze Zerbitzu Erkidean destinoa duen Izapidetze Kidegoko funtzionarioek.
Auzialdiko auzitegietako lehendakariei Zerbitzu Erkide Orokorrak emango die gobernu-euskarri eta -laguntza.
Zerbitzu Erkide Orokorreko zuzendariak berak zehazten dituen funtzionarioei esleituko die egiteko hori.
20. artikulua.– Erregistro Zibilaren bulegoak.
Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko Erregistro Zibilaren bulegoak antolatuko ditu; horretarako, lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu, eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.
21. artikulua.– Udalerrietako Justizia Bulegoak.
Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumen-eremuko udalerrietako Justizia Bulegoak antolatuko ditu horretarako, lanpostuen zerrendak prestatu eta onetsiko ditu, eta zerbitzu horren antolamendu-beharrizanei aurre egiteko behar diren lanpostuak zuzkituko ditu.
22. artikulua.– Estatistikak eta txostenak.
Agindu honetan aipatzen diren zerbitzu erkideetako bakoitzean ari diren langileek baliagarri dauden kudeaketa- eta informazio-sistemek behar dituzten datuak sartu eta eguneratu beharko dituzte, datuak modu automatizatuan bildu ahal izateko, estatistika judizialen araudian ezartzen diren ondorioetarako eta BJLOaren 461. artikuluan aipatzen den datu-ustiapenerako.
Horretarako, zerbitzu erkide bakoitzeko langileek aintzat hartu beharko dituzte berariaz ematen diren jarraibideak eta gidalerroak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Justizia Administrazioko zuzendariaren ebazpen bidez zehazten den egunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Administrazio-errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS