
250. zk., 2025eko abenduaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (343 KB - 33 orri.)
- EPUB (156 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5528
AGINDUA, 2025eko abenduaren 16koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, 2026ko ekitaldian enpresen I+G bultzatzeko Hazitek programaren oinarriak ezarri eta deialdia egiten duena.
Europa bere etorkizun industriala birkonfiguratzen ari da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak aukera horren mailan egon behar du. Aurrean duguna une erabakigarri bat da: aroz aldatzen ari gara eta, ondorioz, beharrezkoa da gure ongizatea, gure segurtasuna eta gure oparotasuna eraikitzeko baliatu ditugun oinarriak berrikustea. Europa, gainera, sendotasunez bereganatzen ari da funtsezko printzipio bat: «Europa gehiago nahi badugu, industria gehiago behar dugu». Industria, teknologia, ikerketa eta berrikuntza, energia, elikadura, defentsa edo kanpo-ekintza indartzea dagoeneko ez da aukera huts bat; Europako gizarte-ereduari eusteko beharrizan estrategikoa da.
Industria europarreko polo giltzarrietako bat izan da historikoki EAE, eta halaxe da gaur egun ere. Izan ere, azken hamarkadetan EAEko industriek apustu sendoa egin dute oinordetza horri eusteko.
Industriak BEGd-aren % 24,2 eta EAEko enpleguaren % 18,8 osatzen ditu, eta zifra horiek % 38,1 eta % 32,5raino igotzen dira, hurrenez hurren, industriari lotutako zerbitzuak kontuan hartzean (2022ko datuak). EAEko industriak dibertsifikazioa eta espezializazioa uztartzen ditu, eta, modu horretan, errazago zaio erresilientea izatea. Hiru adarrek hartzen dute, batuta, industriako enpleguaren % 53,7: metalurgiak (% 32,9), makineriak (% 11,3) eta garraioak (% 9,4). Sektore hauen presentzia eta dinamismo esportatzailea handia da: kautxuzko produktuak, plastikoak eta zura, automobilgintza, makineria eta ekipoak, metalurgia eta produktu metalikoak, eta garraio-ekipoak. Garrantzia daukate beste sektore batzuek, hala nola energiak, aeronautikak eta osasunak.
EAEko industria-sarearen ezaugarria da enpresa txiki (hogei langile baino gutxiago) asko daudela (% 83), baina enpleguaren % 50 baino gehiago ETEetan biltzen da.
2010-2022 aldian, maila teknologiko altuko industria-jarduerak % 3,5etik % 5,2ra igaro dira, eta eduki teknologikoren bat duten sektoreen proportzioa bost puntu baino gehiago igo da; hala, 2010ean % 84,9 izatetik 2022an % 90,0 izatera igaro da. Maila ertain-altuko manufaktura-industriaren esportazioak manufaktura-industriaren esportazio guztien balioaren erdia baino gehiago dira (% 52,5 2024an).
Garapen teknologikoa eta berrikuntza aztertuz gero, EAE berrikuntza altuko eskualde bat da RIS 2023 sailkapenaren arabera, eta Horizon Europe programan hartutako funtsetan Europako 17. eskualdea da. 2023an, EAEk I+G arloan egindako inbertsioa bere BPGaren % 2,16koa izan zen. Oraintsu egindako balioespenen arabera, zenbateko hori % 2,37ra igoko da 2025ean. Enpresak dira EAEko I+Garen exekuzio-sektore nagusia (% 57,5 2023an). EAEko konpainien % 46,1 berritzaileak dira 2023an.
Europako Batzordeak duela gutxi aurkeztu zuen EBrako Lehiakortasun Iparrorratza. Ekimen horrek politika industriala lehiakortasunera bideratutako ikuspegi integral baten parte gisa definitzen du, eta Europa lehiakorrago, berdeago eta burujabeago baten bizkarrezur gisa duen zeregina birdefinitzen du. Iparrorratzak hiru xede esanguratsu ezartzen ditu:
– Berrikuntzaren arrakala ixtea («Innova»): beharrezkoa da Europak I+G arloko inbertsio pribatuko geldialdia haustea eta ezagutzaren eta aplikazioaren arteko zatiketa gainditzea.
– Baterako ibilbide-orri bat ezartzea deskarbonizaziorako eta lehiakortasunerako («Clean»): Clean Industrial Deal ekimenaren bidez, EBk erabat txertatu nahi ditu politika industrial eta klimatikoak.
– Gehiegizko mendetasunak murriztu eta segurtasun ekonomikoa areagotzea («Safe»): Europak hornitzaileen dibertsifikazioaren, birziklapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egingo du estrategikoki indartuta ateratzeko mekanismo gisa.
Gainera, Ikerketa eta Teknologia Azpiegiturei buruzko Europako Estrategiak ezartzen duenez, Azpiegitura Teknologikoak (IT) garrantzizko tresnak dira industriak teknologien garatze-, probatze-, prototipatze-, baliozkotze- eta eskalatze-faseetatik eratorritako kostuak eta arriskuak murriztu ditzan. Beren funtzioak eta gure industriarako duen garrantzia direla-eta, ITak funtsezkoak dira Europaren subiranotasun teknologikorako, autonomia estrategikorako eta lehiakortasunerako.
Saiakuntza- eta esperimentazio-azpiegituren balio erantsi nagusia –azpiegitura-teknologikoak izenaz ere ezagutuak– hauxe da: enpresei aukera ematen diete merkaturatu aurretik I+G+bn egiten dituzten inbertsioen arriskua minimizatzeko, bai eta ideiak eta kontzeptuak probatzeko eta baliozkotzeko ere, merkataritza-mailan azkarrago baliatu daitezen. Ikerketa- eta teknologia-erakundetan eta unibertsitate teknikoetan kokatuta egoten dira eta haiek kudeatzen dituzte. Enpresek azpiegitura teknologikoak ere eskain ditzakete.
Gainera, EBk 2025ean bultzada handia eman dio arauak sinplifikatzeko prozesuari, «Europa sinpleagoa eta azkarragoa» komunikazioaren eta hiru «Omnibus» lege-paketeren bidez. Helburua da arau-mailako oztopoak murriztea, prozedurak bateratzea eta enpresen berrikuntza eta inbertsioa zailtzen duten administrazio-kargak ezabatzea.
Europako esparruan ezarritako aukerei eta erronkei erantzun egokia emateko, ekitaldi honetako irailaren 30ean Gobernu Kontseiluan onetsitako Euskadi 2030 Industria Plana hiru ardatz estrategikoren (Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago) eta zeharkako ardatz baten (Desburokratizazioa) gainean eraiki da. Ardatz horiek industria-eraldaketaren ikuspegi integrala islatzen dute Europako egungo testuinguruan. Ardatz estrategiko bakoitza bost lehentasun estrategikotan zehazten da eta, horien barruan, proiektu zehatzen bidez hedatuko diren ekintza-lerroak jasotzen dira. Europako industrian martxan dauden bost trantsizio handiei erantzuten diete hamabost lehentasunek.
Euskadi 2030 Industria Plan horretan zehazten dira zeintzuk diren EAEko industriaren eremuan sendotasunez jorratu behar diren erronkak. Hona hemen arau honek neurri handiagoan landu nahi dituenak:
– Gure trakzio-industrien enpresa-errotzea indartzea sektore estrategikoetan. Gure sektore estrategikoetako balio-kateetan etorkizuneko industria-proiektu solidoak sustatzea, eta horiek beren jarduera eta erabaki-zentroa EAEn izaten jarraitzea.
– Enpresen batez besteko tamaina handitzea, erabaki-zentroak EAEn izaten jarraitzen duten enpresa traktore gehiago sustatuz, eta gure ETEen batez besteko tamaina handitzea. Erronka hau gainditzeko, beharrezkoa da enpresen hazkundea bultzatzea, integrazio- eta eskalatze-prozesuak erraztea, eta balio-kate oso eta konplexuen traktore-nukleo gisa jardungo duten erabaki-zentroak erakarri edo finkatzea.
– Gure industria-sarearen dinamismoa areagotzea. Industriak-ekimen berriak sustatzea funtsezkoa da ekoizpen-sarea berritu eta dibertsifikatzeko. EAEk oinarri industrial eta teknologikoko ekintzailetza babesteko dituen mekanismoak indartu behar ditu, bai eta ETEetan berrikuntzaren kultura sustatu ere.
– Talentua garatzea, bereziki zainduz industria erakargarriagoa eraikitzen dela eta emakumeen, belaunaldi berrien eta gaur egun ordezkaritza urria duten kolektiboen partaidetza handiagoa dela.
– I+G+b arloan inbertsio pribatua eta publiko-pribatua areagotzea, lidergo teknologikoa sendotzeko. EAEk oinarri zientifiko eta teknologiko solidoa dauka, baina Europako iparraldeko eskualde industrial liderrekin alderatuz gero, I+G+b arloko inbertsioaren intentsitatea hobetu egin daiteke. Beharrezkoa da dimentsio hori indartzea, sektore estrategikoetan lidergoari eusteko, trantsizio teknologiko eta energetikoari aurre egiteko, eta kalitatezko enplegua sortzeko.
– Azpiegitura energetiko eta digitalak eskuratzea, hazteko, berritzeko eta jasangarriagoak izateko. Azpiegitura hauen erabilgarritasuna, kalitatea eta kostu lehiakorra faktore giltzarriak dira ekoizpen-sarearen eraldaketa teknologiko eta berdea sustatzeko.
– Finantza-ekosistema indartzea, inbertsio eraldatzaileko eta eskalatze teknologikoko prozesuetan enpresei laguntza ematen dieten tresna eta operadore espezializatuen eskaintza zabalduz. Enpresen beharrizanei egokitutako babes espezifikoa ematea.
Horrela, orain, bizi garen testuinguruan, industriaren benetako eraldaketa sustatu behar dugu, egungo garaiek eskatzen dutena. Gaur aurrean ditugun erronkak –industrialak, teknologikoak, energetikoak eta ingurumenekoak– elkarren artean lotuta daude eta elkarri eragiten diote, aurretik inoiz ez bezala.
Industriaren arloko laguntza eta zerbitzuen programak oraindik ere zutabe giltzarria dira. Hala ere, beharrezkoa da horiek ekimen disruptiboagoekin osatzea. Euskadi 2030 Industria Planak, beraz, elkarlaneko gobernantza praktikoko eredu bat ezar dadila sustatzen du eta, horretarako, proiektu eraldatzaileen egikaritzan oinarritzen da.
Industria-politikaren jardunbide onenekin bat, ikuspegi proaktibo bat hartu da plan honetan ezarritako lehentasun estrategikoak babestuko dituzten proiektu eraldatzaileak sustatzeko. Proiektu horiek lankidetza publiko-pribatua izango dute sektore publikoaren eta pribatuaren artean baterako sorkuntza proaktiboaren printzipioa finkatzeko, funtsezkoa baita irtenbide berritzaileak garatu eta geroz eta konplexuagoak diren erronkei aurre egiteko.
Proiektu eraldatzaileen xedea da zuzenean eta modu neurgarrian laguntzea Euskadi 2030 Industria Planeko lehentasun estrategikoetako bat edo batzuk lortzen.
Hazitek 2026 programak ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak gauzatzen laguntzen du. Proiektu horiek eraldatzaileak, estrategikoak edo lehiakorrak izan daitezke, eta EAEko enpresen sektoreak gauzatuak dira Euskadi 2030 Industria Planaren lehentasun estrategikoei laguntzen dieten teknologietan.
Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa industrialeko jarduerak, garapen esperimentaleko jarduerak eta azpiegitura teknologikoetako, saiakuntzako eta esperimentazioko inbertsioak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren definizioaren arabera.
Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25. eta 26 bis artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra), zeina Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko (EB) 972/2020 Erregelamenduaren, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko (EB) 1237/2021 Erregelamenduaren eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko (EB) 1315/2023 Erregelamenduaren bidez aldatu baitzen.
Azkenik, adierazi beharra dago programa hau sartuta dagoela Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 2025-2028 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen–.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Enpresen I+G jarduerari laguntzeko Hazitek programaren oinarriak onestea, I. eranskinean jasotzen diren legez, eta laguntzen deialdia egitea 2026ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren mende egongo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 16a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
ERANSKINA
ENPRESEN I+G JARDUEREI LAGUNTZEKO HAZITEK PROGRAMAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea.
Proiektu eraldatzaileak, proiektu estrategikoak eta proiektu lehiakorrak egiten laguntzeko dirulaguntzen programa. Proiektu horiek ikerketa industrialerako, garapen esperimentalerako eta/edo saiakuntza- eta esperimentazio-azpiegituretarako dira, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean nahiz Euskadi 2030 Industria Planean jasotako lehentasunezko esparruetan eta sektoreetan aplikatzekoak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 119.000.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
Deialdiaren zenbateko oso horretatik, 43.000.000 euro proiektu lehiakorretarako izango dira, 50.000.000 euro proiektu estrategikoetarako eta 26.000.000 proiektu eraldatzaileetarako.
Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onesten badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.
2.– Deialdiaren guztizko zenbatekoari beste % 50 gehitu dakioke gehienez, eta, hala egiten bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez. Zenbatekoa handitzeak ez du ekarriko ez eskabideak aurkezteko beste epe bat ezartzea, ez ebazteko epea berriz hastea.
3.– Definitutako proiektu-tipologiaren baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak, amaitzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan.
3. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskaerak agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2026ko otsailaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dira, proiektu mota guztietarako lehenengo deialdian.
2026ko ekainean edo uztailean, beharrezkoa izanez gero, bigarren deialdia egin daiteke, proiektu eraldatzaileak aurkezteko soilik. Bigarren deialdi hori EHAAn argitaratuko da behar bezala. Lehenengo deialdirako aipatutako kreditu-zenbatekoak agortu ezean, soberako zenbatekoak bigarren deialdian sartuko dira, bai eta aurrekontua zabaltzetik erator daitezkeenak ere.
4. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
a) Enpresak: enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txikitzat edo ertaintzat hartuko dira, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz, 250 langile baino gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskin horren 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.
b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien legezko forma edozein dela ere. Hala ere, onuradun izan daitezke nortasunik ez duten pertsona juridikoen elkarteak ere, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoarekin. Kasu horretan, taldeak lider bat izendatu beharko du. Lider horrek ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, eta behar besteko ahalmena izango du taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dituzte, agindu honetako 13.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak.
2.– Honako hauek ezin daitezke izan agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
a) Administrazio publikoekin lotuta edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten entitate eta sozietate publikoak, eta administrazio instituzionalekoak, zeinahi dela ere administrazioa.
b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak» (2014/C 249/01).
c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratze-agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo entitateak.
d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak, 109/2015 Dekretuaren arabera akreditatuta daudenak (109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa).
3.– Erakundeek, onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea, entitatearen jarduera ekonomikoa bertan garatzea eta instalazioan I+G proiektuan inplikatutako langile propioak izatea.
b) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea. Proiektuan EAEtik kanpoko ikertzaileek parte hartzen badute, haiek proiektuan esku hartzeko beharra justifikatu beharko da, eta une oro bermatu beharko da proiektuari egotzitako langileen kostu gehiena, proiektuko buruena barne, EAEri atxikitako ikertzaileei dagokiela.
c) Berezko nortasun juridikoa izatea –salbu eta 4.1.b) artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko taldeak badira–, bai eta jarduteko gaitasun nahikoa ere; halaber, ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.
d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eskaera egiten duten unetik.
e) Beteak izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
f) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek, irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis apartatuan xedatzen den bezala.
g) Ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien enpresek, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
h) Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten entitateak, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako entitateak.
i) Ez egotea Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako egoera eragozleetako batean ere.
j) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu beharko dituzte, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatua izan beharko dute (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).
k) Ezingo dira enpresa-deslokalizazioaren deklarazioaren xede izan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Era berean, entitateek, onuradun izateko, bete eta errespetatu egin beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuak:
• Ez galdu izana dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera epai irmo bidez, eta ez egotea kondenatuta delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
• Ez egin izana hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaririk, ez egotea kaudimengabetzat deklaratuta ezein prozeduratan, ez egotea hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, eta ez egotea epailearen esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.
• Ez eragin izana Administrazioarekin egindako ezein kontraturen amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
• Egoitza fiskala ez edukitzea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako ezein herrialde edo lurraldetan.
• Epai irmo bidez dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez izana, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratiboa edo penala jaso dutenak sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.
• Ez urratzea Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izateko betebeharra, ez eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legeriak xedatutako baldintzetan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezartzeko betebeharra ere (50 langiletik gorako enpresak).
• Elkarte ordezkatuak ez izatea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausarik.
• Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura ez egotea etenda ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean (elkarteen kasuan. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.4 artikulua).
• Ez egotea zigortuta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez, neurri zuzentzaile egokiak hartu eta zehapena ordaindu arte.
• Ez urratzea desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
5.– Bete beharreko baldintzei eta ezarritako debekuei, gutxienez, dirulaguntza likidatu arte eutsi beharko zaie.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK
5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen tipologia.
Araubide honen xedea da diruz lagundu daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea:
1.– Proiektu eraldatzaileak.
a) Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa industrialeko, garapen esperimentaleko eta saiakuntza eta esperimentazio azpiegitura eraldatzaileak eskuratzeko proiektuak, bereizgarritzat eta bakartzat jotzen direnak beren ezaugarriengatik eta berezitasunengatik, Euskadi 2030 Industria Planaren lehentasun estrategikoekin lerrokatuta, eta lehiakortasuna hobetzea dakartenak IRABAZI eta HAZI sektore estrategikoetan eta EAEk potentzia industrial berritzaile gisa duen irudia hobetzea ere bai.
Proiektu eraldatzaile horiek Euskal Autonomia Erkidegoan inpaktu ekonomiko eta estrategiko handia duen lidergo industrial batean oinarritzen dira, eta inpaktu itzela sortzen dute bertako ekonomian, hogei mila eurotik gorako inbertsio eta kostu operatiboak baitituzte, eta horiek kalitatezko enplegua sortzea, enpresa-sarea indartzea edo inbertsioak erakartzea baitakarte.
Proiektu eraldatzaileek gaitasuna dute balio-katean zehar trakzio-efektuak edo zeharkako sinergiak sortzeko beste sektore batzuetako enpresekin eta eragileekin, Klusterren Erakunde Dinamizatzaileen laguntzarekin, eraldaketa estrukturalak sustatuz ikuspegi integral eta interkonektatu baten bidez.
Proiektu eraldatzaileek berrikuntza-maila handia azaltzen dute beren eremuko ezagutzaren edo teknologiaren egungo egoerari dagokionez, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileekin lankidetzan garatzen dira. Hala, sektorean edo merkatu objektiboan potentzial eraldatzailea duten soluzioak sortzen dituzte.
b) Dirulaguntzak emango dira proiektu eraldatzaileen I+G jardueretarako eta saiakuntza- nahiz esperimentazio-azpiegiturak eskuratzeko, baldin eta proiektuok jomuga badute produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobeak lortzeko ezagutza baliagarri berriak sortzea, bai eta teknologia eraldatzaile berriak integratzea, patente berriak sortzea eta oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berriak (startupak) sortzea ere.
2.– Proiektu estrategikoak.
a) Diruz lagundu ahal izango dira Euskadi 2030 Industria Planean estrategikotzat jotako sektoreetan kokatutako industria-ikerketako edo garapen esperimentaleko proiektu estrategikoak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerketan eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar dute, EAEko ekonomian trakzio-efektua eragin behar dute eta ETEen esku-hartzeari eta Horizon Europe Programari mesede egin.
a) Diruz lagundu ahal izango dira proiektu estrategikoen I+G jarduerak, baldin eta proiektuok jomuga badute produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobeak lortzeko ezagutza baliagarriak sortzea, bai eta teknologia estrategiko berriak integratzea, patente berriak sortzea eta oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berriak (startupak) sortzea ere. Horrek guztiak lanpostuak sortzera eta EAEko enpresa-sarea dibertsifikatzera bideratuta egon beharko du, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.
3.– Proiektu lehiakorrak.
a) I+G proiektu lehiakortzat hartuko dira produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak.
b) Lehiakorrak diren I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta lehendik daudenak baino hobeak garatzera argiro bideratua. Jarduera horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskaria hobeto asetzea izango da.
c) Ez dira «produktu/prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzera bideratutako proiektuak edo garatutako produktuak/prozesuak/zerbitzuak produktu/prozesu/zerbitzu berritzat hartzeko behar besteko berrikuntzarik ez dakartenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerroen nahiz -prozesuen, lehendik dauden zerbitzuen eta beste eragiketa arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri ahal izan.
6. oinarria.– Proiektuek bete beharreko baldintzak eta ezaugarriak.
1.– Proiektu eraldatzaileak.
a) Proiektu eraldatzaileen ezaugarria da mugarri espezifikoak, argiro definitutako helburuak, metodologia operatibo zehatzak eta aldez aurretik identifikatutako eragileak edukitzea. Proiektu horiek ez dira ekintza sektorial hutsak edo esku-hartze puntualak. Ekoizpen-ehunean eraldaketa estrukturalak eta jasangarriak aktibatzera bideratutako palanka estrategikoak dira; hala, lehentasun estrategikoekin lerrokatzen dira eta aldaketa estrukturalak sortzen dituzte ekoizpen-sisteman eta lankidetza publiko-pribatuko dinamiketan.
b) Jarraian, proiektu eraldatzaile baten ezaugarri nagusiak zehazten dira:
1) Lehentasun estrategikoei laguntzea, Euskadi 2030 Industria Planean ezarritako hamasei lehentasunetako batean gutxienez inpaktu nabarmena eta neurgarria izanik.
2) Irabazi eta Hazi sektore estrategikoak indartzea edo bultzatzea, hurrenez hurren. Era berean, Jauzi proiektu eraldatzaileak sustatuko dira beren merkatuan lidergo potentziala duten beste sektore batzuetako enpresentzat.
3) Proiektu pribatuetarako enpresa baten lidergo argia, sektoreko beste enpresa batzuekin lankidetzan dabilela.
4) Intentsitate teknologiko handia eta berrikuntzara bideratuta egotea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileekin lankidetzan garatuak.
5) Lankidetza publiko-pribatua, kontribuzioak eginda eta elkarri lagunduta.
6) Gobernantza argia eta operatiboa, mugarri nagusietarako definitutako kronograma bat eta emaitzak neurtzeko jardunaren funtsezko adierazleen (KPIak) sistema bat izanik.
7) Emaitza eraldatzaileak eta ez-inkrementalak, hobekuntza marjinalak gainditu behar dituen inpaktua izanik, ikuspegi integral eta interkonektatu baten bidez eraldaketa estrukturalak sustatuz.
c) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea, proiektu eraldatzailearen parte den enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere ikerketarako eta zabalkunderako erakundeei buruzko kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 83. zenbakian ezarritakoari jarraituz. Edonola ere, parte-hartze hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da gutxienez.
d) Proiektu eraldatzaile bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 20.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.
e) Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresak osatu beharko dituzte, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin aritu beharko dute elkarlanean, azpikontratatu gisa. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Enpresetako batek, proiektua garatzeko orduan parte-hartze tekniko handiena duenak, bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin eduki behar diren elkarrizketez eta harremanez arduratzeko.
2) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere ikerketarako eta zabalkunderako erakundeei buruzko kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 83. zenbakian ezarritakoari jarraituz. Edonola ere, parte-hartze hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da gutxienez.
3) Taldeko enpresa batek ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
4) Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 250.000 eurokoa izango da gutxienez.
f) Baldin eta programa honetako proiektu eraldatzaileen arlora aurkeztutako proiektuak ez baditu betetzen oinarri honetako c edota e hizkiko 1. eta 2. zenbakietako ezaugarriak, modu berezian garatzen dela iritziko zaio. Halako proiektuak proiektu eraldatzaile berezitzat jo daitezke, dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute proiektu eraldatzaileak finantzatzera guztira bideratutako baliabide ekonomikoen % 50 baino diru-esleipen handiagorik jaso.
g) Laguntzak, pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
h) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
2.– Proiektu estrategikoak.
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jardun-arlo zientifiko-teknologiko estrategikoak Euskadi 2030 Industria Planean ezarritako lehentasunen barruan egongo dira gehienbat. Proiektuok Irabazi sektoreak indartzeko edo Hazi sektoreak sustatzeko izango dira, bai eta merkatuan lideratzeko potentziala duten beste sektore batzuetako enpresentzako ere.
b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 4.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.
c) Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresak osatu beharko dituzte, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin aritu beharko dute elkarlanean, azpikontratatu gisa. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Enpresetako batek, proiektua garatzeko orduan parte-hartze tekniko handiena duenak, bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin eduki behar diren elkarrizketez eta harremanez arduratzeko.
2) Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta, betiere ikerketarako eta zabalkunderako erakundeei buruzko kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu orokorraren 2. artikuluko 83. zenbakian ezarritakoari jarraituz. Edonola ere, parte-hartze hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da gutxienez.
3) Taldeko enpresa batek ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
4) Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da gutxienez.
d) Baldin eta programa honetako proiektu estrategikoen arlora aurkeztutako proiektuak ez baditu betetzen oinarri honetako c hizkiko 2. zenbakiko ezaugarriak, modu berezian garatzen dela iritziko zaio. Halako proiektuak proiektu estrategiko berezitzat jo daitezke, dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute proiektu estrategikoak finantzatzera guztira bideratutako baliabide ekonomikoen % 20 baino diru-esleipen handiagorik jaso.
e) Proiektuak programa honetan sartzeko, oinarrizko printzipio hauek betetzen direla kontuan hartuko da bereziki:
– EAErentzat estrategikoa izatea.
– Enpresa-lidergoa.
– Enpresek I+G+Bn inbertsio handia egitea.
– Euskadiren gaitasun zientifikoak eta teknologikoak aprobetxatzea.
– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.
– EAEko ekonomian eragindako trakzio-efektua.
f) Laguntzak, pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
3.– Proiektu lehiakorrak.
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jardun-arlo zientifiko-teknologikoak Euskadi 2030 Industria Planean ezarritako lehentasunen barruan egon beharko dira. Proiektuok IRABAZI sektoreak indartzeko edo HAZI sektoreak sustatzeko izango dira, bai eta merkatuan lideratzeko potentziala duten beste sektore batzuetako enpresei horien proiektuetan laguntzeko ere.
b) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak bi eratara gauzatu daitezke: banaka, edo lankidetzan, bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.
Agindu honen xedeetarako, lankidetza-proiektutzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa batek edo gehiagok Europako beste entitate batzuekin lankidetzan arituz parte hartzen duten estatuz haraindiko lankidetza-proiektuak (ERANET proiektuak edo Europako Partenergoak, konparazio batera). Bai ERANET proiektuak, bai Europako Partenergoak, bai finantzaketa partekatuko proiektuak I+G+bri laguntza emateko Europako Esparru Programaren barneko ekimenak dira.
c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da urte bakoitzeko, eta, lankidetza-proiektua bada, gutxienez 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko da lankide den enpresa bakoitzeko.
d) Lankidetza-proiektuetan:
1) Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin eduki behar diren elkarrizketez eta harremanez arduratzeko.
2) Taldeko enpresa batek ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
e) Laguntzak, pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
Europako programetan, ERANET ekimenetan, Europako Partenergoetan eta beste ekimen batzuetan onartutako nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetan, dagokion nazioarteko deialdian aurkeztutako lehenengo eskabidearen data hartuko da kontuan, aurreproposamenen fasean sartuta.
f) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak, eta hala Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluari nola Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluari jarraituko diote:
a) Langileen zuzeneko kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileenak), proiektura bideratuta dauden heinean.
b) Zeharkako kostuak. Ikerketa- eta garapen-proiektuaren kostu hauek kostu sinplifikatuen ikuspegi batean oinarrituta kalkulatuko dira; oroharreko zenbateko bat izango da, a) hizkian aipatzen diren ikerketa- eta garapen-proiektuko langileen kostu zuzenei % 15era arteko ehunekoa aplikatuta kalkulatuko dena.
c) Kanpo-aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioarenak ere (entitate parte-hartzaileen langileak ez diren kolaboratzaileenak barne hartuta), baldin eta zerbitzu horiek esklusiboki eta modu iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiltzen badira eta kanpo-iturrietatik eskuratu badira, jakintza teknikoak eta teknologikoak barne, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25.3 artikuluko d) letrarekin bat etorrita.
d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko hartarako akreditatutako eragileak azpikontratatzearen ondoriozko gastuak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25.3 artikuluko d) letrarekin bat etorrita.
e) Proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera; haien artean sartu ahal izango da dirulaguntza justifikatzeko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, entitate onuradun eta urteroko bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.
f) Jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluko 3. paragrafoaren d) letrari jarraituz.
g) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak.
h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta modu jarraituan erabilitako instrumentuen eta ekipamenduen kostuak: proiektuan zehar ikerkuntza-jardueran soilik eta modu jarraituan erabilitako ekipamenduen eta instrumentuen kostuen amortizazioa, salbu eta doako lagapenaren bitartez eskuratutakoen kostuena.
i) Saiakuntza- eta esperimentazio-azpiegiturak erostearen kostuak, honako hauek barne: lursailak eta eraikuntza-ondasunak, instalazio teknikoak, makineria, tresneria, bestelako instalazioak eta altzariak, informazio-prozesuetarako ekipoak, garraiorako elementuak eta bestelako ibilgetu materiala. Izaera eraldatzaileko proiektuen kasuan bakarrik.
j) Aurreko a), b), c), d), e), f), g), h) eta i) letretan aipatutako gastuak, diruz lagundu daitezkeenak, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2., 25. eta 26 bis artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.
2.– Hirugarrenekin kontratuak egitea baimentzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarrita dagoen moduan. Horrenbestez, betekizun hauek izango dituzte:
a) Oro har, entitate onuradunak, diruz lagundutako jarduerarako, ezin izango du kontratatu diruz lagundutako proiektuaren guztizko kostuaren % 50etik gora hirugarrenekin, salbu eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, ebazpen baten bidez, diruz lagundu daitezkeen gastu horiek onesten baditu, oso espezializatuak izateagatik edo entitate onuradunek beren baliabideekin soilik egitea ezinezkoa izateagatik.
b) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratua idatziz sinatu beharko da, eta dirulaguntza eman duen organoaren ebazpen baten bidez onetsi beharko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluko 3. apartatuarekin bat.
c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baititu, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak –bakoitza, hornitzaile batena–, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago aski entitate haiek egiteko, emateko edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egin eta ordaindu bada.
Aurkeztutako eskaintzen artean hautatzeko (frogagirian jarri beharko dira horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomiko onuragarriena hautatzen ez denean.
Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada eta merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.
Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua hartuko da dirulaguntza jasotzeko aukeragarritzat, hiru eskaintza aurkeztu beharrik gabe, betiere dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.
8. oinarria.– Laguntzen zer-nolakoa eta horiek emateko prozedura.
1.– Dirulaguntzak itzuli beharrik gabekoak izango dira, eta printzipio hauen arabera kudeatu eta emango dira dirulaguntzak: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna, eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko efizientzia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluarekin bat etorriz.
2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez emango dira laguntzak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 17 oinarrian zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onetsi egingo dira, aipatutako 17.2. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa gaindituz gero. Lehiaketa bidez egingo da norgehiagoka, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluarekin bat etorriz.
3.– Agindu honen 9. oinarrian zehaztutako zenbatekoei jarraituz esleituko zaizkie dirulaguntzak proiektu onetsiei.
9. oinarria.– Laguntzen banakako zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, ondorengo 4. apartatuan jasotako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartu den aurrekontuari; diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuari, alegia.
2.– Deialdia finantzatzera bideratutako diru-zuzkidura nahikoa ez bada hautatutako proiektu guztiei 18. oinarrian (ebaluazio-irizpideak, proiektuen hautaketa eta laguntzaren kopurua) ezarritako eran laguntzeko, dirulaguntzetarako guztizko zenbatekoa entitate onuradunen artean hainbanatuko da diruz lagundu daitezkeen proiektuen kategoria bakoitzean. Atalka hainbanatuko da, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuak aintzat hartuz.
3.– Dirulaguntzak urtean behin emango zaizkie proiektu lehiakorrei. Proiektu eraldatzaileei eta estrategikoei, berriz, hainbat urterik behin emango zaie, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, hiru ekitalditarako izango dira.
4.– I+G jardueretarako entitate onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak) onetsitako aurrekontuen (diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuen) ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira gehienez, 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera:
a) Proiektu eraldatzaileak:
1) Ikerkuntza industrialeko proiektuak: gehienez, diruz lagun daitezkeen kostuen % 50.
2) Garapen esperimentaleko proiektuak: gehienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25.
3) Saiakuntza- eta esperimentazio-azpiegiturak erosteko: gehienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25.
b) Proiektu estrategikoak:
1) Osagai eraldatzaile handia duten ikerkuntza industrialeko proiektuak: gehienez, diruz lagun daitezkeen kostuen % 50.
2) Ikerkuntza industrialeko proiektuak: gehienez, diruz lagun daitezkeen kostuen % 40.
3) Garapen esperimentaleko proiektuak: gehienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25.
c) Proiektu lehiakorrak:
1) Osagai eraldatzaile handia duten ikerkuntza industrialeko proiektuak: gehienez, diruz lagun daitezkeen kostuen % 40.
2) Ikerkuntza industrialeko proiektuak: gehienez, diruz lagun daitezkeen kostuen % 30.
3) Garapen esperimentaleko proiektuak: gehienez, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25.
4) Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetan (hala nola ERANET ekimenak, Europako Partenergokoak, eta gutxienez hiru estatu kidek –edo bi estatu kidek eta gutxienez herrialde elkartu batek– batera finantzatutako proiektuak, baldin eta aditu independenteek Horizon 2020 edo Horizon Europe programen arauekin bat etorriz nazioz haraindiko deialdietan egindako ebaluazioa eta sailkapena oinarri hartuta hautatu badira), laguntzaren kopuruak Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25 quarter artikuluan ezarritakoak izango dira.
5) Edonola ere, dirulaguntza gehienez 500.000 eurokoa izango da urteko eta entitate onuradun bakoitzeko, proiektu lehiakorretan.
10. oinarria.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, dirulaguntza mota edo organo edo administrazio emailea edozein delarik ere. Entitate onuradun bakoitzak guztira zenbat laguntza jasoko dituen jakindakoan, agindu honen arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazte aldera, kontuan hartuko dira horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, zehazki, 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa. Horrez gain, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluarekin, dirulaguntzaren onuradunak gainfinantzaketarik ez jasotzeko konpromisoa adierazi beharko du.
2.– Proiektu bati emandako dirulaguntzen eta bestelako laguntzen zenbatekoak ezin ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo goiko apartatuan adierazitako mugak (ez laguntza bakoitzaren zenbatekoak, ez laguntza guztien baturak), eta entitate onuradunek laguntza horiek jakinarazi behar dizkiote Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari. Horrelakoetan, gutxitu egingo da agindu honi jarraituz emandako laguntzen zenbatekoa, gehiegizko kopurua adina.
11. oinarria.– Europar Batasunarekin egin beharreko izapideak eta efektu pizgarria.
1.– Kategorien araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpenari eta informazioari dagokionez, azpimarratu beharra dago laguntza-programa hau kudeatzeaz arduratzen diren agintariek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatzeko eta betetzeko.
2.– Agintari horiek, halaber, urteko txostena egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-araubide honen aplikazioa eta garapena, betiere Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
3.– Gainera, programa honetan, laguntzen efektu pizgarria bermatze aldera eta Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluari jarraituz, entitate eskatzaileak eskabidea egin ondoren abiarazitako proiektuak soilik lagundu ahal izango dira diruz.
III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHENENGO ATALA
HASIERA
12. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.
2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:
https://www.euskadi.eus/servicios/1030811/ (gazteleraz).
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030811/ (euskaraz).
Helbide horretan egongo dira eskuragarri eskaera-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta izapideak bide horretan egiteko jarraibideak.
Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta hurrengo oinarrian adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza. Alde horretatik, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.
Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean baliatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurkaratzeko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
6.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
13. oinarria.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aurreko oinarrian zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira agindu honetan jasotako eskabidea eta dokumentazio osagarria. Euskarri elektronikoan bete beharko dira, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz.
2.– Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2026ko ekitaldian garatutako proiektu lehiakorrak eta 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietan garatutako proiektu estrategikoak.
3.– Elkarlaneko proiektuetan, entitate interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten enpresetako batek izango ditu, taldeko buru gisa jardunez, proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluarekin. Xede horrez, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere.
Kasu horietan, horrenbestez, taldeko buru gisa jarduten duen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea. Beraz gain, parte hartzen duten gainerako entitateek ere izenpetu beharko dute eskabidea. Gainera, bai enpresa buruari eta bai taldeko gainerako enpresei ere ahalorde-eskrituraren kopia digitalizatua eskatuko zaie. Proiektu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak izango dituen funtzioak eta aurrekontuak zehaztuko dira.
4.– Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetan –hala nola ERANET ekimenak, Europako partenergoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek Europako beste entitate batzuekin parte hartzen duten finantza partekatuko proiektuak–, EAEn kokatutako enpresek baino ez dute izango eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.
5.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskaerak honako hauek jaso beharko ditu:
a) Proiektuaren erakunde liderra ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatutako eskabidea, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez sinatua (ziurtagiri elektroniko aitortua duena), eta proiektuan parte hartzen duten enpresa guztien datuak eta haietako bakoitzak izango duen aurrekontua dituela. ERANET proiektuetan, Europako partenergokoetan eta finantzaketa partekatukoetan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak edo enpresek bakarrik sinatuko dute.
b) Parte hartzen duen enpresa bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuak.
c) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa. Gehienez 80 orrialde izango ditu lankidetza-proiektuen kasuan (saiakuntza- eta esperimentazio-azpiegituren gastuak barne hartzen dituzten proiektu eraldatzaileetarako 100 orrialde artekoa izango da gehienez), eta 60 orrialdekoa gehienez banakako proiektuetan, azala, aurkibidea eta eranskinak izan ezik (intereseko gutunak eta ikertzaileen CVa). Letra-tamaina: Arial 11.
d) Lankidetza-proiektuetan parte hartzen duten enpresa guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Taldea eratzeko hitzarmenean, gutxienez, alderdi hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrialaren eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.
e) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmena, parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.
6.– Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla ziurtatzeko:
– ETEa izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak bete behar ditu, Europako Erkidegoko arauei jarraituz. Honako hauek hartuko dira enpresa txikitzat edo ertaintzat, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz: 250 baino langile gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.
– Ez daude administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez dira administrazio instituzionalekoak.
– Enpresa handia edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntza jakinarazi behar zaio Europako Batzorderi.
– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Erregelamenduari lotuak. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
– Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez dute jo kaudimengabetzat inongo prozeduratan, ez dauka konkurtso-deklaraziorik –eta, baldin badauka, horretan eraginkortasuna hartu du hitzarmen batek–, ez dago esku-hartze judizialaren pean, eta ez dute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, eta desgaitu badute, amaituta dago konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia.
– Ez du Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.
– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez du araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralderen edo herrialderen batean.
– Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 h) artikuluan eta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen 3.10 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
– 50 langiletik gorako enpresek berdintasun-plan bat dute indarrean, Estatuko araudiaren arabera egina, eta egiaztatu dezakete neurriak hartu dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko.
– Entitate eskatzailea ez dago Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
– Entitate eskatzailea ez da berreskuratze-agindu baten zain dagoen enpresa edo entitate bat, Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen aurretiazko erabaki baten ondoren.
– Entitate eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraituz (2014/C 249/01).
– Entitate onuradunak konpromisoa hartzen du ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenari kalte handirik ez egiteko («DNSH printzipioa») proiektuaren esparruko jarduketetan.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penalak, administratiboak edo zibilak.
b) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez.
c) Abenduaren 29ko 3/2004 Legeari lotutako entitate eskatzaileek (irabazteko asmoa duten pertsona fisikoak eta juridikoak), 30.000 euro baino gehiagoren dirulaguntzak lortu behar badituzte, agiri hauek aurkeztu behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako betekizuna egiaztatzeko:
1.– Entitateak galera-irabazien kontuen eredu laburtua aurkezten baditu, ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak sinatua, honela: «Ziurtatzen dut ordezkatzen dudan erakundeak betetzen dituela Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak zehazten dituen ordainketa-epeak».
2.– Entitateak ez badu galera-irabazien kontuen eredu laburturik aurkezten, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da, a) edo b) kasu hauetara egokituta:
a) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera iristen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera), bat etorriz abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioarekin.
b) Aurreko letran aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, adostutako prozedurei buruz Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako txosten bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.3 bis artikuluan agintzen duen eran. Txosten horrek ondorioztatu beharko du abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak atzemanez gero, horiek ez dutela eragozten eskatzen den betetze-mailara iristea.
Lege honen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortzeko eta Hazteko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren lerrokadan ezartzen den ehunekoa (fakturen kopuruaren % 90) edo gehiago izanez gero. Hamar egun igaro baino lehen egiaztatu behar da, behin betiko ebazpen-proposamena egin aurretik instrukzio-organoak egiaztapenerako bidalitako errekerimendua jakinarazten denetik. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu aurkezteko ezarritako epearen barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da, eta, gero, hura lortzen denean, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.
7.– Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren otsailaren 13ko Agindua aplikatuz: «Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzearen ingurukoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).»
8.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan araututako taldeek aurkezten dituzten lankidetza-proiektuetan, entitate interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Alabaina, parte-hartzaile bakoitzak baldintzak betetzen dituela eta debekurik ez duela egiaztatzen duten agiri guztiak aurkeztu beharko ditu, honako hauek erantsita:
a) Enpresa parte-hartzaileek taldeko buru egiten duen enpresari beren izenean laguntza eskatu dezan izenpetutako akordioa.
b) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren kopia digitalizatua, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarena, buruarena barne.
c) Oinarri honetako 3. apartatuan aipatutako agiriak, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarenak, taldeko buruarenak barne.
9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, interesdunek eskubidea dute administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako agiriak ez aurkezteko. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.
Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Administrazio Publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte, beren sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoetan, non eta prozeduran ez den interesdunaren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua ematea. Salbuespenez, Administrazio Publikoek ezin badituzte aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekarri ditzala.
10.– Entitate onuradunek eman zaien laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gertatzen den edozein aldaketaren berri eman beharko dute.
11.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea agindu honetaz geroztik Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin dituzten harremanetan.
14. oinarria.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko oinarrian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, hamar egun balioduneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzendu dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkeztu ditzan. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, eta hala adieraziko da, teknologia- eta berrikuntza-arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikulua.
2.– Lankidetzan garatzekoak diren proiektuetan, proiektuaren buru egiten duen entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.
3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
PROIEKTUAK HAUTATZEA ETA ONESTEA
15. oinarria.– Ebaluazio-organoa.
1.– Ebaluazio-organoak ezarrita dauden irizpideen arabera baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta ebaluazio-txostena egingo du, zeinetan jasoko baitu diruz lagunduko diren proiektuen eta ukatuko direnen proposamena. Txosten hori organo kudeatzaileari eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari helaraziko zaie, eta azken horrek ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, dirulaguntza ematen duen organoari helarazteko.
2.– Ebaluazio-organoko burua Xabier Domínguez Lopez De Lacalle izango da, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako Industria Lehiakortasuneko Programaren arduraduna, eta ordezkoa, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako arloko arduradunetako bat.
Kide hauek izango dira bokalak:
– José Luis Azkue Arrastoa, Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendaria, eta, ordezko gisa, Rosa Murillas.
– SPRIren ordezkari bat, Amaia Martinez Muro, eta, ordezko gisa, Eneko Olea Oregi.
– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Larraitz Segurola Bereciartua, idazkari-lanak egingo dituena, eta, ordezko gisa, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako talde teknikoko beste pertsona bat.
Era berean, I+G arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten entitateetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholku eman ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.
3.– SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren mendekoa, lankidetzan arituko da ebaluazio-organoarekin, aurkeztutako proposamenak aztertzeko eta analizatzeko lan materialetan.
4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan zehaztu ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira.
16. oinarria.– Entitate laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako oinarrien arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, entitate laguntzaile izendatzen da SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari atxikia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin, bertan arautzen baita entitate laguntzaileen araubidea.
2.– SPRIk zeregin hauek garatuko ditu elkarlanean:
a) Aurkeztutako proiektuen eskabideen hasierako azterketa egiten laguntzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.
b) Aurkeztu diren eskabideen azterketan eta ebaluazioan laguntzea. Ezarritako ebaluazio-organoarekin lankidetzan aritzea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.
c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzen laguntzea eta parte hartzea.
d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzen laguntzea, eta dagokion jarraipena egitea, laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzen eta ezartzen laguntzea.
f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egiten laguntzea.
g) Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak hala aginduta, programa zuzen kudeatzeko egin behar diren jarduera guztietan laguntzea.
h) Dirulaguntza ematen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak programaren kudeaketari buruz egin ditzaketen egiaztapen-jarduketak onartzea, bat eginez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d) artikuluarekin.
17. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak, proiektuen hautaketa eta laguntzaren kopurua.
1.– Ebaluazio-irizpideak.
1.1.– Funtsezko irizpideak.
1.1.a) Eraldatzailea izatea EAEko ekonomia-ehunarentzat; 20 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Euskadi 2030 Industria Planarekin lerrokatzea.
– Trakzio-efektua. Inpaktu estrukturala eta sistemikoa (proiektuak EAEko ekonomian inpaktu esanguratsua sortzeko duen ahalmenaren balorazioa, parte hartzen duten enpresetatik harago, barne hartuta enplegua sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore estrategikoetan lehiakortasuna hobetzea eta lurraldea industria-potentzia berritzaile gisa irudikatzea).
– Balio erantsi handiagoko produktuetarantz eta zerbitzuetarantz dibertsifikatzeko potentziala, esportazio teknologikoen gehikuntza aurreikusita, eta entitate parte-hartzaileen nazioartekotzeari eta Europako autonomia estrategikoari ekarpena eginda.
1.1.b) Zientifiko-teknologikoa izatea; 20 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Berrikuntza-osagaia eta erronka teknologikoa (gaur egungo egoerari egiten dion ekarpen zientifiko-teknologikoa).
– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareak egindako ikerketaren emaitzen aprobetxamendua.
– Proiektua Horizon Europe Programan txertatzea.
1.1.c) Ustiapen-plana eta espero den inpaktu ekonomikoa; 20 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko edo IPak edota startupak sortzeko aukerak.
– Merkataritza-ustiapeneko aurreikuspenak.
– Merkatuaren ziurtasuna eta potentziala aztertzea.
1.2.– Irizpide orokorrak.
1.2.a) Ekipoaren/taldearen oreka eta gaitasuna; 20 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Entitate parte-hartzaileen kopurua, profila, eta bata bestearekiko osagarri izatea.
– Entitate parte-hartzaileek landutako arloan duten I+G+b gaitasuna eta esperientzia.
– Proiektuko buruzagitzaren eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuta.
1.2.b) Metodologia egokia; 10 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Plangintza (zereginen egitura eta deskribapen teknikoa, mugarriak, entregagaiak, parte hartzen duten entitateak eta arduradunak).
– Proiektua kudeatzeko sistema.
1.2.c) Argitasuna aurrekontuaren egituran eta banakapenean; 10 puntu. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Aurrekontua helburuetara egokitzea.
– Aurrekontuak xehatuta egotea, proiektuko parte-hartzaileen eta jardueren arabera, eta aurrekontuaren oreka.
2.– Proiektuen hautaketa eta laguntzaren kopurua.
2.1.– Honako hauek aldi berean betetzen dituzten proiektu estrategikoak edo lehiakorrak hautatuko dira: ebaluazioan lortutako nota osoa guztira lortu zitekeen nota gorenaren % 50 edo handiagoa izatea, eta funtsezko irizpide bakoitzean lortutako nota funtsezko irizpideari dagokion nota gorenaren % 40 edo handiagoa izatea, % 50eraino. Kasu horietan, laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.2.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean hautatuko da proiektu eraldatzaile bat: ebaluazioan lortutako nota osoa guztira lortu zitekeen nota gorenaren % 50 edo handiagoa izatea, eta funtsezko irizpide bakoitzean lortutako nota osoa dagokion nota gorenaren % 50 edo handiagoa izatea. Era berean, proiektu estrategikoek eta EAEko ekonomia-ehunarentzat nabarmenki eraldatzaileak diren proiektu lehiakorrek, puntuazio horiek berdinduz edo gaindituz gero, laguntza-kopuru hauetara iristeko aukera izango dute:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
18. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.
1.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izango da dirulaguntza-programa honen organo kudeatzailea.
2.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, eskabideak ebaluatzeko organoak egingo dituen ebaluazio-txostenean eta proiektuen hautaketa-proposamenetan oinarrituta, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta laguntzak ematen dituen organoari helaraziko dio. Proposamen horretan, gutxienez informazio hau jasoko du:
a) Onetsia izatea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.
b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, ezesteko arrazoiaz gain, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.
LAGUNTZAK EMATEA
Dirulaguntza emateko ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura
19. oinarria.– Eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzea.
1.– Baldin eta, prozedura izapidetzen den bitartean eta dirulaguntza ematea ebatzi aurretik, onuradun izateko proposatu den eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea.
Hala ere, eskatzaileen bat-egitean, banatzean eta xurgatzean dautzan eragiketek edo prozesu-oinordetza eragin dezakeen beste edozein eragiketek ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, betiere inguruabar hauek gertatzen badira:
– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.
– Oinordekoa den entitateak oinarrietako baldintzak betetzea.
– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak berariaz baimena ematea.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan araututako entitate-talde bat bada, eta talde horretako kideetako baten nortasun juridikoa aldatzen bada.
3.– Jakinarazpenarekin eta aldaketa-eskabidearekin batera, proiektua betearazteko konpromiso berria aurkeztu behar da.
20. oinarria.– Ebazpena eta dirulaguntza emateko organoa.
1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira aurkeztutako eskabideak, eta, han, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emango du ebazpen hori, organo kudeatzaileak proposatuta.
2.– Laguntzak ez dira emango kreditu nahikoa eta egokia egon arte.
3.– Ebazpenean, zehaztuko da zer proiektu lagunduko diren diruz, eta horietako bakoitzean zein den entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa; horrekin batera, ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa adieraziko dira.
Lankidetza-proiektuetan, orobat, adierazi egingo da zeintzuk diren taldea osatzen duten entitate onuradunak eta proiektuaren arduraduna, zenbateko dirulaguntza esleitu zaion taldekide bakoitzari, eta taldeak zein gauzatze-konpromiso hartu dituen bere gain, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluarekin.
Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta hor entitate onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats bete behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).
4.– Onuradun izateko, aldeko ebazpenaren jakinarazpena jaso behar da.
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
6.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari edo Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
Egintza espresua ez bada, gora jotzeko errekurtsoa edonoiz aurkeztu ahal izango da, araudiaren arabera administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jarri eta hurrengo egunetik hasita.
7.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan ezarritakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie bai proiektuko burua izatea bere gain hartu duen entitateari eta bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK GAUZATZEA
21. oinarria.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie entitate onuradunei, jarraian azaldu moduan:
1.– Proiektu eraldatzaileen kasuan:
a) Lehenengo urtekoari dagokion dirulaguntzaren % 100 ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, hamabost egun naturaleko epean espresuki uko egiten ez bazaio.
b) Aurrerakin gisa hurrengo bi urtekoen % 100 ordaindu ahal izateko, aurretiaz agiri bidez egiaztatu beharko da aurreko urteari dagokion jarduera egin dela, bai eta finkatutako helburuak zenbateraino bete diren eta izandako gastua ere.
c) Proiektuaren urte bakoitzean egindakoaren frogagiria. Hurrengo urteko lehenengo hiruhilekoan prestatu beharko da, eta proiektua betearazi izanaren frogagiriak aurkeztuz egingo da.
d) Amaierako frogagiria 2029ko ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan prestatuko da, dirulaguntza justifikatzeko kontua aurkeztuta. Barne hartuko ditu proiektuaren kostuen auditoretza-txostena eta gainerako dokumentazioa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera bidaliko diren jarraibideei jarraituz.
Nolanahi ere, amaierako frogagiri hori proiektu eraldatzailea betearazi izanaren likidazioa aurkeztean datza, hau da, proiektua osorik bete dela justifikatzean, batez ere honako hauek jasotzen dituen memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta: egindako jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edota baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.
2.– Proiektu estrategikoen kasuan:
a) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean, lehenengo urtekoari dagokion dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, hamabost egun naturaleko epea igarotakoan, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Proiektuaren urte bakoitzean egindakoa hurrengo urteko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko da, gauzatze-justifikazioak aurkeztuta.
c) Lehenengo urtekoaren gainerako dirulaguntza ordaintzeko, bai eta ondorengo urtekoak ordaintzeko ere, aurretiaz agiri bidez justifikatu behar da kasuan kasuko urtekoari dagokion jarduera egin dela, bai eta finkatutako helburuak zenbateraino bete diren eta izandako gastua ere.
Frogagiria deskribatutako baldintzetan egin ondoren, ordain-agindua emango da, justifikatutako urtekoaren zatiari eta hurrengo urtekoaren % 50eko aurrerakinari dagokiena.
d) Azken urtekoari dagokion azken % 50a ordaintzeko, gainera, ekitaldi horren jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren frogagiria aurkeztu behar dira; frogagiri edo justifikazio horrek memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta egon behar du, eta memoria horretan, batez ere, honako hauek adierazi behar dira: egindako jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edota baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.
3.– Proiektu lehiakorrak:
a) Ebazpena jakinarazi ostean, emandako dirulaguntzaren % 70 ordainduko da, hamabost egun naturaleko epea igarotakoan, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio dirulaguntzari.
b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko da dagokion jarduera egin dela, bai eta finkatutako helburuak zenbateraino bete diren eta izandako gastua ere.
Proiektua betearazi eta hurrengo ekitaldiko lehenengo hiru hilabeteetan justifikatu beharko da dirulaguntza, justifikazioko kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.
c) Zenbatekoa ordaintzeko, gainera, ekitaldi horren jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren frogagiria aurkeztu behar dira; frogagiri edo justifikazio horrek memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta egon behar du, eta memoria horretan, batez ere, honako hauek adierazi behar dira: egindako jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edota baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.
4.– Ordainketa aurreratuek 180.000 euroko zenbatekoa gainditzen badute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1. artikulutik 3. artikulura bitartean araututako berme-araubidea ezarri behar da (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra ezartzen da eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta eginbeharrak xedatzen dira).
5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera, aipatutako aurrerakinek ez diete finantza-etekinik sortzen onuradunei, eta, beraz, ez da handituko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.– Justifikazioko kontua betetzea errazago egiteko, entitate onuradun bakoitzari, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio. Aintzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzen justifikazioa arautzen baitu, bai eta lege beraren 5. apartatuan jasotakoa ere: «Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntzak edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira frogagirian, bai eta diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere. Era berean, jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak egiaztatu beharko dira, halakorik egonez gero.»
7.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazio-kontuak honako dokumentazio hau izan beharko du:
a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete direla justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.
b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:
– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.
– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta haren jatorria adierazita.
– Onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuta.
c) Justifikazioko kontuaren auditoretza-txostena, sinatua, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onetsitako proiektu bakoitzeko eta entitate onuradun bakoitzeko, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da.
Auditoretza-txostena osatzeko, justifikazioko kontua egiaztatuko duen zerrenda aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.
d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.
8.– Benetan egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo froga-balioa duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da jatorrizko fakturak edo gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFen laguntzaz finantzatutako gastua dela erakusteko.
9.– Laguntzak jaso baino lehen eta organo kudeatzaileak eskatuta, entitate onuradunak haren esku jarriko ditu agindu honen 13. oinarriak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.
10.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen gainerako agiriak eta argibideak eskatu ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera.
11.– Dirulaguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait entitate onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehenengo ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetan, aurreko zenbakian ezarritako araubidea aplikatuko da.
22. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo bete beharko dira aurreikusitako gastuen konpromisoak, bai eta dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztu diren epeetan ere. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urte bakoitza bukatu eta hurrengo bi hilabeteetan fakturatu ahal izango dira.
2.– Agindu honetako oinarrietan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek bete egin behar dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.n), 14 eta 42. artikuluek ezarritako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 eta 46. artikuluetan xedatutakoak.
3.– Laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kodeketa egokia eduki beharko dute diruz lagundutako proiektuen kargura egindako transakzioei dagokienez.
4.– Entitate onuradunek zuzenean egin behar dituzte diruz lagundu daitezkeen jarduerak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan betearazi behar dituzte diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+G jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.
5.– Entitate onuradunak behartuta egongo dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebehar guztiak betetzera:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo beretik, laguntzaren esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak laguntzari espresuki uko egiten ez badio, pentsatuko da onartu egin duela.
b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako; nolanahi ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak onartu ditzake jarduera horietan sortzen diren aldakuntzak, baldin eta aldakuntza horiek erabat justifikatu badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen berariazko baimena lortu bada.
c) Enpresa handiek, laguntza jaso dezaten, nahitaez frogatu behar dute I+G jarduerak osagarriak direla, egin ohi dituztenetatik aparte daudenak betiere. Xede horrez, enpresak ezinbestez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, eta, bertan, zehaztuta egon beharko da, proiektuaren egoeraz beste, laguntza pizgarria dela.
d) Baimena ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren titularrari, edo hark izendatutako pertsonari, proiektua garatzeko lanetan eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentazioan sarbide librea izateko.
e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazioan, karteletan, propagandan edo argitalpenetan, agertu egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.
f) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari erraztea emandako dirulaguntzen inguruan egoki iritzitako egiaztapen-lanak; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek. Halaber, hala badagokio, zer enpresa-taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute entitate onuradunek.
g) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.
h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Jatorria beste administrazio edo entitate publiko nahiz pribatu batean duten eta xede berbera edo antzekoa duten dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo eskuratu izana komunikatzea organo kudeatzaileari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
j) Diruz lagundu diren programen, jardueren, inbertsioen edo edozein motatako ekintzen finantzaketaren publikotasunaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan eta erregelamenduz xedatutakoari jarraituz.
6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsen laguntzaz finantzatzen da dirulaguntza-programa hau (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren % 40 izango da EBko erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateentzat). Horregatik, laguntzek honako hauetan xedatzen dena bete beharko dute: (EB) 2021/1058 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoa; eta (EB) 2021/1060 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena. Halaber, bete beharko dituzte funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasun Funtserako eta Mugen Kudeaketari eta Bisa Politikari Finantza Laguntza emateko Tresnarako finantza-arauak. Honako hauek dira EGEFen laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:
a) Kontrolari, erantzukizunari, zehapen-araubideei eta ez-betetzeei dagokienez, entitate onuradunak legedi nazionala eta Europar Batasunekoa bete beharra dauka.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan finantzatuko da laguntza (finantzaketa partekatua), eta alderdi horren berri eman beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Ildo berean, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako materialetan edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko finantzaketa partekatua duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta. Horrez gain, proiektuari buruzko informazio-kartel bat jarriko da gutxienez, tamaina A3 gutxienez, eta, hor, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da, jendearen ikusgai.
c) EGEFen finantzaketa partekatuak behartu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta hiru urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, onuraduna behartuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).
Laguntza-eskabidean zehaztutakoa aldatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimenak aldez aurrekoa izan behar du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin.
23. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Entitate onuradunak, agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat bete ezean, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.
Orobat, diruz lagundutako jarduketaren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko du, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada.
Aipatutako zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira.
2.– Dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko orduan, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.
Laguntzak ematen dituen organoak abiaraziko eta ebatziko du itzulketa-espedientea, bere ekimenez, goragoko agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitu bat egin ostean, salaketa batengatik edota Kooperazio Ekonomikorako Erakundeak edo SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egindako finantza-kontrolaren ondorioz, baldin eta proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira espedientea abiaraztea eragin dezaketen inguruabarrak.
3.– Baldin eta dirulaguntza ematea onesteko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean zainpean utzitako kopuruen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio desbideratze hori organo kudeatzaileari, hots, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta honako inguruabar hauek gertatzen badira:
– Egiaztatzea onuradunak jarduketa argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.
– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.
Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ostean.
Era berean, desbideratze hori behar bezala justifikatutako eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin konpentsatu daiteke, eskabidearen aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta, betiere, dirulaguntza emateko ebazpenean onetsitako aurrekontu globalaren diru-kopurua gainditzen ez bada.
4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, egindako jarduerak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partzial hori bat etorriko da emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ostean eta entitate emaileak onartzen duenean.
Aurreko guztia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluarekin, zeinak adierazten baitu ezen, ez-betetze partziala gertatu dadin, onuradunak nabarmen hurbildu behar duela erabateko betetzera, eta, gainera, egiaztatu behar duela jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
24. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunaren eskariz, betiere aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira; honako hauek, hain zuzen ere:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea entitate onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu beharrik ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu entitate onuradunak, eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 40. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio.
2.– Halaber, salbuespenez, eta entitate onuradunak aldez aurretik eskatuz eta justifikatuz gero, laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko epea, gehienez sei hilabetez, betiere alegatutako arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute eta lehenengo apartatuan ezarritako betekizunak betetzen badira. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzaren ordainketa.
RSS