Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2025eko abenduaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5527

AGINDUA, 2025eko abenduaren 16koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta deitzen baita elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programa (Elkartek Programa – 2026).

Europa bere etorkizun industriala birkonfiguratzen ari da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak aukera horren mailan egon behar du. Aurrean duguna une erabakigarri bat da: aroz aldatzen ari gara eta, ondorioz, beharrezkoa da gure ongizatea, gure segurtasuna eta gure oparotasuna eraikitzeko baliatu ditugun oinarriak berrikustea. Europa, gainera, sendotasunez bereganatzen ari da funtsezko printzipio bat: «Europa gehiago nahi badugu, industria gehiago behar dugu». Industria, teknologia, ikerketa eta berrikuntza, energia, elikadura, defentsa edo kanpo-ekintza indartzea dagoeneko ez da aukera huts bat; Europako gizarte-ereduari eusteko beharrizan estrategikoa da.

Industria europarreko polo giltzarrietako bat izan da historikoki EAE, eta halaxe da gaur egun ere. Izan ere, azken hamarkadetan EAEko industriek apustu sendoa egin dute oinordetza horri eusteko. Era berean, ezagutza aurreratua eta oinarrizkoa sortzeko apustu jarraitu eta sendoa egin da, apustu hori lehentasun estrategiko bihurtuta. Ondorioz, aurrerapen handiak lortu dira enpresei ezagutza helarazteko gaitasunean.

Garapen teknologikoa eta berrikuntza aztertuz gero, EAE berrikuntza altuko eskualde bat da RIS 2023 sailkapenaren arabera, eta Horizon Europe programan hartutako funtsetan Europako 17. eskualdea da. 2023an, EAEk I+G arloan egindako inbertsioa bere BPGaren % 2,16koa izan zen. Oraintsu egindako balioespenen arabera, zenbateko hori % 2,37ra igoko da 2025ean.

Europako Batzordeak duela gutxi aurkeztu zuen EBrako Lehiakortasun Iparrorratza. Ekimen horrek politika industriala lehiakortasunera bideratutako ikuspegi integral baten parte gisa definitzen du, eta Europa lehiakorrago, berdeago eta burujabeago baten bizkarrezur gisa duen zeregina birdefinitzen du. Iparrorratzak hiru xede esanguratsu ezartzen ditu:

– Berrikuntzaren arrakala ixtea («INNOVA»): beharrezkoa da Europak I+G arloko inbertsio pribatuko geldialdia haustea eta ezagutzaren eta aplikazioaren arteko zatiketa gainditzea.

– Baterako ibilbide-orri bat ezartzea deskarbonizaziorako eta lehiakortasunerako («CLEAN»): Clean Industrial Deal ekimenaren bidez, EBk erabat txertatu nahi ditu politika industrial eta klimatikoak.

– Gehiegizko mendetasunak murriztu eta segurtasun ekonomikoa areagotzea («SAFE»): Europak hornitzaileen dibertsifikazioaren, birziklapenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egingo du estrategikoki indartuta ateratzeko mekanismo gisa.

Horizon Europe esparru-programa abiapuntutzat hartuta, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planak (2030erako ZTBP) hiru zutabe estrategiko eta elementu nagusi bat planteatzen ditu: I. zutabea. Bikaintasun zientifikoa, II. zutabea, Lidergo teknologiko industriala, III. zutabea. Berrikuntza irekia eta talentua. Horrenbestez, 2030erako ZTBPren hiru zutabeetako bat «Bikaintasun zientifikoa» da, eta bikaintasuneko ikerketa sustatzea du helburutzat, ezagutza berriak sortzeko eta zabaltzeko, gaitasun eta konpetentzia tekniko eta zientifikoak areagotzeko eta erronka sozioekonomiko handiei irtenbideak emateko oinarri gisa.

Zutabe horren oinarrian dagoen ardatzetako bat da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (aurrerantzean, ZTBES) eragileen arteko lankidetza indartzea. 2030erako ZTBPk eta Horizon Europek aldarrikatzen duten diziplinen eta gaitasun zientifiko eta teknologikoen beharrezko konbinazioak ZTBESko eragileen arteko lankidetza areagotzen jarraitzea eskatzen du. Era berean, ezinbestekoa da ikerketa zientifikoaren eta teknologikoaren emaitzetarako orientazioan aurrera egiten jarraitzea, baliabideen eta inbertsioen erabilera efizientea bermatzeko.

Industria Plana – Euskadi 2030 (aurrerantzean, Industria Plana), Gobernu Kontseiluak ekitaldi honetako irailaren 30en onartua, hiru ardatz estrategikoren (Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago) eta zeharkako ardatz baten (Desburokratizazioa) gainean eraiki da. Ardatz horiek industria-eraldaketaren ikuspegi integrala islatzen dute Europako egungo testuinguruan. Ardatz estrategiko bakoitza bost lehentasun estrategikotan zehazten da eta, horien barruan, proiektu zehatzen bidez hedatuko diren ekintza-lerroak jasotzen dira. Europako industrian martxan dauden bost trantsizio handiei erantzuten diete hamabost lehentasunek.

Industria Plan horretan zehazten dira zeintzuk diren EAEko industriaren eremuan sendotasunez jorratu behar diren erronkak. Hona hemen arau honek neurri handiagoan landu nahi dituenak:

– Gure trakzio-industrien enpresa-errotzea indartzea sektore estrategikoetan. Gure sektore estrategikoetako balio-kateetan etorkizuneko industria-proiektu solidoak sustatzea, eta horiek beren jarduera eta erabaki-zentroa EAEn izaten jarraitzea.

– Enpresen batez besteko tamaina handitzea, erabaki-zentroak EAEn izaten jarraitzen duten enpresa traktore gehiago sustatuz, eta gure ETEen batez besteko tamaina handitzea. Erronka hau gainditzeko, beharrezkoa da enpresen hazkundea bultzatzea, integrazio- eta eskalatze-prozesuak erraztea, eta balio-kate oso eta konplexuen traktore-nukleo gisa jardungo duten erabaki-zentroak erakarri edo finkatzea.

– Gure industria-sarearen dinamismoa areagotzea. Industriak-ekimen berriak sustatzea funtsezkoa da ekoizpen-sarea berritu eta dibertsifikatzeko. EAEk oinarri industrial eta teknologikoko ekintzailetza babesteko dituen mekanismoak indartu behar ditu, bai eta ETEetan berrikuntzaren kultura sustatu ere.

– Talentua garatzea, bereziki zainduz industria erakargarriagoa eraikitzen dela eta emakumeen, belaunaldi berrien eta gaur egun ordezkaritza urria duten kolektiboen partaidetza handiagoa dela.

– I+G+b arloan inbertsio pribatua eta publiko-pribatua areagotzea, lidergo teknologikoa sendotzeko. EAEk oinarri zientifiko eta teknologiko solidoa dauka, baina Europako iparraldeko eskualde industrial liderrekin alderatuz gero, I+G+b arloko inbertsioaren intentsitatea hobetu egin daiteke. Beharrezkoa da dimentsio hori indartzea, sektore estrategikoetan lidergoari eusteko, trantsizio teknologiko eta energetikoari aurre egiteko, eta kalitatezko enplegua sortzeko.

– Azpiegitura energetiko eta digitalak eskuratzea, hazteko, berritzeko eta jasangarriagoak izateko. Azpiegitura hauen erabilgarritasuna, kalitatea eta kostu lehiakorra faktore giltzarriak dira ekoizpen-sarearen eraldaketa teknologiko eta berdea sustatzeko.

– Finantza-ekosistema indartzea, inbertsio eraldatzaileko eta eskalatze teknologikoko prozesuetan enpresei laguntza ematen dieten tresna eta operadore espezializatuen eskaintza zabalduz. Enpresen beharrizanei egokitutako babes espezifikoa ematea.

Gainera, EBk 2025ean bultzada handia eman dio arauak sinplifikatzeko prozesuari, «Europa sinpleagoa eta azkarragoa» komunikazioaren eta hiru «Omnibus» lege-paketeren bidez. Helburua da arau-mailako oztopoak murriztea, prozedurak bateratzea eta enpresen berrikuntza eta inbertsioa zailtzen duten administrazio-kargak ezabatzea.

Europako esparruan ezarritako aukerei eta erronkei erantzun egokia emateko, Industria Plana hiru ardatz estrategikoren (Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago) eta zeharkako ardatz baten (Desburokratizazioa) gainean eraiki da. Ardatz horiek industria-eraldaketaren ikuspegi integrala islatzen dute Europako egungo testuinguruan. Ardatz estrategiko bakoitza bost lehentasun estrategikotan zehazten da eta, horien barruan, proiektu zehatzen bidez hedatuko diren ekintza-lerroak jasotzen dira. Europako industrian martxan dauden bost trantsizio handiei erantzuten diete hamabost lehentasunek.

Baina orain, bizi garen testuinguruan, industriaren benetako eraldaketa sustatu behar dugu, egungo garaiek eskatzen dutena. Gaur aurrean ditugun erronkak –industrialak, teknologikoak, energetikoak eta ingurumenekoak– elkarren artean lotuta daude eta elkarri eragiten diote, aurretik inoiz ez bezala.

Industriaren arloko laguntza eta zerbitzuen programak oraindik ere zutabe giltzarria dira. Hala ere, beharrezkoa da horiek ekimen disruptiboagoekin osatzea. Industria Planak, beraz, elkarlaneko gobernantza praktikoko eredu bat ezar dadila sustatzen du eta, horretarako, proiektu eraldatzaileen egikaritzan oinarritzen da.

EAEk bere erronka sozioekonomikoei zientziatik eta teknologiatik erantzuten jarraitzeko eta, horrela, hiru trantsizioei –trantsizio teknologiko-digitalari, energetiko-klimatikoari eta sanitario-sozialari– aurre egin ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da I+Gra bideratutako laguntza-programa bat bultzatzen jarraitzea. Izan ere, laguntza-programa horrek balioko du ZTBESko eragileek Industria Planaren eremu estrategikoetan egiten duten elkarlaneko ikerketa bultzatzeko.

Ikerketa honek, izan oinarrizkoa edota industriala, eta EAEko sektore estrategikoetan kokatuta (Hazi eta Irabazi), lagundu egin behar du Industria Planean definitutako helburuak lortzen eta Berrikuntzaren Euskal Sistema sendotzen.

Industria-politikaren jardunbide onenekin bat, ikuspegi proaktibo bat hartu da plan honetan ezarritako lehentasun estrategikoak babestuko dituzten proiektu eraldatzaileak sustatzeko. Proiektu horiek lankidetza publiko-pribatua izango dute sektore publikoaren eta pribatuaren artean baterako sorkuntza proaktiboaren printzipioa finkatzeko, funtsezkoa baita irtenbide berritzaileak garatu eta geroz eta konplexuagoak diren erronkei aurre egiteko.

Proiektu eraldatzaileen xedea da zuzenean eta modu neurgarrian laguntzea Industria Planeko lehentasun estrategikoetako bat edo batzuk lortzen.

Elkartek 2026 programa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen parte diren I+G+b arloko entitateek egindako elkarlaneko ikerketa babesten duen laguntza-programa bat da. Helburutzat dauka sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin bat egiten duten teknologiak garatzea.

Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra) –Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko (EB) 972/2020 Erregelamenduaren, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko (EB) 1237/2021 Erregelamenduaren eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko (EB) 1315/2023 Erregelamenduaren bidez aldatu zen–.

Azkenik, programa hau sartuta dago Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 2025-2028 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez onartua).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Elkarlaneko ikerketa sustatzeko Elkartek programaren oinarri arautzaileak onartzea, eranskinean jasotzen diren baldintzen arabera, eta laguntzen deialdia egitea 2026ko ekitaldirako.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Finantza sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarriotan jaso gabekoari dagokionez, aplikatzekoak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizkoak ez diren manuak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedaturikoa ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 16a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.

ERANSKINA
ELKARTEK - ELKARLANEKO IKERKETA SUSTATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea honako laguntza-programa honen oinarriak arautzea eta laguntzak deitzea da: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten ikerketa, garapen eta berrikuntzako entitateek egindako elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntzak, sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin bat egiten laguntzeko.

Laguntzen araudi hau 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluari lotzen zaio «Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko (EB) 972/2020 Erregelamenduak aldatu zuen erregelamendu hori», bai eta Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko (EB) 1237/2021 Erregelamenduari eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko (EB) 1315/2023 Erregelamenduari ere, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen baitira, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzei buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketatzat jotzen da aipatu Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 84. eta 85. apartatuetako definizioan xedatutakoa.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak –zehazki, 47.000.000 euro– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbatekoa, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuan aldaketak onartzen badira, zenbateko hori eguneratzearen ondorioz sortzen den zenbatekoa ere.

4.2 oinarrian aipatzen diren proiektuak finantzatzeko, deialdiaren diru-zuzkidura osoaren % 25 erabiliko da gehienez, eta 4.3 oinarriko ekintzak finantzatzeko, berriz, % 10, gehienez ere. Proiektu eta ekintza horietarako laguntzak esleitu ondoren gehieneko diru-zenbatekoak agortzen ez badira, soberakina 4.1 oinarrian bildutako proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, % 50eko muga ezarri da aurrekontu-hornidura handitzeko, baliabide osagarriak edukiz gero. Hornidura handitzeko eragiketa hori Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak onartuko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ez da beharrezkoa izango beste deialdi bat argitaratzea.

3. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, betiere horretarako akreditatuta badaude ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin bat etorriz (109/2015 Dekretuaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen da).

2.– Ezinbestekoa izango da erakunde onuradunek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izatea, eta dirulaguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batekin kontratuak egiteko desgaituta ez egotea.

Hala ere, onuradun izan daitezke, halaber, nortasunik ez duten pertsona juridikoen elkarteak, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Kasu horretan, elkarteak erakunde lider bat izendatu beharko du, eta erakunde ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, entitate onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikorekin. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dute, agindu honen 18.2 eta 19.2 oinarrietan ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko bere gain hartutako konpromisoak.

3.– Honako hauek ezin daitezke izan agindu honetako dirulaguntzen onuradun:

a) Krisialdian dauden enpresak edo entitateak, betiere Batzordearen komunikazioko definizio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak» (2014/C 249/01).

b) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratze-agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo entitateak.

4.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitakoaren arabera egoera hauetako batean dauden entitate eskatzaileak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin duen ebazpenen bat dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoak, ezarritako baldintzetan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak eskuratzeko aukera epai irmo bidez galdu dutenak, hala xedatzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, zehapen administratibo edo penala jaso dutenak sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian.

h) Ez dutenak estatu-araudiaren araberako berdintasun-planik indarrean, eta ez dutenak neurririk ezarri sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko estatu-legeriak xedatutako baldintzetan (50 langiletik gorako enpresak).

i) LGTBI-fobia egin, bultzatu edo sustatu izana, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

j) Elkarte ordezkatuak, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debeku-kausaren bat dutenak.

k) Entitate ordezkatuaren inskripzioa egiteko administrazio-prozedura etenda dutenak ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak aurkitzeagatik, bat etorriz Elkartzeko Eskubidea Arautzeko martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoarekin, betiere dagokion erregistroan inskripzioa egin daitekeela dioen ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.

l) Administrazio-bidean emandako ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso dutenak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak hartu eta zehapena ordaindu arte.

m) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez dutenak, eta betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu ez dutenak.

n) Fundazioen kasuan, beren estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora egokitu ez dutenak, eta egokitzapen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ez dutenak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

ñ) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa jaso dutenak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

o) Eskatutako laguntza jarduera berberetarako onartuta edo ordainduta dauden beste batzuekin bateragarria izatea baimenduta egonik, gainfinantzaketa dutenak. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jasotzen direnak jakinarazi beharko dira, laguntza likidatu arteko aldian.

II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

Deialdi honetara 2026. eta 2027. ekitaldietan garatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

1.– Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuak:

a) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektutzat hartuko dira funtsezko ikerketa-proiektu estrategikoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen artean egindakoak, baldin eta sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin bat egiten laguntzen badute.

Proiektuaren orientazio estrategiko hori frogatzeko, justifikatu egin beharko da proiektuaren helburuak bat datozela etorkizuneko enpresa-premiekin eta -lehiakortasunarekin. Hori egiaztatzeko, EAEko enpresek osatutako enpresa-batzorde bat sortuko da. Enpresa horiek proiektuaren jarraipena egingo dute, eta balizko transferentzia-akordioak sinatuko dituzte.

Enpresa-ikuspegia irabazi-asmorik gabeko lankidetza-modu gisa eratu ahal izango da, enpresa parte-hartzaileentzako zuzeneko finantzaketa publikorik gabe, interes sozialera eta aurrerapen zientifiko-teknologikora bideratuta egongo da, eta ekarpen esanguratsua izango da ezagutza sortzeko. Enpresen inplikazioa, nahitaezkoa izan gabe, elementu gehigarria da ezagutzaren transferentzia potentziala bultzatzeko eta lankidetza-ekosistema solidoagoa eta lehiakorragoa finkatzeko.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2.84 artikuluan xedatutakoa.

b) Elkarlaneko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan daitezke, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gutxienez 3 eragileren artean lankidetzan eginak izan beharko dira. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera akreditatuta dauden ZTBESko eragileen edozein tipologiatako eragileek parte hartu ahal izango dute. Oro har, taldean parte hartzen duten entitateak ezingo dira izan 8 baino gehiago, ez bada Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak besterik berariaz baimenduta.

c) Elkarlaneko ikerketa-proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 1.000.000,00 eurokoa eta entitate parte-hartzaileko 50.000,00 eurokoa –urte baterako–, gutxienez.

d) 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

2.– Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak.

a) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektutzat hartuko dira funtsezko ikerketa orientatuko proiektuak edo industria-ikerketakoak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen I+Gko enpresa-unitateek, merkatua erakartzeko eta hara iristeko ahalmen handia dutenek, gidatuta egongo dira proiektuok, eta sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin bat egiten lagunduko dute.

Agindu honen xedeetarako, funtsezko ikerketatzat eta industria-ikerketatzat jotzen da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 84. eta 85. apartatuetan xedatutakoa.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuak urte anitzekoak izan daitezke. Gainera, proiektu horiek enpresetako I+G unitateek garatu beharko dituzte, banaka edo enpresetako I+G unitate baten gidaritzapean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste eragile batzuekin lankidetzan. Oro har, entitate parte-hartzaileak ezingo dira izan 8 baino gehiago, ez bada Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak besterik berariaz baimenduta.

c) Industria-potentzial handiko proiektu bat hautatu eta diruz lagunduko da, baldin eta aurrekontu bat aurkezten bada, proiektuko 200.000,00 eurokoa eta entitate parte-hartzaileko 50.000,00 eurokoa –urte baterako–, gutxienez.

d) 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuen aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

3.– Interes bereziko ekintza osagarriak.

a) Interes bereziko ekintza osagarritzat hartuko dira eskaintza-eskaria bitartekaritza-organismoek eta hedapen-organismoek esklusiboki garatutako eskaintza eta eskari teknologikoaren arteko bitartekaritza-proiektuak, baldin eta sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin bat egiten laguntzen badute. Ekintza osagarrien artean sartzen dira, besteak beste:

– Prospekzio-lanak eta eskari goiztiarrari buruzko azterlanak egitea, bai eta proiektu eraldatzaileei loturiko zaintza teknologikoari buruzko azterlanak ere.

– Proiektu eraldatzaileak prestatzerakoan, lankidetza teknologikoa eta aholkularitza aldezteko jarduerak egitea.

– Proiektu eraldatzaileei loturiko I+G+b nazioartekotzeko jardueretan parte-hartzea sustatzea.

b) Ekintza osagarriek bat etorri beharko dute sektore estrategikoekin, teknologia giltzarri eta zeharkakoekin eta Industria Planeko proiektu eraldatzaileekin.

c) Ekintzok bakarka egin ahal izango dira, edo beste organismo batzuekin elkarlanean, eta urte anitzekoak izan daitezke.

d) 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritakoa betez, interes handiko ekintza osagarrien aldeko laguntzen efektu pizgarria bermatzeko, proiektu hauek baino ez dira diruz lagunduko: laguntza-eskabidea laguntza-programan aurkeztu ondoren (eta programaren deialdiari dagokion urteko urtarrilaren 1aren ondoren) hasitako proiektuak.

e) Interes bereziko ekintza osagarriek, gainera, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoa beteko dute. 651/2014 Erregelamenduaren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dira Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4.– Halaber, elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek, industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek eta elkarlanean egindako interes bereziko ekintza osagarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektua garatzeko eratutako taldeak orekatua izan behar du, eta elkarlan eraginkorra egin, halako moldez non entitateko kide guztiek era orekatuan emango dioten balioa proiektuari.

b) Entitate parte-hartzaile bakoitzak ez du proiektuaren kostu osoaren % 70 baino gehiago hartuko bere gain.

c) Lankidetza-akordio bat egin beharko da entitate parte-hartzaile guztien artean, haien legezko ordezkari guztiek sinatua, alderdi bakoitzaren gauzatze-konpromisoak ezarriko dituena, proiektua gauzatuko dela bermatu duena eta emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzak jasoko dituena.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak, eta hala Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluari nola Kategorien araberako Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluari jarraituko diote.

a) Entitate eskatzaileko plantillako langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak) eta ikerketa- eta garapen-jarduerak gauzatzeko akordio baten bidez entitateari atxikitako teknikarien kostuak, betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Kostu horien artean, langileen kostu zuzenak eta zeharkakoak sartuko dira, justifikazioko kontua aurkezteko jarraibideetan jasotako prozedurari jarraikiz.

b) Ikerketa-proiektuaren zati batzuk hirugarrenekin kontratatzeren ondoriozko gastuak, entitate onuradunek ezin baitituzte egin konplexuak edo espezializatuak izateagatik. Azpikontratazioaren atalean ezingo dira sartu oinarri honetan adierazitakoez bestelako gastuak. Ezin dira jarduerak azpikontratatu partzuergoko kideen artean.

c) Kanpoko zerbitzuak, aholkularitza-zerbitzuak eta antzeko beste zerbitzu batzuk, hala nola ikerlanak erostea, ezagutza teknikoak eskuratzea, ikastaro, kongresu, mintegi, hitzaldi, jardunaldi tekniko eta antzekoetara joateko eta haietan izena emateko gastuak, bai eta bideragarritasun- eta merkatu-azterlanak ere, eta horien artean sartu ahal izango da proiektuaren auditoriaren kostua. Auditoriaren kostua, gehienez, 1.500,00 euroz lagundu ahal izango da proiektu, entitate onuradun eta urteroko bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.

d) Ikerketa-jarduerak zuzenean eragindako beste gastu batzuk (material suntsikorrak, horniketa, bidaiak, eta abar).

e) Jabetza industrial eta intelektualeko eskubideak eskatzearekin lotutako gastuak eta horiek mantentzetik eratorritako beste kostu batzuk.

f) Amortizazio-gastu hauek: azpiegitura sortzekoak eta ekipamendu teknologiko aurreratua erostekoak, bai eta instalazio eta zerbitzuak hobetzekoak ere. Gastu horien helburua izango da proiektuaren xedeak baldintza onenetan erdiestea.

Era berean, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioetatik eratorritako amortizazio-gastuak ere hautagarritzat joko dira.

Aurreko apartatuetan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

2.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren mende daudenez, betekizun hauek izango dituzte:

a) Oro har, entitate onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 50etik gora, salbu eta espezializazio altuak eta/edo bere baliabideekin egiteko ezintasunak eragindako kasuetan; kasu horietan, azpikontratazioa Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez onartu beharko da.

Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioaren kontratua idatziz egin beharko da, eta dirulaguntza eman duen entitatearen aurretiazko baimena izan beharko du, bat eginez Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.3 artikuluarekin.

b) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu entitate onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egin eta ordaindu bada gastua.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez denean.

Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

3.– Euskal Herriko Unibertsitateak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek –Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak badira, edo partaidetza publikoa gehiengoduna duten eta ezein administraziotako sektore publikoan sartuta ez dauden entitateetakoak– langile propioak edo plantillakoak zeharkako kostu gisa bakarrik egotzi ahal izango dizkiote dirulaguntzaren justifikazioari, eta ezin izango da, inola ere, langile horien zuzeneko kosturik egotzi. Hala ere, diruz lagundutako proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileen zuzeneko kostua aplikatu ahal izango zaio justifikazioari.

6. oinarria.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Eman beharreko laguntzak itzuli ezin daitezkeen dirulaguntzak dira, eta publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraikiz emango dira. Era berean, laguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak eraginkortasunez betetzen direla bermatuko da, eta baliabide publikoak esleitzean eta erabiltzean efizientzia bermatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagokaren bidez hautatuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honen 15. oinarrian zehaztutako irizpideei eta prozedurei jarraituz. Norgehiagoka lehiaketa bidez egingo da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluarekin. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 15.2 oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.

3.– Agindu honen 7. oinarrian zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak onartu diren proiektuei.

7. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, oinarri honetako 3. apartatuan aurreikusitako laguntzarik handiena aplikatuko zaio onartutako proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

2.– Dirulaguntzak urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezke, onartutako proiektuaren iraupenaren arabera, eta, gehienez ere, agindu honen 4. oinarrian zehaztutako ekitaldi kopururako emango dira, hau da, bi ekitalditarako, 2026 eta 2027rako.

3.– Entitate onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzen (itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak) mugak honako hauek izango dira, 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduan zehaztutakoaren arabera:

a) Elkarlaneko funtsezko ikerketa-proiektuek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute.

b) Industria-potentzial handiko ikerketa-proiektuek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute, funtsezko ikerketa-proiektuak baldin badira, eta % 50, industria-ikerketako proiektuak badira.

c) Interes bereziko ekintza osagarriek diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontu onartuen % 100 lortuko dute, funtsezko ikerketa-proiektuei loturiko ekintzak baldin badira, eta % 50, industria-ikerketako proiektuei loturiko ekintzak badira.

4.– Diruz lagundutako proiektu-tipologia bakoitza finantzatzeko bideratuko den diru kopurua, dagokion deialdian ezarritakoaren arabera, nahikoa ez bada jarduketa guztiak finantzatzeko aurreko 3. puntuan ezarritako ehunekoen arabera, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena lortu dutenak izango dira, dagokion aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

8. oinarria.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetako laguntzak eskuratzen dituzten eragile zientifiko-teknologikoek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jarduketa horiek gauzatzeko, edozein dela ere laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen organoa edo administrazioa. Entitate onuradun bakoitzak jaso beharreko zenbatekoa ezagututa, agindu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira gai horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak eta, zehazki, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa. Bateragarritasuna baimentzen denez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzaren onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adierazi beharko du eskabidean.

2.– Eragile zientifiko-teknologikoek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari jakinarazten badiote beste administrazio edo enteren batetik dirulaguntzak eskuratu dituztela, laguntzak ezin izango dira aurreko artikuluan aipatutakoa baino handiagoak izan, ez eta entitate onuradunek garatuko duten jardueraren kostu osoa baino handiagoak ere. Horrela bada, agindu honi jarraituz emandako laguntzak murriztu egingo dira muga horretara egokitu arte.

3.– Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira proiektu edo jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta laguntza-neurri horiek diruz lagun daitezkeen bestelako kostuei buruzkoak badira, edo laguntza-neurriak guztiz edo partzialki bat badatoz diruz lagun daitezkeen kostu berberekin, eta neurri horien metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplika daitekeen laguntzaren zenbateko handiena.

4.– Baldin eta Batasuneko instituzioek, agentziek, enpresa erkideek edo Batasuneko beste organo batzuek zentralki kudeatzen duten eta estatu kidearen kontrolpean zuzenean edo zeharka ez dagoen Batasunaren finantzaketa Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta laguntzaren gehieneko intentsitateak errespetatzen diren zehazteko, betiere diruz lagun daitezkeen kostu berberei dagokienez emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.

9. oinarria.– Europar Batasunarekiko izapideak eta eragin pizgarria.

1.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 11.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Gainera, programa honetan, eta Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluaren arabera, laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, entitate eskatzaileak eskabidea egin ondoren abiarazitako proiektuak soilik lagundu ahal izango dira diruz.

3.– Halaber, kategorien araberako salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1.2 artikuluan ezartzen denez, Erregelamendu hau ez zaie aplikatuko honako hauei:

a) I+G+Bko laguntza-erregimenak, estatu kide bakoitzeko Estatuko laguntzen urteko batez besteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada, indarrean sartu eta sei hilabetetik aurrera.

b) 1. artikuluko 2. paragrafoko a) idatz-zatian jasotako araubideen aldaketak, Erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak, edo onartutako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketenak.

c) Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki esportatutako kopuruei zuzenean lotutako laguntzak, banaketa-sare bat ezartzeko eta funtzionatzeko laguntzak edo esportazio-jarduerari lotutako beste kostu arrunt batzuetarako laguntzak.

d) Inportatuen ordez produktu nazionalak erabiltzearen baldintzapeko laguntzak.

III. KAPITULUA
PROZEDURA
HASIERA

10. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2026ko martxoaren 13ra bitartean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. tituluko II. kapituluan eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1027112/ (gaztelania).

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027112/ (euskara).

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta (gaztelania).

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskara).

4.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera akreditatu beharko da ordezkaritza. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza akreditatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

6.– Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml

Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendaria da datuen arduraduna, eta bere aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

7.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11. oinarria.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.

1.– Proiektuak hautatzeko eskabideak eta agindu honetan aurreikusitako gainerako dokumentazio osagarriak formatu elektronikoan beteko dira, aurreko oinarrian adierazitako egoitza elektronikoan, bertan ematen den ereduaren arabera.

Elkarlaneko proiektuetarako, entitate interesdunek eskabide bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetako batek, taldeko lider gisa jardunez (proiektuaren garapenean protagonismo tekniko handiena izateagatik), izango du proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Ondore horietarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere. Kasu horietan, horrenbestez, taldeko lider diharduen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea.

2.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Hemen zehaztutako agiriak eskabidearekin batera aurkeztu behar dira:

a) Eskabide-inprimakia, proiektuaren lider den entitatea ordezkatzeko botere aski duen pertsonak sinatuta, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko aitortuaren bidez), honako hauek barne hartuko dituena: proiektuan parte hartzen duten entitate guztien datuak eta haietako bakoitzak egingo dituen jarduerak eta izango duen aurrekontua.

b) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; gehienez, 80 orrialde izango ditu, azala, aurkibidea eta eranskinak (intereseko gutunak eta ikertzaileen CV) zenbatu gabe, eta Arial 11 tipografian egon beharko du.

Lankidetza-proiektuen kasuan, taldea osatzen duten entitateek, gainera, honako hauek aurkeztuko dituzte:

b.1.– Parte hartzen duen eragile bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuak.

b.2.– Parte hartzen duten entitate guztiek sinatutako lankidetza-akordioaren kopia digitalizatua. Bertan, agindu honen 4.4.c) oinarrian adierazitakoak jasoko dira: proiektua gauzatzeko konpromisoa, alderdi bakoitzaren gauzatze-konpromisoak, konfidentzialtasun-akordioak, emaitzak ustiatzeko hitzartutako baldintzen deskribapena eta liderrari emandako ahala taldearen ordezkaritza izateko eta haren izenean laguntza eskatzeko. b.3.) Entitate parte-hartzaile bakoitzeko eskatzailearen ordezkaritza-ahalaren kopia digitalizatua.

b.3.– Entitate parte-hartzaile bakoitzeko eskatzailearen ordezkaritza-ahala.

b.4.– Proiektu eraldatzaileei lotutako proiektuen kasuan, enpresa-batzordearen osaera eta balizko transferentzia-erabakiak azaldu beharko dira.

c) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta uneko ekitaldi fiskalean proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eskatutako eta/edo emandako laguntzen zerrenda. Laguntza bakoitzaren zenbatekoa eta laguntza eman duen erakundearen nortasuna adierazi beharko dira. Nolanahi ere, etorkizunean helburu bererako jaso daitezkeen laguntzak jakinarazi beharko dira, dirulaguntza likidatu arte.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, jarraian zehazten diren alderdiak egiazkoak direla eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko debekuetan ez dagoela adierazten duena:

• Eskatutako laguntza eta jarduera berberetarako onartutako edo ordaindutako beste batzuk bateragarriak izatea baimenduta dagoenez, ez dagoela gainfinantzaketarik.

• Ez dudala epai irmoaren bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso, ez eta prebarikazio, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik ere.

• Entitateak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela –salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek–, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

• Ez duela eragin administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik, bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.

• Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo ez direla Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985 Legean) araututako kargu hautetsiak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

• Egoitza fiskala ez duela araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

• Egunean dituztela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoak, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

• Ez duela ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso, lege honen edo beste batzuen arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galduta. Zehazki, ez zaio zigor administratibo edo penalik ezarri sexuagatiko diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik. Halaber, adierazten du, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatera behartuta egonez gero, baduela, eta, erakundeak 50 langile baino gehiago izanez gero, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiazta dezakeela, Estatuko legeriak emakumeen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

• Ez duela LGTBI-fobia egin, bultzatu edo sustatu, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne (otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua).

• Ez dagoela zigortuta ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.

• Hala badagokio, desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete duela, eta ez duela egiaztatu hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri direnik.

• Ez dela enpresa-deslokalizazioaren deklarazioaren xede izan, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

• Fundazioen kasuan, estatutuak egokitu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean xedatutakora eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gordailututako egokitzapenera (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 1. xedapen iragankorra).

• Ordezkatutako elkartea ez dagoela elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausetan sartuta.

• Ez dagoela etenda ordezkatutako erakundea inskribatzeko administrazio-prozedura, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak daudelako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmorik ematen ez den arte, horren bidez dagokion erregistroan inskribatu ahal izateko.

• Erakunde eskatzailea ez dela berreskuratzeko agindu baten mende dagoen enpresa edo erakunde bat, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki ondoren laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

• Erakunde eskatzailea ez dela krisian dagoen enpresa edo erakunde bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014/C 249/01).

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduerarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordetzaren esku jarriko da.

d) Efektu pizgarriari buruzko adierazpena, Europako Batzordearen Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

e) Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela automatikoki, ofizioz eta behar beste aldiz egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta ez da beharrezkoa izango interesdunaren baimena, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin bat etorriz.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko du, aipatutako aginduan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak.

3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, entitate eskatzaileek eskubidea dute ez aurkezteko administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako agiriak. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.

Ondorio horietarako, entitate eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Administrazio Publikoek elektronikoki bildu beharko dituzte, beren sare korporatiboen bidez, datuen bitartekaritza-plataformen bidez edo gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bidez, salbu eta interesduna berariaz aurka badago edo aplikatzekoa den lege bereziak berariazko adostasuna eskatzen badu. Salbuespen gisa, administrazio publikoek ezin badituzte dokumentuak eskuratu, berriro eskatu ahal izango dizkiote interesdunari.

12. oinarria.– Eskabideen zuzenketa eta prozeduraren antolamendua.

Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko oinarrian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta, ondorioz, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak dagokion ebazpena emango du, hala xedatuta baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan.

1.– Aipatutako arauaren 11.3 artikuluarekin bat, lankidetzan garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuko lider den entitatearekin gauzatuko da jarduera hori.

2.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak beharrezko iritzitako bestelako dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango die eragile eskatzaileei, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

PROIEKTUAK HAUTATZEA ETA ONARTZEA

13. oinarria.– Ebaluazio-organoa.

Berariaz xede honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta baloratzea, bai eta aurkeztu litezkeen administrazio-errekurtsoak ere. Ebaluazio hori egin ondoren, organoak dagokion ebaluazio-txostena egingo du, analisiaren emaitzak zehaztuz. Ondoren, Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dio, hura baita laguntza horien organo kudeatzailea. Zuzendariak, kide anitzeko organoaren espedientea eta txostena erreferentziatzat hartuta, proposamen bat egingo dio Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, eta sailburuordetza horrek izango du laguntza horiek emateko ebazpenak igortzeko eskumena.

Ebaluazio-organo horren buru Iker Azqueta Madariaga izango da, eta Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako beste arlo-arduradunetako bat izango da ordezkoa.

Kide hauek izango dira bokalak:

– José Luis Azkue Arrastoa, Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendaria; ordezkoa, berriz, Rosa M.ª Murillas Maza.

– Amaia Martínez Muro, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Teknologia Saileko ordezkaria; ordezkoa, berriz, Cristina Oyón.

– Igor Cuesta Kortaxarena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean teknologia eta berrikuntzaren gaineko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena; ordezkoa, berriz, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako beste teknikari bat.

Ebaluazio-organoaren eraketa baliozkoa izango da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta burua eta idazkaria, edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta, gutxienez, gainerako bokaletako bat bertan badaude. Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari buruz apartatu honetan jasotzen ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, oinarrizko izaerarekin, eta 2. azpiataleko 19. artikulutik 22. artikulura bitartekoak aplikatuko dira osagarri gisa.

14. oinarria.– Entitate laguntzailea.

Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, entitate laguntzaile izendatzen da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI), Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari atxikia, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluarekin, bertan arautzen baita entitate laguntzaileen araubidea.

1.– SPRIk eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideen hasierako azterketa egiten laguntzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

b) Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.

c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzen gauzatzea eta ekintzetan izandako kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzen laguntzea.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela egiaztatzen laguntzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko betekizunak betetzen jarraitzen dutela.

e) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitzen eta ezartzen laguntzea.

f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egiten laguntzea.

g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailean dirulaguntza ematen duen organoak hala aginduz gero.

h) Programa honen kudeaketarekin lotuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12.5.d) artikuluan adierazitakoaren arabera.

15. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Proiektuak hautatzeko, ebaluazio-irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Irizpide giltzarriak (60 puntu).

a.1.– Ikerketaren orientazio estrategikoa (20 puntu):

a.1.1.– Proposamenean definitzen diren arloetan, inbertsioak egiteko nolako aukerak ematen dituen proiektuak, ikuspegi zientifiko-teknologikoa oinarritzat hartuta; bestalde, egungo artearen egoerari dagokionez, nolako ekarpen zientifiko-teknikoa egiten duen proiektuak.

a.1.2.– Proposatutako jardueretan nolako emaitza zientifiko-teknologikoak espero diren eta nolako gaitasuna dagoen horiek lortzeko.

a.2.– Transferentzia zientifiko-teknologikorako potentziala (15 puntu):

a.2.1.– Teknologia transferitzeko plan bat definitzea, proiektuan sortutako emaitzen ustiapen eraginkorra bermatzeko.

a.2.2.– Patenteak sortzea eta jabetza industriala babestea, patenteak eta software-erregistroak eskatuta.

a.2.3.– I+G arloko emaitzetatik eratorritako spin-offak edo start-up teknologikoak sortzea.

a.2.4.– Proiektuko jarduerak zabaltzeko plan bat garatzea, jardunaldi teknikoen, argitalpen zientifikoen, kongresu espezializatuen eta plataforma digitalen bidez.

a.3.– EAEko ekonomiaren eraldaketan duen eragina (25 puntu):

a.3.1.– Industria Planeko sektore estrategikoen lehiakortasuna hobetzea, Hazi eta Irabazi sektoreetan eragin esanguratsua duela frogatuz.

a.3.2.– Herrialdea eraldatzeko izaera duten ekimenekin bat etortzea. Proposamenak proiektu eraldatzaileei egiten dien ekarpena.

a.3.3.– Enpresa-inbertsioa dinamizatzea. Enpresen finantzaketa. Enpresen eta proiektuko liderraren artean I+G zerbitzuak kontratatzeko edo teknologia transferitzeko esparru-akordioak.

b) Irizpide orokorrak (40 puntu).

b.1.– Finantzaketa-eskema egokia (10 puntu):

b.1.1.– Eskatutako aurrekontua proposameneko helburu eta zereginetara egokitzea.

b.1.2.– Proposamenean parte hartzen duten guztien aurrekontu-partiden justifikazioa.

b.2.– Metodologia egokia eta gobernantza (10 puntu):

b.2.1.– Jarduera-planaren argitasuna. Jarduera-plana deskribatzea eta egituratzea, lan-paketeak, zereginak eta entregagaiak identifikatuta.

b.2.2.– Argi bereiztea funtsezko garapen-lanak eta bigarren mailako atazak.

b.2.3.– Koordinazio- eta jarraipen-mekanismoak. Proposatutako kudeaketa-egiturak egokiak izatea, enpresa-batzordea barne.

b.3.– Lantaldea (10 puntu):

b.3.1.– Lantaldearen ezaugarriak, aintzat hartuta kideen dedikazioa eta beharrezkoa den masa kritikoa.

b.3.2.– Lantaldearen gaitasuna, eta, elkarlaneko ikerketa-proiektuen kasuan, haren gaitasun zientifiko-teknikoa. Atzerrian lanean ari diren teknikari eta ikertzaile euskaldunak lantaldean sartzea (berreskuratzea), elkarlaneko ikerketa-proiektuetarako.

b.3.3.– Proiektuko buruzagitza eta taldearen egokitasuna, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuz. Hau da, lau kide baino gehiagoko taldeak orekatutzat joko dira, sexu bakoitzeko pertsonak gutxienez % 40 direnean. Gainerako kasuetan, bi sexuetako pertsonak ordezkatuta daudenean.

b.4.– Konektagarritasuna (10 puntu):

b.4.1.– Nazioarteko proiektuetan enpresak mobilizatzea proposamenaren gaian.

b.4.2.– Proposamenaren gaiari buruzko EBko esparru-programan edo Europako ikerketa-espazioan parte hartzea.

b.4.3.– Nazioarteko lankidetzak egitea erreferentziazko zentroekin eta egungo unibertsitateekin proposamenaren gaian, eta lankidetza-aukera berriak identifikatzea.

b.4.4.– Egungo nazioarteko foro eta sozietateetan parte hartzea proposamenaren gaian, eta parte hartzeko foro berriak identifikatzea.

2.– Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, funtsezko irizpide bakoitzean atera daitekeen gehieneko notaren % 50 baino nota hobea ateratzea.

3.– 7.4 oinarrian xedatzen den bezala, diruz lagunduko diren proiektuak puntuaziorik onena duten proiektuak izango dira, aurrekontu-partida agortu arte.

Proiektuak aurreko puntuko irizpideen arabera hautatua izateko puntuazioa lortzeak ez du bermatzen dirulaguntza jasoko duela.

16. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da prozedura hau kudeatzeko organo eskuduna. Organo kudeatzaileak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du, zeinak gutxienez honako hauek jasoko baititu:

a) Onartzea proposatzen diren proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz hauek adierazita: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa; onartutako/onetsitako aurrekontua, proiektua gauzatzeko epeak eta zer zenbateko ematea proposatzen den.

b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen diren eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

LAGUNTZAK EMATEA

Laguntzak emateko ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

17. oinarria.– Laguntzak emateko eta ebazteko organoa.

1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira aurkeztutako eskabideak, eta, han, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emango du ebazpen hori, organo kudeatzaileak proposatuta.

2.– Laguntzak ez dira emango kreditu nahikoa eta egokia egon arte.

3.– Ebazpenean zehaztuko da zein diren hautatutako proiektuak, eta bakoitzari buruz adieraziko da, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onartutako aurrekontua, gauzatzeko epea eta emandako zenbateko orokorra; horrekin batera, aditzera emango da ezetsitako edo baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.

Elkarlanean egindako proiektuetarako, adieraziko da, halaber, zein diren taldea osatzen duten entitate onuradunak eta zein den proiektuaren arduraduna. Ebazpenean, entitate parte-hartzaile eta onuradun bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko da.

4.– Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzen den bitartean, eta ebatzi aurretik, eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada –horren berri eman beharko dio organo kudeatzaileari, jakin bezain laster–, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea. Hala ere, eskatzaileen bat-egite, zatiketa eta xurgapeneko eragiketek, ez eta prozesu-oinordetza eragin dezakeen beste edozein eragiketak ere, ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:

– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.

– Oinordeko entitateak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak betetzea.

– Dirulaguntza ematen duen organoak espresuki baimena ematea.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta eskatzailea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 11.4 artikuluan araututako entitate-talde bat bada, eta talde horretako kideetako baten nortasun juridikoa aldatzen bada.

Aldaketa baimentzen bada, taldeak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan, oinordeko enpresa zein den adierazi beharko da.

5.– Prozedura ebatzi eta entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitu eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute entitate interesdunek, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

6.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen aurrean edo Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik hasita, edo, egintza espresua ez bada, edozein unetan, eta horrek ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

7.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), edo, bestela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Gainera, erakunde eskatzaile bakoitzari jakinarazpen indibiduala igorriko zaio, baina jakinarazpen pertsonal horrek ez du jakinarazpen ofizialaren ondoriorik izango.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han, entitate onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer agiri aurkeztu behar duten justifikazio-fasean (agiriok eskuragarri jarriko dira).

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.4 artikuluko taldeen kasuan, ebazpena banaka jakinaraziko zaie, bai proiektuaren ordezkari izatea bere gain hartu duen eragileari, bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK GAUZATZEA

18. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Laguntzak zuzenean entitate onuradunei ordainduko zaizkie, honako era honetan zatikaturik:

a) Lehen urtekoari dagokion dirulaguntzaren % 50 ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, 15 egun naturaleko epean espresuki uko egiten ez bazaio.

b) Lehenengo urterokoaren ordainketa, bai eta hurrengoarena ere, honako hauek baldintzaturik egongo dira: aurretiko dokumentu-justifikazioa aurkeztea; dagokion urteko jarduera gauzatzea; finkatutako xedeen erdiespen-maila, eta egindako gastua.

Proiektuaren urte bakoitzean egindakoaren justifikazioa urtea amaitu eta hurrengo lauhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Justifikazioa azaldutako baldintzetan egin ondoren, ordain-agindua emango da, zeina baitagokie justifikatutako urterokoaren zatiari eta hurrengo urterokoaren % 50eko aurrerakinari.

c) Gainera, azken urterokoari dagokion azken % 50a ordaintzeko, ekitaldi horretako jarduera egitearen azken likidazioa aurkeztu beharko da, bai eta proiektua osorik betetzearen justifikazioa ere, memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta. Memoria horretan, honako hauek jasoko dira nagusiki: egindako jarduketak; lortutako emaitza kuantifikatuak edo baloratuak; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekako eta kontzeptuzko gastuekin; kontratu, hitzarmen, itun eta abarren azken betetze-mailari buruzko txostena.

d) Ordainketa aurreratuek 180.000 euroko zenbatekoa gainditzen badute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) 1. artikulutik 3. artikulura araututako berme-araubidea ezarri behar da.

2.– Justifikazioko kontua betetzen laguntzeko, entitate onuradun bakoitzari, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32 artikuluan adierazitakoaren arabera –zeinak dirulaguntzen justifikazioa arautzen baitu– eta haren 5. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, egiaztatu beharko dira halako funtsen zenbatekoa eta jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa. Jasotako funtsek sorrarazten dituzten finantza-etekinak ere egiaztatu beharko dira, hala badagokio.

3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazio-kontuak honako dokumentazio hau izan beharko du:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete ote diren justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:

– Jardueraren gastu eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, noiz eman den eta, hala badagokio, noiz ordaindu den. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.

– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.

– Onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluarekin bat.

c) Kontuen auditoria-txosten sinatua, Kontabilitate eta Kontu Auditoriako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko auditoria-txosten bat aurkeztu beharko da.

Auditoria-txostena osatzeko, justifikazio-kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren. Dokumentu hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.

d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.

4.– Dirulaguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten zenbait entitate onuradunek laguntza jaso baino geroagoko ekitaldi batean hasi badute beren jarduera proiektu horretan, haien aldeko lehen ordain-agindua ekitaldi horretara atzeratuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko apartatuan ezarritako araubidea aplikatuko da.

5.– Entitate onuradunei laguntzak ordaintzeko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharko dituzte, bai eta dirulaguntzak itzuli ere.

6.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak, zeina laguntza hauen organo kudeatzailea baita, beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eta argibide osagarriak eska ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

19. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoria-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.

2.– Dena den, aurreko paragrafoan adierazitako entitate onuradunek berek gauzatu beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, 5.2. oinarrian azaldutako kasuetan izan ezik. Era berean, diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu beharko dira. Nolanahi ere, posible izango da proiektuaren I+G jardueraren zatiren bat EAEn edo EAEtik kanpo azpikontratatzea.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 9.4.n) eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebeharrak.

3.– Entitate onuradunek, orobat, beren jarduera ekonomikoa merkatuaren baldintza arrunten arabera gauzatzeko, I+G arloko indarreko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan –Batzordearen «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua» (2022/C 414/01) jakinarazpena– ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoak ere.

4.– Entitate onuradunek, gainera, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Jarduera egitea edo dirulaguntza ematea justifikatzen duen egoeran egotea.

b) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea dirulaguntza ematea edo jasotzea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere. Jarduera hori pertsonei buruzkoa denean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.

c) Dirulaguntza eman duen organoak edo erakundeak egin beharreko egiaztapen-jarduketei men egitea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketei ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoei eta finantzazioa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenei ere.

d) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo unean.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako erabilera justifikatu aurretik edo unean.

f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak egunean dituela egiaztatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasunaren arloko eskumena duen saileko titularraren aginduz erregelamenduz ezartzen den moduan.

g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikagarri zaion merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatzen duen moduan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitate-egoera eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

h) Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

i) Lege honen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Lege honen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzultzea.

k) Hizkuntzaren eta irudien erabilera intersekzionala errespetatzea, eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdia, diruz lagundutako jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan.

Laguntza-eskabidean zehaztutakoa aldatzen bada, dirulaguntza ematen duen organoaren berariazko baimenak aldez aurrekoa izan behar du, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin.

20. oinarria.– Ez betetzea eta dirua itzultzea.

1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den eskakizunen bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan zehaztutako gainerako kasuetan, ezin izango du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.

Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, betiere beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 8. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondoreetarako.

2.– Dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko orduan, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua. Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta bidezkoak diren berandutze-interesak itzultzea erabakiko du.

Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea laguntza hauek emango dituen organoari dagokio, eta bere ekimenez, goragoko mailako agindu baten ondorioz, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz, salaketa baten eraginez edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako finantza-kontrolaren ondorioz eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, baldin eta espedientea irekitzea eragin dezaketen inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen detektatzen badira.

3.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondoreetarako, ez-betetzetzat hartuko dira honako egoera hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak emandako luzapen- edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Laguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidetako batean kontsignatutako zenbatekoen % 25etik gorako beheranzko desbideratzea gertatzen bada proiektuan egindako gastuetan, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ezta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, betiere enpresak desbideratze hori behar bezala arrazoitu eta justifikatu badio organo kudeatzaileari, hau da, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari.

4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Kasu horretan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, entitate emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

21. oinarria.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo ente publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak eta xede bererako bestelako sarrera edo baliabideak eta honako hau aldi berean jasotzeak dirulaguntza hau emateko ebazpena aldaraz dezakete.

2.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake dirulaguntzaren organo emaileak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntzen oinarri erregulatzaileetan aurreikusita egotea aldatzeko aukera.

b) Alderdi batek eskatuta egiten bada, 14.e) oinarrian adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

c) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

d) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

e) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

f) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

g) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez eragitea.

Aldaketaren eskabidea eta baimena dirulaguntza gauzatzeko epea amaitu baino lehen egin beharko dira. Aldaketa egiteko baimena laguntza ematen duen organoaren ebazpen bidez emango da, betiere dirulaguntzaren izaera eta helburuak desitxuratzen ez badira.

Aldaketa-baimena ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ukatu egin dela ulertuko da.

3.– Honako aldaketa hauek baimendu ahal izango dira, aurreko 1. eta 2. apartatuetan ezarritako betekizunak betez gero:

a) Egin beharreko jarduerak atzeratzea dakarren aldaketa. Entitate liderrak proiektu bakoitzeko luzapen-eskaera bat aurkeztu beharko du, gainerako entitateen adostasunarekin, hasieran aurreikusitako gauzatze-epea amaitu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Luzapena baimentzen bada, salbuespena izango da, eta horrek dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du.

b) Dirulaguntzaren onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea. Dirulaguntzak ematen dituen organoak bakarrik baimendu ahal izango ditu horrelakoak, espresuki, bat-egite, zatiketa eta xurgapeneko eragiketen ondorio direnean edo haren oinordetza unibertsala eragin dezakeen beste edozein eragiketaren ondorio direnean. Baimena emateko, artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarritako inguruabarrak betetzeaz gain, oinordeko entitateak oinarri arautzaileetan ezarritako betekizunak bete beharko ditu. Kasu horretan, gauzatze-akordio berriak ondorioak izango ditu dirulaguntza eman duen organoaren ebazpena eman eta jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, akordio berria baimendu ondoren.

c) Taldeko kide baten edo batzuen nortasun juridikoa aldatzea. Kasu horretan, aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da, eta ezin izango da inola ere baimendu legezko baldintzetan oinordetza unibertsala ez dakarren taldeko kide baten titulartasuna aldatzea.

Taldeko kide den entitate baten nortasun juridikoa aldatzen bada oinordetza unibertsalik ez dakarren prozedura baten bidez, hura diruz lagundutako proiektutik kanpo geratuko da, eta taldea osatzen duten gainerako entitateekin jarraituko da gauzatzen, itzulketarako sor daitezkeen ondorioak alde batera utzi gabe.

Aldaketa baimentzen bada, taldeak gauzatze-konpromiso berria aurkeztu beharko du, eta, hori aztertu ondoren, laguntza ematen duen organoak eskaera ebatziko du, eta aldaketa egingo den ala ez erabakiko du. Taldeak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan jasoko dira baimendutako aldaketak.

d) Eskabidea egiteko unean aurkeztutako memorian jasotako jardueretan izandako aldaketa.

e) Proiektuaren porrot teknikoak eragindako aldaketa. Halakotzat jotzen da eskabidea egiteko unean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea ezinezkoa izatea, ustekabean akats tekniko konponezinak agertu direlako.

4.– Dirulaguntzaren entitate onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu direla –dirulaguntzaren xedea edo izaera funtsean aldatzen ez dutenak– eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea oinarri honen aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den administrazio-baimenaren izapidea ez denez egin, aurkeztutako justifikazioa onartu ahal izango da, betiere hori eginda hirugarrenen eskubideei kalte egiten ez bazaie.

Onuradunaren legezko betebeharra da dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabar objektibo zein subjektiboetan izandako edozein aldaketa jakinaraztea, eta betebehar horri ezin izango zaio salbuespenik ezarri. Jakinarazpen hori baimenduko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira. Aldaketa jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, dirulaguntza gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

5.– Entitate onuradunak aurreikusten duenean proiektuko jarduera guztiak ez direla gauzatuko eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jardueren behin betiko gastua txikiagoa izango dela dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino, ebazpena aldatu ahal izango da. Halaxe jokatuko da, era berean, jarduera guztiak gauzatuta, aurreikusten denean justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela.

6.– Baldin eta entitate onuradunak aurreikusten badu helburu bererako eta aldi berean beste edozein entitate publiko nahiz pribatuk emandako laguntzak eta dirulaguntzak jasoko dituela, horren berri eman beharko du, eta horrek ebazpena aldatzea ekar lezake.


Azterketa dokumentala