
249. zk., 2025eko abenduaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5515
AGINDUA, 2025eko abenduaren 19koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez ondoriorik gabe uzten baita 2025eko abenduaren 1eko Agindua, Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen dituena, eta zeinaren bidez kautelazko beste neurri batzuk ezartzen baitira.
Dermatosi nodular kutsakorra (DNK) gaixotasun biriko emergente bat da, batez ere bektoreek transmititzen dutena. Gaixotasun honen ezaugarriak dira hedatzeko gaitasun handia duela eta abereei eta truke komertzialei kalte larriak eragiten dizkiela. Hurbileko herrialde eta eskualdeetako egoera epidemiologikoak berriki izan duen bilakaera eta Espainian foku aktiboak agertu direla ikusita, nabarmen areagotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-arriskua, batez ere animalien mugimendu handia dagoelako eta abeltzaintzako ustiategi asko daudelako.
Egoera hori izanik, eta prebentzio-neurri proportzionalak eta koordinatuak ezartzeko helburuarekin, 2025eko urriaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (204. zk.) agindu hau argitaratu zen: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko urriaren 24ko Agindua, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira. Neurri horiek 2025eko urriaren 31ko Aginduaren bidez aldatu ziren, zenbait zehaztugabetasun tekniko hauteman zirelako, eta segurtasun juridikoagatik. Agindu horretan bildutako neurriek 2025eko azaroaren 30era arte egon behar zuten indarrean.
Ondoren, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko abenduaren 1eko Aginduaren bidez, ondoriorik gabe utzi zen aipatutako 2025eko urriaren 31ko Agindua, 2026ko urtarrilaren 15era arte indarrean egongo ziren kautelazko neurri berriak ezarri ziren, eta epe hori luzatzeko aukera ezarri zen, agindu espresu baten bidez, dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) bilakaera epidemiologikoaren arabera.
Hala ere, azken datu epidemiologikoen arabera, Katalunian ez da gaixotasunaren foku berririk jakinarazi, baina Frantzian foku berriak jakinarazi dira Aude, Garona Garaia, Gers eta Pirinio Atlantikoetako departamentuetan, eta horrek arreta handiz jokatzera behartzen gaitu. Hori dela eta, eguneratu egin behar dira dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko hartu beharreko neurriak. Horregatik, segurtasun juridikoaren printzipioa kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da ondoriorik gabe uztea Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko abenduaren 1eko Agindua, gaixotasunaren bilakaeraren araberako neurri zorrotzagoak eta egokiagoak ezarri ahal izateko.
Horrenbestez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-aldundiei kontsulta egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.9 artikuluan eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 538/2024 Dekretuan ezarritakoaren babesean, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ondoriorik gabe uztea Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko abenduaren 1eko Agindua, zeinaren bidez Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNK) aurkako kautelazko neurriak hartzen baitira.
Bigarrena.– Animalien presentzia etetea feria, lehiaketa, txapelketa, herri kirol, erromeria, azoka eta ekitaldi orotan, aldi baterako eta espezie guztientzat (txakurrak eta katuak izan ezik), Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
Hala ere, foru-aldundiek, salbuespen gisa, animalia-espezie ez-sentsibleak dituzten ekitaldiak egiteko baimena eman ahal izango dute. Ekitaldi horiek desinfektatzeko eta desintsektatzeko osasun-plan espezifikoaren arabera antolatuko dira, eta Lurralde Historikoko abeltzaintza-zerbitzuak baliozkotu beharko du plan hori.
Hirugarrena.– Abere-mugimendu guztietan, aziendak garraiatzeko ibilgailu guztiak garbitzeko eta desinfektatzeko legezko betebeharra betetzeaz gain, ibilgailu horiek eta lekualdatzen diren animaliak desintsektatu beharko dira nahitaez. Ez da derrigorrezkoa izango animaliak desintsektatzea, hiltegira eramateko lekualdatuko badira.
Partidekin batera aurkeztu beharreko agirien artean, garbiketa- eta desinfekzio-ziurtagiria eskatuko da, horretarako baimendutako zentro batek emana, eta garraiobidearen eta animalien desintsektatzea egin dela dioen erantzukizunpeko adierazpena. Berariaz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegora doazen edo Erkidegotik ateratzen diren abere-mugimendu guztien dokumentazioan garraiolariaren ATES (Animalia Biziak Garraiatzeko Baimen Kodea) espresuki adierazten dela.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea debekatzea dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) aurka egiteko gune mugatutzat jotako ustiategietatik datozen animaliei, agintari eskudunek hala adierazten badute. Debeku horretatik salbuetsita geldituko dira dermatosi nodular kutsakorraren aurka txartatuta dauden animalien lekualdaketak, Batzordearen 2022ko azaroaren 28ko (EB) 2023/361 Erregelamendu Eskuordetuaren IX. eranskinaren 3. zatiko 3. apartatuan ezarritako baldintzen arabera. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/429 Erregelamendua osatzen du, zerrendako gaixotasun jakin batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko albaitaritzako zenbait sendagai erabiltzeko arauei dagokienez.
Debekua agintaritza eskudunek ezarritako neurri murriztaileek iraun bitartean aplikatuko da. Neurriok Batzordearen 2019ko abenduaren 17ko (EB) 2020/687 Erregelamendu Eskuordetuaren 55. artikulua aplikatuz hartu dituzte (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/429 (EB) Erregelamendua osatzen du erregelamendu horrek).
Bosgarrena.– Ustiategi guztietara datozen behi-aziendak eta beste espezie sentsible batzuetako abereak, behin betiko edo aldi baterako mugimenduetan ekarritakoak (hiltegietarako lekualdaketetan mugitzen direnak izan ezik), baldin eta abere horien jatorria Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden ustiategi bat bada, lekualdaketaren arrazoia eta jatorria eta helmuga edozein direla ere, zaintza eta kontrol ofizialeko neurrien mendean izango dira 28 egun naturalez, Euskadiko ustiategira iristen diren egunetik aurrera. Mugimendu horietan izan diren animaliei gutxienez PCR proba bat egingo zaie iritsi eta hurrengo 24 orduetan. Aldi hori eta kontrolak gehitu edo murriztu ahal izango dira, kasuan-kasuan, dagokion foru-aldundian animalien osasunaren arloan eskumena duen zerbitzuaren irizpidearen arabera, zer arrisku dagoen ebaluatuta. Zaintza-jarduera eta analitika horien kostua ustiategi interesdunaren kontura izango da.
Epe horretan, ustiategira ekarritako animaliak desintsektatuta egongo dira.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegora ekarritako behiak eta beste espezie sentsible batzuetako animaliak PCR negatibo batekin batera etorriko dira, animalia horiek azken 90 egunetan fokuak deklaratu diren herrialdeetatik badatoz.
Seigarrena.– Laugarren puntuan aipatutako animaliak ekartzen dituzten abeltzaintza-ustiategiak, edozein motatakoak eta sailkapen zooteknikotakoak direla ere, kautelaz immobilizatuta geldituko dira, hain zuzen ere dagokion foru-aldundian animalien osasunaren arloan eskumena duen zerbitzuak ezarritako aldian. Lekualdatutako animaliak sartzen diren egunean ustiategian dauden behi-azienda eta beste espezie sentsible batzuetako abere guztiei eragingo die immobilizazioak.
Zazpigarrena.– Zaldi-mugimenduen txartelaren baliozkotasuna etetea jatorri edo helburu Euskal Autonomia Erkidegoko ustiategiak dituzten zaldi-mugimenduetarako. Neurriok indarrean dauden bitartean, zaldi-aziendaren mugimenduetarako abelazkuntza-mugimenduaren dokumentazioa ere eskatuko da.
Zortzigarrena.– Agindu honen bidez hartutako neurriak 2026ko otsailaren 26ra arte egongo dira indarrean, eta epe hori luzatu ahal izango da agindu espresu baten bidez, dermatosi nodular kutsakorraren (DNK) bilakaera epidemiologikoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Agindu hau betetzen ez bada, zehapena ezarri ahal izango da Animalien Osasunari buruzko apirilaren 24ko 8/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Hamargarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango ditu ondorioak.
Hamaikagarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 19a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS