Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2025eko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5508

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 17koa, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko laguntzen deialdira (Lehiatu 2025 programa) bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko berria. Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko ekainaren 10eko Aginduaren bidez egin zen deialdia.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko ekainaren 10eko Aginduaren bidez onartu ziren, 2025eko ekitaldirako, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak (Lehiatu 2025 programa). 4. oinarriak ezartzen duenez, 15.111.047,00 euro erabiliko dira laguntzak finantzatzeko, eta, II. eta III. kapituluen kasuan, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funts komunitarioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira.

Halaber, oinarri horretan hau ezartzen da: emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero –hasieran aurreikusitako kopurua % 20 handitu ahal izango da gehienez, eta deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin beharko da–, horren berri emango da Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baina horrek ez du esan nahiko eskabide berriak aurkezteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epearen beste zenbaketa bat hasiko denik ere.

Azkenik, 4. paragrafoan hau xedatzen da: «programa honetara bideratutako Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren baliabide ekonomikoak kontsumitu ondoren, II. eta III. kapituluetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez baino ez dira ordainduko».

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluaren 2. apartatuko b) letrak hau xedatzen du: «Gehieneko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena argitaratu beharko da deialdia argitaratzen den modu berean, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere».

Kontuan hartuta deialdira aurkeztutako proiektuen bolumena, proiektuen garrantzia eta finantzaketa osagarria eskuratzeko aukera, eta deialdia oraindik ebatzi gabe dagoenez, egokitzat jotzen da aurrekontu-zuzkidura handitzea, 3.000.000,00 euro esleituz 2025eko ekitaldirako ordainketa-kreditu gisa, eta soilik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

Horregatik guztiagatik, eta ahalik eta eskabide gehienei erantzuteko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea 3.000.000,00 euro gehitu direla Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2025eko ekainaren 10eko Aginduaren bidez deitutako laguntzei erantzuteko gehieneko zuzkidura globalean. Agindu horren bidez onartu ziren, 2025eko ekitaldirako, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko edo garatzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarriak (Lehiatu 2025 programa). Horrenbestez, 18.111.047,00 euro emango dira guztira.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluaren 2. apartatuko b) letran aurreikusitakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 17a.

Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea,

RAÚL PÉREZ IRACHETA.


Azterketa dokumentala