Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2025eko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5507

AGINDUA, 2025eko abenduaren 15ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 2025eko Euskadi Gastronomia Sarien deialdia egiten duena.

Euskadi Gastronomia Sariak arautzen dituen azaroaren 4ko 217/2025 Dekretuan xedatutakoaren arabera, egokia da Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak sari hauen lehen edizioa deitzea 2025ean.

Edizio honetan, Euskadi Gastronomia Sarien bidez euskal gastronomiaren eta produktuaren balioaren proiekzioa sustatu nahi da, euskal gastronomiari lotuta dauden pertsonen ibilbide eta balioetan oinarrituta.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadi Gastronomia Sariak deitzea 2025. urterako gastronomiaren eremuan banaka edo taldean nabarmendu diren ibilbideei zuzenduta, agindu honen eranskin gisa argitaratu diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 15a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
EUSKADI GASTRONOMIA SARIAK EMATEKO 2025. URTEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskadi Gastronomia Sarien deialdia egitea 2025. urtean ospatuko den lehen edizioan, euskal gastronomiaren eremuan garatutako ibilbideei zuzenduta, jarduera-eremu horretan lan- edo bizi-mailako ibilbide bereziki garrantzitsua egin izanagatik nabarmendu diren pertsonen edo taldeen lana aitortzearen helburuarekin. Ondore horietarako, gastronomiari lotutako kultura-, gizarte- eta ezagutza-alderdiak baloratuko dira.

Bigarrena.– Sarien ezaugarriak.

1.– Deialdi honetako sariak kategoria bakoitzeko pertsona zein talde bati edo ugariri emango zaizkie, epaimahaiak erabakitzen duenaren arabera. Sariketa bakoitzean, ohorezko sari bat emango da, eta aintzatespen publikoaren ekitaldia egingo da. Saritutako pertsonek edo taldeek beren inprimaki profesionaletan berariaz adierazi ahal izango dute jasotako aipamena, eta beren establezimenduetan ere jarri ahal izango dute jendaurrean.

2.– Deialdi honetan sarituko diren kategoriak hauek izango dira:

– Euskadi Gastronomia Saria 2025 ibilbide gastronomiko onenari: euskal gastronomian eragin, ekarpen edo lotura esanguratsua izan duen pertsona edo taldea aitortuko da.

– Euskadi Gastronomia Saria 2025 ibilbide enogastronomiko onenari: euskal enogastronomian eragin, ekarpen edo lotura esanguratsua izan duen eta tradizioa eta berrikuntza ezin hobeto uztartzen dituen pertsona edo taldea aitortuko da.

– Euskadi Gastronomia Saria 2025 gazte talentudunari: euskal gastronomian eta enogastronomian gaitasuna eta etorkizuneko proiekzioa erakutsi dituen pertsona nabarmenduko da.

Hirugarrena.– Onuradunak.

Agindu honen bidez deitutako sarien onuradunak izan daitezke gastronomiaren eremuan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak, lehenengo oinarrian ezarritakoaren arabera, baldin eta, aldi berean, betekizun hauek betetzen badituzte:

1.– Ibilbidea batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

2.– Jatorri eta konnotazio sendoko edo handiko ibilbidea izatea, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo garatu arren, nortasunari edo ondareari eutsi badio.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Sarietarako hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko gutxienez bi sektore- edo gizarte-eragileren babesarekin aurkeztu beharko dira, eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo taldearen onarpena izan beharko dute. Ondorio horietarako, eragile horien artean egongo dira, besteak beste:

– Euskal gastronomiari lotutako profesionalak eta enpresak.

– Euskal gastronomiaren eremuko elkarte profesionalak eta enpresarialak, eta horien federazioak eta konfederazioak.

– Fundazioak.

– Euskal gastronomiarekin lotutako gizarte-kolektiboak eta gizarte zibila.

2.– Aurreko apartatuan xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurkeztutako hautagaitzak eta, gutxienez, bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaitzak.

3.– EAEko administrazio publikoek sustatu egingo dituzte emakumeen lana aitortu eta ikusarazten laguntzen duten hautagaitzak.

4.– Sarietarako hautagaitza bakoitzarekin batera, memoria bat bidali beharko da, proposamena egin duten entitateek bermatuta. Memoria horretan jasoko da proposatzen den pertsonaren edo taldearen ibilbidea edo garrantzia, eta bereziki azpimarratuko dira, duten eragin edo garrantzi handiagatik, hautagaitza horri berezitasuna ematen dioten alderdiak.

5.– Hautagaitzak aurkezteko, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bidetatik jo beharko da, eta hautagaitzak Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzara zuzendu beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Sarien kudeaketa.

Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen ondoriozko kudeaketa-lanak egitea.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da. Epaimahai horrek sariaren xede diren jarduerekin bat etortzeko eta lotura izateko betekizunak bete beharko ditu, eta kide hauek izango ditu:

– Epaimahaiburua: Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua.

– Epaimahaikideak:

Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea, edo haren ordezkoa.

Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordea, edo haren ordezkoa.

Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Kalitate Zerbitzuaren arduraduna –zeina, aldi berean, idazkaria izango baita–, edo haren ordezkoa. Pertsona horrek ez du botoa emateko eskubiderik izango.

– Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietako ordezkari bana, edo haien ordezkoak.

– Lurralde historiko bakoitzeko sukaldari-talde edo -elkarte esanguratsuenaren ordezkari bat, edo haren ordezkoa.

– Euskal Gastronomia Akademiaren ordezkari bat, edo haren ordezkoa.

– EAEko sommelier-elkarte- edo -federazio esanguratsuenaren ordezkari bat, edo haren ordezkoa.

– EAEko gastronomiaren eta sukaldaritzaren eremuko hiru prestakuntza-entitate handienetako ordezkari bat –dimentsioa kalkulatzeko, entitateak kasuan kasuko deialdiaren aurreko urtean matrikulatuta izan duen ikasle kopurua hartuko da aintzat–, edo haren ordezkoa.

2.– Epaimahaiaren osaera orekatua izango da emakumeen eta gizonen presentziari dagokionez.

3.– Epaitza baino lehen, denbora aski emanez, adieraziko da nork osatuko duen epaimahaia, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariaren ebazpen baten bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.

4.– Epaimahaiko kideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda eta hautagaitzen zerrenda, dagokion dokumentazioarekin batera.

5.– Epaimahaiaren erabakiak bertan diren kideen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du. Edonola ere, erabakitakoak balioa izateko, beharrezkoa izango da gutxienez epaimahaikideen bi heren bertan egotea.

Epaimahaiko idazkariak egiten diren jarduera eta hartzen diren erabaki guztien akta egingo du, eta sarien epaitza arrazoitzen duen irizpena agerraraziko du.

6.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Adjudikatzeko irizpideak.

Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Pertsonaren edo taldearen konpromisoa Euskal Autonomia Erkidegoko gastronomiaren edo enogastronomiaren eremuan, dagokionaren arabera.

b) Gastronomiaren edo enogastronomiaren eremuan –dagokionaren arabera– izandako ibilbidearen berezko garrantzia.

c) Baloratu beharreko pertsonak edo taldeak egin duen lanak izan dituen ondorioak eta eragina.

d) Emakumeen edo emakume-taldeen hautagaitzak, euskal gastronomian dabiltzan emakumeen lana ikusarazteko eta aitortzeko.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaitza.

1.– Epaimahaiak epaitza emango du, eta bertan adieraziko ditu, ondoen dakien moduan, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetako adjudikazio-irizpideei dagokienez, bai eta saritutako pertsonen edo taldeen ibilbideak eta esanahiak merezi duten balorazioa ere.

2.– Epaimahaiak sariak edo haietako baten bat eman gabe utz ditzake, baldin eta hautagaitzarik ez badago edo uste badu proposatutako pertsonen edo taldeen ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.

3.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu batez prozedura ebatziko da, eta epaimahaiaren epaitzaren berri emango da. Epaitza loteslea izango da. Agindu hori banaka jakinaraziko zaie saritutako pertsonei edo taldeei, hargatik eragotzi gabe horren ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek jakin dezaten.

4.– Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari edo, bestela, zuzenean aurkara daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.

Bederatzigarrena.– Aintzatespen publikoa.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak egingo du aintzatespen publikoaren ekitaldirako deialdia; ospakizunerako ekitaldi ofizial bat egingo da, eta bertan emango zaizkie sarituei beren sariak.


Azterketa dokumentala