Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2025eko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5506

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia) AESC Tender I SL enpresak sustatutako BESS Lajara instalazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko irailaren 8an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia) BESS Lajara proiekturako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko irailaren 25ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko n) epigrafeari erantzuten diolako: «Stand-alone motako biltegiratze energetikoa, bateria elektrokimikoen bidez edo energia elektrikoko instalazioekin hibridatutako edozein teknologiaren bidez».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia) BESS Lajara proiekturako, AESC TENDER I SL enpresak sustatua, honako baldintza hauek betetzekotan:

A) Proiektuaren xedea Gueñesen (Bizkaia) BESS Lajara biltegiratze energetikoko sistema egikaritzea da.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Gueñes (Bizkaia) udal-mugartean dagoen BESS Lajara proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da Gueñesko udal-mugartean stand-alone motako baterien bidez biltegiratze energetikoko sistema bat eraikitzea; BESS Lajara izena izango du eta 20,06 Mwh-ko biltegiratze-gaitasuna izango du (baterietan instalatuta), 4 orduko autonomia ahalbidetzen duen potentziarekin.

Proiektua lurzoru urbanizaezinean dago eta biltegiratzeko instalazioak 1.184 m2 inguruko eremua hartuko du.

Lurpeko ebakuazio-linea bat eraikitzea aurreikusten da, 30 kV-koa eta 84,44 m-ko luzera duena, eta proiektu honen xede den biltegiratze-instalazioaren babes- eta neurketa-zentroa lotuko du bertan dagoen beste BESS baten babes- eta neurketa-zentroarekin (BESS Lajara 2 izena du ingurumen-dokumentuan); azken hori izapidetzen ari da espediente independente batekin eta La Jara azpiestazioarekin (SET) muga egiten du.

BESS Lajara 14 poligonoko 86. partzelan dago eta lurpeko ebaluazio-linea 14 poligonoko 85., 86. eta 133. partzeletan dago, biak Gueñeseko udal-mugartean.

Era berean, BESS Lajara eta BESS Lajara 2 artean sarbide bat eraikitzea aurreikusten da. Gainera, linea elektrikoa sartzeko, instalazioak babes- eta neurketa-zentro bat izango du banaketako konpainia elektrikoak adierazitako berezitasunen araberakoa, eta biltegiratze-instalazioak konektatu ahal izango dira. Eraikin prefabrikatu bat ere instalatuko da; kontrol-zentroa izango da. 20 m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera.

Biltegiratze-sistemak lau kabina izango ditu, 5.015 kWh-koa bakoitza; Sungrow da fabrikatzailea eta ST5015kWh-1250kW-4h modelokoak edo antzekoak izango dira. Kabina bakoitzak 6 rack izango ditu barnean biltegiratuta guztira. Kabina horiek 2.438 mm izango dira zabalean, 6.058 mm luzean eta 2.896 mm altuan eta 42 kg pisatuko dute.

Lau baterietako bakoitzak sei AC/DC-DC/AC bihurgailu izango ditu, eta kabina bakoitzeko rack bakoitza bihurgailu batera konektatuko da, beraz, Sungrow fabrikatzailearen hogeita lau bihurgailu instalatuko dira.

Bateriei konektatuta egongo da potentzia-estazioa eta harilkatu sinpleko potentzia-transformadore bat (30/0,69 kV 5,14 MVA) eta tentsio erdiko zeldak izango ditu. Potentziaren transformadorea hiru fasekoa izango da, kanpokoa kargako erregulazioarekin (goi-tentsioaren aldean), olio-bainuan isolatua eta hozte naturalekoa.

Biltegiratze-instalazioko behe-tentsioko kableak bateria-kabinetako racketatik AC/DC-DC/AC bihurgailuetara joango dira eta, bestetik, kanpoko kableek AC/DC-DC/AC bihurgailuak eta BT-MT (behe-tentsioa - erdi-tentsioa) transformadorea konektatuko dituzte.

30 kV-ko erdi-tentsioko ebakuazio-lineako kableek potentzia-estazioa eta instalazioko babes- eta neurketa-zentroko helmugako dagokien gelaxka konektatutako dituzte ondoren BESS Lajara 2 mugakidearen biltegiratze-energetikoko instalazioaren babes- eta neurketa-zentroarekin konektatzeko (lurpeko linea zangan egongo da, zuzenean lurperatuta 35,87 metroko luzeran eta zangan hormigoizko hodien azpian beste 48,56 metro).

Babes- eta neurketa-zentroak 30 kV-ko gelaxken modulua izango du eta i-DE Redes Electricas Inteligentes SAUko zehaztasun teknikoetan adierazitakoaren arabera diseinatuko da.

Lur-mugimenduei dagokienez, 890,47 m3-ko lur-erauzketa eta 3.104,58 m3-ko lubeta aurreikusten dira. 1.250,34 m2 landare-lur kendu eta metatuko da eta ondoren jatorrizko tokian jarriko dira berriro.

Instalazioa konfiguratzeko beharrezkoa den obra zibilak honako hauek ditu:

– Saila berdintzea eta egokitzea maila bakarrean, proiektuaren kotan. Zabalgunean hartxintxarrez estalitako kota berdindutako kota baino 10 cm gorago geldituko da.

– Perimetroaren itxiturak 48,3 mm-ko diametroa duten habe metalikoak izango ditu, batetik bestera 2,50 m egongo dira eta hormigoizko dadoen bidez finkatuko dira lurrera.

– BESS Lajara 2-tik proiektu honetako instalazioaren sarrerara bide berri bat egingo da. Barneko bideak zabor-legar artifiziala izango du gainean.

Aztertutako alternatibak.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, BESS Lajara eta lurpeko ebakuazio-linea kokatzeko 0 alternatiba edo ez egitea eta beste lau alternatiba proposatu dira.

Zero alternatiba edo ez egitea baztertu egin da, energia berriztagarrien aprobetxamendua haztea galaraziko bailitzateke datozen urteetan Euskadin berriztagarrien arloan espero den hazkundearen ildotik, horrela malgutasun eta kudeaketa handiagoa lortuko litzateke, isuriak saihestuko lirateke, kutsadura txikiagoa eta mendekotasun energetiko txikiagoa genuke kanpokoekin, eta, era berean, berotegi-gas gutxiago ekoitziko litzateke, eta berotegi-gasak murrizteko helburua lortzen lagunduko luke erkidego-, nazio- eta nazioarte-mailan hitzeman bezala. Hau da, zero alternatibak energia berriztagarria etena sortuko luke, isuriak egoteko aukera legoke eta itzalaldiak ere bai; beraz, berriztagarriak eraginkorrak eta, kudeatzeko modukoak eta sortutako energia ahalik eta gehien aprobetxatzeko ezinbestekoak dira honen antzeko energia-biltegiratze proiektuak.

1. alternatiba Zalla udalerrian (Bizkaia) ezarriko litzateke, La Jara azpiestazioaren mendebaldean. 1.835,41 metroko lurpeko ebakuazio-linea Zalla eta Gueñes udalerrietatik igaroko litzateke, «6510» altitude baxuko sega-belardi elkorretako Batasunaren intereseko habitatei eragingo lieke (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 1.172 m2-ko eremuan. Linearen trazadura-larreei eragiteaz gain, zuhaixka-eremuekin gainjarriko litzateke. Sarbidearen muga Torrejón eta Murga auzoen arteko bide bat izango litzateke.

2. alternatiba Gueñes (Bizkaia) udalerrian ezarriko litzateke, La Jara azpiestazioaren ekialdean. 738,78 metroko lurpeko ebakuazio-linea izango litzateke, Gueñes udalerritik igaroko litzateke, eta «6510» altitude baxuko sega-belardi elkorreko Batasunaren intereseko habitatei eragingo lieke (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 829,67 m2-ko eremuan. Linearen trazadurak ibilgailuentzako bideei eragingo lieke, baina belardietako landaredia eta baso misto atlantikoarekin. Sarbidea OcioKarterako sarbidean hasiko litzateke eta baso landatu, zuhaixka eta belardietaraino.

3. alternatiba Gueñes udalerrian (Bizkaia) egingo litzateke, La Jara azpiestazioaren hegoaldean. 477,70 metroko lurpeko ebakuazio-linea izango litzateke, Gueñes udalerritik igaroko litzateke, eta «6510» altitude baxuko sega-belardi elkorreko Batasunaren intereseko habitatei eragingo lieke (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 1.249,22 m2-ko eremuan. Linearen trazadurak hasiera batean «Txara bidean» jarraituko luke, eta baso misto atlantiko baten mugatik igaroko litzateke. Sarbidea «Txara bidearekin» eta belardiekin gainjarriko litzateke.

4. alternatiba Gueñes udalerrian (Bizkaia) egingo litzateke, La Jara azpiestazioaren iparraldean. 90 metroko lurpeko ebakuazio-linea izango litzateke eta Gueñes udalerritik igaroko litzateke. Batasunaren intereseko habitaten kartografiaren arabera, «4030» lehor europarrei eragingo lieke, 1.248,96 m2-ko eremuan. Linearen trazadurak «4030» habitatari ere eragingo lioke. Hala ere, landarediari buruzko azterlan espezifikoko ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du aipatutako habitata. Sarbidea erdi-tentsioko linea elektrikoaren trazadurarekin gainjarriko litzateke.

Ingurumen-dokumentuan irizpideak baloratu eta alternatibak hautatu egin dira, eta, horretarako ingurumen-irizpideak zein faktore tekniko-ekonomikoak kontuan hartu dira. Azkenik, 4. alternatiba hautatu da. Alternatiba hori hautatu da eragin txikiagoa duelako honako alderdi hauei dagokienez: lurzorua aldatzea; ur-masa; BIH; faunarako intereseko eremuak; komunikazio-bideak; azpiegitura elektrikoak; mendiak; zarata; kultura-ondarea; eta linearen eta sarbidearen luzera. Hala ere, eragin handiagoa du azpiegituraren ikusgarritasunari dagokionez.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektua «el Repito» eremuaren hego-mendebaldean dago, bokaziorik gabeko «lurzoru urbanizaezineko» sailkapena duen partzela batean, Gueñes udalerrian (Bizkaia).

Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. GeoEuskadi bisorean eskuragarri dagoen gainazaleko uren hidrografiaren arabera ikus daiteke instalazioak ez duela eraginik ur-ibilguetan; hurbilen dauden ibaiak honako hauek dira: Errekaguren, 346 metro mendebaldera; Laskuaran, 579 metro ekialdera; eta Kadagua, 664 metro iparraldera. Ibilgu horiek «Kadagua II» ur-masara isurtzen dira (kodea: ES073MAR002900). Uraren kalitateari dagokionez, ur-masaren egoera ekologikoa 2024an zehar «potentzialki ona edo bikaina» zen, egoera kimikoa «ona» eta egoera orokorra «ona», 2020-2024 urte anitzeko aldian bezala. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari (EBE) dagokionez, eremuan ez da elementu babesturik identifikatzen.

Landa-lana egin ostean, ingurumen-dokumentuan EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean (LPS) sartuta ez dauden bi urmael jaso ziren (231/2012 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzeko Dekretua aldatzeko dena). Biak La Jara SET-aren hegoaldean daude, eta hurbilen dagoena SET-aren eta La Jara dorrearen artean dago.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Hego Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu. Akuiferoen kutsadura-zaurgarritasunari dagokionez, eremuak «ez dauka ageriko zaurgarritasunik».

Litologia bat dator kare-lutita beltzekin, hareharri pasaldiekin. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.

Landarediaren ikuspuntutik, eta EUNIS habitaten (geoEuskadi) kartografiaren arabera, esparrua «harizti azidofiloa eta harizti misto atlantikoa» landaredi-sortakoa da, eta «Txilardi atlantikoa (Ulex sp. Nagusi)» eremuetan dago. Egindako landaredi-azterlanak (Ingurumen-dokumentuaren 2. eranskina) eremuan hiru landaredi-mota identifikatzen ditu: iraleku atlantikoak eta azpiatlantikoak, aza-soroak, lahardi azidofilo atlantikoa, elorri zuriekin (Rubus gr. Glandulosus) eta zuhaitz hostozabalen baso gazteak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik edo flora exotiko inbaditzailerik. «4030» txilardi lehor europarren BIHari dagokionez, BIHaren kartografian dagoena, ingurumen-dokumentuan azpimarratu da ez dela hauteman habitat horretan zuhaixka-formazio bereizgarririk, ezta espezie tipikorik ere.

Proiektuaren ezarpen-eremua ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA). Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako planaren arabera, ez da kiropteroen babeslekurik ikusten proiektutik hurbil dagoen eremuan (1 km baino gutxiagora).

Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren eremuko faunaren esparruan (UTM 10X10 kuadrikulan) Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan honako hauek azpimarratzen dira: argi-oilarra; arrano beltza; mirotz urdina; atalarra; sai zuria; uhalde enara; benarriz arrunta; buztangorri argia; mokozabal arrunta; miru gorria; mozolo europarra; ugatza; usapal arrunta; desman iberiarra; kobazuloko saguzarra; bisoi europarra; arratoi-saguzar arrea; mediterraneoko ferra-saguzarra; ferra-saguzar handia; eta baso-igel iberiarra.

Eremua ez dator bat ez Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babestuekin, ez naturagune babestuekin, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako guneekin ere. Era berean, ez dago Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako azpiegitura berdean sartutako natura-guneen katalogoetako beste espaziorik, ez bilbe berdeko edo urdineko elementurik, ez korridore ekologikorik, ez eta onura publikoko mendirik ere (OPM).

Proiektuak eragina du Gueñeseko udalerriko trantsizio eta basoko landa-paisaiako lurzoruan, eta, hortaz, nekazaritzaren sektoreko ebaluazioaren menpe dago. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak erasan horren ebaluazioa egin du nekazaritzaren sektoreko eragina ebaluatzeko protokoloaren metodologiaren arabera, eta erasoa bateragarria da.

Paisaiari dagokionez, azterketa-eremua Balmaseda-Zallako Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoko «Kadagua harana» Paisaia Unitatearen erdialdean dago. Proiektua ez dago sartuta Paisaia Interes Bereziko Eremuetan edo Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005). Planaren eremua Gueñesko ikuspen-arroan dago.

Planaren xede den eremuak ez du eraginik kultura-ondarean. Hala ere, Salcedo de la Jararen dorretxetik hurbil dago, Gueñesko balizko arkeologia-gunean (38. fitxa, 113. zk.ko EHAA, 1997ko ekainaren 16koa), eta monumentu kategorian inbentariatutako ondasun kulturala da (5. fitxa, 788. zk.ko EHAA, 2022ko otsailaren 5ekoa). Bi elementuak proiektutik 360 metrora kokatuta daude, hegoaldean.

Proiektua La Jara azpiestazioaren ondoan dago, EAEko kutsatuta egon daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten inbentarioan (Geoiker kodea: 48045-00052).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, baztertu egin dira Seveso arrisku kimikoa duten enpresei lotutako arriskuak, ez da arrisku sismiko handiko eremua, ez dago sute-arriskurik edo ibaiaren ondoriozko uholde-arriskurik, eta La Jara SET-a kutsatuta egon daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten inbentarioan dagoen arren, BESS Lajararen instalazioa ez dago eremu horretan kokatuta. Halaber, lehen adierazi den bezala, ez dago akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremurik, baina higadura-arrisku handia du eremuak, eta kanpoko higadura-prozesuak daude.

Salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuari dagokionez, hurbileko BI-636 errepidearen kokapenari esker, errepide bidezko garraioa arrisku txikikoa da proiektuaren eremutik igarotzean, eta 600 metroko distantzia-bandaren eraginpean dago. Hala ere, salgai arriskutsuen garraioak ez du trenbiderako arriskurik eragiten.

Klima-aldaketari dagokionez, Gueñeseko udalerrian arriskua oso handia da hiri-ingurunean ibaiaren uholdeekiko arriskuari eta zaurgarritasunari dagokionez, eta jarduera ekonomikoei (nekazaritza eta abeltzaintza) lotutako lehorte-aldiak areagotu egin dira; hala ere, bero-boladek giza osasunean duten inpaktuaren arriskua eta zaurgarritasuna txikia da (udalerrien klima-aldaketaren aurreko zaurgarritasunaren eta arriskuaren udal indizeak. Ihobe 2017).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektatutako jarduketen eta proiektuaren eragin-eremuaren ezaugarriak ikusita, honako hauek izango dira proiektua gauzatzeak eragingo dituen inpaktu nagusiak: belar-sastrakak garbitzea; lur-mugimenduak; makineriaren joan-etorriak; hormigoizko plataformaren zimenduak, zeinaren gainean kokatuko baitira sei potentzia-uharteak eta ebaketa-zentroa; instalazioetarako sarbidea zabor-legarrez zolatzea; lurpeko kanalizazioak; perimetroko hesia eta eraikuntzari dagokiona.

Obra fasean, gainera, lurzorua okupatuko da, eta ustiapen-fasean horrek berdin jarraituko du, eta, aldi baterako eta toki jakin batean, habitataren kalitatea murriztuko da (gizakiena eta faunarena), zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko direlako, eta obra-hondakinak eta, hala badagokio, lur-soberakinak sortuko direlako.

Proiektuaren fase horretako egoera akustikoari dagokionez, eta aurkeztutako dokumentazioa kontuan hartuta, energia metatzeko instalazioko zarata-fokuek sortuko duten inpaktu akustikoak aplikatu beharreko mugak beteko ditu, betiere foku berriek ez badituzte tonuari dagozkion osagaiak edo behe-maiztasunekoak sortzen. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zarata-foku berrietarako xedatzen dena bete beharko du instalazioak.

Etorkizuneko instalazioa landa-bideetatik eta baterietan metatutako energia sareratzeko konexio-puntutik gertu egongo denez, ez da beharrezkoa izango aireko linea berririk eraikitzea (ebakuazio-linea lurpetik joango da), eta, horren bidez, azpiegitura berriak eraikitzearekin lotutako inpaktuak saihestuko dira. Sarbidearen kasuan, minimoa izango da SET-a hurbil dagoelako eta BESS Lajara 2 eremurako sarbidea dagoelako.

GeoEuskadin kartografiatutako BIHei dagokienez, ingurumen-dokumentuak proiektuaren esparruko egungo landarediaren azterlana eskatzen du, eta, bertan egiaztatzen da, landa-prospekzioaren bidez, eremuko landaredia ez datorrela bat 4030 txilardi lehor europarrak BIHarekin.

Salcedo de la Jara dorretxearen afekzio-arriskuari dagokionez, balizko arkeologia gunea eta monumentu-kategorian inbentariatutako ondasun kulturala izanik, ingurumen-dokumentuan ezarritako neurriek arrisku hori murriztuko dutela uste da.

Ustiapen fasean, instalazioen mantentze-eremuan jarduera antropiko gehiago egongo da, bai eta instalazioaren funtzionamenduak (aireztapen-ekipoak), hondakinak sortzeak eta kutsadura elektromagnetikoak eragindako zarata gehiago ere. Era berean, fase horretan kontuan hartu behar da bateria-ekipoak haustean edo ordezkatzean sortutako arriskua.

Faunari dagokionez, perimetroko hesiek eragina izan dezakete konektagarritasun ekologikoan, lurreko faunarentzat batik bat; beraz, iragazkorrak izan beharko dute, faunak zeharkatzeko modukoak.

Era berean, paisaiaren gaineko eragin negatiboa egon daiteke ustiapen fasean. Proiektuaren inpaktu bisuala eta paisaia-inpaktua gutxitzeko ingurumen-dokumentuak ingurumena berrezartzeko lanak aipatzen ditu; zehazki, hesitik kanpoko landare-pantaila bat landareztatzea, gutxi gorabehera 85 metrokoa (landare-pantaila proposatu da soilik hesiaren iparralde, ekialde eta mendebaldean), tokiko jatorri ziurtatua duten landare autoktonoko zuhaitz eta zuhaixkekin eta inguruko florarekin, baita zangen trazaduraren hidroereitea ere, belar-espezieekin lurperatutako linea elektrikoaren kasuan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren ustez, bertan jasotako neurriak ez dira nahikoak, eta, hortaz, ez dute konpontzen kokalekuaren iparraldean proiektatutako lubetak egiteak zuhaitz hostozabalen baso gazteetan duen zuzeneko eragina. Izan ere, lubetak beharrezkoak dira sarbide berriaren egonkortasunerako. Leheneratze-planean gehitu beharreko neurri berriak planteatu dira.

Azkenik, adierazi behar da aurkeztutako dokumentazioak babes- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dituela, sor daitezkeen inpaktuak saihesteko edo minimizatzeko, hala nola, obren eremua seinaleztatzea eta zuinkatzea, ibilgailuak igarotzean garbiketa-lanak egitea eta hautsa sor dadin saihesteko ureztatzeak egitea, lanak hasi aurretik obra egingo den leku bakoitza ikuskatzea, eragina izan lezakeen intereseko faunaren babeslekuak edo habiak bilatzeko, etab. Era berean, ingurumena zaintzeko plan bat ere jasotzen da, hainbat alderdiren aldizkako kontrolak egitea ezartzen duena.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Gueñeseko udal-mugarteko BESS Lajara proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Jarduketak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da tokiko espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da.

– Ingurumena leheneratzeko proiektua «Aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatzeko proiektua»ren parte izango da, eta, hala badagokio, energia metatzeko instalazioa egiteko idatziko den eraikuntza-proiektuaren arabera birformulatu beharko da. Ingurumena leheneratzeko proiektuan gehituko dira Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazitako alderdi hauek:

• Pantailaren zabalerak 5 m-rainokoa izan beharko luke, egitura funtzionala ahalbidetzeko, ez soilik paisaiari dagokionez, baita ekologiari dagokionez ere. Zuhaitz-espezieak hiruzuloka landatuko dira, landatze-lerroen artean, pantaila bisuala eta egitura funtzionala hobetzeko. Landatze-eremuen tamaina gutxienez 4x4 metrokoa izango da zuhaitzen kasuan, eta 1x1 metrokoa, berriz, zuhaixken kasuan.

• Orokorrean, jarduketak gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da. Zehazki, kokalekuaren iparraldean egingo diren lubeten ingurumen-leheneratzea egingo da. Eremu horiek ingurumen-dokumentuan pantailarako adierazitako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak erabilita leheneratuko dira, laharraren (Rubus ulmifolius) kasuan izan ezik. Hortaz, honako hauek landatuko dira: haritza (Quercus robur), gaztainondoa (Castanea sativa), urkia (Betula celtiberica), lizarra (Fraxinus excelsior), astigar arrunta (Acer campestre), sahatsa (Salix atrocinerea), elorri zuria (Crataegus monogyna) eta zuhandor gorria (Cornus sanguinea), zuhaitzak eta zuhaixkak tarteka jarriz. Landatze-eremuen tamaina gutxienez 4x4 metrokoa izango da zuhaitzen kasuan, eta 2x2 metrokoa, berriz, zuhaixken kasuan.

• Ingurumena leheneratzeko proiektua eraikuntza-proiektuaren gainerako xehetasun-maila berarekin idatziko da, eta dokumentazio grafikoa zein aurrekontu xehatua gehituko dira. Leheneratzearen xehetasunak zehaztu beharko dira: erabiliko diren espezieak, landarearen/haziaren jatorria, tamaina, ereintzaren/hidroereintzaren dentsitatea edo landaketa-esparrua, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar.

• Ezarritako landaredia mantentzeko lanek gutxienez 3 urte iraungo dute, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.

• Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

– Lur-mugimenduak minimizatuko dira, eta lanak materialak pilatzeko eremuen azalera murrizteko moduan planifikatuko dira, eta horiek energia metatzeko instalazioaren mugaketaren barruan kokatuko dira, alboko eremurik okupatu gabe.

– BESS biltegiratze energetikoko sistemaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Hesia tinkatze bidez finkatuko da. Behealdean, sare-argi zabala, hesi osoaren behealdea 20-30 cm goratuz.

– Proiektuak sortzen duen argi-kutsadura minimizatzeko, instalazioen kanpoko argiztapena egokitu beharko da, baldintza naturalei eusteko, eta, horrela, faunaren gaineko eragina nahiz gaueko zeruaren baldintzen gainekoa saihesteko.

– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira.

– Hesiaren ikusgarritasuna hobetzeko eta, hala, hegaztiek hesiarekin talka egitea murrizteko, landare-pantailaz gain, hesiaren hainbat mailatan poliestirenozko plaka txikiak jartzea gomendatzen da.

– Ustiapen-fasean, proiektua ezartzeko partzelen barruko landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, eta, ahal dela, lan hori artzaintzaren bidez egingo da. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen eremuko landaretza kontrolatzeko.

Lurzoruaren kalitatea eta aurreikusitako erabilerak bateragarriak izango direla bermatzera zuzendutako neurriak.

– Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Galdakaoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

Nekazaritza- eta baso-lurzorua babesteko neurriak:

– Zangak, hormigoizko plataforma eta instalazioetara sartzeko zoladura egitean eragindako eremuetako landare-lurra kenduko da; landare-lurra indusketako gainerako hondaketa-lurretik aparte bilduko da, aurrerago obrek eragindako eremuetan birjartzeko, beheragoko geruzetara eraman gabe.

– Makinek, materialek eta abarrek eragindako eremuetan dagokion birlandaketa egingo da, eta, hala badagokio, leheneratze-proiektuak proposatutako landaketak egingo dira. Landatu aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

– Hala badagokio, eragindako partzeletan dauden itxiturak eta gainerako azpiegitura-elementuak (bideak, drainatzeak, etab.) eta eragindako laboreak ordeztu behar dira.

Urak eta lurzoruak kutsaduratik babesteko neurriak:

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko. Ildo horretan, proiektuak neurriak zehaztuko ditu bateria-ekipoak ordeztean edo horiek hausten badira gerta daitezkeen istripuen ondorioz urak eta lurzoruak kutsatzeko arriskua minimizatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

Obrak 6 hilabetetik gora luzatuko direla aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, zuzenketa-neurri aproposak definitzeko.

– Baterien bidez energia metatzeko instalazioak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan ezarritako zarata-foku akustiko berriei aplikatu beharreko zarata-immisioaren muga-balioak, eta kontuan hartuko ditu, hala badagokio, aipatutako 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko osagai tonalei (Kt) eta maiztasun txikikoei (Kf) dagozkien zuzenketak.

Eremu elektromagnetikoekiko esposizioaren inguruko kautelazko neurriak.

– Funtzionamendu fasean, eremu elektriko eta magnetikoen balioek ez dituzte gainditu beharko Europar Batasuneko Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan (jendea orokorrean 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteari buruzkoa) eta irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan (jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babes-neurri sanitarioak ezartzen dituen erregelamendua onartzen duena) ezarritako erreferentziazko neurriak eta oinarrizko mugak.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Lur-mugimenduen eta -hondeaketen jarraipen eta kontrol arkeologikoa egingo da, baterien instalazioa eta lurpeko linea elektrikoa irekitzeari lotutakoak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko, obrak egin bitartean aurretik aurreikusitako aztarnategiren bat aurkitzekotan, berehala jakinarazi beharko zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultur Ondarearen Zerbitzuari, eta zerbitzu horrek zehaztuko ditu egin beharreko jarduketak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua egikaritzean eta haren funtzionamenduan sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA–A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, horien tipologia dela eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere sortuko kontrolik gabeko efluenterik erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

• Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

• Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

• Proiektuak afekzio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.

– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da soberako material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

Garbitzea eta obra amaitzea.

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

– BESS biltegiratze energetikoko sistema. Lurzorua kutsa dezakeen jarduera da, eta, hori dela eta, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, jardueraren sustatzaileak lurzoruaren egoerari buruzko txosten bat bidali beharko du, jarduera horrek duen funtsezko baimenaren esparruan, ingurumen-organo eskudunak, hala badagokio, lurzoruari buruzko neurriak sartu ahal izan ditzan.

Jarduera uztea.

– Instalazioaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira instalazioak desmuntatzeko lanetarako; hain zuzen, eraikitze-lanetarako ezarritakoen antzekoak izango dira, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu egin beharko dira.

– Era berean, jarduera bertan behera utzi ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako substantzia arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Ingurumen-aholkularitza.

– Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak aholkularitza bat izan beharko du; hain zuzen, ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan gaitua dagoena. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkularitzak txostena egin beharko du aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Gueñeseko udal-mugartean (Bizkaia) BESS Lajara proiektua (AESC TENDER I SLk sustatutakoa) egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala