
248. zk., 2025eko abenduaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (421 KB - 21 orri.)
- EPUB (452 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5504
AGINDUA, 2025eko abenduaren 2koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegora eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegora sartzea prestatzeko beketarako deialdia egiten baita, 2025erako, 2026rako eta 2027rako.
Ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuaren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartu zen. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ikuskatzailetza-funtzio publikoaren alorrean dituen funtzioak eta zerbitzuak. Era berean, agindu zen akordioa osorik argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, aipatutako dekretuaren eranskin gisa.
Halaber, 138/2011 Dekretuak langileak ere lekualdatu zituen; hain zuzen ere, une hartan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen goi-mailako kidegoan eta Lan Ikuskatzaileordeen kidegoan (Enpleguko eta Gizarte Segurantzako eskalan) sartuta zeudenak. Hartara, organikoki, Autonomia Erkidegoaren mendeko bihurtu ziren, baina kidego biek Estatukoak izaten jarraitu zuten, kidegoetarako sarbide bakarraren, deialdi bakarraren eta Administrazioen arteko mugigarritasunaren printzipioei eutsita.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legeak ezartzen duenez, ikuskaritza-funtzioa soilik bete dezakete karrerako funtzionarioek, zeinak oposizio bidez sartzen baitira kidego eta eskala desberdinetara, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-baldintzetan; era berean, legeak ezartzen du ezen, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Lan Ikuskatzaileordeen kidego nazionaletan, sarbidea eta deialdia bakarrak izango direla, eta, horretarako, estatuko hautaketa-prozesu bateratuak egingo direla.
Hain zuzen ere, arau horrek –23/2015 Lege antolatzaileak– sortu du Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoa, eta Eusko Jaurlaritzak zenbait plaza sortu ditu ex novo; izan ere, segurtasun- eta osasun-arloan esklusiboki dituen eskumenak, organikoki, Eusko Jaurlaritzako lan-arloko eskumena duen sailaren mende daude.
Abiapuntutzat hartuta giza baliabideek berebiziko garrantzia dutela, ikusi da sustatu eta bultzatu egin behar dela Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak sartzea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegora eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen Kidegora, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskatzailetzako lanpostu-zerrendak bete daitezen, eta, ondorioz, Lan Ikuskatzailetzako zerbitzu publikoa kalitate onekoa izan dadin, eta areagotu dadin herritarrek eremu horretan duten gogobetetze- eta konfiantza-maila.
Deialdi honen xedea da pertsona fisikoei ekonomikoki laguntzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean badute egoitza, gradu- edo lizentziatura-titulazioren bat badute, eta hautaketa-prozesuetako deialdietako betekizunak betetzen badituzte, ikasi eta beren burua presta dezaten kidego horietan txanda libretik sartzeko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Goi-mailako Kidegoko eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko deialdietan.
Laguntza ekonomikoen lerro honen helburua da pertsonak motibatzea, betiere sarbide-titulazioko betekizunak betetzen badituzte, beren asmo profesionalak zuzendu ditzaten Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoetara, atzeratu ahal izan dezaten lanean hasteko eta ordainsariak lortzeko unea, eta, hori egin beharrean, ikas dezaten, hautaketa-prozesuak gainditzeko eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzako aipatutako kidegoetako funtzionario-plazak lortzeko.
Hala, apurka-apurka, kontsolidatuz joango da Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako plantillan lortu nahi den egonkortasuna, eta, horrela, lagunduko zaio baliabide pertsonal egonkorrak izaten; era berean, hobetu egingo da zerbitzu publiko garrantzitsu honen efikazia- eta kalitate-maila ere.
Laguntzen deialdi honekin, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sail honek bete egiten du «Euskadiko Lan Ikuskaritzaren kudeaketa-plana (2022-2024). Lan Ikuskaritza Euskadin kalitatezko enplegua sortzearen zerbitzura». Plan horren helburu nagusietako bat da Euskadiko Lan Ikuskaritza «indartzea» autonomia-eskumeneko arloetan (lan-harremanak, segurtasuna eta osasuna, eta enplegua).
Lan Ikuskaritza indartzeko, plaza berriak sortu dira Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako lanpostu-zerrendan (LZn); hori eginda dago. Baina, ezbairik gabe, areago indartzeko, laguntza ekonomikoak sustatu dira, ikasketa-aldiko diru-sarrera falta konpentsatuko dutenak, EAEko egoiliarrek oposizioak prestatu ditzaten sarbidea izateko kidego eta eskala horietara, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak hiru lurralde historikoetan dituen plantillen egonkortasuna areagotzeko.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 7. artikuluan ezartzen duenez, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari dagokio, besteak beste, lan-arloko legeek lan-harremanei buruz ezartzen dutena egikaritzea.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak 13.2 artikuluan ezartzen duenez, Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzaren mende dago, hierarkikoki, Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetza, eta hari dagokio, beste eginkizun batzuen artean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren lurralde-ikuskaritzak koordinatzea.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoan eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoan sartzeko prestatzeko laguntzak jasota daude Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko 2025-2028 urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan hori Sailaren webgunean argitaratuta dago, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikulua betez.
Deialdi hau arau hauetan xedatutakoaren babesean egiten da: 8/2024 Legea, abenduaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; eta, horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko araudia.
Horri jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskinean jasotako oinarriak onartzea eta beketarako deialdia egitea 2025., 2026. eta 2027. urteetarako, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoan eta Lan Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoan sartzeko oposizioak prestatzeko txanda libretik.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 2a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea.
Deialdi honen xedea da 6 beka ematea 2025eko ekitaldirako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoko eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko oposizioak prestatzeko txanda libretik (kidegoko, 3na beka).
2. oinarria.– Zuzkidura ekonomikoa.
1.– Beka bakoitzaren zenbatekoa urtean 6.600 eurokoa izango da. Hilero ordainduko da beka, hilean 550 euro emanda.
2.– Laguntza hilero ordainduko da, hilabete bakoitzaren lehenengo hamabostaldian.
3.– Agindu honek aipatzen dituen laguntzen xederako, 3.300 euro zuzenduko dira 2025eko ekitaldirako; 39.600 euro 2026ko ekitaldirako, eta 36.300 euro 2027rako. Zuzkidura nahikoa dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeak onartzen dituen kredituen arabera.
3. oinarria.– Laguntzen iraupena.
1.– Beken iraupena bi urte naturalekoa izango da, emakidaren ebazpenean ezartzen den datatik aurrera; betiere, onuradun izateko betekizunak betetzen badira. Deialdi honetan bekarik emanez gero, ezin izango zaie pertsona horiei halakorik eman hurrengo deialdietan.
2.– Onuradunak hautaketa-prozesua gainditzen badu aurreko paragrafoan ezarritako denboran, laguntza amaitu egingo da argitara ematen denean praktiketako funtzionarioak izendatzen dituen zerrenda argitaratzen duen ebazpena, eta hilabete horretako ordainketa doitu egingo da kontuan izanik zenbat egun igaro diren data horretara arte.
4. oinarria.– Onuraduna izateko betekizunak.
1.– Eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean, eta bere horretan mantendu beharko dituzte beka-aldi guztian:
a) Zer kidego eta eskalako hautaketa-prozesura aurkeztea erabaki duten, hautaketa-horretako azken deialdian exijitutako baldintzak betetzea. Zer kidegotara aurkezten diren, kidego horretarako exijitzen den titulazioa izatea.
b) Deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta bertan izatea bizileku efektiboa.
c) Laguntza ematen den kidego eta eskala bereko pertsona fisiko prestatzailea izatea, edo pertsona juridiko bat, akademia edo ikastegia, oposizioa gainditzeko prestatzeko; edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, laguntza hori bilatzeko konpromisoa jasoz.
Nolanahi ere, Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetza lankidetzan arituko da hala behar duten onuradunekin betekizun hori betetzeko.
d) Gutxienez hiru urteko epean –jarraian edo aldizka– ez izatea deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein bekaren onuradun edo antzeko graduondokoren edo laguntzaren onuradun.
e) Ez izatea zehapen penalik ez administratiborik, eragozten duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, eta ez izatea legezko debekurik, horretarako ezgaitzen duenik.
Era berean, inork ezin izango du laguntzarik jaso baldin eta zehapen penal edo administratiborik izan badu sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluarekin.
f) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dauden xedapenek ezarritakoak, eta ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
Betebehar horiek exijitu ahal izango dira hala onuradun izateko nola egoera horretan segitzeko; beraz, egiaztatuko da betebeharrok bete egiten diren, bai beka eman baino lehenago, bai III. eranskinean jasotzen den lau hilabeteko justifikazio-memoria aurkeztean, bai eta azken ordainketa egin baino lehenago ere.
g) Ezingo du bekarik eskuratu Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku-egoeraren batean dagoenak.
5. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Ondorengo eskabide eta izapideak elektronikoki egingo dira. Eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira. Bertan, izapidetzeko espezifikazioak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak jasoko dira, egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1237101 Eskabidearen ondorengo izapideak webgune honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
3.– Eskabidea egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan bete beharko da, osorik, agindu honen II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eta nahitaezko dokumentazioa erantsi beharko zaio.
4.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari erantsi beharreko gainerako egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura guztian, eskatzaileak zer hizkuntza hautatu duen, hizkuntza hori erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
5.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
6. oinarria.– Betekizunak egiaztatzea eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du –eta horretarako ez du eskatzailearen baimenik beharko– eskatutako dokumentazioa betetzen dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz:
a) Nortasun-agiri nazionala.
b) Errolda-ziurtagiria, eskabidearen datan bizileku berean erroldatutako bizikide guztien informazioa jasotzen duena (bizikidetza-ziurtagiria).
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, jatorrizkoak eta dagokion organo eskudunak emanak. III. eranskineko lauhileko-memoria aurkezten denean eta azken ordainketa egiten denean ere egingo dira egiaztatze-lan horiek.
d) Euskararen ezagutza-mailaren ziurtagiria, hala badagokio. Puntu honetan eskatzen den ziurtagiria automatikoki egiaztatuko da, Euskara Titulu eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota egonez gero.
e) Unibertsitate-titulua. Deialdiaren organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du puntu honetan eskatutako dokumentazioa, titulua 1992. urtetik aurrera eman bada.
f) Eskatzailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin betiko likidazioa.
2.– Eskatzaileak espresuki aurka egin ahal izango dio aurreko apartatuan aurreikusitako kontsulta egiteari. Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Orobat kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:
a) Batez besteko nota jasotzen duen ikasketa-espedientearen kopia.
b) Eskatzailearen familia-unitatea osatzen duten kide guztien egoera ekonomikoa eta/edo eskatzailearena berarena (balego) egiaztatzen duen dokumentazioa.
Apartatu honen ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko dira bizileku berean erroldatuta dauden eta familia-lotura eta/edo bikote-bizikidetzaren egoera legeztatua duten pertsona guztiak.
Horretarako, bizikidetza-unitateko kideen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin betiko likidazioaren fotokopia osoa aurkeztu beharko da, aurre-aurreko ekitaldikoa; edo ekitaldi horretan izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituen dokumentazioa, baldin eta, sarrera-maila dela-eta, ez badaude behartuta aipatutako aitorpena aurkeztera.
Nolanahi ere, PFEZeko dokumentazioa eta eranskinak aurkeztu beharko dira, zeinetan espresuki jasoko baitira diru-sarrera gordinak eta errendimendua garbia, hala lan-errendimenduena nola jarduera ekonomikoena, baita kapital higiezinena, higigarriena eta ondare-irabaziena ere.
Halaber, aurkeztu beharko dira eskatzaileak –eta, hala badagokio, familia-unitatean bizi diren kide guztiek– 2024an jasotako prestazio hauei buruzko diru-sarreren ziurtagiriak (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikokoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien entitate edo organokoak): langabezia, aurre-erretiroa, ezintasuna, diru-sarrerak bermatzeko errenta, prestazio kontributibo zein ez-kontributiboak, pentsioak, gizarte-larrialdietarako laguntzak, gizarteratzeko laguntzak edo bestelako laguntzak.
Banantzeagatik, dibortzioagatik edo antzeko arrazoiengatik 2024an pentsio bat kobratu bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia-liburua edo hura ordezkatzen duen dokumentua, epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez badira, zuzenbidean onartutako legezko edozein bitartekoren bidez egiaztatu beharko dira.
Familia-unitatea pertsona bakarrekoa bada eta eskatzaileak bakarrik osatzen badu, alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo bizi den etxebizitzaren titulartasuna egiaztatzen duen zuzenbidean onartutako beste edozein titulu aurkeztu beharko du, independentzia ekonomikoa eta familiarra justifikatzeko.
Eskatzailea ekonomikoki bere gurasoez bestelako pertsonen mende badago, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko da, mendekotasun hori justifikatzen duen ebazpena, epai judiziala edo zuzenbidean onartutako beste edozein bitarteko aurkeztuz.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen datu-basean agertu behar du. Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, interesdunak jo beharko du Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
7. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
1.– Eskabidean jasotzen den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:
– Aurkezten den kidegoko eta eskalako hautaketa-prozesuaren azken deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla.
– Laguntza ematen den kidego eta eskala bereko pertsona fisiko prestatzaile bat duela edo izango duela, edo pertsona juridiko bat, akademia edo ikastegia, oposizioa gainditzeko prestakuntza ematen duena.
– Ez dela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jasotzen ari Administrazio publiko edo entitate pribatuetatik.
– Ez izatea inongo zehapenik, penal edo administratiborik, galarazten dionik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzea.
– Ez izatea inongo debeku legalik, ezgaitzen duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko, espresuki aipatuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoa betez.
– Bete egiten dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.
– Egiazkoak direla eta osorik daudela eskabidean jasotako datu guztiak, baita aurkezten den dokumentazioa ere, eta eskatzaileak bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).
– Ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere.
2.– Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo Administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Baldin eta, eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa aztertzean, Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak egiaztatzen badu zerbait falta dela dokumentazio horretan edo ez dituela betetzen aurreko oinarrietan adierazitako betekizunak, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean gabezia zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ebazpena eman eta ulertuko dela atzera egin duela eskabidean.
9. oinarria.– Merezimenduak balioestea.
1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko oposiziogileentzat aurreikusitako hiru laguntzak lurraldeka banatuko dira; merezimenduak, oinarri honen arabera, bereiz baloratuko dira lurralde historiko bakoitzerako. Alegia, lurraldeka, batera balioetsiko dira izangaien merezimenduak: laguntza bat emango da aipatutako kidego bakoitzeko oposiziogileentzat Bizkaian, beste bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan.
Lurralderen batek ez badu eskabiderik jasotzen edo lurralderen bateko eskaera bakar batek ere ez baditu betekizunak betetzen, Ikuskatzailetzako edo Ikuskatzaileordetzako laguntza beste lurraldeetako laguntzei gehituko zaie.
Era berean, bi kidegoetakoren batean bekaren bat hutsik geratzen bada, beste kidegoan adjudikatuko dira.
Aurreko bi paragrafoetan jasotako kasuetako bekak adjudikatzeko, puntuaziorik altuena hartuko da kontuan, oinarri honetako 2. puntuan ezarritako baremoan. Baremoaren arabera ordenatu ondoren, lurralde historikoaren arabera adjudikatuko dira bekak. Hau da, baremorik altuena duen eskaera lurralde historiko bati badagokio, beka hori adjudikatuko litzateke; bigarrena, beste bi lurraldeetako batean baremorik onena duen eskatzaileari; eta horrela hurrenez hurren, lurraldetasun-irizpideari eutsiz.
2.– Onuradun izan ahal izateko, Hautaketa Batzordeak kontuan hartuko ditu honako merezimendu hauek:
a) Egoera ekonomikoa 0tik 40 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, honako banakapenaren arabera:
a.1) Familia-unitatearen urteko diru-sarrerak/euroak, edo eskatzailearenak, bere diru-sarrera propioetatik bizi bada.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
a.2) Urteko diru-sarrerak/euroak familia-unitateko kideko honako kopuru hauetara bitarte:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Merezimenduak balioesteko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenaren bidez egiaztatuko dira diru-sarrerak, eta kontuan hartuko dira errendimendu garbiak. Hala ere, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira, baldin eta diru-sarrerak ez badira egiaztatzen aitorpen horren bidez, baizik eta zuzenbidean legez onartutako beste baliabide baten bidez, eta baliabide horretan ez badaude jasota diru-sarrera garbiak.
b) Ikasketa-espedientearen batez besteko nota: 0-5 puntu.
– 5-5,99: 1 puntu.
– 6-6,99: 2 puntu.
– 7-7,99: 3 puntu.
– 8-8,99: 4 puntu.
– >9: 5 puntu.
c) Euskara jakitea: 3 puntutik 5 puntura. B1: 3 puntu. B2: 4 puntu. C1: 5 puntu.
3.– Eskatzaile bik edo gehiagok puntuazio berdina lortzen badute, berdinketa ebazteko, kontuan izango da, lehenik eta behin, irizpide ekonomikoa –hau da, lehentasuna emango zaio egoera ekonomikoaren araberako puntuaziorik altuenari–; ondoren, batez besteko nota; eta, azkenik, euskararen ezagutzaren puntuazioa.
Berdinketak jarraitzen badu, lehentasuna emango zaie urteko diru-sarrera txikienak dituzten eskatzaileei, baremo honetako a.1.) puntua aplikatuta.
10. oinarria.– Bekak emateko prozedura.
1.– Lehiaketa bidezko norgehiagoka izango da bekak emateko prozedura, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluan ezarri bezala.
2.– Ondore horietarako, hauxe da lehiaketa: laguntzak eta dirulaguntzak emateko prozedura, aurkezten diren eskabideak erkatzen dituena, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko 9. oinarrian jasotako balioespen-irizpideen arabera.
3.– Dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen bidez emateko prozedura ofizioz hasten da beti. Prozeduraren hasiera-datatzat hartuko da deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzen dituen Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren hurrengoa.
4.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen xede diren laguntzak kudeatzea.
11. oinarria.– Hautaketa Batzordea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu eskabideak eta erabakiko du zein hautagai proposatu bekak eskuratzeko. Kide hauek –edo beraiek izendatutako ordezkoek– osatuko dute Batzordea:
Batzordeburua:
– Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako zuzendariordea: Iciar González Carrasco.
Batzordekideak:
– Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako Arabako burua: Sonia Holgado Arín.
– Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako Gipuzkoako burua: Orreaga Zorrilla Berasategui.
– Ikuskatzaileen Kidegoko kide bat, kidego horretako oposizioak prestatzeko beken kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak izendatuta: Katrin Begońa Iturrate Zamarripa.
– Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoko kide bat, kidego horretako oposizioak prestatzeko beken kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak izendatuta: Iratxe Luengas Santisteban.
Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzako teknikari bat izango da idazkaria (hitza izango du baina botorik ez), titularrak izendatuta: Alvaro Tueros Bringas.
Batzordeak, bere funtzionamenduan, bete beharko du Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako ezartzen duena.
2.– Agindu honetan ezarritako baremoen arabera aukeratuko dira hautagaiak. Akordioak Batzordeko kideen gehiengoz hartuko dira, eta lortutako puntuazio-ordenan.
3.– Batzordeak eskabideei buruzko txosten bat egingo du, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariari helaraziko dio. Hark, txosten horretan oinarrituta, hautatutako 6 izangaien zerrenda bat proposatuko dio Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, lortutako puntuazioaren arabera sailkatua; horrekin batera, hurrengo 6 eskatzaileen beste zerrenda bat ere proposatuko du (3 Lan Ikuskatzaileen Kidegokoak eta 3 Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen Kidegokoak), hurrengo puntuazioak lortu dituzten izangaiekin, ordezkoak izan daitezen, baldin eta onuradunak egoera hori galtzen badu beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete betebeharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako; betiere, egoera hori bi hilabeteko epean gertatzen bada, laguntza ematen denetik aurrera.
4.– Ordezko hautagaien zerrenda antolatuko da izangaiek aipatutako lehentasunezko merezimendu-baremoan oinarrituz lortu duten puntuazioaren arabera.
12. oinarria.– Bekak ematea.
1.– Hautaketa Batzordearen proposamena aztertu ondoren, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebatziko du deialdia, adieraziz zein izangai hautatu diren eta, hala badagokio, nor diren haien ordezkoak, eta zer puntuazio lortu duten. Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.
Epe horretan batzordeak ez badu ebazpen espresurik ematen, ulertuko da eskabideak ezetsi egin direla. Aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da zein den hautatutako izangaien zerrenda, zein den haien ordezkoen zerrenda eta, halakorik badago, bakanteena, eta zenbatekoak diren emandako bekak, hargatik eragotzi gabe prozeduraren ebazpena espresuki eta banan-banan jakinaraztea.
3.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, zerrendako lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, ordeztuari geratzen zaion aldirako edo hirugarren oinarrian ezartzen dena bete arte.
Edonola ere, laguntza hori esleitzeko, kontuan izango da zer aurrekontu geratzen den erabiltzeko moduan ekitaldi horretan.
13. oinarria.– Beken baldintzak.
1.– Beken onuradunek konpromisoa hartzen dute pertsona fisiko prestatzaile baten zuzendaritzapean aritzeko, Laneko Ikuskatzaileen Kidegokoa edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan-ikuskatzaileordeen Kidegokoa bera, edota pertsona juridiko baten zuzendaritzapean, hala nola akademia edo ikastegi bat, prestatzen duena kidego eta eskala horietara sartzeko, agindu honen 4.c) oinarrian ezarritako moduan.
2.– Beka hau eskuratuz gero, ezin izango da jaso Administrazio publikoek edo entitate pribatuek xede eta helburu bererako emandako beste edozein laguntza edo dirulaguntzarik.
3.– Onuradunaren istripuaren kausaz edo gaixotasun larriaren ondorioz ezintasunik izanez gero eta horrek prestatzen jarraitzea eragotziz gero, deklaratu ahal izango da aldi baterako utzi egingo zaiola beka jasotzeari. Dena den, behar bezala egiaztatu beharko da hori, eta etenaldiak ezin izango du gainditu hiru hilabeteko muga.
Epe hori igarotakoan, beka etenarazi zuten inguruabarrek beren horretan jarraitzen badute, amaitutzat joko da beka; horretarako, prestatzaileak horretaz egindako txostena jaso beharko da, eta egiaztatuko da zein alditan ez den jarraitu prestakuntza-aldiarekin.
4.– Hori gertatuz gero, azken hilekoa likidatuko da prestakuntzaren jarraipen egokia egiaztatzen den azken hilabeteko egun kopuruaren proportzioan, agindu honen III. eranskineko ereduan aurkeztutako azken memorian behar bezala ziurtatuta.
14. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Onuradunak beka onartzeak berekin dakar deialdi honetan zehaztutako betebehar guztiak onartzea, eta, zehazki, jakinaraztea zer pertsona fisiko edo juridiko arduratuko den bere prestakuntzaz, 13.1 oinarrian jasotako betekizunen arabera.
Laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunari emakida-ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 egun natural igaro ondoren, hark ez badu kontrakorik adierazten.
2.– Erregulartasunez joatea pertsona fisiko edo juridiko prestatzaileek emandako prestakuntza-saioetara, eta saioak aprobetxatzea. Hori lau hilabetez behin egiaztatuko da.
3.– Deialdi honen osteko lehenengo hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere gutxienez sei hilabeteko tartea badago laguntzak emateko behin betiko ebazpena argitaratzen den dataren eta hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den dataren artean.
Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartzea izango da prozesu horretako onartuen zerrendan sartzea, azterketetara joatea, eta haiek egitea. Inguruabar horiek egiaztatuko dira zuzenbidean onartutako ziurtagiri edo justifikazio-agiri bidez, zeinek egiaztatuko baitute onuraduna hautaketa-prozesuan parte hartzen ari dela.
Aipatutako hautaketa-prozesu horietan parte hartzen dutenek hautaketa-prozesuko probak amaitu eta 15 egun naturaleko epean bidali beharko dituzte ziurtagiri edo justifikazio-agiriak.
4.– Lau hilabeterik behin justifikazio-memoria bidaltzea, adierazten duena izangaia erregulartasunez doala prestakuntza-saioetara eta ondo aprobetxatzen dituela saioak. Memoria hori pertsona fisiko prestatzaileak edo pertsona juridiko prestatzailearen (akademia edo ikastegiaren) ordezkariak sinatu beharko du.
Justifikazio-memoria hori, prestatzaileak sinatu beharrean, aukeran edo haren ordez, onuraduna prestatzen den lurralde historikoko Ikuskatzailetzako buruak sinatu ahal izango du, baldin eta Ikuskatzailetza horretako pertsona fisiko batek edo batzuek (ikuskatzaileek edo ikuskatzaileordeek) zuzentzen badute laguntzaren onuradunaren prestakuntza.
5.– Dirulaguntzaren indarraldian gorabeherarik gertatuz gero, horren berri ematea Administrazioari.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez eskatutako informazio guztia ematea.
7.– Beste zernahi betebehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoa.
8.– Bekaren lehenengo urtea amaitu eta hilabeteko epean, 4. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen duela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztea, eskabide-aldian erabili ziren bitarteko beren bidez, horretarako emandako IV. eranskina erabilita.
15. oinarria.– Onuradunen justifikazio-memoria.
1.– Laguntzen onuradunek lau hilean behin aurkeztu beharko dute agindu honen 14. oinarriaren 4. apartatuan aurreikusten den justifikazio-memoria, agindu honen III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.
2.– Justifikazio-memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
16. oinarria.– Onuradunei jarraipena egitea.
1.– Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak jarraipena egingo die laguntzen onuradunei. Horretarako, lau hilean behin, txosten bat eskatuko die onuradunen prestatzaile izan diren pertsona fisiko edo juridikoei, edo onuradunak oposizioa prestatzen duen Lan Ikuskaritzako lurralde-burutzari, 14. oinarriaren 3. apartatuan aurreikusitako egoeran.
2.– Laguntzen onuradunen aprobetxamenduari dagokionez gorabeheraren bat gertatzen bada, prestatzaileek edo burutzek zuzenean eman beharko diote horren berri Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzari, eta aldiro eskatzen zaien txostena ere egin beharko dute. Gorabeherak izan litezke, adibidez, ez dela prestakuntza-saioetara erregulartasunez joaten, aldi baterako edo betiko joateari utzi diola, eta abar.
Jakinarazten den egoeraren arabera, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, interesdunari entzun eta gero, kendu egin ahal izango luke laguntza hori, ebazpen baten bidez, eta ordezko onuradunen zerrendako hurrengo izangaiari emango lioke.
Era berean, Administrazioak edozein momentutan eskatu ahal izango du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, edo ofizioz egiaztatu ahal izango ditu parte hartzeko eskatutako datuak, egiaztatzeko adjudikaziodunak deialdian ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen duela.
17. oinarria.– Lehentasunezko destinoa eskatzea eta zerbitzu-ematearen iraupena.
1.– Oposizioa gainditzen duten laguntza-onuradunek, ahal dela, Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren destinoak eskatu beharko dituzte.
2.– Hautaketa-prozesua gainditu eta destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez lau urtez eman beharko dituzte zerbitzuak autonomia-erkidegoaren eremuan, salbu eta haien borondatearen kontrako arrazoiek eragozten dietenean.
3.– 17. oinarri honetako bi puntuetakoren bat betetzen ez bada, itzuli egin beharko dira kontzeptu honengatik jasotako laguntzak, salbu eta halabeharrezko arrazoiak edo arrazoi objektiboak daudenean tartean (argi eta garbi egiaztatu beharko dira).
4.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak interesdunari entzun ostean ebatziko du ez-betetzerik dagoen.
18. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Baldin eta laguntzaren onuradunak ez badu betetzen deialdi honetako betebeharren bat, 20/2023 Legearen 36. artikuluko kasuren bat (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa) edo aplikatzekoa den gainerako araudia, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak –entzunaldi-izapidea egin eta dagokion prozedura gauzatu ondoren– adieraziko du dirulaguntzarako eskubidea galdu egin dela. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, bi hilabeteko epean, jasotako zenbateko guztiak edo zenbatekoen zati bat, gehi dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa. Hori guztia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.
2.– Dirulaguntzen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36.3 artikuluari jarraikiz, ez-betetzeak mailakatzeko eta betiere proportzionaltasun-printzipioa aplikatuta, ezartzen da ezen, agindu honetan araututako eta deitutako laguntzak denbora-tarte jakin batean garatutako diruz laguntzeko moduko egoerei lotzen zaizkienez, aldi baterako ez-betetze partzialek ekarriko dutela laguntza aitortzea laguntza jasotzeko baldintzak bete diren aldian, eta ez-betetzea gertatu den aldian jasotako zenbatekoak itzuli beharra.
3.– Itzultzen diren zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako, eta, arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
19. oinarria.– Datuen babesa.
Eskabidean jasotako datu pertsonalak «Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegoan eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan Ikuskatzaileordeen Kidegoan sartu ahal izateko prestakuntza-bekak» tratamendu-jardueran tratatu eta gehituko dira.
– Arduraduna: Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza (Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila).
– Helburua: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen Kidegorako eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Eskalako Lan ikuskatzaileordeen Kidegorako oposizioak prestatzeko laguntzen jarraipena eta kontrola egitea, laguntzak emateko baremoak aplikatzea, bekadunei informazioa ematea eta eskatzaileei jakinarazpenak bidaltzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak erabiliz eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
– Eskubideak: eskubidea duzu zeure datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultagai duzu helbide honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/161000-capa2-eu.shtml.
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS