Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2025eko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5488

AGINDUA, 2025eko abenduaren 9koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunarako Euskal Fundazioa-Fundación Vasca para la Seguridad Agroalimentaria» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2025eko otsailaren 27an, eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailean, «Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunarako Euskal Fundazioa-Fundación Vasca para la Seguridad Agroalimentaria» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren patronatuak 2024ko abenduaren 18an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Vitoria-Gasteizen 2025eko otsailaren 21ean Blanca Palacios Guillén notario andrearen aurrean (protokolo-zenbakia: 1.473). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Aipatutako dokumentazioaren bitartez, fundazioaren estatutuak aldatu dira patronatuko lehendakaritzari eta lehendakariordetzari dagokienez. Lehendakaritza elikaduraren, landa-garapenaren, nekazaritzaren eta arrantzaren arloan eskumena duen sailburuari egotziko zaio, edo, kasua bada, patronatua atxikia dagoen saileko sailburuordeari. Lehendakariordetza, berriz, elikaduraren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularrak izango du, edo, kasua bada, elikagaien industriako zuzendariak.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, arau hauetan aurreikusitakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan, eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 3.1 artikuluan.

Funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio espedienteari, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunarako Euskal Fundazioa-Fundación Vasca Para La Seguridad Agroalimentaria» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, Blanca Palacios Guillén notario andrearen aurrean 2025eko otsailaren 21ean egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1.473).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 9a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala