Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2025eko abenduaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5486

240/2025 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Elantxobeko kirol-portuaren kudeaketa eta horretarako behar diren baliabideak Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoari esleitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 23. artikuluak Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zuen. Erakunde horrek izaera juridiko propioa du, eta, bere zereginak betetzeko orduan, jarduteko ahalmen erabatekoa ere badu, eta portuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dago atxikita. Erakunde berriari legez esleitutako eginkizun horiek, ordura arte, Euskadiko Kirol Portua SA sozietate publikoak betetzen zituen, zeina 2000ko ekainaren 6ko 105/2000 Dekretuaren bidez sortu baitzen.

Lege horren 23. artikuluko 2. apartatuan ezartzen denez, Euskadiko Kirol Portuak erakundea lege horretan eta erakundearen beraren estatutuetan ezarritakoaren mende egongo da, eta estatutuok, berriz, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, portuen arloan eskumena duen sailak proposatuta. Gainera, ekainaren 28ko 2/2018 Legearen lehenengo xedapen gehigarriko 1. apartatuak ezartzen zuen erakundearen jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko zela.

Hori horrela, maiatzaren 12ko 58/2020 Dekretuaren bidez, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen estatutuak onartu ziren eta erakundearen jardueren hasiera zehaztu zen. Bestalde, maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuak bere eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren baliabideak esleitu zizkion «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari, eta, azkenik, abenduaren 29ko 288/2020 Dekretuaren bidez, baimena eman zen «Euskadiko Kirol Portua, S.A.» sozietate publikoa azkentzeko. Horrela, sozietate publikoa likidatzeko eta azkentzeko legezko agindua bete zen, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen jardueren hasierari buruzko dekretua onartu ondoren.

Adierazi beharra dago maiatzaren 12ko 59/2020 Dekretuak «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari esleitu ziola sozietate publikoak kudeatzen zituen kirol-portuen kudeaketa. Zehazki, hauek dira kirol-portuak: Hondarribia, Hondarribiko Molla – Beteranoen kirol-dartsena, Donostiako kirol-dartsena, Orioko kirol-portua, Getariako kirol-dartsena, Debako kirol-dartsena, Mutrikuko kirol-portua, Mundakako kirol-portua, Bermeoko kirol-dartsena, Armintzako kirol-portua, Plentziako kirol-portua eta Zumaiako portua.

Modu horretan, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroako portuen kudeaketa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzaren esku geratu zen; nolanahi ere, kirol-portu guztien kudeaketa integrala Euskadiko Kirol Portuak erakundeari esleitzea zen helburua.

Ondoren, martxoaren 8ko 33/2022 Dekretuaren bidez (2022ko martxoaren 18ko EHAAn argitaratua), Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoari esleitu zitzaizkion Lekeitioko kirol-portuaren kudeaketa eta horretarako behar diren baliabideak.

Dekretu honen bidez, Elantxobeko portuaren kudeaketa eta beharrezkoak diren baliabideak esleitzen zaizkio Euskadiko Kirol Portuak erakundeari.

Langileei dagokienez, adierazi behar dugu gaur egun ez dagoela Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako funtzionario edo lan-kontratudun langilerik Elantxobeko kirol-portuari dagozkion zereginetan. Beste alde batetik, kudeaketa-esleipen horrek ez dakar lanpostu berriak sortzea.

Horrenbestez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 9an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kirol-portuaren zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzea.

Euskadiko Kirol Portuak erakundeari esleitzen zaio kirol-portuaren zerbitzu publikoaren kudeaketa, Elantxobeko kirol-portukoa.

2. artikulua.– Ondare-araubidea.

1.– Dekretu honen 1. artikuluan egindako esleipenak berekin dakar Elantxobeko kirol-portuan kirol-portuko zerbitzu publikoari atxikita dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko ondasunak eskuragarri jartzea (eranskinean daude zerrendatuta). Ondasun horiek Euskadiko Kirol Portuak erakundeak kudeatuko ditu, Euskadiko Ondareari buruzko Legean ezartzen diren baldintza eta mugekin (lege horren testu bategina azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

2.– Eskuragarri jartzeko, emate-akta bat sinatuko dute portuen arloko eskumena duen zuzendariak eta Euskadiko Kirol Portuak erakundearen ordezkariak. Akta horretan, eskuragarri jarritako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jasoko da. Akta sinatuta, haren kopia bat igorriko zaio Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari, Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean jasota gera dadin. Ematea erabat gauzatu dadin, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak ados egon beharko du haren edukiarekin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Beronen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, aurkaratu egin daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta berraztertze-errekurtsoa espresuki ebatzi arte edo presuntzioz ezetsi arte, halakorik aurkeztu bada. Halaber, ohartarazten da ezen, berraztertze-errekurtsoa presuntzioz ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilekoa izango dela presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123.2 artikuluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
KIROL-PORTUAREN ZERBITZU PUBLIKOARI ATXIKITA DAUDEN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN TITULARTASUNEKO ONDASUNAK, ELANTXOBEKO KIROL-PORTUKOAK

Euskadiko Kirol Portuak erakundearen esku jartzen diren portuko jabari publikoko ondasunak:

– 14.949,57 m2-ko ur-geruza kirol-dartsenan, eremu hauetan:

– Barruko dartsena, pantalanak: 3.107,54 m2.

– Barruko dartsena, ainguratokia: 11.842,03 m2.

– 663,68 m2-ko lehorreko azalera, eremu hauetan banatuta:

– Itsas beso-garabia, 5,0 tonakoa.

– Itsas beso-garabiaren ondoko lan-eremua, 534,37 m2-ko azalerarekin, kaian.

– Sarbiderako hamaika (11) eskailera, portuan banatuta; guztira, 129,31 m2.


Azterketa dokumentala