
246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (348 KB - 31 orri.)
- EPUB (904 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
5475
AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzen deialdia egiten den eta oinarri arautzaileak onartzen diren Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketako Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileentzat (BERC Programa).
Handituz doan nazioarteko lehiakortasunak eta ikerketa zientifikoko dinamikak ekarri dute lidergoa apurka-apurka galtzea, baita entitate finkatuek ere lidergoa galtzea ekarri dute. Horren ondorioz, ikerketa-gaietan aitzindari diren herrialdeek laguntza-programak diseinatu dituzte, munduan lehiatzeko gai izango diren bikaintasun-guneak garatzeko. Oinarrizko Ikerketarako eta Bikaintasun-ikerketarako Euskal Zentroak (Basque Excellence Research Centres, BERC) ezagutza sortzeko egiturak dira Euskadirako interes zientifikoa duten eremuetan, eta ikerketaren bikaintasuna da haien ezaugarri nagusia. Euskal unibertsitate-sisteman eta Euskadin egiten diren ikerketa zientifiko guztietan, aitzindariak izateko sortu dira entitate horiek, bai eta Europako jakintzagune izan daitezen ere, munduan zehar dauden beste zentro batzuekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila gure ekosistema zientifikoa eta teknologikoa indartzeko xedearekin sortu da, Euskadin ezagutza aurreratua eta berrikuntza bultzatzeko. Horri esker, jauzi kualitatibo, teknologiko, industriala eta ekonomikoa egin ahal izango dugu. Horretarako, beharrezkoa da euskal sistema zientifiko eta teknologikoaren ikerketa-gaitasunak sustatzea. Horrela, ikerketa-taldeei lagunduz, teknologia eta soluzio berriak garatzea ahalbidetzen da, gizarteari mesede egin ahal izateko.
Agindu honen bidez, Euskadi talentu zientifikoaren gune aurreratu bilaka dadila bultzatu nahi da, betiere egin beharreko jarduerak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 planean azaltzen diren estrategiekin bat eginez; izan ere, ildo estrategikoen artean, BERCak sortzen eta garatzen laguntzea ezartzen du, bikaintasun zientifikoaren babesean. Hain zuzen, jarduketa horrek elikatu eta indartu egiten ditu, era berean, Horizon Europe ikerketa-programan ezarritako ildo estrategikoak. Laguntza-agindu honekin, azken finean, lehen mailako ikerketa zientifikoa bultzatu nahi da, Euskadiko ikerketa zientifiko eta teknologikoaren kalitatea areagotzeko eta, estrategikotzat jotzen diren espezializazio zientifikoko arloetan munduan aitortutako ikertzaileak erakartzeko, zehazki, egiten den ikerketaren bikaintasuna eta nazioarteko inpaktua bizkortzeko. Hori dela-eta, ekimen hau oso lotuta dago Ikerbasque Fundazioak egiten duen lanarekin, hain zuzen ere, Zientziaren Euskal Sistematik kanpoko ikertzaileak erakarri eta bereganatzeko lanarekin. Era berean, ikerketa-zentro horiek, eratu eta abian jarri eta gero, elkarlanerako mekanismoak ezarri beharko dituzte Euskadiko unibertsitateetako eta beste I+G+B zentro batzuetako ikertzaileekin; horrela, ikertzeko gaitasuna eta lehiakortasuna bultzatuko dira.
Halaber, bikaintasunaren ingurunean zientzia eta teknologia alorrean ikerketa sustatzeko helburuari dagokionez, finantzaketaren zati espezifiko bat bereiziko da agindu honetan proiektu berezietarako, munduan kokatuta dauden Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketako Zentroetan, nazioarteko erreferentzia-zentro izatea finkatzen laguntzeko. Horrela, bikaintasuna sustatzera bideratutako finantzaketa aurrekontuaren % 50ekoa izango da gutxienez, eta, beraz, deialdi honetako aurrekontu erabilgarriaren % 50 gehienez BERC horien egiturazko finantzaketarako erabiliko da. Halaber, erreferentziazko eragileak izan behar dute zentro horiek, tokian-tokiko, estatuko eta nazioartean duten garrantziagatik, Euskadiko ezagutza gizartean hedatzen eta ikertzaileen ongizate psikologikoa sustatzen. Alde horretatik, agindu honek ezagutza zientifikoa gizartean hedatzeko plan espezifiko bat izateko betebeharra mantentzen du, gizartearen kultura zientifikoa hobetzen laguntzeko eta, halaber, herritarrei jakinarazteko ikerketarako erabiltzen diren baliabide publikoen norakoa. Berritasun gisa, zentroaren ongizate psikologikoko plana aurkeztu behar dute.
Eusko Jaurlaritzaren IKUR 2030 Estrategiaren osagarria da deialdi hau, eta Euskadin egiturazko aldaketak sustatzea du helburu, ibilbide luzeko ikerketa-ekimen adierazgarriak bultzatuz, inpaktu zientifikoa, teknologikoa, enpresariala eta soziala sortzeko. Helburua da Euskadi bihurtzea nazioarteko erreferentziazko interesgune zientifiko, estrategiaren xedeko arlo zientifiko-teknologikoetako industria- eta gizarte-garapeneko aukerekin. Halaber, eta IKUR 2030 Estrategiaren osagarri, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila epe luzerako azpiegitura estrategiko handiak garatzeko programa bat bultzatzen ari da, bikaintasuneko ikerketa zientifikoarekin lotuta. Programa hori LINKER da (Large Infrastructures for Key Excellence Research), eta, horren bidez, azpiegitura zientifiko estrategiko handiak ematen dizkio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari. IKUR ekimenen xedea osagarri izatea da bikaintasun-ezagutzaren transferentzia bultzatzeko, eta gizarte- eta enpresa-arloetan balioa ematen dioten beste programa estrategiko batzuekin.
Bestalde, agindu honek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak xedatutakoa gauzatzen laguntzen du. Dekretu horrek ezartzen du aldian-aldian egiaztatutako eragileen jarraipena egingo dela, eta ebaluazio horren ondorioz, egiaztapen horri eutsiko zaio edo baliogabetu egingo da.
Horrenbestez, BERCei garatzen laguntzea da laguntza hauen helburua, finantzatzeko bidea esleituz, batetik, proposamen eta emaitzen ebaluazioaren bidez eta, bestetik, haien jarduera ez-ekonomikoa eta hari lotutako helburuak analizatuz.
Deialdi honetan, eta administrazio-izapidetzea sinplifikatzeko, eskaera- eta ebaluazio-prozedura sinplifikatu bat ezartzea sartzen da berrikuntza gisa, denboran zehar ibilbide bikaina egin duten BERC zentroentzat.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua) eta, laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin, eta eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Beraz, oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa, hau eta azaldutako guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea 2026-2029 aldirako, Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketako Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko (BERC Programa).
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aurretiaz izapidetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Agindu honetako laguntzak ebatziko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa badago.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Zientzia Politikako zuzendariari ahalmena eman zaio agindu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
I. ERANSKINA
OINARRIZKO ETA BIKAINTASUNEZKO IKERKETAKO ZENTROEN KATEGORIAN EGIAZTATUTA DAUDEN ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZAREN EUSKAL SAREKO ERAGILEAK BABESTEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK (BERC PROGRAMA)
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea dirulaguntzen oinarriak ezartzea eta deialdia egitea da 2026-2029 aldirako, Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketako Zentroen kategorian egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko (BERC Programa).
2. oinarria.– Laguntzak finantzatzea.
Deialdi honetako dirulaguntza-programaren guztizko zenbatekoa, 2026. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2027, 2028, 2029 eta 2030erako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, 60.000.000 euro da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura ordainduko da, banaketa honen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
3. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte izaera juridiko propioa izan eta Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketako Zentro modura egiaztatuta dauden entitateek, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean –ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuak arautuan– integratuta badaude. Laguntza gauzatzeko aldi osoan zehar bete beharko dute baldintza hori.
2.– Entitate onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, betekizun hauek bete behar dituzte:
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu eskatzaileak. Halaber, honako baldintza hauek ere bete beharko ditu:
a) Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentro moduan onartuta egon behar dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean.
b) Zuzendari zientifikoa eduki behar dute, entitate onuradunarekin lan- edo estatutu-arloko loturaz edo hari atxikita; pertsona hori arduratuko da laguntzaren xedeko jarduerak betearazten direla zuzentzeaz.
Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan adierazitako inguruabarretan dauden unibertsitateak.
Entitate eskatzaileek egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela dirulaguntza emateko proposamena egin baino lehen. Gainera, betebehar horiei eutsiko zaie harik eta laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte.
Adierazitako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren organo eskudunek hurrenez hurren emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira.
Zientzia Politikako Zuzendaritzak zuzenean eskuratuko ditu dokumentu horiek organo eskudunetatik, eskura dituen elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez. Entitate interesduna horren aurka agertuz gero, entitateak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion egiaztagiriak.
4. oinarria.– Dirulaguntzaren helburuko jarduerak.
1.– Entitate onuradunen ikerketa-programek jasoko dute laguntza, baldin eta ikerketa zientifikoa egiteko dauzkaten estrategien ahalmena eta nazioarteko proiekzioa indartzen laguntzen badute.
2.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta 5. oinarrian ezarritako epean egiten direnak. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuen erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.
3.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.
4.– Emandako laguntzari hauek egotzi ahal izango zaizkio: langile-kostuak; ondasun inbentariagarriak lortu, eraiki, berregokitu, eta hobetzea –betiere ondasun horiek entitate onuradunaren ibilgetu izatera pasatzen badira–; alokairuak; material suntsikorra hornitzea; aholkularitza eta laguntza teknikoko lanak edo bestelako zerbitzuak kontratatzea; zientzia-jarduerak antolatzea; zientzialarien eta teknikarien dieta eta bidaiak, betiere otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak ezarritako mugen barruan (16/1993 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa), eta proposatutako jarduerak gauzatzearekin zuzenean lotuta dauden beste batzuk.
5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, zerbitzuon ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski entitaterik haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntzaren aurretik egin bada gastua.
Justifikazioan aurkeztu behar diren eskaintzen artean, efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki onuragarriena hautatzen ez denean.
6.– Ondasun inbentariatuak eskuratzeko, eraikitzeko, birgaitzeko eta hobetzeko, arau hauek beteko dira:
a) Entitate onuradunak dirulaguntza eman den xede jakinera bideratuko ditu ondasunak, gutxienez bost urtez erregistro publikoetan inskriba daitezkeen ondasunak badira, eta gutxienez lau urtez gainerako ondasunak direnean.
Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak direnean, ezaugarri hori agerrarazi beharko da eskrituran, baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta bi baldintzok dagokion erregistro publikoan inskribatu beharko dira.
b) Aurreko letran aipatutako helburuko betebeharra ez betetzeak, zeina betiere ondasunaren besterentzearekin edo kargarekin gertatuko baita, itzultzeko arrazoia izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan ezarritako eran. Ondorioz, itzultzeari atxikita geratuko da ondasuna, edukitzailea edozein izanda ere, salbu eta erregistroko fede publikoak babesten duen hirugarren bat bada edo ondasunak fede onez eta bidezko tituluz eskuratu direla justifikatzen bada edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, merkataritza- edo industria-establezimendu batean eskuratu direla.
7.– Laguntzaren xede diren ekintzak azpikontratatu ahalko dira, diruz lagundutako zenbatekoaren % 20ko portzentajean gehienez ere, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutako betekizunak eta debekuak betez.
8.– Ez dira diruz laguntzekoak izango enpresa hornitzailea eta entitate onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatzen, eta hori baloratu eta baimendu beharko du Zientzia Politikako Zuzendaritzak. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi entitate edo enpresa lotuta daudela, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31 artikuluaren 8. apartatuan adierazitako egoeraren batean badaude.
9.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei buruz artikulu honetan arautu ez den guztirako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan adierazitakoa beteko da.
5. oinarria.– Laguntzen ezaugarriak eta mugak.
1.– Eman beharreko dirulaguntzak ez itzulgarriak eta urte anitzekoak izango dira, eta lehia bidezko konkurrentzia-prozeduraz ebatziko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19. artikuluak xedatutakoaren arabera.
2.– Laguntza-deialdi honek diruz lagunduko du entitate onuradunek 2026, 2027, 2028 eta 2029ko ekitaldietan egiten dituzten jarduera ez-ekonomikoen kostu osoaren portzentaje bat, betiere hari lotutako xedeen arabera; jarduera ez-ekonomikotzat ulertuko da Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Esparruan ezarritakoa (2014/C 198/01).
Diruz laguntzeko gehiengo portzentajea % 70ekoa izango da, egiaztatutako BERC guztientzat.
3.– Dirulaguntzaren helburutik kanpo gelditzen da jarduera ekonomikoa. Jarduera ekonomikotzat jotzen dira hala industriarekin kontratupean burututako ikerketa, nola ikerketa-azpiegituren alokairua eta Europako Batzordearen arauetan –aurreko paragrafoetan jasotakoetan– exijitu eta jasotako baldintzei erantzuten ez dieten beste jarduera ekonomiko batzuk.
6. oinarria.– Aldi berean, beste dirulaguntza batzuk jasotzea.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten entitate onuradunek beste laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, edozein delarik ere ematen dituen administrazioa edo ente publikoa zein pribatua; betiere, entitate onuradunak jasotzen dituen laguntza guztiak bilduta, ez badute gainditzen jarduera ez-ekonomikoaren kostu osoaren % 100a, ehuneko horren barruan sartuta onuradunak hirugarrenetatik jaso ditzakeen bestelako laguntza edo diru-sarrerak.
2.– Onuradunak jasoko dituen laguntzen guztizkoa zenbat den jakin ondoren, agindu honetan ezarritakoaren ondorioz onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, kontuan hartuko dira Europar Batasunean horretarako indarrean dauden arauak, eta, zehazkiago, zer ezarri den Erkidegoaren esparruan Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatuko laguntzetarako.
3.– Eskuratutako dirulaguntzek aurreko apartatuan ezarritako muga gainditzen badute, agindu honetan oinarrituta emandako laguntzei murriztuko zaie dagokien zenbatekoa, muga horretara iristeko.
7. oinarria.– Eskabidea eta agiriak.
1.– Eskaerak egiteko, formulario bat bete beharko da, eta bide telematikoz eskuratu ahal izango da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko egoitza elektronikoan, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0057516
Entitate eskatzaileak entitate-txartela izan beharko du eskabidea elektronikoki sinatzeko eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko ahalordeen Erregistroan (Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2023ko azaroaren 14ko Agindua).
Aplikazioan sartzeko, onartutako ziurtagiri elektronikoa beharko da, hemen daude argitaratuta: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, entitate eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta dezan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluko f) letran aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, dagozkion egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera.
2.– Behin eskabidea osorik beteta, oinarri honen 4. apartatuan zehaztutako dokumentuekin batera, entitateak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz; eta orduantxe geratuko da erregistraturik eskabidea.
3.– Eskabidea aurkezteko epeak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Garatu beharreko ekintza-plana (EP); 2022-2025 aldian egindako jardueren memoria eta zentroak egingo duen ikerketaren plangintza jaso beharko ditu, baita haren ildo guztiak eta honako hauek ere: ikerketa-taldeak, lortu beharreko xede eta adierazleak, emaitzen estimazioa, finantza-plana, azpiegituren eta ekipamenduaren deskribapena, ikertzaileen hautaketa- eta prestakuntza-politika eta berdintasun-plana, nazioartekotzeko estrategia, ezagutza transferitzeko estrategia, ezagutza zientifikoa gizartean zabaltzeko plana eta ongizate psikologikorako plana, eta hura osorik deskribatzeko behar diren kontzeptu guztiak. Ekintza-plana agindu honen III. eranskinaren arabera garatuko da. Dokumentua ingelesez idatzi ahal izango da.
Ekintza-planak (EP) adierazleen apartatu bat izango du aipatu 2022-2025 eta 2026-2029ko aldietarako. 2026-2029 aldirako ezarritako adierazleek koherenteak izan beharko dute aurreko fasean zentroek erakutsitako ahalarekin; bestela, desadostasuna justifikatu egin beharko da. Agindu honen IV. eranskinean, sartu beharreko adierazleen zerrenda dago.
Finantzaketa-planean (FP), urteko datu erantsiak jasoko dira pertsonal-gastu, bestelako gastu arrunt eta inbertsioei buruz, 2022-2025 eta 2026-2029 aldietarako, agindu honen V. eranskinaren arabera. Halaber, aldi horietarako sarrera-iturriak zehaztuko dira, honela sailkatuta: publikoak eta pribatuak, eremu geografikoa eta entitate finantzatzailea. Gainera, modu esplizituan zehaztuko dira lokalak errentatzeko gastuak eta, hala badagokio, instalazio, laborategi, tresneria espezifiko eta abarretarako bideratutako zenbatekoak, laborategian zein laborategitik kanpo esperimentu bidez egindako ikerketekin zerikusia dutenak. Alderdi biak aztertu beharko dira finantzaketa-planean.
2026-2029 aldirako aurreikusitako gastuak justifikatu behar dira; horretarako, haien xede zehatzaren deskribapena eta gastu horiek finantzatzeko lortu ahalko diren finantzaketa-iturrien azterketa egingo da.
b) Diruz lagundu beharreko jarduera gauzatzeko epean, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei jarduera ez-ekonomikorako eskatutako edo haiek horretarako emandako laguntzen adierazpena.
c) Organo eskudunaren egiaztapena, 3.2 oinarrian ezarritakoa betetzeari buruzkoa.
8. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Baldin eta agindu honen 7.4. oinarrian eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan jasotakoaren arabera.
Zuzenketa-errekerimenduaren jakinarazpena zuzendu beharreko eskabideak www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz gauzatuko da.
2.– Nolanahi ere, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, edo, behar izanez gero, Ikerbasque Fundazioak, –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzaile modura jardungo baitu– beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazio edota argibide osagarriak eska diezazkiekete eskatzaileei aurkeztutako eskabidea egokiro ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko, aditzera emanez ezen, agindu honetan propio adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.
9. oinarria.– Ebaluazioa.
1.– Eskabideen ebaluazioa batik bat honako hauei buruzkoa izango da: zentroen bikaintasun zientifikoa, bikaintasunerako gobernua eta kudeaketa, 2026-2029 aldirako proposatutako ekintza-plana, eta zentroaren ekarpena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemari, Euskadiko 2030 ZTBP-i, Ikerketaren Europako Espazioari (ERA) eta H2030-i. Leidengo Manifestuaren printzipioetan (The Leiden Manifesto for research metrics, Nature 2015) eta, ekoizpen zientifikoa eta teknikoa ebaluatzeko praktikak hobetzea sustatzen duten antzeko printzipioetan ezarritako printzipioen arabera egingo da ebaluazio hori; horrela, erreferentzia iturrien eta neurketen erabilera arduratsua erabiliko da ebaluazio horretan: bai kuantitatiboak (adibidez, adierazle bibliometriko normalizatuak), bai kualitatiboak.
2.– Entitate laguntzailea den aldetik, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak egingo ditu eskabideak ebaluatzeko kudeaketaren lan materialak. Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoak balorazio zientifiko-teknikoko txostena egingo du eskabide bakoitzarentzat, oinarri honetan adierazitako irizpideei jarraituz. Batzorde horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistematik kanpo dauden eta BERC bakoitzaren zientzia-arloan nazioarteko ospea duten zientzialarien aholkularitza izan ahalko du txosten hori egiteko. Prozeduran zehar, informazio osagarria eskatu ahalko zaie entitate eskatzaileei, balioztatzeko aurkeztutako agirien inguruko zalantzak argitzeko. Aurrez aurreko elkarrizketa bidez eskatu ahal izango da informazioa, aurkeztutako dokumentazioa argitzeko soilik.
3.– Zehazki, irizpide-bloke hauek balioztatuko dira:
a) Gobernantza, bikaintasunerako kudeaketa eta ekarpena Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemari: zentroaren antolaketa, Euskadi 2030 ZTBPrekin bat egitea, kudeaketa ekonomikoa, Zentroaren Nazioarteko Aholku Batzorde Zientifikoaren osaera (ISAC, International Scientific Advisory Committee).
b) Frogatutako bikaintasun zientifikoa eta ikerketa-kalitatea: ikerketa-programaren eta argitalpen zientifikoen kalitatea, ikertzaileak prestatzeko eta erakartzeko programa, zentroaren nazioarteko lidergoa, ezagutzaren eskualdatzea eta hedapena, eta ikerketaren gizarte-eragina.
c) 2026-2029 aldirako, ekintza-plana: antolaketa, helburu estrategikoak, garapen-programa, eragina Euskadin eta nazioartean, talentua erakartzeko eta trebatzeko programa, finantzaketa-plana, eskualdatze eta dibulgazio zientifikorako estrategia, berdintasun-plana eta ongizate psikologikoko plana.
4.– Puntuazioak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
BERC zentroek, hala eskatzen badute, 2022-2025eko deialdian lortutako puntuazioa mantendu dezakete, apartatu honetan «Zentroak frogatutako bikaintasun zientifikoa eta ikerketa-kalitatea». Horretarako, aplikazioan horretarako gaitutako apartatuan adierazi beharko dute, eta ez da beharrezkoa izango informazioa ematea 2022-2025 aldirako adierazle zientifikoei buruz, jarraipen zientifikoko aginte-koadroan jasotakoak izan ezik.
Zentroak bitarteko kanpo-ebaluazio positibo bat jaso beharko du 2022-2023 biurtekorako, eta jarraipen zientifikoaren balorazio positibo bat 2024an.
5.– Ebaluazio-prozesuaren ondorioz, honako kategoria hauen arabera sailkatuko dira zentroak:
(A+) Bikaina, zentroa munduko erreferentziazko erakundea da bere ikerketa-alorrean. A+ kategoria eman ahal izango zaio 95 puntu edo gehiago lortu dituen erakundeari.
Kategoria hori emateko, entitateak ekarpen zientifiko berezia egin beharko du nazioartean, Ikerbasqueren Aholku Batzorde Zientifikoaren iritziz. Gainera, gutxienez 4 puntu lortu beharko ditu entitateak adierazle hauen ebaluazioaren guztizko puntuazioan:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
(A) Bikaina, emaitza bikainak ditu estatu-mailan, baina alderdi batzuk aintzat hartu behar dira zentroaren nazioarteko bikaintasunari begira. 90 puntu edo gehiago eta 100 puntu baino gutxiago dituzten entitateak.
(B) Ona, emaitza onak ditu estatu-mailan, baina hobetu egin behar du datozen urteetan nazioarteko erreferentzia-zentrotzat hartu ahal izateko. 77 puntu edo gehiago eta 90 puntu baino gutxiago dituzten entitateak biltzen ditu.
(C) Hobe daitekeena, zentroak norabidea berriro zuzentzeko aldaketak behar ditu; izan ere, egungo azpiegiturak edo duen garapenak ez dute bermatzen etorkizunean bikaintasun-zentrotzat hartu ahal izatea. 65 puntu edo gehiago eta 77 puntu baino gutxiago dituzten entitateak.
(D) Ez nahikoa, zentroa deialditik kanpo geratzen da. 65 puntu baino gutxiago lortzen dituzten entitateak.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
6.– Aholku Batzorde Zientifikoak, eskabidearekin batera bidalitako agiriak ikusi ondoren, zentroaren esperimentaltasun-maila zehaztuko du, 0tik 10era. Ohiko jarduera zientifikoa garatzeko behar diren instalazio, laborategi eta tresneria espezifikoak izateko egiaztatutako beharren arabera zehaztuko da maila hori.
7.– Aholku Batzordeak, gainera, kalitate-adierazleen proposamen bat eta emaitzen ebaluazioa egingo dirulaguntza gauzatzeko aldian, ekoizpen zientifikoari, prestakuntza-gaitasunari, langileak erakartzeari eta funtsak lortzeari dagokionez. Gainera, beste kalitate-adierazle mota batzuk sartu ahalko ditu, hauei lotuta: bikaintasuna, elkarlana, sareak, ezagutza transferitzea eta zabaltzea.
Hori zenbakiz zehazteko, datozen lau urteetarako entitateak diseinatutako jarduera-planean sartutako adierazleetatik eta aurreko urteetan erakutsitako ahaletik abiatuko da Aholku Batzordea. Entitate onuradunak proposatutako adierazleak dagoeneko erakutsitako ahal eta bilakaerarekin bat ez badatoz edo horien azpitik badaude, Aholku Batzordeak, hori finkatzeko, proposatutako adierazleen gaineko programa estrategikoetan entitateek egindako justifikazioa hartuko du aintzat. Gainera, horretarako, txostenak eskatu ahalko dizkie entitate bakoitzaren espezializazio-alorrean entzute handia eta ebaluazioak egiten eskarmentua duten ikertzaileei.
10. oinarria.– Esleitzeko prozedura.
Dirulaguntzen esleipena bi fasetan egingo da:
1.– Zentro bakoitzaren egiturazko finantzaketa zehaztea. Entitate onuradunen egiturazko finantzaketa honako lau osagai hauen arabera zehaztuko da: alokatze-gastuetarako modulua, azpiegitura handi bereziei laguntzeko modulua, esperimentaltasun-modulua eta oinarrizko gastuen modulua. Lehenengo hiruak eskabidean behar bezala egiaztatutako finantzaketa-beharren arabera zehaztuko dira. Laugarrena, berriz, zenbateko finkoa da entitate onuradun guztientzat.
Alokatze-gastuen moduluari emateko zenbatekoa eraikinak eta lokalak errentan hartzeko egiaztatutako gastuen arabera zehaztuko da, eta 2026-2029 aldirako errentamendu-gastu horien bilakaeraren justifikazioaren arabera. Alokatze-modulua eman ahal izateko, zentroaren alokatze-koefizientea aplikatuko da, eta % 80tik gorakoa izan beharko da. Honela zehaztuko da: zentroaren alokatutako azaleraren eta zentroak jabetzan duen azalera osoaren arteko erlazioan, erabilera edo usufruktuan (m2-tan). Justifikatutako errentamendu-gastuen % 80 finantzatuko da gehienez, eta gehienez ere 250.000 euro urtean.
Azpiegitura handi bereziei laguntzeko moduluan eman beharreko zenbatekoa azpiegitura horien kudeaketan espezializatutako ikertzaileen gastuak zehaztuko du. Azpiegitura handi berezitzat hartuko dira soilik honako hiru baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Erosketa-kostua 1,5 M eurotik gorakoa izatea.
b) Bakarra izatea Euskadin.
c) Irekita egotea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste zentro batzuetako ikertzaileek erabiltzeko.
Modulu honetan, gehienez, 200.000 euro finantzatuko dira urteko.
Aholku Batzorde Zientifikoak entitate bakoitzari esleitutako esperimentaltasun-mailaren arabera zehaztuko da esperimentaltasun-moduluan emateko zenbatekoa, eta gehienez 200.000 euro urteko.
Laburbilduz, laguntzaren zenbatekoak kontzeptu horietarako honako hauek izango dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
C kategorian ebaluatutako zentroen kasuan, oinarrizko gastuen modulua aplikatuko da bakarrik, eta, beraz, zentro horiek bakarrik izango dute urtean 400.000 euroko egiturazko finantzazioa.
2.– Finantzaketa nagusia zehaztea.
Lehenik eta behin, A+ gisa ebaluatutako entitateek finantzaketa nagusi bezala jasoko dituzte urtean 700.000 euro gehienez. Modulu horren guztizko zuzkidura 5 milioi eurokoa izango da, kategoria horretan sartutako entitateen artean hainbanatua, aipatu urteko muga dutela.
Esleitzeke dauden zenbatekoak ebaluazioan 77 puntu gainditzen dituzten entitateetako bakoitzak lortutako bikaintasun-puntuen proportzioan esleituko dira. Lortutako notari 77 puntu kenduta lortzen dira bikaintasun-puntuak.
C kategorian ebaluatutako zentroek ez dute jasoko finantzaketa nagusirik.
3.– Onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzak ezingo du gainditu 5. oinarriaren 2. apartatuan adierazitako jarduera ez-ekonomikoaren kostuaren portzentajea, ez eta eskatutako zenbatekoa ere. Horietako kasuren bat ematen bada, 77 puntu baino gehiagoko puntuazioa duten gainerako entitateen artean banatuko da zenbateko soberakina lortutako bikaintasun-puntuen proportzioan.
11. oinarria.– Hautaketa-batzordea.
1.– Ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordera bidaliko dira, hari baitagokio emaitzetatik ateratako ondorioak laburbilduko dituen akta egitea.
2.– Hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea: Zientzia Politikako zuzendaria (batzordeburua izango da), Berrikuntza zuzendaria eta, Zientzia eta Berrikuntza Sailburuordetzako teknikari bat (idazkari-lanetan jardungo du).
3.– Hautaketa Batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, eta agindu honen 10. oinarrian ezarritakoaren arabera esleituko ditu baliabideak.
4.– Hautaketa Batzordeak, gainera, Ikerbasque Fundazioaren Aholku Batzordeak laguntza gauzatzeko aldian proposatutako kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa baieztatuko ditu.
12. oinarria.– Ebazpen-proposamena.
1.– Deialdiaren ebazpen-proposamena prestatuko du Zientzia Politikako zuzendariak.
2.– Proposamena dirulaguntza ematearen aldekoa bada, hauxe adierazi beharko da bertan: entitate onuraduna, betearazpen-epea, guztira esleitutako zenbatekoa eta dirulaguntzaren urteko kuotak, eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa.
3.– Proposamena kontrakoa bada, identifikatu behar da zein entitateek eskatzen duen dirulaguntza eta zergatik ukatzen zaion laguntza.
13. oinarria.– Ebazpena.
1.– Zientzia eta Berrikuntza sailburuordeari dagokio dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematea.
2.– Zientzia eta Berrikuntza sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak, Hautaketa Batzordeak egindako ebazpen-proposamena aintzat hartuta. Arrazoitu egin beharko da ebazpen hori, eta hauek jasoko ditu: entitatearen identifikazioa, betearazteko epea, guztira esleitutako zenbatekoa, dirulaguntzaren urterokoak eta, kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa. Ebazpena Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Egoitza Elektronikoko taula elektronikoan argitaratuko da, helbide elektroniko honetan: www.euskadi.eus/servicios/0174904
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, gehienez ere, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Emandako laguntzak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat igorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara. Horrez gain, publizitate-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren entitate onuradunak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaien, bai eta kalitate-adierazleak eta emaitzen ebaluazioa ere, iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.
5.– Aurreko 4. apartatuan ezarritakoaz gain, Zientzia Politikako Zuzendaritzak egindako argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote informatika-aplikazioaren bidez; horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
14. oinarria.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak urtero ordainduko dira zatika, urte bakoitzaren lehen hiruhilekoaren barruan % 80ko aurrerakina ordainduz eta gainerako % 20a hurrengo urtean likidatuz.
2.– 16. oinarrian ezarritako kontrolen mende egongo dira ordainketak.
3.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko entitate onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da.
15. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Entitate onuradunak urtero aurkeztuko ditu laguntza gauzatu izanaren jarraipena egiteko agiri hauek:
a) Auditoretza-txosten bat, entitate onuradunaren egoera finantzarioari buruzkoa. Auditoreak jardule gisa inskribatuta egon behar du Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritzako Institutuaren mende dagoen Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean. Txosten hori egiteak sortutako gastua diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da.
b) Txosten ekonomiko laburtua, entitate onuradunaren jarduera ez-ekonomikoaren zenbatekoari buruzko kontu-auditorearen ziurtagiria jasotzen duena. Gainera, fitxategi bat erantsiko da aplikazioaren bidez, dirulaguntzari egotzitako gastuen inguruan honako informazio hau jasoko duena:
– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.
– Faktura: erreferentzia.
– Faktura: jaulkipen-data.
– Faktura: ordainketa-data.
– Faktura: deskribapena.
– Faktura: hirugarrena (IFK/NAN).
– Faktura: hirugarrena (Izena/Sozietatearen izena).
– Faktura: zenbateko osoa.
– Faktura: zerga-oinarria.
– Faktura: BEZa.
– Dirulaguntzari egotzitako zenbatekoa.
– Ordainketa-frogagiria.
c) Ziurtagiri bat, entitate onuradunaren legezko ordezkariak egina, ekitaldi horretan beste erakunde publiko edo pribatuetatik deialdiaren helburu bererako jasotako laguntza guztiei buruzkoa.
2.– Horrez gain, entitate onuradunak, aurreko apartatuan adierazitako dokumentuekin batera, laguntza gauzatzearen jarraipen-dokumentu hauek aurkeztuko ditu bi urtean behin (2028 eta 2030):
a) 13.2 oinarriaren a) apartatuan ezarritako xedeen betetze-mailari buruzko txostena.
b) Laguntza eman zenetik egindako jardueren txostena.
3.– 15.1 apartatuko justifikazio-agiriak 2027, 2028, 2029 eta 2030eko ekitaldietako lehenengo seihilekoan aurkeztu beharko dira. 15.2 apartatuko egiaztagiriak 2028ko eta 2030eko urtarrilaren 31 baino lehen entregatuko dira, hurrenez hurren.
4.– Oinarri honetan aipatzen diren agiriak bide telematikoz aurkeztuko dira, agindu honen 7. oinarriaren 1. apartatuan zehazten den helbide elektronikoan.
5.– Entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta laguntzaren xede izan diren fakturak eta gastuak egiaztatzeko gainerako agiriak gorde beharko dituzte gutxienez bost urtez, lehen adierazitako justifikazio-epea amaitzen denetik aurrera.
16. oinarria.– Jarraipena eta kontrola.
1.– 2026-2027 biurtekoa.
15.2 oinarrian, 2026 eta 2027 urteetarako zehaztutako agiriak 2028ko lehen hiruhilekoan ebaluatuko dira. Ebaluazio horretan, lehen biurtekoan erdietsitako zientzia-, kudeaketa- eta lankidetza-lorpenak aztertuko dira, bere gain hartutako konpromisoei dagokienez, 13.2) oinarrian adierazita.
Ikerbasque Fundazioko Aholku Batzorde Zientifikoak ebaluazioa egin eta, jarraipen zientifiko eta teknikoko txosten indibiduala egingo du. Ebaluazioaren emaitza 2028ko martxoaren 31 baino lehen jakinarazi beharko da. Emaitza ezezkoa bada, ekintza-plan zuzentzaile espezifiko bat eskatuko zaio entitateari, txostena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, eta aholku-batzordeak ez badio oniritzia ematen, 2028-2029 biurtekorako emandako laguntza galtzea ekarriko du.
2.– Laguntza gauzatzeko aldiaren amaiera.
Laguntza gauzatzeko bigarren biurtekoa amaitu ondoren, lehen zehaztu den ebaluazio-prozedura errepikatuko da laguntza gauzatzeko aldi osoari dagokionez (2026-2029). Emaitza ezezkoa bada, ulertuko da ez-betetzea egon dela, eta agindu honen 20. oinarrian xedatutakoaren arabera jokatuko da.
17. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan araututako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:
a) Dirulaguntza eman den jardueretarako erabiltzea, nahiz eta Zientzia Politikako Zuzendaritzak onartu ahal izango dituen jarduera horiek burutzerakoan sor litezkeen aldaketak, betiere aldaketa horiek guztiz justifikatzen badira, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honetan ezarritako moduan.
b) Kostu-kontrolari eustea, entitate onuradunak burutzen duen jarduera ekonomikoa eta ez-ekonomikoa bereizteko.
c) Zientzia Politikako Zuzendaritzari laguntzea onartutako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen duen guztia egiaztatzeko, eta eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.
d) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, hamar urtez gutxienez.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen zaien informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak betez.
f) Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea xede bererako edo antzeko helburuetarako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu izana beste edozein administrazio, ente publiko edo pribatu batzuetatik.
g) Publizitate egokia ematea agindu honetan aurreikusitako laguntzen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoari.
h) Zuzendaritza zientifikoko titularrak kargua utziz gero, Zientzia Politikako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio hura betetzeko prozedura.
18. oinarria.– Organo kudeatzailea.
Zientzia Politikako zuzendaria da deialdi honen organo kudeatzailea.
19. oinarria.– Entitate laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ikerbasque Fundazioa erakunde laguntzaile izendatzen da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritako baldintzetan, eta dagozkion lankidetza-hitzarmenen bidez gauzatuko da.
Era berean, ezingo dira entitate onuradunak izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako egoeraren batean daudenak.
2.– Lankidetza-esparrua dagokion lankidetza-hitzarmenean formalizatuko da, betiere aipatutako legearen 12. artikuluaren 6. eta 7. apartatuen arabera.
3.– Ikerbasque Fundazioak, entitate laguntzaile gisa, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko kudeaketa-lanak.
b) Jarraipen-prozesuak definitzeko eta ezartzeko proposamena.
c) Lortutako emaitzen bitarteko eta amaierako ebaluazioa kudeatzea.
4.– Zientzia Politikako Zuzendaritzak eskatuta, Ikerbasque Fundazioak programa ondo kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein jarduketetan lagunduko du, eta hori dela-eta zuzendaritza horrek egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartuko ditu.
20. oinarria.– Ez-betetzea eta dirua itzultzea.
1.– Ezingo da eskatu laguntza ordaintzea, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dagokien dirulaguntzen arloko berandutze-interesak eskatu ahalko dira, baldin eta onuradunak erabateko ez-betetze egoera hauetakoren batean badaude:
a) Dirulaguntza lortu badute eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz laguntza lortzea eragotziko luketen baldintzak.
b) Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedeak, jarduera edo proiektua ez betetzea edo eskatzen den portaera ez izatea. Horri dagokionez, ez-betetzea emango da aginduaren 16.3 oinarriak xedatutako azken ebaluazio-prozedura gauzatu eta gero.
c) Justifikatzeko eginbeharra ez betetzea. Finantza daitekeen inbertsioa egin dela justifikatzeko behar diren agiriak ez badira aurkezten, organo emaileak eskaera egin eta 15 egun balioduneko epean, jasotako zenbateko ez justifikatuak itzuli egin beharko dira.
d) Emandako zenbatekoaren % 25 baino gutxiago erabili bada.
2.– Ez-betetze partzialtzat hartuko da emandako laguntzaren erabilpen osoa ez egitea, % 25 baino gehiagokoa bada. Kasu horretan, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere laguntzen onuradun izateko agindu honen 3. oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.
3.– Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera; horietan, dirulaguntzak itzultzeko prozedura eta itzultzera behartuta dauden entitateak arautzen dira.
21. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, edozein kasutan, beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota, hala badagokio, bestelako diru-sarrerarik edo baliabiderik balego helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda ahal izango da; betiere, entitate onuraduna izateko agindu honen 3. oinarrian ezarritako gutxieneko baldintzak eta laguntzen xedeari dagokionez 4. oinarrian ezarritakoa betetzen badira.
2.– Halaber, aurrera eraman beharreko jarduketak egiteko epea luzatu ahal izango du, salbuespen gisa, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak; horretarako, beharrezkoa da aurretik entitate onuradunak eskabidea egin eta justifikatzea, eta alegatzen diren arrazoiek luzapen hori justifikatzea.
3.– Zientzia Politikako zuzendariak aldaketak onar ditzake jardueretan, betiere aldez aurretik aldaketak egitea eskatzen badu entitate onuradunak eta amaitu aurretik guztiz justifikatzen baditu, eta ez baditu desitxuratzen lortu nahi diren izaera eta helburuak.
22. oinarria.– Datu-babesa.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatuko dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa-sustatzeko). Informazio hau jasoko da:
Arduraduna: Zientzia Politikako Zuzendaritza; Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila.
Xedea: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: eskatzaileak datuak eskura izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea du, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea dago gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
RSS