Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5472

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 15ekoa, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariarena, aditzera ematen duena Aralar aldeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egiten hasi dela, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 26. artikuluan ezarritako kautelazko babesaren ondorioetarako.

Aralarko eremua natura-balio handiko eremua da, eta gaur egun natura-ondarearen bi eremu babestu daude han: (1) naturagune babestua (natura-parke bat da), eta (2) Natura 2000 Sareko naturagune babestua (kontserbazio bereziko eremu bat da).

Izan ere, Aralar aldeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana apirilaren 26ko 168/1994 Dekretuaren bidez onartu zen. Gero, eremua natura-parke izendatu zen, Aralar Aldea Parke Naturaltzat jotzen duen apirilaren 26ko 169/1994 Dekretuaren bidez.

Geroago, maiatzaren 31ko 84/2016 Dekretuaren bidez (84/2016 Dekretua, maiatzaren 31koa, Aralar (ES2120011) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko dena), kontserbazio bereziko eremuaren babes-figura hori eratu zen, natura-parkearen mugak gainditzen zituen lurralde batean eratu ere. Hala ere, maiatzaren 31ko 84/2016 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan jada ezarri zen izapideak hasiko zirela «parke naturalaren eta kontserbazio bereziko eremuaren mugak zehazki bat etor daitezen eta NBAPa naturagune babestuen tipologia biak arautzen dituen dokumentu bakarra izan dadin».

Izapidetze honen xedea da lurralde horiek –kontserbazio bereziko eremukoa eta natura-parkekoa– bat etortzeko hartu behar diren neurriak hartzea.

Mota horretako kointzidentziak aurreikusita, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 38.1 artikuluak xedatzen duenez, leku berean naturagune babestuen hainbat kategoria gainjartzen direnean, babesaren koherentzia eta kategoria bakoitzari aplikatu beharreko araubideen arteko koordinazioa bermatzeko, eremu bakoitza erregulatzen duten arauak eta tipologia bakoitzaren plangintza-tresnak dokumentu integratu bakar batean bateratu beharko dira. Artikulu beraren 2. apartatuak ezartzen duenez, gainjartzen diren kategorien artean natura-baliabideak antolatzeko plan bat duen bat dagoenean, integrazioa plangintza-tresna horretan gauzatu behar da.

Era berean, apirilaren 26ko 168/1994 Dekretuaren bidez Aralar aldeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onartu zenetik, arauetan funtsezko mugarriak izan dira –bereziki, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta Euskadiko Natura Ondarea Babesteari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legea–, antolatzeko planetan eta biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzeko eta lehengoratzeko zereginean eragiten dutenak.

Orobat, erabakitasunez aurrera egin da ingurumen-alderdiak politika sektorialetan integratzen, ingurumen-ebaluazioaren bidez; batez ere, politika horiek ingurumen-interes handiko espazioetan garatzen direnean edo haiei eragiten dietenean.

Horregatik, egin beharreko egokitzapenen garrantzia kontuan hartuta, komenigarria da baliabide naturalak antolatzeko planaren aldaketa hutsa ez egitea, baizik eta baliabide naturalak antolatzeko plan berri bat onartzea Aralarko eremurako.

Horri dagokionez, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 25.2 artikuluak xedatzen du Aralarko eremuko natura-baliabideak antolatzeko plana onartzeko izapideak Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean araututakoarekin bat etorriz egin behar direla.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 12.1 artikuluaren arabera, xedapen orokorrak egiteko prozedura xedapen horien gaian eskumena duen saileko sailburuaren aginduz hasiko da.

2025eko abenduaren 12ko Aginduaren bidez, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak ebatzi zuen Aralar aldeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana egiteko prozedura hastea.

Bestalde, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 25. artikuluak 2. puntuan ezartzen duenez, prozedura hasteko agindua eman ondoren, prozeduraren hasiera jakinaraziko da natura-ondarearen arloko zuzendari eskudunaren ebazpen bat EHAAn argitaratuta, 26. artikuluan jasotako kautelazko babesaren ondorioetarako.

Horrenbestez, eta bat etorriz abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan ezarritakoarekin, zeinaz Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aralar aldeko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana egiten hasi dela jakinaraztea, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 26. artikuluan ezarritako kautelazko babesaren ondorioetarako.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 15a.

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendaria,

ADOLFO URIARTE VILLALBA.


Azterketa dokumentala