Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5467

238/2025 DEKRETUA, abenduaren 9koa, zeinaren bidez baimena ematen zaion, batetik, Euskal Energia Erakundeari Bioartigas SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei sozietate horren estatutuen 5. artikulua aldatzeko onespena emateko.

2025eko maiatzaren 7an, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) Zuzendaritza Kontseiluak erabaki zuen EEEri baimena ematea Bioartigas SAren kapital-zabalkuntzan parte hartzeko eta kapital-zabalkuntzaren % 50a sinatzeko, aktiboak baloratzeko txostenean Merkataritza Erregistroak horretarako izendatutako aditu independenteak zehazten duen diru-ekarpenaren baliokidea eginez. Gobernu Kontseiluak zabalkuntza onartu ondoren gauzatuko da eragiketa.

Bioartigas SA sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2025eko ekainaren 27an, honako erabaki hauek hartu zituen:

– Diruzkoa ez den ekarpenaren bidez kapitala handitzeko proposamena.

Akziodunen Batzar Orokorrari proposatu zaio 5.335.557,80 euroko kapital-gehikuntza onartzea, akta honen 1. eranskin gisa erantsitako txostenean deskribatzen diren aktiboei diruzkoa ez den ekarpena eginda. Horretarako, A serieko 887.780 akzio izendun jaulkiko dira, 51.001 zenbakitik 938.780 zenbakira, biak barne. Akzio bakoitzaren balio nominala 6,01 eurokoa izango da, eta Bilboko Udalak harpidetu eta ordainduko ditu guztiak.

Proposatu da akzio bakoitzeko 0,0000023767149522801500 euroko jaulkipen-primarekin jaulkitzea; hau da, 2,110000000335280000 euro guztira.

Horrela, kapital-gehikuntzaren zenbateko nominala (5.335.557,80 euro) gehi jaulkipen-primaren guztizko zenbatekoa (2,110000000335280000 euro) 5.335.559,91 euro dira; hau da, zenbateko horretan baloratu ditu Merkataritza Erregistroak izendatutako aditu independente Pedro Hernandez jaunak ez-diruzko ekarpenaren xede diren aktiboak.

– Diruzko ekarpenaren bidez kapitala handitzeko proposamena.

Akziodunen Batzar Orokorrari proposatu zaio 5.335.557,80 euroko kapital-gehikuntza onartzea. Horretarako, B serieko 887.780 akzio izendun jaulkiko dira, 938.781 zenbakitik 1.826.560 zenbakira, biak barne. Akzio bakoitzaren balio nominala 6,01 eurokoa izango da, eta Energiaren Euskal Erakundeak harpidetu eta ordainduko ditu guztiak.

Proposatu da akzio bakoitzeko 0,0000023767149522801500 euroko jaulkipen-primarekin jaulkitzea; hau da, 2,110000000335280000 euro guztira.

Horrela, kapital-gehikuntzaren zenbateko nominala (5.335.557,80 euro) gehi jaulkipen-primaren zenbateko osoa (2,110000000335280000 euro) 5.335.559,91 euro dira.

Energiaren Euskal Erakundeak Bioartigas SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartuko du, bost milioi hirurehun eta hogeita hamabost mila bostehun eta berrogeita hemeretzi euro eta laurogeita hamaika zentimoz (5.335.559,91), hau da, gehikuntzaren % 50az. Izan ere, guztira, hamar milioi seiehun eta hirurogeita hamaika mila ehun eta hemeretzi euro eta laurogeita bi zentimo (10.671.119,82) da gehikuntza.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango du indarra.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak halabeharrez adieraziko ditu, non eta ez den doako titulu modura eskuratzen, sozietatearen helburua eta EAEk sozietatean –izan zuzenean zein zeharka– izango duen partaidetzaren ehunekoa.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 111.2 artikuluak ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen saileko sailburuak biek batera proposaturik.

Bioartigas SA sozietatearen xedea honako hau da:

– Zabortegietan dagoen energia aprobetxatzea, bai kanpoko erabileretarako, bai barneko erabileretarako, zabortegiaren instalazioetan bertan, eta hirugarrenei aholkularitza teknikoa ematea aprobetxamendu horri buruz. Sozietateak, zehazki, 1.350 kW-ko potentzia duen biogas-instalazio bat du Artigasko zabortegian instalatua.

– Energia hidroelektrikoa aprobetxatzea, presaren alboan eta hornidura-kanaletan kokatutako instalazioen bidez. Ildo horretan, sozietateak Ordunteko zentral hidroelektrikoa ustiatzen du, zeinak 535 kW-ko potentzia instalatua duen.

– Beste edozein motatako energia berriztagarriak eta efizientzia energetiko handiko sistemak sustatzea, jarduera-eremuan azterlanak, proiektuak eta obrak eginez, bai eta hirugarrenei aholkularitza teknikoa emanez ere.

– Energia berriztagarrietan eta efizientzia handiko sistemetan oinarritutako energia ekoizteko, banatzeko eta hornitzeko sistemak eraikitzea eta ustiatzea.

Sozietateak bere xedearen barruko ekintzak, osorik edo zati batean, zeharka gara ditzake, xede berdina edo antzekoa duten sozietateetan parte hartuz.

Kapitala handitzeko arrazoia hauxe da: Zorrotzaurre uhartean oso tenperatura baxuko klimatizazio-sistema hiritarra abian jartzea.

Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak batera proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen zaio Energiaren Euskal Erakundeari Bioartigas SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan bost milioi hirurehun eta hogeita hamabost mila bostehun eta berrogeita hemeretzi euro eta laurogeita hamaika zentimoz parte hartzeko (5.335.559,91), zabalkuntzaren % 50az, alegia. Eragiketa horren ondoren, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan.

2. artikulua.– Energiaren Euskal Erakundearen titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea, kapital-zabalkuntza dela-eta, Bioartigas SA sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, kapital sozialaren zenbateko berria adieraziko da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala