
246. zk., 2025eko abenduaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 11 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5451
236/2025 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Energia Berriztagarrien Kanonaren Erregelamendua Onartzen duena.
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legeak energia berriztagarrien kanona arautzen du VI. kapituluko 2. ataleko hamaika artikulutan: 65-75 artikuluak. 65. artikuluak energia berriztagarrien kanonaren xedea eta izaera definitzen ditu, eta markatzen du zein diren honako artikulu hauek interpretatzeko jarraibideak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezinean ezarritako energia berriztagarrien instalazioei eragiten die, ustiapenean egon edo ez.
– Karga bat ezartzen du ezarpen hutsak natura-ingurunean eta lurraldean eragiten dituen afekzio eta inpaktu kaltegarriak direla eta.
– Zerga zuzen bat da, aldizkakoa, benetakoa, izaera estrafiskalekoa eta konpentsatzekoa; izan ere, harekin bildutakoa erabiltzen da legeak berak definitutako jarduketak garatzeko.
Horrela, dekretuak onartzen duen erregelamenduko artikuluak zuzentzen dira taxutzera zein diren zergaren elementuk, eta haietako batzuk espresuki jotzen dute erregelamendu-lankidetzara, haien erregulazioa osatzeko. Hori da, hain zuzen ere, 70. artikuluaren kasua; izan ere, kanona eta haren aldaketak kuantifikatzeko beharrezkoak diren datuei, ezaugarriei eta inguruabarrei buruzko deklarazioak aurkezteko moduari, epeari eta lekuari buruzkoa da, eta, hedaduraz, aldaketa- eta baja-deklarazioei buruzkoa, parke eolikoa edo eguzki-parke fotovoltaikoa desegiten direnerako; eta parke eolikoen eta eguzki-parke fotovoltaikoen erregistroa konfiguratzeko eta mantentzeko egitura eta edukiari eta prozedurei buruzkoa; bai eta zehaztutako tributu-zorraren autolikidazioa eta ordainketa aurkezteko moduari, epeei eta tokiari buruzkoa ere.
73. artikuluak, bere aldetik, ezartzen du ezen kanonetik eratorritako diru-sarrerak, kudeaketa-gastuak kendu ondoren, erabiliko direla energia berriztagarrien instalazioek eragiten dieten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, ingurumena kontserbatzeko, berrezartzeko eta lehengoratzeko, bai eta, bestalde, energiaren erabilera arrazionala bultzatzeko eta sustatzeko, energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamenduaren eraginkortasuna handitzeko, lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko, natura-ondarea kontserbatzeko eta baliabide naturalak aisialdiko eta hezkuntzarako erabiltzeko ere.
Azkenik, 75. artikuluak dio dekretu bidez zehaztuko dela zer organo arduratuko den kanona kudeatzeaz, Eusko Jaurlaritzan energiaren eta klima-aldaketaren arloan eta ogasunaren arloan eskumena duten sailek batera proposatuta.
Erregelamenduak lau kapitulu. ditu. I. kapituluak zenbait xedapen orokor jasotzen ditu xedeari buruz, zenbait zehaztapen kanonaren izaerari buruz, salbuespenei eta lotutako energia berriztagarrien instalazioei buruz, eta energia berriztagarrien kanonaren inguruan emandako egintzak berrikusteari buruz eta aplikatu beharreko araudiari buruz. Azken alderdi horri dagokionez, komeni da bi arau ekartzea, zuzenean aplikatuko direnak energia berriztagarrien kanona kudeatzeko: Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartua.
II. kapitulua energia berriztagarrien kanonaren kudeaketari buruzkoa da, eta bi ataletan banatzen da. Lehenengoak arau komun batzuk jasotzen ditu kanona kudeatzeko: zehazten da zein den kudeaketa-organoa; ezartzen da energia berriztagarrien instalazio bat baino gehiagoren titularrek tributu-betebeharrak banaka bete beharko dituztela haietako bakoitzarentzat, salbu eta erregelamenduak berak adierazten duenean betetzeak guztiei eragin behar diela, dagokion autolikidazioaren bidez tributu-zorra kalkulatzean gertatzen den bezala; tributu-administrazioarekin elektronikoki harremanak izateko betebeharra; edo ogasun-arloko titularraren agindu batera igortzea tributu-ereduak onartzeko. 2. atalak arautzen du nola likidatu eta ordaindu energia berriztagarrien kanona; hargatik eragotzi gabe ezen, kasu batzuetan, zergadunek autolikidazio-proposamena aurkeztu behar dutela, organo kudeatzaileak bidali beharreko ebazpen-proposamenaren figurara jotzen da.
III. kapituluak Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroa arautzen du, energia berriztagarrien kanona kudeatzeko oinarrizko tresna den aldetik.
Eta IV. kapitulua da energia berriztagarrien kanonaren bidez bildutako diru-sarreren erabilerari buruzkoa. Bertan, argi eta garbi bereizten dira hiru jarduera-mota, bai haiekin lortu nahi diren helburuei dagokienez, bai haiek garatzen diren lurralde-eremuari dagokionez: energia berriztagarrien instalazioek eragiten dieten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan ingurumena kontserbatu, berrezarri eta lehengoratzeko; eta energiaren zentzuzko erabilera bultzatu eta sustatzeko.
Ondorioz, dagozkion izapideak egin ondoren, Ogasun eta Finantza sailburuak eta Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna sailburuak batera proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko abenduaren 9an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Energia berriztagarrien kanonaren Erregelamendua onartzea.
Onartu egiten da Energia Berriztagarrien Kanonaren Erregelamendua, zeinaren testua jarraian eransten da baita.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ezarritako instalazioak inskribatzea.
Dekretu hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak inskribatuko du energia berriztagarrien zer instalazio ezarri diren Euskal Autonomia Erkidegoan instalazioak, baldin eta zergapean badaude eta salbuetsita ez badaude dekretu hau onartzen duen erregelamenduaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Autolikidazioak.
Erregelamenduaren 15. artikulua ez da aplikatuko energia berriztagarrien kanona lehen aldiz likidatzean. Zergadunek 2025. urteari dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dekretu hau indarrean jarri eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Erregistroa hasieran martxan jartzea.
Harik eta erregistroaren funtzionamenduari buruzko erregelamendu-garapen espezifikoa onartu arte, organo eskudunak hasi ahal izango ditu hura abian jartzeko egin beharreko jarduerak, eta izapidetu ahal izango ditu inskripzio-eskaerak eta kanonari lotutako instalazioekin lotutako gainerako komunikazioak baldin eta salbuetsita ez badaude dekretu hau onartzen duen erregelamenduaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aldi iragankor horretan jarduketak arautzeko, organo horrek bere kudeaketa-ahalmenak erabili ahal izango ditu ezartzeko zer irizpide erabili.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2025eko abenduaren 9an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
ABENDUAREN 9KO 236/2025 DEKRETUAREN ERANSKINA
ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KANONAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Kanonaren izaera.
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 65. artikuluaren arabera, energia berriztagarrien kanona zerga zuzen bat da, aldizkakoa, izaera estrafiskalekoa, erreala eta konpentsaziozkoa. Zerga horrek zergapetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoru urbanizaezinean ezarrita dauden energia berriztagarrien instalazioak, ustiapenean egon ala ez, sortzen dituen eraginengatik.
2. artikulua.– Salbuespenak.
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 67. artikuluan ezarritakoaren arabera, kanonetik salbuetsita egongo dira autokontsumo elektrikoko instalazioak, energia elektrikoaren autokontsumoa arautzen duen indarreko araudiaren arabera definitutakoak, eta 5 MW-tik beherako potentzia sortzen dutenak, salbu eta instalazio horiek pertsona fisiko edo juridiko edo erakunde bereko beste batzuekin edo lotutako beste pertsona edo erakunde batzuekin batera 5 MW-ko edo gehiagoko potentzia ematen badute sarean, ebakuazio-linea beraren bidez.
3. artikulua.– Lotutako pertsonak edo erakundeak.
Baldin eta energia berriztagarriko pertsona edo erakunde titularra ez bada ustiategiko titularra, instalazioko titularra eta instalazioko administrazio-baimeneko titularra, ulertuko da lotura bat dagoela pertsona edo erakunde horien artean, salbuespenak aplikatzeko eta energia berriztagarrien kanona aplikatzeko, eta, bereziki, tributu-zorra kalkulatzeko.
4. artikulua.– Berrikustea.
Interesdunek erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Ekonomia Arduralaritzako Epaitegian, energia berriztagarrien kanonarekin zerikusia duten egintza edo jarduketa berrikusgarrien aurka, auzitegi hori arautzen duen araudian aurreikusitakoaren arabera.
5. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Energia berriztagarrien kanona arautzen dute Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen VI. kapituluaren 2. atalak, erregelamendu honek eta aipatutako lege hori garatzen duten gainerako arauek, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduak, tributu-arloko xedapen orokorrek edo haiek ordezten dituzten eta aplikatzekoak diren beste batzuek.
II. KAPITULUA
ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KANONA KUDEATZEA
1. ATALA
ARAU KOMUNAK
6. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
1.– Eusko Jaurlaritzan tributu-administrazio arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio zuzentzea nola kudeatzen den energia berriztagarrien kanonaren borondatezko aldia eta bilketa-lanak zuzentzea eta gainbegiratzea.
2.– Eusko Jaurlaritzan deskarbonizazio-arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio, borondatezko epean, energia berriztagarrien kanona kudeatu, ikuskatu eta biltzea.
3.– Eusko Jaurlaritzan diruzaintza-arloko eskumena duen zuzendaritzari dagokio energia berriztagarrien kanona biltzea betearazpen-aldian, eta kudeatzea nola deribatzen zaien zorra arduradun subsidiarioei.
7. artikulua.– Energia berriztagarrien instalazioen aniztasuna.
Pertsona fisiko edo juridiko bera energia berriztagarrien instalazioen ustiategi baten baino gehiagoren titularra denean, edo, hala badagokio, energia berriztagarrien instalazio baten baino gehiagoren edo energia berriztagarriak instalatzeko administrazio-baimen baten baino gehiagoren titularra denean, energia berriztagarrien kanona instalazio bakoitzeko sortuko da, eta pertsona hori izango da erantzulea instalazio bakoitzeko tributu-betebeharrak betetzeko orduan, hargatik eragotzi gabe erregelamendu honetan elkarrekin betetzeko ezartzen diren betebeharrak.
8. artikulua.– Prozedura elektronikoa.
1.– Energia berriztagarrien kanona bitarteko elektronikoen bidez izapidetu eta kudeatuko da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bidez, administrazio elektronikoari buruzko araudian jasotako preskripzioen arabera.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Interneteko atariak (euskadi.eus) informazioa emango du energia berriztagarrien kanona biltzeko prozedurari buruz; jarraibideak argitaratuko ditu jakiteko zer izapide egin behar diren kanona likidatzeko eta ordaintzeko, eta argitara emango ditu erantzukizunpeko adierazpenen ereduak aditzera emateko zein diren Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 70.1 artikuluak aipatzen dituen datuak; era berean, beste formulario batzuk ere argitaratuko ditu, beharrezkoak direnak Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan sartzeko eta kanona likidatzeko eta ordaintzeko.
3.– Eusko Jaurlaritzan ogasun-arloko eskumena duen sailak laguntza-programa informatikoak ezarri ahal izango ditu energia berriztagarrien kanona kudeatzeko eta likidatzeko.
9. artikulua.– Behin-behineko ebazpenak.
Kudeaketa-organoak behin-behineko ebazpenak eman ahal izango ditu, energia berriztagarrien kanonaren kudeaketak hala eskatzen duenean.
10. artikulua.– Ereduak.
Ogasun-arloko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez, tributu-ereduak onartuko dira energien berriztagarrien kanonaren autolikidazioak aurkezteko, eta kanona kudeatzeko beharrezkotzat jotzen direnak kudeatzeko.
11. artikulua.– Berdintasuna, hizkuntza-normalizazioa eta datu pertsonalak babestea.
Erabilitako kudeaketa-modua edo -tresna edozein dela ere, errespetatu beharko dira indarrean dauden xedapenak, hala berdintasun-arlokoak eta hizkuntza-normalizazio arlokoak nola datu pertsonalak babesteko arlokoak.
2. ATALA
ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KANONA LIKIDATZEA ETA ORDAINTZEA
12. artikulua.– Autolikidazioak.
1.– Zergadunek dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko dute tributu-zorra zehazteko eta hura ordaintzeko.
2.– Zerga-urteko urtarrilean egin beharko da autolikidazioa, eta ordaindu beharko da tributu-zorra, autolikidazioan zehazten dena. Instalazio bakoitzeko likidazio bat aurkeztuko da.
3.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko otsailaren 8ko 1/2024 Legearen 69. artikuluan aurreikusitakoaren arabera:
a) Energia berriztagarrien instalazio berriak direnean, hilabeteko epea egongo da autolikidazioa aurkezteko eta tributu-zorra ordaintzeko, instalazioa martxan jarri eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
b) Baldin eta instalazioetan aldatzen badira tributu-kuota zehazten duten elementuak, beste zergaldi bat irekiko da aldaketak zerbitzuan jartzen diren egunetik dagokion urte naturalaren azken egunera arte. Zergaldi berriko kuota osoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da zein den aldi hori osatzen den egun-kopuruaren proportzioa, eta zergadunak tributu-zorretik kendu ahal izango du zergaldi berri hori osatzen duten egunei dagokien aurre-aurreko aldiko autolikidazioan ordaindutako kanonaren zenbatekoa. Autolikidazio hori hilabeteko epean egingo da, eta, hala badagokio, ordaindu ere bai, aldaketa gauzatu eta hurrengo egunetik aurrera.
c) Energia berriztagarrietako instalazioak behin betiko desegiten badira, zergalditzat hartuko da parke eolikoaren edo eguzki-parke fotovoltaikoaren sortzapenaren eta eraiste-dataren arteko aldia. Pertsona edo erakunde zergadunak aurrekoaren ordezko autolikidazio bat aurkeztu beharko du hilabeteko epean, hura desegiten denetik zenbatzen hasita. Autolikidazio horretan, deskontatu egingo da aurreko autolikidazioan sartutako zenbatekoa.
4.– Aurreko paragrafoko b) eta c) kasuetan, pertsona edo erakunde zergadunaren aldeko zorra sortzen denean, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduan edo horiek ordezten dituzten eta aplikatzekoak diren beste batzuetan ezarritako prozedurari.
5.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa gorabehera, erregelamendu honen 2. artikuluaren arabera kanonetik salbuetsita dauden instalazioetako zergadunek ez dute autolikidazioa aurkezteko betebeharrik izango.
13. artikulua.– Instalazio-taldea.
Instalazio elkartuak edo beste batzuei lotuak direnean, tributu-zorra kalkulatzeko, kontuan hartuko dira titularraren instalazio-taldeko elementuak eta titularrari elkartuak edo hari lotutakoak.
14. artikulua.– Behin-behineko likidazioak.
1.– Energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak aukera izango du bidezkoak diren behin-behineko eta behin betiko likidazioak emateko, Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera.
2.– Bereziki, energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak behin-behineko likidazioak emango ditu, baldin eta oinarriaren zeharkako zenbatespen-sistema erabili bada tributu-zorra kalkulatzeko zerga-.
15. artikulua.– Autolikidazio-proposamena.
1.– 12. artikuluko 3. eta 5. paragrafoetan aipatutako kasuetan izan ezik, energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak autolikidazio-proposamen bat igorriko die zergadunei urte bakoitzeko urtarrilaren lehen 15 egunetan..
2.– Zergadunak autolikidazio-proposamena onartu edo baztertu ahal izango du. Onartuz gero, proposamena autolikidaziotzat hartuko da. Tributu Administrazioak igorritako autolikidazio-proposamena sinatu edo berretsi duen zergadunak ezin izango du zehapenik jaso proposamen horretan jasotako datuak direla-eta.
Zergadunak ezezkoa ematen badio igorritako autolikidazio-proposamenari, zergadunak berak aurkeztu beharko du dagokion autolikidazioa.
16. artikulua.– Ordainketa.
Energia berriztagarrien kanona eskudirutan ordaindu ahal izango da, zuzenean edo bide telematikoz, kanona kudeatzeko organoari esleitutako Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kutxan edo kontuan, honako modalitate hauetakoren bat erabiliz:
a) Banku-transferentzia.
b) Banku-helbideratzea.
c) Ordainketa-pasabidea.
d) Bankuan onartutako beste edozein prozedura.
III. KAPITULUA
EUSKADIKO PARKE EOLIKOEN ETA FOTOVOLTAIKOEN ERREGISTROA
17. artikulua.– Egitura eta edukia.
1.– Arau honek ezartzen du zein den erregistroaren oinarrizko esparru juridikoa. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren agindu bidez, arautuko da zein den Euskadiko Parke Eolikoen eta Foitovoltaikoen Erregistroaren funtzionamendu-araubidea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan energia berriztagarrien zergapean dauden instalazio guztiek inskribatuta egon beharko dute Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan, salbu salbuetsita daudenak erregelamendu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Erregistroan, datu hauek jaso behar dira Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan inskribatutako energia berriztagarrien instalazioei buruz:
a) Instalazioaren ustiapenaren titularra: sozietatearen izena edo izen-abizenak, sexua, identifikazio fiskaleko zenbakia, helbide fiskala, harremanetarako hizkuntza ofiziala, harremanetarako telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa; ordezkariaren izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia eta sexua, pertsona juridikoa bada.
b) Instalazioaren titularra: sozietatearen izena edo izen-abizenak, sexua, identifikazio fiskaleko zenbakia, helbide fiskala, harremanetarako hizkuntza ofiziala, harremanetarako telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa; ordezkariaren izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia eta sexua, pertsona juridikoa bada. Instalazioaren titularra eta ustiategiaren titularra bat badatoz, ez da beharrezkoa izango atal hau betetzea, eta nahikoa izango da horri buruzko ohar bat egitea.
c) Administrazio-baimenaren titularra: sozietatearen izena edo izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia, sexua, helbide fiskala, harremanetarako hizkuntza ofiziala, harremanetarako telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa; ordezkariaren izen-abizenak, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia eta sexua, pertsona juridikoa bada. Baimenaren titularra ustiategiaren edo instalazioaren titularrarekin bat badator, ez da beharrezkoa izango atal hau betetzea, eta nahikoa izango da horri buruzko ohar bat egitea.
d) Instalazio mota: eguzkikoa edo eolikoa.
e) Instalazioaren lekuaren identifikazioa.
f) Instalazioaren potentzia Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
g) Beste ustiategi, instalazio edo administrazio-baimen batzuk, baldin eta deklarazio-egilearen edo harekin lotutako pertsonen titulartasuna badute Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
h) Instalazio fotovoltaikoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazioak eragindako azalerako hektareak.
i) Instalazio eolikoen kasuan, instalatutako aerosorgailuen kopurua eta potentzia, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.
j) Ustiatzeko eta zerbitzuan jartzeko baimenaren jakinarazpen-data.
k) Instalazioaren identifikazio-kodea.
l) Energia berriztagarrien kanona kudeatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein datu, 10. artikuluan aipatzen den ogasunaren arloan eskumena duen saileko titularraren aginduaren bidez zehaztutakoa.
m) Instalazioaren administrazio-baimenaren espediente-zenbakia, bai eta espedientean jasotzea beharrezkotzat jotzen den datu oro ere.
4.– Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroa egituratzen da energia berriztagarriko instalazio moten arabera, eta mota bakoitzeko aurreko atalean aipatutako datuak bilduko dira, baita titularren arteko lotura ere, hala badagokio.
5.– Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroak jaso beharko du zer eguneratze, aldaketa eta baja historiko izan duten jasotako datuek.
18. artikulua.– Inskripzioa eta mantentze-lanak.
1.– Eusko Jaurlaritzan deskarbonizazio-arloko eskumena duen zuzendaritzak Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan inskribatuko ditu energia berriztagarrien instalazioak, energia berriztagarrien zergapean daudenak eta erregelamendu honen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera salbuetsita ez daudenak, eta bildu beharko ditu aurreko artikuluan eskatutako datuak, administrazio publikoen esku daudenak. Zergadunak datu horiek beste administrazio publiko batzuetako organo kudeatzaileak jasotzearen aurka badaude, hilabeteko epean aurkeztu beharko dute datu horiek jasotzen dituen zentsu-aitorpena, ustiapen- eta zerbitzuan jartzeko baimena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Era berean, Eusko Jaurlaritzan deskarbonizazio-arloko eskumena duen zuzendaritza arduratuko da eguneratuta edukitzeaz inskribatutako energia berriztagarrien instalazioak eta Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan jasotako datuak. Hori dela eta, erregistro horretan jaso beharko dira gertatzen diren inskripzio, aldaketa eta baja guztiak, salbu eta zergapekoek berariaz aurka egiten badute. Kasu horretan, datu horiek jasotzen dituen zentsu-aitorpena aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, aldaketak ondorioak dituen egunetik kontatzen hasita, eta, instalazioetan aldaketarik egiten bada, adierazi beharko da zein den data hori eta zein zerbitzuan jartzeko data.
Energia berriztagarrien instalazioak desegiten badira, hilabete horretan; oposizioaren kasuan, instalazioa benetan desegin ondoren hasiko da kontatzen, itxiera-akta jakinarazten denetik aurrera.
19. artikulua.– Ikuskatzea, ziurtatzea eta egiaztatzea.
1.– Energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak beharrezko ikuskatze-, ziurtatze- eta egiaztatze-jarduerak egin ahal izango ditu zehazteko ea egiazkoak diren Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan jasotako datuak, eta, hala badagokio, datu horiek aldatzeko, dagokion prozeduraren bidez. Prozedura horretan, ukitutako zergapekoei entzuteko izapidea egin ondoren, ebazpen bat emango du datuak aldatzeko edo, hala badagokio, jarduketak artxibatzeko.
2.– Tributu-kuota zehazteko eta likidatzeko jarduketen ondorioz, edo ezinezko oinarria egiaztatu eta ikuskatzeko jarduketen ondorioz, kudeaketa-organoak egiaztatuko badu datuak ez direla Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroan jasotakoak edo beste datu batzuk direla, energia berriztagarrien kanona kudeatzeko organoak kanona ere aldatuko du, aurreko paragrafoko prozedurari jarraituz.
20. artikulua.– Sarbidea.
1.– Euskadiko Parke Eoliko eta Fotovoltaikoen Erregistroa publikoa izango da, eta, horretarako, hartu beharreko neurriak hartuko dira datu pertsonalak babesteko.
2.– Zergapekoek aukera izango dute ikusteko zer eduki inskribatu den titular diren instalazioei buruz.
IV. KAPITULUA
ENERGIA BERRIZTAGARRIEN KANONAREN DIRU-SARREREN XEDEA
21. artikulua.– Diru-sarreren xedea.
1.– Energia berriztagarrien kanonetik eratorritako diru-sarrerak –kudeaketa-kosturik izan badute, kostu horiek kendu ondoren– honako hiru helburu hauetarako erabiliko dira, eta 22., 23. eta 24. artikuluko jarduerei ekingo zaie helburuok lortzeko:
a) Energia berriztagarrien instalazioek eragiten dieten Euskal Autonomia Erkidegoko eremuetan ingurumena kontserbatzea, birjartzea eta lehengoratzea.
b) Energiaren zentzuzko erabilera bultzatzea eta sustatzea.
c) Lurraldea egokitzea klima-aldaketaren eraginetara, natura-ondarearen kontserbaziora eta natura-baliabideen jolas- eta hezkuntza-erabilerara.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hala onartzen bada, zuzkidura gehigarriekin handitu ahal izango da energia berriztagarrien kanonetik datorren diru-sarrera, aurreko paragrafoko helburuak lortzera bideratutako 22. artikuluko jarduerei ekiteko.
22. artikulua.– Ingurumena kontserbatzeko, birjartzeko eta lehengoratzeko jarduketak.
Ingurumena kontserbatzeko, berrezartzeko eta lehengoratzeko jarduketak, funtsean, honako hauetara bideratuko dira:
a) Biodibertsitatea kontserbatzea ingurumen-balioetan edo naturguneetan.
b) Natura-ingurune degradatua lehengoratzea.
c) Lurzoru-erabileren eta erabilera berriztagarrien arteko bateragarritasuna.
d) Paisaia hobetzea, aireko linea elektrikoak lurperatzea barne.
e) Ingurumena kontrolatzera eta haren jarraipena egitera.
f) Ingurumena eta naturgunea babesteko beste jarduera batzuk.
23. artikulua.– Energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamenduaren eraginkortasuna handitzeko jarduketak.
Energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamenduaren eraginkortasuna handitzeko jarduketak honako eremu hauetara bideratuko dira:
a) Sektore publikoko eraikin eta instalazioetako energia-auditoretzak eta ziurtagiriak.
b) Sektore publikoko eraikin eta instalazioetan eta argiteria publikoan energia-eraginkortasuna hobetzea, sektore publikoko eraikin eta instalazioetan energia berriztagarriak ezartzea, eta administrazio publikoak sustatzea eta erostea ingurumen-bereizgarria («zero isurketa» edo «eco») duten ibilgailuak.
c) Eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzea, «zero emisio» edo «eko» ingurumen-bereizgarria duten ibilgailuak erostea, eta energia berriztagarriak erabiltzea sustatzea.
d) Energia-komunitateei, kooperatibei eta herritarren parte-hartzea duten beste erakunde batzuei laguntzea baldin eta energia-eraginkortasuneko eta energia berriztagarrietako proiektuak garatzen badituzte.
e) Etxean, zerbitzuetan, industrian, nekazaritzan eta zerbitzu publikoetan energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak zabaltzea.
f) Beste jarduera batzuk, lotuta daudenak energia-eraginkortasuna hobetzearekin, energia berriztagarriak aprobetxatzearekin eta mugikortasun jasangarriarekin.
24. artikulua.– Lurraldea klima-aldaketara egokitzeko, natura-ondarea kontserbatzeko eta natura-baliabideak jolaserako eta hezkuntzarako erabiltzeko jarduerak.
1.– Lurraldea klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko jarduerak:
a) Handitzea lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia.
b) Naturan oinarritutako soluzioak ezartzea eta monitorizatzea.
c) Muturreko gertaerak aurreikustea eta prebenitzea, eta alerta goiztiarreko sistemak, besteak beste.
d) Lehorreko eta kostaldeko habitatak lehengoratzea, karbono-hustubidearen ahalmena indartuz.
2.– Natura-ondarea kontserbatzeko jarduerak:
a) Flora eta fauna kontserbatzea.
b) Espezie inbaditzaileak kudeatzea, kontrolatzea eta desagerraraztea.
3.– Natura-baliabideak jolasteko eta hezteko erabiltzeko jarduerak:
a) Eraikinak eta azpiegiturak hornitzea natura-baliabideak jolaserako eta didaktikarako erabiltzeko.
b) Balio naturalak, soziokulturalak eta etnologikoak zabaltzea eta sentsibilizatzea.
c) Ingurumen-interpretazioa eta -hezkuntza sustatzen duten ibilbideak garatzea.
25. artikulua.– Kudeaketa-teknikak.
1.– Energia berriztagarrien kanonetik datozen diru-sarrerak kudeatzeko, zuzeneko edo zeharkako kudeaketa-teknikak erabili ahal izango dira, dirulaguntza-teknikara joz, administrazioen arteko eta administrazioen eta sozietate zibilaren arteko lankidetzarako tresna juridikoak erabiliz, edo beste edozein teknika edo tresna erabiliz, egokia bada lortu nahi den helbururako.
2.– Erabiltzen den kudeaketa-teknika edozein delarik, neurriak ezarriko dira euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko bai ekintzak gauzatzen direnean, bai, kasuan kasu, balorazio irizpideak aplikatzen direnean.
26. artikulua.– Kudeatzea.
Klima-aldaketaren arloko eskumena duen sailari dagokio kudeatzea zertara zuzentzen den energia berriztagarrien kanona.
RSS