
243. zk., 2025eko abenduaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (258 KB - 31 orri.)
- EPUB (1392 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5409
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 23koa, Deskarbonizazio zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskripzio bikoiztuak ezeztatzea erabakitzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa ofizioz berrikusi, araztu eta eguneratzeko Zuzendaritza honi esleitutako eginkizunak betez, egiaztatu da inskripzioak bikoiztuta daudela inskribatu daitekeen objektu bererako, eta erregistro horren izaera dela-eta, ez da halakorik gertatu behar, ziurtatutako higiezin bakoitzerako kalifikazio energetiko berriena baino ez baita jaso behar erregistro horretan.
Erregistroko zerbitzu teknikoek egindako egiaztapen-lanaren ondoren, egiaztatu da bikoiztasun horiek higiezin bererako bigarren ziurtagiriaren eta hurrengoen inskripzio desegokiaren ondorio direla, eta lehendik zegoen erregistro baten eguneratze gisa izapidetu beharrean inskripzio berri gisa izapidetu zirela. Lehendik dagoen erregistro baten eguneratze gisa izapidetu izan balira, eraginkortasun energetikoaren azken ziurtagiriaren inskripzioak aurretik erregistratutako ziurtagiriaren indarraldia amaituko zukeen.
Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari buruzko otsailaren 26ko 25/2019 Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa energiaren arloko zuzendaritza eskudunari atxikita dago, gaur egun Deskarbonizazio Zuzendaritzari, eta, beraz, organo horrek du ebazpen hau emateko eskumena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroak eraikinen portaera energetikoari buruzko datu fidagarriak emateko funtsezko eginkizuna du, eta horrek eragin zuzena du kontsumitzaileen babesean eta eraginkortasun energetikoaren arloko araudia betetzean.
Gauzak horrela, erregistro baten kudeaketaz eta kontrolaz arduratzen den Administrazioak akats, bikoiztasun edo arau-funtsik eza antzematen duenean, erregistroaren osotasuna eta egiazkotasuna gorde behar ditu nahitaez, eta bere helburua indargabetzen duten inskripzioak ofizioz ezereztu daitezke.
Ofiziozko ezereztearen oinarria, kasu horietan, erregistroan dagoen informazio publikoaren egiazkotasuna, zehaztasuna eta fidagarritasuna ziurtatzeko beharra da.
Eranskinean agertzen diren kasuetarako, helburu bererako indarrean dauden ziurtagirien bikoiztasuna egiaztatu da, eta ziurtatu da azken erregistratuak aurrekoen eguneratzeekin bat datozela, eta eguneratze bati dagokion moduan izapidetu izan balira, aurretiazko ziurtagirien indarraldia baliogabetuko zuketela. Horrenbestez, egokitzat jotzen da inskripzio zaharrenen indarraldia ofizioz ezeztatzea.
Azaldutako guztiagatik, aipatutako xedapenak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako guztiak ikusita, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 15. artikuluan oinarrituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Bakarra.– Eranskinean agertzen diren inskripzioen indarraldia ofizioz indargabetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan, ebazpen honen aurrekarietan eta oinarrietan azaldutako arrazoiengatik.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Trantsizio Energetikoko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 23a.
Deskarbonizazio zuzendaria,
GUILLERMO ALLENDE ARANGUIZ.
RSS