
243. zk., 2025eko abenduaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (196 KB - 11 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5406
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 26koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, ikasleentzako laguntzen deialdia egiten duena 2025-2026 ikasturtean Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma egiteko.
Emakumeen eta gizonen berdintasuna ezinbestekoa da erabat ezabatzeko emakumeen aurkako indarkeria matxista, sexu-indarkeria barne, horixe baita berdintasunik ezaren adierazgarri larriena, eta giza eskubideen urraketa argia. Arazo sozial konplexua da, eta guztiz ezabatzeko nahitaezkoa da koordinaturik ikertzea indarkeria-egoerak, haien kausak eta indarkeria darabiltenen jarrerak prebenitzeko neurriak, eta profesionalak trebatzea eta arreta- nahiz harrera-zerbitzuak biktimen beharrizanetara egokitzea.
Nazio Batuek honela definitzen dute emakumeen aurkako indarkeria: «Emakumearentzat kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa dakarren edo ekar dezakeen genero-indarkeriako edozein egintza, barne hartuta egintza horiek gauzatzeko mehatxuak egitea, derrigortzea eta nahierara askatasunaz gabetzea, bizitza publikoan nahiz pribatuan».
Osasunaren Mundu Erakundeak dioen bezala, «emakumeen aurkako indarkeria –bereziki bikotekideak egindakoa eta sexu-indarkeria– osasun publikoko arazo larria eta emakumeen giza eskubideen urraketa da. Erro sakonak ditu eta genero-desberdintasunak betikotzen ditu». Kalkulatzen da planetako emakumeen heren bat indarkeria fisiko edo sexualaren biktima dela, normalean oso gaztetatik.
Arazoa oso handia denez eta ikusezin bihurtzen denez, indartu egiten da indarkeriazko portaerei eusten dieten balioen eta jarreren iraupena.
Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 57.5 artikuluan ezartzen denez, «EAEko administrazio publikoek erraztu behar dute, halaber, entitate pribatuetako langileek prestakuntza izan dezaten, entitate horien lan-eremua baldin bada emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzea eta desagerraraztea, biktimei laguntza eta babesa ematea, eta prebentzioa egitea, delituon egileek berriz ez dezaten delitu bera egin».
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Deustuko Unibertsitatearekin koordinaturik, 2003. urtean ekin zion, urteko jarduketa-planaren barruan, zenbait prestakuntza-eskaintza kofinantzatzeari; esaterako, emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko masterra eta adituaren titulua. Hura desagertu egin zen, baina orain erabaki da laguntzen jarraituko dela, sortu berri den Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma kofinantzatuz.
Deialdiak 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean ezarritakoa betetzen du. Ebazpen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak eman zuen, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartzeko 2024-2027 urteetarako. Agiri horiek Emakunderen webgunean daude ikusgai.
Ezarritako lankidetza-ildoarekin jarraituz, Deustuko Unibertsitateak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak premiazko iritzi diote emakumeen aurkako indarkeria matxista eta bereziki sexu-indarkeria desagerrarazteko neurriak bilatzen segitzeari eta beste esparru bat ezartzeari, hasitako prestakuntza-esperientzia garatzen jarraitzeko. Hala, laguntza-deialdi publiko hau egin dute 2025-2026 ikasturterako; hain zuzen ere, Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diplomaren lehenengo edizioa finantzatzeko, betiere langile espezializatuak prestatzea xede dutela.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, arautu eta onartu egiten da ikasleentzako laguntzen deialdi hau, Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma egiteko, 2025-2026 ikasturtean, Deustuko Unibertsitatean, publikotasun- eta objektibotasun-irizpideen arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2024ko urriaren 21eko Ebazpenean aurreikusten den bezala (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duena 2024-2027 urteetarako).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritako erregulazioa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 26a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
ERANSKINA
IKASLEENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, SEXU INDARKERIAN ESKU HARTZEKO ADITUAREN DIPLOMA EGITEKO, DEUSTUKO UNIBERTSITATEAN, 2025-2026 IKASTURTEAN
1. artikulua.– Eremua eta xedea.
Ebazpen honen xedea da ikasleentzako laguntzen deialdia egitea, Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma egiteko, Deustuko Unibertsitatean, 2025-2026 ikasturtean. Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma modalitate birtualean ematen da, 24 ECTS ditu (Europako kredituak) eta sei irakasgairen inguruan egituratzen da; guztira 600 ordu:
I. modulua: Sexu-indarkeriaren fenomenoaren testuingurua.
II. modulua: Sexu-indarkeria motak.
III. modulua: Trauma eta krisi egoeren tratamendu terapeutikoa.
IV. modulua: Esku-hartze psikosoziala eta instituzionala sexu-indarkeriaren esparruan.
V. modulua: Emakumeen gorpuztasunen aurkako sexu-ziberrindarkeriak.
VI. modulua: Sexu-indarkeriak prebenitzea eta hautematea.
Aditu-programa honen helburu nagusia da hainbat diziplinatako profesionalak gaitzea sexu-indarkeriaren esparruan modu koordinatuan eta diziplinartekoan esku hartu dezaten, behar diren ezagutzak eta trebetasunak emanez esku-hartze psikosozialak, hezkuntzakoak, soziosanitarioak edo juridikoak diseinatzeko, planifikatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko, esku-hartzearen ikuspegi integral eta holistiko batetik, emakumeen premietan eta testuinguruan eragiten duten askotariko faktoreak kontuan hartuta.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan ezarritako helburua lortzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontuko kredituetatik etorriko dira, eta, guztira, hogeita bederatzi mila berrehun eta berrogeita lau (29.244) euro dira.
3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi hau norgehiagokarik gabeko prozeduraz ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak egiaztatuko dira, eta baliabide ekonomikoak proportzioan eta zati berdinetan esleituko zaizkie ebazpen honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten pertsona guztiei.
4. artikulua.– Onuradunak.
1.– Betekizun orokor hauek betetzen dituzten pertsonek eska ditzakete laguntzak:
a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
b) Sexu-indarkeriaren arloko esku-hartzearen arloan prestakuntza jasotzeko interesa izatea, eta gaikuntza profesionala lortu nahi izatea, esku-hartze eraginkorrak egiteko berdintasunaren arloan eta sexu-indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko arloan.
c) Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploman matrikula osoa eginda duen pertsonetako bat izatea. Matrikula partzialak ez dira onartuko.
2.– Eskatzaileek betekizunak bete beharko dituzte, eta ezin izango dute izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekurik. Batik bat, egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
5. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Interesdunek bitarteko elektronikoz egin ditzakete eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
Eskabideak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahalko dira elektronikoki. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak eduki behar dituzte; helbide honetan daude kontsultagai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Aurrez aurreko izapideen nahiz izapide elektronikoen gaineko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko honetan daude eskura: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036412
4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Eskabidea egin ondorengo izapideak, elektronikoki, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.
2.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira herritarrei arreta emateko bulegoetan, Zuzenean zerbitzuan (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Andia 13, 20003 Donostia; Ramiro de Maeztu 10, 01008 Vitoria-Gasteiz), Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Nagusian (Manuel Iradier 36, Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bulegotako edozeinetan.
Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ezinbestekoa izango da aurretik ordua eskatzea helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
Eskabide-eredua eta eskatzen den gainerako dokumentazioa eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036412
3.– Interesdunek beraiek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2. a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
5.– Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
7. artikulua.– Eskabidea eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Laguntza-eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Deustuko Unibertsitatean Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma egiteko onartua izanaren egiaztagiria. Halakorik ez badu, aski izango da onartua izateko eskabide-idazkiaren kopia.
b) Nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoaren nortasuna egiaztatzeko balio duen antzeko agiriren bat.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzearen egiaztagiria.
2.– Administrazioak ofizioz kontsultatu eta egiaztatu ditzake b) eta c) apartatuetako agiriak, bai eskatzaileak aurrez aurreko bidea erabiltzen duenean, bai bide elektronikoa erabiltzen duenean, salbu eta egiaztapen elektronikoa egiteko baimena berariaz ukatzen duela jasotzen duenean. Kasu horretan, interesdunak konpromisoa hartzen du agiriok aurkezteko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera, laguntza emateko ebazpena eman aurretik deialdiaren betekizunak egiaztatu beharko dira, bai interesdunak dagokion ziurtagiria aurkeztuta, bai organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatzeari uko egin gabe.
Eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke egiaztapen elektronikorako baimena emateari, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Eskakizunak egiaztatzeko modua ebazpen honetan zehaztuko da, eta helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0036412
4.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez bete beharko dira honako betebehar hauek:
a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
b) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
c) Ez egotea betetzen zehapen administratibo edo penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta ez egotea debeku horrekin zigortuta, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren arabera.
d) Adieraztea egiazkoak direla eskabidean eta eskabidearekin batera doazen agirietan jasotako datuak.
e) Adieraztea eskatzaileak bete egiten dituela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizun guztiak.
5.– Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den funtsezko datu, adierazpen edo agiriren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, ezinezkoa izango da prozeduran jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
Halaber, Administrazio Publikoak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela dirua itzultzera, hala badagokio, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea zehaztutako epe batean; hori guztia, aplikatzekoak diren arauetan ezarritako moduan.
6.– Beharrezko iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusiak egokitzat jotzen duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.
7.– Kontuan hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Laguntza-eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta bada, falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio Emakundek eskatzaileari, eta, horretarako, hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpena emango da aurretiaz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
9. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta emandako dirulaguntzen jarraipena egiteko, hautaketa-batzorde bat eratuko da. Hona hemen kideak:
Batzordeburua: Noemi Ostolaza Arcauz andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.
Ordezkoa: Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio eta Zerbitzu Arloko arduraduna.
Batzordekideak:
– Teresa Simal Clemente andrea, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.
– Julene Gatzagaetxebarria Ameyugo andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.
Ordezkoa: Cristina Armendariz Fernández andrea, Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikaria.
– Sorne Etxebarria Arrien andrea, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Arloko teknikaria.
Ordezkoa: Laura Ortiz de Urbina Alonso, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerraraztearen Arloko teknikaria.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna izango da idazkaria, zeina Cristina Armendariz Fernández Aholkularitza Juridikoaren Arloko teknikariak ordezka baitezake.
2.– Batzorde horrek gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan xedatua kontuan izanik.
10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntzaren banakako zenbatekoak Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma egiteko matrikula-kostuaren zati bat ordainduko du 2025-2026 ikasturterako.
Zuzkidura proportzioan eta zati berdinetan banatuko da onuradunen artean, aipatutako aurrekontu-zuzkidura agortu arte, baina jasotako laguntzak ez du inoiz matrikularen kostuaren % 100 gaindituko.
11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu eskabideak, eta txosten arrazoitu bat egingo du. Ondoren, laguntza kudeatzeko ardura duen organoak, Batzordearen txostenaren espedientea kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio, behar bezala arrazoituta, ebazteko eskumena duen organoari, hau da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Hark emango du emandako eta ukatutako dirulaguntzak jasoko dituen ebazpen espresua, eta ebazpen horrek emango dio amaiera prozedurari. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei.
Orobat, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da emandako dirulaguntzen zerrenda, denek horren berri izan dezaten. Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, hala ezarrita baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan.
Eskabidea egin ondorengo izapideak, elektronikoki, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Ebazpen honen babesean egindako eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dirulaguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak, hau da:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Alta emanda egotea Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Betekizun hori bete behar da, deialdia ebazteko eta ordainketak egin ahal izateko, ebazpena laguntza ematekoa bada. Alta elektronikoki izapidetu daiteke, dagokion zerbitzuaren bidez, egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
c) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabiltzea, eta, halaber, noiznahi onartzea diruz lagunduko diren jarduerak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzea.
d) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, entitate horiek beren eginkizunetan dihardutela eskatu badute.
e) Dagozkion betebeharrak betetzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
f) Ebazpen honetan jasotzen dena betetzea.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza zatika ordainduko da, bi alditan. Lehenik, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, 13.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, eta berariaz uko egin ez bada. Ondoren, gainerakoa (dirulaguntzaren % 25) ordainduko da, aditu-diplomaren ikasturteko lehen seihilekoan onuradunak zer-nolako asistentzia eta aprobetxamendua izan duen azaltzen duen Deustuko Unibertsitatearen jarraipen-txostena helarazi eta gero.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari jakinarazi beharko zaio. Dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatuz gero (betiere, dirulaguntzaren helburua bete bada) edo beste edozein entitate publikok edo pribatuk laguntzarik edo dirulaguntzarik emanez gero, aldatu egin daiteke dirulaguntzak emateko ebazpena, betiere aurretiaz interesdunei entzunda.
2.– Ebazpen honetako 14. artikuluan aipatutako txostena edo, hala badagokio, artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako agiriak jaso ondoren, eta aurkeztutakoa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Ebazpen horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, hala ezarrita baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluaren arabera, eta, bereziki, justifikaziorik gabe aditu-diplomaren eskoletara joateari utzi zaiola edo aditu-diploma bertan behera utzi dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horiei dagozkien legezko interesak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horrez gain, dagozkion gainerako neurriak ere hartu ahal izango dira.
Deustuko Unibertsitateak behar bezala jakinaraziko du justifikaziorik gabe eskoletara joateari utzi zaiola edo bertan behera utzi dela Sexu Indarkerian Esku Hartzeko Adituaren diploma.
17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Ezarritako betebeharrak edo baldintzak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza errebokatzeko prozedura abiaraziko da, eta, hala badagokio, itzultzekoa ere bai, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan jasotakoarekin.
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dien alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean, hala ezarrita baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan.
Baldintzak bete ez direla adierazten bada ebazpenean, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Bi hilabeteko epean itzuli beharko da dirua, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari, hark premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.
d) Gehienez ere hamabi hilekoa izango da aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea.
18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako jasoko dira, bat etorrita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduarekin.
Helburua:
– Pertsona fisiko eta juridikoentzako bekak, sariak, laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea eta ematea.
– Saritutako ikerlanen zabalkundea, hainbat euskarritan argitaratuz, bai eta saritutako pertsonen irudiak ere, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin.
Legitimazioa:
– Interesdunaren adostasuna.
– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena.
– 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
– 2/1998 Legea, otsailaren 5ekoa, «Instituto Vasco de la Mujer/Emakumearen Euskal Erakundea» sortzeari buruzkoa.
Hartzaileak:
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
– Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
– Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
– Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.
Eskubideak: Emakundek sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datuok, hain zuzen, botere publikoen jardunari dagokion eginkizun bat betetzeko. Interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko, baita Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatzeko ere. Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/datu-babesa/
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eurlex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).
RSS