
243. zk., 2025eko abenduaren 17a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (279 KB - 29 orri.)
- EPUB (729 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
5404
AGINDUA, 2025eko azaroaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia, Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako funtzionarioentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuak betetzeko.
Hezkuntza Saileko Hezkuntzako Ikuskaritzan lanpostu hutsak daude. Hortaz, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin behar da, autonomia-erkidego honen berezko kudeaketaren lurralde-eremuan, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 23. artikulua eta Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzeko abenduaren 19ko 15/2008 Legearen 5.2 artikulua.
Era berean, deialdi honen II. eranskineko merezimenduen baremoari dagokionez, kontuan hartu behar da Auzitegi Gorenak eman berri duen jurisprudentzia, zeinaren arabera ezin baitira desberdin baloratu karrerako funtzionario, langile finko eta bitarteko funtzionario edo iraupen jakineko langile gisa eta lan-kontratuko langile gisa egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostu berberetakoak badira eta eginkizunak berdinak edo antzekoak badira. Izan ere, bestela EBJAren jurisprudentziaren arabera, diskriminazio-tratua egongo litzateke, zeina Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak debekatzen baitu. Zuzentarau horrek iraupen jakineko lanari buruzko Europako Sindikatuen Konfederazioaren (ESK), Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren (UNICE) eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren (CEEP) Esparru Akordioa jasotzen du.
Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean, eta Hezkuntzako Ikuskatzailetzan lanpostu hutsak daudenez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
1.– Autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren oinarrietako egoeretan dauden Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako funtzionarioentzat.
2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 13a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
OINARRIAK
SUMARIOA
I. kapitulua. Oinarri orokorrak.
II. kapitulua. Eskakizunak eta parte hartzearen ezaugarriak.
III. kapitulua. Borondatezko parte-hartzea.
IV. kapitulua. Nahitaezko parte-hartzea.
V. kapitulua. Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.
VI. kapitulua. Parte hartzeko eskabideak.
VII. kapitulua. Merezimenduen baremoa aplikatzea.
VIII. kapitulua. Prozeduran onartua izateari eta puntuazioa emateari buruzko ebazpenak.
IX. kapitulua. Destinoak esleitzeko ebazpenak eta lanpostuaz jabetzea.
X. kapitulua. Datu pertsonalak.
I. eranskina. Ikastetxeen zerrenda.
II. eranskina. Merezimenduen baremoa.
III. eranskina. Lurraldeen eta hizkuntza-eskakizunen kodeak.
OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– Autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako karrerako funtzionarioentzat. Era berean, autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, kidego horietako praktiketako funtzionarioentzat.
2.– Lehiaketa honetan, xedapen hauek bete behar dira:
– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa.
– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua.
– Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluei dagokienez.
– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretua.
– Abenduaren 11ko 343/2001 Dekretua, Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horien derrigortasuna esleitzeko araubide berezia ezartzen duena.
– Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena (uztailaren 4ko 187/2017 Dekretuaren eta apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuaren bidez aldatua).
– Maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena (eta 2022ko ekainaren 16ko Agindua, dekretu horren eranskina eguneratzekoa).
– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa.
– Oro har aplika daitezkeen gainerako xedapenak eta deialdi honetan xedatutakoa.
Bigarrena.– Eskaintzen diren lanpostuak.
1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuak behin-behinean eta behin betiko finkatuko dira Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez. Behin-behinean, destinoen behin-behineko esleipenaren ebazpena eman baino lehen finkatuko dira, eta, behin betiko, destinoak behin betiko esleitzeko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen horiek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ webgunean eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean.
2.– Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2025eko abenduaren 31n dauden lanpostu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2025-2026 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak ere sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira, betiere hezkuntza-plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita badago, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.
3.– Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada, edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion aldaketa argitaratuko da.
II. KAPITULUA
ESKAKIZUNAK ETA PARTE HARTZEAREN EZAUGARRIAK
Hirugarrena.– Eskakizunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoetako karrerako eta praktiketako funtzionarioek.
2.– Aurreko 1. aparatuko betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzerako bete beharko dira, eta lanpostua jabetzan hartu arte eutsi beharko zaie.
Laugarrena.– Parte-hartzearen ezaugarriak.
1.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da zazpigarren eta zortzigarren oinarrian jasotako egoeretan.
2.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da seigarren oinarrian jasotako egoeretan.
Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.
1.– Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostuetan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasunak esleitzeko berariazko araubidea ezartzen duen abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuaren arabera, Hezkuntza Ikuskaritzako lanpostu guztiek 2. hizkuntza-eskakizuna dute esleitua, eta derrigortasun-data igaroa. Ondorioz, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatua izatea, edo azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak aipatzen dituen hizkuntza-tituluak edo -ziurtagiriak izatea (297/2010 Dekretua, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena; apirilaren 18ko 65/2023 Dekretuak aldatu zuen).
2.– Ez da eskakizun, titulu edo akreditazio baliokiderik egiaztatu behar, baldin eta egiaztatzen bada 47/2012 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak gertatzen direla, dekretu horretan ezarritako eran (47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, Euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituena).
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA
Seigarrena.– Borondatezko parte-hartzea.
1.1.– Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikita dauden karrerako funtzionarioek, baldin eta jarraian adierazten diren egoeretako edozeinetan badaude:
a) Zerbitzu aktiboan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuetan behin betiko destinoarekin, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.
b) Aitortutako zerbitzu berezietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuetan, baldin eta, aurtengo ikasturtearen amaierarako, gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.
c) Aitortutako borondatezko eszedentzia mota ezberdinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuetan.
Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1 artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitakoaren arabera, norbere edo familiaren interesagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartzeko, ezinbesteko izango dute ikasturte honen amaieran bi urte iragan izana eszedentziara igaro zirenetik.
d) Aitortutako eginkizun-gabetzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuetan, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean eginkizun-gabetzeko diziplina-zigorraren iraunaldia bukatu bada, eta gutxienez urte bi pasatu badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.
IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA
Zazpigarrena.– Nahitaezko parte-hartzea.
Lehiaketa honetan nahitaez parte hartu behar dute jarraian adierazten diren egoeretako edozeinetan dauden funtzionarioek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako lanpostuetan 2025-2026 ikasturtean behin-behineko destinoa duten funtzionarioek.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzako zentroetan, behin-behineko jarduna duten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.
b) Funtzionarioek, baldin eta, eszedentziatik edo destinoko behin betiko lanpostua galtzea eragin dien eginkizun-gabetzetik etorrita, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehen zerbitzu aktibora itzuli badira, eta, itzulera hori dela-eta, behin-behineko destinoa lortu badute Hezkuntza Sailaren kudeaketa-eremuren batean.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzako zentroetan, behin-behineko jarduna duten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz, edo bestela, destinoa eman zain geratuko dira.
c) Nahitaezko eszedentzian edo destinoko lanpostua galtzea eragin dion eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioek, zigorra bete eta gero behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari atxikitako ikastetxeren batean.
Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar beste lanpostu eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzian geldituko dira, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 89.1.a) artikuluan aurreikusten den moduan.
d) Behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioek, epaia betetzeagatik edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzeagatik, edo behin betiko betetzen zuten lanpostua ezabatu zaielako.
Parte hartuko ez balute, ofizioz esleitu ahal izango zaie behin betiko destinoa, behin-behinean zerbitzuak ematen dituzten lurralde historikoaren barruan, galdegiten diren eskakizunak betetzen dituzten lanpostuetan jarduteko, I. eranskinean argitaratutako ikuskapen-zentroen hurrenkerari jarraituz.
e) Behin betiko lanpostua galduta, beren kidegoan zerbitzu aktiboan mantenduz administrazioko beste lanpostu batzuk izatera pasa ziren funtzionarioek, baldin eta lanpostua horiek utzi eta behin-behineko destinoa lortu badute gaur egun Hezkuntza Sailari atxikitako lanpostuetan.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balute, edo, parte hartuta ere, nahikoa lanpostu huts eskatuko ez balute, ofizioz eman ahalko zaie behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzako zentroetan, behin-behineko jarduna duten lurralde historikoko ikastetxeetan, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden hurrenkerari jarraituz.
Zortzigarrena.– Praktiketako funtzionarioen parte-hartzea.
1.– Praktiketako funtzionario izendatutako pertsonek, halakorik badago, nahitaez parte hartu beharko dute lekualdatze-lehiaketa honetan, bai eta iragartzen diren hurrengoetan ere, harik eta autonomia-erkidego honetan behin betiko lehen destinoa lortu arte.
2.– Pertsona horien destinoak esleitzeko, praktiketako funtzionario izendatzeko Hezkuntzako sailburuaren aginduan agertzen den hurrenkera-zenbakia bakarrik hartuko da kontuan, eta, beraz, ez dute merezimendu-egiaztagiririk aurkeztu behar.
3.– Eskabidea aurkezten ez dutenei edo, aurkeztu arren, behar adina plaza eskatzen ez dutenei, praktikaldia egiten ari diren lurralde historikoko ikuskaritza-zentroetan esleituko zaie behin betiko destinoa edo, hori ezinezkoa bada, ikuskaritza-zentroetan, agindu honen I. eranskinean agertzen den hurrenkeraren arabera.
4.– Zortzigarren oinarri honetan aipatzen diren pertsonak, aurreko apartatuetan ezarritakoaren arabera behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoan geratuko dira 2025-2026 ikasturtean praktikaldia egin duten lurralde historikoan.
5.– Dena den, dagokien destinoa lortzeko, praktikaldia gainditu beharko dute, eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionario izendatu beharko dituzte.
V. KAPITULUA
HERRI EDO BARRUTI BATERAKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA
Bederatzigarrena.– Egoerak eta baldintzak.
Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendan jasotako hurrenkeraren arabera:
a) Ikastetxe batean betetzen zuten behin betiko lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute lanpostu bat lortzeko plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe batean edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe batean.
b) Administrazio Publikoan beste lanpostu bat betetzera pasa direnek, behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta, eta azken lanpostua utzi badute, betiere.
c) Senitartekoak edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia eskuratu ostean –urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 89.1.c) artikuluan aurreikusia–, betetzen zuten behin betiko lanpostua galdu dutenek aplikatu beharreko araudiak zehaztutako lanpostua gordetzeko aldia amaitzeagatik, eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.
d) Betetzen zuten behin betiko lanpostua galdu dutenek, epaia bete beharra edo administrazio-errekurtsoaren ebazpena bete beharra dela eta.
e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiroa aitortuta eduki ondoren, zerbitzu aktiborako birgaitu diren funtzionarioek.
Karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean aurreko apartatuetan adierazitako egoeran, merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio lanpostua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz ebatziko da, hurrenez hurren. Hala ere, berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago sartuta dauden apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira bai kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea, bai aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.
Kidegoan behin betiko destinoa izan zuten azken herrirako edo barrutirako erabili ahal izango dute lehentasun-eskubidea apartatu honetan adierazitako egoeraren batean dauden eta eskubide hori baliatu nahi duten funtzionarioek.
Honako hauek adierazi beharko dituzte, parte hartzeko eskabidean, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren parte-hartzaileek:
1.– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» epigrafean, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.
2.– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko kodea bete behar da: espezialitatearen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodea. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.
3.– Ikastetxe jakin bat lortzeko, «Eskatzen diren plazak» epigrafean, eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, lehentasun-ordenaren arabera, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, herriak bloke homogeneotan multzokatuta. Herriaren kodea bakarrik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetan emango zaio destinoa. Ez baditu eskatzen eskubidez dagozkion herriko ikastetxe guztiak, edo, barrutiko lehentasun-eskubidea izanda, eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, lanpostu hutsak dituzten herri horietako gainerako ikastetxeetan eman ahal izango zaio destinoa, I. eranskinean jasotako zerrendaren hurrenkeran.
Herri edo barruti bateko lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerako parte-hartzaileekin lehian lortuko dute destinoa ikastetxe jakin batean, baremoan lortutako puntuazioaren arabera.
VI. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK
Hamargarrena.– Eskabideak formalizatzeko epea. Jarraian adierazten da zer epe eta tokitan aurkeztu beharko dira galdegiten diren eskakizunen egiaztagiriak, merezimenduak alegatzeko orria eta merezimendu horien egiaztagiriak.
1.– Eskabideak formalizatzeko eta dokumentuak aurkezteko epea.
2025eko abenduaren 18tik 2026ko urtarrilaren 7ra bitartekoa izango da, biak barne, eskabideak formalizatu eta dokumentuak aurkezteko epea.
Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartuko ez eskabiderik, ez egindako eskabideetako aldaketarik, ez aurkeztutako merezimenduei buruzko dokumenturik.
Eskabidea telematikoki bete behar denez, gomendatzen da behar besteko aurrerapenaz betetzen hastea, eskatzaileari sor dakizkiokeen zailtasunak aurreikusteko.
Parte hartzeko eskakizun guztiak, hargatik eragotzi gabe agindu honetako seigarren oinarrian ezarritakoa, bai eta alegatutako merezimenduak ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datan bete beharko dira, eta esleitutako lanpostuaren jabetza hartu arte eutsi beharko zaie.
2.– Dokumentuak aurkezteko tokia:
Betekizunak eta/edo /merezimenduak Interneteko helbide honetan aurkeztuko dira: https://hezigunea.euskadi.eus (NAN/AIZ + pasahitza edo XLNets-en erabiltzaileak): «Eremu pertsonala – Izapideak langileen sailarekin – Ikuskatzaileen lekualdatze-lehiaketa – onartzeko eskabidea». Barematzea nahi duzun atal bakoitzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko duzu, eta, azkenik, «Dokumentazioa entregatzen amaitzea eta erregistratzea» sakatu behar duzu, https://hezigunea.euskadi.eus webgunean. Aplikazio informatikoaren bidez, entregatu izanaren egiaztagiria lor daiteke, erregistro-datarekin. Atalei dokumentuak gehitzen bazaizkie baina prozesua ez bada amaitzen «Amaitu dokumentazioa entregatzea eta erregistratzea» atalean klikatuta, dokumentaziorik entregatu ez dela joko da. Nolanahi ere, baldintzak eta merezimenduak entregatzeko aurreikusitako aplikazio informatikoan zehaztuko diren jarraibideak bete beharko dira.
Hamaikagarrena.– Eskabideak.
Lehiakideak eskabide-orri bakarra aurkeztuko du. Elektronikoki bete beharreko eskabide hori Interneten eskuragarri egongo da, helbide honetan: https://hezigunea.euskadi.eus
1.– Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko, borondatez (seigarren oinarria) zein nahitaez (zazpigarren eta zortzigarren oinarriak), https://hezigunea.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen eskabidea bete beharko da, eta, ondoren, irakasleen posta elektronikoaren erabiltzailea eta pasahitza idatziko dira, edo, hori eduki ezean, NAN zenbakia eta aipatu gunera sartzeko pasahitza. Sartzeko pasahitza ahaztuta edukiz gero, aipatutako helbidean, hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza ahaztu duzu» atalean.
Pasahitza sartu ostean, Ikuskatzaileen Lekualdatze-lehiaketak – Onarpen-eskabidea gunera jo behar da.
2.– Eskabidea osorik bete ondoren, sinatu eta eskaneatu egin beharko da, https://hezigunea.euskadi.eus helbidean aurkezteko. Ondoren, merezimendu bat edo batzuk baloratzea nahi baduzu, aipatutako helbidean (https://hezigunea.euskadi.eus) Dokumentuak izeneko esteka aurkituko duzu.
3.– Lanpostu-eskabideak «Eskatzen diren lanpostuak» epigrafean adieraziko dira; ikastetxe eta/edo herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, lanpostu hutsa edo erresulta duen herriko lehen ikastetxea esleituko da, oinarri hauen I. eranskinean adierazitako hurrenkera berean. Lanpostu-eskabide bakoitza honako hauen batuketaren/konbinazioaren emaitza da: zentroa eta/edo herria; espezialitatea, bertako hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna).
4.– Eskabideetan, oinarri hauen I. eranskinean ageri diren ikuskatzailetza-zentroak eskatu beharko dira.
5.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu dituztela hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo bat ez badatoz langile parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskabide guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe deialdi honetan destinoa ofizioz esleitzeko aurreikusten diren egoerak.
6.– Eskabideaz gainera, lehiakideek «Adingabearen babesa» izeneko inprimakia bete beharko dute eskabidean (hamaikagarren oinarri honetako 1. apartatuan aipatzen den estekan jasota dago), delitu hauetakoren bategatik epai irmoaren bidez zigorrik ez dutela jaso egiaztatzeko: sexu-askatasun eta -osotasunaren aurkako delituak –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea– eta gizakien salerosketagatiko delituak. Apartatu hori betetzen duenean, lehiakideak adieraziko du ea baimena ematen dion Hezkuntza Sailari, hautatua izanez gero, 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan adierazitako ziurtagiria eskuratzeko bere izenean. Baimenik ematen ez badio, eta esleipenduna gertatuz gero, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, delitu horiengatik zigorrik jaso ez duela egiaztatzen duena.
Dena den, baimena lehenago eman dutenei ez zaie apartatu hau erakutsiko eskabidean.
Hamabigarrena.– Merezimenduak eta aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuk alegatu eta egiaztatzea.
1.– Laugarren apartatuan jasotako kasuan izan ezik, lehiakideak, merezimenduren bat baloratzea nahi badu, «Merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria» bete eta aurkeztu beharko du; orri horretan, puntuak jaso ditzaketen merezimendu guztiak aipatuko ditu, eta merezimendu bakoitzari dagokion II. eranskineko (Merezimenduen Baremoak) epigrafe zehatza adieraziko du. Horrez gain, dagokion epigrafean adierazitako egiaztagiriak erantsiko dizkio orri horri, kasu hauetan izan ezik: epigrafe horrek berariaz adieraztea merezimendua ofizioz zenbatuko dela eta merezimendu hori eskatzaileari dagokion Langileen Erregistroan jasota egotea; ondorio horietarako, eskatzaileak egiaztatu beharko du erregistroan jasota dagoela, 3. apartatuan adierazitakoaren arabera. Merezimendua Langileen Erregistroan jasota ez badago, aipatutako orrian alegatu beharko du, eta merezimendu hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Bai agiriak, bai merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko orria aurkezteko lekua hamargarren oinarrian adierazitakoa da: (https://hezigunea.euskadi.eus).
2.– Argitalpenei dagokienez (4.1 apartatua), jatorrizko alearen ordez, azalaren kopia eta argitalpenaren lehen 10 orrialdeak aurkeztu ahal izango dira, bai eta ISBN eta egilearen datuak agertzen diren orria ere. Beharrezkoa izanez gero, argitalpena geroago eskatuko da.
3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, honako helbide honetara jo beharko da: https://hezigunea.euskadi.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Espediente pertsonala. Eta, ondoren, honako apartatu hauek kontsultatu ahalko dira:
Zerbitzu-orria.
Tituluak.
Ikastaroak.
Zuzendaritza-karguak.
4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute aurkeztu beharko merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko dokumenturik.
5.– Gaztelania edo euskara ez den beste hizkuntza batean emandako dokumentuekin batera, dagokion itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean, dagokion kontsulatuak edo bulego diplomatikoak zinpeko edo baliozkotutako itzultzaile batek egina. Salbuespen izango dira Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko edozein maila egiaztatzen duten hizkuntza-ziurtagiriak eta argitalpen hori aurkezten den hizkuntza modernoko espezialitateren baten titularrek aurkeztutako argitalpenak.
6.– Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta dokumentuak eskatu ahal izango dizkie lehiakideei, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.
Eskatzaileak izango dira aurkeztutako dokumentuen egiatasunaren erantzuleak. Dokumenturen bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
7.– Parte-hartzaileek eskubidea izango dute aurkeztu dituzten jatorrizko dokumentuak berreskuratzeko (II. eranskineko 4.1 apartatuan –«Argitalpenak»– barematzeko aurkeztutako dokumentuak). Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehazten duen lekuan eta epean jaso ahal izango dituzte, lekualdatze-lehiaketa amaitu ondoren, betiere parte-hartzaileren batek errekurtsorik aurkezten ez badu; halakorik egingo balu, egiaztapen edo froga gisa atxiki ahal izango dira dokumentuak.
8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira alegatutako merezimenduak. Ez dira kontuan hartuko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko merezimenduak alegatzeko orrian alegatu ez diren merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epean agiri bidez egiaztatu ez direnak ere.
9.– Aurkeztutako eskabideak edo dokumentazioak ez baditu betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
VII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOA APLIKATZEA
Hamahirugarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.
Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, merezimenduak barematzeko 3. eta 4.1 apartatuei dagokienez, batzorde-barematzaile bat izendatuko du Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak. Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
Honako kide hauek osatuko dute batzorde-barematzailea:
Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario bat.
Bokalak: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura diharduten Ikuskatzaileen Kidegoko 4 funtzionario, jardunean daudenak.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du batzorde-barematzaileko burua, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik. Era berean, idazkari-lanak egiteko, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik batzordeburuak proposatzen duen pertsona izendatuko du Langileak Kudeatzeko zuzendariak.
Ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute batzorde bakoitzean, begirale-lanak egiteko.
Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz izendatu ahal izango dira ordezko batzordekideak. Baremazio-batzordeen jarduna Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari lotuko zaio, eta lege horren 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak aplikatuko zaizkie batzordekideei.
Langileak Kudeatzeko zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu hala egitea beharrezkoa dela iritzitako batzordeetan.
Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) –Zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen 16/1993 Dekretua hirugarrenez aldatzen duena– xedatuaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak.
Batzorde barematzailearen osaera argitara emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila) eta https://hezigunea.euskadi.eus webgunean.
Dagokion administrazio-unitateak emango du baremoaren gainerako apartatuetan lehiakideei dagokien puntuazioa.
VIII. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTUA IZATEARI ETA PUNTUAZIOA EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK
Hamalaugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.
1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan batzorde barematzaileen aktak eta langile-unitateek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), ebazpena emango du Langileak Kudeatzeko zuzendariak, eta behin-behinean onetsiko dira onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, onartutako parte-hartzaileei baremoko apartatu bakoitzean emandako puntuazioa jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: https://hezigunea.euskadi.eus
Era berean, aipatutako behin-behineko zerrenda horiekin batera, lehiakide bakoitzak parte-hartzailearen fitxa jasoko du, zeina parte hartzen duen pertsonalaren eskura egongo baita Langileak Kudeatzeko zuzendariaren aipatu ebazpenean ezartzen den epean. Han, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak, parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.
2.– Lehiakideek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren aurka, horretarako adierazitako tokietan; horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpena aipatutako Interneteko helbidean argitaratzen denetik aurrera.
3.– Epe horretan bertan zuzendu ahal izango dira forma-akatsak dituzten merezimenduak; horiek onartuen zerrendekin batera argitaratuko dira. Interesdunak ez badu zuzentzen baztertua izatea eragin duen akatsa, edo beste akats batzuk zuzentzen ez baditu adierazitako epean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hamabosgarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.
1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, zein den baztertzeko arrazoia adieraziko du. Gainera, onartutako parte-hartzaileei baremoko apartatu bakoitzean emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.
2.– Aipatutako behin betiko ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda aipatutako Interneteko helbidean argitaratu eta biharamunetik hasita. Nahi duten pertsonek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, aipatutako behin betiko ebazpenean horretarako adierazitako lekuetan edo, halakorik ezean, Tramitagune plataformaren bidez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein bide erabiliz.
IX. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEKO EBAZPENAK ETA LANPOSTUAZ JABETZEA
Hamaseigarrena.– Destinoak behin-behinean esleitzea.
1.– Eskainitako lanpostu hutsen eta, hala badagokio, erresulten behin-behineko esleipena honako hurrenkera honen arabera egingo da:
a) Lehenik, bederatzigarren oinarrian zerrendatutako kasuetan, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideari dagozkionak, eta, kasu bakoitzaren barruan, aipatutako baremoa aplikatuz lortutako puntuazio handienak ezarriko du lehentasun-ordena. Eskubide hori baliatzen den herri edo barrutian plaza huts nahikorik ez badago eskatzen duten lehiakide guztientzat, bakoitzaren puntuazioa gorabehera, plaza hutsetako bat bermatuko zaie lehentasunezko eskubidea duten parte-hartzaileei, eta, beraz, parte-hartzaile horiek lehentasuna izango dute destinoa lortzeko puntuazio handiagoa duten parte-hartzaileen aurretik. Hala eta guztiz ere, aurretik adierazitakoa gorabehera, eta ikastetxe jakin bat esleitzeko lehentasun-eskubidea dela-eta herria edo barrutia eta espezialitatea bermatu ondoren, eskubide hori baliatzen duen parte-hartzaileak lehian jardungo du bere kidego eta espezialitate bereko gainerako parte-hartzaileekin, merezimenduen baremoaren arabera emandako puntuazioari jarraikiz.
b) Bigarrenik, gainerako parte-hartzaileen eskaerak esleituko dira, praktiketako funtzionarioenak izan ezik, eta plazak esleitzeko lehentasun-hurrenkera merezimenduen baremoa aplikatuta lortutako puntuazio handienak emango du.
c) Aipatutako esleipenak egin ondoren, praktiketako funtzionarioei esleituko zaie destinoa, praktiketako funtzionario-izendapenean duten ordena kontuan hartuta.
2.– Deialdia aurreko lehentasun-hurrenkeran ebatziko da, aurreko apartatuetako bakoitzean parte hartzen dutenen aldeko lanpostu hutsak eta erresultak esleitzeko lehentasunaren arabera. Horrela, ezingo zaio plazarik esleitu horietako batean parte hartzen duen eskatzaile bati, baldin eta aurreko apartatuan eskubide hobea duen eskatzaile bat badago; hori guztia, alde batera utzi gabe lehentasun-eskubidea gauzatzen dutenei plaza zehatz bat esleitzeari buruz adierazitakoa, deialdi honen bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
3.– Langileak Kudeatzeko zuzendariak, ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko du, lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileek eskabideetan ezarritako lehentasunei jarraituta, eta ebazpen hori argitara emango da, esleipenaren behin-behineko zerrendekin batera, sail honen https://hezigunea.euskadi.eus webgunean, interesdunei jakinarazteko.
4.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, baremoaren apartatu bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta apartatuek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz ebatziko da, hurrenez hurren.
Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiapartatuetan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Bi kasuotan, apartatu bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da izan baremoan apartatu bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa, ezta, azpiapartatuen kasuan, azpiapartatu horiei dagokien apartatuak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiapartatu bat edo gehiago dagokien apartatuaren puntuaziorik altuenera iristen badira, ez dira kontuan izango gainerako azpiapartatuetan izandako puntuazioak.
Beharrezkoa balitz, kidegoan sartzeko oposizioak egin zituzten urtea hartuko litzateke kontuan, azken irizpide gisa, zaharrena lehenetsiz berrienaren aurrean, eta urte beraren barruan, prozesuan lortutako puntuaziorik altuena lehenetsiz baxuenaren aurrean.
Hamazazpigarrena.– Erreklamazioak eta uko egiteak.
Lehiakideek, behin-behineko esleipena dela-eta, erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, 5 egun balioduneko epean, esleipen hori Hezkuntza Sailaren Interneteko helbidean (https://hezigunea.euskadi.eus) argitaratu eta biharamunetik aurrera. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin diezaiokete, eta uko egite horrek parte hartzeko eskabidean egindako eskabide guztiei eragingo die.
Genero-indarkeriaren biktima diren eta IV. kapituluan nahitaez parte hartu behar duten pertsonei baino ez zaie onartuko behin-behinean esleitutako lanpostuari uko egitea. Horretarako, 5 egun balioduneko epe berean, beren egoera egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, horrekin batera, lanpostua aipatutako neurri judizialekin (babes-agindua edo antzekoa) bateraezina dela egiaztatu beharko dute. Kasu horretan, ez da ulertuko lekualdatze-lehiaketari uko egin diotenik, eta uko egiteak behin-behinean esleitutako plazari bakarrik eragingo dio.
Horren ondorioetarako, behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez du adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik. Era berean, behin-behineko esleipenean destinoa lortu izanak ez du esan nahi behin betiko esleipenean destinoa lortuko denik, edo behin-behineko esleipenean lortutako destino berari eutsiko zaionik.
Hemezortzigarrena.– Lanpostu hutsen behin betiko esleipena.
Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko egiteak onartuta, destinoen behin betiko esleipena onartzeko agindua emango du Hezkuntzako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta aginduan bertan jakinaraziko da non eta noiz argitaratuko diren lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak.
Destino-esleipena hamaseigarren oinarriko 1. paragrafoan lanpostu hutsak esleitzeko ezarritako ordenaren arabera egingo da, aintzat hartutako eskaeren eta merezimenduen arabera.
Behin betiko esleipenaren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, zerrenda Hezkuntza Sailaren Interneteko helbidean (https://hezigunea.euskadi.eus) argitaratu eta biharamunetik hasita. Nahi duten pertsonek gora jotzeko berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, aipatutako behin betiko ebazpenean horretarako adierazitako lekuetan edo, halakorik ezean, Tramitagune plataformaren bidez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako edozein bide erabiliz.
Hemeretzigarrena.– Zerbitzu aktibora itzultzea.
Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren ikuskatzaileek, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Hezkuntzako dagokien lurralde-ordezkaritzan (esleitutako destinoari dagokion lurraldearen arabera):
1.– Eszedentziarako aginduaren kopia.
2.– Medikuaren ziurtagiri ofiziala, irakaskuntzarekin bateraezina den gaixotasunen bat edo beste muga fisiko nahiz psikikoren bat ez duela adierazten duena.
3.– Zinpeko aitorpena edo hitzematea, non adierazten baita ez langilea dagoela baztertuta Estatuko, tokiko edo autonomia-erkidegoren bateko administrazioaren inongo kidegotatik, eta ez dagoela funtzio publikoetan jarduteko desgaituta.
Hala ere, lehiaketa honetan lortutako destinoaren irakasle-kidegoaz beste kidego batean zerbitzu aktiboan daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako dokumentuak.
Hurrengo oinarrian adierazitako jabetze-eguna baino lehen aurkeztu beharko dira agiriak.
Hogeigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.
2026ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan destino berriak, eta aurreko destinoak 2026ko abuztuaren 31n utziko dira.
Hogeita batgarrena.– Destinoei ezin uko egitea.
Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Genero-indarkeriaren biktima den pertsona batek lekualdatze-lehiaketan nahitaez parte hartuz gero bakarrik uko egin ahal izango zaio esleitutako lanpostuari, baldin eta esleitutako plaza bateraezina bada indarrean dagoen urruntze-aginduan jasotako xedapenekin. Kasu horretan, uko egiteko eskabidearekin batera, bere izaera egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, bai eta lanpostua aipatutako neurri judizialekin (babes-agindua edo antzekoa) bateraezina dela adierazi ere.
Hogeita bigarrena.– Ordainsariak.
Oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorrizko lanpostuaz bestelako kudeaketa-eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek destinoaren eremuari dagozkion ordainketa-arauen arabera jasoko dute euren ordainsaria.
X. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK
Hogeita hamahirugarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen dutenen datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Hautaketa-prozesuak eta lanpostuak betetzea.
– Arduraduna: Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan irakasleen eta irakasle ez diren langileen lanpostuak betetzea: Enplegu Publikorako Eskaintzak, Lekualdatze Lehiaketa eta Autodesplazamendua Hezkuntza Berezian.
– Legitimazioa:
– Legezko betebehar aplikagarriak betetzeko beharrezko tratamendua.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak:
– Estatuko Administrazioaren beste organo batzuk.
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Sindikatuak eta langile-batzordeak.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/servicios/10842/).
– Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehatua gure web orrian kontsulta dezakezu: www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/048000-capa2-eu.shtml
– Araudia:
– Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/ES/legal-content/summary/general-data-protection-regulation-gdpr.html).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2018-16673).
RSS