
242. zk., 2025eko abenduaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (106 KB - 3 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5386
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 28koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez, RAEP SL entitateak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren aurka jarritako aukerako berraztertzeko errekurtsoa ebazten baita. Errekurritutako ebazpen horren bidez, enpresetan berdintasun planak egiteko eta haiek abian jartzeko dirulaguntzak eman eta ukatu egin ziren.
Espediente zk. 068-0039212.
RAEP SL entitateak aurkeztutako idazkia ikusi da, bera baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren bidez dirulaguntza ukatu zaion entitatea. Ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietako enpresetan 2025ean berdintasun planak egiteko eta haiek abian jartzeko dirulaguntzak eman eta ukatu egin ziren
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2025eko otsailaren 18ko Ebazpenak arautu zuen 2025. urtean enpresei, entitate pribatuei, kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei dirulaguntzak emateko prozedura. Dirulaguntza horiek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko dira, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egin ditzaten, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezar ditzaten ere, betiere minimis laguntzen araubidearen esparruan (2025eko otsailaren 26ko EHAA, 39. zk.).
Bigarrena.– Deialdi hori ebatzi zen Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren bidez, eta horretan RAEP SL entitateak aurkeztutako proiekturako laguntza (068-0039212 espedientea) ukatu egin zitzaion ez zuelako betetzen oinarri arautzaileen 3.1.d) artikuluak ezarritakoa, hain zuzen, 10 eta 150 langileen arteko plantilla izatea, lehenengo edo bigarren diagnostikoa eta berdintasun plana egiteko dirulaguntza jaso ahal izateko.
Hirugarrena.– Horretarako ezarritako epean, zehazki, 2025eko urriaren 24an, RAEP SL entitateak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu zuen 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren aurka, eskatutako dirulaguntza ukatzearekin ados ez zegoela adieraziz. Errekurtsoan argudiatutakoaren arabera, hasierako eskabidean akats bat egin da plantillan 154 pertsona zirela esan denean, izan ere, 154 langile dira 2024an entitatearekin lan harremana izan zutenak, baina ez denak aldi berean. Esaten duenez, aldi berean 105-110 langile baino ez dira aritu enpresan, eta aurkeztutako ziurtagirietan jasotakoarekin bat (LZN eta KLO), plantillan benetan ari den langile kopurua da 97.
Era berean, irabazi-asmorik gabeko entitatea izanik, gehienez, 150 langile izateko muga aplikatzea ez dagokiola dio. 2025eko otsailaren 18ko Ebazpenaren 3.d) artikuluak jasotzen du muga hori.
Horregatik guztiagatik, idazkia onartzeko eskatzen du, aipatutako ebazpenaren aurkako aukerako berraztertze-errekurtsoa jarritakotzat hartzeko eta eskatutako dirulaguntza ematearen aldeko ebazpena emateko.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Lehenengoa.– Aukerako berraztertze-errekurtsoa bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 123. artikuluan xedatzen duenarekin: administrazio bidea amaitzen duten administrazio egintzen kasuan, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza eman zuen organoari berari, edo zuzenean aurkaratu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Aurreikuspen hori berariaz jasota dago Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen dirulaguntzen deialdia ebazteko 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren azken xedapenetako bigarrenean.
Errekurtsoa epe barruan aurkeztu da, 39/2015 Legearen 124.1 artikuluak xedatzen duen hilabeteko epearekin bat, eta onartua izateko baldintzak betetzen ditu.
Bigarrena.– Ebazpen hau emateko eskumena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari dagokio urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.i) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua).
Hirugarrena.– 2025eko otsailaren 18ko Ebazpenaren 3.1.d) artikuluak ezartzen duenez, enpresa eta entitate pribatuek haien lehenengo diagnostiko eta planak egin nahi dituztenean 10 eta 150 langile arteko plantilla izan behar dute. Horretaz gain, esaten du irabazi-asmorik gabeko entitateek haien diagnostiko eta planak egokitu nahi dituztenean, eskatuko zaiela, gutxienez, 10 langileko plantilla izatea, baina gehieneko kopurua ez da zehazten.
Laugarrena.– Espediente analizatua eta errekurtsoan aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egiaztatu da entitate errekurtsogileak benetan 97 langile dituela plantillan eta ez 154 hasierako eskabidean adierazi bezala.
Inguruabar hori eta entitatea irabazi-asmorik gabeko entitatea dela egiaztatu denez, egokia da 3.1.d) artikuluren bigarren tartekia aplikatzea, zeinak baitio, gutxienez 10 langile izan behar direla, baina gehieneko kopurua zehaztu gabe.
Beraz, entitateak deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituenez, egokia da errekurtsoa baiestea eta eskatutako dirulaguntza ematea.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– RAEP SL entitateak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2025eko urriaren 1eko Ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoa baiestea; ebazpen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietako enpresetan 2025ean berdintasun planak egiteko eta haiek abian jartzeko dirulaguntzak eman eta ukatu egin ziren.
Bigarrena.– RAEP SL entitateari 2025eko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez araututako deialdiaren esparruan eskatutako dirulaguntza ematea. Bost mila zortziehun eta zortzi (5.808,00) euro emango zaizkio aholkularitza-enpresa homologatua kontratatzeko, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egin ditzan, bai eta berdintasunerako planean jasotako neurriak ezar ditzan ere.
Hirugarrena.– Dirulaguntza arautuko da 2025eko otsailaren 18ko Ebazpenean jasotako baldintzen eta aplikagarria den gainerako araudiaren arabera.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. eta 43. artikuluetan xedatutakoarekin bat, jakinaren gainean egon eta dagozkion ondorioak izan ditzan, halaber, jakinarazten da administrazio bidea agortzen duela eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
RSS