
241. zk., 2025eko abenduaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 4 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
5367
AGINDUA, 2025eko abenduaren 2koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez hasierako onarpena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialari.
1.– Indarrean dagoen EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala martxoren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez onartu zen behin betiko, eta, gerora, martxoaren 1eko 32/2016 Dekretuaren bidez aldatu. Bigarren dekretu horrek Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa behin betiko onartzen zuen, Barrika udalerriko Barrikabaso eremuari dagokionez. Lurralde plan sektorial (LPS) hori da lurralde irizpideak definitu dituen lurralde antolamendurako tresna, eta itsasertza esparruko hirigintza planek eta lurraldean eragiten duten jarduketek harekin bat egin behar dute.
2.– Uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onartu ziren (LAG). Aipatu dekretuaren I. eranskinean jaso diren antolamendu-arauetako 31. artikuluak, klima-aldaketa arintzearen eta hartara moldatzearen arloko zuzentarauei buruzkoak, 7.a) apartatuan ezartzen du Itsasertza Babestu eta Antolatzeko LPS-a egokituko dela identifikatuz, itsasertzeko eremuetan, itsasoaren mailaren goratzearen eta muturreko olatuen eragin bortitzetara egokitzeko neurriak.
Beraz, beharrezkoa da egokitzapen hori egitea LPS-a LAG berrien testuinguru orokorrera eta haien indarraldian zehar indarrean jarri diren legeetara egokitzeko.
3.– LPS-a berrikusteko eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko aurreko azterketak eta diagnostiko lanak egin ziren 2019 eta 2020 bitartean, eta horien emaitza jasotzen duen dokumentuak klima-aldaketak EAEko itsasertzean eragin ditzakeen inpaktuak analizatzen ditu, gainera berrikusteko prozesuaren hasiera izan da. Lan horiek argitaratuta daude EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan.
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 133 artikuluan, herritarrek lege mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzea arautzekoan, xedatutakoa aintzat hartuta eta Gobernu Kontseiluaren 2017ko abenduaren 12ko Akordioan erabakitakoaren arabera, dagokion kontsulta publikoa egin zen honako hauen iragarki-oholetan iragarriak jarrita: Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoa, Irekia eta Legegunea.
5.– Itsasertzeko Lurralde Plan Sektoriala berrikusi eta egokitzeko prozedura egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluak xedatutakoarekin bat, lehenengo xedapen gehigarria aplikatuz, bai eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzeko martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 13. artikulutik 16.era bitartekoek eta 17.4 artikuluak diotenarekin bat ere.
6.– Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 13.2 artikuluak xedatutakoari jarraiki, garai hartako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko martxoaren 22ko Aginduaren bidez, Itsasertzeko Lurralde Plangintza Sektoriala berrikusi eta klima-aldaketaren erronkara egokitzeko prozedura abiaraztea erabaki zen. Agindu horren arabera, lurralde administrazioei eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari eskatu zitzaien plana egiteko beharrezkotzat jotzen zuten informazioa bidaltzeko; bi hilabete eman zitzaien horretarako. Era berean, agindu horren eranskinak dagokion herritarrek parte hartzeko programaren laburpena jasotzen zuen, hain zuzen, lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluak aipatzen duena.
7.– Jasotako informazio guztia analizatu ondoren, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak 13.4 artikuluan jaso bezala, LPSren aurrerapen-dokumentua eta dagokion hasierako dokumentu estrategikoa egin ziren, eta bete behar zituzten izapide hauek bete ziren haiekin:
– Lurralde administrazio interesdun guztiei bidali zitzaien egoki iritzitako oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak formulatu zitzaten.
– LPS-a herritarren parte-hartzeko programan jartzea.
– Ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren irismen-dokumentua eskaeraren ingurumen-organoari bidaltzea.
8.– Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko abenduaren 17ko Ebazpenaren bidez, LPSren Ingurumen Azterketa Estrategikoaren aipatu irismen-dokumentua formulatu zen. Dokumentu horrek berariaz jasotzen du ingurumen-organoak zer interesduni egin zien kontsulta, hain zuzen, hauei:
– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua.
– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.
– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza.
– Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
– Uraren Euskal Agentzia, URA.
– lhobe. Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
– Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzaren Fauna eta Flora Zerbitzua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Departamentua.
– Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzua. GFAko Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Departamentua.
– Ingurumen Zuzendaritza Nagusia. GFAko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentua.
– Nekazaritza eta Lurralde Orekaren Zuzendaritza Nagusia GFAko Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Departamentua.
– Kultura Zuzendaritza Nagusia. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua.
– Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia. GFAko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa Departamentua.
– Kultura Zuzendaritza Nagusia. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila.
– Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarearen Zerbitzua BFAko Jasangarritasunaren eta Ingurune Naturalaren Saila.
– Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Atala BFAko Jasangarritasunaren eta Ingurune Naturalaren Saila.
– Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia. BFAko Jasangarritasunaren eta Ingurune Naturalaren Saila.
– Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusia. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila.
– Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentziaren bitartez (URA), eta Agentzia bera.
– Euskadiko Kostaldeen Demarkazioa (Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa).
– Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusia (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa).
– Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate, Baso eta Basamortutzearen Zuzendaritza Nagusia.
– Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa.
– Bilboko portuko agintaritza.
– Pasaiako portuko agintaritza.
– EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartea (Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriak eta Planaren eraginpean daudenak).
– Ekologistak Martxan.
– Eguzki (Eguzkizaleak aisialdirako elkartea).
– Itsas Enara Ornitologia Elkartea.
– Haritzalde.
– Zumaia Natur Taldea.
– Zain Dezagun Urdaibai
9.– Lurralde administrazioengandik jasotako oharrak, iradokizunak, alternatibak eta proposamenak, eta emandako txosten sektorialak analizatu ondoren, eta ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua oinarri hartuta, hasierako onespena emateko dokumentua egin zen. Dokumentu horren aldeko txostena eman zuten EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak irailaren 25eko osoko bilkuran (4/2025 saioa).
10.– Gerora, 2025eko azaroaren 14an, URAk emandako txostena jaso da, eta jasotzen dituen oharrak kontuan hartu dira hasierako onespena emateko dokumentuan.
11.– Lurralde Plan Sektorialaren hasierako onespenaren dokumentuak Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 12 artikuluan aipatzen diren zehaztapen eta dokumentu guztiak, eta dagokion ingurumen-azterketa estrategikoa jasotzen ditu.
12.– Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13.6 artikuluak eta martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 15. artikuluak xedatutakoarekin bat, hasieran onartu den planak, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri beharko da eta entzunaldia eman beharko zaie lurralde administrazio publiko interesdunei eta ingurumen-azterketa estrategikoaren prozedura egiteko aurretik kontsultatu diren interesdunei. Berrogeita bost egun baliodun izango dira horretarako.
13 – Aipatutako aurrekariak ikusita, eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 13. artikuluan eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 16 eta 17 artikuluan ematen den eskumena baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengo.– Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala hasiera batean onartzea.
Bigarrena.– Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan eta Euskal Autonomia Erkideagoan gehien saltzen diren egunkarietako bitan, gutxienez, argitaratzea.
Hirugarrena.– Aipatu plana jendaurrean jartzea, partikularrek eta elkarte interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, berrogeita bost egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Aldi berean, lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei entzuteko aldi bat irekiko da, berrogeita bost egun balioduneko epe horretan, egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin ahal izan ditzaten.
Bosgarrena.– Halaber, aldi berean, dokumentua eraginpeko administrazio publikoen eta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran aldez aurretik kontsulta egin zaien interesdunen kontsulta-izapidetzera aurkezten da, berrogeita bost egun balioduneko epe horretan.
Seigarrena.– Epe horietan zehar, aipatu LPS-a jendaurrean egongo da EAEko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan nahi duenak ikusteko: https://www.euskadi.eus/eaeko-itsazertzeko-lpsa-berrikuspena/web01-a2lurral/eu/
Agindu honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala onesteko prozeduraren baitako izapide bat baita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 2a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS