
240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 6 orri.)
- EPUB (142 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
5344
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 28koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituen eta deialdia egiten duen 2025eko apirilaren 11ko Ebazpena aldatzen duena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.c) artikuluak ezartzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen baten bidez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira eta huts edo omisio horiek zuzentzearen ondorioz dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen ez bada.
2025eko maiatzaren 8ko 85. zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituen eta deialdia egiten duen 2025eko apirilaren 11ko Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren testuan horrelako hutsak eta omisioak hauteman direnez, dagozkion aldaketak egingo dira.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Bakarra.– Energia berriztagarrien bidez autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta kontsumo termikoak elektrifikatzeko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen eta argitaratzen dituen eta deialdia egiten duen 2025eko apirilaren 11ko Ebazpenaren bigarren aldaketa onartzea, ondorengoei jarraikiz.
1) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/8) orrialdean, 5. oinarriko «Dirulaguntzetarako muga orokorrak» 5.2 epigrafeko «Bateragarritasun-erregimena beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin» 5.2.1 apartatuan,
honako hau dioen tokian:
«651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren ondorioetarako enpresatzat jotzen diren onuradunek jasotzen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa bererako eman daitezkeen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, laguntza-neurri horiek kostu subentzionagarri desberdinekin lotuta badaude edo laguntza-neurriak guztiz edo zatiz kostu subentzionagarri berdinekin bat datozenean eta haien metaketak ez badu gainditzen aplikagarria den laguntza-intentsitatea edo laguntza kopuru handiena, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.
Gainerako onuradunentzat, jaso beharreko laguntzak betiere bateragarriak izango dira xede bererako eman daitezkeen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, osorik hartuta osatzen duten laguntza-ehunekoa % 80 edo gutxiago bada.»
Honako hau esan behar du:
«651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren ondorioetarako enpresatzat jotzen diren onuradunek jasotzen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa bererako eman daitezkeen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, laguntza-neurri horiek kostu subentzionagarri desberdinekin lotuta badaude edo laguntza-neurriak guztiz edo zatiz kostu subentzionagarri berdinekin bat datozenean eta haien metaketak ez badu gainditzen aplikagarria den laguntza-intentsitatea edo laguntza kopuru handiena, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. (41. artikulua. Inbertsiorako laguntzak iturri berriztagarrietatik eratorritako energia sustatzeko).
Gainerako onuradunentzat, jaso beharreko laguntzak betiere bateragarriak izango dira xede bererako eman daitezkeen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin, osorik hartuta osatzen duten laguntza-ehunekoa % 80 edo gutxiago bada (I. eranskineko B epigrafean identifikatutako kostu subentzionagarrien gainean aplikatu beharrekoa).»
2) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/15) orrialdean, I. eranskineko «Jarduketa subentzionagarriak, kostu subentzionagarriak eta laguntzen zenbatekoa» A ataleko «Jarduketa subentzionagarriak» A.1 epigrafeko «Iturri berriztagarriekin autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako jarduketa subentzionagarriak» bosgarren paragrafoan,
honako hau dioen tokian:
«Biltegiratzeko instalazioak gutxienez urteko energiaren % 75 xurgatu beharko du zuzenean konektatutako energia elektriko berriztagarria sortzeko instalaziotik, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 41.1.bis artikuluaren arabera.»
Honako hau esan behar du:
«Biltegiratzeko instalazioak gutxienez urteko energiaren % 75 xurgatu beharko du zuzenean konektatutako energia elektriko berriztagarria sortzeko instalaziotik, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 41.1.bis artikuluaren arabera (2023ko ekainaren 23ko Batzordearen (EB) 2023/1315 Erregelamenduak aldatutakoa).»
3) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/15) orrialdean, I. eranskineko «Jarduketa subentzionagarriak, kostu subentzionagarriak eta laguntzen zenbatekoa» A ataleko «Jarduketa subentzionagarriak» A.1 epigrafeko «Iturri berriztagarriekin autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako jarduketa subentzionagarriak» zazpigarren paragrafoan,
honako hau dioen tokian:
« Dirulaguntza jasotzen duen instalazioak sortutako energia elektrikoaren monitorizazio-sistema bat eduki beharko dute instalazioek.»
Honako hau esan behar du:
«Dirulaguntza jasotzen duen instalazioak sortutako energia elektrikoaren monitorizazio-sistema bat eduki beharko dute instalazioek, salbu eta isolatuta badaude.»
4) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/21) orrialdean, I. eranskineko «Jarduketa subentzionagarriak, kostu subentzionagarriak eta laguntzen zenbatekoa» C ataleko «Laguntzaren zenbatekoa» C.1.2 apartatuko «Merkatuan ondasunak eta/edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoren bat egiten duten onuradunentzako laguntzaren kalkulua» hamaikagarren paragrafoaren ondorengo taulan,
honako hau dioen tokian:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Honako hau esan behar du:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
5) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/27) orrialdean, II. eranskineko «Dokumentazioa» A.1 epigrafeko «Laguntza-eskaera egiteko eskatutako administrazio-dokumentazioa» A.1.1 apartatuko «Edozein eskatzaile-motarako» d) puntuaren azken-aurreko paragrafoan,
honako hau dioen tokian:
«Laguntzaren xede den autokontsumorako energia sortzeko instalazioari lotutako kontsumitzaileak edo kontsumitzaileek kontsumitutako energia elektrikoaren urteko baturak instalazioak sortutako urteko energiaren % 80 edo handiagoa izango den aurreikuspena.»
Honako hau esan behar du:
«Laguntzaren xede den autokontsumorako energia sortzeko instalazioari lotutako kontsumitzaileak edo kontsumitzaileek kontsumitutako energia elektrikoaren urteko batura instalazioak sortutako urteko energiaren % 80 edo handiagoa izango den aurreikuspena. Sortutako energia elektrikoaren monitorizazio-sistema bat eduki beharko du instalazioak, honako funtzionaltasun hauekin:
– Gutxienez, instalazio berriztagarriak egunean, hilean edo urtean produzitutako energia erakutsi beharko du, eta aldi horietarako dagokion kontsumo energetikoa. Sorkuntza kolektiboko instalazioen kasuan, sortutako energia bakarrik erakutsi beharko da.
– Sistemak datu gehigarriak erakusteko aukera ere izango du, hala nola saihestutako CO2 emisioak eta instalazioaren jabearentzat sortutako aurrezki ekonomikoa.
– Gailu mugikorren bidez edo web aplikazioaren bidez eskuratu ahalko da informazio hori.»
6) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/28) orrialdean, II. eranskineko «Dokumentazioa» A ataleko «Eskaera-fasean aurkeztu beharreko dokumentazioa» A.1 epigrafeko «Laguntza-eskaera egiteko eskatutako administrazio-dokumentazioa» A.1.5 apartatuan «30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan»,
honako hau dioen tokian:
«A.1.5. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan»
Honako hau esan behar du:
«A.1.4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan»
7) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/29) orrialdean, II. eranskineko «Dokumentazioa» A ataleko «Eskaera-fasean aurkeztu beharreko dokumentazioa» A.2.1 apartatuko «Energia-iturri berriztagarriekin autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako» b) puntuan,
honako hau dioen tokian:
«Hala dagokionean, hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzen multzoa. Gogorarazten da 5.3 oinarriaren arabera eta gastu subentzionagarriaren kopuruaren arabera, gutxienez hiru (3) eskaintza behar direla, egiteko proposamena haien artean. Eskaintza horiek elkarren artean konparagarriak izan behar dute instalatu beharreko potentziari dagokionez.»
Honako hau esan behar du:
«Hala dagokionean, hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzen multzoa. Gogorarazten da 5.3 oinarriaren arabera eta gastu subentzionagarriaren kopuruaren arabera, gutxienez hiru (3) eskaintza behar direla, egiteko proposamena haien artean. Eskaintza horiek elkarren artean konparagarriak izan behar dute instalatu beharreko potentziari dagokionez eta, biltegiratzea gehituz gero, baita instalatu beharreko gaitasunari dagokionez ere.»
8) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/30) orrialdean, II. eranskineko «Dokumentazioa» A.2 epigrafeko «Laguntza-eskaera egiteko eskatutako dokumentazio tekniko-ekonomikoa» A.2.1 apartatuko «Iturri berriztagarriekin autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako» d) puntuko «Instalazio berriaren proiektuaren memoria deskribatzaile teknikoa, gutxienez honako informazio honekin» «Teknologia fotovoltaikoa erabiliz autokontsumorako elektrizitatea sortzeko instalazioetarako» puntuan,
honako hau dioen tokian:
«2.– Proiektuaren deskribapen teknikoa, gutxienez, honako hauek barne:
– Instalazioaren potentzia.
– Instalazioaren konfigurazioa: egitura mota (planokidea, inklinatua, jarraitzailearekin...) fotovoltaikoen kasuan, eta ardatz mota hautatzea energia eolikoaren kasuan.
– Orientazioa: fotovoltaikoen kasuan, hegoaldearekiko desbideratzearen eta inklinazio-angeluaren arabera, eta eolikoen kasuan, berriz, tokiko haizearen kondizioen arabera.
– Errendimendu-kalkulua. Instalazio fotovoltaikoen kasu espezifikoan, Europar Batasunak garatutako PVGIS Irradiazio Fotovoltaikoko Informazio Geografikoko Sisteman oinarrituta egingo da kalkulua, % 14ko galera estandarrak aintzat hartuta, honako link honen bitartez: https://re.jrc.ec.europa.eu/pvg_tools/es/#PVP
– Urteko produkzio-aurreikuspenaren simulazioa.
– Proposatutako ekipamendua:
• Elektrizitatea sortzeko ekipoak:
a) Elektrizitatea sortzeko ekipo kopurua (modulu fotovoltaikoak eta aerosorgailuak) eta haien potentzia unitarioa.
b) Marka eta modeloa.
c) Produkzio-ekipoen teknologia mota: beste ezaugarri batzuen artean zehaztuko dira panel mota (monokristalinoa edo polikristalinoa) fotovoltaikoen kasuan, eta ardatzaren konfigurazioa eolikoen kasuan»
Honako hau esan behar du:
«2.– Proiektuaren deskribapen teknikoa, gutxienez, honako hauek barne:
– Instalazioaren potentzia.
– Instalazioaren konfigurazioa: egitura mota (planokidea, inklinatua, jarraitzailearekin...)
– Orientazioa: fotovoltaikoen kasuan, hegoaldearekiko desbideratzearen eta inklinazio-angeluaren arabera.
– Errendimendu-kalkulua. Instalazio fotovoltaikoen kasu espezifikoan, Europar Batasunak garatutako PVGIS Irradiazio Fotovoltaikoko Informazio Geografikoko Sisteman oinarrituta egingo da kalkulua, % 14ko galera estandarrak aintzat hartuta, honako link honen bitartez: https://re.jrc.ec.europa.eu/pvg_tools/es/#PVP
– Urteko produkzio-aurreikuspenaren simulazioa.
– Proposatutako ekipamendua:
• Elektrizitatea sortzeko ekipoak:
a) Elektrizitatea sortzeko ekipo kopurua (modulu fotovoltaikoak eta aerosorgailuak) eta haien potentzia unitarioa.
b) Marka eta modeloa.
c) Produkzio-ekipoen teknologia mota: beste ezaugarri batzuen artean zehaztuko dira panel mota (monokristalinoa edo polikristalinoa).»
9) Laguntza-programa hori arautzen duten oinarrien 2025/1943 (35/35) orrialdean, II. eranskineko «Dokumentazioa» B.2 epigrafeko «Egindako jarduketak justifikatzeko eskatutako dokumentazioa» B.2.1 apartatuko «Energia-iturri berriztagarriekin energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako» c puntuan,
honako hau dioen tokian:
«Egindako jarduketen argazki-erreportajea, jarduketen ondorengo egoera orokorraren, eta kasuan-kasuan, laguntzaren xede diren ekipamendu eta instalazio nagusien egoeraren argazkiak biltzen dituena.»
Honako hau esan behar du:
«Egindako jarduketen argazki-erreportajea, jarduketen ondorengo egoera orokorraren, eta kasuan-kasuan, laguntzaren xede diren ekipamendu eta instalazio nagusien egoeraren argazkiak biltzen dituena, baita monitorizazio-sistemaren datuak ikusteko pantailarenak ere.»
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA – Errekurtsoak.
Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzien epaitegian, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA – Indarraldia.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Ebazpen honetan sartutako aldaketak atzeraeraginez aplikatuko zaizkie 2025eko maiatzaren 9tik aurrera (egun hori barne) aurkezten diren eta aldaketa argitaratzen den egunean ebatzi gabe dauden eskaerei.
Bilbao, 2025eko azaroaren 28a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MIKEL AMUNDARAIN LEIBAR.
RSS