Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
5343

EBAZPENA, 2025eko abenduaren 3koa, Bizitza Beterako Laguntzen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako 2025erako kreditua handitzen dela. Agindu horren bitartez, honako prozedura hau ezarri zen: Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

2014ko urriaren 29ko Aginduak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarenak, prozedura bat ezartzen du abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).

Haren xedapen gehigarrian, finantzaketa eta aurrekontu-egozpenari buruzkoan, honako hau ezartzen da: «Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».

Halaber, honako hau ere zehazten da: «Aurrekontu-ekitaldi batean ematen diren dirulaguntzen kopuruak ez du gaindituko aipatu esleipena edo hori eguneratzetik ateratakoa, egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen bidez emango da gertakari horren berri, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz».

Bizitza Beterako Laguntzen zuzendariaren 2025eko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen zuzkidura argitaratu zen.

Gaur egun, ekitaldi honetara bideratutako kreditua agortuta dagoenez, kontuan hartuta aurkezten diren eskaeren kopurua eta onuradun izan daitezkeenen beharrizan atzeraezinak, 2025era bideratutako aurrekontu-zuzkidura handitu behar da.

Beraz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demokratikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen uztailaren 23ko 18/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta kontuan hartuta 2014ko urriaren 29ko Aginduaren aipatutako xedapen gehigarriak emandako gaikuntza eta dagoen aurrekontu-erabilgarritasuna, beharrezkoa da aurrekontu-baliabideak 681.680 euro gehitzea.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Publizitate-printzipioa betetze aldera, 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen finantzazioa handitu egin behar da 2025eko ekitaldirako, 681.680 eurotan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ongizateko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 3a.

Bizitza Beterako Laguntzen zuzendaria,

MARÍA ANTONIA OLABARRIETA IBARRONDO.


Azterketa dokumentala