
240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (216 KB - 14 orri.)
- EPUB (238 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5341
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 19koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolaren (EVETU) «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroari» lotutako praktiketarako beken oinarriak onartu eta haien deialdia egiten duena.
2024an, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak 2024-2025eko «Hirigintza eta Lurralde ikasketak L. (50.) ikastaroa» egiteko deia egin zuen. Ikastaro hori, EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatua, 700 ordukoa da, deialdi bakar batean oso-osorik egin daiteke, edo, bestela, modulu teorikoak independenteki, betiere matrikulatutako deialdi guztietan ikastaroaren baldintza guztiak betez gero. Moduluka antolatutako egitura horri esker, ikasleek beren bizitza profesionalarekin edo pertsonalarekin bateratu dezakete ikastaroa, prestakuntza jarraian zein moduluka egin baitezakete.
Ikastaro horren egituraren arabera, bada 420 orduko praktikaldia, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean esperientzia praktika 48 hilabeteko baino gutxiago egin dituzten ikasleek erakundeetan edo enpresetan egitekoa. Praktikaldia ez da nahitaezkoa EVETUk antolatutako «Hirigintzako eta Lurralde Ikasketak Ikastaroaren» Hirigintza Diploma lortzeko.
Kontuan hartuta ikastaroaren garrantzia, egitura eta kostua, aurretik egin diren edizioetan izandako esperientziak agerian uzten du praktikaldi hori egitea eskatzen duten ikasleek laguntza ekonomikoa behar dutela praktikaldia erabat gauzatzeko, eta, horregatik, erabaki da «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroaren» praktikaldia egiten duten ikasleei laguntza ekonomikoa ematea.
«Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroaren» praktikaldia diruz lagundua denez, maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikuluari eta 8.2.f) artikuluari jarraikiz) onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barneko dirulaguntzen lerro gisa ezartzen da deialdia, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren 2025eko otsailaren 26ko Ebazpenaren bidez (IVAPeko Zuzendaritza hutsik egonda sinatuta). Plana IVAPeko web orriaren gardentasun atalean argitaratuta dago eta hiri-ordenamenduarekin eta hirigintzarekin lotutako arloetan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea bultzatzea du xedea, ikastaroan zehar ikasitakoa praktikan jartzearen bidetik.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa eta bertan ezarritako gainontzeko araubide juridikoa, hain zuzen ere, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren mendeko EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroko» praktikaldia egiteko beken deialdia egitea eta haien oinarriak onartzea. Beken oinarriak ebazpen honen eranskinean bildu dira.
XEDAPEN gehigarri bakarra
Deialdi hau gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko araubidearen mende geratzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduari jarraikiz. Beraz, xedapen honen 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdi hau ebazteko, kreditu egokia eta nahikoak egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026. Urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENENETAKO LEHENENGOA
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz, hilabeteko epean ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edo, bestela, Gobernantza Publiko, Administrazio Digital eta Autogobernuaren sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira berariazko ebazpenik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzibidera jo ahal izango da.
AZKEN XEDAPENENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,
LEIRE CORRALES GOTI.
I. ERANSKINA
EVETUREN «HIRIGINTZA ETA LURRALDE IKASKETAK L. (50.) IKASTAROARI» LOTUTAKO PRAKTIKETARAKO BEKEN OINARRIAK
OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Deialdi honen xedea da 2024-2025eko «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) ikastaroari» dagozkion diruz lagundutako praktiken oinarriak arautzea. Ikastaro hori IVAP Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren mendeko EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu zuen.
Deialdia ikastaro horretako ikasleen arteko norgehiagoka-araubidearen bitartez ebaztekoa da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluaren arabera. EVETUren Kontseilu Errektorea da balorazio-organoa.
Diruz lagundutako praktikak 2026ko ekitaldian osatu beharko dira; hau da, deialdia ebazten denetik 2026ko abenduaren 31ra bitartean.
Bigarrena.– Laguntza-kopurua eta haien zenbatekoa.
Gehienez ere 30.800 euro emango dira «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroaren» praktikaldiari lotutako dirulaguntzetarako.
Deialdi honetan esleitzen diren laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Kopuru zehatza arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikasleen artean hainbanatuta kalkulatuko da, baina laguntzak ez dira 3.105 eurotik gorakoak izango. Zenbateko hori gordina da eta horretatik deskontatuko dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.
Betiere arestian adierazitako muga ekonomikoen barnean egonik, laguntza-kopurua baldintza hauen araberakoa izango da:
a) Praktikaldian ikasleak hartu nahi dituzten erakundeen edo enpresen eskabideak nahikoak izatea.
b) Eskatzaile-kopurua erakundeek eta enpresek eskainitako praktikaldiaren ezaugarrietara egokitzea, batetik, haien lanbide-arloari dagokionez eta, bestetik, praktikak egingo diren unitatearen lan-hizkuntzari dagokionez; betiere, kontuan hartuta praktikaldien helmugak esleitzeko lehentasun-ordena.
Hirugarrena.– Parte-hartzaileek bete beharrekoak.
Deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroko» ikasleak izan behar dute, eta ikastaroa amaitzean, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Kasu hauetako batean egotea «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak XLIX. (49.) Ikastaroan» parte hartzeari dagokionez:
I.– «2024-2025eko Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaro» osoko ikaslea izatea eta ikastaroko eskola-modulu guztiak gaindituak izatea ikastaroa bukatutakoan.
II.– 2024-2025eko ikasturtean modulu bat edo batzuk gaindituak izatea, eta aurreko hamar deialdietan gainditutakoekin batuz, ikaslea ikastaroa osorik gaindituta izatea.
III.– Salbuespen gisa, «Hirigintzako XLIX. (49.) ikastaroari» dagozkion diruz lagundutako praktiken aurreko deialdian eskatutako betekizunak betea izatea eta praktikak eskatzeko edo egiteko aukera ez edukitzea, haurdunaldia dela-eta edo erditzea, adopzioa, harrera, gurasotasuna nahiz behar bezala justifikatutako gaixotasun larria dela-eta. Kasu horretan, eskaera egitean, kasuan kasuko egitateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da.
b) Azken 8 urteetan 48 hilabete baino gutxiagoko esperientzia profesionala izatea hirigintza-arloan.
c) Praktikak egiteko eskatzen den lanbide-jardunaren arloaren araberako titulazioa izatea.
Praktikak egiteko eskaintzari dagokion unitateko lan-hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania direla adierazten duten enpresa nahiz erakundeetan praktikak egiteko, IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu edo ziurtagiri baliokideren bat badutela egiaztatu beharko dute eskatzaileek.
Laugarrena.– Baztertzeko kausak.
a) Dirulaguntza zein laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten pean izatea, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) jasotakoa barne.
b) Eskatutako praktikak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko edo pribaturen bat jasotzea.
c) Dirulaguntzen buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 puntuan adierazitako beste edozein kasutan izatea.
d) Transexualen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI kolektiboko kideen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan jasotakoak.
Bosgarrena.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.
Praktikan dauden ikasleak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera sartuko dira, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.
Seigarrena.– Aseguruak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripu-arriskurako eta erantzukizun zibileko aseguru bana egingo die praktiketako ikasleei.
Zazpigarrena.– Diruz lagundutako praktiken esleipendunen betebeharrak.
1.– Betebehar hauek dituzte esleipendunek:
a) Dirulaguntza onartzea.
b) «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroa» osatzen duten ikasgaien esparruan praktikak egitea (420 orduko praktikaldia), dagokion espezializazio akademiko eta profesionalari jarraikiz eta, tutore baten bitartez, erakunde edo enpresa jasotzaileak emandako eginkizunak betez.
c) Praktika horiek behin ikastaroa bukatuta egingo da, EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak eta praktikak egingo diren erakunde edo enpresak adostutako hasiera- eta amaiera-egunen arabera, eta erakunde edo enpresaren lan-ordutegian, betiere erakunde edo enpresaren lan-ordutegiak praktikaldi osoa egitea ahalbidetzen badio ikasleari (gutxienez lau ordu, eta gehienez sei ordu egunean).
d) Lanbide-arauak betetzea, sekretu profesionala eta datu pertsonalen babesa barnean hartuta; hala ere, ezingo zaie lanbide-erantzukizunik ezarri praktiken garapenagatik.
e) IVAPeko eta EVETUko kideekin biltzea, hala eskatzen zaienean.
f) Udal edo enpresa hartzailean egindako lanari buruzko bi txosten egitea eta EVETUri aurkeztea; txosten horietako bat, ikastaroa hasi eta hiru astera aurkeztu beharko dute; eta bestea, praktikaldi osoari buruzkoa, praktikaldia bukatu eta 5 eguneko epean.
g) Ebaluazio positiboa izatea praktiken tutoreak egindako txostenean, praktikaldian dagoen pertsonak egindako lana, praktikaldiaren aprobetxamendua, hark erakutsitako prestatze-maila eta lan horren ebaluazioa jasotzen dituen txostenean, hain zuzen.
h) Praktikak osorik egiteari uko egiten zaiola idatziz jakinaraztea, deialdi honen hamabigarren oinarrian ezarritako moduan eta epean.
2.– Halaber, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluari jarraikiz, laguntzen esleipendunek betebehar hauek ere izango dituzte:
a) IVAPi justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera gauzatua dela.
b) IVAPek egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Halaber onartu beharko dituzte Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arau bereziek xedatutako jarduketak, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin litzaketenak ere.
c) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.
Horren berri izan bezain laster jakinarazi beharko diote emaileari, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
d) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.
Horren berri izan bezain laster jakinarazi beharko diote emaileari, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari berreskuratzeari buruzkoak ere, betetzen dituztela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.
f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil bailitezke.
g) Aipatu legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.
h) Lege horren beraren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jaso izanez gero, soberakina organo emaileari itzultzea.
i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Aurkezteko modua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakiaren bitartez baizik ez da egingo eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047108/z16-a3prevet/eu/). Eskabide-inprimakiek erantzukizuneko adierazpenak jaso beharko dituzte, deialdian parte hartzea galarazten duten inguruabarrak (bosgarren oinarrian xehatuak) gertatzen ez direla ziurtatzeko. Inprimakiak nahitaez erabili beharko dira.
Eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren egoitza elektronikoak onartutako edozein sistema erabiliz identifika eta sina badezake (https://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).
Eskatzailea ez bada identifikazio elektroniko bitartekoren bidez identifikatu, eskabidea bete eta amaitu ostean, eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian, eta eskabide-inprimaki hori sinatuta honako bulego hauetako edozeinetan aurkeztuko da:
– Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko bulegoetan:
Bizkaia (Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 49009 Bilbao).
Gipuzkoa (San Bartolome 28, 20007 Donostia).
Araba (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
– «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
Bizkaia (Kale Nagusia 85, 49011 Bilbao).
Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).
Araba (Ramiro Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
Eskabideak Zuzenean zerbitzuan aurkezteko, ahal dela aldez aurretik hitzordua eskatuta, helbide honetara sartu beharko da https://www.euskadi.eus/zuzenean/eu
Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetatik edozeinetan.
Erabiltzaileak emandako identifikazio-datuak benetakoak direla egiaztatzeko, identitatea kontsultatzeko eta egiaztatzeko zerbitzua erabiliko da.
2.– Eskabideari erantsi beharreko agiriak.
a) Curriculum-vitae eguneratua, pdf formatuan.
b) Lan-bizitza.
3.– Eskabidean alegatu beharrekoa.
Praktikaldirako erakunde edo enpresek adierazten badute beren unitateko lan-hizkuntza euskara dela, erakunde edo enpresa horietan praktikak egitea eskatzen dutenek IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo beste titulu/ziurtagiri baliokideren bat badutela frogatu beharko dute.
Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak ezarritakoaren arabera, administrazioak ziurtatu ahal izango du betebeharrak betetzen direla datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez, eta interesduna ados ez badago berariaz adierazi beharko du.
IVAPek elektronikoki kontsultatuko du agiri hori, bi kasutan izan ezik: alde batetik, ezinezkoa bada IVAPek datua lortzea edo egiaztatzea –kasu horretan, ezintasuna egiaztatu ondoren, interesdunei berei eskatuko zaie agiria aurkezteko–; bestetik, interesdunak berariaz aurka egiten badu eskaera-orrian. Kasu horretan dokumentua berak aurkeztu beharko du.
4.– Aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
5.– Eskabideak zuzentzea.
Aurkeztu beharreko eskabideak ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako betekizunak, eskabidea zuzentzeko eskatuko dio organo eskudunak interesdunari eta 10 eguneko epea emango dio zuzenketak egiteko, eta adieraziko dio horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
Bederatzigarrena.– Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi honetako eskaeren balorazio batzordea LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea da.
Laguntzen kudeaketa IVAPeko Koordinazio eta Kudeaketako idazkariaren agindupeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak egingo du.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntza IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez emango da.
1.– Enpresa edo erakundeen esleipen-ordena erabakitzeko baremoa.
Praktikak egiteko enpresa edo erakundea eta haren unitatea eskatzaileen lehentasun-hurrenkeraren arabera esleituko dira, «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50.) Ikastaroaren» moduluetan osotara lortutako notaren arabera, betiere unibertsitateko titulazioaren eta hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen badituzte. Lehentasunik handiena puntuaziorik handieneko pertsonak izango du, eta hortik aurrera, hurrenkera puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenerakoa izango da.
Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie eskatzaileei.
Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrendan adierazi beharko da erakunde/enpresa horietako bakoitzak zer lanbide-arlotan eskaintzen dituen praktikaldi horiek, zuzenbidean, arkitekturan edo ingurumenean; horrez gain, ikasleek unitate horretan praktikaldiak zer lan-hizkuntzatan egingo dituzten ere zehaztu beharko da.
Interesdunek idatziz adierazi beharko dute eskainitako praktiken eta praktika-guneen artetik zein den beren lehentasun-ordena; horretarako, bost egun baliodun izango dituzte, eskainitako praktiken zerrenda jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Horri dagokionez, enpresek/erakundeek eskainitako praktikaldietarako eskabideak ez dira kontuan hartuko baldin eta:
a) Eskatzailearen titulazio akademikoarekin bat ez datorren lanbide-arloren baterako eskabidea bada.
b) Eskatzaileak eskabidean euskara lan-hizkuntza duen unitatea aukeratu badu baina ez badu frogatu IVAPen 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu/ziurtagiri baliokideren bat duela.
Puntuazioetan berdinketaren bat gertatuz gero, dela praktikaldien esleipenean dela praktikaldietarako enpresaren/erakundearen esleipenean, modulu bakoitzean berdindu duten pertsonen puntuazioei erreparatuko zaie berdinketa hausteko, moduluen iraupenari erreparatuta: lehendabizi, ordu gehieneko moduluan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela, laburreneraino.
2.– Eskaeren balorazioak.
I.– Deialdi honen esparruan, balorazio-batzordeak zeregin hauek izango ditu:
a) Deialdi honetan parte hartzeko eskatzaile onartuen eta baztertuen zerrenda proposatzea.
b) Aurkeztutako eskabideak ebaluatzea, hartara Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Zuzendaritzari helarazteko diruz lagundutako praktikaldien esleipen-proposamena zein praktikaldi bakoitzari dagokion enpresaren/erakundearen esleipen-proposamena; halaber helaraziko dio ordezkoen zerrenda, puntuazio-hurrenkeran.
II.– EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea lagun hauek osatzen dute gaur egun:
– Lehendakaria: Nagore Alberdi Berasaluze (IVAPeko Koordinazio eta Kudeaketako idazkaria).
– Lehendakariordea: Miguel Angel Gargallo Fernandez (Lurralde Plangintzaren zuzendaria. Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila).
– Kideak:
Jon Asua Aberasturi (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Plangintzaren ordezkaria).
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Lurralde Plangintzaren beste ordezkari bat.
IVAPeko ordezkari bat.
Idazkaria: Prestakuntza- eta dokumentazio-kudeatzailea.
Balorazio-organoak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Kontseilu Errektorea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan berariaz bildu gabeko denari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15-18 artikuluek xedatutako araubidea aplikatuko da.
3.– Esleipen-proposamena.
EVETUren Kontseilu Errektoreak egindako ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuta, ebazpenaren proposamena egingo du organo kudeatzaileak. Onuradun gisa proposatutako pertsonei jakinaraziko zaie proposamena, eta horiek bost eguneko epean onartu beharko dute. Onartzen ez badute, onuradun gisa proposatutako pertsonek eskaerari uko egiten diotela ulertuko da.
Hamargarrena.– Diruz lagundutako praktikaldien esleipena.
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren zuzendariak, ebazpen bidez, diruz lagundutako praktikaldiak eta haietako bakoitzari dagokion enpresa/erakundea esleituko ditu, laguntzen zenbatekoa zehaztuko du edo, hala badagokio, deialdia erabat edo partzialki huts deklaratuko du.
Ebazpen horretan finkatuko dira: zein diren praktikaldien esleipendunak; zer enpresa edo erakunde dagokion praktikaldi bakoitzari; zenbatekoa izango den laguntza, eta zein izango diren diruz lagundutako praktikaldietarako ordezkoak, puntuazio-hurrenkerari jarraikiz. Ebazpena arrazoitua izango da, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluak ezartzen dituen baldintzak beteko ditu.
Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Hamaikagarrena.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Praktikaldietarako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, praktikaldia amaitu ondoren.
Dirulaguntzaren ordainketa gauzatzeko, esleipendunak ezinbestean bete beharko ditu deialdi honen zortzigarren oinarrian aurreikusitako betebeharrak eta nahitaez lortu behar du balioespen positiboa, praktikaldiaren aprobetxamenduari dagokionez, praktiken tutoreak emandako txostenean; txosten hori praktikak egin dituen pertsonak praktikaldiari buruzko bigarren txostena aurkeztu ondoren egin behar du tutoreak, eta praktikaldi osoari buruzkoa izan behar du: praktikaldian egon den pertsonak egindako lana, pertsona horrek erakutsitako prestaketa-maila, eta hark egindako lanaren balorazio orokorra.
Laguntzaren ordainketa partziala ere onar daiteke, baldin eta praktikaldia oso-osorik ez egin izanaren kausa enpresari edo eta erakundeari leporatzekoa bada. Kasu horretan, dirulaguntza partzialki jasotzeko, tutorearen txostenean balioespen positiboa jaso behar du praktikaldian egon den pertsonak, egindako lanari, erakutsitako prestaketa-mailari eta egindako lanaren balorazio orokorrari dagokienez. Jasotako dirulaguntza, kasu horretan, praktikaldiak benetan iraun duenarekiko proportzionala izango da.
Salbuespen gisa laguntzaren ordainketa partziala ere onar daiteke baldin eta praktikaldia osorik ez egin izanaren kausa hauetako bat bada: haurdunaldia, erditzea, adopzioa, harrera, gurasotasuna nahiz behar bezala justifikatutako gaixotasun larria.
Esleipendunak bere betebeharrak betetzen ez baditu dirulaguntza baliogabetu egingo da, eta esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu pertsona horrek.
Emandako dirulaguntza itzultzeko, hori egitea bidezkoa den kasuetan, 20/2023 Legearen (abenduaren 21ekoa, Dirulaguntza Araubidea Erregulatzekoa) 40. artikuluari jarraikiz egingo da.
Dirulaguntza eta berandutze-interesak itzultzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluak ezarritakoa izango da aplikagarria.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntzak jasotzen badira, edota, bestela, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabideak lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauek onuradun izateko ezartzen dituzten gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Hamabigarrena.– Diruz lagundutako praktikaldiari uko egitea eta ordezkapenak.
Esleipendunak diruz lagundutako praktikaldiari uko egiten badio, aurkeztutako idatzi baten bidez jakinarazi beharko du, eta esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Uko egitea beste izapiderik gabe onartuko da.
Horretarako denbora ematen duelako beste esleipendun batek praktikaldia 2026ko ekitaldian osa baldin badezake, IVAPen zuzendariak ordezko bati esleituko dio diruz lagundutako praktikaldia, betiere puntuazio-hurrenkerari jarraikiz.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, esleipendunak ukoa esanbidez jakinarazten ez badu praktikaldia benetan eten denetik bost eguneko denbora-tartean, eta etete hori ezin bazaie leporatu, ez enpresa edo erakundeari, ez IVAPi, esleitutako laguntza baliogabetu egingo da, eta onuradunak esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.
Ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdiaren esparruan hasitako zehapen-prozedura hasi dela jakinarazi ondoren aurkezten den ukorik ez da onartuko. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.
Hamahirugarrena.– IVAPen eta erakunde edo enpresa laguntzailearen eta esleipendunaren arteko kontratu- eta lan-betebeharrik eza.
Praktikaldia egiteko dirulaguntza esleitzeak –eta praktikaldian dagoen pertsonak erakundean/enpresan egiten duen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu- edo lan-loturarik IVAPen –zeinaren mendekoa baita EVETU– eta dirulaguntzaren hartzailearen artean, ez eta praktikaldia egiteko enpresaren edo erakunde laguntzailearen eta dirulaguntzaren onuradunaren artean ere.
Hamalaugarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igarota prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela, eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, aukerako berraztertzeko administrazio-errekurtsoa jartzeko (Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariari) aukera, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzien jurisdikziora jotzeko aukera izango dute.
Hamabosgarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Prestakuntza eta hobekuntza.
Arduraduna: IVAP.
Helburua: Deialdi honen kudeaketa.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Foru aldundiak, Toki administrazioko Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk, EAEko administrazio publikoetan langile-kontuetan eskudun diren organismoak, praktikak garatzen dituzten EAEko administrazio publiko eta erakundeak. eta aldizkari ofiziala. Datu pertsonalak ez dira lagako, legezko betebeharrik ez bada.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS