Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
5340

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 19koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia irekitzen duena, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren mendeko Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak (EVETU) antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroaren esparruan (2024-2025).

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak (IVAP), 2024an, ikastaro honetarako deialdia egin zuen: «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroa (2024-2025), IVAPen mendeko EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolak antolatutakoa. Ikastaroa, zeina 700 ordukoa baita, deialdi bakar baten barruan egin daiteke oso-osorik edo, bestela, modulu teorikoak independenteki egin daitezke, eta, horretarako, matrikulatutako deialdiari dagokion ikastaroaren baldintza guztiak bete behar dira. Modulukako egitura horrek aukera ematen die ikastaroa egin nahi dutenei ikastaroaren erritmoa eta jardun profesionalera edo pertsonalera egokitzeko; izan ere, aukera dago prestakuntza etenik gabe edo moduluka egiteko.

Ikastaro horren egituraren arabera, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 praktika-hilabete baino gutxiago egin dituzten ikasleek 420 orduko praktikaldia egin dezakete, erakundeetan eta/edo enpresetan. Praktikaldi hori ez da nahitaezkoa EVETUren «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroari dagokion «Hirigintza diploma» lortzeko.

Praktikaldiak ikastaroan zehar jasotako ikaskuntza teoriko-praktikoa osatzeko xedea dauka; beraz, gaikuntza eta trebetasun praktikoak eskuratzeko aukera ematen zaie praktika horiek egiten dituztenei, ikastaroaren edukien eremuan, erakundeetako eta enpresetako lan profesionaletan arituz.

Hirigintzaren eta lurralde- eta hiri-ikasketen eremuan, are nabarmenagoa da prestakuntza praktikoaren beharra, eremu konplexua izateaz gain, guztiz zeharkako gaia baita enpresa askoren jardueran, eta, zalantzarik gabe, administrazio publikoen jardueran.

erakunde edo enpresa horiek praktikaldian dauden pertsonak hartuz erakusten duten lankidetzak gizarte-balio handia ematen die haien ekimenari; horrela, guztien ahaleginak batuz, gero hirigintzan arituko diren profesionalen kalitatea eta prestakuntza praktikoa hobetuko dira.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Irekitzea erakundeek eta enpresek «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroko (2024-2025) ikasleak praktiketan hartzeko deialdia; ikastaroa IVAPen mendeko EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu du.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz. Hilabeteko epea izango da horretarako, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke, edota, bestela, Gobernantza Publiko, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira ebazpen espresurik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu beharko da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 19a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

LEIRE CORRALES GOTI.

ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen helburua da, batetik, erakundeentzako eta enpresentzako deialdia irekitzea, praktikak egingo dituzten ikasleak har ditzaten, EVETU Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak 2024-2025 ikasturterako antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroaren esparruan, eta, bestetik, praktika horien ezaugarrien berri eta praktika horien esparruaren berri ematea erakundeei eta enpresei, praktikaldiak formalizatzeko eta garatzeko oinarriak ezartzearekin batera.

Bigarrena.– Praktiken ezaugarriak.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariaren Ebazpenaren bidez araututa dago praktikaldi hori ikasleentzat. Ebazpen horren bidez, erakunde edo enpresetako diruz lagundutako praktikak erregulatu eta haietan parte hartzeko deia egiten zaie EVETUk antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroa (2024-2025) egiten duten ikasleei.

Praktikak borondatezkoak dira, eta ezaugarri hauek dituzte:

a) EVETUk 2024-2025 ikasturte akademikorako antolatutako «Hirigintza eta Lurralde Ikasketak L. (50)» ikastaroaren ikasleei zuzenduta daude (700 orduko ikastaroa) eta, parte hartzeko, sei eskola-moduluak gaindituta izan behar dituzte.

b) Ikasleek, praktikak eskatu eta egin ahal izateko, azken 8 urteetan, 48 hilabete baino gutxiagoko hirigintza-arloko praktika izan behar dute.

c) Praktikaldia 420 ordukoa da, EVETUk eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztuko dute hasteko eguna, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaituko da. Halaber, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiaren araberakoa izango da praktikaldia, betiere, erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak ikasleari ahalbidetzen badio praktikaldi osoa egitea gutxienez lau orduko eta gehienez sei orduko derrigorrezko lanaldi batekin.

d) Praktiken xedea da ikastaroan eskuratutako ezagutzak eta trebetasunak abian jartzea, praktikak egiteko hartu duen enpresa edo erakundearen lanetan parte hartuz.

e) IVAPek dirulaguntza ematen du praktikaldirako. 2026ko ekitaldian, 30.800 euro erabiliko dira, gehienez. Zenbateko horretatik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipenak eta konturako ordainketak deskontatuko dira. Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasleen kopuruaren artean hainbanatuta kalkulatuko da kopuru zehatza, baina laguntza gordin bakoitza ez da sekula 3.105 eurotik gorakoa izango.

f) Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartuko dira, IVAPen kargura, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.

g) Erakundeko/enpresako pertsona bat izango da praktiketan arituko den pertsonaren tutorea.

h) Honako hauen arabera hartuko dira praktiketako ikasleak: praktikak egin nahi dituzten ikasleen kopurua, ikasle horiek harrera-enpresen eta -erakundeen zehaztapenak betetzea (espezialitate profesionalari eta praktikak egiteko hizkuntzari dagokienez) eta praktikak egingo dituzten pertsonek destino posibleen artean egiten duten aukeraketa.

Hirugarrena.– Ez dago kontratu-obligaziorik praktikak egiten diren enpresaren edo erakundearen eta praktikak egiten dituen pertsonaren artean.

Enpresak edo erakundeak praktikak egiteko pertsona bat onartzeak –edo praktikaldian dagoen pertsonak erakundean/enpresan egiten dituen egonaldiak eta jarduerak– ez dakar inolako kontratu-loturarik Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren (IVAP) eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean, ez eta praktikaldia egiteko enpresaren edo erakundearen eta dirulaguntzaren jasotzailearen artean ere.

Laugarrena.– Enpresa/erakunde hartzailearen egitekoak eta obligazioak.

a) Praktikak egiten dituenari aukera ematea praktikak egiten diren unitateko eremu profesionalean eta bere espezialitate profesionalaren eremuan laguntzeko.

b) Praktiken tutoretza-lanak egingo dituen pertsona izendatzea. Horrek gidatu eta gainbegiratuko du praktiken garapena. Horretarako, tutoreak txosten bat egingo du, eta, bertan, praktiketan hartutako pertsonak zer lan egin duen, nolako prestakuntza-maila erakutsi duen eta nolako balorazioa egiten dion adieraziko ditu. Praktikaldia amaitu eta gehienez ere hiru eguneko epean, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidaliko du txostena.

c) IVAPi jakinaraztea praktikaldia betetzeari dagokionez sor daitezkeen gorabeherak –uko egitea, ezintasuna eta antzekoak–.

Bosgarrena.– Praktiketako pertsona bat hartzea eskatzen duten erakundearen/enpresaren betekizunak:

a) Hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak edukitzea.

b) Praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsona bat edukitzea praktikaldian, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

c) Praktiketako pertsona bat hartzeko eskabidea aurkeztea, seigarren eta zazpigarren oinarrietan adierazten den moduan eta epean.

Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea, betekizunak, epea eta zuzenketak.

Deialdi honen arabera pertsonak praktiketan hartzeko interesa duten entitateek izapidetze elektronikoaren bitartez aurkeztu behar dituzte eskabideak, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047208/z16-a3prevet/eu/

1.– Eskaeran, datu hauek jasoko dira:

a) Erakunde edo enpresa eskatzailearen identifikazioa eta zein unitaterako eskatzen den praktiketako ikaslea.

b) Eskatzen den ikaslearen espezialitatea: juridikoa, arkitektura, ingurumena edo besteren bat.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak hirigintzaren, lurralde-plangintzaren eta ingurumenaren eremuko unitate espezifikoa eta horri atxikitako langileak dituela adieraziz.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, entitateak, praktikaldian, praktikak egiten dituenaren tutore-lanak egiteko pertsonaren bat duela adieraziz, pertsona horrek enpresan betetzen duen espezialitate profesionala eta praktiketako ikaslearen espezialitate profesionala kontuan hartuta.

e) Praktikak egingo diren unitatean lanerako zein hizkuntza erabiltzen den: euskara, gaztelania edo euskara eta gaztelania.

2.– Eskabideak aurkezteko baldintzak.

Entitate eskatzaileek identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoekin identifikatu beharko dute beren burua, eta horiek erabili beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Onartutako bitartekoak zein diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan kontsulta daitezke: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/), «Izapideak/Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean.

Hori dela-eta, erakunde eskatzaileek erakundearen ziurtagiri elektronikoarekin identifikatu beharko dute beren burua.

Izapidea ordezkari baten bidez egiten bada, ordezkaritza-agiria aurkeztu beharko du horrek.

Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatuz gero eta ordezkarien erregistro elektronikoan alta eman gabe egonez gero:

a) Erakundea legez ordezkatzeko, notarioaren bidez egiaztatutako sinadura jasotzen duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko du (PDF formatuan).

b) Borondatezko ordezkaritzarako, legezko ordezkaritza boluntarioa esleitzeko inprimaki normalizatua aurkeztu beharko du.

Erakunde publiko baten izenean jarduteko, eskuduntzak eskuordetzeko inprimaki normalizatua aurkeztu beharko du, edo eskaera aurkezteko eta prozedurak eskatzen dituen kudeaketak egiteko baimena duela egiaztatzen duen bestelako edozein dokumentu. Bietan, eskaerari erantsi beharko zaizkio inprimakiak.

3.– Aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, eskatzaileak 10 egun balioduneko epea izango du akats hori zuzendu edo eskatutako dokumentuak aurkezteko. Horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko da, Administrazioak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ondoren.

5.– Gainerako izapideak.

Espedienteetara sartzeko eta horien izapidetzea eta jarraipena egiteko, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera sartu behar da.

Zazpigarrena.– Praktikak egitea eskatu duten pertsonei eta erakunde/enpresa eskatzaileei praktikak esleitzeko prozedura.

Unitateren batean praktikak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie praktikak egitea eskatu duten ikasleei.

Ikasleek, Hirigintza eta Lurralde Ikasketak ikastaroan lortutako puntuazioaren hurrenkeran, praktikak egiteko enpresa/erakundea hautatuko dute, betiere titulazioari eta hizkuntza-unitateari buruzko erakunde/enpresa eskatzailearen baldintzak betetzen badituzte. Hautaketa horretan oinarrituta, praktikaldiko ikasleak eta balizko ordezkotzak jasoko dituzten erakundeak/enpresak zein diren zehazten duen ebazpena emango du IVAPeko zuzendariak.

Diruz lagundutako praktikak esleitzeko edota deialdia hutsik uzteko ebazpena emango da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko.

Zortzigarrena.– Praktikak egiteko erakundea edo enpresa onartzea.

Praktiketarako destino gisa esleitua izan den erakundeak edo enpresak jakinarazi egin beharko du onartu egiten duela praktikak egingo dituen pertsona, eta onarpen horren berri emango du espreski, telematikoki, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean, jakinarazpena jaso eta 5 eguneko epean.

Onarpen hori formalizatzeko modua eskaintzen da atal horretan, prozedura errazte eta arintze aldera. Hala ere, enpresek eta erakundeek bestelako idazki bat aurkeztu dezakete aipatu atalean, konfigurazio juridikoaren arabera bete behar dituzten arauei jarraikiz, praktikak onartzen dituztela eta destino horretarako esleitu den pertsona zehatza onartzen dutela adieraziz.

Bederatzigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igarota, erakundeei edo enpresei praktiketako pertsonak esleitzeko ebazpenik argitaratu ez bada deialdiaren Interneteko helbidean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ezetsitzat joko da eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako legeria bete daitezen, jakinarazten dugu datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Prestakuntza eta Hobekuntza». Tratamendu horren helburua da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

Tratamenduaren arduraduna da Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritza. Datuetarako iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko edo emateko eskubideak, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egiteko eskubidea eta emandako adostasuna errebokatzeko eskubidea, edo aplikagarria zaion araudiak arautzen dituen gainerako eskubideak Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren Zuzendaritzaren zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean balia daitezke.

Ez da aurreikusten datuen lagapenik.

Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala