
240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (121 KB - 1 orri.)
- EPUB (100 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5338
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 20koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde saria nori eman ebazten baita.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2025eko irailaren 16ko Ebazpenaren bidez, Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde saria iragarri zen.
Kontuan hartuta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariaren 2025eko irailaren 23ko Ebazpenaren bidez izendatutako epaimahaiak aho batez erabakitako emakida-proposamena, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berdintasunaren aldeko 2025eko Emakunde saria ematea Mari Carmen Ramilo Araujori, sari honek aurreikusten dituen irizpideak betetzen dituen hautagaia delako, kontuan hartuta sarituak berdintasunaren arloan egin duen ibilbidea, izan duen garrantzia eta lortu duen eragina. Sarituak 14.400 euro jasoko ditu.
Politologo, ikertzaile, prestatzaile, dibulgatzaile eta aktibista feminista honek bi hamarkada luzez berdintasunaren eta feminismoaren alde egin duen ekarpena nabarmendu du epaimahaiak. Hala, hautagaitzan ikus daitekeen bezala, sariaren balioak betetzen dituela uste da, emakumeen eskubideen defentsa, konpromisoa, berrikuntza eta eragin soziala sustatu baititu. Epaimahaiak azpimarratu duenez, ezagutza librea emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean aurrera egiteko tresna boteretsua izan daitekeela erakusten digu bere ibilbideak.
Epaimahaiak, beraz, aitortza publikoa egin nahi dio bere lanari, bereziki emakumeei ikusgaitasuna emateko orduan egindako ekarpenagatik, WikiEmakumeok proiektu kolaboratiboa sustatuz, Wikipedian biografiak sortu eta edukiak hobetzeko; alfabetatze eta ahalduntze digitalean egindako lanagatik, genero-arrakalak murrizteko eta informaziorako sarbidea ekintzarako gaitasun bihurtzeko; ikuspegi feminista duen ikerketa aplikatua egiteagatik, gizartean eta politikan eragitea xede; eta espazio komunitarioak eta sare kolaboratiboak sortzeagatik, bereziki landa-eremuan, mugimendu feministak indartu eta profil desberdinetako emakumeak konektatzeko.
Azkenik, hainbat alderdi batzen dituen sari honen bidez, epaimahaiak berariaz nabarmendu nahi du aktibista eta dibulgatzaile gisa izan duen garrantzia, kontzientzia feminista eraldatzailea sustatu baitu blog, hitzaldi eta argitalpenen bidez, egiturazko desberdinkeriei buruzko sentsibilizazioa piztuz eta horiek gainditzeko estrategiak aurkeztuz.
Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea agortzen du; beraz, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 20a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,
MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.
RSS