Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
5337

AGINDUA, 2025eko abenduaren 3koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Espetxe Gaietako arduraduna» lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritzan hutsik dago Espetxe Gaietako arduraduna lanpostua (512461 kodea, 3. dotazioa). Beraz, sail honek lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du (agindu honen eranskinean adierazita dago lanpostua), Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 102.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Enplegu Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdian parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, bai eta EAEko Administrazio Orokorrari lotutako zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako karrerako funtzionarioek ere, baldin eta lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen badituzte (eranskinean daude zehaztuta).

Langile horiek deialdian parte hartu ahal izango dute, beren administrazio-egoera edozein dela ere, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioak, egoera horrek irauten duen bitartean.

b) Norberaren interesagatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskatutako gutxieneko denbora (2 urte) igaro ez duten langileak.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta LPZn ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen badute eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo beren jatorrizko administrazioan plaza erreserbatuta duten administrazio-egoeran badaude, salbu eta eginkizun-gabetzea, behin-behinekoa edo irmoa, 6 hilabetetik beherakoa bada.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

EAEko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde publikoetan jardunean ari diren karrerako funtzionarioek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskabideak, Jakina bidez eta Internet bidez, helbide honetan: Funtzio Publikoa-Eusko Jaurlaritza-Euskadi.eus https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/funcion-publica/inicio/

Gainerako izangaiek Justizia eta Giza Eskubideen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez https://www.euskadi.eus/registro-electronico-general/web01-sede/es/

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Agindu honen eranskinean, LPZn «Espetxe Gaietako Arduraduna» lanpostua betetzeko eskatzen diren baldintzak ezartzen dira. Era berean, merezimendu gisa baloratuko da langileen arduradunaren zereginetan duten esperientzia.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, curriculum vitaea aurkeztuko da, eta, bertan, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, datu hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan, sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak eta zereginak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak jakitea.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako eginkizun eta atazekin lotuta, egokitzat jotzen den beste edozein merezimendu eta eskumen.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, salbu eta EAEko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan badaude.

Pertsona deialdiko lanpostuaren eginkizunetara egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egokitzat jotzen dituen bitartekoak erabili ahal izango ditu alegatutako merezimenduak egiaztatzeko. Horretarako, elkarrizketa pertsonala, proba edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu ahal izango ditu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi beharko zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostuaz jabetu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Esleipenduna lanpostuaz jabetu beharko da esleipen-aginduan zehazten den egunean, eta horrek berekin ekarriko du aurreko lanpostuaren titulartasuna galtzea, hala badagokio.

Ebazpen hori arrazoitzeko, kontuan hartuko da hautagaiak deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak betetzen dituela, bai eta izendapena egiteko gaitasuna ere, eta monografian ezarritako lanpostuko eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela adieraziko da, merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza) gainerako hautagaiekin konparatuz, halakorik balego.

Deialdia hutsik geratu ahal izango da, baldin eta hautagaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren baldintzak, edo hautagaietako bat bera ere ezin bada egokitzat jo, deitutako lanpostua betetzeko merezimendu eta gaitasun nahikoak ez dituelako.

Bosgarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien dagokion epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 3a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARIA JESÚS CARMEN SAN JOSE LOPEZ.

ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK

Deitutako lanpostua: Espetxe Gaietako Arduraduna.

Kodea: 512461

Dotazioa: 3

Kidegoa eta eskala:

– EPA300 Espetxe Administrazioko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa-Espetxe Administrazioko Eskala Juridikoa.

– EPA301 Espetxe Administrazioko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa-Espetxe Administrazioko Psikologiako Eskala.

– EPA302 Espetxe Administrazioko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa-Espetxe Administrazio Bereziko Eskala.

Berariazko baldintzak:

– Q052 Ziurtagiri Negatiboa, Espetxeak Berregituratzeari buruzko abenduaren 22ko 36/1970 Legearen bederatzigarren artikuluaren arabera.

Destino-osagarriaren maila: 27

Berariazko osagarria: I-B.

Kokapena: Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 3, derrigortasun-datarik gabe.


Azterketa dokumentala