Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
5336

AGINDUA, 2025eko azaroaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketa, 2026ko ekainaren 30ean kargua hutsik geratuko den ikastetxeetan.

Agindu honen xedea da Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendarien hautaketa-prozesuko deialdia egitea, hain zuzen, agintaldia 2026ko ekainaren 30ean amaituko duten zuzendaritza-taldeena.

Kontuan hartu behar da Estatuko oinarrizko legerian gai horri buruz ezarritakoa, bereziki Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (133. artikulua eta hurrengoak) (aurrerantzean, LOE).

Estatuko oinarrizko araudiari dagokionez, aipatzekoa da urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretua, zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-ikastaroaren ezaugarriak garatzen dituena, bai eta zuzendaritza-eskumenak eguneratzeko ikastaroena ere. Hala ere, LOMLOEren 134.1.c) artikuluaren arabera, zuzendaria hautatzeko merezimendu-lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza izatetik, hezkuntza-administrazio bakoitzaren aukerako baldintza izatera igaro da prestakuntza hori. Kasu honetan, Hezkuntza Sailak uste du prestakuntza hori ez dela zuzendaritzarako hautagai izateko baldintza, baina bai zuzendari-lanetan aritzekoa. Horregatik, hautagaiek zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziei buruzko prestakuntza-programa gaindituta izan beharko dute izendatu aurretik. Prestakuntza programa horren ezaugarriak araututa daude Hezkuntza Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariaren 2025eko ekainaren 16ko Ebazpenean, zeinetan jasotzen den, otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuan (aurrerantzean 29/2023 Dekretua), zuzendaritza-funtzioan sartzeari, prestakuntzari, ebaluazioari eta jarduera aitortzeari buruzkoan, ezarritako zuzendaritza-funtzioan sartzeko berariazko prestakuntza-programa.

Bestalde, abenduaren 21eko 17/2023 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarenak (41. artikulua), eta, batez ere, otsailaren 28ko 29/2023ko Dekretuak, Hezkuntzaren arloan eskumena duen titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-eginkizunean sartzeari, prestakuntza jasotzeari, hura ebaluatzeari eta aintzatespenari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzkoak, arautzen ditu zuzendaria hautatzeko prozedura eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako pertsona bakarreko beste gobernu-organoen izendapena eta kargu-uztea.

Dekretu horren 7. artikuluak ezartzen duenez, zuzendaria izendatzeko, merezimendu-lehiaketa egingo da ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean, berdintasun-, publizitate-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera. Artikulu horrek ezartzen du, halaber, meritu-lehiaketa hori urtero deituko dela, eta ikasturtea amaitzean zuzendari-kargua hutsik geratzen den ikastetxeak barne hartuko dituela.

Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten da Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko, hain zuzen, agintaldia 2026ko ekainaren 30ean amaituko duten zuzendaritza-taldeena, honako hauek izan ezik: Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua eta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, berariazko araudiari jarraituko baitiote horiek.

2. artikulua.– Araubide juridikoa.

Hautaketa-prozesua Hezkuntzari buruzko LOEk xedatutakoaren arabera, eta abenduaren 21eko 17/2023 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzarena, 29/2023 Dekretuan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera egingo da.

3. artikulua.– Izangaien baldintzak eta betekizunak.

1.– 29/2023 Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasle orok honako baldintza eta betekizun hauek bete beharko ditu merezimendu-lehiaketan parte hartzeko:

a) Gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.

b) Gutxienez bost urtez irakasle lanetan aritu izana karrerako funtzionario gisa aukeratutako ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean.

c) Irakaskuntzako lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailarekin parekagarria).

d) 29/2023 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako alderdiak jasotzen dituen zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, hautagaiak Ikasketa Burutzako eta Idazkaritzako karguak beteko dituzten pertsonak proposatu beharko ditu, zuzendari izateko hautagai den ikastetxeko klaustroko kideen artean aukeratuak.

e) Ezingo da ikastetxerako zuzendaritza-proiekturik aurkeztu, baldin eta izangaiak urte sabatikoa hartzeko edo erretiroa hartzeko asmoa badu proiektuaren ezarpen-aldian, bi egoera horiek eragotzi egiten baitute bertan proposatutako helburuak eta ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren egonkortasuna, jarraitutasuna eta konpromisoa ziurtatzea.

f) Zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziei buruzko PEFI_EFD prestakuntza-programa gaindituta izatea edota salbuetsita egotea izendatu aurretik.

2.– Haur Hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako osatu gabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzakoetan, baita arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntza-irakaskuntzak edo zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduentzako irakaskuntzak eskaintzen dituztenetan ere, honako baldintza hauek bete beharko ditu irakasle orok merezimendu-lehiaketan parte hartzeko:

a) Gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.

b) Gutxienez urtebetez irakasle lanetan aritu izana karrerako funtzionario gisa aukeratutako ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean.

c) Irakaskuntzako lanpostuen 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailarekin parekagarria).

d) 29/2023 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako alderdiak jasotzen dituen zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, hautagaiak Ikasketa Burutzako eta Idazkaritzako karguak beteko dituzten pertsonak proposatu beharko ditu, zuzendari izateko hautagai den ikastetxeko klaustroko kideen artean aukeratuak.

e) Ezingo da ikastetxerako zuzendaritza-proiekturik aurkeztu, baldin eta izangaiak urte sabatikoa hartzeko edo erretiroa hartzeko asmoa badu proiektuaren ezarpen-aldian, bi egoera horiek eragotzi egiten baitute bertan proposatutako helburuak eta ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren egonkortasuna, jarraitutasuna eta konpromisoa ziurtatzea.

f) Zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziei buruzko ZEB_HPPE prestakuntza-programa gaindituta izatea edota salbuetsita egotea izendatu aurretik.

3.– Izangaiak bete beharreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko ditu.

4. artikulua.– Hautaketa-prozesuko printzipio orokorrak.

1.– Hezkuntza-komunitateak eta Hezkuntza Sailak parte hartuko duten prozesu baten bidez hautatuko da zuzendaria.

2.– Ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten eta eskabidea aurkezten duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidez hautatuko da zuzendaria. Hautaketak berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasunen printzipioak izango ditu oinarri.

3.– Merezimendu-lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengo fasean, zuzendaritza-proiektua eta haren defentsa baloratuko da. Proiektu horretan, hautagaiak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin lerrokatuta egongo den proposamena jasoko da. Bigarren fasean, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten pertsonek alegatutako merezimenduak baloratuko dira.

4.– Hautaketa egiteko irizpide objektiboak eta prozedura, baldintza eta merezimendu akademikoak eta profesionalak egiaztatzeko modua, eta hautagaiek akreditatutako merezimenduen eta aurkeztutako proiektuen balioespen-irizpideak agindu honen eranskinetan ezartzen dira.

5.– Hautaketa egiteko ikastetxeko irakasleen hautagaitzei emango zaie lehentasuna. Ikastetxean behin betiko edo behin-behineko destinoa duen karrerako izangai funtzionarioren batek gutxieneko puntuazioa lortzen badu, hautaketa-batzordeak ez ditu balioetsiko ikastetxean destinorik ez duten hautagaien zuzendaritza-proiektuak.

6.– Izangai bakoitza gehienez hiru ikastetxetan aurkeztu ahal izango da hautagai gisa.

7.– Zuzendariaren hautaketa, zuzendaritza-proiektuaren balorazioa eta haren defentsa eta izangaiek egiaztatutako ikasketaren, prestakuntzaren, lanbide-merezimenduen balorazio objektiboa kontuan hartuta, hautaketa-batzordeko kideen artean era kolegiatuan egingo da, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

Aurkeztutako proiektuak, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak jaso beharko ditu, bai eta hizkuntza-normalizazioari buruzkoak ere.

8.– Hautaketa-prozedura gainditzen dutenek, izendatu aurretik, egiaztatu beharko dute zuzendaritza-eginkizunean jarduteko konpetentziei buruzko berariazko prestakuntza-programan jasotako prestakuntza. Programa hori Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaritzaren 2025eko ekainaren 16ko Ebazpenean jasotzen da.

9.– Hautagaitzarik ez dagoenean, ikastetxe berriak direnean edo dagokion batzordeak pertsona bakar bat ere aukeratu ez duenean, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Eskola Kontseilua entzunda, eta Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostena aztertu ondoren, irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, ezohiko izaeraz, urtebeterako.

10.– Ezohiko izaeraz izendatutako zuzendariak zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-programa egin beharko du izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen. Halaber, jarduera-plan gisa, 2026-2027 ikasturteari dagokion urteko planean lidergoarekin lotutako helburu bat sartuko da gutxienez Ikastetxeko Urteko Planean, eta helburu hori Ikastetxeko Urteko Memorian ebaluatuko da.

5. artikulua.– Hautaketa-prozesuaren garapena.

Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean ezarritako egutegiaren eta prozeduraren arabera egingo da.

6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.

Eskabidean jasoko da:

a) Zuzendariak hautatzeko prozesuan onartzeko eskabidea, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera (interesdunak Hezigunean sartu ondoren beteko duen online formularioa). Eskabide horretan, hautagaitza aurkezten den ikastetxeaz edo ikastetxeez gain, zuzendaritza-taldeko gainerako kideen (ikasketa-burua eta idazkaria) proposamena zehaztuko da, bai eta prozeduraren bigarren faserako alegatutako merezimendu guztiak ere. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte burutu diren alegatutako merezimenduak bakarrik barematuko dira. Eskatzaileek merezimenduen lehiaketaren bigarren faseko baremoko merezimenduak justifikatzeko aurkeztu behar dituzten dokumentuak agindu honen IV. eranskinean daude jasota.

b) Zuzendaritza-proiektuaren ale bat aukeratu den ikastetxe bakoitzeko, III. eranskinean xedatutakoaren araberakoa.

c) Zuzendaritza-taldeko kideak zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua. Dokumentazio hori deialdi honetako lehenengo xedapen gehigarrian jasotako kasuetan bakarrik aurkeztuko da.

d) Hautagaia matrikulatuta dagoela ZEB_HPPE prestakuntza-programan.

e) Eskabide-eredua, ZEB_HPPE prestakuntza-programako jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteko, IV. eranskineko ereduaren arabera, hala badagokio.

Eskabide horrekin batera, agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, baldin eta dagoeneko Hezkuntza Sailaren esku ez badago. Modu berean jokatuko da alegatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioarekin.

7. artikulua.– Deitutako ikastetxeak.

Agindu honen VI. eranskinean zehaztutako ikastetxeetan deitzen da prozesua. Prozesuaren garapenaren uneren batean, eta zuzendaria izendatu aurretik, deitutako ikastetxeren bat Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu bihurtzen bada, ikastetxe hori zuzendariaren hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta ondoriorik gabe geratuko dira ordura arte egindako izapide guztiak.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Zerbitzu eginkizunetan Ikasketa-buruak eta idazkariak izendatzeko salbuespenezko egoerak.

Salbuespenezko kasu hauetan, zuzendariak ikasketa-burua edo idazkaria zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua egin ahal izango du:

– Ikasketa-burutzarako edo idazkaritzarako proposatutako pertsona ikastetxean behin betiko destinorik ez duen karrerako funtzionarioa den kasuetan.

– Karrerako irakasle funtzionarioen ehunekoa % 20koa edo txikiagoa denean (edo 6 irakasle edo gutxiagokoa, % 20a 6 baino gutxiago bada), hautagaiak klaustroko bitarteko funtzionarioak proposatu ahal izango ditu Ikasketa-burutzako edo Idazkaritzako karguetarako.

Ehuneko hori kalkulatzeko, lanaldi osoa eta lanaldi murrizketarik gabea duten karrerako irakasle funtzionarioen kopurua hartuko da kontuan, ikastetxearen hasierako LPZ osatzen duten irakasle guztiekiko.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako langileak kudeatzeko zerbitzuek ikasketa-buru eta idazkari izateko proposatutako pertsonen datuak aztertu, eta ondoren, baliozkotuko dituzte. Behin-behineko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio hautagaiari, agindu honen I. eranskineko 2.2 atalean jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenaren bidez.

Baliozkotzea negatiboa bada, hautagaiak bere zuzendaritza-taldeko kideen proposamena aldatu ahal izango du ebazpen horren erreklamazio-aldian. Bere proposamenean aldaketarik egiten ez badu, edo proposamen berria baliozkotzen ez bada, zerbitzu-eginkizunaren eskaera ezetsi egingo da. Behin betiko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio hautagaiari, agindu honen I. eranskineko 2.4. atalean jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin betiko ebazpenaren bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 25ean.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

I. ERANSKINA
HAUTAKETA-PROZESUAREN EGUTEGIA ETA PROZEDURA

1.– Eskabideak aurkeztea. Eskabideak telematikoki aurkeztea, dokumentazioa eta epeak.

1.1.– Eskabideak aurkezteko eta deialdi hau arautzen duen dokumentazioa izapidetzeko atari gisa, hau izango da webgunea: https://hezigunea.euskadi.eus/, aurrerantzean, Hezigunea. Prozedura honetan parte hartzeko, izangaiek aipatutako atariaren bidez egin beharko dute eskabidea. Bertan, agindu honen VI. eranskinean zerrendatutako 3 ikastetxe eskatu ahal izango dituzte gehienez, lehentasun-ordenaren arabera.

1.2.– Hezigunea atarira sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik eskatzailea identifikatzea (NAN/AIZ + pasahitza, edo XLNETs erabiltzailea, lehendik izanez gero). Eskabidea betetzeko, «zuzendariak hautatzea» banner-era sartu behar da, eta sistemak identifikazio-zenbaki bat sortuko du, prozedurari balioa eta bakartasuna emango diona.

Hainbat arrazoi direla medio, izangaiek parte hartzeko eskabide telematiko bat baino gehiago aurkezten badute, aurkeztutako azken eskabidea bakarrik hartuko da kontuan; beraz, parte-hartzaile bakoitzeko eskabide telematiko bat baino ez da onartuko.

Ez dira kontuan hartuko bide horretatik aurkeztutako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Prozesu horretatik, eskabide-zenbaki bat lortuko da pdf formatuan deskargatu daitekeen dokumentu batean, eta interesdunak gorde egin beharko du epean eta behar bezala aurkeztu izana egiaztatzeko.

1.3.– Eskabideak aginduko 6. artikuluan ezarritako dokumentazioa izango du.

1.4.– VI. eranskinean jasotako ikastetxeek, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, ikastetxearen dokumentuak kontsultatzeko aukera emango diete hala eskatzen dutenei, bereziki hezkuntza-proiektua, antolamendu- eta funtzionamendu-araudia eta datu pertsonalik ez duten urteko planeko elementuak. Horretarako, ikastetxeko jardueren garapen normala oztopatuko ez duen espazio eta ordutegi bat prestatuko dute. Kasu guztietan, ikastetxeetako idazkaritzak zainduko du kontsulta-prozesu horrek betetzen duela datuak babesteari buruz indarrean dagoen araudia.

1.5.– Eskabideak aurkezteko aldia 2026ko urtarrilaren 12tik 23ra bitartekoa izango da, biak barne.

2.– Izangaiak onartzea.

2.1.– Izangaiek baldintzak betetzeari buruzko informazio-eskabidea.

2026ko urtarrilaren 26tik 28ra bitarteko aldian, biak barne, Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak Hezkuntza Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzako lurralde-zerbitzuei eskatuko die egiaztatzeko izangai bakoitzak betetzen dituela agindu honen 3. artikuluan ezarritako prozesuan parte hartu ahal izateko eskatzen diren baldintzak, bai eta, izangaiak ikasketa-burua izendatzeko edo idazkaria zerbitzu-eginkizunetan izateko proposamen arrazoitua egin badu, agindu honen Lehen Xedapen Gehigarrian (zerbitzu-eginkizun hori arautzen duena) jasotako kasuak baliozkotzeko ere.

Baldintzak egiaztatzeko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabetzat hartuko da Lehen Hezkuntzako etapako maila bakoitzeko gutxienez unitate bat ez duena.

Hezkuntza Sailaren Pertsonal Kudeaketako Zuzendaritzaren lurralde zerbitzuek Hezkuntzako lurralde- ordezkariek eskatutako datuak eman beharko dituzte. Datu horiek emateko epea 2026ko urtarrilaren 29an amaituko da.

2.2.– Eskabideak onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren behin-behineko ebazpena, Berariazko Prestakuntza Programako zenbait jarduera egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruzkoa, zuzendaritza-eginkizunean hasteko (ZEB_HPPE).

Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eman zaizkion datuak kontuan hartuta, behin-behineko ebazpenak emango ditu, aurkeztutako eskabideak onartu edo ezesteko. Ebazpen horiek emateko epea 2026ko urtarrilaren 29an amaituko da. Ebazpenetan zehaztuko da pertsonak zein ikastetxetan edo zentrotan onartu diren, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoiak adieraziko dira.

Ebazpen horretan bertan, izangaiak ikasketaburutzako edo idazkaritzako zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua egin badu, proposamen horren behin-behineko baliozkotzearen emaitza jasoko da, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Egun berean, Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behin-behinean ebatziko ditu ZEB_HPPE prestakuntza-programako prestakuntza jarduera batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz hautagaiek egindako eskabideak, Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2025eko ekainaren 16ko Ebazpenean jasotzen denaren arabera.

Ebazpen horiek Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira.

– Prozesuan onartutako hautagaitzen behin-behineko ebazpenerako: «Irakaskuntzak eta ikastetxeak» lan-arloaren barruan – «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» – «Ikastetxe publikoak» – «Zuzendarien hautaketa-prozesuko deialdia».

– Hautagaiek ZEB_HPPE prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin ahal izan dituzten eskaerak behin-behinean ebazteko: «Hezkuntza-berrikuntza» lan-arloaren barruan – «Jarduera-eremuak» – «Zuzendaritzen prestakuntza».

Hezigunea atarian ere argitaratuko dira.

Argitalpen horiekin, interesdunekiko jakinarazpenak egintzat joko dira.

Hezkuntza-komunitateak zuzendaritzarako hautagaitzak ezagutu ahal izatea bermatzeko, Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak, egun berean, dagokion ebazpena jakinaraziko dio eragindako ikastetxe bakoitzeko zuzendariari, ikastetxeko iragarki-taulan argitara eman dadin.

2.3.– Behin-behineko ebazpenei egindako erreklamazioak.

Aurreko ebazpenen aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari edo, hala badagokio, Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egingo dira, eta aurkezteko epea 2026ko otsailaren 6an amaituko da, egun hori barne.

2.4.– Behin-betiko ebazpenak.

Eskabideak onartzeari edo ezesteari buruzko behin betiko ebazpena, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren behin betiko ebazpena emateko epea 2026ko otsailaren 13an amaituko da.

Ebazpen horietan zehaztuko da hautagaiak zein ikastetxetan onartu diren, eta, baztertuak izan badira, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira.

Ebazpen horretan bertan, izangaiak ikasketaburutzako edo idazkaritzako zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua egin badu, proposamen horren behin betiko baliozkotzearen emaitza jasoko da, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Egun berean, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behin betiko ebatziko ditu hautagaiek ZEB_HPPE prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin ahal izan dituzten eskaerak.

Ebazpenak behin-behineko ebazpenen antzera argitaratuko dira.

Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela aitortzen zaionik. Prozesuaren edozein unetan, lortu nahi duen karguaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko balio duen dokumentazioa eskatu ahal izango zaio. Berrikuspenetik ondorioztatzen bada hautagai batek ez duela betetzen baldintzaren bat, interesdunari entzun ondoren, galdu egingo ditu hautaketa-prozesuan parte hartzetik erator daitezkeen eskubide guztiak.

Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi ZEB_HPPE prestakuntza-programa gainditu izanaren ziurtagiria duela aitortzen zaionik.

2.5.– Onartutako hautagaitzak eta aurkeztutako proiektuak jakinaraztea eragindako ikastetxeetako hezkuntza-komunitateei.

Behin betiko ebazpenarekin batera, Hezkuntza lurralde-ordezkariak ikastetxe bakoitzari dagokion zuzendaritza-proiektuaren edo -proiektuen ale bana bidaliko die 2026ko otsailaren 13an. Epe hori amaituta, hezkuntza-komunitateak proiektu horiek eskuragarri izango dituela bermatuko du ikastetxeko zuzendaritzak jakinaraziz zer espazio fisiko edo birtualetan egongo diren.

3.– Hautaketa-batzordeak.

3.1.– Hautaketa-batzorde bat eratuko da hautaketa-prozesua egin behar den eta gutxienez hautagaitza bat onartu den ikastetxe bakoitzean.

3.2.– Hautaketa-batzordeko kideak.

Ikastetxe bakoitzeko hautaketa-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Hezkuntzako ikuskari bat. Ikuskari nagusiak proposatuko duena, eta batzordeko lehendakari gisa jardungo duena.

b) Lau kide, ikastetxearen ordezkari:

I.–Bi kide irakasle klaustroak aukeratuko ditu, horretarako egindako ezohiko bilkuran. Kiderik gazteenak idazkari gisa jardungo du.

II.– Eskola Kontseiluko kideek beren artean aukeratutako bi kide –ez dira irakasle izango–, lehendakariak horretarako deitutako bilkuran.

c) Zuzendari bat, bokal gisa, hezkuntza-administrazioaren ordezkari gisa, honako baldintza hauek betetzen dituena:

I.– Hautaketa-prozedura garatzen den ikastetxearen irakaskuntza berdinak ematen dituzten ikastetxeetako zuzendaria, edo, hala badagokio, antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxeetakoa.

II.– Egindako lanaren ebaluazio positiboa duen agintaldi bateko edo gehiagoko zuzendaria. Hori ziurtatu ezin den kasuetan, beren eginkizunak betetzeko gutxienez hiru urteko ezohiko izendapena duten zuzendariak izendatuko dira.

3.3.– Hautaketa-batzorde hori, kide anitzeko organo gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura ezarritakoak arautuko du. Gainera, batzordekideei urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie. Erabakiak hartzean berdinketarik badago, Hezkuntza ikuskariak ebatziko ditu, kalitatezko botoarekin.

3.4.– Izangaien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa betetzeko, bermatuko da hautaketa-batzordeko kideen artean Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen nahikoa ezagutza dituztenak egongo direla. Hautaketa-batzordeko kide guztiek bete beharreko baldintza izango da, Eskola Kontseiluaren ordezkarientzat izan ezik, haientzat gomendio bat izango baita.

3.5.– Batzorde horien osaerak, ahal den guztietan, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatua) arautzen duen moduan.

3.6.– Hautaketa-batzordeen eginkizunak.

Hautaketa-batzordeek honako eginkizun hauek izango dituzte:

a) Ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko prozesua egiteko prozedurak antolatu eta garatzea.

b) Dagozkion prozedurak gauzatzeko egutegia ezarri eta argitaratzea, agindu honetan ezarritako epeen arabera.

c) Hautagaiak deitzea zuzendaritza-proiektuak ahoz defendatzeko.

d) Hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza-proiektuak era arrazoituan balioestea.

e) Hautagaiek aurkeztutako merezimendu akademikoak, prestakuntzakoak eta profesionalak barematzea.

f) Erreklamazioak ebaztea, beren eskumenen esparruan.

g) Zuzendaritza-proiektuari emandako kalifikazioa onartu eta argitaratzea, bai eta, hala badagokio, hautagaiek merezimendu-baremoan eskuratutako behin-behineko puntuazioa ere.

h) Aurkeztutako hautagaien behin betiko zerrenda onartu eta argitaratzea, apartatu bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta.

i) Amaierako guztizko puntuazio handiena eskuratu duen ikastetxe bakoitzeko hautagaia aukeratzea.

j) Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igortzea aukeratutako pertsonaren izena, ikastetxeko zuzendari izendatzeko proposamenarekin batera.

k) Dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan entregatzea aurkeztutako dokumentazioa eta hautaketa-prozesutik eratorritakoa, hautagaia aukeratu ondoren.

3.7.– Beren eginkizunak betetze aldera, hautaketa-batzordeek behar duten informazioa bildu ahal izango dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetatik, hautagaiei bidezko dokumentazioa eskatu ahal izango diete, eta, halaber, ikastetxean eskuragarri dauden baliabide eta bitarteko telematikoak erabili ahal izango dituzte hezkuntza-komunitateari zuzendaritzaz arduratuko den pertsonaren hautaketa-prozesuari buruzko alderdi guztiak jakinarazteko eta beren eskumenetatik eratorritako ekintza guztiak deialdian zehaztutako epeetara egokitzeko.

3.8.– Hautaketa-batzordean klaustroa eta Eskola Kontseilua ordezkatuko dituzten pertsonak aukeratzea.

Zuzendariak, 2026ko otsailaren 23tik martxoaren 6ra bitartean (biak barne), klaustroaren ezohiko bilkura bat deituko du, eta, ondoren, Eskola Kontseiluaren beste bilkura bat, onartutako hautagaitzen berri emateko eta dagozkien zuzendaritza-proiektuen berri emateko, dagozkien aktak eman ditzaten (ikus VII. eranskina eta VIII. eranskina).

Deialdi horretan, ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi beharko du zer espazio fisiko edo birtualetan egongo den eskuragarri hautagai bakoitzak aurkeztutako zuzendaritza-proiektua, kide anitzeko organo horietako kideek kontsultatu ahal izan ditzaten. Bilkura berean, bi organoetako kide egokiak eta bokal bakoitzeko ordezko bat aukeratuko dira, zeinak hautaketa-batzordeko kide izango baitira.

Eskola Kontseiluaren ezohiko bileraren kasuan, irakasleen klaustroko ordezkariei ez zaie deituko.

Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren buru ikastetxeko zuzendaria edo haren ordezkoa izango da, honako irizpide hauek aplikatuz:

– Beren ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko merezimendu-lehiaketara aurkezten diren jarduneko zuzendariek ezin izango dituzte bete hautaketa-prozesuan ikastetxeko zuzendariari esleitutako eginkizunak. Eginkizun horiek ikastetxeko zuzendariordeak edo zuzendaritzako ondokoak beteko ditu, edo, ondoren, ikasketaburuak, ikasketaburuaren ondokoak, ikastetxeko idazkariak edo idazkariaren ondokoak, baldin eta dagokion pertsonak ere bere hautagaitza aurkeztu ez badu.

– Lehen aipatutako karguak betetzen dituzten pertsona guztiek ere ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu badute, irakaskuntza-sektoreko kide ordezkari zaharrena izango da kide anitzeko organoaren buru.

a) Hautaketa-batzordean klaustroa ordezkatuko duten pertsonak hautatzea:

Hautaketa-batzordean klaustroa ordezkatuko duten pertsonak aukeratzeko, isilpeko bozketa egingo da, eta, bertan, boto-eskubidea duen pertsona bakoitzak pertsona bati eman ahal izango dio botoa. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten irakasleek ezohiko klaustro horretan egoteko, parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea izango dute. Zuzendaritza-taldeko kide gisa aurkeztutako zuzendaritza-proiektuetan agertzen diren pertsonekin ere berdin jokatuko da.

Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketa badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan berdinduta geratu direnei eman ahal izango zaie botoa. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketa badago, zozketa publikoa egingo da.

Klaustroko bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, eta boto gehien jaso dituenetik hasi eta boto gutxien jaso dituenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.

b) Hautaketa-batzordean Eskola Kontseilua ordezkatuko duten pertsonak hautatzea:

Eskola Kontseiluan ikasleen ordezkaritza duten ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gorako ikasleak baino ez dira deituak izango bilkura horretara.

Eskola Kontseiluaren ordezkariak aukeratzeko, bozketa bat egingo da, eta, bertan, ikastetxeko irakasle izan gabe ikastetxeko Eskola Kontseiluko kide den bakoitzak pertsona bakar bati eman ahal izango dio botoa. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketarik badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan berdinduta geratu direnei baino ezingo izango zaie botoa eman. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketarik badago, zozketa publikoa egingo da.

Eskola Kontseiluko bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, eta boto gehien jaso dituenetik hasi eta boto gutxien jaso dituenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.

Kasu guztietan, botoa zuzena, sekretua eta eskuorde ezina izango da.

2026ko martxoaren 6ra bitartean, ikastetxeko zuzendariak edo haren ordezkoak, apartatu honetan ezarritakoa aplikatuz, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio aipatutako partaidetza-organo bakoitzaren bilkuraren aktaren kopia, Hezigunea aplikazioaren bidez («Nire egunerokoa» apartatua. Ikastetxeko Hezkuntza Ikuskaritzaren informazioa. Dokumentuak). (Ikus VII. eranskina, klaustroaren akta-eredua, eta VIII. eranskina, Eskola Kontseiluaren akta-eredua).

3.9.– Hautaketa-batzordeetan hezkuntza-administrazioaren ordezkariak izendatzea.

Hezkuntza ikuskari nagusiak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari proposatuko dio Hezkuntzako ikuskarien izena, hautaketa-batzordeetako lehendakari gisa. Proposamen horiek egiteko epea 2026ko martxoaren 2an amaituko da.

Era berean, dagokion Hezkuntzako ordezkariak zuzendari-talde bat izendatuko du hautaketa-batzordeetan parte hartzeko, eranskin honetako 3.2.c) atalean jasotzen den bezala.

Proposamenak eta izendapenak pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen dituztela bermatzeko moduan egingo dira.

3.10.– Hautaketa-batzordeetako kideen izendapenak.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte dagokion lurralde historikoan eratu behar diren hautaketa-batzordeetako kide guztiak. Izendapen horiek egiteko epea 2026ko martxoaren 10ean amaituko da.

3.11.– Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautagaitza bat baino gehiago onartu den ikastetxeetako batzorde bakoitzeko burutzari emango dizkio hautagaitza onartu zaion pertsona bakoitzaren lehiaketako bigarren faseko merezimenduak egiaztatzeari buruzko datuak. Datu eta dokumentu horiek emateko epea 2026ko martxoaren 11n amaituko da.

3.12.– Hautaketa-batzordeen funtzionamendua.

Hautaketa-batzordeen egoitza ofiziala zentro berean egongo da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako beste administrazio-bulego batzuetan, egoerak hala gomendatzen badu eta prozeduran interesa duten pertsonei inolako kalterik eragiten ez bazaie, eta horiek eratzeko prozedura amaitzen denean amaituko da haien jarduna.

Hautaketa-batzordea behar bezala eratzeko eta funtzionatzeko, ezinbestekoa izango da kideen erdia gehi bat bertan egotea, baldin eta batzordeko lehendakaria eta idazkaria bertan badaude. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.

4.– Hautaketa-prozesuaren lehenengo fasea.

Lehenengo fasean, zuzendaritza-proiektua balioetsiko da, non, ikastetxeko hezkuntza-proiektuarekin lotuta, hautagaiaren helburuak eta jardun-lerroak jasoko baitira. Zuzendaritza-proiektuak ikasle guztien eskola-arrakasta lortzea izan beharko du helburu, eta, besteak beste, hezkuntza-inklusioari, gizonen eta emakumeen berdintasunari eta diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak jaso beharko ditu, baita hizkuntza-normalizazioari buruzko edukiak ere.

4.1.– Zuzendaritza-proiektuak klaustroan eta Eskola Kontseiluan aurkeztea.

Eranskin honetako 3.8 apartatuan adierazitako irakasleen klaustroaren ezohiko bilkura berean, hautagai bakoitzak bere zuzendaritza-proiektuaren aurkezpena egin dezake, eta horri buruz egiten zaizkion galderei erantzungo die. Jarraian, akta egingo da, non jasoko baitira egindako esku-hartzeak. (Ikus VII. eranskina).

Era berean, eranskin honetako 3.8 apartatuan jasotako Eskola Kontseiluaren ezohiko bilkuran, hautagaiek beren proiektua azaldu ahal izango dute egiten zaizkien galderei erantzunez. Jarraian, akta egingo da, non jasoko baitira egindako esku-hartzeak (ikus VIII. eranskina).

Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren ezohiko bilkuretako buruak, zuzendaritza-proiektuak helaraziko dizkie hautatutako ordezkariei bileran bertan.

4.2.– Hautaketa-batzordeak zuzendaritza-proiektua balioestea.

Hautaketa-batzordeak, lehenik eta behin, 2025-2026 ikasturtean aukeratutako ikastetxean destinoa duten izangaien zuzendaritza-proiektua balioetsiko du. Hautagaitzarik ez badago edo pertsona horietako batek ere ez badu prozeduraren lehenengo fasea gainditzen, hautaketa-batzordeak destinoa beste ikastetxe batean duten hautagaien proiektuak balioetsiko ditu.

Hautaketa-batzordearen eraketaren ondoren, zuzendaritza-proiektuaren balorazioa eta horren defentsa balioetsiko dira agindu honen III. eranskinean jasotako ebaluazio-irizpideak aplikatuz. Lan hori egiteko epea 2026ko martxoaren 16tik 27ra bitartekoa izango da, biak barne.

Apartatu honetan aipatutako zuzendaritza-proiektua aurkeztu ez bada edo plagioa duela frogatzen bada, osorik edo zati batean, hautagaia prozesutik baztertuko da.

Hautaketa-batzorde bakoitzak, alfabetikoki, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaiak zitatuko ditu, zuzendaritza-proiektua azaldu eta defendatzeko. Zitazioa bakarra izango da hautagai guztientzat, eta ikastetxeko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, gutxienez 48 ordu lehenago, eta hautagaiak non, noiz eta zer ordutan aurkeztu behar diren adieraziko da.

Hautagaiek beren burua identifikatu beharko dute hautaketa-batzordearen aurrean, beren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztuz: nortasun-agiri nazionala edo pasaportea eta, hala badagokio, atzerritarraren nortasun-txartela.

Ekitaldi horretan agertzen ez diren hautagaiak prozeduratik kanpo geratuko dira, behar bezala justifikatutako eta hautaketa-batzordeak balioetsitako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Alegatutako arrazoia baiesten bada, presidenteak beste egun eta ordu bat ezarriko du eragindako hautagaiaren bigarren eta azken deialdirako, eta batzordearen egoitzako iragarki-taulan eta ikastetxearen webgunean argitaratuko du.

Hautagaiak gehienez 30 minutu izango ditu proiektuaren ezaugarri garrantzitsuenak azaltzeko. Ondoren, eta gehienez 15 minutuz, hautagaiak proiektua defendatuko du, galderei erantzunez eta batzordeko kideek eskatzen dizkioten argibideak emanez.

Zuzendaritza-proiektua azaltzea eta defendatzea zuzendari-hautagaiari dagokio. Zuzendaritza-taldeko beste kargu batzuetarako proposatutako pertsonek ekitaldian parte-har dezakete.

Ahozko azalpena egiteko, hautagaiak ordenagailu bat, proiektagailu bat eta interneterako konexioa izango ditu. Bere aldetik, hautagaiak egokitzat jotzen duen material osagarria erabili ahalko du.

Hautaketa-batzordeko kide bakoitzak baloratuko du zuzendaritza-proiektua, 0 eta 70 puntu artean emanez. Kide bakoitzak emandako puntuazioak zenbaki oso bat izan beharko du. Batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa atzemanez lortuko da proiektuaren puntuazioa. Hala ere, proiektu horren guztizko kalifikazioan batzordekideek emandako puntuazioen artean 15 puntu oso edo gehiagoko aldea badago, gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak baztertu egingo dira, eta puntuazioak baztertzen jarraituko da harik eta alde hori desagertu arte. Azkenik, gainerako kalifikazioen batez besteko puntuazioa kalkulatuko da.

Lehenengo fase honetan hautagaiek, gutxienez, 35 puntu lortu beharko dituzte. Gutxieneko puntuaziora iristen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

Beraz, zuzendaritza-proiektuak kalifikatuta, haietako bakarra balioesten bada gutxienez 35 punturekin, izangaia hautagai hautatu gisa proposatuko da. Zuzendaritza-proiektu batek baino gehiagok lortzen badute 35 puntu edo gehiagoko kalifikazioa, kasuan kasuko hautagaien merezimenduak barematuko dira prozeduraren bigarren fasean.

5.– Hautaketa-prozesuaren bigarren fasea.

Zuzendaritza-proiektuaren balorazioa amaitu ondoren, lehen fasea gainditu duen hautagaitza bat baino gehiago dagoen ikastetxeetan, hautaketa-batzordeak merezimenduen balorazioa gehituko dio hautagai bakoitzari (IV. eranskina).

Merezimenduen balioespenaren gehieneko puntuazio orokorra ez da, inola ere, 30 puntutik gorakoa izango.

Datu horiek baloratzeko epea 2026ko apirilaren 13an amaituko da.

6.– Hautagaitza bakoitzak lortutako puntuazioei buruzko ebazpena eta zuzendari-lanposturako hautatutako pertsonaren proposamena.

Hautaketa-batzordeak puntuazioa lortuko du, zuzendaritza-proiektuan eta merezimenduen ebaluazioan, lortutako puntuazioaren batura izango dena. Berdinketa badago, irizpide hauek bata bestearen ondoren aplikatuz ebatziko dira:

a) Zuzendaritza-proiektuan puntuaziorik handiena.

b) Merezimenduen baremoko apartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, agindu honen IV. eranskinean agertzen den hurrenkeraren arabera.

Batzordeetako idazkariek 2026ko apirilaren 13an argitaratuko dituzte izangaiek merezimendu-lehiaketaren fase bakoitzean lortutako behin-behineko puntuazioak, dagozkien jarduera-egoitzetan. Argitalpen honekin, interesdunekiko jakinarazpena egintzat joko da.

2026ko apirilaren 14tik apirilaren 20ra bitartean, egoki iritzitako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte izangaiek dagozkien ikastetxeetako idazkaritzetan, hautaketa-batzordeari zuzendutako idazki baten bidez.

Behin-behineko puntuazioen aurka aurkeztutako erreklamazioak aztertu ondoren, hautaketa-batzordeek horiei buruzko ebazpena emango dute, eta behin betiko puntuazioak behin-behinekoen antzera argitaratuko dituzte. Argitalpen honekin, interesdunekiko jakinarazpena egintzat joko da. Argitalpen hori egiteko epea 2026ko apirilaren 21ean amaituko da.

Hautagai batek ikastetxe baterako baino gehiagorako lortzen badu puntuaziorik handiena, parte hartzeko eskabidean lehenengo jarri duen ikastetxerako proposatuko da.

2026ko apirilaren 21ean berean, batzordeburuak behin betiko puntuazioak eta, hala badagokio, zuzendari-lanposturako hautatutako pertsonaren proposamena helaraziko dizkio dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari.

Hautaketa-batzordeen jarduera guztiak 2026ko apirilaren 21a baino lehen egin eta amaitu beharko dira.

7.– Hezkuntzako lurralde-ordezkarien ebazpenak.

Hautaketa-batzordeek egindako proposamenak ikusita, eta haiekin bat etorriz, prozedura urratu ezean, hautatutako pertsonak adierazteko ebazpenak emango eta argitaratuko ditu dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Ebazpen horiek emateko eta argitaratzeko epea 2026ko apirilaren 23an amaituko da.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenak Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira («Irakaskuntzak eta Ikastetxeak» lan-arloaren barruan – «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» «Ikastetxe publikoak» «zuzendariak hautatzeko prozesuaren deialdia» eta «Hezigunea» atarian. Argitalpen honekin, interesdunekiko jakinarazpena egintzat joko da.

Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari.

Izendatutakoak ez badu destinorik zuzendari hautatua izan den ikastetxean, Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkariak 2026ko apirilaren 30a baino lehen horren berri emango dio irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko ebazpena onartuko du hark, izendapenak irauten duen artean.

8.– Atzera egitea eta uko egitea.

Eskaera eta hasitako prozedura bertan behera uztea da atzera egitea. Artikulu honi jarraituz: 39/2015 Legearen 94. artikuluaren arabera, hautaketa-prozesuan parte hartzeari uko egin ahal izango zaio prozeduraren edozein unetan, betiere prozesua amaitzeko ebazpena eman aurretik. Atzera egiteko eskaera idatziz aurkeztuko zaio dagokion lurralde-ordezkariari.

Halaber, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautatutako pertsonak deklaratzen dituzten ebazpenak eman eta argitaratu ondoren, esleitutako lanpostuari uko egiteko eskatu ahal izango dute honako kasu hauetan:

a) Uko arrazoitua, dagokion lurralde historikoko hezkuntzako ordezkariak onartua.

b) Gerora sortutako ezintasun fisiko edo psikikoa.

9.– Hautatutako izangaien izendapena.

9.1.– Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikastetxeko zuzendari izendatuko du hautatutako pertsona, zuzendaritza-eginkizunean jarduteko konpetentziei buruzko berariazko prestakuntza-programan jasotako prestakuntza gainditu duena. Programa hori jasota dago Ikaskuntza eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2025eko ekainaren 16ko Ebazpenean.

9.2.– 2026ko ekainaren 1etik 5era bitartean, biak barne, Hezkuntza Saileko Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak ofizioz emango du, hautatutako izangaien kasuan, zuzendaritza-eginkizunean hasteko prestakuntza-programa espezifikoa.

Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren behin-behineko ebazpenaren bidez jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko dira:

a) ZEB_HPPE prestakuntza programa gainditu izanaren ziurtagiria lortzen duten zuzendariak.

b) Dagokion prestakuntza-programa espezifikoa gainditu ez duten zuzendari hautatuak, eta, hala badagokio, ez gainditzeko arrazoiak.

Aurreko ebazpenaren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egingo dira, eta aurkezteko epea 2026ko ekainaren 10ean amaituko da, egun hori barne.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta behin betiko ebazpena emango du. Ebazpen hori emateko epea 2026ko ekainaren 12an amaituko da.

Behin betiko ebazpenaren arabera berariazko prestakuntza-programa espezifikoa gainditu ez duten zuzendari edo zuzendariordeen kasuan, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak egindako izendapenak izaera ezohikoa hartuko du automatikoki, eta urtebeteko iraupena izango du.

9.3.– Izendapenak eta kargu-hartzeak 2026ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Zuzendari kargua betetzen ari zenak aurreko egunean utziko du bere kargua, ondore guztietarako, baita zuzendaritza-taldeko gainerako kideek ere.

9.4.– Agintaldia lau urtekoa izango da, ezohiko izendapenen kasuan izan ezik, kasu horretan agintaldia urtebetekoa izango baita.

10. artikulua.– Ezohiko izendapena.

10.1.– Hautagaitzarik aurkeztu ez den edo onartu ez den ikastetxeetan esku hartzea.

2026ko otsailaren 16tik aurrera, hautagaitzarik aurkeztu edota onartu ez diren ikastetxeetan Hezkuntza Ikuskaritza agindu honen 4.9 artikuluan aipatzen diren nahitaezko txostenak egiten hasiko da zuzendaria proposatzeko. Txosten horiek 2026ko maiatzaren 29a baino lehen amaituta egon beharko dute.

Hezkuntza ikuskaritzaren proposamen txostenak jasoko ditu:

– Eskola Kontseiluaren eta klaustroaren aktak zeinetan zuzendaritzaren egoera eta lidergoaren inguruan ikastetxean egindako hausnarketa jasotzen den.

– Ikastetxe horretan lidergoaren inguruan Hezkuntza Ikuskariak egindako esku-hartzea eta proposatzen duen zuzendaria.

10.2.– Pertsona horrek ez badu destinorik zuzendari izendatu den ikastetxean, 2026ko ekainaren 5a baino lehen horren berri emango zaio irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko ebazpena onartuko du hark, izendapenak irauten duen artean.

10.3.– Ezohiko izaeraz izendatutako zuzendariak ZEB_HPPE prestakuntza-programa egin eta gainditu beharko du izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen. Jarduera-plan gisa, 2026-2027 ikasturteari dagokion urteko planean lidergoarekin lotutako helburu bat sartuko da gutxienez, eta helburu hori urteko memorian ebaluatuko da.

11.– Zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena eta kargu-uztea.

11.1.– Agindu honetan aurreikusitako zuzendariaren izendapenetan, ikastetxeko zuzendari izendatu den edo izendatuko denak, ikastetxeko pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoen izendapenaren proposamena egingo dio dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari. Izendapen hori emakumeen eta gizonen ordezkaritzak haztatua edo, halakorik ezean, orekatua izan beharko du. Proposamena egiteko epea 2026ko ekainaren 5ean amaituko da.

11.2.– Proposamen hori bat etorri beharko da, hala badagokio, prozeduraren hasieran aurkeztutako zuzendaritza-proiektuarekin, baldin eta ezohiko inguruabarrik ez badago. Azken kasu horretan, inguruabarrak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak balioetsiko ditu, eta, hala badagokio, baietsiko.

11.3.– Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak izendatuko ditu zuzendaritza-taldeko gainerako kideak, proposatzen dien zuzendariaren agintaldiaren epealdi bererako.

11.4.– Zuzendariak dagozkion proposamenak egiten ez baditu edo proposatutako pertsonek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako ordezkariak pertsona egokienak izendatuko ditu ikastetxeko zuzendariaren eta Hezkuntza Ikuskaritzaren txostenak jaso ondoren.

11.5.– Agindu honen Lehen Xedapen Gehigarrian jasotako salbuespenezko egoeretan, dagokion Lurralde Historikoko Hezkuntzako ordezkariak behin betiko destinorik ez duten ikastetxeko irakasleak izendatuko ditu zuzendari ez den zuzendaritza-taldeko kide gisa, baldin eta proposamen horren baliozkotze positiboa badu. Kasu horietan, irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzak dagokion ebazpena onartuko du. Ezohiko zuzendaritzen kasuan, baliozkotzea 2026ko maiatzaren 29tik aurrera egingo da.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala