Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2025eko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
5320

227/2025 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen duena.

EAEko kooperatibismoaren potentzialtasuna eta ekonomian duen eragin handia direla eta, legegintza-botereak goiz hasi behar izan du lan egiten, enpresa bat garatzeko modu berezi horri tresna juridiko propio eta egoki bat emateko, zeinak bere kideen jarduera ekonomiko eta sozialak sustatzen baititu, bai eta zentroan dituen premiak asetzen ere.

Hala, hasiera batean, Kooperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legearekin, segurtasun juridikoa eman zitzaion figura horri, enpresa-proiektu garrantzitsuak garatzeko aukera emanez, batez ere, lan elkartuaren sektorean. Geroago, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea eta haren hogeita sei urteko indarraldia aurrerapauso erabakigarriak izan ziren euskal kooperatiben gaur egungo beharretara egokitutako eredu juridiko kooperatiboa finkatzeko bidean. Horrez gain, garapen berriak ahalbidetu ziren, eredu lehiakor hori merkatu gero eta globalizatuagoetan finkatzeko.

Legeria egoki bat premiazkoa izanik, arauak etengabe moldatu behar izan dira, eta, hori dela eta, 4/1993 Legea zenbait aldiz aldatu da erronka berriei erantzuteko: 1/2000 Legea, ekainaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzen duena; 8/2006 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Legea bigarrenez aldatzen duena; 6/2008 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskadiko Kooperatiba Sozietate Txikiei buruzkoa; eta garapen-arauak, hala nola 58/2005 Dekretua, martxoaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen duena.

Lege-aldaketa horien artean sortu da duela gutxi 11/2019 Legea, abenduaren 20koa, Euskadiko Kooperatibena, zeinaren helburua baita 4/1993 Legea aldatuz joan diren lege-testuak moldatzeko beharrari erantzutea, guztiak sistematizatzeko eta indarrean den araua erraz identifikatu eta aplikatu ahal izateko, hartara segurtasun juridiko handiagoarekin interpretatu eta aplikatuko baita kooperatibei buruzko araua.

Alabaina, ezinezkoa denez kooperatiben alderdi arautzaile guztiak lege bakarrean jasotzea, eta errealitate ekonomikoa gero eta globalizatuago dagoenez eta etengabe eta azkar aldatzen ari denez, beharrezkoa da, aurreko legearekin egin zen bezala, abian jartzea abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arau-garapena.

Lehenago ere, abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzen duen urriaren 7ko 5/2021 Legearen bidez, aldatu zen lege hori, aseguru- eta osasun-kooperatiben arloari zegokionez oinarrizko legeriara egokitzeko. Aldaketa horrekin, halaber, COVID-19ren osasun-krisiak sortutako egoera berrietara egokitu zen legea. Alde batetik, birformulatu egin zen kooperatibetako kide anitzeko organoen bilerak egiteko modua, bitarteko telematikoen bidez egiteko aukera emanez, baina benetan parte hartzeko eskubideak murriztu gabe; eta, bestetik, estatutu sozialak lege berrira egokitzeko epea luzatu egin zen 2023ko abenduaren 31ra arte, kontuan hartuta zer zailtasun izan ziren estatutuok bi urteko lehenengo epean onartzeko batzarrak egin ahal izateko, lehenengo epealdi hark bat egin baitzuen pandemia-garaiarekin eta haren murrizketekin.

Berrikiago, Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legeak Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea ere aldatzen du, kooperatibetan bazkideen presentzia orekatua ezartzeko kooperatibetan, bai eta berdintasun-planetan ere.

Azkenik, goi-geruzetako depresio isolatuak eragindako hondamendi natural eta ondorio suntsigarriengatik, beste behin ere, ekonomia sozialak eta, zehazki, kooperatiben sektoreak –bere balioak praktikan jartzeko helburuz, esaterako, komunitate-sentimendua eta bere inguru sozialarekiko eta gizarte osoarekiko konpromisoa, eskatu zuten ezen kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako nahitaezko ekarpena (COFIP) halako hondamendien ondorioak arintzen laguntzeko bestelako jardueretara bideratzeko aukera onar zezatela. Zenbait talde politikok eskaera hori bete zuten abenduaren 19ko 7/2024 Legea onartuz, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa. Horren bidez, hain zuzen ere, aukera ematen dute ekarpen hori hondamendiaren ondorioak arintzera bideratzeko alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak indarrean dauden bitartean, bai eta babes zibileko larrialdi batean larriki kaltetutako eremu bat deklaratu duen kasuetan ere.

Horrez gain, erregelamendu bidez ere garatu dira arauak. Lehenik eta behin, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 13ko 84/2023 Dekretuarekin, bide eman zaie erregistro-espedienteen izapidetze elektronikoari eta prozeduren sinplifikazioari, segurtasun juridikoa babestearekin batera, horixe baita erregistro-zerbitzuaren helburua. Geroago, Kooperatiben arloko ikuskapenari eta zehapen-prozedurari buruzko otsailaren 13ko 12/2024 Dekretuaren bidez, prozedura bat ezarri da kooperatiben antolamendu eta funtzionamenduaren berezitasunak arautzeko, zehapenen arloari dagozkionak barne.

Orain egin nahi den erregelamendu bidezko garapenarekin, beste pauso bat emango da 2019ko legegileak ezarri zuen lege-agindua betetzeko; hots, legea aplikatzeko eta garatzeko arauak emango dira, legean modu minimoan jasota dauden eta xehetasun handiagoa behar duten gaiak definitzeko asmoz, hartara segurtasun juridikoa bermatuko baitzaie pertsona juridiko kooperatiboaren antolamenduari eta funtzionamenduari, bai eta hark egiten duen jarduerari ere, batez ere lege berriak jasotzen dituen berrikuntza nagusiei dagokienez.

Arau-ekimenak, nagusiki, eragina izango du sozietate-araubidearekin lotutako alderdietan (jarduera kooperatibizatuko parte-hartzea, sozietate-baja eta eszedentzia-egoera) eta araubide ekonomikoarekin lotutakoetan (diru-itzulketa, borondatezko erreserbak, galeren egozpena, administrarien ordainsariak); eta, batez ere, eragina izango du legean minimoki arautzen diren kooperatiba mota jakin batzuen forma juridikoa integratzeari dagokionez, eta horrek aukera emango du hazten ari diren sektore ekonomiko berrietan kooperatibak eratzeko, bai eta kooperatiba-sozietateak sortu eta sustatzeko metodologia berriak ezartzeko ere.

Horri esker, kooperatiba-forma juridikoa sustatu eta finkatuko da beste sozietate mota batzuei dagokienez, jarduera ekonomikoak garatzeko. Kooperatiben sustapen horren arrazoia da kooperatiba-nortasuna islatzen duten elementuak (kontzeptua, balioak eta printzipioak) bateratzeak agerian uzten duela kooperatiba-sozietateen alderdi hibridoa; izan ere, tresna egokia dira garapen ekonomikorako, baina baita gizarte-ongizatea sustatzeko ere.

Dekretu honek erregelamendu bat arautzen du, zeinaren egitura formala bi kapituluk osatzen baitute, garatzen duen legearen egiturarekiko paraleloan arau orokorrak eta arau bereziak lantzen dituena –«sozietate kooperatiboaren xedapen orokorrak» eta «kooperatiba motak», hurrenez hurren–.

Plana egiteko, kontsulta egin zaio Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari, ukituen interesak ordezkatzen dituen erakundea baita, eta xedapenaren xedearekin zuzeneko lotura duten helburuak baititu.

Era berean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak nahitaezko txostena eman du, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 165.2.b) artikuluaren arabera.

Ondorioz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorrita, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen Erregelamendua onartzea.

1.– Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen da, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen azken xedapenetako laugarrenaren 1. zenbakian xedatutakoa garatzeko. Erregelamenduaren testua dekretu honi erantsi zaio.

2.– Dekretu honen testuan Legeari egiten zaion edozein aipamen indarrean dagoen 11/2019 Legeari buruzkoa dela joko da (Euskadiko Kooperatibena, abenduaren 20koa).

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Indarrean jarri aurretik sortzen diren egoera juridikoak.

Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendu honen 4.2 artikulua soilik aplikatuko zaie dekretu hau indarrean jarri ondoren bazkide bihurtzen diren pertsonei.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Aurretik zeuden legeak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da 58/2005 Dekretua, martxoaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legearen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA
I. KAPITULUA
KOOPERATIBA-SOZIETATEAREN XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Jarduera kooperatibizatuan parte hartzea.

1.– Jarduera kooperatiboa edo kooperatibizatua kooperatiba bateko bazkideek egiten duten jarduera da, eta lana, ondasun-ematea, ustiapena edota baterako erosketak, zerbitzuak edo beste edozein jarduera izan daiteke.

2.– Bazkideek jarduera kooperatibizatuetan duten parte-hartzeari dagokionez, legean egiten diren aipamenek urte anitzeko oinarri bat izan dezakete, neurtzeko xedeetarako, eta ezingo da izan bost urtetik gorakoa, baldin eta estatutuetan berariaz horretarako baimena ematen bada.

2. artikulua.– Bazkideak.

1.– Legearen 155. artikuluan araututako kooperatiba mistoetako bazkide minoritarioak boto-eskubidea duten sozietate-zatien titularrak dira.

Boto-eskubidea duten sozietate-zatien titular izatea bateragarria izango da edozein bazkide mota edo modalitaterekin. Estatutuetan hala aurreikusten bada, boto-eskubidea duten sozietate-zatiak askatasunez negoziatu ahal izango dira merkatuan, eta kooperatibetako bazkide guztiek ere eskuratu ahal izango dituzte. Bazkide horiek lehentasunezko eskubidea izango dute zati horiek eskuratzeko, estatutuek hala aurreikusten badute.

2.– Bazkide mota bakoitzak kooperatibaren jardueran parte hartzeari dagokionez, edo, zehazki, lan-bazkideei dagokienez, kooperatiben estatutuetan honako hauek arautu ahal izango dira:

a) Hala badagokio, kontabilitate bereiziko irizpide egokiak.

b) Jarduera kooperatibizatua neurtzeko irizpideak, zeinak erabiliko baitira soberakin positiboak eta negatiboak bereizita banatzeko, bazkide mota edo modalitate bakoitzaren arabera.

Hala dagokionean, estatutuetan mugatu ahal izango da soberakinen ehunekoa, bazkide moten edo modalitateen arabera banatuta.

3.– Bazkide bat eszedentzian egotea aldi baterako egoera bat da, eta sozietatearen estatutuetan edo barne-erregelamenduan arautzen diren arrazoiengatik osatu ahalko da. Estatutuetan edo barne-araubideko erregelamenduan arautu beharko dira eszedentzian dauden bazkideen eskubideak eta betebeharrak.

3. artikulua.– Iraupen mugagabeko bazkide langile edo lan-bazkide izateko aukera erabiltzea.

1.– Iraupen mugatuko kontratuen titular diren bazkide langileek edo lan-bazkideek, egoera horretan hiru urteko aldia metatzen badute, iraupen mugagabeko bazkide izateko aukera izango dute, bost urtera iritsi baino lehen, betiere sozietate-harremana indarrean badago. Behin harreman hori amaituta, ezin izango dute aukera hori baliatu. Nolanahi ere, aukera horretaz baliatzeko eskubidea iraupen mugatuko bazkide langilearen edo lan-bazkidearen sozietate-kontratuan jasoko da.

2.– Kooperatibaren estatutuetan arautu ahal izango da iraupen mugatuko bazkideei ez zaiela sarrera-kuotarik eskatuko, harik eta iraupen mugagabeko bazkideak izan arte.

4. artikulua.– Baja ematea, sozietatearekiko aldi baterako harremana amaitzean.

1.– Iraupen mugatuko sozietate-kontratuak azkenduko dira itundutako epea amaitzen denean, eta horrek berekin ekarriko du erakundean automatikoki baja ematea, inolako baldintza formalik bete beharrik gabe. Administratzaileen adostasuna ere ez da beharrezkoa izango, eta nahitaezko baja justifikatutzat hartuko da.

2.– Iraupen zehatz baterako bazkide-langile batek, sozietatearekiko lotura iraungita, baja hartu behar badu, bazkide horrek eskubidea izango du bere kapital-ekarpenak berreskuratzeko, sozietatearen estatutuetan ezarritako epean. Epe hori ezin izango da urtebetetik gorakoa izan, benetan baja ematen den egunetik zenbatzen hasita, eta, kasu horretan, epe horri dagokion legezko interesa ordaindu beharko da.

5. artikulua.– Bazkideen nahitaezko baja.

1.– Bazkideak nahitaezko baja eskatzen badu, edo heriotzaren, ezintasun iraunkor absolutuaren ebazpen irmoaren edo baliaezintasun handiaren ondorioz gertatzen bada, ez da beharrezkoa izango bazkide interesdunari aldez aurretik entzunaldia ematea.

Era berean, entzunaldia ez da beharrezkoa izango irakaskuntza-kooperatibetan nahitaezko bajaren arrazoia ikaslea kooperatiban matrikulatuta ez egotea baldin bada, eta kooperatibak ikasleen gurasoak, haien legezko ordezkariak edota ikasleak elkartzen baditu.

2.– Nahitaezko bajaren gaineko behin-behineko erabaki zehatz batek eragindako bazkideari aldez aurretik entzunaldia ematen zaionean, entzunaldia idatziz egin ahal izango da, bazkideak alegazioak egiteko berariazko errekerimenduaren bidez, edo aurrez aurre, administratzaileek hala erabakitzen badute eta bertaratzea nahitaezkoa bada.

6. artikulua.– Sozietatearen kapitala.

1.– Honako hauek dira kooperatibaren kapital soziala osatzen duten partidak:

a) Kapital sozialari egindako ekarpenak, legearen 60.1 artikuluaren arabera.

b) Legearen 60.6 artikuluaren arabera, kapital sozialtzat hartzen diren finantza-ekarpen subordinatuak.

c) Botoa duten kooperatiba mistoetako sozietate-zatiak, legearen 155. artikuluaren arabera.

2.– Legearen 60.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, nahitaezko ekarpenak izango dira bazkideek estatutuetan xedatuta edo batzar orokorrak berariaz erabakita egin behar dituztenak. Honako hauek barne hartzen dira: hasierakoa; estatutuen gutxieneko ekarpenari eusteko egindakoak; berariaz erabakitako ondorengo ekarpen berriak; eta laneko interesen, itzulkinen edo aurrerakinen kapitalizazioa.

7. artikulua.– Balantzea erregularizatu osteko erreserba kapital sozialari gehitzea.

1.– Bazkideek kooperatibaren sozietate-kapitalari egiten dizkioten ekarpenak, nahitaezkoak zein borondatezkoak, batzar orokorrak erabakitzen duen proportzioan eguneratuko dira, legearen 64. artikuluan ezarritakoa betez. Estatutuetan ezarri ahal izango da artikulu horretan ezarritako gainbalioen kapitalerako erabilera legearen 60.6 artikuluko finantza-ekarpen subordinatuetan gauzatuko dela, osorik edo zati batean.

2.– Batzar orokorrak onartu beharko ditu balantzearen erregularizaziotik ateratzen diren gainbalioak bazkideen artean banatzeko irizpideak, sozietatearen kapitalera bideratuak. Irizpide horiek lotu ahal izango zaizkio bazkide bakoitzak benetan ordaindutako kapital-ekarpenen saldoari edo azken eguneratzetik aurrera jarduera kooperatibizatuan izan duen partaidetzari, betiere artikulu honen 3. paragrafoan ezarritakoa betez.

3.– Ekarpenak eguneratzean, batzar orokorrak balantzea erregularizatzeko erabakia hartzen duen eguna hartuko da sortzapen-datatzat, edo erregularizazio-erreserbak xedatzeko erabakia hartzen duen eguna. Aukeratutako sortzapen-datan bazkide zirenek izango dute eguneratze hori egiteko eskubidea, data horren ondoren bazkide izateari uzten badiote ere. Eguneratze-kontua eskuragarri dagoenean, batzar orokorrak xedatzeko erabakia hartzen duen egunetik aurrera baino ezin izango da erabili eskubide hori.

8. artikulua.– Ekarpenak itzultzea.

1.– Kooperatibaren estatutuetan ezarritakoaren arabera itzuliko zaizkie kooperatibako bazkideei legearen 60.1 artikuluko sozietate-kapitalari egindako ekarpenak, dela batzar orokorrak sozietate-kapitala murrizteko hartutako erabakiaren bidez, dela bazkidearen bajaren ondorioz, dela kooperatiba-jarduera murriztearen ondorioz.

2.– Itzulketa bazkide baten bajaren ondorioz gertatzen bada, baja eman den ekitaldiko urteko kontuak onartu ondoren erabakiko da itzulketa.

Aurrekoa gorabehera, itzulketa aurreratuak egin ahal izango dira. Hala denean, kooperatibak bazkideari ordaindutako konturako aurrerakintzat hartuko dira. Baja emateko erabakia hartzen denean, administratzaileek ekarpenak itzultzea erabaki ahal izango dute, eta ekarpen horien zenbatekoa behin-behinean finkatuko dute, bazkide ohiari baja eman duen ekitaldiko emaitzengatik dagokion zenbatekoa zehaztu gabe. Halaber, kasu horretan, administratzaileek hiru hilabeteko epean finkatu beharko dute ekarpenen itzulketaren behin betiko zenbatekoa, batzar orokorrak bazkideak baja eman zuen ekitaldiari dagozkion urteko kontuak onartzen dituenetik zenbatzen hasita.

Era berean, administratzaileek berariaz adieraziko diote bazkide ohiari zer partaidetza duen funtsetan edo eguneratze-kontuetan, baldin eta kooperatibak balantzeak erregularizatzeari ekin badio, eta balantze horiek ezin izan baditu erabili berariazko lege-xedapen baten bidez, eta, betiere, funts edo kontu horien banaketa bakarra edo partziala bazkideen kapital sozialari egindako ekarpenen eguneratzea bada.

Sozietatearen estatutuetan, sozietate-kontratuan edo batzar orokorrak borondatezko ekarpenak jaulkitzeko hartutako erabakian berariaz jasota badago, borondatezko ekarpenak egiten dituzten bazkideek konpromisoa hartu ahal izango dute ekarpen horien aurretiazko itzulketa eskatzeko eskubideari uko egiteko, borondatezko ekarpen horiek itzultzeko aurrez ezarritako data baino lehen baja emanez gero.

3.– Itzultzea ukatu zaien ekarpenen titularrek beren ekarpenetan eragina duten alderdiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea izango dute urtero, artezkaritza kontseiluak erabaki ditzakeen bestelako informazioez gain.

Oro har, ukatutako ekarpenak itzuli egin beharko dira titularrak bazkide izateari uzten dion egunetik aurrerako antzinatasunaren arabera. Hala ere, sozietatearen estatutuetan zenbait kolektiboren lehentasunezko itzulketa egiteko irizpideak ezarri ahal izango dira, hala nola kooperatiban nahitaez baja hartzen dutenena, bazkide zaharrenena edo ezar daitezkeen beste irizpide batzuen araberakoa.

Ekarpen horiei uko egiteak kooperatiban baja hartzen duten eta, aldi berean, beste kooperatiba bateko bazkide gisa sartzen diren bazkideei ere eragiten die.

Uko egin zaien ekarpenek interes bat izango dute, baldin eta kooperatibako bazkideek kapitalari egindako ekarpenak ordaintzen badira.

4.– Baja hartzen duen bazkideak ez badu kapital sozialari egindako ekarpenen itzulketa eskatzen bost urteko epean, zenbateko hori kooperatibaren nahitaezko erreserba funtsera bideratuko da. Epe hori bazkideari baja ematen zaionetik aurrera zenbatuko da.

Edonola ere, baja hartu duen pertsonak itzulketa-eskubidea baliatu ahal izateko, kooperatibak horren gaineko jakinarazpen bat bidali beharko dio bazkideen erregistro-liburuan agertzen den helbidera edo fede emateko beste bide baten bitartez.

5.– Edozein arrazoi dela medio, bazkideak jarduera kooperatibizatua murrizten badu, eta, kooperatiban baja eman gabe, behin betikoa bada ere, horrek ez dio eskubiderik emango sozietatearen kapitalari egindako ekarpenen zati bat berreskuratzeko, salbu eta estatutuetan aukera hori ezarrita dagoenean.

6.– Ordainketa batzar orokorrak sozietate-kapitala murrizteko hartutako erabakiaren ondorioz egiten bada, legearen 60.6 artikuluan finantza-ekarpen subordinatuetarako ezarritako erreskate-kasuak aplikatu ahal izango dira.

Kapital-murrizketak kooperatibako bazkide guztiei eragiten badie, ekarpenen zenbatekoaren hainbanaketa egingo da, non eta ez den beste sistema bat adosten. Aldiz, murrizketa-erabakiak bazkide guztiei eragiten ez badie, itzuli beharreko ekarpenen titular diren bazkideen baimena beharko da.

9. artikulua.– Ekarpenen eskualdaketa.

Nahitaezko eta borondatezko ekarpenak beste bazkide bati edo hirugarren bati eskualdatzeko, ekarpen horiek finantza-ekarpen subordinatu bihurtu ahal izango dira, legearen 60.6 artikuluaren arabera, administratzaileek aldez aurretik hala adosten badute eta sozietatearen estatutuetan eraldaketa-aukera hori arautzen bada. Era berean, administratzaileek aldez aurretik baimen generikoa eman ahal izango dute eraldaketa horiek egiteko, eta aldaketa horien baldintzak estatutu sozialetan jasotako erregulazioaren arabera ezarriko dituzte.

10. artikulua.– Kapital soziala osatzen duten menpeko finantza-ekarpenak.

1.– Kapital soziala izango da legearen 60.6 artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen dituen finantza-ekarpen oro.

2.– Administratzaileek legearen 60.6 artikuluko ekarpenen kontratazioa onartu ahal izango dute, baldin eta ekarpen horiek seriean jaulkitzen ez badira, edo beren estatutu sozialen araberako egitura ekonomikoa funtsean aldatzen ez bada.

3.– Legearen 60.6 artikuluko ekarpenak kontratatzeko edo jaulkitzeko erabakiak zehaztu beharko du nola artikulatuko den kooperatibako bazkideek eta soldatapeko langileek lehentasunez harpidetzeko duten eskubidea, legean arautua. Lehentasunezko harpidetza-eskubidea izan daiteke, besteak beste, lehentasunezko harpidetza-epeak ematea, gutxienez 24 ordukoak, tarte bereiziak ezartzea, banaketa hainbanatzeko irizpideak ezartzea, bai eta aipatutako lehentasuna bermatzen duen beste edozein mekanismo ere.

4.– Legearen 60.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, finantza-ekarpen subordinatuak itzuli edo zorroan eskuratu ahal izango dira, artikulu honetan arautzen diren bermeen bidez.

5.– Kapitaltzat hartzen diren finantza-ekarpen subordinatuak aldez aurretik itzuli ahal izango dira kooperatibaren likidazioa egin baino lehen, ekarpen horiek egitea edo kontratatzea onartu zuen organoa ados jarrita, betiere organo horrek eginkizun hori eskuordetu ezean eta hartzekodunek itzulketaren aurka egiteko eskubidea izanda.

Itzultzeko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kooperatibaren egoitza dagoen lurralde historikoan zabalkunde handia duten bi egunkaritan argitaratu beharko da, eta espresuki aipatu beharko da hartzekodunek aurka egiteko eskubidea dutela.

Itzulketa ezin izango da gauzatu aurreikusitako azken iragarkitik hilabete bat igaro baino lehen. Horrez gain, epe horretan kooperatibaren hartzekodunen batek idatziz itzulketaren aurka egiten badu, ezin izango da gauzatu, baldin eta bere kredituak osorik ordaintzen ez badira, edo kooperatibak behar besteko bermerik ematen ez badu. Hala denean, hartzekodunek ezingo diote aurka egin ordainketari, nahiz eta epeak amaitu gabe egon.

Honako kasu hauetan joko da kooperatibak berme nahikoa ematen duela eta hartzekodunek ezin dutela itzulketaren aurka egin; halaber, ez da beharrezkoa izango itzulketa-erabakia artikulu honetan araututako bitartekoen bidez argitaratzea:

a) Erreserba bat eratzen denean, soberakinen kargura edo erabilera libreko borondatezko erreserben kargura. Erreserba horren zenbatekoa titularrek ekarpenen itzultze gisa jasotako zenbateko berekoa izango da. Erreserba hori xedaezina izango da ekarpenak itzultzen direnetik bost urte igaro arte, salbu eta aldez aurretik hartutako sozietate-zor guztiak ordaindu badira, edo hartzekodunek ez badute aurka egiteko eskubidea baliatu paragrafo honetan aipatutako iragarkiak argitaratzean.

b) Itzuli behar diren ekarpenak legearen 60.6 artikuluko finantza-ekarpen subordinatu gehiagorekin konpentsatzen direnean.

c) Itzuli behar diren ekarpenen balio nominala kapital sozialaren eta kooperatibaren nahitaezko erreserba-funtsen baturaren % 10 baino handiagoa ez denean.

d) Ekarpenak jaulkitzeko edo kontratatzeko baldintzen arabera, ekarpenen itzulketa jaso duten titularrak, beren artean eta kooperatibarekin, zorrak ordaintzeko erantzukizun solidarioa dutenean, titular bakoitzak jasotako mugaraino. Tituluen erantzukizuna ez da preskribatuko iragarkiak azkenekoz argitaratzen direnetik bost urte igaro arte.

e) Finantza-ekarpen subordinatu horiek amortizatuz gero, sozietatearen aktiboa sozietateak hartutako zorrak baino % 50 handiagoa denean, nahiz eta zor horiek galdagarriak ez izan.

6.– Kooperatibak karteran eskuratu ahal izango ditu kapital soziala osatuko duten menpeko finantza-ekarpenak, ekarpen horiek jaulkitzea edo kontratatzea onartu zuen organoaren erabakiaren bitartez, baina gerta liteke organo horrek egiteko hori eskuordetu izana. Honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da hori egin ahal izateko:

a) Balantzearen pasiboan erreserba xedaezin bat ezartzen denean, erreserba erabilgarrien edo banatzeko dauden soberakin metatuen kargura aktiboan agertzen diren ekarpen eskuratuen baliokidea dena. Erreserba xedaezin hori mantendu egin beharko da ekarpenak aurreko zenbakian ezarritako itzulketa-baldintzekin amortizatzen ez diren bitartean, edo eskualdatzen ez diren bitartean.

b) Zorroan eskuratutako ekarpenak legearen 60.6 artikuluko finantza-ekarpen subordinatu gehiagorekin konpentsatuko dira.

Hala ere, honako kasu hauetan ez da beharrezkoa izango erreserba xedaezina eratzea, ezta kapitalerako ekarpen berriekin konpentsatzea ere:

a) Ekarpenak amortizatzeko eskuratzen direnean. Hala denean, hala ere, aurreko 4. paragrafoko erregulazioa aplikatuko da.

b) Ekarpenak titulu unibertsalaren bidez eskuratutako ondare baten parte gisa eskuratzen direnean.

c) Ekarpenak doan eskuratzen direnean.

d) Ekarpenak esleipen judizial baten ondorioz eskuratzen direnean, kooperatibak ekarpenen titularraren aurrean duen kreditu bat ordaintzeko.

e) Kooperatibak eta haren filialek eskuratutako ekarpenen balio nominala kooperatibaren kapital sozialaren % 10 eta nahitaezko erreserba-funtsak batuta ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ez denean.

f) Kooperatibaren aktiboa, kooperatibak eta haren filialek zorroan eskuratutako ekarpenen zenbatekoa kenduta, kooperatibak berak hartutako zorrak baino % 50 handiagoa denean, nahiz eta zor horiek galdagarriak ez izan.

7.– Bazkide kooperatzaileek, bazkide titulua eduki bitartean, erantzungo dute kapital-ekarpenen titularrei dirua itzultzeagatik osatutako baliabide propioen murrizketen aurrean, zehazki, hartzekodunen bermea legearen 60.6 artikuluan horri buruz ezarritako edozein prozeduraren bidez estali ez den zenbatekoan. Bazkide bakoitzak kooperatibarekin legez eta estatutuetan ezarritako baldintzetan egindako eragiketa, zerbitzu edo jardueren proportzioan erantzungo du. Kasu horretan, erantzukizuna 4. paragrafoan ezarritako moduan mantenduko da, salbu eta aldez aurretik baliabide propioen kopurua berreskuratzen denean, edo bermatu gabeko zenbatekoak estaltzeko zuzkidura eratzen denean.

11. artikulua.– Erreserba erabilgarriak zertarako erabil daitezkeen.

1.– Borondatezko erreserba-funtsak banaezinak edo bana daitezkeenak izango dira. Banagarriak direnean, sozietatearen estatutuek edo batzar orokorrak irizpideak ezarri ahalko dituzte, funts horiek indibidualizatzeko.

2.– Banatu daitezkeen erreserba erabilgarriek honako erabilera hauek izan ditzakete, kooperatibaren batzar orokorrak hala erabakitzen badu:

a) Bazkideen aldeko kapitalizazioa edo monetarizazioa, sortu ziren aldian bazkide bakoitzak egindako jarduera kooperatibizatuaren proportzioan, edo bazkide horiek banatzen diren ekitaldi ekonomikoan egiten duten jarduera kooperatibizatuaren proportzioan. Erreserba erabilgarriak horretarako erabiltzen badira, soldatapeko langileek kooperatibaren estatutuetan edo legearen 103.5 artikuluan ezarritakoaren arabera sortzen den zenbatekoan parte hartuko dute.

b) Sozietatearen kapitalari egindako ekarpenak ordaintzea, nahitaezkoak zein borondatezkoak.

c) Nahitaezko funtsak –Nahitaezko Erreserba Funtsa, Kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena– edo estatutu-erreserbak edo borondatezko erreserba banaezinak handitzea edo hobetzea.

d) Galeren konpentsazio partziala edo osoa.

e) Ekarpenen eguneraketa.

f) Aurreko paragrafoetan kontuan hartu ez diren beste batzuk.

3.– Aurreko paragrafoan zehaztutako edozein erabileratan kontuan hartuko dira gai horri buruz legez, estatutuz edo batzar orokorrak baliozkotasunez hartutako erabakietan ezarritako mugak.

4.– Borondatezko erreserba banaezinek edo mugatuek honako erabilera hauetako edozein izan dezakete, kooperatibaren batzar orokorrak hala erabakitzen badu:

a) Galeren konpentsazioa.

b) Finantzaketa subordinatuaren amortizazio aurreratuaren eskakizunei aurre egiteko aukera.

c) Batzar orokorrak bere eskumenen esparruan erabakitzen duen edozein erabilera.

12. artikulua.– Galerak egoztea.

1.– Legearen 73.1.c) artikuluan araututakoarekin bat etorrita, bazkide kooperatzaileek beren gain hartuko dituzte bazkide izan diren bitartean sortu eta konpentsatu ez diren galerak, betiere bazkide bakoitzak legez eta estatutuz ezarritako baldintzetan kooperatibarekin egindako eragiketa, zerbitzu edo jardueren proportzioan. Salbuespen izango dira, hala ere, egun dauden baina oraindik erabilgarri ez dauden eguneratzeko erreserba-funtsen kargura etorkizunean konpentsatzeko esleitutakoak. Bazkide ez-kooperatzaileen kasuan, legean, estatutuetan eta kooperatibak modu baliodunean hartutako erabakietan ezarritakoa beteko da.

2.– Legearen 73.3 artikuluan araututako kontu bereziak bazkideen artean indibidualizatuta egon behar du, bazkide bakoitzak kooperatibarekin egindako eragiketa, zerbitzu edo jardueren proportzioan, baja gertatuz gero, kontu horretan jasotako galerak deskontatu ahal izateko bazkidearen kapitalari egindako ekarpenetik; edo bazkideak bere gain hartu behar dituenean, baldin eta legean konpentsaziorako ezarritako 5 urteko gehieneko epea igaro bada.

Estatutuek edo, hala badagokio, batzar orokorrak, hurrengo ekitaldietan emaitza positiboak lortzen direnean kontu berezi horri egotzitako galerak konpentsatzeko irizpidea arautuko dute.

13. artikulua.– Soldatapeko langileek emaitzetan parte hartzea.

1.– Estatutu sozialen arabera edo legearen 103.5 artikuluaren arabera soldatapeko langileei emaitzetan partaidetza aitortzen dieten kooperatibek soberakinak banatu aurreko kontabilitate-gastutzat hartu ahal izango dute esleipen hori, partaidetza horren soldata-izaera kontuan hartuta, nahiz eta ohiko batzar orokorrak ekitaldi horretako urteko kontuak eta soberakinen banaketa oraindik onartu ez dituen.

2.– Kooperatibaren emaitzetan parte hartzeagatik soldatapekoei aitortutako zenbatekoa zenbateko osotzat hartuko da, eta zenbateko horretatik kenduko dira kooperatibak soldatapeko langileekin dituen kotizazio sozialak, fiskalak edo bestelakoak.

14. artikulua.– Kooperatiba-heziketa eta sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena.

1.– Kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenaren helburuak betetzeko, beste sozietate eta erakunde batzuekin lankidetzan jardun ahal izango da, eta haien zuzkidura osorik edo zati batean eman ahal izango zaie, ekarpen horretarako legez ezarritako edozein helburutara bidera ditzaten.

2.– Zehazki, kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpena bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatiben, kooperatiba-elkarteen edo bestelako erakundeen bidez bideratu ahal izango da, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ematearen baldintzetako bat hauxe izatea: erakunde laguntzaileak dagozkion zenbatekoak kooperatiba-heziketa eta -sustapenerako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako legez ezarritako xedeetara bideratzea.

b) Hitzartutako helburu horiek koherenteak izatea baliabideak bideratzen dituen erakunde laguntzailearen estatutu-helburuekin.

3.– Kudeaketa-txostenean edo, hala badagokio, kooperatibaren memorian jasoko dira ekarpen horren kargura kooperatibaren helburuetara bideratu diren zenbatekoak, egindako lana adierazita. Hala badagokio, artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako sozietate edo erakundeak aipatuko dira, haien helburuak betetzeko.

15. artikulua.– Kooperatiben transformazioa.

Kooperatiben Goren Kontseiluak egiaztatuko du kooperatiba sozietate zibil edo merkataritza-sozietate bihurtzeko prozesua legearen 89. artikuluan ezarritako lege-eskakizunen arabera izapidetu dela, eta, bereziki, erabakia hartu dela administratzaileek kontseiluari berari memoria jakinarazi eta, legearen 89.4 artikuluan aipatzen diren zenbatekoak haren alde bermatuta, kooperatibaren batzar orokorraren ondorengo eta aldeko berariazko irizpena eman ondoren.

16. artikulua.– Lan-aurrerakinak.

1.– Bazkide langileen eta lan-bazkideen lan-aurrerakinek, legearen 69.2 eta 103.6 artikuluetan ezarritakoek, honako hauek biltzen dituzte: aldian behin edo noizean behin ordaintzen diren kopuruak, ekitaldi ekonomikoaren itxieran jardueraren bilakaeraren arabera sortzen diren kopuruak, dirutan edo doan emandako partizipazioen bidez ordaindutakoak edota kooperatibaren ordainketa-politika orokorraren barruan merkatuan baino prezio txikiagoan emandakoak, betiere zenbateko horien baturak ez baditu gainditzen dagokion jarduera-sektorerako zonako ordainsari arruntak.

2.– Bazkide langileek edo lan-bazkideek administratzaile gisa egiten duten jarduera jarduera kooperatibizatutzat hartuko da; beraz, kooperatibatik jasotzen duten ordainsaria lan-aurrerakintzat hartuko da, legean xedatutakoaren arabera.

17. artikulua.– Likidazio-prozesuaren araubide ekonomikoa.

1.– Kooperatibak desegiteko erabakia hartzen duen unetik aurrera, ez dira beteko soberakinak zehazteko eta banatzeko aplikatu beharreko lege- eta estatutu-arauak, ez eta galerak egozteari buruzkoak ere. Era berean, aldi horretan gainbaliorik gertatuz gero, ez dira bazkideen artean banatuko, eta ez dira nahitaezko funtsetara bideratuko; izan ere, kooperatibaren ondasun likidoaren soberakintzat hartuko dira, eta legearen 98. artikuluaren 2. puntuko d) letran aipatzen den xederako erabiliko dira.

2.– Likidazio-aldian, kooperatibak ez du kontuak gordailutzeko betebeharrik izango. Likidazioak urteko kontuak onartzeko ezarritako epea baino gehiago irauten badu, likidatzaileek sozietatearen urteko kontuak eta likidazioaren egoerari buruzko txostena aurkeztu beharko dituzte batzar orokorrean, ekitaldi bakoitzeko lehen sei hilabeteen barruan.

3.– Nolanahi ere, kooperatibak batzar orokor berean erabaki ahal izango du kooperatiba desegitea eta likidatzea, zorrik edo ordaintzeko krediturik egon ezean.

18. artikulua.– Boto proportzionala, bereizitako bazkide mota edo modalitateen arabera.

Sozietatearen estatutuek boto proportzional bat eman ahal izango diote kooperatiban egon daitekeen bazkide mota eta modalitate bakoitzari. Halaber, sozietatearen estatutuetan, bazkide mota bakoitzari ehuneko jakin bat esleitu ahal izango zaio soberakinen banaketan. Ehuneko hori jarduera kooperatibizatuan duen partaidetzaren araberakoa izango da.

19. artikulua.– Batzar orokorraren garapena.

1.– Batzar orokorraren zati bat edo osoa modu telematikoan egin ahalko da.

Bazkideek batzarrean modu presentzialean parte hartu nahi badute, deialdia argitaratu eta bost eguneko epean jakinarazi beharko dute, edo estatutuetan ezarritako epean.

2.– Legearen 40. artikuluan ordezkarien batzarrak arautzean aipatzen diren prestakuntza-batzarrak osorik edo zati batean telematikoki edo teknologiak ahalbidetzen duen antzeko beste edozein sistemaren bidez egin daitezke.

3.– Batzar orokorrak eta artezkaritza kontseiluak batzarrera joateko baimena eman diezaiokete kooperatibaren funtzionamendu onerako interesgarria den edozein pertsonari, boto-eskubiderik gabe.

4.– Batzarrak hartutako erabakiak betearazleak dira batzarrak zehazten duen egunetik aurrera, edo, zehaztu ez badu, batzarra egin zen egunetik aurrera, salbu eta legeak besterik eskatzen duenean. Hala ere, eratze-ondorioak dituzten erabakiek eraginkortasun juridikoa izango dute Kooperatiben Erregistroan inskribatzen direnetik aurrera.

II. KAPITULUA
KOOPERATIBA MOTAK

20. artikulua.– Lan elkartuko kooperatibetako probaldia.

Lege honen 104. artikuluan araututako probaldia ezin izango da ezarri sozietatean onartua izateko baldintza gisa, baldin eta aurreko lan-harremanean probaldi bat ezarri eta gainditu bazen, salbu eta bazkide berriak beste lanpostu bat beteko badu, edo aurretik betetzen zituen eginkizunez bestelakoak beteko baditu, edo probaldia sozietate-harremanari soilik dagozkion alderdien ebaluazioari buruzkoa bada, eta ez lanpostuan jarduteari buruzkoa.

21. artikulua.– Menpeko lantokia edo lantoki osagarria.

Legearen 103.4 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, mendeko lantokitzat edo lantoki osagarritzat hartuko da jarduera osagarriak garatzen dituena, hala nola biltegiratzea edo hornikuntza, logistika, laguntza teknikoa, merkataritzakoa eta kooperatiban landutako proiektuak gauzatzea.

22. artikulua.– Zehapen-espedienteak.

Langile bazkideei buruzko zehapen-espedienteak gizarte- eta lan-zehapen-araubidearen arabera abiarazi eta izapidetuko dira edo, hala badagokio, sozietate-zehapen-araubidearen arabera, arau-hauste motari dagokion arautegia zeinetan biltzen den.

23. artikulua.– Auzigaiak lan elkartuko kooperatibetan.

Legearen 107. artikuluak aipatzen duen eskumen jurisdikzionala gorabehera, kooperatibak klausula bat izango du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitrajearen mende jartzeko, legearen 165.2.f) artikuluaren arabera.

24 artikulua.– Kooperatiba-plataformak.

1.– Lan elkartuko kooperatibak plataforma kooperatibo gisa eratu ahal izango dira, produktuak saltzea edo zerbitzuak hirugarrenei ematea algoritmo baten bidez eskainita. Algoritmo horren titulartasuna edo kontrol eraginkorra kooperatibak hartu beharko du bere gain, enpresa-jardueraren antolaketa eta funtzionamendurako.

2.– Plataforma digital kooperatiboaren antolaketa eta kudeaketa modu demokratiko eta gardenean egitea ahalbidetzen duten printzipio kooperatiboak kontuan hartu beharko dira plataforma digital kooperatiboa bere jarduera antolatzeko erabiliko duen algoritmoa osatzeko.

25. artikulua.– Etxebizitza-kooperatibak.

1.– Sustatutako proiektuak eratze-eskritura jaso beharko du. Proiektu hori oinarrizko proiektua edo sustapena gauzatzeko proiektua izan daiteke, eta teknikari eskudunak behar bezala sinatuta egon behar du, edo notario baimen-emaileak sustapenaren kokapenari eta edukiari buruz edo proiektatutako etxebizitzen edota lokalen kopuruaren xehetasunari buruz emandako adierazpena ere izan daiteke.

2.– Kooperatiba horietan legelari aholkulari bat edukitzeko betebeharrak, legearen 121. artikuluaren arabera, indarrean jarraituko du batzar orokorrak azken balantzea eta sozietatearen ondasunak banatzeko proiektua onartu arte.

3.– Sustapen publikoko etxebizitzen sustapenak direnean, sustapen horiek arautzen dituen araudiaren bitartez zehazten diren baldintzen mende egon ahal izango dira legearen 121. artikuluan aipatzen diren kontratuak, legelari aholkulariaren irizpena behar duten guztiak barne.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoak bultzatutako jarduera itunduak sustatzen dituzten etxebizitza-kooperatibak, bai eta administrazio edo erakunde publiko batekin edo batzuekin hitzartutakoak ere, onura publikokotzat joko dira.

26. artikulua.– Enpresak sustatzeko kooperatibak.

1.– Enpresak sustatzeko kooperatiben helburua ekintzaile berriek garatutako jarduera ekonomiko eta sozialak sortzea eta haztea da.

2.– Erakunde horietan bi bazkide kooperatzaile mota egon daitezke:

a) Bazkide sustatzaileak, besteak beste, pertsona juridikoak dira, eta sozietate-helburutzat hartzen dute enpresa-kooperatiboak eta kooperatibismoa sustatzea. Kooperatiba sortzen laguntzen dute, bai eta ekintzaileei eskaintzen zaizkien orientazio-, prestakuntza- eta tutoretza-prestazioak ematen ere, beste jarduera batzuekin batera.

Pertsona juridikoak, publikoak zein pribatuak izan, bazkide sustatzaileak izan daitezke, legearen II. tituluan ezarritako salbuespenekin.

b) Bazkide erabiltzaileak prestazioen onuradun diren pertsona fisikoak izango dira.

Edonola ere, enpresak sustatzeko kooperatibak legean aurreikusitako beste edozein bazkide mota edo modalitate eduki ahal izango du.

3.– Enpresak sustatzeko kooperatiban bazkide sustatzaileak eta bazkide erabiltzaileak aldi berean daudenean, erregelamendu honetan kooperatiba integralak direla-eta araututakoa aplikatuko zaie.

4.– Bazkide erabiltzaileek izango dute lehentasuna lan-bazkide izateko, hargatik eragotzi gabe sortu nahi den kooperatiba-enpresaren sustapenak nahitaez izan behar duen iraupena.

Hala ere, besteren konturako langile gisa kontratatu ahal izango dira, indarrean dagoen lan-legerian ezarritakoaren arabera.

27. artikulua.– Bitariko kooperatibak.

1.– Estatutuetan ezarri ahal izango da bazkide kooperatzaileei legearen 155.4 artikuluan ezarritako soberakinak banatzean bazkide kooperatzaile horien kapitalaren ordainsaria ere sartzea, itzulkinetan parte hartzeaz gain.

2.– Bazkide kooperatzaileen modalitateei dagozkien eskubideak eta betebeharrak kalkulatzeko, bazkide kooperatzaileei guztira dagokien ehunekoa hartuko da kontuan, alde batera utzita boto-eskubidea duten sozietate-zatien titularrak.

28. artikulua.– Kooperatiba integralak.

1.– Kooperatiba integraltzat hartuko dira sozietate berean kooperatiba mota askotarikoen berezko helburuak betetzen dituztenak, baldin eta bazkide mota bakoitzak gutxienez botoen ehuneko hamar badauka batzar orokorrean.

2.– Kooperatiba integraletako bazkide mota edo modalitate bakoitza sekzio gisa eratu ahal izango da, hargatik eragotzi gabe pertsona berak, ondore horietarako aurreikusitako estatutu-betekizunak betez gero, sozietate-izaera bikoitza izatea.

3.– Kooperatibako bazkide mota edota modalitate orok ordezkaritza eduki beharko du beti kooperatiba integralen organo sozialetan. Estatutuetan, bazkide mota edo modalitate jakin bat erreserbatu ahal izango da lehendakari edo lehendakariorde izateko.

4.– Lan elkartuko kooperatibak ere kooperatiba integraltzat hartuko dira, baldin eta bazkide erabiltzaileei gehienez ehuneko berrogeita bederatziko boto-eskubidea ematen bazaie.


Azterketa dokumentala