Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2025eko abenduaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5259

229/2025 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana behin betiko onartzen duena.

Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eginkizunen artean sartzen da bere eskumeneko arloekin zerikusia duten sektoreei laguntzeko politika bat gauzatzea. Sail horri esleitutako ahalmenetako bat da Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana egitea, garatzea eta haren jarraipena egitea, ekintza instituzional publiko eta pribatuen orientazio-tresna gisa, eta garraioaren arloko antolamendu- eta koordinazio-tresna gisa, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 10.2 artikuluaren a) apartatuan agertzen den bezala.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legeak mugikortasun jasangarriaren plangintza-tresnak arautu ditu. Tresna horiek mugikortasun jasangarriko eredu bat lortzera bideratutako ekintza guztien tratamendu sistematiko, koherente eta integrala ahalbidetzen dute, eta ezartzen dute mugikortasun jasangarriaren plangintza-tresnetan jasotako zehaztapenak ingurumen-, energia-, lurralde-, hirigintza- eta azpiegitura-plangintzako tresnetan txertatuko direla.

Azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio, garraioaren arloan eskumena duen sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko mugikortasun jasangarriko politikaren plangintza orokorra egitea.

Eskumen hori Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planean gauzatuko da, pertsonen mugikortasunerako eta salgaien logistikarako garraiobideen koordinazioan eta integrazio intermodalean oinarritutako plangintza-tresna gisa.

Bestalde, azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 14. artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean garraioaren arloan eskumena duen sailari dagokio Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana egitea eta izapidetzea.

Era berean, azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 14.5 artikuluak prozedura bat ezartzen du aipatutako Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana formulatu eta onartzeko.

Horri dagokionez, onartzeko prozedura hasi aurretik, oinarrizko dokumentua Eusko Legebiltzarrera bidali da, eta hark aztertu, eztabaidatu eta ekarpenak egin ditu, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren 199. artikuluaren bidez, lege-testu beraren 196. artikuluari eta hurrengoei dagokienez.

Hala, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren 2024ko abenduaren 30eko Aginduaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuari. Onarpen hori 2025eko urtarrilaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Agindu horrek jendaurrean jartzen zuen Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektua, bi hilabeteko epean. Bertan, erakunde publiko eta pribatuek, herritarrek oro har, egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak egin zitzaketen, eta dokumentazioa ikusgai geratzen zen Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan. Aldi berean, entzunaldia eman zitzaien foru-aldundiei, udalei eta planaren proiektuak eragin diezaiekeen gainerako administrazioei, egoki zeritzotena alega zezaten, epe horretan bertan.

Prozesuaren ondoriozko aldaketak dokumentuan sartu ondoren, Euskadiko Garraio Agintaritzak, 2025eko urriaren 22an egindako bilkuran, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren proiektuaren aldeko txostena eman zuen, eta, horren ondoren, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana behin-behinean onartu zen, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren 2025eko urriaren 28ko Aginduaren bidez.

Azkenik, Mugikortasun Jasangarriaren Plana Gobernu Kontseiluari helarazi behar zaio, dekretu bidez behin betiko onar dezan, azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 14.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l) eta 26.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana behin betiko onartzea. Dekretu honen eranskinean dago plan hori.

2. artikulua.– Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planaren indarraldia 10 urtekoa izango da, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legearen 14.7 artikuluan ezarritakoaren arabera. Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana indarrean jartzen denetik bost urte pasatutakoan, helburuen lorpenaren jarraipena egingo da, eta haren zehaztapenak berrikusiko dira.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,

SUSANA GARCÍA CHUECA.

ERANSKINA

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Plana.

(Erantsitako dokumentua Interneteko helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garraioak/).


Azterketa dokumentala