
238. zk., 2025eko abenduaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (119 KB - 5 orri.)
- EPUB (236 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5258
EBAZPENA, 2025eko abenduaren 1ekoa, Industria Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzuaren emakidadunek 2026. urtean ezar ditzaketen tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua.
Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuan (martxoaren 16ko 48/2004 Dekretuaren bidez aldatu zen), ibilgailu automobilen segurtasunaren arloko aztertze-, izapidetze- eta kudeatze-eginkizunak zehazten dira, eta adierazten da ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzua ematen duten entitateei esleitu ahal zaizkiela eginkizun horiek.
Apirilaren 4ko 60/2000 Dekretuaren 7. artikuluak honako hau ezartzen du: «Emakidadunek burutu ditzaketen azterketen tarifak dekretu hau garatzeko emandako xedapenetan aurreikusitakoak dira. Tarifok urtero eguneratuko dira ibilgailuen azterketaren alorrean arauek izan dezaten bilakaeraren, aurrerapen teknologikoaren eta, hala behar bada, kontsumoko prezioen indizeak izan ditzan aldaketen arabera».
Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2024ko azaroaren 20ko Ebazpenak ezartzen du ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzu-emakidadunek zer tarifa eska ditzaketen gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan. Ebazpen hori 2024ko abenduaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 243. zenbakian, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 16ko Aginduaren babesean eman zen, zeinak aldatzen baitu Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abenduaren 9ko Agindua. 2024ko urtarrilaren 16ko Agindu horren bigarren xedapen gehigarriak hauxe dio: «Industria-administrazioaren arloko zuzendari eskudunari ahalmena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan zerbitzu-emakidadunek ibilgailuen azterketa teknikoaren arloan aplikatu beharreko tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua argitaratuko duen ebazpena emateko».
Era berean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko abenduaren 9ko Aginduak honako hau aurreikusten du: «Ez bada horri buruzko agindurik ematen behar den urtean, orain eguneratutako tarifak urtero eguneratuko dira KPIaren gorabeheren arabera eta urtetik urterako urriko indizea oinarritzat hartuta. Eguneratutako tarifak indarrean jarriko dira urtarrilaren 1etik aurrera». Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko urtarrilaren 16ko Aginduaren bidez, eginbidearen tarifa sartu zen.
Azaldutako guztiagatik, kontuan hartutako zuzenbideko oinarriak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako guztiak ikusita, eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren 12. artikuluan oinarrituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzuaren emakidadunek 2026. urterako eska ditzaketen tarifen zerrenda eguneratua eta kontsolidatua argitaratzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria Sustatzeko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko abenduaren 1a.
Garapenaren eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
JOSE LUIS AZKUE ARRASTOA.
RSS