
237. zk., 2025eko abenduaren 9a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 3 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
5245
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 28koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.
2025eko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez, «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2025eko ekainaren 16an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (112. zk.).
Proiektu honen xedea Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoko instalazioak eraikitzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren lanak kontrata bidez egikaritzeko definizioa eta balorazioa prestatzea da.
Proiektuak barne hartzen ditu ETSren Errenteriako tailerretan dagoen egungo azpiestazioa eraisteko lanak.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2025eko irailaren 5eko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2025eko irailaren 30ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta «El Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Errenteriako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.
Izapide honetan alegazio-idazki bakarra aurkeztu da; Zerbitzu Teknikoetara bidali da, neurriak hartzeko eta kontuan hartzeko, akatsak zuzendu behar badira ere. Erantzuna zuzenean interesdunari bidali zaio.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren (aktetan titularrak identifikatuko dira eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoko), eta okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordaindu edo kontsignatu ondoren.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Errenteriako trakzioko azpiestazio elektrikoaren eraikuntza proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Errenteriako Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haiek ordainduko dute.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordeari zuzendu behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hilabeteko epean. Hala ere, aldez aurreko errekerimendua egin ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS