Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2025eko abenduaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5243

AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2025-2026 ikasturterako eskola-garraiorako banakako esleipenak emateko prozedurarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza Sailak eskola-garraioa antolatzen du ikasturte bakoitzerako, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa. Zerbitzu hori ibilbideak kontratatzean gauzatzen da. Ibilbide horiek zehazteko, kontuan hartzen da zer distantzia dagoen ikasleen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen eta ikasle kopuruaren artean.

Eskola-garraiorako eskubidea duten ikasle batzuek zuzenean ordaintzen dute, batez ere bi arrazoirengatik. Batetik, ezin direlako egokitu Sail honek antolatutako ibilbideetara, eta, bestetik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea.

Gainera, aipatzekoa da 164/2023 Dekretuak, urriaren 31koak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari – hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatutakoari – buruzkoak, bere aplikazio-eremuan sartu dituela hirigune sakabanatuetan edo landa-eremuetan bizi diren Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, eta neurri hori dekretuaren 8.1 artikuluko behin-behineko baimenaren bidez gauzatu duela, ikasle horiek eskola-garraiorako eskubiderik sortu gabe. Beraz, eskola-garraioari buruzko Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleek behin-behineko baimenaren modalitatea baliatu ahal izango dute Hezkuntza Sailak antolatutako ibilbideetako ibilgailuak erabiliz, baldin eta horietan plaza librerik badago.

Hala ere, arauak berak aurreikusten du behin-behineko baimena lortu ez duten eta, aldi berean, Dekretuaren 8.2 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei gastuak ordaintzeko aukera.

Horrela, bada, eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdi honen helburua da ikasleek ikastetxera egin beharreko joan-etorrien kostua finantzatzea, joan-etorriek zailtasun gehigarririk edo kostu gehigarririk eragin ez diezaioten, bai eskolatzea bizilekuaren arabera dagokion ikastetxe publiko batean egiten bada, bai eskolaratze batzordeak esleitutako itunpeko ikastetxe publiko edo pribatu batean egiten bada.

Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko agindua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025erako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea.

Eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako deialdia onartzea 2025-2026 ikasturterako, Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta Erdi Mailako Heziketa Zikloak egiten dituzten ikasleentzat. Agindu honen eranskinean jasotzen dira deialdiaren oinarri arautzaileak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da:

● 164/2023 Dekretua, urriaren 31koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari – hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatutakoari – buruzkoa.

● 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

● 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

● 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

● 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

● Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA
2025-2026 IKASTURTERAKO ESKOLA-GARRAIORAKO BANAKAKO DIRULAGUNTZETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Agindu honen xedea da 2025-2026 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egitea, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleek hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak finantzatuta daukaten eskola-garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuan jasotako eskola-garraiorako banakako dirulaguntzetarako.

2.– Deialdiaren aplikazio-eremua urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 1. artikuluan aipatzen diren ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek osatzen dute, baldin eta dekretu horren 2. artikuluaren c) letran ezarritako modalitatean eskola-garraiorako eskubidea badute eta irakaskuntza hauetakoren bat egiten badute:

a) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.

b) Lehen Hezkuntza.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

d) Oinarrizko Lanbide Heziketa.

e) Batxilergoa.

f) Erdi-mailako heziketa-zikloak.

3.– Praktikak egiteko ibilbidea ez da diruz lagunduko.

2. artikulua.– Deialdia kudeatzea.

Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da laguntzen deialdia kudeatzeko organo eskuduna.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko 4.000.000 euro erabiliko dira.

2.– Lehenengo paragrafoanidatz-zatian adierazitako zenbatekoa % 10 handitu ahal izango da, laguntzak jasotzeko eskubidea duten eskabideen zenbatekoa kontuan hartuta. Luzapen hori xedatzen duen ebazpena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitalpen horrek ez du esan nahi eskaera berriak egiteko epea irekiko denik, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hasiko denik ere.

4. artikulua.– Ikasle onuradunak. Betekizunak eta egiaztapena.

1.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izateko, betekizun orokor eta espezifiko hauek bete behar dira:

a) Betekizun orokorrak:

I.– Deialdiaren xede den ikasturtean 1. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako aplikazio-eremuan sartuta egotea. Baldintza hori betetzen dela ofizioz egiaztatuko du deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak.

II.– Ez izatea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuren bat. Eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea Hezkuntza Sailak ofizioz egiazta dezan egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baimen hori ere uka dezake, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Gainerako debekuen eraginpean ez dagoela egiaztatzeko, https://www.euskadi.eus/servicios/0168911 helbide elektronikoan eskuragarri dagoen eskaera-inprimakian jasotako erantzukizunpeko adierazpena bete beharko da.

III.– Ikaslearen erroldatze-bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar da eskabidea aurkezten den egunean.

b) Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

d) Batxilergoko eta erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzako betekizun espezifikoak: ikasle horiek urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 8. artikuluaren 2. apartatutik 4.era bitartean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Hala ere, ez da eskatuko Eskola Garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 8.2.b) artikuluan adierazitako baldintza betetzea, baldin eta eskola-mapa aldatzen bazaie aldaketaren aurretik garraio-eskubidea baliatzen ari ziren ikasleei, eta, betiere, ez badituzte bizilekuz aldatzen haiekin bizi diren eta ondoren matrikulatzen diren neba-arrebak, betiere Batxilergoan edo Erdi Mailako Heziketa Zikloetan lehen aldiz matrikulatzen badira.

2.– Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituztelako edo mugikortasun urri iraunkorra dutelako beren hezkuntza-etapari dagozkionak baino distantzia txikiagoak aplikatuko zaizkien ikasleek, aurreko baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Ezin erabili izatea Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa joan-etorrietan, eta ikastetxera ezin joan izatea doan edo sail hori ez den beste erakunde publiko edo pribatu batzuek erabat diruz lagundutako garraio baten bidez.

b) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat izatea, eta desgaitasun-ziurtagiria indarrean izatea, lurralde-erakunde publiko eskudunak emana, desgaitasun-mota eta -maila adierazita, eta mugikortasun urri iraunkorren kasuan, egoera hori.

c) Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzak hezkuntza-premia bereziak dituen ikasle gisa aitortuta egotea.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikasleek 2025-2026 ikasturterako jasoko duten banakako esleipenak garraioaren kostu osoa barne bildu ahal izango du.

2.– Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eguneko bi bidaia hartuko dira kontuan, bata etxetik ikastetxera joateko eta bestea ikastetxera itzultzeko, salbu eta jantoki-zerbitzurik ez badago edo ezin bada erabili; kasu horretan, gehienez ere lau bidaia zenbatuko dira eskola-egun bakoitzeko.

3.– Kostua eskola-egunen kopuruaren arabera bakarrik kalkulatuko da, honako arau hauen arabera:

a) Ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen edo geralekuaren arteko garraio publiko erregularreko edota trenbideko (autobusa, tranbia, metroa, trena) zerbitzua erabiltzen bada, dirulaguntza honen zenbatekoa sortzen diren aukeren artean merkeena izango da.

b) Ikaslearen erroldatze-bizilekuaren eta ikastetxearen edo geralekuaren artean ibilgailu partikularra erabiltzen bada, 0,29 euro ordainduko da kilometroko, eta ibilbidea motozikletan egiten bada, 0,15 euro kilometroko.

c) Eskolatze-batzordeak berariaz esleitutako itunpeko ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kasuan, baldin eta ikastetxeak antolatzen duen eskola-garraioa Administrazioaren laguntzaren edo finantzaketaren xede ez bada, dagokion zenbatekoa ordainduko da, apartatu honen a) edo b) apartatuetan ezarritako formulen arabera.

Ibilbidea egiteko erabilitako garraiobidea edozein dela ere, helmugara iristeko dauden bitarteko guztien artean aukerarik merkeenari (garraio publiko erregularra edota tren-garraioa edo ibilgailu partikularra) dagokion zenbatekoa baino ez da ordainduko.

Distantziak neurtzeko, GeoEuskadi kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein lortzearekin, Eskola-garraioari buruzko urriaren 31ko 164/2023 Dekretuaren 3.2 artikuluan jasotako baldintzetan.

2.– Gainfinantzaketa-zantzuak badaude, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak emakida-ebazpena aldatzeko prozedura hasiko du, gainfinantzaketa egiaztatzeko eta emandako zenbatekoa murrizteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legaren 16.4 eta 25. artikuluei jarraikiz. Aldaketa-prozedura hori deialdia kudeatzen duen zuzendaritzak bideratuko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera eta onuradunari entzun ondoren, eta hasierako zenbatekoa eman zuen organoak ebatziko du.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Ebazpena aldatzea erabaki ahal izango da laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, aldi berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badira edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan jasotako beste edozein arrazoi badago.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak Eskola garraioa – Ikasleak – Hezkuntza – Euskadi.eus helbide elektronikoan eskuragarri dagoen inprimakia erabiliz aurkeztuko dira, eta ikasleak berak sinatuko ditu, baldin eta adinez nagusia bada eta jarduteko gaitasun osoa badu, edo, bestela, haren legezko ordezkariak.

2.– Eskabideak aurkezteko ohiko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabideak honela aurkeztuko dira:

a) Elektronikoki, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0168910 web-helbidera sartuta eta horretarako gaitutako aplikazio informatikoa erabilita. Horretarako, sinadura elektronikoa eduki beharko da, indarrean dagoen ziurtagiri digitalarekin (NAN, Izenpe txartela) edo itsasontzi-jokoarekin (B@kq).

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: Identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus

Eskabidea bete ondoren, eskatutako dokumentuak eskaneatuta erantsiko dira, eta elektronikoki sinatuko da.

Eskabidea elektronikoki aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: «Nire karpeta – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus».

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: Ahalordeen erregistro elektronikoa – Egoitza elektronikoa – Euskadi.eus.

b) Paperean. Horretarako, aplikazioak sortuko duen eskabide-inprimakia inprimatu, sinatu eta ikasleak ikasten duen ikastetxeko zuzendariari aurkeztu beharko zaio. Kasu horretan, ikastetxea arduratuko da eskatutako datuak eta dokumentuak aplikazio informatikoan sartzeaz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bulegoetan ere aurkeztu ahal izango da.

4.– Inprimakian, eskatzaileak, egoki baderitzo, baimena eman ahal izango dio Hezkuntza Sailari agindu honen 14. artikuluan jasotako ohar gehigarriak egiteko. Horretarako, «telefono mugikorra» eta «posta elektronikoa» atalak bete beharko ditu.

5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena ematen dio Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

9. artikulua.– HPBko ikasleek eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Indarrean dagoen desgaitasun-ziurtagiria ez badago jasota Hezkuntza Laguntzako Premia Espezifikoak dituzten Ikasleen Erregistroan, dagokion ikastetxean aurkeztu beharko da, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideetako edozein erabiliz. Ziurtagiri hori lurralde-erakunde eskudunak eman beharko du, desgaitasun-mota eta -maila adierazita, eta, hala badagokio, mugikortasun urri iraunkorrekoa den adierazita.

10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

Lurralde-ordezkaritza eskudunak 10 egun balioduneko epea emango dio interesdunari akatsak zuzentzeko edo eskatutako laguntza izapidetzeko behar diren dokumentuak aurkezteko. Horretarako, zuzendu beharreko akats zehatza edo, hala badagokio, aurkeztu beharreko dokumentua adieraziko zaio, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ezohiko epea.

1.– Agindu honen 8.2 artikuluan eskabideak aurkezteko ezarritako ohiko epea amaitu ondoren, ikasleak honako baldintza hauetako bat betetzen duenean soilik aurkeztu ahal izango dira eskabideak:

a) Ikastetxeko matrikulazioa eskaera-epe arrunta amaitu ondoren egin da.

b) Gerora sortutako inguruabarrak: bizilekuz aldatzea, desgaitasuna aitortzea edo hezkuntza-premia bereziak aitortzea, eskaera-epea amaitu ondoren sortutakoak eta eskola-garraio arrunta modu iraunkorrean erabiltzea eragozten dutenak.

2.– Ezohiko eskabideak aurkezteko prozedura hilabetekoa izango da, eta gerora sortutako inguruabarra gertatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da. Egun hori Zuzenbidean onartutako edozein modutan egiaztatu beharko da. 2026ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskaerak ez dira inola ere onartuko.

12. artikulua.– Laguntza osagarria.

Garraio-esleipen indibidualizatu horien onuradunek, ohiko epean, hasieran emandakoaren osagarri den laguntza bat eskatu ahal izango dute, aurreko artikuluan aipatutako ezohiko epean, emandako zenbatekoaren eta zerbitzuaren azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta helbide-aldaketa edo ikastetxe-aldaketa gertatzen bada, eta, azken kasu horretan, Ikasleak onartzeari eta eskolatzeari buruzko urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 22.c) artikuluan jasotako edozein inguruabarrek gastua handitzea badakar. Eskabide berri horrekin batera, agindu honen 4. artikuluan aipatutako inguruabarrak eta zerbitzu berrirako aurreikusitako aurrekontuak egiaztatuko dira.

13. artikulua.– Ebazpen-proposamena, jakinarazpena eta argitalpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, lurralde-teknikariek 10 egun balioduneko epea izango dute aurkeztutako eskabideei buruzko datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, agindu honen 8.2 artikuluan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Lurralde-teknikariek eskabideak aztertuko dituzte, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izango ditu, Berritzeguneak laguntza-zerbitzuetako HPB aholkularitzak barne, bai eta Saileko beste unitate tekniko batzuk ere.

3.– Eskabideak aztertu ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin-behineko ebazpen-proposamena emango du, behar bezala arrazoituta. Ebazpen horretan, alde batetik, dirulaguntza jasoko duten ikasleen zerrenda jasoko da, eta emandako laguntzaren zenbateko osoa adieraziko da. Bestalde, dirulaguntza ukatu zaien ikasleen zerrenda jasoko du, ukatzeko arrazoia adierazita.

4.– Behin-behineko ebazpen-proposamena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, https://euskadi.eus webgunean eta Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus). Eskatzaileek hamar (10) egun baliodun izango dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko, iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Behin-behineko ebazpen-proposamenaren aurkako alegazioak aztertu ondoren, epea igaro ondoren, eta beharrezkoak diren egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpen-proposamena emango du.

14. artikulua.– Behin betiko ebazpena, jakinarazpena eta argitalpena.

1.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://euskadi.eus webgunean) eta Hezkuntza Sailaren webgunean (http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) argitaratuta jakinaraziko da, behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean.

2.– Behin betiko ebazpenak ebazpen horren testu osoa jasoko du, laguntza ematen eta ukatzen zaien eskatzaileen zerrendekin batera. Laguntza onartzen bada, behin betiko ebazpenak honako hauek jasoko ditu: xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, zer xedapenen babesean eman den eta justifikatzeko modua. Laguntza-eskaera ukatzen bada, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko (1) epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Telematikoki edo aurrez aurre egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.

4.– Behin betiko ebazpena deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez ere sei (6) hilabeteko epean argitaratuko da. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– 11. eta 12. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako ezohiko epeko eskabideak eta laguntza osagarrikoak ebazpen bidez ebatziko dira, ohikoak bezala, artikulu honen 3. eta 4. apartatuetan adierazten den bezala.

6.– Organo kudeatzaileak, hala baimendu badute, egindako jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei, SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordainketa.

1.– Emandako laguntza bi zatitan ordainduko da, deialdia behin betiko ebatzi ondoren, eskolara joandako egunen kopuruaren arabera:

a) Lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 70ekoa, deialdiaren behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, salbu eta onuradun gisa proposatutako pertsonak onartu ez badu; kasu horretan, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

b) Bigarren ordainketa, gainerako zenbatekoa, ikasturtea amaitzean ordainduko da, laguntza justifikatzeari buruzko 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Laguntzaren zenbatekoa eskatzaileak laguntza-eskabidean adierazitako kontu korrontean sartuko da.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14, 27. eta 42. artikuluetan jasotako betebeharrak alde batera utzi gabe, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

b) Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei eragiten dien edozein gorabehera; bereziki, edozein erakunde publikok edo pribatuk xede berarekin emandako beste edozein laguntza jasotzea.

c) Lurralde ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazioa ematea.

17. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.

1.– Ikasturtea amaitzean eta 2026ko ekainaren 19a baino lehen, ikasle onuradunek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte, erregistro elektronikoaren bidez edo paperean, ikastetxean laguntzaren zenbatekoa justifikatzen duten garraio-ordainagiriak (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, erantzukizunpeko adierazpena, ibilgailu partikularraren kasuan). Ikastetxeek banakako esleipenak garraiatzeko aplikazioan sartu beharko dituzte, eta dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari jakinaraziko dizkiote. Ikaslea ikastetxera ez joateagatik lekualdaketa egin ez den egunei dagokien murrizketa jaso beharko dute.

Justifikazio partzial bakarra egiten bada, aitortutako laguntzaren bigarren ordainketa murriztu egingo da, benetan justifikatutako zenbatekoraino. Kasu horretan, dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez jardungo da, eta, beharrezkoa izanez gero, errebokatzeko eta itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kontrolatzeko, lurralde-ordezkaritzek egoki iritzitako agiriak aurkezteko eskatu ahal izango diete onuradunei.

3.– Justifikazio-dokumentazioa (txartelak, fakturak, kuotak eta erantzukizunpeko adierazpena ibilgailu partikularraren kasuan) ikastetxean artxibatuko da, egiaztatu ahal izateko.

18. artikulua.– Ikastetxeen lankidetza-betebeharrak.

Ikastetxeek laguntzak izapidetzean egin behar dituzten zereginei dagokienez, betebehar horiek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan aurreikusitakoaren arabera arautu eta gauzatu behar dira. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, itunpeko ikastetxe pribatuak erakunde laguntzailetzat hartuko dira agindu honen ondorioetarako, eta ikastetxe publikoei dagozkien betebehar berberak izango dituzte.

a) Erregistratuta edota eguneratuta ez dauden desgaitasun-ziurtagiriak eskaneatzea eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen erregistroan (W67) gehitzea.

b) Aurkeztutako eskabideen datuak egiaztatzea, 10 egun balioduneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

c) Laguntzak eskatzen dituzten familiei behin-behineko ebazpen-proposamenaren, behin betiko ebazpen-proposamenaren eta ebazpenaren edukiaren berri ematea.

d) Ikastetxeetako zuzendariek ziurtatu beharko dute ikasleak ikastetxera joan direla, eta hori izango da onuradunek egindako gastua egiaztatzeko erabiliko den arrazoia.

e) Emandako dirulaguntzaren gainean gutxitze bat aplikatu behar zaien ikasleen zerrenda gehitzea aplikazioari, onuradunari laguntza osoa edo zati bat itzultzeko eskatzeko prozedura hasteko. 2026ko uztailaren 1a baino lehen egingo dute, eta kontuan hartuko dituzte aurkeztutako egiaztagiriak eta ikaslearen hutsegiteak edo, hala badagokio, ikastetxean baja eman zuen data.

f) Erakunde emaileak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak funts horien kudeaketari buruz egin ditzaketen egiaztapen-jarduketak onartzea.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzen onuradunek, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute emandako eta jasotako zenbatekoa, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako itzulketa-kausaren bat izatea.

b) Dirulaguntza ez erabiltzea eskatu eta eman zen xede espezifikorako.

c) Dirulaguntza eragin zuen jarduera ez burutzea.

d) Ez justifikatzea dirulaguntza eman zen helburu zehatzetarako erabili dela.

e) Oro har, ez betetzea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

20. artikulua.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntza itzuli beharko da, baldin eta laguntza eman zen helburu espezifikorako erabiltzen ez bada, laguntza lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako gainerako kasuetan.

Jasotako zenbatekoez gain, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 39. artikuluan ezarritako kasuetan.

2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

21. artikulua.– Datuen babesa.

Zure datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta «unibertsitateaz kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleei bekak, laguntzak eta sorospenak kudeatu, eman eta horien jarraipena egitea, eta ikasleei eskola-garraiorako laguntzak ematea.

Legitimazioa:

● Tratamendua beharrezkoa da lege-betebehar aplikagarriak betetzeko.

● Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

● Toki-administrazioko beste organo batzuk.

● Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

● Ikastetxe publikoak, pribatuak eta itunpekoak. Arabako Foru Aldundia. Vitoria-Gasteizko Udala.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/043500-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:

(https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).


Azterketa dokumentala