
236. zk., 2025eko abenduaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (415 KB - 14 orri.)
- EPUB (238 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
5219
AGINDUA, 2025eko azaroaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko diruz lagundutako plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.
Hezkuntza Sailaren ildo estrategikoen artean dago 2030erako Europako esparruan ezarritako berrikuntza- eta garapen-printzipioak – hezkuntzari eta prestakuntzari dagokienez – gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkekin lerrokatzeko erronka. Horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; konpetentzietara bideratuago dagoen hezkuntza bat eskatzen du, gero eta globalagoak eta kulturaniztunagoak diren testuinguruetako ikaskuntza-inguruneei arreta jartzen diena.
Maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak (2023ko ekainaren 9ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du hezkuntza-sistemaren lehentasunezko helburuetako bat dela ikasle guztien komunikazio- eta hizkuntza-konpetentzia garatzea, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, euskararen erabileran sakonduz. Derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek zuzen ulertu eta adierazi beharko dute, ahoz zein idatziz, euskaraz eta gaztelaniaz, eta testu eta mezu konplexuak sortzeko gai izan beharko dute. Gainera, modu egokian ulertu eta adierazi beharko dute atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan.
Hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea funtsezkoa da, errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundua ikusteko eta ulertzeko, eta besteekin harremanak izateko modu jakin bat transmititzeko beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen baititu. Gainera, hizkuntza-konpetentzia eta konpetentzia eleaniztuna garatzeak gainerako funtsezko konpetentziak garatzea bultzatzen du, eta, beraz, beste arloen zerbitzura egongo da.
Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen arabera, Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna eta kulturartekoa da. Horregatik, gutxienez atzerriko hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren oinarrizko helburuetako bat da, eta, bi hizkuntza ofizialekin batera (euskara eta gaztelania), ikasleen ikaskuntza-prozesua bideratzeko eta gizarte-kohesioa bermatzeko aukera ematen du.
Frogatuta dago atzerriko hizkuntza ondo ezagutzeko, ikasturtean zehar ikasitakoaz gain, dagokion herrialdean egonaldia egitea osagarri ezin hobea dela. Horregatik, hezkuntza-administrazioei dagokie egungo curriculumak aplikatzeko prozesuan atzerriko hizkuntzak indartzeko eta ikasteko programak ezartzea bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak ematea, ikasleen irakaskuntza-prozesua hobetzeko.
1989ko udan, Hezkuntza Saila atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horiek hobeto aprobetxatzen direla bermatzeko. Hala, 2005ean errendimendu akademikoko gutxieneko batzuk ezarri ziren plazak eskuratu ahal izateko, eta, aldi berean, bekadunak ez ziren ikasleei ere aukera zabaldu zitzaien.
Bekaduna izan edo ez, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.
Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da udan atzerri-egonaldia egiteko aukera ematea errendimendu akademiko handia duten ahalik eta ikasle kopuru handienari, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia eskainiz.
Horregatik, 2012ko udako deialdian, banakako ekarpenak egiteko baldintza gehitu zen, familia bakoitzaren maila ekonomikoaren arabera, plazaren kostuan parte hartzeko, eta plaza kopuru handiagoa gorde zitzaien errenta txikiagoa zuten taldeei. Norbanakoaren ahalegina aitortzeko, talde bakoitzeko plazetarako sarbidea errendimendu akademikoaren arabera egiten da.
Ikasleen eta Administrazioaren arteko ekarpen mistoaren ideia hori bera mantentzen da deialdi honetan, eta, ikasleei dagokienez, plaza-kopuru jakin bat eta ekarpen ekonomiko desberdin bat finkatzen dira, bekadun izatearen edo ez izatearen arabera.
Aipatu behar da Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-prestakuntza ahalbidetzea dela, atzerriko egonaldietarako eta ikastaroetarako diruz lagundutako plazen politika baten bidez, Gobernu Kontseiluak 2025eko apirilaren 29an onartutako Hezkuntza Sailaren 2025eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntza-ildoetako bat.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuan dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin bat etorriz, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoarekin, eta Ikaskuntzako eta Berrikuntzako zuzendariak proposatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta ikastaroak eta egonaldiak antolatzea.
1.– Agindu honen xedea da 2026ko udan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko 532 plaza eskaintzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan matrikulatuta badaude. Egonaldiaren iraupena bi astekoa da.
2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, 4 plaza gehiago gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei; plaza horiek 2025-2026ko deialdian «Eduardo Chillida» Matematika Olinpiadan lehen lau postuetan gelditzen diren DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira.
3.– Ikastaroak eta ikastaroak ematen diren herrialdeko egonaldia Hezkuntza Sailak horretarako kontratatutako enpresak antolatuko ditu.
2. artikulua.– Onuradunak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoen bitartez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleek eskatu ahal izango dute deialdiko jardueretan parte hartzea eta laguntzen onuradun izatea.
3. artikulua.– Deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa.
Hezkuntza Sailak gehienez 1.033.571,48 euroko ekarpena egingo du 2026ko ekitaldian agindu honetako plazak finantzatzeko 2026ko ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura.
4. artikulua.– Barne hartzen diren gastuak.
1.– 5.4 artikuluan jasotako dirulaguntzak eta ikaslearen ekarpen ekonomikoak honako gastu-kontzeptu hauek barne hartzen dituzte:
a) Joan eta itzultzeko bidaia, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoko hiriburuetako batetik atera eta bertara itzultzeko, esleitutako plazari dagokion egonaldia hasteko eta amaitzeko adierazten diren egunetan.
b) Bi asteko egonaldia, ostatua eta mantenua (pentsio osoan), esleitutako plazari dagokion herrialdean.
c) Hizkuntza-ikastaroa, eta horrek dakarren matrikula, eskola-materiala eta ostatuaren eta ikastaroa egiten den zentroaren arteko joan-etorrietarako garraioa.
d) Ikastaroak antolatzen dituen enpresak sinatutako bidaia-laguntzako, istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguruak, ikastaroak antolatzeko Hezkuntza Sailarekin sinatutako kontratuaren arabera.
e) Jarduera soziokulturalak eta kirol-jarduerak arratsaldeetan, eta egun osoko bi txango asteburuetan (larunbat edo igandeetan).
f) Enpresa antolatzailearen eta Hezkuntza Sailaren artean sinatutako kontratuan jasotako beste gastu batzuk, hala badagokio.
2.– Hezkuntza Sailak eta ikastaroak antolatzen dituen enpresak ez dute beren gain hartuko aurreko atalean aipatutakoez bestelako gasturik.
5. artikulua.– Deialdiko plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.
1.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza edo egoitza-erregimena antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, aurreko artikuluetan adierazitakoari jarraituz.
2.– Deialdi honen xede diren ikasleentzako plazak bi tartetan banatzen dira, kontuan hartuta ikasleak beka lortu zuen ala ez eskabidea aurkeztu aurreko ikasturterako «Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzen» deialdian. Partaidetza-kuota ikaslearen tartearen araberakoa izango da.
3.– Era berean, tarte bakoitzaren barruko plaza-kopurua xede herrialdearen arabera eta ikasleak 2025-2026ko ikasturtean egiten duen hezkuntza-etaparen (DBH edo Batxilergoa) arabera banatuta dago.
2024ko urtarrilaren 22ko Aginduak, Hezkuntzako sailburuarenak, Haur Hezkuntzako ebaluazioa eta Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazioa, maila gainditze eta titulazioa arautzen dituenak, ezartzen du Bigarren Hezkuntzako ikasleek kalifikazio kualitatiboak lortuko dituztela (30.4 artikulua), eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek, berriz, kalifikazio kuantitatiboak (48.1 artikulua).
Horregatik, deialdi honetan parte hartzen duten ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko, eta 20265-2026 ikasturtean maila akademiko horietako matrikulazioen ehunekoa kontuan hartuta, plazak honela banatzen dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
4.– Deialdiko plazetako bat betetzeko eskubideak berekin dakar ikasleek dagokien partaidetza ekonomikoaren kuota ordaintzea:
a) 1. tarteko ikasleek: 140 euro.
b) 2. tarteko ikasleek: 560 euro.
6. artikulua.– Tarteak.
Parte hartzen duten ikasleak sailkapen honen arabera sailkatuko dira:
a) 1. tartea:
– eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean «Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzen» deialdian beka eskuratu duten ikasleak.
b) 2. tartea:
– Aurreko paragrafoan zehaztutako baldintza betetzen ez duten ikasleak.
7. artikulua.– Betekizunak.
1.– Deitutako prozeduran parte hartzeko, betekizun hauek bete behar dira, aldi berean:
a) Eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztea.
b) Aurreko urteetan, atzerrian hizkuntzak ikasteko Hezkuntza Sailak egindako deialdian plazarik lortu ez izana; hori betetzetik salbuetsita daude «Eduardo Txillida» Matematika Olinpiadako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.
c) Aurreko deialdian emandako plazari berariaz edo inplizituki uko egin ez izana, plaza beste ikasle bati esleitzea eragozteko epean edo moduan, 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Gehienez 19 urte betetzea 2026an.
e) 2025-2026 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean edo itunpeko pribatu batean egotea matrikulatuta, ikasketa hauetakoren batean:
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. edo 4. Maila.
Batxilergoko 1. edo 2. Maila.
f) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak eskabidearen aurkezpen-data baino lehenagoko bi ikasturteetan (2023-2024 eta 2024-2025) ikasi behar izan da/dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, eta, horietatik, azken ikasturtea funts publikoen bitartez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egin behar izan da.
Salbuespen gisa, curriculum-azelerazioa duten ikasleen kasuan (78/2024 Dekretua, ekainaren 18koa, Hezkuntza-sistema inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzutekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat), ez da beharrezkoa izango eskatutako hizkuntza edo hizkuntzak Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikastea, baina azken bi ikasturteetan (2022-2023 eta 2023-2024) ikasi izanaren baldintzari eutsiko zaio.
g) Aurreko ikasturtean gutxienez 7,00 puntuko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
Prozedura norgehiagoka bidezkoa izango da, eta, beraz, plaza esleitzeko ez da nahikoa izango gutxieneko nota horiek lortu izana. Beharrezkoa da, halaber, hurrenkera-zenbaki bat lortzea, ikaslea tarte bakoitzean emango diren plazen barruan sartzeko.
2.– Ezin izango dira dirulaguntzaren onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden ikasleak. Egoera horien artean, honako hauek daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen administratibo edo penalen bat izatea, edo horretarako legezko debekuren bat izatea.
Prozedura honetako organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du ikasleak egunean ordainduak dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, ikasleak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
9. artikuluan aipatutako eta eskabide-ereduan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira 2. apartatuan azaldutako gainerako inguruabarrak.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabidea ikasleak egingo du hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera:
a) Adin nagusikoa edo jarduteko gaitasuna duen adingabe emantzipatua: ikasleak berak edo haren ordezkariak aurkeztu ahal izango du eskaera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. artikulua).
b) Emantzipatu gabeko ikasle adingabea: adingabearen legezko ordezkariak aurkeztu ahal izango du eskabidea: amak, aitak, legezko tutoreak, edo horietako edozeinen ordezkariak.
2.– Eskatzaileek lehentasun-hurrenkera bat ezarri ahal izango dute eskuratu nahi dituzten plazetarako, eta hizkuntza eta herrialde bat baino gehiago aukeratu ahal izango dituzte eskabide berean.
3.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da, www.euskadi.eus/hezkuntza webgunean sartu eta bi aukera hauetako bat baliatuz:
a) Ziurtagiri digitalaren bidez: NANa, Izenpe txartela, BakQ edo FNMT (pertsona fisikoaren ziurtagiria).
Aukera honetan, elektronikoki sinatu behar da eskabide-inprimakia, eta, ondorioz, automatikoki erregistratuko da. Beraz, aukera hori erabili duen eskatzaileak aurkezpen elektronikoaren egiaztagiria gorde beharko du, eta ez du ikastetxean inprimakirik aurkeztu beharko.
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
b) Helbide elektroniko baten bidez eta elementu hauetako batekin:
– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria), jaiotegunarekin batera.
– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Bi kasuetan, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez egiaztatuko da eskatzailearen identitatea, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatu bezala.
Aukera horren bidez sartuz gero, eskatzaileak inprimakia bete, inprimatu, sinatu eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean aurkeztu beharko du, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako epearen barruan.
4.– Eskatzaileak aurrez aurre ere eskatu ahal izango du eskabidea. Deialdi honen eranskinean jasotako inprimakia fotokopiatu ahal izango du, edo ikastetxean eskatu, eta, eskuz bete eta sinatu ondoren, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxean aurkeztu beharko du.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluaren 4. apartatuan jasotako aurkezpen-lekuen bidez ere bidali ahal izango du.
6.– Aurreko 3. apartatuko b) letraren eta 4. apartatuaren kasuan, eskabide-inprimakia zer egunetan jaso duen erregistratu behar du ikastetxeak, eta aurkezpen-data horren egiaztagiria eman behar dio eskabidea aurkeztu duenari. Horrez gain, berehala erregistratu beharko ditu datuak Hezkuntza Sailak adierazitako aplikazioan, eta sei urtez gorde beharko ditu aurkeztu diren eskabideak.
7.– Inprimakian, eskatzaileak «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak bete behar ditu. Hori betez gero, eskatzaileak baimena ematen dio Hezkuntza Sailari agindu honen 12.7 artikuluan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.
8.– Eskaera egin ondoren, sartutako datuak zuzendu ahal izango dira, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hamar egun baliodun igaro baino lehen. Eskaera telematikoki aurkezten bada, zuzenketa dagokion aplikazioaren «Aldaketak» atalaren bidez egin ahal izango da. Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, ikastetxera joan eta dagokion zuzenketa eskatu beharko da. Interesdunak ez badu zuzenketa 10 eguneko epean egiten, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.
9. artikulua.– Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena.
Eskabide-inprimakian bertan, ikaslearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, hauek egiaztatzeko:
a) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13 artikuluan xedatutako egoeretako batean ere. Egoera horien artean, honako hauek daude:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat izatea, edo horretarako legezko debekuren bat izatea.
b) Onartzen dituela dirulaguntzaren deialdiaren oinarriak.
c) Egiazkoak direla eskabideko eta, halakorik egonez gero, harekin batera doan dokumentazioko datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako gainerako betekizunak.
10. artikulua.– Ikasleen notak.
Aplikazio informatikoak automatikoki emango ditu eskatutako hizkuntzaren edo hizkuntzen nota eta batez besteko nota, aurreko ikasturteko (2024-2025) irakasgai guztiak barne.
11. artikulua.– Musika edo dantzako ikasketa profesionalak.
2024-2025 ikasturtean musikako edo dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea aldi berean ikasten aritu diren ikasleen kasuan, matrikulatuta dauden ikastetxeak ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko irakasgaien kalifikazioak sartuko dituzte Batxilergoko irakasgai komunen kalifikazioekin batera.
12. artikulua.– Plazak esleitzeko prozedura.
1.– Ikaskuntzaren eta Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura bideratu eta kudeatzeko lanak egitea.
2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda egingo du organo kudeatzaileak, eta, bertan, honako hauek adieraziko ditu: eskaera zer tartean sartu den; ikaslearen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren batez besteko nota, eta behin-behineko ebazpena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Ebazpen hori plaza emateko, erreserba-taldeetan sartzeko edo deialditik baztertzeko izan daiteke, eta, azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia adierazi beharko da.
3.– Bi tarte eta maila akademikoetako bakoitzaren behin-behineko ebazpen proposamena 2024-2025 ikasturteko nota hauen baturaren ondorioz lortutako puntuazio onenaren hurrenkeraren arabera egingo da: ikasturteko batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzako nota.
Berdinketa gertatuz gero, 1. tarteko ikasleen kasuan, errenta indibidual egiaztatu txikiagoa duen familia-unitate batekoa izatea izango da erabakigarria. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, aplikazioak ausazko berdinketa hausteko zenbaki bat esleituko du, eta plaza zenbaki txikienari esleituko zaio, hau da, espedienteak goranzko hurrenkeran ordenatuko dira.
Berdinketa 2. tarteko ikasleen artean gertatzen bada, zozketa publiko bat egingo da, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren.
Eskaera erregistratzen den unean, aplikazio informatikoak berdinketa hausteko zenbaki bat esleituko dio eskaera bakoitzari ausaz. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, ausaz esleitutako zenbakiaren arabera ordenatuko dira horiek. Zozketa programa informatiko baten bidez egingo da. Programa horrek eskaera-zenbaki bat aukeratuko du, eta zenbaki horretatik aurrera esleituko dira plazak, ausaz esleitutako digituen goranzko zenbaki-ordenari jarraituz.
Zozketatik ateratako zenbakia behin-behineko ebazpena argitaratzen den unean jakinaraziko da, interesdunek une oro izan dezaten erabilitako esleipen-prozesuaren berri.
4.– Ikasle batek ere ezin izango du eskuratu agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago. Bere puntuazioaren arabera beste herrialde batzuetan plaza izateko eskubidea izan badezake, parte hartzeko eskabidean jasotako lehentasun-ordenari dagokiona esleituko da.
Ikasleak uko egiten badio lortutako plazari, ez zaio emango bere puntuazioa dela-eta legokiokeen beste bat.
5.– Zerrenda batean baino gehiagotan erreserban egonik, egonaldi baterako plaza bat eskaini ondoren, plaza horri uko egiteak erreserbako plaza guztiei uko egitea dakar.
6.– Baldin eta 1. tartean plazarik sobratzen bada, plaza horiek 2. tartean gehituko dira, herrialde eta hezkuntza-maila berberetan. 2. tarteko plazak hutsik geratzen badira eta 1. tartera pasatzen badira, eta guztizko zenbatekoa ez bada nahikoa plaza kopuru bera betetzeko, plaza kopurua murriztuko da esleipen ekonomiko globalarekin bete daitekeen plaza kopururaino, eta, horretarako, kontuan hartuko da hautagaiek lortutako puntuazio-hurrenkera, eta baztertuta geratuko dira zerrendako azkenak.
7.– Aipatutako behin-behineko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098509 8. artikuluan eskabideak egiteko emandako epea amaitu ostean. Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/hezkuntza),
8.– Ohar bat bidaliko da eskabidean adierazitako telefono mugikorrera edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko da behin-behineko ebazpena argitaratu dela Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula horretan. Abisu hori ez da inoiz jakinarazpentzat hartuko.
9.– Zerrenda horretan jasotako datuetan akatsik aurkituz gero, interesdunek hamar egun baliodun izango dituzte, zerrenda argitaratu zenetik aurrera, alegazioak aurkezteko, idatziz, eta betekizuna betetzen dutela egiaztatzeko.
10.– Erreklamazioak eta, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, organo berak onartuko du prozeduran onartu diren eta onartu ez diren eskabideen behin betiko zerrenda, eta, azken kasu horretan, zer betekizun bete ez den adieraziko du.
13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Politiketako sailburuordeak ebazpen bat emango du tarte, hezkuntza-maila eta helmugako herrialde bakoitzeko, Ikaskuntzako eta Berrikuntzako zuzendariak igorritako txostenaren proposamenari jarraikiz. Ebazpen horretan, plaza esleitu zaien pertsonen zerrenda jasoko da. Ebazpen horretan, halaber, erreserban daudenen zerrenda jasoko da, tarte, hezkuntza-maila eta helmugako herrialde bakoitzeko, eta baztertutako eskabideen zerrenda, arrazoia adierazita.
Jakinarazpenen ondorioetarako, aipatutako ebazpenak (behin-behinekoa eta behin betikoa) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098509 Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/hezkuntza.
Era berean, ohar bat bidaliko da eskabidean adierazitako telefono mugikorrera edo helbide elektronikora, eta jakinaraziko da plazen esleipenaren behin betiko ebazpena argitaratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0098509. Sailaren webgunean argitaratzea eta aipatutako abisuak egitea ez dira inoiz jakinarazpentzat hartuko; aitzitik, jakinarazpentzat ebazpena arestian aipatutako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunean egindakoa jotzen da.
2.– Agindua argitaratu eta sei hilabeteko epean deialdia ez bada ebatzi artikulu honetan ezarritako prozeduraren arabera, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe ondoren berariaz ebaztea.
3.– Diruz lagundutako plazak emateko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 30. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuan adierazitakoaren arabera zenbatuta.
14. artikulua.– Plazak gordetzea.
1.– Plazaren esleipendunek plaza zehatzen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, 13.1 artikuluaren lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitaratzen denetik hilabeteko epean.
Plazak hautatzeko prozedura:
Plaza zehatzak lehentasun-ordenaren arabera hautatuko dituzte ikasle esleipendunek. Taldeak osatzeko, tarte eta maila bakoitzeko erreserba-ehunekoak errespetatuko dira. Ikasle bakoitzari egun bat emango zaio, eta egun horretan adierazi beharko du eskainitako plaza guztietatik zein nahiago duen. Plazak esleitzean, ikasle bakoitzak adierazitako lehentasuna hartuko da kontuan, baina behin betiko esleipena ikasle bakoitzaren talde barruko lehentasun-ordenaren arabera egingo da; lehentasuna izango dute 1. tarteko ikasleek 2. tarteko ikasleen aurrean, eta tarte bakoitzaren barruan hezkuntza-maila baxueneko ikasleek.
Norbaitek ezin badu plaza aukeratu dagokion egunean, hurrengo egunetan egin ahal izango du, azken ikasleek aukeratzen duten azken egunera arte, eta, kasu horretan, betetzen duen lehentasun-ordena galduko du.
2.– Enpresak eskainitako plaza onartu ondoren, erreserba 5.4 artikuluan adierazitako partaidetza-kuota ordaindu ondoren gauzatuko da. Zenbateko hori enpresa esleipendunak adierazitako epean ordaintzen ez bada –gutxienez 3 egun baliodun– esleitutako eta/edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.
3.– 14.1 artikuluaren lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunetik bost egun igarota, enpresek Ikaskuntzaren eta Berrikuntza Zuzendaritzari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.
Plaza horiek eta ukoen ondorioz hutsik geratzen diren gainerakoak erreserban dauden hautagaiei eskainiko dizkie Ikaskuntzako eta Berrikuntzako zuzendariak, banaka eta lehentasun-hurrenkerari jarraituz, kontratatutako plaza kopurua bete arte. Erreserban dauden ikasleek plaza ordaintzen badute, erreserba irmoa egingo dute, eta ezin izango dute erreserba hori ezeztatu erreserbako beste plaza bat eskaini dietela eta.
4.– Dirulaguntza jaso duten ikasleek uko egin ahal izango diote diruz lagundutako plazari.
Ikasle batek plazari uko egiten badio egonaldia hasi baino gutxienez hiru aste lehenago, ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaio. Uko egitea hiru aste baino gutxiagoko epean egiten bada, egonaldiaren hasierari dagokionez, ez zaio ordaindutako zenbatekoa itzuliko, honako kasu hauetan izan ezik:
a) Esleipendun gertatu den ikaslearen gaixotasuna, istripua edo antzeko beste egoera batzuk. Kasu horiek Euskal Osasun Zerbitzuak emandako ziurtagiri mediko baten edo egoera hori egiaztatzen duen beste ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko dira.
b) Esleipendun gertatu den ikaslearen senide baten gaixotasuna, istripua, heriotza edo antzeko beste egoera batzuk. Kasu horiek Euskal Osasun Zerbitzuak emandako ziurtagiri mediko baten edo egoera hori egiaztatzen duen beste ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko dira.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Deialdi honen xede diren plazak benetan baliatzeko, plaza hori atxikita dagoen tarteari dagokion partaidetza ekonomikoa ordaindu beharko dute, 5.4 artikuluan aurreikusitakoa, agindu honen 14.2 artikuluan adierazitako epearen barruan.
2.– Ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreen zaintzarik gabe atzerrira joateko bidaia denez, inprimaki bat aurkeztu beharko da, gurasoek edo legezko tutoreek bete beharrekoa, ikasle adingabeei joan-etorriak egiteko baimena ematen diena. Hemen eskuratu daiteke inprimakia: Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitza elektronikoan (https://sede.policia.gob.es/portalCiudadano/sede_electronica/ciudadanos/declaracion_permiso_viaje_menores.pdf edo Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (https://www.guardiacivil.es/documentos/pdfs/2023/PRC_197953_Formulario_declaracixn_firmada_permiso_viaje_fuera_territorio.pdf).
3.– Deialdi honen xede diren plazetako baten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu beharko dute, joan-etorriak barne, ikastaroaren programazio eta jarraibideen arabera. Antolamendu horretatik kanpoko joan-etorriak egiteko, indarrean dagoen legeria errespetatuko da beti, eta gurasoen edo legezko tutorearen berariazko baimena beharko da. Une horretatik aurrera, enpresa esleipenduna eta Eusko Jaurlaritza salbuetsita egongo dira ikaslea gainbegiratzeko erantzukizunetik.
4.– Plazetako baten onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak.
5.– Plaza onartzeak artikulu honetan jasotako betebeharrak onartzea dakar berekin.
16. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.
1.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan jasotako kasuetako batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera eta esandako eran.
2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean horretarako ezarritako prozedura beteko da, eta horren kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira. Horrek ez du eragozten, nolanahi ere, bidezkoak diren gainerako neurriak hartzea. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.
17. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein entitate publiko edo pribatuk emandako edozein laguntza edo dirulaguntza jasotzearekin.
Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek, salbu eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzako «Eduardo Chillida» Matematika Olinpiadako sari gisa plaza lortu duten ikasleek.
18. artikulua.– Programa aldez aurretik amaitzea.
1.– Enpresa antolatzaileak sinatutako aseguruen balizko estaldurari eta agindu honen 15. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, aitak, amak edo legezko tutoreak konpromisoa hartzen du ikaslearen itzulera ahalbidetu eta bere gain hartzeko, baita horri lotutako kostuak ere, programa aldez aurretik amaitzen den kasu hauetan:
a) Egonaldiak ikaslearen osasun edo ongizate emozionalerako arriskua dakarrela hautematen bada.
b) Egonaldian ezarritako arauak modu larrian urratzeagatik ikaslea egonalditik kanporatzen badute. Arau horien berri egonaldia hasi aurretik emango zaie ikasleei eta haien guraso edo tutoreei.
c) Ikasleak egonaldia aldez aurretik bere borondatez uztea erabakitzen badu.
2.– Plaza onartzeak artikulu honetako konpromisoak onartzea dakar berekin.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «Ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira.
– Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Berrikuntza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
– Helburua: Ikaskuntzako eta berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.
– Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Ikastaro eta egonaldien programa hau benetan gauzatzeko, ezinbestekoa izango da 2026rako aurrekontua izendatzea eta enpresa antolatzailearekiko kontratua esleitzea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak 5.3 artikuluan adierazitakoari jarraituz, deialdi honetako ebazpena emateko, aurrez horretarako kreditu nahikoa eta egokia egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urterako aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS