
236. zk., 2025eko abenduaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 10 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5214
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 13koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Burtzeñan (Barakaldon) azpiestazio berri bat egiteko plan berezia aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Barakaldoko Udalak, 2025eko uztailaren 22an, Burtzueñan (Barakaldon) azpiestazio berri bat egiteko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskatu zion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako Administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko irailaren 4an, eta espedientean jasota dago emaitza.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedienteko dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak irizpen-elementu nahikoak dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Burtzeñan (Barakaldo) azpiestazio berri bat ezartzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planak antolatutako eremuak 6.344,03 m2-ko azalera du, eta Barakaldoko udalerriaren hego-ekialdean dago, Burtzeña auzoaren ipar-ekialdean; ipar-mendebalderantz Vega de Tapia kalearekin egiten du muga, eta kale horrek eremua inguratzen duten industria-instalazioetarako sarbidea ematen du. Instalazio horien artean, Bilbaína de Alquitranes da nabarmena; ipar-ekialdean eta hego-ekialdean industria-eremu batekin egiten du muga, eta hego-mendebaldean ADIFen trenbideekin.
Planaren xedea da, hirigintzaren ikuspegitik, deskribatutako lurzatian azpiestazio elektriko bat ezartzea, Barakaldoren etorkizuneko bizitegi- eta industria-eskari tertziarioei zerbitzua emateko.
Hauek dira planaren antolamendu xehatuko irizpideak:
– Zerbitzu Orokorren Sistema Orokorrera bideratutako eremu bat mugatzea, azpiestazio elektriko bat eta hari lotutako instalazioak kokatzeko.
– Uholde-arriskugarritasunak eragindako Lutxana-Burtzeña PERI-05 eremu mugakidearen azterketa hidraulikotik eratorritako baldintzatzaileak txertatzea, lurzatiaren sestraren kota baldintzatzen baitu, aurreikusitako urbanizazioari jarraipena emateko.
– Azpiestazio elektrikorako lurzatirako behin-behineko sarbidea aurreikustea, atzeko aldetik dagoen bidetik, Lutxana-Burtzeña PERI-05 eremua urbanizatzen ez den bitartean, hori baita lurzatirako behin betiko sarbidea bermatzen duena Vial-9tik.
– Plan Bereziaren araudia definitzea, haren erabilerak, eraikuntza-profila eta lurzati-itxiturak arautuz, instalazio mota horretarako araudi espezifikoan ezarritako baldintzak bete ahal izateko (337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko Erregelamendua eta ITC-RAT 01etik 23ra bitarteko jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena), etab.
Gainera, Planak parametro hauek ezartzen ditu:
– Onartzen da sestra gaineko gehieneko okupazioa lurzatiaren % 70ekoa izatea. Dokumentazio grafikoa antolatzeko planoetan, eraikuntza-ingurune bat edo sestra gaineko gehieneko lerrokadura bat ezartzen da, zeinak zehazten baitu eraikinak hartuko duen gehieneko azalera, nahitaez bete beharko dena TAn egiten diren eraikinetarako. Lurzatiaren sestrarako ezarpen-kota + 6,30 metrokoa da.
– Erlaitzaren eta hegalaren gehieneko altuera 12 metro linealekoa izango da eraikin guztietarako, eta altuera hori gainditzen duten instalazio berezien kasuan, berariaz justifikatu eta baimendu beharko dira.
– Eraikigarritasuna 0,20 m2c/m2-koa izango da, hau da, eraikitako 1.269 m2.
– Estazio elektrikoaren garapena hiru fasetan:
• 1. fasean, potentzia-transformadore bat duen 30/13 kV-ko Banaketako Transformazio Azpiestazio bat (BTA), Barakaldoko bizitegi-hazkundeak eta produkzio-hirugarren sektoreko hazkundeak hornitzeko.
• 2. fasean, STR 30/13 kV horren ahalmen elektrikoa bigarren potentzia-transformadore batekin handitzen da.
• 3. fasean, Burtzeñako transformazio-azpiestazioa indartuko da eta azpiestazioa (ST) handituko da, 132 kV-ko sistema berri batekin eta 132/30 kV -60 MVAko bi transformadore berrirekin. Gaur egun, ez dago definituta 3. fasea. Hori dela eta, Planak espazioaren eta eraikigarritasunaren erreserba baino ez du planteatzen.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako informazioaren arabera, Plana garatzeko, eraikuntza-proiektu bat izapidetu beharko da.
Aztertutako aukerak.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan 0 alternatiba edo «ez jardutekoa» aipatzen da, indarrean dagoen plangintza lotzen duena. Aipatzen dira, orobat, esku hartzeko bi aukera: 1. alternatiba, Landaburuko TEA handitzean datzana, eta 2. alternatiba, Burtzeña inguruan azpiestazio elektriko berri bat ezartzean datzana.
0 alternatiba baztertu egin da, ez dio-eta erantzuten aurreikusitako garapenen eta sustapenen etorkizuneko energia-eskaerari. 1. alternatibak mugak ditu, Landaburu TEAren diseinuaren beraren eta hura elikatzen duten lineen dimentsionamenduaren eta ahalmenaren ondoriozkoak direnak, ez baitira nahikoak ingurunean aurreikusitako eskaerari erantzuteko. 2. alternatibak goi-tentsioko lineak ditu, eta inguruko azpiestazioetatik distantzia berdin batera dago, inguruko eremura egokitutako banaketa elektrikoa ahalbidetuz.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan egindako alternatiben ingurumen-azterketaren arabera, aztertutako alternatibetako batek ere ez dakar ingurumen-inpaktu esanguratsurik, eta 2. alternatibak konpondu egiten ditu ingurunean hautemandako energia-premiak.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean Planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak azpiestazio elektriko bat eta hari lotutako instalazioak garatzeko aukera ematen du, Barakaldok eta Bilboko metropoli eremuak dituzten hornidura-beharrak betetzeko, Bilbo Metropolitanoko Eremu Funtzionalaren LPPren Berrikuspenaren gidalerroek ezartzen dutenari jarraikiz, 84/2025 Dekretuaren bidez behin betiko onartutako dokumentuan (maiatzaren 12ko EHAA, 87. zk.). Planak azpiestazio berria Zerbitzu Orokorren Sistema Orokor gisa jasotzen du, indarrean dagoen Barakaldoko HAPOren Arau Orokorren 4.02.14 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, lurzorua sailkatzeko baldintzak errespetatzen ditu eta eremuko berezko erabilera produktibo-hirugarren sektorekoari eusten dio. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke Planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan izan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Azpiestazio elektrikoa erabat antropizatuta dagoen hiri-lurzoru batean kokatuko da. Lehen, zentral termiko bat eta azpiestazio bat ziren han, 2004-2006 urteetan desegin zirenak.
Azpiestazio elektriko berria ezartzeko eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari (ES017) dagokion «Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da. Nahiz eta bertatik ez den igarotzen gainazaleko ur-ibilgurik, eremua Nerbioi barne-trantsizioko ur-masatik gertu dago (Kodea: ES111T068010). Estuario atlantikoa mareaz azpikoa da, eta oso aldatuta dago. Eremua itsas-lehorreko jabari publikotik kanpo dago, eta ez du ukitzen Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik
Eremuko litologia metaketa antropogenikoez osatuta dago. Metaketok porositateagatiko iragazkortasuna ertaina daukate. Eremuaren ezaugarri fisikoak direla eta, lurzoruek ez dute gaitasun agrologikorik. Bestalde, ez zaio eragiten EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko ezein lekuri.
Eremuaren azpian Hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masa dago, orokorrean egoera onean. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia da.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-zonek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ingurumen-dokumentu estrategikoak berresten du hori. Planak antolatutako eremuan ez dago Europar Batasunaren intereseko habitatik.
Kokapenean ez dago mehatxatutako fauna kudeatzeko planen xede den espaziorik. Ez planaren eremuan, ez haren ingurunean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.). Planaren eremuan dauden espezieak hiri-eremuei lotutako fauna-komunitatearen parte dira. Eremu horiek ubikistak dira eta gizakiaren presentziarekiko tolerantzia-maila handia dute.
Bestalde, eremuak ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta beste ingurune babesturik ere, baina «Kadagua igarobide urdinaren» barruan dago (CCA.07 kodea), Bizkaiko Azpiegitura Berde-Urdinean. Planaren eremuan, igarobide hori Nerbioi itsasadarrera loturik dago, inguru guztian dagoen natura-elementurik garrantzitsuena, hizpide dugun lurzatitik 110 km-ra.
Planaren xede den lurzatian ez dago kalifikatutako edo inbentarioan sartutako kultura-ondareko elementurik. Era berean, ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik. Eremua Sestaoko ikuspen-arroari dagokio eta oso hiri-paisaia gizatiarra du.
Egoera akustikoari dagokionez, etorkizuneko azpiestazio elektrikoaren funtzionamenduaren inpaktu akustikoa ebaluatzeko, «Inpaktu akustikoaren azterketa. Burtzeña TEAren bilakaera». Bertan, etorkizuneko azpiegituraren funtzionamenduaren inpaktu akustikoa ebaluatzen da, kontuan hartutako faseak gauzatu ondoren. Modelizazio akustikoaren emaitzen arabera, aurkeztu den dokumentazioak dio etorkizuneko Burtzeña TEAk beteko dituela urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez) eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) ezarritako kanpoko giroko immisioaren muga-balioak, proiektuaren betearazpen-faseak gauzatu ondoren ebaluatutako hartzaile sentikorrei dagokienez.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, bat-bateko erauntsirik gertatuz gero erraza izaten da azpiestazio elektrikoak hondatzea. Bada, planaren eremuan 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak daude, eta Bilbo-Erandio UAHEaren barruan dago (Kodea: ES017-BIZ-IBA-01). Ikusi dugu zer jartzen duen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko uholde-arriskugarritasunaren eta -arriskuaren mapen berrikuspen eta eguneraketan (Uholde-arriskua balioesteko eta kudeatzeko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretua bete beharrez egin dira), eta, bai, proposatu dira aldaketa batzuk eremu honetako kartrografia ofizialean, baina, hala ere, azpiestazio elektrikoa egitekoa den lurzatia oraindik ere urak hartzeko arriskuan dago, 500 urtean behin.
Bestalde, aurkeztu den dokumentazioaren arabera, eremuaren uholde-arriskua ez da bateraezina proiektatutako jarduketekin; hala ere, eremu mugakideko (PERI-05 Lutxana-Burtzeña) azterketa hidraulikoaren arabera, zeinaren ondorioek zehazten baitute urbanizazioaren kotak, 500 urteko uraldiko ur-laminaren kotatik abiatuta, hiri-jarraitutasuna egon beharko da Planaren xede den lurzatiaren eta ondoko hirigintza-eremuen artean, hau da, PERI-05 Lutxana-Burtzeña eta PERI 13 BASA eremuen artean, urbanizazioaren +5,50 eta +6,00 metro arteko kotara iristeko. Planak +6,30 metroko kota aurreikusten du lurzatiaren sestrarako, baina ±1,00 metroko tartea ahalbidetuko da araudian, etorkizuneko proiektua egokitu ahal izateko. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan Uraren Euskal Agentziaren txostena ere badago (erref.: CO-B-2027-0235). Txosten horren arabera, aurreikusitako jarduketak itsasoko eta lehorreko babes-zortasuneko eremutik kanpoko uholde-arriskuko eremu batean daude, eta, beraz, ez du administrazio hidraulikoaren baimenik behar. Erabilerak eta jarduerak baimentzea Barakaldoko Udalari dagokio.
Bestalde, Planaren eremuan 48013-00116 kodea duen industria-kokalekua dago, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten Ihoberen lurzoruen inbentariokoa. Ildo horretan adierazi behar da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak ebazpena eman zuela 2022ko otsailaren 8an. Ebazpen horren bidez, baimena ematen zaio I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAri eraikuntza-arrazoiengatik hondea dezan garai batean Iberdrola SA zentral termikoa (azpiestazio elektriko zaharrari dagokiona) zegoen lurzatiaren zati bat (Burtzeña auzoko Vega de Tapia z.g., Barakaldo, Bizkaia), Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduraren esparruan.
Arrisku teknologikoei helduta, adierazi behar da Planaren eremua SEVESO Bilbaína de Alquitranes SA enpresaren instalazioen ondoan dagoela, eta SEVESO enpresen istripu-hipotesiaren eragin-zerrendan sartuta dagoela: Puerto Bilbao Sector 1, 10000m-ko eragin-eremua (hodei toxikoa hidrogeno anhidroko fluoruroaren bidoia hausteagatik). Gainera, aurkeztutako dokumentazioan aipatzen da gasbide bat dagoela, eta gasbide hori etorkizuneko azpiestazio elektrikoaren kokalekuaren azpitik doala.
Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da ikusi akuiferoen kalteberatasun handiaren edo oso handiaren ondoriozko arazorik dagoenik, ez eta sismikotasunaren edo baso-sutearen ondoriozko arriskurik ere; era berean, ez da identifikatu errepide edo trenbide bidezko salgai arriskutsuen garraioari lotutako arrisku handirik edo oso handirik.
Aurrekoa ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioek lotura dute indusketekin, azpiegitura berrien eraikuntzarekin eta lurzatiaren berrurbanizazioarekin. Aurreikusitako jarduketek honako hauek eragingo dituzte: lurzoruak okupatzea, makinen joan-etorriak, obra-hondakinak sortzea, indusketa-soberakinak sortzea –bereziki kontuan hartuta lurzoruen jatorri inbentariatua–, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, etab. Hori guztia, garbi-garbi, hiri- eta industria-eremu batean.
Positiboki baloratzen da lurzoru artifizializatuei balioa ematea, gaur egun abandonatuta baitaude, aurreikusitako erabilera berrietarako, eta, horrela, saihestu egiten da eraldatu gabeko lurzorua hartzea eremuko hornidura elektrikoaren hobekuntza-beharrak asetzeko.
Plana kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin bat etortzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta, zehazki, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko otsailaren 8ko Ebazpenean xedatutakoa bete beharko da. Ebazpen horren bidez, eraikuntza-arrazoiengatik I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAri baimena ematen zaio induska dezan Iberdrola SA zentral termikoa (lehengo azpiestazio elektrikoari dagokiona) garai batean zegoen lurzatiaren zati bat (Vega de Tapia z.g., Burtzeña auzoa, Barakaldoko udalerria, Bizkaia).
Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere lurrei, zaratari, urei, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Burtzeñan (Barakaldo) azpiestazio berri bat ezartzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Beraz, planak jaso beharko dituen zehaztapenen artean, honako hauek daude:
– Espezie inbaditzaileak lehengoratzeko eta kontrolatzeko neurriak.
Plana garatzeko proiektua gauzatzearen ondorioz erasandako eremu guztiak leheneratuko dira. Lehengoratze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, horrela ekindingo baita solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Leheneratzean, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak sartzeko arriskua murrizteko, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Planaren arauetan berariaz jaso beharko da landareztatzean ez direla inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak.
– Planaren hirigintza-araudiak neurri hauek jasoko ditu flora-espezie aloktono inbaditzaileen hedapenaren aurka:
• Bertan dauden aleen aireko zatiak, sustraiak eta errizomak mekanikoki ezabatzea gomendatzen da.
• Belar-sastrakak kentzean sortzen diren hondakinak edukiontzi berezietan biltegiratuko dira, propaguluak ez sakabanatzeko. Hondakin horiek baimendutako zabortegietara eraman beharko dira, edo, bestela, erre egin beharko dira, eta horretarako dagozkien baimenak lortu beharko dira.
• Kontuz ibili behar da espezie inbaditzailerik ez duten beste eremu batzuetara propagulurik ez sakabanatzeko, eta arreta berezia jarri behar zaie erabiltzen diren makinei, erremintei, arropari eta oinetakoei.
• Birlandaketetan ez da espezie inbaditzaileak dituzten eremuetatik datorren landare-lurra berrerabili behar, oso litekeena delako espezie inbaditzaileen propaguluak izatea. Dena den, lur hori betegarri gisa erabil daiteke. Nolanahi ere, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.
– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.
Azpiestazio elektriko berria egiteko jarduketek Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko otsailaren 8ko Ebazpena bete beharko dute. Ebazpen horren bidez, baimena ematen zaio I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAri eraikuntza-arrazoiengatik hondea dezan garai batean Iberdrola SA zentral termikoa (azpiestazio elektriko zaharrari dagokiona) zegoen lurzatiaren zati bat (Burtzeña auzoko Tapia ibarra z.g., Barakaldo, Bizkaia). Nolanahi ere, Plana garatzeko, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.
– Uholdeen ondoriozko arriskuak murrizteko neurriak.
Planak urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren bidez onartutako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2022-2027) araudia bete beharko du, uholde-arriskuko eremuak kudeatzeko irizpideei dagokienez.
Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duten administrazioei dagokie jabari publiko hidraulikoaren zaintza-eremuetatik kanpoko uholde-arriskuko eremuan eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babes-zortasuneko eremuetan erabilerak eta jarduerak baimentzea, eta administrazio horiek ardurako dira indarrean dagoen plan hidrologikoan ezarritako mugak betetzen direla.
– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:
Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek jardunbide egokien eskuliburuarekin zerikusia izango dute zeregin hauetan guztietan: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
• Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.
• Ikus dezagun URAk (Uraren Euskal Agentziak) 2025eko urriaren 31ko txostenean zer proposatzen duen azpiestazioak lanean jarrai dezan, arriskurik gabe, baita uholdea gertatuz gero ere:
○ Proposatzen du azter dadin ea bideragarria den azpiestazioko elementu kaltetu errazenak eta kritikoenak uraren iritsiera-kota baino gorago jartzea (uholdeek 500 urteko errepikatze-aldia dute), azpiestazioaren plataformaren kota igoz, ura ukitu ez dezan. Azpiestazioari atxikitako eraikinak ere uholde-arriskua kontuan hartuz diseinatu beharko dira.
○ Bermatu behar da instalazioek ez dutela ingurunearen uholde-arriskua nabarmen handituko, eta, gainera, debekatuta dago uholde-arriskua nabarmen handituko duten betelanak egitea (Plan Hidrologikoaren 37.6 artikulua), hala nola uholde-arriskuko eremuetan edonolako hondakinak biltzea.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin batzuk, isuri eta nahastu egiten badira, are eta arriskutsuagoak bilakatzen dira, edo kudea zailagoak, horregatik, horrelako hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.
• Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko den makineria egokitu egin beharko da kanpoan erabiltzeko makineriaren emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko da, hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makina jakin batzuek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du– eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35bis artikuluak.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira (bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, non eta ebazpenak dakartzan horien aurkakoak ez diren), ez dela aurreikusten Burtzeñan (Barakaldon) azpiestazio berri bat ezartzeko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada onartzen Burtzeñan (Barakaldo) azpiestazio berri bat ezartzeko Plan Berezia. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 13an.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS