Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2025eko abenduaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5212

230/2025 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen diena sozietatearen estatutuetako 6. artikulua aldatzeko onespena emateko.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 110.1 artikuluak honako hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.

Kapitala ordezkatzen duten balioak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doan eskuratzen ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak % 50eko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako % 50a.

«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozein motatako artelan eta -sorkuntza eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.

Sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2025eko urriaren 2an egindako bilkuran (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak bertan zeudelako) erabaki zuen, besteak beste, kapital-zabalkuntza bat egitea, 2025eko ekitaldian Bilboko Guggenheim Museoaren bilduma propioaren eskuratze-programarako behar diren baliabideak lortzeko. Proposamen horrek honako hau dakar: Eusko Jaurlaritzak 2.702 partaidetza sozial berri harpidetzea –guztira 1.623.929,02 euroko balioa– «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eusteko. Halaber, sozietatearen estatutuetako 6. artikulua, sozietatearen kapitalari buruzkoa, aldatzea erabaki zuen.

2.702 partaidetza sozial horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko.

Horrez gain, kapital-zabalkuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, eta behar bezala idatzi da gehikuntzaren ondoriozko kapital sozialaren zifra berria.

Hori dela eta, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko azaroaren 25ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, guztira 1.623.929,02 euroko ekarpenarekin, sozietatearen batzar nagusiak onartutako zabalkuntzaren barruan; horretarako, sozietatearen 2.702 partaidetza sozial eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 euro– ordainketa bakarrean.

EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2025eko abenduaren 1a baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.

Zabalkuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 69.048.836,88 euroko partaidetza izango du sozietatearen kapitalean, eta 114.888 partaidetza izango ditu. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta gainerako % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 138.097.673,76 eurokoa izango da, eta guztira 229.776 partaidetza izango ditu.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei,«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao SL» sozietatearen estatutuen 6. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta aldaketa horren ondoriozko kapital sozialaren zenbateko berriari behar bezalako idazketa emateko.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2025eko azaroaren 25ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala