Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
5198

EBAZPENA, 2025eko azaroaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko 2026ko ekitaldiko laguntza-deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2025eko azaroaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, laguntza-deialdi bat onartu du, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko, bat etorriz apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartutako estatutuen 11.j) artikuluan ezarritakoarekin.

Estatutu horien 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio argitaratu daitezen agintzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko 2026ko ekitaldiko laguntza-deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2025eko azaroaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota erabakia).

Bigarrena.– Jakinaraztea ezen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak, zeinaren bidez laguntza-deialdia onartzen baita, ondorioak izango dituela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Hirugarrena.– Aditzera ematea ezen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak deialdia onartzeko hartutako Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN LANPOSTUAK MANTENTZEKO 2026KO EKITALDIKO LAGUNTZA-DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituen urriaren 17ko 152/2023 Dekretua EHAAn argitaratu zen, 2023ko urriaren 27an. Dekretu hori indarraldi mugagabeko xedapen orokor bat da, eta enplegu-zentro berezietan kontratatu dituzten eta desgaitasuna duten pertsonen soldata-kostuak finantzatzeko laguntzak arautzen ditu II. kapituluko 3. atalaren 1. azpiatalean, haien lanpostuak mantentzen laguntzeko helburuarekin.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenean, –zeinak 152/2023 Dekretuaren 39. artikulua aldatzen baitu–, espresuki ezartzen da ezen desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko laguntza-deialdi bat egingo dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuek zehazten duten organoaren erabaki baten bidez, eta bertan ezarriko dela zenbatekoak diren hori finantzatzeko zuzenduko diren baliabide ekonomikoak eta zein den eskabideak aurkezteko epea.

Aipatutako dekretuan araututa dagoen bezala, laguntza horiek urtero emango dira, eta enplegu-zentro berezi bakoitzari dagokion dirulaguntza emango zaio desgaitasuna duten pertsonen soldata-kostuak finantzatzeko, 2026ko ekitaldi osoan. Dirulaguntza gehiena (% 95) hilero ordainduko da, enplegu-zentro berezien finantza-egonkortasunari laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, zuzenbide pribatuko ente publiko horretako zuzendari nagusiak hala proposatuta, 2025eko azaroaren 26ko bilkuran onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia, eta deialdia onartzeak berekin dakar gastua baimentzea, baldintza hauekin:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da: 2026ko ekitaldian, laguntzak ematea, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituen urriaren 17ko 152/2023 Dekretuko II. kapituluko 3. atalaren 1. azpiatalean arautzen direnak; alegia, enplegu-zentro berezietan lan egiten duten eta desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko laguntzak.

2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2025eko abenduaren 19an amaituko da.

Helbide honetan eskura daitezke prozedurari buruzko informazioa, izapidetzeko jarraibideak, eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: (https://www.euskadi.eus/servicios/0137620). Bertara sartzeko, esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 80.000.000 eurokoa da. Haietatik, 76.000.000 euro dagozkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko aurrekontu-ekitaldiko ordainketa-kredituari, eta 4.000.000 euro, berriz, 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituari.

2.– Laguntza-deialdi honen izapideak egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legearen aurreproiektuaren kargura (aurreproiektua 2025eko urriaren 28an onartu zen). Ondorio horietarako, enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzeko laguntzak emateko ebazpenak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuetan.

4. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko eta emateko baldintzak.

1.– Aipatutako laguntzak eskuratu eta emateko izango dira baldintzak urriaren 17ko 152/2023 Dekretuan ezartzen direnak eta hurrengo apartatuetan ezartzen direnak.

2.– Dirulaguntzen araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 9.4 artikuluaren p) apartatu xedatutakoa aplikatuz, erakunde onuradunak adierazi behar du konpromisoa hartzen duela ez deslokalizatzeko enpresa, lege horren 49. artikuluaren arabera.

3.– Gainera, dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuak aplikatuko dira laguntzen onuradun izateko. Ondorioz, honako egoera hauetakoren batean dagoen inork ezin izango du baldintza hori lortu:

a) Epai irmo baten bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatuak izatea, edo kondenatuak izatea prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, eragimen-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenak izateagatik edo hirigintza delituak egiteagatik.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana; edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana; konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren mende egotea, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitua izatea, edo, hala izan bada, amaitu gabe egotea konkurtsoaren kalifikazio-epaian finkatutako ezgaikuntza-aldia.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, baldin eta kausaren batean errudun deklaratuak izan badira.

d) Merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritzan egotea Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Elkarteei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean, eta Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzeko ekainaren 26ko 1/2014 Legean, edo aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Ez edukitzea egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) aurreikusitako baldintzetan. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du ea betetzen diren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntzarik eman aurretik eta ezer ordaindu aurretik. Hala ere, eskatzaileak espresuki aurkatu ahal izango du egiaztapen hori, eta, orduan, egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu egoera hori egiaztatzeko.

f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga egoitza.

g) Ez edukitzea egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitako epeetan (2023ko otsailaren 17ko EHAA), eta konpromisoa hartzea jakitera emango baldin eta egoera hori aldatzen bada harik eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte emateko.

h) Zehapen administratibo edo penala jaso izana sexu-bereizkeria egiteagatik, edo ez betetzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia; zehazki, ez betetzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua, edo zehapen-aldia igaro gabe egotea.

i) Laguntzak edo dirulaguntzak eskuratzea eragozten dion legezko kausaren batean sartuta egotea, honako hauek barne:

– Berdintasun-planik indarrean ez izatea, eta Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egotea.

– 50 langile baino gehiagoko enpresen kasuan, neurririk ezarri ez izana sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta sexu-indarkeriak prebenitzeko eta haiei aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.

j) Administrazio-bidean, ebazpen irmo bidez zehatua izatea Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, harik eta dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.

k) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, edo, halakorik ezean, dagozkion neurri alternatiboak hartu ez izana.

l) Elkarteen kasuan, elkartea sartuta egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. paragrafoetan aurreikusitako debeku-kausetan.

m) Elkartze-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak daudelako, inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaion elkartea izatea harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte, horren bidez dagokion erregistroan inskribatu ahal izateko.

n) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, eta eskatzailea zuzenbide publikoko erakunde bat ez den eta irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa denean, ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 3 bis apartatuan aurreikusitako baldintzetan, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak.

Baldintza hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila enpresak sortu eta hazteari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztien gainean ordaindutako fakturen % 90, abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea baino epe laburragoan).

4.– Bgiaztatzeko betetzen direla Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatzen ez dituen betekizunak, 3. apartatuan aurreikusiten direnak, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko da, eskabide-formularioaren parte dena.

n) apartatuari dagokion betekizunaren kasuan, egiaztatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– Baldin eta pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez badezake, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren a) apartatuan aurreikusitako ziurtagiriaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ereduaren arabera.

Ziurtagiri hori dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

– Baldin eta, kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin badu 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluaren b) apartatuan aipatzen den dokumentazioaren bidez, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak emandako ziurtagiriaren bidez, apartatu horren 1. zenbakian eskatzen den edukiarekin, edo, ziurtagiri hori ematea ezinezkoa bada, adostutako prozeduren txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

Dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erakunde eskatzaileei eskatuko die aukez dezaten aurreko paragrafoan aipatzen den dokumentazioa.

5. artikulua.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna.

Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari dagokio laguntzak kudeatzeko organo eskuduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.


Azterketa dokumentala