
235. zk., 2025eko abenduaren 4a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 11 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
5192
EBAZPENA, 2025eko azaroaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez formulatzen baita Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremua urbanizatzeko Hierros Servando Fernández SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
AURREKARIAK
2025eko ekainaren 17an, Azpeitiko Udalak eskaera egin zuen Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremua urbanizatzeko Hierros Servando Fernández SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txosten sinplifikatua egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluko 2. atalean araututa dago).
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko irailaren 11n Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta ukitutako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean bildu da. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 7. taldeko b) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Urbanizatze-proiektuak, merkataritza-guneak eta aparkalekuak eraikitzea barne.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, II.E. eranskineko E.7 taldeko a) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: «7.a) Industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuak».
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiekturako (sustatzailea: Hierros Servando Fernández SM). Hauek dira baldintzak:
A) Proiektuaren xedea da Azpeitiko udal-mugartean 31 Trukutxo hirigintza-eremuaren kanpoko urbanizazioko zerbitzu-sareak hornitzea eta ingurumena hobetzeko hainbat lan egitea, hala nola landare-landaketak.
B) Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematen duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertu da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuaren xedea da Azpeitiko udal-mugartean 31 Trukutxo hirigintza-eremuaren kanpoko urbanizazioko zerbitzu-sareak hornitzea eta ingurumena hobetzeko hainbat lan egitea, hala nola landare-landaketak.
Zerbitzu-azpiegiturak:
Udalerriko hiri-bilbearen barruan dagoenez gero, Trukutxoko hirigintza-eremuak industria-jardueren funtzionamendua bermatzeko behar diren zerbitzu-azpiegitura guztiak ditu. Era berean, barne-urbanizazioko («b.10.1» lurzatia) zerbitzu-sareak guztiz ebatzita daude, eta dagozkien egikaritze-proiektuen bitartez egin dira.
– Hornidura-sarea:
Udalaren b.10.2 lurzatirako hargune bikoitz berri bat egitea proiektatu da; hodiak dentsitate altuko polietilenozkoak izango dira (PEAD DN 63 mm eta PEAD DN 90 mm), eta lurzati horretatik gertu dagoen sare-zati batean izango dute abiapuntua.
– Saneamendu- eta drainatze-sarea:
«b.10.2» lurzatian, ur beltzen sarerako hargune berri bat egitea proiektatu da; berau 250 mm-ko PVCzko hodi baten bidez lotuko zaio kolektore nagusiari.
– Hondakinak:
Obraren garbigunea Urola ibaiaren eskuinaldean jarriko da, B.10.2 lurzatiaren hego-ekialdeko mugan. Garbigune horrek obran hondakinak biltegiratzeko instalazioak, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko bidoi bat eta, azkenik, egurra, plastikoa, metala eta obra-hondakinak biltzeko 7 m3-ko edukiontziak izango ditu (hormigoia, asfaltoa, zeramikoak).
Indusketak eta maileguak:
Zangak egiteko aurreikusitako indusketaren bolumena 145,28 m3-koa da guztira, eta proiektuaren aurrekontuan jasota dago zabortegi baimendu batera eramatea, landare-lurra izan ezik, in situ bilduko baita, zangak osatu ondoren berrerabiltzeko. Horretarako, harrobiko, hareazko eta hormigoizko lurzoru hautatua erabiliko da aldez aurretik; hain zuzen ere, kopuru hauek:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Espazio libreen ingurumen-hobekuntza:
Hobetu beharreko espazio libreek «f.10.1» eta «f.10.3» izena dute. Landare-espezie txikiak landatzea proiektatu da, eremua hirian integratzea eta ingurumenaren aldetik birkualifikatzea lortzearren.
a) f.10.1 lurzatiko ingurumen-hobekuntzak (f.10.1 lurzatia: Urolaren eskuinaldeko mendi-hegala, Ugalditza errekaraino, lehendik dagoen bidearen ondo-ondoan): 20.225 m2-ko azalera du, eta askotariko landare ugariz estalita dago; besteak beste, intsinis pinuak daude.
Eremu horretako ingurumena hobetze aldera, dauden zuhaitz batzuk bakandu eta inausiko dira, modu selektiboan. Honako lan hauek egingo dira: zuloak induskatzea, ale txikiak landatzea, landare-lurra jartzea, 1,5 m-ko tutoreak ezartzea euskarri gisa, eta hodiak edo sareak jartzea animaliek kalterik eragin ez diezaieten. Zuzendaritza fakultatiboak lekuan bertan erabakiko ditu inausketa selektiboaren nondik norakoak, lanak egiten dituen enpresa espezializatuarekin batera. Bestalde, landare txikiak hautatu dira, eskuz sartu beharko baitira lurrean; izan ere, mendi-hegalaren maldak ez du aukerarik ematen makinak sartzeko.
Espezie berriak landatuko dira; zehazki, zuhaitz- eta zuhaixka-ale hauek jarriko dira:
a) Zumarra (Ulmus minor). Batez besteko garaiera: 30-40 m. 7 unitate.
b) Gaztainondoa (Castanea sativa). Batez besteko garaiera: 25-30 m. 7 unitate.
c) Haritza (Quercus robur). Batez besteko garaiera: 25-30 m. 6 unitate.
d) Urkia (Betula pendula). Batez besteko garaiera: 15-25 m. 9 unitate.
e) Lizarra (Fraxinus excelsior). Batez besteko garaiera: 15-20 m. 5 unitate. Astigarra (Acer campestre). Batez besteko garaiera: 10-12 m. 24 unitate.
f) Sahatsa (Salix atrocinera). Batez besteko garaiera: 10-15 m. 5 unitate.
g) Ezkia (Tilia plathyphyllos). Batez besteko garaiera: 30 m. 4 unitate.
h) Haltza (Alnus glutinosa). Batez besteko garaiera: 20-30 m. 8 unitate.
i) Basaerramua (Euonymus europaeus). Batez besteko garaiera: 3-6 m. 3 unitate.
j) Hurritza (Corylus avellana). Batez besteko garaiera: 3-8 m. 10 unitate.
Espezieak banatu egingo dira, eta Ugalditza errekaren ertzetatik gertu sahatsak, haltzak, lizarrak eta hurritzak landatuko dira.
b) f.10.3 lurzatiko ingurumen-hobekuntzak (f.10.3 lurzatia: Ugalditza errekaren ezkerraldeko eremua, txikiagoa, 2.450 m2-koa.): Zuhaitz eta zuhaixka espezie hauek landatzea dago aurreikusita:
i) Sahatsa (Salix atrocinera). Batez besteko garaiera: 10-15 m. 3 unitate.
ii) Ezkia (Tilia plathyphyllos). Batez besteko garaiera: 30 m. 1 unitate.
iii) Haltza (Alnus glutinosa). Batez besteko garaiera: 20-30 m. 9 unitate.
iv) Basaerramua (Euonymus europaeus). Batez besteko garaiera: 3-6 m. 3 unitate.
v) Hurritza (Corylus avellana). Batez besteko garaiera: 3-8 m. 11 unitate.
Horrenbestez, zehazki lan hauek egitea aurreikusten da proiektuan:
– Zolatutako guneetako zolatak eraistea, saneamenduko (50 m2) eta hornidurako (36 m2) hargune bana egiteko eta lehendik dauden etxoletarako.
– Zerbitzu-sareak. Udaleko «b.10.2» lurzatiko saneamendu- eta hornidura-sarerako harguneak, pabiloien arteko lekunean zanga bana irekiz.
– Zangak estaltzea eta lanen eragina izan duten eremuetan zoladura berrezartzea: saneamendua (50 m2) eta hornidura (36 m2).
– Hainbat zuhaitz- eta zuhaixka-espezie landatzea.
– Eremua garbitzea eta obrako kanpamentua kentzea.
Obra egikaritzeko epea hiru (3) hilabetekoa da.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Urolako Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). 31 Trukutxo eremuan Urola ibaia (meandro bat egiten du) eta Ugalditza erreka (aurrekoaren adarra) daude. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak honela sailkatzen ditu Urola ibaiaren ertzak: ingurumen-osagaiaren arabera, «leheneratu beharreko ertzak» eta «ondo kontserbatutako landaredia duten eremuak» dira; osagai hidraulikoaren arabera, IV. mailakoa da (200-400 km2); eta hirigintza-osagaiaren arabera, «landa-eremuko ertzak» eta «eremu garatuetako ertzak» dira. Bestalde, ez dago Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.
Jarduketa-eremua Izarraitz lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBTES111S000007), eta ur-masa horrek baliabide hidrikoak ditu. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da.
Litologiari dagokionez, proiektuaren eremua porositateagatiko iragazkortasun txikiko txandakatutako detritikoz osatuta dago. Ukitutako lurzoruen ikuspegitik, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, «f.10.1» eta «f.10.3» espazioetan (ingurumen-hobekuntza bertan egingo da) «Basogintza» gisa sailkatutako lurzoruak daude, eta proiektatutako hornidura- eta saneamendu-sarearen tarte berriek «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» gisa sailkatutako lurzoruaren zati bat hartzen dute.
Proiektuaren eremuan ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik ere. Urola ibaia Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdean sartuta dago. Eremuan ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen (IGL) Inbentarioan sartutako interes geologikoko gunerik edo tokirik, baina jarduketak Iraetako meandroaren (73. IGL) eragin-eremuan egingo dira. Halaber, eremuak ez du ukitzen Naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartutako lekurik; era berean, ez du erabilera publikoko mendiekin bat egiten.
EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitat-kartografiaren arabera, Urola ibaiaren eskuineko ertzean, Pinus radiata espeziearen landaketak daude ingurumen-hobekuntza proiektatu den azalera, eta proiektatutako zerbitzu-sarearen tarte berriek belardi atlantikoak, larratu gabeak, hartuko dituzte partzialki; belardi horiek Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa katalogatuta daude: 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion). Ingurunearen gainerakoan eta Urola ibaiaren ezkerraldean industrialdeak osatutako eraikinak eta habitat artifizialak daude nagusiki. GeoEuskadiren kartografiaren arabera, jarduketa-eremuan ez dago flora babestuko espezierik.
Jarduketen eremuan ez da identifikatu fauna mehatxatua kudeatzeko planetan sartutako gunerik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, ingurunean dauden fauna-espezieak espezie jeneralistak eta giza inpaktuekiko toleranteak dira. Arlo horretan, Urolaren ibaiertza da fauna-interes handieneko eremua, martin arrantzalea (Alcedo atthis) eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) daudelako; espezie horiek «interes berezikoak» dira Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren arabera (CVEA).
Eremua Zestoako ikuspen-arroari dagokio. Urola ibaiaren ezkerraldekoa paisaia artifizializatua da, eta eskuinaldekoa, berriz, ibai jabariko baso-landaketen eta belardien paisaia da. Eremua ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).
Jarduketa eremuan ez dago kalifikatutako zein inbentarioa egindako kultura-ondareko elementurik.
Trukutxo eremuak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako zenbait leku ditu, baina proiektatutako jarduketak ez dira gauzatuko haietako bakar batean ere.
Uholde-arriskuari dagokionez, ingurumen-hobekuntza egingo den azaleraren zati bat, Urola ibaitik hurbilen dagoena, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago, eta zati bat, lehentasunezko fluxu-eremuan.
Gainerako ingurumen-arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin, baso-suteekin eta salgai arriskutsuen garraioarekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa ere. Higadura errealeko RUSLE ereduaren arabera, jarduketak higadura-maila oso txikiko eta lurzoru-galera onargarriko guneetan egitekoak dira.
3.– Izan daitekeen inpaktuaren ezaugarriak.
Eremuaren nolakotasuna eta proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu nabarmenenak saneamendu- eta hornidura-harguneak egitearen ondorio izango dira; obra horiek egiteko, zolatutako eremuetako zolatak eraitsi, eta zangak eta lur-mugimenduak irekiko dira. Obren ondorioz, askotariko afekzioak izango dira eremuan: eraikuntza-hondakinak sortuko dira, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzearen ondorioz atmosferaren kalitatea murriztuko da, landarediak eta 6510 BIHak afekzioak izango dituzte, zaratak izango dira, ustekabeko isurketek eta partikulen garraioak uren kalitateari eragiteko arriskua izango da, etab. Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion) BIHari dagozkion 86 m2-ri eragingo die.
Dena dela, azpimarratzekoa da «f.10.1» eta «f.10.3» lurzatietan ingurumen-hobekuntza bat egitea proiektatu dela, eta ingurumen-dokumentuan aurreikusita dagoela, landarediari buruzko neurrien artean, Urola ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen Fallopia japonica eta Robinia pseudoacacia espezieen orbana desagerraraztea, URAk finkatutako protokoloari jarraikiz.
Ustiapen-faseari dagokionez, proiektatu den ingurumen-hobekuntzak, a priori, mesede egingo die Urola ibaiaren eta Ugalditza errekaren ertzei, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatuko baitira, eta horrek eragin positiboa izango du faunan ere. Horrez gain, kontuan hartuta hornidura- eta saneamendu-harguneak instalatuko direla (sare publikoekin lotukoa dira harguneok), etorkizunean zerbitzu batzuk erabili ahal izango dira b.10.2. udal-lurzatian.
Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremuaren urbanizazio-proiektuan ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Nolanahi ere, aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Ustekabeko kalterik egiten bada eremu horretatik kanpo, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.
– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea detektatu eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira.
Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.
Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Ingurumena eta paisaia leheneratzeko neurriak:
– Leheneratze-lanak egiteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraituko zaio (proposatutako espezieak, landatzeko metodologia, dentsitateak, landareen tamaina, mantentze-lanak, etab.).
– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.
– Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Obrak eremu urbanizatu gabeak ukitzen dituenean, lehengoratze-lan hori egiteko, berriro landatu behar dira landarez bete daitezkeen zonak.
– Obrek dirauten bitartean, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak sartu eta hedatzea detektatu eta saihesteko. Ildo horretan, obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:
– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera, eta uren kalitateari eragiten ez zaiola bermatuko da. Gainera, atxikipen-sistema egokiak izan beharko dira, egiten diren balizko isurketek jabari publiko hidraulikoan eraginik ez dutela ziurtatzeko. Jabari Publiko Hidraulikoan lanak egin baino lehen, baimena eskatu behar zaio Uraren Euskal Agentziari.
– Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Neurriak ezarri beharko dira iragazketak eragindako kutsadura saihesteko, eta, bereziki, proiektuaren faseetan hondakinak, olioak eta erregaiak behar bezala maneiatzeko.
– Beharrezkoa bada, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira obra-eremuetan. Gailu horien neurria zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, isurketa egonez gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketan erabilitako ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.
– Obrako makinen parkerako eta haien mantentze-lanetarako erabiltzen den azalera drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak:
– Eremuko zenbait lurzati agertzen direnez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta lege hori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.
– Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe betiere. Ildo horretan, 6 hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Kultura-ondarea babesteko neurriak:
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala frogatzea ez dela bideragarria haiek teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.
– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituko zaie.
– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dira.
– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA–A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero, arriskutsuagoak edo kudeatzen zailagoak izan badaitezke. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, izan daitezkeen ihes eta isuriei eusteko ontzi edo sistemen barruan.
– Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak:
Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Jardunbide egokien sistema bat ezartzea:
– Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, besteak beste helburu hauek ahalik eta hobekien bermatzeko:
i) Lanen okupazio-mugak kontrolatzea.
ii) Hondakinik ez isurtzea, eta lurzorua eta ura ez kutsatzea olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz.
iii) Proiektuaren eragin-esparruko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
– Bai obrak eta bai lurzorua erabiltzea eskatzen duten eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Gune horretatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.
– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta begetalak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.
– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da soberako material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.
Garbitzea eta obra amaitzea.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.
Jarduera uztea.
Instalazioaren bizitza baliagarria amaitutakoan, jarduera uzten den garaian aplikatzekoa den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako, babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzekoak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Desmuntatze-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu egin beharko dira.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion funtzioak erabiliz, aholkularitzak txostena egin beharko du aldez aurretik.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Aipagarria da ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen Azpeitiko HAPOko 31 Trukutxo hirigintza-eremua urbanizatzeko Hierros Servando Fernández SMk sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Azpeitiko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urte igaro baino lehen. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS